242. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMA

Udal ordenantza, Udaletxeko hego hegaleko 2. solairuan erabilgarri dauden “coworking” gune edo lanerako espazio partekatuen erabilera eta prezioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ultzamako Udalak, 2018ko irailaren 6an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udaletxeko hego hegaleko 2. solairuan erabilgarri dauden “coworking” gune edo lanerako espazio partekatuen erabilera eta prezioak arautzen dituen udal ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2018ko 183. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 20an, eta jendaurreko epea iragan da inork alegaziorik aurkeztu gabe.

Ultzamako Udalak, 2018ko azaroaren 8an egin bilkuran, behin betiko onetsi zuen Udaletxeko hego hegaleko 2. solairuan erabilgarri dauden “coworking” gune edo lanerako espazio partekatuen erabilera eta prezioak arautzen dituen udal ordenantza.

Horrenbestez, testu osoa argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Larraintzarren (Ultzama), 2018ko azaroaren 8an.–Alkatea, M.ª Aránzazu Martínez Urionabarrenechea.

UDAL ORDENANTZA, UDALETXEKO HEGO HEGALEKO 2. SOLAIRUAN ERABILGARRI DAUDEN “COWORKING” GUNE EDO LANERAKO ESPAZIO PARTEKATUEN ERABILERA ETA PREZIOAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

Lehenengo artikulua.

Ultzamako Udala “coworking” lanerako espazio partekatuaren jabea denez gero, ordenantza honen bidez eratu nahi da barne araubidearen erregelamendua, Udalaren eta zerbitzu horiek erabili nahi dituzten profesionalen arteko harremanak arautzeko.

Erregelamendu honen xedea da “coworking” lanerako espazio partekatuaren erabiltzaileen (pertsonen eta/edo entitateen) arteko harremanak garatzeko esparrua ezartzea.

Gune hori lantoki bat da, Ultzamako Udalak sustatu duena Udaletxeko hego hegaleko 2. solairuan dauden lokalak egokituz, zehazki Larraintzarko San Pedro kaleko 11n dauden udal bulegoen eskuinean daudenak.

Bigarren artikulua.

Espazio hauen ezaugarria da azpiegitura komunak dituztela eremu bakar batean, halako eran non lana, banakakoa izateaz gainera, espazioaren erabilera partekatua egiten baita, eta honako abantaila hauek baitakartza:

–Ibilgetu materialean inbertitzeko beharrizan txikiagoa.

–Ustiapen kostuetan aurreztea.

–Proiektuaren hasierako beharrizanetara egokitzen den espazio fisikoa izatea.

–Jarduera abiarazteko azkar kokatzea eta ezartzea.

Espazio honen funtzionamendua lantokiaren alokairuan datza, instalazio guztiak erabiltzeko eskubidea edukita, eta guztira 8 lantoki daude.

Ultzamako Udalak ematen dituen zerbitzuak gorabehera, ondorio guztietarako pertsona eta/edo entitate erabiltzaileak izango dira bere ekonomia jardueraren edo enpresaren eta enpresa proiektuaren arduradun bakarrak.

II. KAPITULUA

Ultzamako Udalaren “Coworking” lanerako espazio
partekatuaren zerbitzuak

Hirugarren artikulua.

Espazio honek 98,11 m² ditu guztira, eta aurretik aipatu tokian kokaturik dago.

Bertan badaude bi bulego berdin-berdinak tamainari eta kokapenari dagokionez, partekatuz erabiltzeko, eta bakoitzak 27,95 m² ditu.

Espazio horien helburua da ekintzaileen proiektuei lekua egitea haietan instala daitezen, dela jardueraren hasieran dela enpresa sendotu behar den une batean.

Bi bulego horietako bakoitza erabili edo okupatu ahalko dute gehienez ere lau erabiltzailek.

Partekatuz erabiltzeko diren bi bulego horiek partekatuko dituzte horiek erabiltzeko baimena eman zaien pertsonek edo entitate erabiltzaileek.

Hartan garatuko diren jarduerak jarduera profesionalak besterik ez dira izango, eta debeku da bertan produktuen beste edozein lantegi, industria, ekoizpen, salmenta eta biltegiratzeko jarduera oro egitea.

Garatu beharreko jarduerek ez diete kalterik, eragozpenik edo trabarik sortuko bertan kokatutako gainerako pertsonei edo entitateei ez bertan garatzen diren lanbide jarduerei.

