224. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CÁRCAR

Ordenantza, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Carcarko Udalak, 2018ko irailaren 6an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Carcarko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2018ko 180. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 17an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Carcarren, 2018ko urriaren 31n.–Alkatea, M.ª Teresa Insausti Sola.

ORDENANTZA, CARCARKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Carcarko udal-mugarteko laborantzako herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua egiteko.

2. Herri-lurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. Hauek dira herri-lurretako ondasunen gaineko arauak: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herri-lurren ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. Carcarko Udalari dagokio herri-lurretako ondasunak erabili, administratu, antolatu eta horien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Carcarko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. Herri-lurren desafektazioa.

6.1. Herri-lurretako ondasunak desafektatzen ahalko dira artikulu honetan aipatzen diren kasuetan.

6.2. Herri-lurretako ondasunen desafektazioa egiteko, horien erabilpena lagatzea edo karga izanik arrazoi, honako prozedura hau bete beharko da:

a) Hasierako erabakia, Carcarko Udalak gehiengo osoz hartua.

b) Iragarkia argitaratzea eta jendaurrean hilabetez egotea.

c) Erreklamazioak ebaztea, osoko bilkuran gehiengo osoz hartutako erabakiaren bidez.

d) Nafarroako Gobernuaren onespena.

6.3. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Carcarko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela beste bide batzuen bitartez lortzen ahal, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiek lehentasunezko aukerak baitira.

Hona hemen horretarako prozedura:

a) Hasierako erabakia, Carcarko Udaleko kideen bi hereneko gehiengoaren bidez hartua.

b) Iragarkia argitaratzea eta jendaurrean hilabetez egotea.

c) Erreklamazioak ebaztea, udal honetako kideen bi hereneko gehiengoaren bidez erabakita.

d) Onura publiko edo sozialaren deklarazioa eta onespena Nafarroako Gobernuak emanik.

6.4. Herri-lurretako ondasunen nahitaezko desjabetze kasuetan indarrean den legediari jarraituko zaio.

6.5. Desafektazioak foru lege bat beharko du onespena jasotzeko, jabetza kostu bidez edo irabazi asmoz aldatzeko eta lurzati txikia gainditzen duten lurrak trukatzeko egiten denean, bai eta aurreko zenbakietan aipatu ez diren gainerako kasuetarako ere.

6.6. Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatzen bada, lur horiek Carcarko Udalaren ondarera itzuliko dira herri-lurretako ondasun gisa.

III. TITULUA

Herri-ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. Herri-lurrak zaindu eta berreskuratzea.

7.1. Carcarko Udala herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzeaz arduratuko da, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiori edo horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

7.2. Carcarko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-lurretako ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri-lurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

7.3. Carcarko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

7.4. Carcarko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

7.5. Carcarko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

7.6. Carcarko Udalak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, kontratuak interpretatuko ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

7.7. Carcarko Udalak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da; betiere, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Carcarko Udalak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

8. Carcarko Udala bere herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin eta naturaren kontserbazioarekin bateragarri eginen du.

9. Onuradunak:

9.1. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Carcarko Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez lau urteko antzinatasunez.

c) Carcarren urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

d) Carcarko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

e) Herri-lurra larrea bada, abeltzaintzako ustiategiaren titularra izatea, aprobetxamenduaz baliatzen den azienda bere izenean duela.

9.2. Familia-unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldatatik beheitikoak baldin badira.

9.3. Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Carcarko Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordeak txostena egin ondotik.

9.4. Carcarko Udalak kalitateen arabera sailkatuko ditu adjudikatzeko dauden lurzatien loteak: lehen mailako lurra, bigarren mailakoa eta hirugarren mailakoa. Zuzenean eta lehentasunez adjudikatzeko orduan, adjudikazio-hartzaile bakoitzari dagokion lehenbiziko lotea lehen mailako lurrekoa izanen da. Bigarren lote bat eskatzen dutenei bigarren mailako bat emanen zaie. Hirugarren lote bat eskatzen dutenei hirugarren mailako bat emanen zaie.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

10.1. Carcarko laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Carcarko Udalak zuzenean ustiatzea.

Carcarko Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondoren, emandako ordenaren arabera.

