232. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

245E/2018 EBAZPENA, azaroaren 14koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, zentro teknologikoek eta ikertu eta ezagutza hedatzen duten erakundeek I+G proiektuak egiteko laguntzen 2019ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 423770.

Zentro teknologikoek eta ikerketa erakundeek I+G proiektuak egiteko laguntzen 2016ko deialdia inflexio-puntu bat izan zen erakunde horien jarduerak finantzatzeko politikan. Ildo horretan, aipatu beharra dago aldaketa nabarmenak ezarri zirela aurreko egoerarekin alderatuta: konparazio batera, errendimendu-adierazle batzuk baloratzea, zentroen jarduna bikaintasuna lortzeko bidean jartzeko.

2019ko deialdi honetan, zentro teknologikoen eta ikerketa erakundeen bikaintasuna sustatzen jarraitu nahi da, haien jarduera egonkortzen eta Nafarroako enpresei ematen dieten zerbitzua hobetzen.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “Zentro teknologikoek eta ikertu eta ezagutza hedatzen duten erakundeek I+G proiektuak egiteko laguntzen” 2019ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 8.000.000 euroko kreditua baimentzea, 2019ko Gastuen Aurrekontuan 2018ko Gastuen Aurrekontuko “Zentro teknologikoen eta ikerketa erakundeen I+G proiektuetarako laguntzak” izeneko 820005-82100-7819-467300 partidaren baliokidea den partidaren kargura. Deialdi honen finantzaketa partida horretan kreditu nahikoa eta egokia izatearen baldintzapean izanen da, bestela eten eginen baita.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko azaroaren 14an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia. Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

1. Diru-laguntza hauen xedea da Nafarroako zentro teknologikoek eta ezagutza ikertu eta hedatzen duten erakundeek (aurrerantzean, “zentroak”) duten gaitasuna, sendotasuna, elkarlana eta koordinazioa bultzatzea.

2. Laguntza hauen bidez honako helburu hauek lortu nahi dira:

a) Zentroak sendotzeko prozesua erraztea.

b) Elkarlana sustatzea ikerketaren eta berrikuntzaren arloetan jarduten duten zentroen artean.

c) Zentroen bikaintasun eta espezializazio maila handiagoa erdiestea.

d) Zentroek enpresei egiten dieten zerbitzua hobetzea.

3. Laguntza hauen bidez zentroek egiten duten jarduera ez-ekonomikoa finantzatzen da. Honako hau hartzen da jarduera ez-ekonomikotzat: Europako Batzordeak hala definitzen duena, Ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren esparruan (2014/C 198/01). 2014ko ekainaren 27ko Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratu zen.

Europar Batasunaren esparru horrek ezartzen duenez, entitate horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa, hau da, ez da Estatuaren laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.

2. oinarria. Onuradunak.

1. Honako hauek dira laguntza hauek jaso ditzaketenak:

a) Zentroak: Nafarroako zentro teknologikoak eta ikertu eta ezagutza hedatzen duten erakundeak, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 83. puntuan definitzen diren moduan. Atal honen barnean sartzen dira zenbait zentro teknologikok eta ikerketa erakundek eratutako nortasun juridikorik gabeko beste unitate batzuk, zentro eta erakunde horiei buruzko araudiaren babesean.

b) Entitate koordinatzaileak: Nafarroako erakunde irabazi-asmorik gabeak, helburu badute ikerketa eta garapen teknologikoa sustatzea, baita zentroen koordinazioa, sustapena eta promozioa ere.

2. Bateraezina izanen da deialdi honetan zentro gisa eta entitate koordinatzaile gisa parte hartzea.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren debekuetako bat urratzen dutenak ezin dira onuradun izan.

Eskatzaileek zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

4. Laguntzen eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.

3. oinarria. Proiektu eta jarduera diruz lagungarriak.

1. Zentroek oinarrizko ikerketari, industria ikerketari eta garapen esperimentalari buruz egiten dituzten honako proiektu hauek jaso dezakete diru-laguntza:

a) Proiektu indibidualak: zentro bakar batek garatutako gaitze proiektuak.

b) Elkarlanerako proiektuak: entitate koordinatzaile baten eta zenbait zentroren artean partzuergoan egiten diren proiektuak, haien artean benetako elkarlanean arituz. Ulertuko da elkarlana benetakoa dela zentro batek ere egiten ez badu proiektuaren %70etik gora edo %10etik behera.

Ez da beharrezkoa izanen entitate kordinatzaileak parte hartzea baldin eta proiektuan parte hartzen duten zentroek lankidetza hitzarmen edo akordio egonkor bat baldin badute.

c) Proiektu bultzatzaileak: entitate koordinatzaile baten eta zenbait zentroren artean partzuergoan egiten diren proiektuak, enpresa entitate bultzatzaile bat edo batzuk tartean daudela, zentroen ikerketa hori industria potentzial handiko eta merkatura ailegatzeko lerroetara gidatzeko.

Aurreko deialdietan finantzazioa jaso duten proiektu bultzatzaileak baizik ez dira izango diruz lagungarriak.

2. Orobat, diruz lagunduko dira entitate koordinatzaileek elkarlanerako proiektu bakoitzerako garatzen dituzten jarduerak eta oinarri honen 1. atalean jasotzen diren proiektu bultzatzaileak.

3. Proiektuek Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (RIS3) identifikatutako sektore estrategiko hauetako batean edo gehiagotan sartuta egon beharko dute:

i) Automobila eta mekatronika.

ii) Elikakatea.

iii) Energia berriztagarriak eta baliabideak.

iv) Osasuna.

v) Turismo integrala.

vi) Sorkuntza industriak eta industria digitalak.

4. Elkarlanerako proiektuek eta proiektu bultzatzaileek lankidetza hitzarmen bat izan behar dute oinarri, parte hartzaileek eta entitate koordinatzaile batek izenpetua. Entitate koordinatzailea arduratuko da hitzarmen horretan jasotzeaz proiektua egoki gauzatzen dela bermatzeko behar diren alderdiak.

Lankidetza hitzarmen hori ez da beharrezkoa izanen baldin eta proiektuan parte hartzen duten zentroek lankidetza hitzarmen edo akordio egonkor bat baldin badute.

4. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.

1. Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:

a) Proiektuan edo jardueran zuzenean aritzen diren langileen gastuak (ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak), horretan aritzen diren neurrian eta denbora horretan. Gehienez ere 40 euroko diru-laguntza emanen da ordu bakoitzeko.

Diruz lagungarriak izanen dira, orobat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek proiektuan ematen duten denbora handitzearen ondoriozko gastuak, Osasun Departamentuak urteko deialdien bidez arautzen duenaren arabera. Inola ere ez da lagungarria izango Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan edo Osasun Zuzendaritza Nagusian denbora handitua ez daukaten langileen gastua.

b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: lehengaiak eta beste hornigai batzuk. Material horiek beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko eskuratuz gero, banaketa irizpide bat beharko da, behar bezala justifikatua, proiektuaren jardueretan erabilitako kopuruaren araberakoa.

c) Ekipo, patente eta eredu erabilgarrien amortizazio gastuak, ondareko elementu horiek I+G proiektu batean erabiltzen diren neurrian eta denbora horretan, zehaztapen hauekin:

1.–Administrazio publiko baten diru-laguntzarekin erositako ekipoak baztertzen dira.