Espazio horren barnean daude, gainera, honako areto komun hauek:

  • 14.99 m² dituen bilera gela bat.
  • 10.95 m² dituen bulego pribatu bat.
  • 9.00 m² dituen sukalondo bat.
  • 4.51 m² dituen komun bat.

Areto komun horiek erabiltzeko eskubidea izango dute bulego partekatuak erabiltzeko baimena eman zaien pertsonek edo entitate erabiltzaileek.

Erabilera horretan pertsona eta entitate erabiltzaileek zainduko dute logika, berdintasun baldintzak, bereizkeriarik eza, instalazioen abusurik ez egitea eta horiek arrazoiz erabiltzea.

Ultzamako Udalak espazio horiek erabiltzeko jarraibide eta arau zehatzak onetsiko ditu eta erabileraren egutegia zainduko du.

Espazio horien guztien banaketa eta neurriak ordenantza honen I. eranskinean azaltzen den plano batean jasota daude.

Instalazioaren funtzionamendua eta pertsona eta entitate erabiltzaileen beharrak ikusirik, Udalak erabaki ahalko du zerbitzu nagusia osatzen duten beste zerbitzu osagarri batzuk sortzea, esaterako, takillak, segurtasun-kutxak eta abar, eta horien erabilera barne araubideko erregelamenduen bidez arautuko da.

Laugarren artikulua.

Pertsona eta entitate erabiltzaileek haien kontura arduratuko dira bakoitzaren lanerako edo jarduerarako ordenagailuaren edo tresna informatikoaren horniduraz.

Sukalondoa, bilera gela, dokumentuak inprimatzeko eta digitalizatzeko gailuak amankomunak izango dira guztientzat, eta datuen harguneak bermaturik egongo dira.

Ultzamako Udalak lagako ditu partekatuz erabiltzeko diren bulegoak, gutxienez 6 hilabeteko eperako, eta epe hori luzagarria izango da gehienez ere 4 urteko eperako.

Hori hala izanik ere, lagatzearen 4 urteko gehieneko epea igarota, ez badago beste eskatzailerik partekatuz erabiltzeko bulegoak okupatzeko, Ultzamako Udalak kontratuaren luzapena baimendu ahalko du beste sei hilabeteko epe berriztagarrietan. Hala ere, ordaindu beharreko prezioa edo kanona berrikusi edo eguneratuko da aldez aurretik. Dena dela, 4 urteko epe hori igarota, Ultzamako Udalak bere egiten du errentamendua bukatutzat emateko eskubidea une oro.

Edozein kasutan, erabiltzeko kontratua bukatzen denean pertsona eta entitate erabiltzaileek hilabete bateko epea edukiko dute erabiltzeko lagatako espazioa husteko.

Erabilera lagatzeko kontratua bukatzen denean, bulegoa hustuta geldituko da eta, logikoa denez, kontratua hasi aurretik zegoen egoera berean utziko da.

Lagapen-hartzailea den pertsona edo entitate erabiltzaileak ez badu egiten aurretik azaldutakoa, Ultzamako Udalak egingo du haren kontura, eta bulegoan dauden ondasun guztiak eramango ditu Udalaren dagozkion lokaletara, eta biltegiratze kanona sortuko da, ondasunek biltegiratuta ematen duten denboraren araberakoa izango dena. Horretarako, Ultzamako Udalak ondasun horiek atxikitzeko eskubidea izango du, pertsona edo entitate erabiltzaileak edozein kontzeptu dela eta zor dizkion zenbatekoak ordaindu arte.

Aurrekoa gorabehera, pertsona edo entitate erabiltzaileak edozein unetan erabaki ahalko du erabilera lagatzeko kontratua bukatzea, eta horretarako asmo hori jakinarazi beharko dio Ultzamako Udalari idatziz eta modu fede-emailean 30 egun lehenago, gutxienez. Kasu horretan, edozein kontzeptu dela-eta Ultzamako Udalari zor dizkion zenbateko guztiak ordaindu beharko dizkio, aurretik.

Komunikazio hori egin gabe instalazioak uzten badira edo pertsona edo entitate erabiltzaileak betebeharretako bat betetzen ez badu, Ultzamako Udalak ahalmena izango du bai ordenantza honetan bai alderdien artean sinatutako Erabilera Lagatzeko Kontratuan horri buruz adierazten diren ekintza guztiak baliatzeko.