Herri-lurren adjudikazio-hartzaileek, adjudikatu aurretik onartzen dituzte laborantza eta haien aprobetxamendu egokia egitea, ondoko baldintzei jarraituz, osorik bete beharko baitituzte:

a) Adjudikatutako lurzatiaren jatorrizko mugak bere horretan izatea.

b) Lurra hondatu edo kaltetzen ez duten laborantzako teknika eta lanak egitea. Gainera, ez dituzte aldatuko lurzatietan edo haien ondoan diren erreken bide, ubide eta erretenak.

c) Edozein azpiegitura jarri aurretik, nahiz aldi baterakoa izan, eskaera egin beharko dio Udalari, hark espres baimendu dezan.

Baldintza horietako edozein betetzen ez bada, Carcarko Udalak berehala deuseztatuko du adjudikazioa.

10.2. Lehorreko lurzatietan urtero eta urtean behin bakarrik erein daiteke, eta ezin da haietan landu apirilaren lehena baino lehen. Aziendarik ez bada, Udalak baimendu dezake urtarriletik aurrera lantzea.

1. ATALA

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak

11. Modalitate honen onuradunak.

11.1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitatearen titular diren herritarrek 9. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.

11.2. Familia-unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

11.3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

12. Eredu-lotearen azalera.

12.1. Honako azalera hau ezarri da eredu-lotearendako, aprobetxamendu modu honetan:

a) Lehorreko lurra: 60 erregu.

b) Ureztalurra: 4 erregu.

11. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

a) Hiru kide bitarteko familia-unitateak, lote bat.

b) Lautik sei kide bitarteko familia-unitateak, bi lote.

c) Zazpitik bederatzi kide bitarteko familia-unitateak, 3 lote.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia-unitateak, 5 lote.

12.2. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateak anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Carcarko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, ordenantza honen 11. eta 12. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratu ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.

Halakoetan, Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

13. Aprobetxamendua erabiltzeko epea hamar urtekoa izanen da.

Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborearen bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

Epe hori nekazaritza urteen araberakoa izanen da, 10/1etik 09/30era.

14. Aprobetxamendu modu honetan, onuradunek ordaindu beharreko kanona Udalaren osoko bilkurak ezarriko du eta ezaugarri bereko lurretan eskualdeko errentamendu-prezioaren %50 izanen da.

Kanona urtero eguneratuko da, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

15. Zuzeneko laborantza pertsonala.

15.1. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez ustiatu.

15.2. Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 9. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

15.3. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunak edo bere familia-unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 9. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantzaren izaera ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonalki egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoi batengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Carcarko Udalari, behar den baimena eman dezan.

15.4. Carcarko Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen direla ziurtatzeko.

15.5. Honako kasu hauetan ulertuko da ez dituela lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen:

a) Nekazaritzako makineria edukita, adjudikatutako herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Nekazaritza Batzordearen edo Herri-lurren Batzordearen ustean, adjudikatutako lurzatiak, ordenantza honen 15. artikuluan xedatzen den bezala, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Honako alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu, eta agindu epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez dituztenean.

e) Adjudikatutako lurzatiaren %80, gutxienez, lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak badituzte.

16. Ezintasun fisikoa edo apartzeria.

16.1. Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, hurrengo puntuan xedatua aplikatuko da.

16.2. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Udalak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Udalak lurzatien titularrei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondoren.

16.3. Carcarko Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

16.4. Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.

16.5. Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

2. ATALA

Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa

17. Lurzatiak Lehen Atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, soberan geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 9. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateko titularrak diren herritarren artean.

18. Adjudikazio-hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, ordenantza honen 15. artikuluan xedatua bete beharko da.

19. Loteen azalera.

19.1. Udalak erabakiko du zein den herritarren arteko adjudikazio zuzeneko loteen azalera, lehentasuna dutenen arteko adjudikazioa egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskabide dauden kontuan hartuta, familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan; adjudikazio-hartzaileak nekazariak badira, haien ustiategiaren tamainaren alderantzizko proportzioan.

19.2. Honako azalera hau ezarri da eredu-lotearentzako, aprobetxamendu modalitate honetan:

a) Lehorreko lurra: 60 erregu.

b) Ureztalurra: 4 erregu.

