234. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CÁRCAR

Ordenantza, Udal hilerria arautzen duena. Behin betiko onespena

Carcarko Udalak, 2018ko irailaren 6an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udal hilerria arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2018ko 180. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 17an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Carcarren, 2018ko urriaren 31n.–Alkatea, M.ª Teresa Insausti Sola.

UDAL HILERRIA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Carcarko Udalak ez du hilerriaren espazioa orokorki arautzen duen ordenantzarik. Orain arte, planteatzen zen kasu zehatz bakoitzerako, udalbatza bakoitzak komenigarritzat jo dituen irizpideen arabera kudeatu da.

Beraz, beharrezkoa da gaia arautzea, Hilotzen gaineko osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuak zehazten duen arau esparruaren barruan, honako hauek argitzeko: ehorzketa eskubideen egoera juridikoa, eskubide horien eskualdaketak, haien denbora-muga, gorpuzkiak ehortzeko nahiz hobitik ateratzeko eragiketak, hilobien eraikuntza eta zainketa, eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

I. TITULUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua Carcarko udal hilerria zerbitzu publikoko ondasuna da, Udalaren agintearen mendekoa, Udala baita jabea eta hari baitagozkio hilerriaren kudeaketa, administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, ordenantza honetako xedapenekin bat, eta beste administrazio publiko batzuenak diren eskumenak deusetan ukatu gabe.

Udal hilerria kokaturik dagoen lurra Udalaren ondasun publikoa da, eta ehorzketa zerbitzuetarako da; beraz, haren gainean onartzen diren okupazioak edo erabilerak kontzesio administratiboen kalifikazio juridikoa dute, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 3.3, 97. eta ondoko artikuluetan, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuan jasota baitago.

2. artikulua. Udalari dagozkio:

a) Hilerria antolatu, kontserbatu, mantendu eta egokitzea, bai eta zaindu eta garbitzea ere.

b) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua, hilobien gaineko kontzesioak ematea eta mota guztietako ehorzketa eskubideak onartzea.

c) Ezarritako eskubideak eta tasak kobratzea.

d) Hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera, berrehortzi eta lekualdatzea, hilotzen gaineko osasun arauei jarraikiz (urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretua, Nafarroako hilotzen gaineko Osasunaren Erregelamendua arautzen duena).

e) Hilerriko zerbitzuekin zerikusia izan dezaketen Udalaren bestelako administrazio eskumenak.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar diren langileak izanen ditu, edo zerbitzu hori kudeatzen duen kanpoko enpresa bat, eta bere eginbeharra ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Udalak udalerriko bizilagunen eskakizunei erantzuteko beste hilobi eraiki eta banatuko ditu.

Hilerrian nitxo eta hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

II. TITULUA

Hilerriko barne antolamendua eta gobernua

5. artikulua. Hilerriak indarreko legediak eskatzen dituen instalazioak eta zerbitzuak izango ditu.

6. artikulua. Hilerriaren esparrua zabalik egongo da, zerbitzuaren beharrizanekin bat etorriz Udalak ezartzen duen ordutegian.

7. artikulua. Hilerriko lasaitasunari eta orden egokiari traba egin diezaiekeen animalia orori ez zaio hilerrian sartzen utziko. Garraioko ibilgailuen sarrera ere ez da onartuko, ez badira udal zerbitzuko ibilgailuak, ehorzketa zerbitzuaren enpresa adjudikaziodunarenak eta hilerrian berean erabiliko diren eraikuntza materialak eramaten dituztenak; betiere, gidariek behar diren lizentziak eta baimenak badituzte.

Nolanahi ere, garraiobide horien jabeak izango dira hilerriko bide eta instalazioetan eragindako kalteen erantzuleak eta berehala konpontzera behartuak daude, edo, hala behar balitz, kalte-ordaina ematera. Jabea ez badago, berehala eskatzen ahal zaio erantzukizun hori bera kaltea eragin duen ibilgailuaren gidariari.

8. artikulua. Udalaren organo eskudunek dute hilerria zaindu eta garbitzeko lan orokorren ardura.

Titularren betebeharra da hilobiak, gauzak eta instalazioak zaintzea, segurtasun, higiene eta apaindurako baldintzak behar bezala betez.