Bosgarren artikulua.

Bi bulegoetako batean espazio bat partekatuz erabiltzeko Ultzamako Udalari ordaindu beharreko kanona edo prezioa izango da 50 euro hilean, gehi dagokion BEZ aplikagarria eta, horri, prezio publikoaren kalifikazio juridikoa emango zaio.

Kanon horren zenbatekoa urtero eguneratu ahalko da, urteko edo, kasua bada, Erabilera Lagatzeko Kontratuaren egunetik, multzoko KPIaren igoera gainditzen ez bada.

Ultzamako Udalaren kargurakoa izango da pertsona edo entitate erabiltzaileak erabiliko dituen zerbitzu komun edo zentralizatuen kostua, argia, garbitasuna eta zabor bilketa errentamenduaren prezioan sartzen baitira.

Ultzamako Udalak hilabetero igorriko dizkie dagozkien fakturak pertsona edo entitate erabiltzaileei.

Bi aldeei fakturen kobrantza kudeatzen laguntzeko asmoz, pertsona edo entitate erabiltzaileek finantza-erakunde bateko kontuaren zenbakia jakinaraziko diote Ultzamako Udalari, eta kontu horretan beharrezko ordainketak helbideratuko dira, hilabete bakoitzeko lehenbiziko zazpi egunean ageriko ordainagiria igorrita.

III. KAPITULUA

Betebeharrak

Seigarren artikulua.

Oro har, Ultzamako Udala II. kapituluan deskribatu diren zerbitzuak zaintzeaz eta mantentzeaz arduratuko da.

Bereziki honako betebehar hauek edukiko ditu:

1.–Erabilera partekatuko bulegoak eta areto komunak pertsona edo entitate erabiltzaileak garatu beharreko jarduerarako behar bezala ekipaturik eskaintzea.

2.–Erabiltzeko laga diren aretoen argindar hornidura, garbitasuna eta mantentze-lanen zerbitzua ematea, espazio horiek erabiltzeko ordaindu behar den kanonaren edo prezioaren barnean.

Ultzamako Udalak ez du inolako erantzukizunik izango espazio horien pertsona edo entitate erabiltzaileen jabetzan, ondasunetan edo eskubideetan izandako edozein galera edo kalteren gainean, zuzenean egozterik ez badago edo haren zuzeneko erantzukizunetik ondorioztatzerik ez badago, eta bereziki lapurreta edo ebasketen kasuetan.

Zazpigarren artikulua.

Pertsona edo entitate erabiltzaileek zorrotz bete beharko dituzte bai ordenantza honetan ezarritako baldintza guzti-guztiak bai Ultzamako Udalaren eta beraien artean sinatutako Erabilera Lagatzeko Kontratuan ezartzen diren guzti-guztiak ere.

Erabilera Lagatzeko Kontratua sinatzen denetik hamabost eguneko epean, pertsona edo entitate erabiltzaileek honako alderdi hauek beteak izan beharko dituzte:

–Ultzamako Udalak jarduera zehatzerako baimena eman aurretik espazio horien erabilera lagatzearen erabakia hartu beharko du.

–Enpresa gisa eratzea, horrek merkataritza izaera badu; edo Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian alta hartzea, banakako enpresaburua edo profesional librea bada.

–Bere enpresa proiektua garatzeko zein bere enpresak behar bezala funtzionatzeko derrigorrezko baimen eta lizentzia guztiak izatea.

–Zerga betebehar, ekarpen, zerga, Gizarte Segurantzako kuota eta enpresak behar bezala funtzionatzeko behar den beste edozein tasaren ordainketa egunean izatea une oro.

–Ultzamako Udalean bere jarduera abiarazteko EJZeko alta hartzea, eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzea. Horretarako, jarduera garatzeko lokalaren zenbatu beharreko azalera 12 m² da.

Jarduera hasten denean, pertsona edo entitate erabiltzaileek baliatzen dituzten elementu eta azpiegitura komunak zuzen erabili behar dituzte, eta ahalik eta lasterren jakinaraziko dituzte haien funtzionamendu arruntean aurkitzen diren arazoak edo kalteak.

pertsona edo entitate erabiltzaileek ez badute ezarritako epean kanona ordaintzen, interesa sortuko da Ultzamako Udalaren alde, harik eta osorik ordaindu arte. Interes hori Nafarroako Foru Ogasunak zerga zorrak luzatzeko ezartzen duenaren baliokidea izango da. Interes horiek automatikoki sortuko dira, Ultzamako Udalak pertsona edo entitate erabiltzaileari inolako errekerimendurik egin behar izan gabe.