2.–Proiektua gauzatzeko beharrezko ekipamendua finantzatuko da, baina ez erabilera orokorreko gailu informatikoak (PCa, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...).

3.–Ondare-elementu horiek proiektua gauzatzen denean sortzen dituzten gastuak ere diruz lagunduko dira, baldin eta errentamendu finantzarioaren edo operatiboaren eta antzekoen modalitateetan erabiltzen badira, bazter utzita interesei dagokien kuotaren zatia.

4.–Deialdi honen ondorioetarako, taulen bidezko amortizazioa aplikatuko da, Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren 3. artikuluan zehaztutako koefiziente eta aldiei jarraituz.

d) Kanpoko kolaborazioen gastuak, proiektuan I+Gko lanak eta ezagutza teknikoen ekarpenak egiten dituzten beste entitate batzuenak.

e) Espainia edo Europa mailako azpiegitura zientifiko-teknologiko bereziak erabiltzearen ondoriozko gastuak:

http://www.idi.mineco.gob.es/portal/site/MICINN/

f) Proiektuarekin zuzeneko lotura duten beste gastu batzuk, hura gauzatzean benetan aplikatuak, baldin eta zehazten ahal bada proiektu horretan berariaz erabili direla eta banan-banan horri esleitzen ahal bazaizkio.

g) Halaber, diru-laguntza jasoko dute zeharkako gastu orokorrek, barnean direla langileriaren gastuak eta bidezkotzat jotzen diren beste batzuk, zentroek burututakoak proiektuak gauzatzean, betiere kostu errealetan oinarritzen direnean, delako eragiketa hori gauzatzera bideratutakoetan, oro har onartutako kontabilitateko printzipio eta arauekin bat, edo batez besteko kostu errealetan, mota bereko eragiketetarako bideratutakoetan. Zeharkako gastu diruz lagungarriek ezin izanen dute inola ere gainditu zuzeneko kostuen %25.

2. Gastu diruz lagungarriek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Proiektuaren gastuetatik deskontatuko dira sortu diren azpiproduktu, hondakin eta berreskuratze materialen salmentagatik edo produkzioan aprobetxatzeagatik lortutako diru-sarrerak.

b) Entitate koordinatzaileek egindako jardueren kasuan, gastu diruz lagungarriek, guztira, ezin izanen dute gainditu parte hartzen duen elkarlanerako proiektu bakoitzaren edo proiektu bultzatzaile bakoitzaren gastu diruz lagungarriaren %5,5 gainditu.

c) Unibertsitate publikoen kasuan eta aurrekontuak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan edo Estatuko Administrazio Orokorrean sartuta dituzten zentroen kasuan, gastu diruz lagungarriek, gainera, baldintza hauek bete behar dituzte:

1.–Laguntzek kostu marjinalen modalitateari jarraituko diote. Ulertzen da halakoak direla eskatutako jarduketak egiteari dagozkion jarduerak gauzatze hutsak zuzenean sortzen dituen gastuak.

2.–Langileriaren kostuei dagokienez, proiektua gauzatzeko kontratatu beharreko langileen kostua baino ez da egotziko. Norberaren langileriaren gainerako kostuak ez dira diruz lagunduko, nahiz eta proiektuaren aurrekontuan sartu behar diren nahitaez, zenbatekoaren eta parte-hartzearen baldintzei dagokienez konputatzeko.

d) Diruz lagungarria den gasturen batek 12.000 euro baino gehiago egiten duenean (BEZa kontuan hartu gabe), ekipo-ondasunen hornidura egiteagatik edo zerbitzuak emateagatik, onuradunak justifikatu beharko du hornitzailearen aukeraketa 11.4 oinarrian ezartzen den bezala. Hornitzailea lotutako enpresa bat bada, 9.2 oinarrian ezarritako moduan eginen da justifikazioa.

3. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen, proiektuko jarduerekin loturaren bat badute ere:

a) Langileen prestakuntzarako gastuak.

b) Proiektuaren dokumentazioari dagozkion gastuak.

c) Aholkularitza eta ziurtapen gastuak, proiektuaren kudeaketa administratiboari eta diru-laguntzen eskaerak tramitatzeari lotutakoak.

d) Administrazioaren gastuak eta bulegoko materialarenak.

e) Bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, ostatuarenak eta joan-etorrienak, non ez den frogatzen lotura zuzena dutela I+G proiektuarekin.

f) I + G proiektuaren ondorioz sortutako prototipoen kasuan, produkzio jardueran erabiltzen badira edo merkaturatzen badira, eraikitzean erabilitako materialen kostua ez da diruz lagungarria izanen.

5. oinarria. Exekuzio epea eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. 2018ko abenduaren 1etik (edo deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik, geroago bada) 2019ko azaroaren 30era arte egindako gastuek jasoko dute diru-laguntza. Ondorio horietarako, epe horretan fakturatua dagoena hartuko da egindako gastutzat, nahiz eta epea bukatzen denerako ordaintzeko zain egon.

2. Zilegi da urtebetetik gorako iraupena duten proiektuak aurkeztea, baina laguntza honek aurreko oinarrian adierazitako epean egindako proiektuetako jarduerak baino ez ditu finantzatzen, eta ez da konpromisorik hartzen ez bermerik ematen hurrengo urteetan proiektu horiek finantzatzeari dagokionez.

3. Gastu diruz lagungarrien %100ekoa izanen da diru-laguntza, baina, betiere, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 1.000.000 eurokoa izanen da onuradun bakoitzeko.

Hala ere, muga hori gainditu daiteke saldo erabilgarririk badago 7. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioa eskuratu duten gainerako onuradunen proiektuak finantzatu ondoren. Onuradun bakoitzeko ezarritako gehieneko muga handitu daiteke deialdiaren kreditua agortu arte, betiere proiektuek gutxienez zehaztutako puntuazioa gainditzen badute.

6. oinarria. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta zer egunetan argitaratzen den, hurrengo hilabetean bukatuko da, egun berean.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektronikoa (GHE) eduki beharko da, zeina 15. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematika zein aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Honako hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa:

a) Zentro bakoitzak eskaera bakar batean aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1.–Eskaera telematikoa, 2.4 oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena erantsita.

2.–3.1.a) oinarrian zehaztutako proiektu indibidual bakoitzaren memoria teknikoa.

3.–Proiektu indibidual bakoitzaren datu ekonomikoak dakartzan inprimakia.

4.–Zentroak parte hartzen duen elkarlanerako proiektu bakoitzaren (3.1.b oinarria) edo proiektu bultzatzaile bakoitzaren (3.1.c oinarria) datu ekonomikoak dakartzan inprimakia.

5.–Aurkeztutako proiektuen zerrenda osoa eta gastu diruz lagungarrien kontzeptuen arabera xehakatutako aurrekontua.

6.–Aurkeztutako proiektu guztien lehentasun-ordena zentroaren plan estrategikoan, II. eranskinaren g) atala baloratzeko.

7.–2018ko I+G+b jardueren memoria teknikoa.