Partikularrek hilobiak garbitzeko eta zaintzeko betebeharrean huts egiten badute, eta narriatze zantzurik baldin bada, Alkatetzak errekerimendu egingo die interesdunei, 30 egunean beren zabarkeriaz eragindako narriadura konpontzeko. Horrela ez eginez gero, hori aski izango da ehorzketak egiteko baimena ez emateko.

Epe hori iraganik, Udalak subsidiarioki egiten ahalko ditu lan horiek, interesdunen kontura egin ere. Horiek berehalakoan ordaintzen ez badute, kontzesioa iraungiko da eta hilobia Udalaren eskura itzuliko da. Hori guztia, titularrak ehorzketa eskubideari bere borondatez uko egiten ahal diola ukatu gabe.

9. artikulua. Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko, zerbitzuarekin zerikusirik ez duten pertsonek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebatsi edo narriatzen badituzte.

III. TITULUA

Xedapen orokorrak. Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta lekualdatzeak

10. artikulua. Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta hilotz eta gorpuzkien lekualdatzeak Nafarroako hilotzen gaineko Osasunaren Erregelamendua onartzen duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuari (edo hura ordezten duen arauari) jarraituz eginen dira.

11. artikulua. Ez da aintzat hartuko ehorzteko edo hobitik ateratzeko inolako eskaerarik, hilaren hurbileko ahaideek horren aurka daudela berariaz adierazten badute, agintari judizial eskudunak baimendu ezean.

I. KAPITULUA

Ehorzketa eskubideak. Hilobien kontzesioa

12. artikulua. Carcarko hilerrian, hiru ehorzleku mota egonen dira:

a) Nitxoak.

b) Kolunbarioak.

c) Panteoiak.

13. artikulua. Horma-hilobien, kolunbarioen eta panteoien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidea kontzesioaren ekintzaren bidez sortuko da. Horretarako, ordenantza honen eranskinean ezarritako tasa edo, enkantea erabiliz gero, esleipena hartzen duen proposamenaren balio ekonomikoak zehaztua ordaindu beharko da.

14. artikulua. Nitxoak, kolunbarioak eta panteoiak erabiltzeko kontzesioaren titularra izanen da eskaera egiten duen pertsona.

15. artikulua. Nitxoak eta kolunbarioak erabiltzeko kontzesioak emanen dira ehorzleku mota bakoitzaren zenbaki korrelatiboaren ordenari jarraikiz, edo dauden leku hutsak osatuz; berrogeita hamar urteko iraupena izanen dute, eta bi aldiz luzatzen ahalko dira: hasieran hogeita bost urteko aldirako eta gero hogeita lau urteko aldirako.

Panteoiak eta panteoiak eraikitzeko lurzatiak erabiltzeko kontzesioak tramitatutako prozeduran behin betiko esleituz emanen da, eta publizitate eta lehia printzipioei jarraituko die; berrogeita hamar urteko iraupena izanen dute, eta bi aldiz luzatzen ahalko dira: hasieran hogeita bost urteko aldirako eta gero hogeita lau urteko aldirako.

Panteoien eta panteoiak eraikitzeko lurzatien enkantea Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarriko da, baita Udalaren ediktu-tauletan ere.

Kontzesioak luzatzeko, kasua bada, hasierako epea iraungi ondotik eskatu beharko da, eta dagokion tasa ordaindu ondotik adostuko da.

16. artikulua. Nitxo, kolunbario edo panteoi berean hurrenez hurren egiten diren hobiratzeek ez dute kontzesio epea aldatuko.

17. artikulua. Ehorzketa eskubideen kontzesio guztiak dagokion erregistroan inskribatuko dira, Carcarko udal bulegoetan.

Ehorzketa eskubidea une bakoitzean titularra denaren izenean agertuko da erregistroan, hurrengo zehaztasunekin:

–Oinordetza edo beste titulu baten bidezko hurrenez hurreneko eskualdaketek titularkidetasuna dakartenean, partaideek erregistroan titular gisa agertuko den pertsona hautatu beharko dute, guztiak ados egonda. Udalak ez du baimenduko titulartasuna aldatzea, adostasun hori egiaztatzen ez bada, nahiz eta edozein partaidek ehorzketa eskubidea gauzatzea baimenduko duen, besteak horren kontra ez badaude.