Oinarrizko loteari hurrengo koefizienteak aplikatuz lortuko dira loteak:

a) Koefizientea 2 izanen da, familia errenta, zati familiako kideen kopurua, lanbide arteko gutxieneko soldataren 0,75 edo txikiagoa duten familia-unitateentzat.

b) Koefizientea 1,5 izanen da, familia errenta, zati familiako kideen kopurua, lanbide arteko gutxieneko soldataren 0,75 baino handiagoa eta 1 baino txikiagoa duten familia-unitateentzat.

c) Koefizientea 1 izanen da, familia errenta, zati familiako kideen kopurua, lanbide arteko gutxieneko soldataren 1 baino handiagoa duten familia-unitateentzat.

Familia errenta horrela zehazten da:

“Zerga-oinarriaren atal orokorra + Aurrezkiaren atal berezia + Aurrezkiaren atal bereziaren murriztapena - kuota likidoa + errenta salbuetsiak”.

familia-unitateen kideen azken ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren kopia aurkeztu ez duten familia-unitateei 1 koefizientea aplikatuko zaie.

20. Adjudikazio epea.

20.1. Aprobetxamendua erabiltzeko epea hamar urtekoa izanen da.

21. Herri-lurretako aprobetxamenduetako altak eta bajak azaroan eginen dira urtero.

Eskuragarri dauden lurzatiak adjudikatzeko, zozketa eginen da eskatzaileen artean, hurrenkera kronologikoan, eskatzaileek aprobetxamendua izateko eskubidea badute, eta ondorioa hurrengo urtean izanen du; betiere errespetatu eginen da une horretan dagoen laborea, laborea urte batekoa izanez gero.

22. Herri-lurretako aprobetxamenduari uko egiten dion onuradunak ez du bertze adjudikazio bat izateko eskubiderik izanen hurrengo zozketa orokorra izan arte. Uko egiteak hura eman ondoko urteko urtarrilaren 1ean izanen du eragina.

23. Aprobetxamendu modu honetan, onuradunek ordaindu beharreko kanona Udalak ezarriko du eta ezaugarri bereko lurretan eskualdeko errentamenduaren prezioaren %90 izanen da.

Kanona urtero eguneratuko da, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

24. Udalak beretako gordeko du laborantzako herri-lurren azaleraren %5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei adjudikatzeko.

25. Lurren eskuragarritasuna.

25.1. Adjudikazio guztietako eredu loteen azalera aldatu ahalko da, kontuan izanik zer lur diren eskura, lurzatien neurrira egokitzeko, dela lurzati berrantolamendu berrietan daudelako, dela zatitu ezin daitezkeen lurzati osoak direlako.

25.2. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, herritarren arteko lehentasunezko adjudikazioa egin ondoren, diru-sarrera handiagoak dituzten familia-unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

25.3. Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 11.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

26. Carcarko Udalak uzten ahal dizkie hala nahi duten familia-unitateen titularrei gutxi gorabehera 898 m²-ko baratzeak, baldintza hauekin:

a) Laborantza zuzenekoa eta pertsonala izanen da, ordenantza honetan ezartzen diren baldintzetan.

b) Adjudikazioa gehienez ere 10 urterako izanen da.

Kanona Udalaren osoko bilkurak ezarriko du eta ezaugarri bereko lurretan eskualdeko errentamendu-prezioaren %90 izanen da.

Kanona urtero eguneratuko da, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

Carcarko Udalak eskaera horietarako lur azalera aski gordeko du, baina lur hori ez da izanen laborantzako herri-lurren azalera osoaren %10 baino handiagoa.

3. ATALA

Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publiko arrunta

27. Enkante publikoa.

27.1. Carcarko Udalak, Lehen eta Bigarren Ataletan aipaturiko prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra soberan baldin badago, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

27.2. Udalak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; eremuan antzeko ezaugarriak dituzten lurren errentamendu-prezioaren parekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

28. Enkantea egin ondoren laborantzako lurrik soberan bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

29. Carcarko Udalaren osoko bilkurak aldez aurretik erabakia hartu eta Udalaren iragarki-taulan ediktua paratuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten.