Kopuru horien kobrantza premiamendu-bidez egingo da, eta zenbateko osoaren ehuneko hogeiko (%20) errekargua izango dute zigor klausula gisa.

IV. KAPITULUA

Administrazio prozedura

Zortzigarren artikulua.

Ultzamako Udalak epe bat irekiko du espazio partekatu horiek (8, guztira) erabiltzeko eskaerak aurkezteko.

Espazio horiek erabiltzeko interesa duten pertsona edo entitateek dagokion eskaera aurkeztu beharko dute aipatu epean, honako alderdi hauek zehaztuta:

Garatu beharreko jarduera.

Zein epetan erabiltzeko eskatzen den.

Titularrarekin eta jarduerarekin berarekin loturiko bestelako alderdi batzuk, proposamena baloratua izan dadin.

Pertsona edo entitate guztiek aurkeztu ahalko dituzte eskaerak, jarduera hasita izan arren; hala ere, lehentasuna emango zaie Ultzamako udalerrian kokaturik daudenei, jarraian azaltzen diren hautaketa irizpideen arabera.

Entitateak edo pertsona juridikoak badira, eskaera onartzeko, ezinbesteko betebeharra da hura osatzen duten pertsonetako bat gutxienez Ultzamako udalerrian erroldaturik egotea.

Epe hori iraganik, dauden proposamenak balioetsiko eta puntuatuko dira honako irizpide hauen arabera:

Puntuazioa, erroldagatik:

–Eskatzaileak edo entitate eskatzaileetako kideren bat Ultzaman erroldaturik egotea: 20 puntu

Puntuazioa entitate eskatzailearen motaren arabera:

–Langile autonomoen kasuan: 15 puntu.

–1 eta 5 enplegatu arteko enpresen kasuan: 10 puntu.

–5 enplegatu baino gehiagoko enpresen kasuan: 5 puntu.

Berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emango zaio EJZeko alta denbora luzeagoan hartua duen pertsona edo entitateari.

Entitate edo enpresa batek coworking lanerako gune edo leku bat baino gehiago eskatzen badu, soilik hartuko da kontuan espazio zehatz BATerako eskaera. Hala ere, egindako eskaera guztiak baloratu ondoren espazio edo leku libreak gelditzen badira, adjudikatu ahalko zaizkio eskatutako gainerakoak, libre daudenak agortu arte, eta honako baldintza hauetan:

–Adjudikazio hori hasiera batean 6 hilabeterako izango da.

–Hasierako epe hori iraganik, banaka erabiltzeko eskaerak baldin badaude (postu edo espazio baterako persona edo entitate bakoitzeko), lehentasuna emango zaie horiei.

–Eskaerarik ez baldin badago, erabiltzeko kontratuaren epea 6 hilabeteko eperako luzatuko da hurrenez hurren, eta epe bakoitza bukatzen denean, aurreko apartatuan ezarri bezala jokatuko da.

Ultzamako Udalak, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hamabost egun balioduneko epean, erabakiko du epean jasotako eskaerak onartzen dituen edo ez eta, horiek baloratu ondoren, hobekien baloratuak dauden 8ak adjudikatzea erabakiko du. Ondoren, erabilera lagatzeko dagozkion kontratuak sinatuko dira.

Eskabideak aurkezteko epea igarota, ez badira betetzen erabilgarri egon diren 8 espazioak, ondoren epe hori zabalik egongo da eskaera gehiago aurkeztu ahal izan dadin, harik eta 8 espazio erabilgarriak bete arte.

Eskaera berri horiek hamabost egun balioduneko epean ebatziko dira.

Bederatzigarren artikulua.

Pertsona edo entitate erabiltzaileek bete beharko dute ordenantza honetan ezarritakoa eta Ultzamako Udalak du hartan ezarritakoa interpretatzeko ahalmena.

Ultzamako Udaleko alkatetzak hartuko ditu ordenantza honekin zerikusia duten gaiei buruzko erabaki guztiak, eta erabaki horiek berehala bete beharko dira. Hala ere, erabaki horien aurka, aukeran, honako errekurtso hauetako bat jarri ahalko da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Ultzamako Udalari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L1813770