206. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

247/2018 FORU AGINDUA, urriaren 4koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, nekazaritzako nitratoez ura kutsatua izan dezaketen eremuak berrikusi eta 2018-2021 aldirako jarduketa programa onesten duena.

Ura nekazaritzan erabiltzen diren nitratoen kutsaduratik babesteko, Kontseiluaren 1991ko abenduaren 12ko 91/676/EEE Zuzentaraua onetsi zen.

Zuzentarau hori Espainiako antolamendu juridikoan txertatu zen ura nekazaritzako nitratoek eragindako kutsaduratik babesteko otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren bidez.

Errege dekretu horrek 4. artikuluan ezartzen duenez, autonomia erkidegoetako organo eskudunek epe egoki batean eta, gutxienez ere lau urtean behin, aztertu eta, kasua bada, aldatu edo handitu egin beharko dituzte kutsa daitezkeen eremuak, izendatu ziren unean aurreikusi ez ziren aldaketa edo faktoreak kontuan hartzeko. Nafarroako Foru Komunitatean, urriaren 21eko 220/2002 Foru Dekretuaren bidez, nekazaritzako nitratoez kutsa daitezkeen uren eremuak zehaztu ziren eta jarduera programa onetsi zen.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren bidez, ekainaren 5eko 188/2006 Foru Agindua eman zuen, eta kutsa daitezkeen eremu horiek mantentzea onetsi; izan ere, 2006an iraungi zen 4 urteko lehen epealdia.

Gero, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak martxoaren 20an emandako 128/2009 Foru Aginduaren bidez, nekazaritzako nitratoez kutsa daitezkeen eremuak berrikusi ziren, beste eremu bat gehitu zen (Zidacos arroko ureztalurrak), Cortesko eta Fontellasko udalerrietan lehendik zeuden ureztalurretakoak handitu ziren eta Vianako azalera kendu egin zen kutsatzen ahal den eremutik. Aldaketa horiek egiteko aintzat hartu zen udalerri horietako lurpeko uretako nitratoen kontzentrazioaren bilakaera. Gainera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 30eko 518/2009 Foru Aginduaren bidez, nekazaritzako jardueretako nitratoez kutsa daitezkeen uren eremuetarako 2018-2021 aldirako jarduketa programa onetsi zen.

2013an, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak abenduaren 19an emandako 501/2013 Foru Aginduaren bidez, nekazaritzako nitratoez ura kutsatua izan dezaketen eremuak berrikusi eta 2014-2017 aldirako jarduketa programa onetsi zen. Robo ibaiaren azaleko ur masaren arro-isurialdearekin zerikusia duen beste eremu kutsagarri bat deklaratzen da, eta 1. eremua kentzen da kutsatzen ahal diren eremuetatik, Mendabiako udalerria ukitzen zuena. Aldaketa horiek egiteko aintzat hartu zen Nafarroako azaleko eta lurpeko uretako nitratoen kontzentrazioaren bilakaera.

Beste alde batetik, 261/1996 Errege Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen du Nekazaritza, Arrantza eta Ingurumen Ministerioak eskumena duela nekazaritzako nitratoen ondorioz kutsaduraren eraginpean dauden edo hala egoteko arriskua duten ur masak definitzeko. 4. artikuluak ezartzen du autonomia erkidegoek lurzoruak kutsa daitezkeen eremutzat joko dituztela baldin eta jariatze-urak edo iragazpenak eragina izan badezake kutsaduraren eraginpean dauden edo hala egoteko arriskua duten uretako nitratoaren bidezko kutsaduran.

Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak 2016an nekazaritzako nitratoez kutsatutako eremuak eragiten dituzten ur masak zehaztu zituen, edo horren arriskua dutenak, eta horren berri eman zion Europako Batzordeari.

Zehaztapen hori oinarri hartuta eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak bidalitako dokumentazio kartografikoa kontuan hartuta, bidezkoa da kutsa daitezkeen eremuak izendatzea 2018-2021 lau urteko epealdirako. Izendapen berri horrek lurpeko zein azalerako ur masekin zerikusia duten eta kutsatzen ahal diren eremuen azalera hedatu du.