–Ehorzketa zerbitzuen enpresak, aseguru konpainiak, aurreikuspeneko mutualitateak edo, haien jarduera gauzatzean, pertsona bat hiltzen denean lurperatzeko eskubidea ematen duten bestelako entitate juridikoak ezin izanen dira ehorzketa eskubidearen titularrak izan.

Aurreko artikuluek aitortu bezala, ehorzketa eskubidea mugatuko da udal jabetzako hilobiak erabiltzera barnean hilotzak eta gorpuzkiak ehorzteko eta altxatzeko; hau da, ez dago lotuta lurrari eta ezin da eraiki beste deus. Horretaz baliatzeko, ordenantza honen xedapenei lotu beharko zaie.

Berariaz debeku da ehorzketa eskubideen salmenta. Eskubide hauen eskualdaketak ordenantza honetan aurreikusten denari jarraikiz eginen dira, eta betiere galaraziko da horien kontura inork etekinik ateratzetik edo espekulatzerik.

II. KAPITULUA

Ehorzketa eskubidearen aldaketa

1. ATALA

Mortis causa eskualdaketak

18. artikulua. Ehorzketa eskubidearen titularrak, noiznahi, kontzesioaren onuraduna izendatzen ahalko du eskritura publikoan, bera hil ondorako, hilobiaren datuak eta onuradunaren izen-abizenak eta helbidea adierazita. Era berean, ordezko onuraduna hautatzen ahalko du, nagusia lehenago hiltzen ote den.

Ehorzketa eskubidearen eskualdaketek sortutako titular berriek ere onuraduna hautatzen ahalko dute.

19. artikulua. Hautaketa ondoriorik gabe geldituko da, onuraduna eskubidearen titularra baino lehenago hiltzen denean eta onuradunaren ordezkoa hautatu ez denean. Halakoetan, eskubidea mortis causa oinordetzari jarraikiz eskualdatuko da, hurrengo artikuluetan ezarri bezala.

20. artikulua. Onuradunik egon gabe titularrak modu baliozkoan xedatu badu ondorengotza, eskubidean hurrengo den eta oinordetzari uko egin ez dionaren aldeko eskualdaketa eginen da.

Titularrak ondorengotzarik xedatu ezean, ehorzketa eskubidea senideei eskualdatuko zaie, lege zibilak ezarritako ordenari jarraikiz.

21. artikulua. Kontzesioa alarguntasunaren gozamenaren xede baldin bada, hilobiaren erregistroko inskripzioan gozamendunaren izena adieraziko da. Pertsona horrek eskubidearen titularrari dagozkion eskumen eta betebehar guztiak izanen ditu, onuraduna hautatzea izan ezik.

2. ATALA

Inter vivos eskualdaketa

22. artikulua. Ehorzketa eskubidearen titularrak eskubide hori doan lagatzen ahalko die honako hauei, inter vivos egintzaren bidez: titularraren odolkidetasuneko laugarren mailara arteko eta ezkontidearen ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko aurreko eta ondorengo ahaideei eta zehar-ahaideei, eskualdatu baino lehen titularrarekin afektibitate harremana eta bost urteko gutxieneko bizikidetza izan dituztela egiaztatzen badute, edo irabazi asmorik ez duten eta ongintza edo laguntzea xede duten pertsona juridikoei.

Eskualdaketak debeku dira aurreko paragrafoan aipatzen diren ahaideen artean ez badira.

23. artikulua. Titulartasun aldaketa doan eta inter vivos lagapenaren bidez baimentzen ahalko da beste pertsona batzuendako, Udalak uste badu arrazoiren bat badela eskualdaketa funtsatzeko, betiere hilobian inor ehortzi ez bada eta kontzesioa eman zenetik hamar urte iragan badira, gutxienez.

3. ATALA

Behin-behineko titulartasuna

24. artikulua. Eskubidea nori eskualdatzen zaion modu fede-emailean zehaztea ezinezkoa bada titularra hil dela justifikatu ezin izateagatik, aurkeztutako dokumentazioa behar bezalakoa ez izateagatik edo beste arrazoi batzuengatik, titulartasuna behin-behinean onartzen ahalko zaio aldaketa eskatu eta, kapitulu honen 1. atalean xedatutakoaren arabera, horretarako eskubidea izan dezakeenari.