8.–Zentroaren plan estrategikoa zientzia eta ekonomia arloetan, 3-5 urteko eperako.

9.–“Zentroen errendimendu mailaren adierazleak 2018an” izeneko I. eranskineko kontrol adierazleei eta helburuei dagozkien kudeaketa emaitzak.

10.–Azken ekitaldi itxiari dagozkion urteko kontuak, jarduera ekonomikoen eta ez-ekonomikoen arabera bereiziak, 13.1.d) oinarriarekin bat.

Entitate koordinatzaile batek parte hartzen ez duen lankidetza proiektuen kasuan, 3.1.b) oinarrian ezarritakoari jarraikiz, memoria teknikoa proiektuaren koordinatzaile gisa jarduten duen zentroak baizik ez du aurkeztuko.

b) Entitate koordinatzaileek eskaera bakar batean aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1.–Eskaera telematikoa, 2.4 oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena erantsita.

2.–Aurkeztutako elkarlanerako proiektu edo proiektu bultzatzaile bakoitzaren memoria teknikoa. 3.1.b) eta 3.1.c) oinarrietan definitzen dira proiektu horiek.

3.–Proiektu bakoitzerako xehakaturik, egin beharreko koordinazio lanak zehaztu eta baloratuko dituen memoria.

4.–Aurkeztutako elkarlanerako proiektu eta proiektu bultzatzaileen zerrenda osoa eta gastu diruz lagungarrien eta parte-hartzailearen arabera xehakatutako aurrekontua.

5.–3. oinarrian proiektu bakoitzerako, elkarlanerako edo bultzatzaile izan, eskatutako lankidetza hitzarmena, edo, bestela, asmo-gutun bat, hitzarmena prestatzen ari bada. Nolanahi ere, proiektuaren azken justifikazioan aurkeztu beharko da hitzarmena.

6.–Zentroen ikusgarritasunerako eta sustapenerako, bere kohesiorako eta I + G + b-rako egindako jardueren memoria teknikoa.

7.–Entitatearen estatutuak edo entitate koordinatzailearen izaera frogatzen duen beste edozein dokumentazio mota, 2.1.b) oinarrian zehazten den moduan.

8.–Itxitako azken ekitaldian izandako urteko kontuak.

Dokumentuak artxibo digitalak izanen dira. Zein bere artxiboan aurkeztu beharko da, behar bezala izendaturik.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, organo eskudunak entitateari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. oinarria. Diru-laguntzak emateko prozedura eta hautatzeko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.

2. Lehenbizi, zentroen eta aurkeztutako proiektuen errendimendua baloratuko da:

a) Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Elikakatearen arloko I+G+b Atalak, ebaluatuko du zentroen errendimendua I. eranskinean (Zentroen errendimendu mailaren adierazleak) ezarritako irizpideen arabera. Baremoa aplikatutakoan, zentro bakoitzari aplikatu beharreko errendimendu portzentajea lortuko da.

b) Proiektu bakoitza, halaber, II. eranskinean (“Proiektuak ebaluatzeko irizpideak”) ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko da . Laguntzak kudeatzen dituen organoak proiektu guztien zerrenda bat prestatuko du, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Kudeaketa organoak entitate eskatzaileei eskatzen ahal dizkie eskaerak ebaluatzeko egoki iruditzen zaizkion agiri eta informazio guztiak.

3. Ondoren, prozedura bi fasetan artikulatuko da: lehenik, proiektuen finantzaketa, zentroen errendimenduaren arabera, eta, bigarrenik, gainerako proiektuen finantzaketa.

1. fasea: proiektuen finantzaketa, zentroen errendimenduaren arabera.

a) Zentro bakoitzari oinarri-zenbateko bat esleituko zaio, deialdiaren gastu osoa horretan parte hartzen duten zentro kopuruarekin zatitzearen zatidurari bakoitzak lortutako errendimendu portzentajea aplikatzearen ondoriozkoa.

b) Zentro bakoitzaren proiektu osoak finantzatuko dira, lehentasun ordenaren arabera, betiere gutxienez 40 puntu lortu badituzte, aurreko atalean ezarritako oinarrizko zenbatekoa agortu arte.

2. fasea: gainerako proiektuen finantzaketa.

Zentroen errendimenduaren arabera proiektuak finantzatu ondoren deialdian gelditzen den saldoa gainerako proiektuak finantzatzeko erabiliko da, horien lehentasun ordenaren arabera.

4. Elkarlanerako proiektu bat edo proiektu bultzatzaile bat onesteak berekin ekarriko du entitate koordinatzailearen jarduera onestea, baldin eta eskatzen diren baldintzak betetzen baditu.

Entitate koordinatzaileari parte hartzen duen proiektu bakoitzeko emanen zaion gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko, 4.2.b oinarrian ezarritako gehienekoa aplikatuko zaie proiektu horietan parte hartzen duten entitateei eman beharreko zenbatekoei.

Entitate parte-hartzaileek uko egiten badiote proiektu horietako bati, entitate koordinatzaileari proiektu horri dagokion zenbatekoaren %50 murriztuko zaio.

8. oinarria. Laguntzak esleitzea.

1. Laguntzen kudeaketa organoak oinarri hauetan ezarritako ebaluazio irizpideei jarraituz baloratuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenak ondokoa edukiko du, gutxienez:

a) Diruz lagundutako eskaeren zerrenda, betiere onuraduna, proiektuaren titulua eta proiektu bakoitzaren laguntzaren zenbatekoa zehaztuta horietako bakoitzerako.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda. Haien artean, aurrekontuko baliabideak mugatzeagatik baztertu direnak agertu beharko dira.

2. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia da organo eskuduna diru-laguntza nori eman ebazteko. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, pertsona interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

3. Laguntzei uko egin edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, laguntza ematen ahalko zaie aurrekontuko kreditu eskasiagatik baztertuta gelditu diren eskaerei, betiere behar adinako diru-izendapena dagoenean. Kasu horretan, proiektuen puntuazio-ordenari jarraituko zaio, 7. oinarrian ezartzen den bezala. Kontzesio horiek noiz egiten diren kontuan hartuta, proiektua gauzatu eta justifikatzeko epe berriak finkatuko dira, baina ezin izanen dira inola ere gainditu deialdian adierazitako gehieneko epeak.

9. oinarria. Azpikontratazioa eta lotutako enpresekiko harremana.

1. Diru-laguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoaren %50era arteko azpikontratazioa egin daiteke hirugarrenekin. Ondorio horietarako, ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean I+G proiektuaren zati bat gauzatzea, nahiz eta berez egin ditzakeen jarduerak izan, horretarako baliabideak dituelako.

Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa eta emandako diru-laguntzaren %20tik gorakoa denean, kontratua idatzita egin beharko da, eta frogagiriekin batera aurkeztu.

Lankidetza proiektu bateko aldeek ezin izanen dituzte inoiz beren artean azpikontratatu proiektuaren jarduerak.