Orain, asmoa da jarduketa programa eguneratzea eta foru agindu honetan aipatzen diren eremu deklaratuetan aplikatzea.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Ura nekazaritzako nitratoek eragindako kutsaduratik babesteko otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko azaleko zein lurpeko ur masekin zerikusia duten hiru eremu hauek Nafarroan kutsa daitezkeen eremu izendatzea:

A) 2. eremua: Tutera eta Alagón arteko Ebroko alubioiaren lurpeko ur masarekin (052) zerikusia duen eremu kutsagarriaren azalera handitzen da, Lodosa eta Tutera arteko Ebroko alubioiaren lurpeko ur masak (049) ukitutako eremua ere barnean har dezan. Eremu horrek honako udal-mugarte hauetan nekazaritzako jarduera duten katastro-lurzatien multzoa hartzen du: Ablitas, Arguedas, Bardea, Buñuel, Cabanillas, Cadreita, Caparroso, Cascante, Castejón, Corella, Cortes, Fontellas, Funes, Fustiñana, Martzilla, Milagro, Murchante, Murillo el Cuende, Erriberri, Azkoien, Ribaforada, Santakara, Tutera, Valtierra eta Villafranca, baldin eta Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren arabera ureztalurraren kategoria badute lurpeko 052 eta 049 ur masen gainean mugatutako eremuan. Halaber, eremu kutsagarriaren inguratzailearen barnean ureztalurrean lekunetzat jotzen diren lurzatiak ere hartzen ditu, beren katastroko kalifikazioa edozein dela ere.

B) 3. eremua: Zidakosko alubioiaren lurpeko ur masarekin (090.051) zerikusia duen eremu kutsagarria Zidakos ibaiaren arrora handitzen da, “Zidakos ibaia, haren sorburutik Zenborain ibairaino” azaleko ur masa (292) eta “Zidakos ibaia, Zenboraindik bokaleraino” azaleko ur masa (094) ukitutzat jo baitira. Eremu horrek honako udal-mugarte hauetan nekazaritzako jarduera duten katastro-lurzatien multzoa hartzen du: Añorbe, Artaxoa, Barasoain, Beire, Biurrun-Olkotz, Caparroso, 106. fazeria, 107. fazeria, Garinoain, Leotz, Lerga, Murillo el Cuende, Noain, Erriberri, Oloritz, Orisoain, Pitillas, Puiu, San Martin Unx, Santakara, Tafalla, Tirapu, Uxue eta Untzue. Haien maldak Zidakos ibaira doazen erreka-zulo eta ibilguetara eramaten du azaleko ura.

C) 4. eremua: “Robo ibaia, errekaren sorburutik Arga ibaian duen bokaleraino” azaleko ur masaren (95) arro-isurialdea. Eremu horrek honako udal-mugarte hauetan nekazaritzako jarduera duten katastro-lurzatien multzoa hartzen du: Adios, Añorbe, Biurrun-Olkotz, Zizur, Eneritz, Galar, Legarda, Muruzabal, Obanos, Gares, Tirapu, Ukar eta Uterga. Haien maldak Robo ibaira doazen erreka-zulo eta ibilguetara eramaten du azaleko ura.

Nekazaritzako nitratoen eraginpeko eremu kutsagarritzat jotako lurralde azalerak Nafarroako Datu Espazialen Azpiegituran (IDENA: http://idena.navarra.es) argitaratutako informazio geografikoan ageri dira. http://idena.navarra.es).

2. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatean ingurumen arloan eskumena duen departamentuak lanean jarraituko du barruti hidrografikoekin koordinatuta, ur kalitatearen laginketa eta jarraipen programa garatzen eta gauzatzen. Horren barrenean sartuko dira ur laginak hartzea eta konposatu nitrogenodunak determinatzea, nitratoen kopuruaren joera aztertzeko, nitrato bidezko kutsaduraren jatorria atzemateko eta jarduketa programako neurriak eraginkorrak izan daitezen.

3. artikulua. 2018-2021 aldirako jarduketa programa onesten da, foru agindu honen 1. artikuluan kutsagarritzat jotako hiru eremuetako uraren kutsadura murrizteko eta aurreneurriak hartzeko.

4. artikulua. Kutsa daitezkeen eremuetan kokatutako nekazaritzako ustiategiek ustiategiko liburua izanen dute, eta bertan erregistratuko dituzte ongarritze planak eta praktikak, laboreen araberakoak. Liburu hori Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da (www.nafarroa.eus): http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/2329/Asesoramiento-para-prevenir-la-contaminacion-de-las-aguas-por-nitratos; baita Nekazaritzako Bulegoetan ere.