25. artikulua. Behin-behineko titulartasuna eskubide handiagoa duten hirugarrenei kalterik egin gabe onartuko da, eta debeku izanen da aurreko titularraren ezkontidearen, odolkidetasuneko laugarren mailara arteko eta ezkontidearen ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko aurreko eta ondorengo ahaideen eta zehar-ahaideen hilotzak edo gorpuzkiak hobitik atera ondoan, epaile batek agindu ezean.

26. artikulua. Behin-behineko titulartasuna ondoriorik gabe geratuko da, hura onartu denetik hamar urteko epean eskubidearen eskualdaketa justifikatuta titulartasuna aldatzea erabakitzen ez bada.

4. ATALA

Prozedura

27. artikulua. Ehorzketa eskubidearen titularra hildakoan, eskubidearen eskualdaketa jasotzen duen pertsonak titulartasuna bere izenean jartzeko eskatu beharko du eta, horretarako, eskualdaketaren frogagiriak aurkeztuko ditu Udalean.

28. artikulua. 1. Hala denean, ehorzketa eskubidearen titulartasuna aldatzea erabakiko da, administrazio espedientean tramitatutako eskabidea aurkeztu eta gero. Tramite horretan entzunaldia emanen zaie gainerako interesdunei eta eskualdaketaren frogagiriak aurkeztuz frogatuko du bere eskubidea.

2. Prozedurako interesdunak ezezagunak direnean, prozedurako derrigorrezko izapidea izanen da iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udaletxeko eta hilerriko ediktu-tauletan argitaratzea, prozeduran bertaratu eta adierazitako epearen barnean alegazioak aurkez ditzaten.

29. artikulua. Eskualdaketan onarpenak administrazio ondorioak baino ez ditu sorraraziko, arlo zibileko inolako aferarik aurretik juzgatu gabe.

30. artikulua. 1. Hilobi baten erabileraren klausula mugatzaileak, haien aldaketa edo deuseztapena titularrak eskatuta erabakiko dira eta behar bezala erregistratuko dira, heriotzaren ondoan irmoak eta behin betikoak izanen direla.

2. Erregistroko hilobien atalaren inskripzioen beste datu batzuk zuzendu eta deuseztatzeko, interesdunak eskatu beharko du, bidezko justifikazioaren edo egiaztapenaren ondotik.

III. KAPITULUA

Ehorzketa eskubidearen iraungipena

31. artikulua. Ehorzketa eskubidea iraungiko da, eta kasuan kasuko hilobia Udalari itzuliko, honako kasu hauetan:

a) Eraikuntzaren hondamen egoera dela eta, aurreikusitako txosten teknikoan deklaratua, eta titularrak konpontzeko eta egokitzeko ematen zaion epea betetzen ez badu.

b) Hilobia abandonatzeagatik. Horrelakotzat joko da eskubidearen titularrak egin beharreko garbiketetan eta mantentze-lanetan modu agerian arreta ez jartzea, horretarako aurretik egindako errekerimenduari ez aditu eginik.

c) Eskubidearen kontzesio epea iragateagatik luzapena eskatu gabe, edo luzapenaren epea iragateagatik.

d) Kontzesioa amaitu baino lehen, hobitik ateratzeagatik edo nitxoak, kolunbarioak edo lurreko hilobiak nahita husteagatik.

e) Ordenantza fiskalean ezarritako tasak ez ordaintzeagatik.

f) Titularrak berariaz uko egiteagatik.

g) Hilerria ixteagatik.

Kontzesio epea iragatea ez den beste arrazoiren batek eragindako iraungipena espedientea bururatzen duen berariazko ebazpenean adieraziko da, eta, nolanahi ere, eskubideen titularrei jakinaraziko zaie.

Iraungipena hondamenak edo abandonatzeak ekartzen duenean, eskubidearen titularraren heriotza jasota badago, interesdunei hitzordua emanen zaie titulartasun aldaketarako duten eskubidea alega dezaten. Interesdunak ezezagunak baldin badira, zitazioa eginen da honako hauetan iragarkia argitaraturik: Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udaletxeko eta hilerriko ediktu-tauletan.

Oinordekoak edo edozein tituluren bidez subrogatutako pertsonak bertaratzen badira eskualdaketa justifikatuta, titulartasuna beren alde aldatzea lortzen ahalko dute, baldin eta ondorio horretarako ezartzen den epean hilobia konpontzeko edo egokitzeko obrak gauzatzen badituzte.