2. Onuradunak diruz lagundutako jardueraren gauzatze partziala kontratatu edo azpikontratatu dezake hari lotutako enpresekin, baldin eta ondokoa betetzen bada:

a) Laguntzen eskarian jasotzen bada eta organo kudeatzaileak gastu hori diruz lagungarria dela irizten badu kontzesioaren ebazpenean.

b) Hitzartutako jarduera 4. oinarrian aipatutako gastu diruz lagungarrietako batekin bat etortzen bada.

c) Onuradunaren eta hari lotutakoaren arteko faktura eta ordainagiri bidez justifikatzea gastuak. Orobat, fakturaren kontzeptuei heltzen dieten agiriak aurkeztea, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, nominak, langileria kostuak justifikatzeko, hirugarren baten faktura, materialetarako, etab.).

Ez da onartuko kostuak gainetik egoztea industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

Ondorio horietarako, lotutako enpresatzat hartuko dira Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat elkarren artean dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

10. oinarria. Aldaketak diruz lagundutako proiektuan.

1. Laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu behar dira I+G proiektuak. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak gertatzen direnean, laguntza emateko ebazpenean jasotako hasierako baldintzak aldatzen ahalko dira.

Aldaketak lau motakoak izaten ahalko dira:

a) Aldaketa teknikoak proiektuaren helburuetan edo egin beharreko jardueretan.

b) Aldaketa ekonomikoak (berrantolaketa) onartutako aurrekontuaren partida bakoitzean jasotako kontzeptuetan.

c) Aldaketa ekonomikoak (berrantolaketa) onartutako aurrekontuaren partiden artean.

d) Aldaketak langileriaren partidan.

2. Aldez aurreko baimena eskatu behar zaio organo kudeatzaileari, laguntzen fitxaren bidez, kasuan kasuko proiektua bukatu baino hilabete bat lehenago beranduenez, kasu hauetan:

–Langileriaren partida ukitzen dituzten aldaketak.

–a) motako aldaketak.

–b) motako aldaketak, partidak esleitua zeukan zenbatekoaren %10eko kopuru-aldaketa baino handiagoa eragiten dutenean. Kopuru-aldaketa txikiagoa denean, ez da beharrezkoa izanen baimena eskatzea, bai ordea aldaketak egoki arrazoitzea dokumentazio justifikatzailean.

–c) motako aldaketak.

Elkarlanerako proiektuen eta proiektu bultzatzaileen kasuan, entitate koordinatzaileak eginen du eskaera. Aldaketak bazkideen artean izenpetutako konpromisoak ukitzen baditu, lankidetza-hitzarmen eguneratua aurkeztu beharko da.

3. Aldaketak egiteko baimenaren eskaera bat baino ez da onartuko diruz lagundutako proiektuan.

Ez da inola ere baimenduko proiektuari emandako puntuazioa kentzea ekartzen duen aldaketarik.

Orobat, ez da baimenduko diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko epea handitzea.

11. oinarria. Diruz lagundutako proiektua justifikatzeko epea eta modua.

1. Laguntzen onuradunek taula honetan adierazten diren hiru uneetan justifikatu beharko dituzte diruz laguntzen diren proiektuak. Horretarako, oinarri honetako 3. ataleko agiriak aurkeztu beharko dituzte.

FROGAGIRIAREN ZENBAKIA

JUSTIFIKATU BEHARREKO EXEKUZIO ALDIA

JUSTIFIKAZIOAREN MUGA-EGUNA

XEDEA

1

2018/12/1etik (edo deialdia argitaratzen den egunetik, geroago argitaratzen bada) 2019/06/30era arte

2019/08/31

Konturako ordainketa

2

2019/07/1etik 2019/11/30era

2019/12/07

Konturako ordainketa

3

Proiektua hasten denetik 2019/11/30era arte

2020/03/31

Espedientea berraztertzea eta ixtea

2. Dokumentazioa modu telematikoan aurkeztu behar da beti, laguntzen fitxaren bidez, fitxa horretan eskura dauden ereduei jarraituz.

3. Goiko taulan adierazitako epe bakoitzean dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

3.1. Lehenengo justifikazio partzialean (2019ko abuztuaren 31n beranduenik):

a) Zentro bakoitzak aurkeztu beharreko agiriak:

i) Proiektu indibiduala: gauzatutako jarduerei buruzko txosten bat, egindako jardueren deskribapenarekin, maila teknikoan eta ekonomikoan noraino bete den zehaztuz.

ii) Entitate koordinatzaile baten partaidetzarik gabeko elkarlanerako proiektuak: exekuzio ekonomikoari buruzko txostena. Exekuzio teknikoari buruzko txostena proiektuko koordinatzaileak aurkeztuko du.

b) Entitate koordinatzaileek aurkeztu beharreko agiriak:

i) Elkarlanerako proiektu edo proiektu bultzatzaile bakoitzerako: gauzatutakoari buruzko txosten bat, egindako jardueren deskribapenarekin eta balorazioarekin, maila teknikoan eta ekonomikoan noraino bete den zehaztuz eta proiektuko parte-hartzaile guztien sinadurarekin.

ii) Egindako koordinazio lanak zehaztu eta baloratuko dituen txosten bat.

3.2. Bigarren justifikazio partzialean (2019ko abenduaren 7an beranduenik):

a) Zentro bakoitzak aurkeztu beharreko agiriak:

i) Proiektu indibiduala: gauzatutako jarduerei buruzko txosten bat, egindako jardueren deskribapenarekin, maila teknikoan eta ekonomikoan noraino bete den zehaztuz.

ii) Entitate koordinatzaile baten partaidetzarik gabeko elkarlanerako proiektuak: exekuzio ekonomikoari buruzko txostena. Exekuzio teknikoari buruzko txostena proiektuko koordinatzaileak aurkeztuko du.

b) Entitate koordinatzaileek aurkeztu beharreko agiriak:

i) Elkarlanerako proiektu edo proiektu bultzatzaile bakoitzerako, gauzatutakoari buruzko txosten bat, egindako jardueren deskribapenarekin eta balorazioarekin, maila teknikoan eta ekonomikoan noraino bete den zehaztuz eta proiektuko parte-hartzaile guztien sinadurarekin.

ii) Egindako koordinazio lanak zehaztu eta baloratuko dituen txosten bat.

3.3. Hirugarren justifikazioan (2020ko martxoaren 31n beranduenik):

a) Zentro bakoitzak aurkeztu beharreko agiriak:

i) Proiektu indibidual bakoitzaren irismena eta exekuzio-txostena.

ii) Dibulgazioko agiri idatzia, diruz lagundutako proiektu indibidual bakoitzaren irismenari eta emaitzei buruzkoa.

iii) Entitate koordinatzaile baten partaidetzarik gabeko elkarlanerako proiektuak: goian aipatutako i eta ii agiriak (proiektuko koordinatzaileen kasuan bakarrik).

Gastuen justifikazioa, justifikazio kontu baten bidez, auditoretza-txostena aurkeztuta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa) eta III. eranskinean xedatutakoarekin bat.

Justifikatutako gastuen gaineko dokumentazioa erantsi beharko da.

Txosten hori bakarra izanen da onuradun bakoitzeko, eta onuradun horrentzat finantzatutako proiektu guztiak bilduko ditu, indibidualak, elkarlanerakoak eta bultzatzaileak izan. Gastu diruz lagungarriak 4. oinarriari jarraituz finantzatutako proiektu bakoitzaren kontabilitate kodearen arabera xehakatuko dira, bai eta, kasua bada, proiektuari egotz dakizkiokeen diru-sarrerak ere. III. eranskinean ezartzen den formatuari jarraitu behar zaio.