30. Eskabideak.

30.1. Eskaerei honako hauen zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Herriko bizilaguna izatea, gutxienez ere azkeneko bi urteetan, eta urtean egiazki eta jarraian bederatzi hilabete egitea, gutxienez.

b) Familia-unitatea osatzen duten kideena. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

30.2. Ondoko agiriak gehituko zaizkio:

a) Carcarko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

b) Familia-unitateko kideen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken ekitaldiko aitorpenaren kopia.

PFEZaren aitorpena ez bada aurkezten ezin da izan herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduaren onuradun.

PFEZaren aitorpena ez bada aurkezten, gainerako baldintzak betetzen badira, ezin da izan herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren onuradun besterik, gutxieneko lotearekin (1 koefizientea).

30.3. Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Carcarko Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 11.3 artikuluan zehazten den bezala.

31. Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

31.1. Nekazaritzako Batzordeak proposaturik, Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo herritarren artekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

31.2. Modalitate bakoitzeko onartuen behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki-taulan jarriko da hamar egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

32. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Udalak horien gaineko ebazpena emanen du, eta adjudikatzemodu bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea duten herritarren behin betiko zerrenda onetsiko du.

33. Adjudikazioa.

33.1. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, ordenantza honen 12. artikuluan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak adjudikatuko dira.

33.2. Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, laborantzako loteak adjudikatuko zaizkie herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia-unitateko titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 19. artikuluaren araberakoak izanen dira.

33.3. Lurzatiak adjudikatuta, onuradunen zerrenda eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatiena jendaurrean paratuko dira, hamar egun baliodunean, Udalaren iragarki-taulan. Zerrendak onetsiko dira.

33.4. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, Carcarko Udalak behin betiko onetsiko du laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

34. Carcarko Udaleko herri-larreen aprobetxamendua baterako ustiapen unitatea da beste finka partikular batzuekin, antzinako ohiturari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz, eta bazkaleku hauetan banatzen da:

I.–Sotos y Vagos de Villa bazkalekua. Hurrengo dermio hauek biltzen ditu: Alto, Bocales, Torcas, Lopalacio, Lema, Tierra Nueva, Valcazate, Saso, Yasa, Picón, Montecillo, Calera eta Abarca.

Altoko iturriarekin mugakide den larre utzitako lursaila.

Ureztalurreko lurzatiak, baldin zutik edo ereindako laborea ez badute.

Paulino Izalen finkaren, bide-zidorraren eta Molinar ibaiaren mugakidea den lursaila, Bocales alderdian.

Sasoko eskorta (desegina) eta inguruak hartzen dituen larre utzitako lursaila.

Leringo bide zaharra: Yasako zubia-bidearen irteera Piconen, dermio horren erreka barne.

Faustino Pérezen eta Concepción Ordóñezen finkarekin mugakide den lursaila, Picón eta Aguatocho alderdietan.

Julián Díaz de Radaren bazkatokikoak ez diren Raposera, Calera, Yasa errekak.

Cuatrillos alderdia, herriko bazkatokia baitzen lehen eta orain ureztalurra.

Belar horietarako pasaguneak hirugarrenei kalterik egin gabe izanen dira.

Bideak ez dira sartzen eta denontzako pasagune gisa utziko dira.

Motarron. Lematik baino ezin da iragan.

II.–Navas.–Biltzen zuen: Julián Díaz de Rada Oinordekoek eta Manuel Ordoñez Oinordekoek lagatako lursaila. Herriko ura erabil daiteke “Navasen” izan ezik. Bertako ura Julián Díaz de Radaren Oinordekoena da.

Barnean ditu: 18. poligonoko 574. finkan den 1208 zenbakiko mugarritik (Díaz de Rada Turumbay Oinordekoen jabetza) eta etxola biribileko muinoko tontorretik jarraituz, 554. finkaren (Joaquín Pérez Mateo eta beste bat) eta 555. finkaren (Luis Manuel Ordóñez Pardo) arteko 1194 zenbakiko mugarriraino. Azken horiek 17. poligonoan daude eta lurzati berrantolamendukoak dira, aldez aurreko fasekoak.

III.–Vallaliebres.–Barnean ditu: Navas Vallaliebresko garai bateko bazkalekutik gelditzen dena (Navas, gaur egun), barne hartzen duela lursail bat, Timotea Ordóñezen finkatik (Picón dermioa) Udalaren bazkalekuraino (Montecillo dermioa). Belar hauen mugak marka-harriekin adieraziak daude.