32. artikulua. Iraungipena dela-eta kontzesioa galduz gero, hilobia Udalaren esku geldituko da, eta eskubidearen iraungipenetik ez da inolako ordainketarik edo kalte-ordainik sortuko titularraren alde. Gelditzen diren gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramanen dira, salbu eta ahaideek haien kargura dagoen beste hilobi batera lekualdatzea eskatzen badute.

Aldi baterako kontzesio epea amaitu eta gero, gorpuzkiak hobitik atera eta hezurtegi orokorrera eramanen ahalko dira, salbu eta senideek haien kargura dagoen beste hilobi, nitxo edo gorpuzkietarako kolunbario batera lekualdatzea erabaki badute.

IV. TITULUA

Hilobiak eraikitzea, kontserbatzea eta zaintzea

33. artikulua. Norberak eraikitako hilobiak konpontzeko eta zaintzeko obrak eta Udalak eraikitako hilobietan hilarriak eta osagarriak edo apaingarriak jartzea eskubideen titularren kontura eginen dira.

34. artikulua. Hilerriko zerbitzuko langileen eta baliabideen bidez hilobiak irekitzeko eta ixteko lanak egin ezin direnean, enpresaburu partikularren laguntzaz eginen da, eta sortutako gastu gehigarriak hilobiaren gaineko ehorzketa eskubidearen titularraren konturakoak izanen dira.

Nahi izanez gero, eskubideen titularrek beren gain hartzen ahalko dute hilarriak edo harlauzak kentzea, gorpuak eta gorpu-hondakinak ehorzteko edo hobitik ateratzeko. Egin ezean, hilerriko zerbitzuari eskatzen ahalko diote, hilobia irekitzean, hilarria edo harlauza kentzeko; hala ere, ez dute eskubiderik izanen sortzen ahal diren kalteengatik kalte-ordaina jasotzeko.

35. artikulua. Nitxoetan eta kolunbarioetan ehortzea.

Nitxoen eta kolunbarioen hilarriak nitxoa ixteko estalkiaren eta adreilu hozkatuen arteko hutsunearen hondoan jarriko dira. Hozkadurak berriro ixten ahalko dira, baina gutxienez ere 3 zentimetroko bistako adreilua geratu beharko da alboan.

Hilarriaren gainean ezin izanen da jarri adreiluzko pilastren planotik irteten den elementurik, ez eta beste nitxoak inbaditzen dituenik ere.

36. artikulua. Panteoiak eraikitzea.

Emandako lurzatien gainean panteoiak eraikitzeko obrak baimentzeko eta gauzatzeko, jarraitu beharko zaie hurrengo artikuluetan adierazten diren arauei, udal ordenantzei eta eraikinak hirigintza eta eginkizunen aldetik hilerrian dauden premietara egokitzeko halako kasu batzuetan ezartzen ahal diren baldintza bereziei.

Lurzati baten kontzesio hartzaileak honako hauek egin beharko ditu:

–Eraikuntza proiektu osoa aurkeztu 6 hilabeteko epean, kontzesioari buruzko jakinarazpena jasotzen denetik aurrera zenbatuta, eta obra lizentzia eskatu.

–Udaleko zerbitzu teknikoek proiektuan atzemandako hutsak zuzendu, horretarako ezarritako epean.

–Lizentziak ezarritako epean eraikuntza obrak abiarazi, eta horiek amaitu urtebeteko epean, lizentzia ematen denetik aurrera zenbatuta.

Ezin izanen da hilobi partikularrik eraikitzen hasi, lurzatia zuinkatu eta mugatu baino lehen eta lizentzia eman eta hori emateak eragindako tasak ordaindu direla justifikatu arte.

Lurzatia finkatzeko eta, hala denean, inausteko gastuak kontzesio hartzailearen konturakoak izanen dira.