Auditoreak egiaztatuko du diruz lagundutako jarduera ez-ekonomikoei dagozkiela gastuak, bai eta proiektuari lotutako zeharkako gastuei ere, eta, bidezkoa bada, egindako inbertsioen egiaztapen materiala ekarriko du, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 29. artikuluarekin bat.

iv) Dibulgazioko bideo bat, onuradunak egindako proiektu guztiak erakutsiko dituena (indibidualak eta elkarlanekoak).

v) Hornitzailea oinarri honen 4. atalean adierazitakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.

b) Entitate koordinatzaileek aurkeztu beharreko agiriak:

i) Elkarlanerako proiektu eta proiektu bultzatzaile bakoitzaren irismen eta gauzatze memoria.

ii) Dibulgazioko agiri idatzi bat, diruz lagundutako elkarlanerako proiektu eta proiektu bultzatzaile bakoitzaren irismenari eta emaitzei buruzkoa.

iii) Gastuen justifikazioa, aurreko iii) atalean adierazitako moduan. Auditoretza-txosten hori bakarra izanen da entitate koordinatzaile bakoitzeko, eta proiektuak koordinatzeko egindako jarduera guztiak bilduko ditu. Gastu diruz lagungarriak 4. oinarriari jarraituz finantzatutako proiektu bakoitzaren arabera xehakatuko dira, bai eta, kasua bada, proiektuari egotz dakizkiokeen diru-sarrerak ere. III. eranskinean ezartzen den formatuari jarraitu behar zaio.

Justifikatutako gastuen gaineko dokumentazioa erantsi beharko da.

iv) Dibulgazioko bideo bat, proiektu bultzatzaile guztiak erakusten dituena. Parte hartzen duten enpresa eta zentroek zehaztuko dute zein den konpondu beharreko problema eta nolako emaitzak lortu diren.

v) Hornitzailea oinarri honen 5. atalean adierazitakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.

4. Zerbitzu emateen eta ekipo ondasunen horniduren kasuan, gastu diruz lagungarrietako bat 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia aurkeztu beharko du (laguntzen fitxan dago eskura). Hartan, frogatu beharko du ezen, hura hautatzeko, eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideak erabili direla, eta gutxienez hiru eskaintza erantsita justifikatuko da zergatik hautatu den hautatu dena.

Onuradunak ez du baldintza hori bete beharko (hiru eskaintza aurkeztea) gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez daudenean, eta hori lehen aipatutako inprimakian justifikatu beharko du.

Lotutako enpresa batekin egindako gastuen kasuan, 9.2 oinarrian ezarritako moduan eginen da justifikazioa.

5. Onuraduna behartuta dago diru-laguntzen organo kudeatzaileak eskatzen dion edozein agiri aurkeztera, bidezkotzat jotzen bada jardueren finantzaketa justifikatzeko.

12. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketa 2019ko ekainaren 30era arte egindako jardueren kontura izanen da, lehenengo justifikazio partzialaren arabera.

b) Bigarren ordainketa 2019ko azaroaren 30era arte egindako jardueren kontura izanen da, bigarren justifikazio partzialaren arabera.

2. Onuradunek aurreko oinarrian adierazitako epean eta moduan aurkezten duten dokumentazioa aztertu ondoren, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio behar den ordainketa egiteko proposamena. Proposamenari proiektuaren bilakaera zientifiko-teknikoaren balorazio positiboko txosten bat erantsiko zaio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak betetzen dituztela.

Kasua bada, espedientea ixtearen ebazpenean, adieraziko da justifikatu gabeko jarduketaren zatiari dagokion diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela. Halaber, konturako ordainketak onuradunari azkenean dagokion diru-laguntza gainditzen badu, ordaindutako soberakina itzul dezala eskatuko da, kasuan kasuko berandutze-interesekin batera.

3. 60.000 eurotik gorako diru-laguntza jaso duten proiektuetan, inbertsioaren egiaztapen materiala eginen da laguntza likidatu aurretik.

4. Laguntzak gehienez sei hilabeteko epean ordainduko dira, 11. oinarrian eskatutako frogagiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori etenda geldituko da, aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

5. Laguntzaren %100erainoko aurrerakinak egin daitezke, baldin eta onuradunek justifikatzen badute diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituztela. Aurreratutako diru-laguntzaren justifikazioa 11. oinarrian adierazitako moduan eginen da.

13. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bidez, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak informazioa emateko betebehar hori urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Oinarri arautzaile hauetan ezarritako moduan eta epeetan egin eta justifikatu beharko dituzte diru-laguntzaren xedeko jarduerak.

c) Zentroek kontabilitate sistema bereizi bat eduki behar dute, edo kontabilitate kode egoki bat, diruz lagundutako proiektu bakoitzari lotutako transakzio guztiei dagokienez.

d) Zentroen kontabilitateak bide eman behar du jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak bereizteko, baita haietako bakoitzaren kostuak eta finantzaketa ere.

e) Entitate koordinatzaileek betebehar hauek hartzen dituzte berariaz bere gain:

i) Diruz lagundutako proiektuei jarraipen etengabea egitea.

ii) Lankidetza-hitzarmena betetzen dela gainbegiratzea eta sor litezkeen desadostasunak konpontzea.

iii) Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea proiektuak gauzatu diren, hala eskatzen zaienean.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Proiektutik gauzatzen den aurrekontua laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren %60tik beherakoa bada, ordaindu beharreko laguntza %50 murriztuko da.

b) Proiektuan gauzatu den aurrekontua diru-laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren %40tik beherakoa bada, deklaratuko da emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela eta, kasua bada, eskatuko da ordaindutakoa itzultzeko.

14. oinarria. Diruz lagundutako proiektuaren emaitzak zabaltzea.

1. Laguntzen onuradunek ondoko jarduketa hauek egin behar dituzte diruz lagundutako I+G proiektuaren emaitzen zabalkundea egiteko:

a) Dibulgazioko agiri idatzi bat prestatzea diruz lagundutako proiektuen irismenari eta emaitzei buruz. Agiri hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian argitaratuko da (www.navarra.es).

b) Proiektuaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi behar da Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

c) Dibulgazio bideo bat, 15 minutukoa gehienez, onuradunak egindako proiektuak erakutsiko dituena, 11.3.3 oinarrian adierazitakoari jarraikiz. Bideoak honako hau agertu behar du: ikerketa taldeak, konpondu gogo diren erronka sozialak edo teknologikoak, lortu nahi diren helburuak eta lortu diren emaitzak.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak onuradunei eska diezaieke emaitzei buruzko galdetegi bat bete dezatela. Inkesta horretatik, emaitza agregatuak emanen dira aditzera soilik, helburu estatistikoetarako.

3. Edonola ere, proiektuaren emaitzak zabaltzeko materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

15. oinarria. Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntza-eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

16. oinarria. Laguntzen bateragarritasuna.

1. Diru-laguntza hauek bateragarriak dira helburu berarekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Espainiako zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin.