IV.–Dehesa.–Barnean ditu: Sartagudako bidetik hasi, biribilgunean, 10. poligonoko 268. Lurzatiko (Anastasio Alcoya López) 573 zenbakiko mugarriraino. Hurrena, finken arteko ertzetik 251. (Solano Urmendia)-254. (Jesús Iguzquiza Pérez) lurzatien mugaraino, Morcatoko iraganbidean. Hortik, Sartagudako bide zaharrerantz, Andosillako mugaraino eta, haren ertzetik, Ega ibairaino eta, zubian, errepidetik, lehen esandako biribilguneko bidegurutzeraino.

V.–Hoyanda.–Dehesako belarrekin zatitzen da.

Biribilgunean hasten da, zabortegi zaharraren azpitik doan bidezidorrean (Cruz del Monte). Berrantolamenduko bide berritik jarraitzen du, Morcatoko iraganbideraino.

Orobat, biltzen ditu Morcatoko iraganbidearen eta Cumbreroko bidearen artean Serranos iraganbideraino dauden finkak, gehi “Comunillo” finka, Udalaren herri-lurra dena (200. lurzatia), Sartagudako eta Andosillako mugetaraino.

VI.–Lampara. Hoyandarekin zatitzen da.

Barnean zituen: izen horretako dermioan zen lursaila, Isidro Gastonena izan zena, gehi Hogeiko Batzarrak erantsi zuen lursail zatia, lehen Los Valles herri-lurretako bazkalekukoa zena. Orobat, sartu da “La Casetako” bidetik ibai ondoraino doan parajea, herri-lurrarekin muga egiten baitu.

Barnean ditu: azkena esan dena, ken Hoyandako eta Comunillo finkako belarren alde egiten den lagapena (200. lurzatia) eta Peña Caídako belarrei lagatzen diena.

Gehi Los Valles herri-lurretako bazkalekutik hartzen duena: “El Raso”: Lodosako errepidearen aldetik Serranos iraganbideraino eta, horri jarraituz, Lampara eskortako iraganbideraino, gehi zenbaki hauek dituzten finkak: 168 (A. Sádaba) eta 169 (Berta Izal) eta berrantolamenduko bidetik segituz, Lodosako mugaraino.

VII.–Peña Caída. Lamparakotik hartzen duena. Barnean du: iparraldeko isurialdea, usategiak diren lekua, eta muga hauek ditu iparraldean: El Rasoko eskortatik Udalaren garai bateko lurzatira doan irudizko lerroa. Finkaren iparraldean dago, 6. poligonoko 84. lurzatian. Hegoaldean: bonbak.

VIII.–Los Valles herri-lurra. Barnean zituen: izen bereko tokian ziren larre utzitako lurzatiak, baina ez finka partikularrak.

Ega ibaiaren ubideraino iristen zen, egungo ibilbidean. Kanpoan utzita “Cuatrillos” izeneko parajea (Ega ibaiaren ubideen artean).

Barnean ditu: adierazitakoa, ken Lamparari eginiko lagapena.

35. Carcarko Udalaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eginen da, lehentasun ordena honetan:

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatuz.

36. Ordenantza honen 9. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako tilularrak izanen dira herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapen liburuan ere jaso beharko dira. Titularrak, gainera, Udalaren baimena beharko du dagokion jardueran aritzeko.

37. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Hori dela eta, Carcarko Udalak uste izanen du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen onuradunek haien azienda kentzen dutenean aipaturiko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko liburutik edo Udalaren Erregistrotik.

38. Adjudikazioa hamar (10) urterako izanen da.

39. Carcarko Udalak honela kalkulatu du herri-lurretako bazkaleku bakoitzak jasan dezakeen abelburu kopurua:

a) Sotos y Vagos de Villa bazkalekua: ardi-aziendako 253 buru.

b) Dehesa bazkalekua: ardi-aziendako 560 buru.

c) Hoyanda bazkalekua: ardi-aziendako 475 buru.

d) Lampara bazkalekua: ardi-aziendako 800 buru.

e) Los Valles herri-lur bazkalekua: ardi-aziendako 500 buru.

f) Navas bazkalekua: ardi-aziendako 700 buru.

g) Vallaliebres bazkalekua: ardi-aziendako 400 buru.

h) Peña Caída bazkalekua: ardi-aziendako 150 buru.