5. artikulua. 1. atalean izendatutako eremuetan lurzatiak edo instalazioak dituzten nekazaritzako ustiategien titularrak (pertsona fisikoak edo juridikoak) bidezko kontrol edo ikuskapenen mende jarriko dira, jarduketetan lagunduko dute eta eskatzen zaien dokumentazioa agertuko dute.

6. artikulua. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

7. artikulua. Foru agindu hau Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren Uraren Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea, otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. apartatuan aurreikusita dagoena betetzeko; baita Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, Nekazaritza Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. artikulua. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Xedapen gehigarri bakarra.–Foru agindu honetan agertzen ez den orotan, ura nekazaritzako nitratoek eragindako kutsaduratik babesteko otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da.

Azken xedapen bakarra.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko urriaren 4an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako nitratoez kutsa daitezkeen eremuetan jarduteko programa. 2018-2021 epealdia

1.–Oinarrizko printzipioak.

1.1. Nekazaritza Jardunbide Egokietarako Kodea.

Nahitaezkoak izanen dira Nafarroako Nekazaritza Jardunbide Egokietarako Kodean jasotako neurriak, otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatuari eta 1999ko azaroaren 22ko Foru Aginduari jarraikiz. Azken horren bidez argitaratu zen Nafarroako Nekazaritza Jardunbide Egokietarako Kodea.

1.2. Ongarri nitrogenodunak, otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren arabera definituak, laboreek bizi-zikloan dituzten beharren arabera zabalduko dira.

1.3. Ongarri nitrogenatuak laboreek nitrogeno gehien ateratzen duten uneetara ahalik eta gehien hurbilduz zabalduko dira.

2.–Neurri orokorrak.

2.1. Lurzoruari aplika dakizkiokeen simaurraren edo bestelako ongarri organikoen gehieneko kantitatea.

Lau urterako prestatzen den laugarren ekintza programa denez, lurzoruari aplika dakizkiokeen simaurraren edo bestelako ongarri organikoen (mindak, lohiak, konposta eta abar) gehieneko kantitatea izanen da urtean 170 kilogramo nitrogeno dituena, hektarea bakoitzeko.

Kalkulua egiteko, aintzat hartuko dira nitrogeno iraitziaren kantitate hauek, kilogramotan adieraziak tona bakoitzeko:

ESPEZIEA

SIMAURRA

MINDA

Hegaztiak

15,0

10,00

Untxiak

8,5

-

Zerriak

7,2

5,00

Ardiak eta ahuntzak

6,5

7,27

Behiak

5,0

5,00

Zaldiak

4,2

6,00

Kantitate horien ordez, abeltzaintzako ustiategiak sortzen duen mindaren edo simaurraren analisi eguneratuaren emaitzak erabiltzen ahalko dira. Nolanahi ere, simaurtzat edo ongarri organikotzat joko dira abereen azpitarako erabiltzen diren materialak, elikagaien hondakinak eta bestelako hondakinak.

Biogasaren edo antzekoen plantetako digerituak erabiliz gero, analisia egin beharko da aldian behin, eta hartan adierazitako nitrogeno kantitatea hartuko da kontuan.

Hiriko hondakin urak edo antzekoak araztetik ateratako lohia aplikatuz gero, urriaren 29ko 1310/1990 Errege Dekretuak behartzen duen analisian adierazitako nitrogeno kantitatea hartuko da kontuan; dekretu horretan araztegiko lohiak nekazaritza sektorean nola erabili arautzen da.

Ongarri organikoak erabiliz gero, ontziaren etiketan adierazitako nitrogeno kantitatea hartuko da kontuan, edo eransten zaien dokumentukoa, soltean bada.

2.2. Lurzoruari nitrogenoa ematen dioten ongarriak zer sasoitan ezin diren aplikatu.

Labore barietate handia hazten da kutsa daitezkeen eremuetan, bai lehorreko lurretan, bai lur ureztatuetan. Gainera, eremu horietako plubiometriak prezipitazio banaketa oso irregularra erakusten du urte osoan. Beraz, inguruabar horiek ikusita, ez da bidezkoa debekualdirik ezartzea kutsa daitezkeen eremu horietan ongarri nitrogenodunak oro har aplikatzeko. Dena dela, eta Nafarroako Nekazaritza Jardunbide Egokietarako Kodearen arabera, murriztapen hauek ezarri dira:

2.2.1. Landu gabe dauden nekazaritzako azaleretan debekatua dago ongarri nitrogenodunak, mineralak eta organikoak erabiltzea.