Hilerriko eraikuntza partikularretarako baldintzak:

a) Sestra azpiko hiru solairu eta sestra gaineko solairu bat izanen dituzte lurperatzeko, gehienez.

b) Ez dute teilatu-hegalik ez erlaitzik izanen, esleitutako lurzatiaren muga gainditzen badute.

c) Aurrealdea itxia egon beharko da, aldameneko eraikuntzen mugetaraino. Egungo eraikuntzaren batek atzeraemangunerik baldin badu alboko lerrokaduran, itxitura obra egin nahi duenak egin beharko du.

d) Ehorzketa eskubide bakoitzak konponbidea aurkituko du urak korridore publikorantz husteko. Debeku da ura aldeetara isurtzea. Ura isurtzeagatik ez zaie inola ere ez hirugarrenei ez jabari publikoari kalterik eginen.

e) Zorrotenak barnekoak izan beharko dira.

f) Hilerria ixteko paretekin muga egiten duten kontzesioetan egiten diren eraikuntzetan, hartaraino ailegatzen ez badira, eskatutako eraikuntzaren eta murruaren arteko hutsunea zigilatu beharko da, urik sar ez dadin.

g) Eraikuntza berri guztietan zuinketa egin beharko da, Udaleko langile eskudunekin.

Eraikuntza partikularreko hilobien kanpoko paramentuak eta haien apaingarriak material noblekoak izan beharko dira. Behar bezala kontserbatzeko bermerik eskaintzen ez duten guztiak debekatuko dira.

Kontzesio hartzaileak aditzera eman beharko du obrak bururatu direla, eta aldaketaren bat izan bada haren berri eman. Eraikuntza partikularreko obra baimendutakoarekin bat bukatu ondoren, edo legeztatu ondoren, alta emanen da panteoian ehorzketak egiteko.

Gauzatzeko epea iragaten bada obrak bururatu gabe, egindako obrak aztertu eta egiaztatuko dira ofizioz eta, atzerapena justifikatuta ez badago, lizentzia iraungi dela erabakiko da.

Harrizko, zeramikazko, ormigoi aurrefabrikatuzko, zurezko eta metalezko materialak jartzen ahalko dira eta, oro har, behar bezalako akabera duten guztiak.

Lehen xedapen iragankorra.–Ordenantza honek indarra hartu baino lehen emandako nitxo eta kolunbarioen kontzesioei 50 urteko beste kontzesio epe bat emanen zaie, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita, horren truke inongo tasarik ordaindu beharrik gabe.

Bigarren xedapen iragankorra.–Ordenantza hau indarrean jarri aurretik emanda diren panteoien kontzesioak zeuden horretan errespetatuko dira; hala ere, betiereko emandako kontzesioak eta mugagabeak egiaz 99 urtetarako kontzesio administratiboak dira.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Ordenantza honek indarra hartu baino lehen emandako lurreko hilobien kontzesioei 5 urteko beste kontzesio epe bat emanen zaie, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita, horren truke inongo tasarik ordaindu beharrik gabe, alde batera utzirik ehorzketa eskubidea iraungitzeko kasuak (31. artikuluan ezarriak). Lurreko ehorzketek ez dute luzapenik izanen.

Udal hilerria lehenbailehen berrantolatzeko, hilobiak lekualdatu behar direnean, honako neurri hauek ezartzen dira lehen bost urteetan, ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera:

–Lekualdatu beharreko hilobietako gorpuzkinak doan aldatzen ahalko dira nitxo edo kolunbario batera, Udalak bere gain hartuko baitu zerbitzu horren kostu ekonomikoa.

–Halakoetan, salbuetsirik geldituko dira nitxoan edo kolunbarioan ehortzeko kontzesioaren tasatik, kontzesioan hasierako epean (50 urte).

Xedapen gehigarria.–Ordenantza honek espresuki aipatzen ez duen orotan, sektoreko legeri indardunak ezarritakoari jarraituko zaio.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin bat, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatuari jarraikiz.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe uzten dira, ez baliorik ez ondoriorik ez dutela, ordenantza honetan xedatuari aurka egiten dioten udal xedapen guztiak.

TASEN ERANSKINA

–Kontzesioak:

  • Nitxoaren kontzesioa, 50 urterako: 490,00 euro.
  • 1. luzapena: 300 euro.
  • 2. luzapena: 300 euro.
  • Kolunbarioaren kontzesioa, 50 urterako: 100,00 euro.
  • 1. luzapena: 50 euro.
  • 2. luzapena: 50 euro.
  • Panteoiaren kontzesioa, 50 urterako: enkantean finkatuko dena.

–Ehorzketak eta berrehorzketak:

  • Nitxoan: 100,00 euro.
  • Panteoian: 150,00 euro.
  • Kolunbarioan: 65,00 euro.

–Hobitik ateratzea eta lekualdaketak: 185,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L1813373