40. Zenbat azienda hartzen ahal duten, larreen kalitatea eta eskortak eta askak diren ala ez kontuan harturik, Carcarko Udalak dagokion kanona finkatuko du bazkaleku bakoitzerako.

Era berean, Udalak osoko bilkuran erabakiko du kanona erabiltzeagatik Udalaren bazkalekuetan diren azienda aterpetzeko eskortak. Kanon hori behin bakarren ordainduko da, belarrak ordaintzeko hirugarren epean. Kanon berezitua da, larreen balioan eraginik ez duena, eta berrikus daiteke Nafarroako KPI indizeen arabera.

41. Kanona urtero eguneratuko da, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.

42. Urte bakoitzari dagokion kanonaren zenbatekoa hiruhileko lau epetan ordainduko da (martxoa, ekaina, iraila eta abendua).

Eskorten erabilera 3. hiruhilekoan ordainduko da.

43. Udalak belarren bostetik bat gorde dezake, belarren eskubideak dituzten abeltzainek eskatzen badituzte, haiei emateko.

44. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eta denen aprobetxamendurako larreetara sartzeari buruzko 30. artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzen direla, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

45. Herriko ohiturarekin bat eta nekazari nahiz abeltzainendako kalteak eragozteko, Carcarko Udalak ondoko baldintzak ezarri ditu:

a) Adjudikazio honen arrisku eta mentura adjudikazio-hartzailearen gain egonen da. Horrek ezin izanen du alegatu larreak urritu direla edo beste edozein arrazoi, baldintza hauek ez betetzeko.

b) Orobat, behartua dago urei buruzko legeak errespetatzera, baita bertako ohitura ere. Bazkaleku bakoitzeko baltsak eta askak erabil ditzake, baita altxonbide, bide eta pasaguneak ere, Motarrongoak izan ezik.

Lehorte urteetan eta besteetan, baltsetan urik ez denean, abeltzainak bete beharko ditu.

c) Ezin izanen du azienda larratu mahastietan edo urte anitzetako laboreak lantzen dituzten lurretan, finken jabeen baimen idatzirik gabe.

d) Uztondoak eta lurzatiak: bazkaleku barneko herri-lurretako lurzatietan sar dezake azienda, baldin zutik edo ereindako laborerik ez badago. Lastoa fruitutzat hartzen da. Beraz, haren aprobetxamendua aziendaren aldetik errespetatu egin beharko da hogei eguneko epean.

e) Uzta bildu eta zortzi egun iraganik goldatu daitezke finketako uztondoak, abeltzain adjudikazio-hartzaileari jakinarazi beharrik izan gabe.

f) Udalak beretzat gordetzen du zuhaitz eta zuhaixken landaketak ikuskatzeko ahalmena, egurretarakoak izan zein ez, bere kontura edo herriko beste erakunde baten edo autonomia erkidegoko erakunde baten bidez, edozein dela ere espeziea edo kopurua. Orobat, beretzat gordetzen du bere zerbitzurako, herriarentzako, tegiak eraikitzeko eskubidea, baita nekazaritzan edo industrian erabiltzeko partikularrei lursailak saltzeko eskubidea ere.

g) Larratzeko eskubidea izanen dute, baita ere, Carcarko bizilagunen jabetzakoak diren lanerako aziendak eta fruituak garraiatzen dituztenak, jabeen nekazaritza lanek dirauten bitartean eta horietan atseden hartzen dutenean.

h) Ezin izanen da larratu tarte honetako eremuan: Ega ibaiaren zubia, Lodosako errepidea, hilerriko bidea, Lotunea eta Udal hilerritik Ega ibairaino jaisten den irudizko lerroa, “La Cisterna” izeneko alderditik. Ezta futbol zelaia den lursailean, ez ermitako zelaian ere.