2.2.2. Ereindako, landutako edo hazkunde-garaian dauden lurzatietan, baita erein aurretik daudenetan ere, debekatua dago ongarri mineralak edo organikoak erabiltzea ondoko taula honetan adierazitako aldietan:

PRODUKZIO
ORIENTAZIOA

ONGARRI ORGANIKOAK, LOHIAK
ETA SIMAURRAK, HEGAZTIENAK IZAN EZIK

HEGAZTIEN MINDA GUZTIAK
ETA SIMAURRA

ONGARRI NITROGENATU MINERALAK

Udazkeneko eta neguko zerealak

Lurra erein aurreko 3 hilabete baino lehenago

Lurra erein aurreko 2 hilabete baino lehenago

Lurra erein aurreko hilabete baino lehenago

Ekainaren 1etik abuztuaren 31 arte

Artoa

Lurra erein aurreko 3 hilabete baino lehenago

Lurra erein aurreko 2 hilabete baino lehenago

Lurra erein aurreko hilabete baino lehenago

Abuztuaren 15etik laborantza bukatu arte

Barazkiak

Lurra erein aurreko 3 hilabete baino lehenago

Lurra erein aurreko 2 hilabete baino lehenago

Lurra erein aurreko hilabete baino lehenago

Fruta-arbolak eta mahastiak

Azaroaren 1etik otsailaren 15a arte

Azaroaren 1etik otsailaren 15a arte

Lurra erein aurreko hilabete baino lehenago

Urriaren 1etik urtarrilaren 31 arte

Lekadunak

(ilarra, baba, zalkea)

Lurra erein aurreko 3 hilabete baino lehenago

Lurra erein aurreko 2 hilabete baino lehenago

Lurra erein aurreko hilabete baino lehenago

Luzerna

Lurra erein aurreko 3 hilabete baino lehenago

Lurra erein aurreko 2 hilabete baino lehenago

Lurra erein aurreko hilabete baino lehenago

Apirilaren 1etik urtarrilaren 15a arte

Ekilorea

Lurra erein aurreko 3 hilabete baino lehenago

Lurra erein aurreko 2 hilabete baino lehenago

Lurra erein aurreko hilabete baino lehenago

Abuztuaren 1etik laborantza bukatu arte

Arroza

Lurra erein aurreko 3 hilabete baino lehenago

Lurra erein aurreko 2 hilabete baino lehenago

Lurra erein aurreko hilabete baino lehenago

Uztailaren 15etik uzta bildu arte

Olibondoak

Azaroaren 1etik otsailaren 15a arte

Azaroaren 1etik otsailaren 15a arte

Lurra erein aurreko hilabete baino lehenago

Azaroaren 1etik otsailaren 15a arte

Koltza

Lurra erein aurreko 3 hilabete baino lehenago

Lurra erein aurreko 2 hilabete baino lehenago

Lurra erein aurreko hilabete baino lehenago

Loraketatik aurrera

Oihanekoak

Azaroaren 1etik otsailaren 15a arte

Azaroaren 1etik otsailaren 15a arte

Lurra erein aurreko hilabete baino lehenago

Urriaren 1etik urtarrilaren 31 arte

Labore babestuak

Ez da bidezkoa

Ez da bidezkoa

Lurra erein aurreko hilabete baino lehenago

2.2.3. Ongarria zabaltzeko berariazko gomendioak.

Kutsa daitezkeen eremuetan gehien ezarrita dauden laboreek eta ongarritze nitrogenodunarekin zorrotzen direnek ahalik eta nitrogeno gehien aprobetxa dezaten, jarraibide hauek gomendatzen dira:

Laborearen ebapotranspirazio eskaerari doituta erabiltzea ureztatzeko ura. Horretarako, Ureztatzaileari Laguntzeko Zerbitzuaren eta Erabakia hartzen Laguntzeko Tresnen gomendioei jarraitzea proposatzen da, baita eremuko euriari buruzko iragarpen meteorologikoak ezagutu, kontuan hartu eta erabiltzea ere.

