237. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

372E/2018 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Leitzako udal-mugartean paperaren deribatuak fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa onartzen duena. Instalazioaren titularra Torraspapel SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 880/2008 Ebazpenaren bidez emana, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 14ko 130E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 7ko 304E/2017 Ebazpenaren bidez aldatua.

2018ko irailaren 7an, titularrak bere ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen, zehazki, 1. eta 6. fokuen O2 isurketen %3aren erreferentzia kentzeko; izan ere, bi erregailuek aire zain gisa funtzionatzen dute, eta, beraz, O2ren %3aren erreferentziak nabarmen eraldatzen ditu CO eta NOx isurketen emaitzak. Halaber, instalazioan dauden zenbait isurketa foku sartu nahi ditu, lehen agertzen ez zirenak.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta eskura dauden teknika onenen aplikazioarekin. Bestalde, azken urtean ingurumen arau berri bat jarri da indarrean, sektoriala, eta aztergai dugun instalazioari eragiten dio; hain zuzen, abenduaren 22ko 1042/2017 Errege Dekretua. Errege Dekretu hori errekuntza instalazio ertainetatik atmosferara zenbait agente kutsatzaileren isurketa mugatzeari buruzkoa da, eta azaroaren 15eko 34/2007 Legeak, Airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzkoak, IV. eranskinean ezarritakoa eguneratzen du.

Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz Ingurumen baimen integratuan ezarritako gehieneko emisio mailarekin eta gainerako betebeharrekin, bai eta eskura dauden teknikarik onenak aplikatzeko irizpidearekin ere.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Leitzako udal-mugartean paperaren deribatuak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa onartzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Torraspapel SA da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak ingurumeneko diziplina neurriak hartzea ekarriko du, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izanen baita, eta horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Torraspapel SAri eta Leitzako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urriaren 30ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F1813234