2. Diru-laguntza jaso duten jardueretarako emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu, inola ere, diruz lagundutako jardueren kostuaren %100.

Jasotako diru-laguntzek muga hori gainditzen badute, behar den murrizketa izanen dute deialdi honen babesean emandako laguntzek.

17. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

I+G+b Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

18. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Zentroen errendimendu mailaren adierazleak (7. oinarria)

ADIERAZLEA

MOTA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

I+Gko langileria, guztira (Lanaldi Osoaren Baliokidetasuna)

Giza Baliab.

5

I+Gko emakumezko langileak (Lanaldi Osoaren Baliokidetasuna)

Giza Baliab.

5

I+Gko doktoreak (Lanaldi Osoaren Baliokidetasuna)

Giza Baliab.

5

Goi mailako titulua duten langileak (Lanaldi Osoaren Baliokidetasuna)

Giza Baliab.

3

Enpresa-ehunari transferitutako I+Gko langileak (Lanaldi Osoaren Baliokidetasuna)

Giza Baliab.

2

Indexatutako aldizkarietako argitalpenak

Eragin zientifikoa

10

Lehenengo kuartileko aldizkari zientifikoak

Eragin zientifikoa

10

Europar Batasunak Europako proiektuengatik azken urtean emandako diru-sarrerak

Nazioartekoa

10

Azken urtean proiektuburu gisa egindako Europako proiektuak

Nazioartekoa

5

Azken urtean indarrean egondako Europako proiektuak

Nazioartekoa

5

Azken urtean eskatutako patenteak

Patenteak

2

Azken urtean lortutako patenteak

Patenteak

4

Azken urtean lizentziatutako patenteak

Patenteak

4

Oinarri teknologikoa duten enpresa berritzaileak (OTEB), azken urtean eratuak

OTEB

3

Azken urtean eratu diren OTEBen fakturazioa

OTEB

3

Azken urtean eratu diren OTEBek sortutako enplegua

OTEB

4

Enpresetarako I+D kontratatzearen diru-sarrerak

Ekonomikoa

20

Taularen adierazleak behar bezala interpretatzeko, definizio eta/edo argibide hauek eransten dira:

LOB: lanaldi osoaren baliokidetasuna.

I+Gko langileria, guztira (LOB): entitatean I+Gko jarduerari lotutako langileria, lanaldi osoaren baliokidetasunean neurtua, zientzien eta teknologiaren esparruan. Entitatearekin lan harreman mugagabea duten langileak hartuko dira kontuan soilik.

I+Gko emakumezko langileak (LOB): entitatean I+Gko jarduerari lotutako emakumeak, lanaldi osoaren baliokidetasunean neurtua, zientzien eta teknologiaren esparruan. Entitatearekin lan harreman mugagabea duten emakumeak baizik ez dira hartuko.

I+Gko doktoreak (LOB): entitatean I+Gko jarduerari lotutako doktoreak, lanaldi osoaren baliokidetasunean neurtuak, zientzien eta teknologiaren esparruan. Entitatearekin lan harreman mugagabea duten langileak hartuko dira kontuan soilik.

Goi mailako titulua duten langileak (LOB): entitatean I+Gko jarduerari lotutako langileak, goi mailako titulua dutenak baina ez doktore kategoria, lanaldi osoaren baliokidetasunean neurtuak, zientzien eta teknologiaren esparruan. Entitatearekin lan harreman mugagabea duten langileak hartuko dira kontuan soilik.

Enpresa-ehunari transferitutako I+Gko langileak (LOB): entitatean I+Gko jarduerari lotutako langileria, lanaldi osoaren baliokidetasunean neurtua, zientzien eta teknologiaren esparruan, enpresa-ehunari transferitu zaiona. Transferentziatzat hartuko da baldin eta, entitatean baja ematen denetik, urte bateko epean alta hartzen badu enpresan. Enpresetan egindako egonaldi etengabeak ere hartuko dira kontuan, betiere 3 hilabetetik gorakoak badira.

Indexatutako aldizkarietako argitalpenak: indexatutako argitalpen zientifikoak, entitatearen I+Gko langileek eginak, zientzien eta teknologiaren esparruan. Argitaratutako artikuluak eta biltzarretako aktak sartzen dira.

Q1 argitalpen zientifikoak: indexatutako argitalpen zientifikoak, lehenengo kuartilean argitaratuak (Q1), entitatearen I+Gko langileek eginak, zientzien eta teknologiaren esparruan.

Eskatutako, emandako eta lizentziatutako patenteak: nazioko edo nazioarteko edozein erregistro-bulegotan aurkeztutako patente familiak sartzen dira.

Azken urtean eratutako OTEBen fakturazioa: entitateak azken urtean eratutako OTEBek izan duten fakturazioa. Bezero-enpresek eratzen dituzten OTEBen fakturazioa eta garatzen dituzten negozio-linea, produktu eta prozesu berrien fakturazioa ere hartuko dira kontuan, entitatearekin egindako I+G proiektuen zuzeneko emaitzak direnean.

Azken urtean eratu diren OTEBek sortutako enplegua: azken urtean entitateak eratutako OTEB guztiek sortu dituzten enplegatu berriak, lanaldi osoaren baliokidetasunean neurtuak. Bezero-enpresek eratzen dituzten OTEBek sortutako enplegatu berriak eta garatzen dituzten negozio-linea, produktu eta prozesu berriek sortutakoak ere hartuko dira kontuan, entitatearekin egindako I+G proiektuen zuzeneko emaitzak direnean. (OTEBetan enplegu berria sortzeak ez dakar berarekin gehikuntza absolutua sortutako enpleguen kopuruan).

II. ERANSKINA

Proiektuak ebaluatzeko irizpideak (7. oinarria)

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

a) Proiektuaren irismen teknologikoa

30

15

b) Proiektuaren berritasun maila eta eragina

20

10

c) Aurrekontuaren justifikazioa

10

5

d) Aurkeztutako memoriaren kalitatea eta aurrekontua

5

-

e) Ikerketa taldeko doktoreen portzentajea

5

-

f) Emakumeen portzentajea ikerketa taldean

5

-

g) Proiektuaren lehentasuna zentroaren plan estrategikoan

10

-

h) Elkarlanerako proiektua

5

-

j) Proiektu bultzatzailea indarrean (2018an)

10

-

GUZTIRA

100

a) Proiektuaren irismen teknologikoa, gai hauei dagokienez:

–Proposatutako helburuak lortzeak dakartzan zailtasun edo erronka teknologikoa eta zailtasun teknikoa.

–Egungo konponbideen gabeziak eta proposatutako konponbidearen balorazio teknologikoa, beste batzuen aldean.

–Ebatzi beharreko problema eta merkatu aukerak.

b) Proiektuaren berritasun maila eta eragina. Alderdi hauek baloratuko dira:

–Berritasuna nazioartean, Espainian edo eskualdean.

–Berritasun maila sektorean eta lehiakideekin alderatuta.

–Proiektuaren emaitzaren merkatu potentziala, itzulkina.

c) Proposamena gauzatzeko aurrekontuaren justifikazioa giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez, dedikazioaren eta kostuaren ikuspegitik.