Aurreko baldintzan ezarritakoa gorabehera, Udalak, arrazoizko eskabide bat jasorik, baimena eman dezake azienda larratzeko aipatutako leku batzuetan edo denetan, eta ontzat ematen duen arte. Une hori iritsirik, eta abeltzainari berariaz jakinarazirik, horrek, egun horretatik beretik, adierazitako tokietako larreen eta belarren aprobetxamendua utzi beharko du. Bestela zehapena jarriko zaio, zehapenen apartatuan ezarri bezala.

i) Nekazariei adjudikatutako lurzatietan urtero eta urtean behin bakarrik erein daiteke, eta ezin da haietan landu apirilaren lehena baino lehen (laborea kontuan hartuz). Bazkalekuan aziendarik ez bada, aurreratu daiteke.

j) Udalari dagokio eskortak zaintzea, baldin egoki erabiltzen badira. Erabilera txarraren edo abusuaren ondorioz hondatzen badira, abeltzainaren gain geldituko dira.

k) Gorotza abeltzainaren jabetzakoa da; kontratua bukatzean, eskorta garbi ez badago, gorotza Udalaren eskura pasako da.

l) Adjudikazio-hartzaileak ordaindu beharko ditu iragarkien gastuak, herri-lurren aprobetxamenduaren gaineko zerga probintzialak eta aprobetxamendu horiek zergapetzen dituzten edo jatorria haietan daukaten antzeko bertzelakoak.

46. Prozedura: Udalak aldez aurretik erabakia hartu eta Udalaren iragarki-taulan ediktua agertuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

47. Eskabideei zinpeko aitorpen bat erantsiko zaie, ordenantza honen 30. artikuluan xedatzen denaren arabera, alta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, eta ustiapen liburua.

48. Udalak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, gorabehera hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia-unitateei.

b) Bazkalekuak, hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera adjudikatuko dira, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.

c) Bazkaleku bat bera abeltzain bati baino gehiagori adjudikatzen ahal zaio, baldin eta guztiek dituzten abelburuen kopurua bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku esleitzen ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

49. Behin-behineko adjudikazioa eginik, hamar eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

50. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan adjudikatuko dira urtebeterako (urtero luza daiteke epea), egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

51. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Carcarko Udalak etxerako egur loteak banatuko dizkie ordenantza honen 9. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

52. Carcarko Udalak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko egur epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

53. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

54. Egurra banatzerakoan Carcarko Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, eta diru aldetik apalenak diren familia-unitateei emanen die lehentasuna.

55. Aurreko artikuluak aipatzen duen Onuradunen maila ekonomikoak zehazteko, Carcarko Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 11.3. artikuluan islatzen den bezala.

56. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Udalak aurrekontu arruntean.

57. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Nekazaritza edo Herri-lurren Batzordeek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

V. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

58. Herri-lurrak dituzten ehiza barrutietan ehiza aprobetxatzeko, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta hura garatzen duen Erregelamenduan (ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretua) ezarritakoari jarraituko zaio.

59. Carcarko Udalak prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza.

Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du, hala egokitzen denean.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

60. Adjudikazioen bajen arrazoiak.

60.1. Carcarko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hau baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

60.2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

60.3. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea, eta, Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

60.4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten ahal zaizkien kalte eta galerengatik jasotako kalteordainak ere, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

60.5. Carcarko Udalak onesten duen araubide berezia egokitu beharko da, arautu gogo den proiektuaren ezaugarrien eta xedearen arabera, eta iraunen du proiektuak lortu nahi dituen helburuak betetzeko behar den denbora guztian. Indarraldia iragandakoan, proiektuak ukituriko herri-lurrak sartuko dira berriz ere ordenantza honetan ezarritako aprobetxamenduaren prozedura orokorrean.

60.6. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

V. TITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

61. Arau-hausteak izanen dira ondoko hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Herri-lurra zertarako adjudikatzen den, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak, etab.), Udalaren baimenik izan gabe.

g) Adjudikazioetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

h) Herri-larreetan Bazkatzen duen Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

62. Arau-hauste horiek zehapen hauek izanen dituzte:

a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

g) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazio-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da. Aprobetxatutakoaren balioa edo eragindako kaltearena ezin bada zehaztu, zehapena izanen da 60 eurotik 3.000 eurora bitartekoa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu da Carcarko Herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza, eta ordenantza honetan ezarritakoaren aurka doazen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra, uztailaren 2ko 6/1990 Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: L1813330