Gastuaren beharra eta proiektuko partiden zenbatespena justifikatu beharko dira. Egotzitako gastu bakoitza deskribatu beharko da eta haien zerikusia proiektuaren jarduerekin; langileen zeregin teknikoak; kostuaren banaketa eta materialen kopurua; kanpoko lankideen parte-hartzea.

d) Aurkeztutako memoriaren kalitatea, arlo hauei dagokienez:

–Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).

–Zereginen definizioa, kronograma, esleitzen diren baliabideak.

e) Doktoreek ikertzaile taldean duten parte-hartzea baloratzeko, proiektuko ordu guztiekin alderatuta, doktoreek sartutako orduen portzentajea hartuko da kontuan.

f) Emakumezkoek ikertzaile taldean duten parte-hartzea baloratzeko, proiektuko ordu guztiekin alderatuta, emakumezko parte-hartzaileek sartutako orduen portzentajea hartuko da kontuan.

g) Zentroak bere plan estrategikoari jarraituz ezarritako lehentasunaren arabera puntuatuko dira proiektuak.

h) Elkarlanerako proiektua.

i) Proiektu bultzatzailea indarrean (2018an).

a), b) edo c) ataletan gutxieneko puntuazioa lortzen ez duen proiektua ez da beste ataletan baloratuko, eta eskaera baztertu egingo da.

Berdinketa kasuetan, a) atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Berdinketak jarraituz gero, b), c) eta d) ataletan lortutakoa hartuko da kontuan, eta horrela, hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

III. ERANSKINA

Diru-laguntzak justifikatzeko kontu ekonomikoaren auditoretza-txostena: auditoretzak egin beharreko analisia eta egiaztapenak

Eranskin honetan auditoretza-txosten bat eman ahal izateko egin behar diren egiaztapenak ezartzen dira. Txosten horren helburua da laguntzen kudeaketa-organoari aurkezten diren justifikazioak egiaztatzeko lanetan laguntzea, eta, horretarako, entitate onuradunak arau aplikagarriak edo diru-laguntza jasotzeko baldintzak ez dituela bete ondorioztatzeko egintzak edo salbuespenak jaso beharko dira bertan.

Auditoria egiten duen pertsonak, txostena egitean, laguntza emateko ebazpenean ezartzen den aurrekontu finantzagarria hartu beharko du kontuan, baita proiektu bakoitzarentzat eskatutako eta onartutako aldaketak ere, horrelakorik badago. Gastu-partida bakoitzean honako hau aztertu eta egiaztatu beharko du:

1. Proiektura bideratutako aktiboen amortizazioa.

a) Laguntza emateko ebazpenean agertzen den aurrekontu finantzagarrian kontzeptu hori jaso ote den.

b) Egiaztatu beharko du amortizaziorako urteko kuota, amortizazioaren hasierako data eta, orobat, tresneria eskuratzeko zenbateko guztiak entitatearen kontabilitate-erregistroetan adierazitakoak direla.

c) Egiaztatu beharko du onuradunak ez duela inolako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabiderik jaso amortizatzen ari diren tresnak eskuratzeko. Entitateko ahaldunaren sinaduraren bidez ziurtatuko da hori.

d) Egiaztatu beharko du deialdiaren 4.1.c oinarrian jasotako zehaztapenak betetzen direla.

2. Bertako langileen gastuak.

a) Laguntza emateko ebazpenean agertzen den aurrekontu finantzagarrian kontzeptu hori jaso ote den.

b) Langileak Gizarte Segurantzako langileen izenen zerrendan eta PFEZaren atxikipenei buruzko ziurtagirian agertzen diren.

c) Ordu egotziak dituzten pertsonei urtean ordaindutako ordainsariak egiaztatu beharko ditu. Horretarako, proiektuaren exekuzioaldiari dagozkion nominak edo atxikipenen ziurtagiria aztertuko da.

d) Onuradun bakoitzari egozten ahal zaion Gizarte Segurantzaren kostua egiaztatu beharko du, eta, horretarako, Langileen izenen zerrendaren ereduetan, SLD-Kalkuluen Kontsulta Zerbitzuan eta kotizaziorako datuen txostenean (Idc delakoan) agertzen diren kotizazioak konparatuko ditu.

e) Proiektuari esleitutako langileek hilabetean egindako orduak justifikatzeko euskarriak egiaztatuko ditu.

f) Nominetan agertzen diren datek bat etorri beharko dute laguntza emateko ebazpenean proiektua gauzatzeko agertzen den egutegiarekin.

g) Orduaren kostua metodo hau erabiliz atera da:

Orduaren kostua ateratzeko eragiketa hau eginen da: langile bakoitzak jasotako ordainsaria gehi Gizarte Segurantzaren urteko kostua, eta hortik ateratzen dena zati hitzarmenaren arabera egin beharreko orduen kopurua. Langileren bat ez badago urte osoan kontratatua behar den ponderazioa eginen da.

Orduaren kostua =

Soldata gordina + G.S.aren kostua

×

365

Hitzarmeneko orduak

bukaera data - hasiera data

3. Bakar-bakarrik proiektuarentzat den material suntsigarrian egindako gastuak.

a) Laguntza emateko ebazpenean agertzen den aurrekontu finantzagarrian kontzeptu hori jaso ote den.

b) Egiaztatu beharko du fakturetan agertzen diren datak eta ordainketen egiaztagiriak bat etortzen direla laguntza emateko ebazpenean proiektua gauzatzeko agertzen den egutegiarekin.

4. Kanpoko kolaborazioak.

a) Laguntza emateko ebazpenean agertzen den aurrekontu finantzagarrian kontzeptu hori jaso ote den.

b) Egiaztatu beharko du fakturetan agertzen diren datak eta ordainketen egiaztagiriak bat etortzen direla laguntza emateko ebazpenean proiektua gauzatzeko agertzen den egutegiarekin.

c) Aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek egindako zerbitzu-emateetan gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, egiaztatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela. Horretarako, egiaztatu beharko du gutxienez hiru eskaintza aurkeztu direla eta egindako hautaketa justifikatuta dagoela. Edo bestela, betebehar hori ez aplikatzeko aintzat hartutako arrazoiak justifikatu beharko dira.

d) Egiaztatuko du, orobat, diruz lagundutako jarduera hirugarrenekin azpikontratatzeko aplikatu beharreko baldintzak bete direla, deialdiaren 9. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

5. Zeharkako gastu orokorrak.

a) Proiektuko gastuak izanik ere, bere izaeragatik, proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak dira, banaka-banaka zehazterik ez dagoelako.

b) Zuzenbide publikoko entitateen kasuan, kontabilitate publikoaren aurrekontuetako artikulu, kontzeptu eta azpikontzeptuak erabiliko dira, 62, 64 eta 68 taldeko kontuetakoen baliokide direnak. Halakoetan, baliokidetasun hori adierazi beharko da.

c) Kalkulua: proportzionalki kalkulatuko dira, kontuan izanik entitate onuraduneko langileen guztirako orduetatik zenbat ordu egotzi zaizkion proiektuari. Honela jokatuko da:

i.–62, 64 eta 68 kontuetako kontzeptu hauen batuketa eginen da:

a. 621. Errentamenduak eta kanonak.

b. 622. Konponketak eta kontserbazioa.

c. 624. Garraioak (salbu eta salmentetarako garraioak).

d. 628. Hornidurak.

e. 629. Bestelako zerbitzuak (langileen garraio gastuak, proiektuari lotutako langileen bidaia-gastuak eta bulegoko gastuak baizik ez dira onartuko).

f. 640. Soldatak eta lansariak.

g. 642. Gizarte Segurantza.

h. 649. Beste gastu sozial batzuk.

i. 6811. Eraikuntzen amortizazioa (zenbateko garbia, kapitaleko diru-laguntzak kenduta).

j. 6815. Instalazio orokorren amortizazioa (zenbateko garbia, kapitaleko diru-laguntzak kenduta).

k. 6816. Altzarien amortizazioa (zenbateko garbia, kapitaleko diru-laguntzak kenduta).

l. 6817. Ekipo informatikoen amortizazioa (zenbateko garbia, kapitaleko diru-laguntzak kenduta).

Aurrekontu finantzagarriko partida baten bidez zuzeneko finantzaketa duten gastuei dagozkien saldoak ez dira kontatuko.

Gainera, azpikontuetako balioek bat etorri beharko dute urteko justifikazio ekonomikoa aurkezten denean itxitako azken ekitaldiko Irabazi eta Galeren Kontuaren ‘Entitatearen guztizko gastuak’ atalean agertzen diren balioekin.

ii.–Hortik ateratzen den batura honako zatiketa hau eginda ateratzen den koefizientearekin biderkatuko da:

Proiekturako onartzen diren orduen kopurua (langileen gastuen egiaztapenaren arabera)

Entitatearen jardueraren guztirako orduen kopurua (batez besteko plantilla × urteko lanaldia)

6. Balio erantsiaren gaineko zerga ez da gastu diruz lagungarritzat hartuko, salbu eta zerga hori azkeneko xedeko entitateak jasaten badu benetan eta behin betiko, berreskuratzeko edo konpentsatzeko modurik gabe, eta hori behar bezala frogatzerik baldin badago behar den dokumentazio ofiziala aurkeztuz:

a) Zerga-salbuespena erabatekoa bada, zergaz salbuesteko eskumena duen Administrazioak luzatutako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ondorio horretarako, gogoan izan behar da ez direla baliozkoak izanen laguntzaren onuradun ateratzen diren entitateen arduradunen aitorpenak (jasandako BEZa ez dutela jasanarazten adieraztekoak).

b) Hainbanaketa eginez gero, honako hauek aurkeztuko dira:

i.–Hainbanaketa orokorra baldin bada: zergaz salbuesteko eskumena duen Administrazioak luzatutako ziurtagiria eta BEZaren urteko aitorpenen kopiak, proiektuaren exekuzioaldiari dagozkionak, indarrean dauen aitorpen ereduen araberakoak.

ii.–Hainbanaketa berezia bada: zergaz salbuesteko eskumena duen Administrazioak luzatutako ziurtagiria eta proiektuari lotutako fakturen zerrenda, baita BEZaren liburuaren kopia ere, non fakturak jasoko diren.

7. Egindako jardueraren finantzaketari buruzko aitorpena lortu beharko da, honako hauek zehaztuta: proiektuetan egin beharreko jarduerak finantzatzeko, edonolako administrazio edo entitate publiko edo pribatuetatik (Espainiakoak, Europar Batasunekoak edo nazioartekoak) jasotako diru-laguntzak, laguntzak, sarrerak edo baliabideak.

8. Egiaztatu beharko da aitortutako zenbatekoak entitatearen kontabilitate-erregistroetan (aparteko kontabilitate batean) jasotakoak bezalakoak direla, proiektu bakoitzarentzat behar den kodea adierazita.

9. 4.2.c oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da.

10. Auditoriaren azkeneko emaitzan honako hauek agertu beharko dira:

a) Onuradunak egotzitako zenbatekoa (aurrekontu finantzagarria bezalakoa, handiagoa edo txikiagoa izaten ahal da).

b) Onuradunak egozten duenetik balidatzen den zenbatekoa.

c) Onuradunak egotzitako zenbatekoaren eta behar bezala justifikatutakoaren arteko aldea.

d) Desbideraketaren bat baldin badago proiektuarentzat hasiera batean onartutako zenbatekoarekin edo, aldaketaren bat eskatuz gero, onartzen den gastu berriarekin alderatuta, desbideraketa horien arrazoiak azaldu beharko dira.

e) Iruzkinen/Oharren eremuan, onartu ez diren gastu guztien zergatiak azalduko dira.

f) Proiektu bakoitzari egotzitako gastu eta ordainketa guztiek 5. oinarrian ezarritakoa betetzen dutela egiaztatu beharko da, onartzen ahal diren gastuen aldiari dagokionez.

g) 60.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten proiektuetan, inbertsioen egiaztapen materiala eginen da, 12.3 oinarrian ezarritakoarekin bat.

h) Kontabilitate bat badagoela egiaztatzea, zeinak aukera ematen baitu jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak bereizteko, baita haietako bakoitzaren kostuak eta finantzaketa ere, 13.1.d oinarriak esaten duen bezala.

i) Gastuak diruz laguntzen diren jarduera ez ekonomikoei eta proiektuari atxikiriko kostu zeharkakoei dagozkielako egiaztapena.

11. Laguntza emateko ebazpenean, edo aldaketaren baten ondorioz, onartutako guztia islatu egin beharko da auditoretza-txostenean. Hau da, aurrekontu finantzagarriaren partida bakoitza xehatzen duen taula bat bildu beharko da, eta, partida bakoitzaren barruan, onartu den kontzeptu bakoitza, baita hori guztia jasotzen duen azken taula bat ere.

Finantzatzeko modukotzat hartzen den gastu-kontzeptu bakoitzerako, honako hauek ezarri beharko dira:

a) Aurrekontu finantzagarria da diruz lagungarritzat hartzen ahal den gastua. Horren gainean kalkulatzen da proiektu bati ematen zaion laguntzaren ehunekoa; deialdi honen kasuan %100.

b) Proiektuari egotzitako gastuak (onuradunak proiektua gauzatzeko gastatu duen zenbatekoa, berak adierazitakoaren arabera).

c) Gastu justifikatuak: aurrekontu finantzagarrian agertzen direnak bezalakoak izan daitezke, handiagoak edo txikiagoak (baliteke proiektuari egotzitako gastu batzuk bat ez etortzea proiektu finantzagarrian agertzen diren kontzeptuekin, edo desbideraketak izatea onartu den aurrekontuarekin alderatuta).

d) Ontzat hartzen diren zenbateko justifikatuak: laguntzaren %100 ontzat emateko, gutxienez, aurrekontu finantzagarrian agertzen den zenbatekoa adinakoak izanen dira (horrelako gastuetan, dena zuzen dagoela ondorioztatu da: kontzeptu finantzagarriak, fakturak, ordainketa-agiriak, langile gastuak, etab.).

e) Kontzepturen batean ontzat hartu ez den kopururen bat badago, iruzkinetan jasoko da, horretarako arrazoia azalduta.

Iragarkiaren kodea: F1814091