Ongarri organiko solidoak lehenbailehen sartzea lurpean, euri urak eraman ez ditzan eta lurrundu ez daitezen.

Arin ureztatzea minda xurgatzeko, ez dezan euri urak eraman eta ez dadin lurrundu, aspertsioz ureztatzen denean.

Makineria doitua eta ongi erregulatua erabiltzea ongarri organikoak zein mineralak banatzeko.

Ustiategian erabilitako ongarri organikoen eta lurzoruko nitrogeno mineralaren (NMIn) nitrogeno analisiaren zerbitzuak edo tresnak erabiltzea, ongarri mineralak erabili aurretik.

Erabakia hartzen Laguntzeko Tresnak erabiltzea, lurzatien egoerari gehien doitzen zaizkion nitrogeno dosiak eta haiek noiz zabaldu kalkulatzeko.

2.3. Simaur eta minden biltegien edukiera.

Otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuak xedatzen duenez, kutsa daitezkeen eremuetan kokatutako abeltzaintzako ustiategien titularrek simaurra biltzeko instalazioak izan beharko dituzte, eta simaurra lurzoruan aplikatzea debekaturik dagoen eperik luzeenean sortzen den simaurra biltzeko adinako edukiera izanen dute gutxienez.

Ildo horretatik, kutsa daitezkeen eremu horietan ezin bada ere teknikoki debekualdi orokorrik jarri ukitutako azalera osoarentzat, gutxienez lau hilabeteko simaurra biltzeko edukiera izan beharko da.

Dena den, ez da beharrezkoa kopuru hori abeltzaintzako hondakinen kudeaketa arautzen duen foru araudian ezarritakoa baino handiagoa izatea, baldin eta frogatzen bada instalazioaren benetako edukiera gainditzen duen simaur kantitatea ingurumenean kalterik ez egiteko moduan tratatzen dela edo, lagapen kontratu baten bidez, simaurra eremu kutsagarritik kanpo eramaten dela, ongarri organiko gisa erabiltzeko, tratatzeko edo bere balioa handitzeko, betiere, ingurumenari kalterik eragin gabe.

2.4. Mugak, lurrean ongarri nitrogenatuak aplikatzeko.

Otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuan ezarritakoa eta Nafarroako Nekazaritza Jardunbide Egokietarako Kodea aintzat hartuz, mugak ezarri dira kutsa daitezkeen eremuetan ongarri nitrogenodunak aplikatzeko, nitratoen soberakinak eta horien lixibazioak murrizteko asmoz. Hori horrela, ondoko taula honetan ageri diren kopuruak balioespen hauen arabera prestatu dira:

a) Lurzoruan dagoen nitrogeno kantitatea, laboreak nitrogeno horren behar handia izaten hasten direnean.

b) Lurzoruaren erreserba organikoen mineralizazioak sorturiko nitrogenoa.

c) Ongarri kimikoetatik datorren nitrogenoa.

d) Ureztaketan erabiltzen den azaleko uretik datorren nitrogenoa.

Ongarri nitrogenodunak laborantza zikloan aplikatzeko mugak

LABOREA EDO LABORE MULTZOAK

GEHIENEKO N KANTITATEA

(UF/ha)

APLIKATZEKO MODUAK

(banaketarako murrizketak)

NEGUKO ZEREALAK

Gari biguna eta tritikalea

200

Ereintzan ez gainditu gehienekoaren %30

Gari biguna eta tritikalea, barazkien eta lekadunen ondotik

160

Aurrekoaren berdina

Gari gogorra

210

Aurrekoaren berdina

Garagarra

180

Aurrekoaren berdina

Oloa eta zekalea

150

Aurrekoaren berdina

UDAKO ZEREALAK

Artoa, barazkien edo lekadunen ondotik

250

Ereintzan ez gainditu %30, gehienez ere

Artoa

300

Aurrekoaren berdina

Arroza

160

Estalgarriarekin ez gainditu %50

LABORANTZA ESTENTSIBOAK

Luzerna eta beste lekadun batzuk

50

Hazkunde-garaian

Behin-behineko larreak

200

Ereintzan ez gainditu %30

Ekilorea

100

Mugarik gabe

Koltza

220

Mugarik gabe

BARAZKIAK

Alkatxofa

250

Landaketan ez gainditu gehienekoaren %40

Kruziferoak

220

Aurrekoaren berdina

Ziazerba

220

Aurrekoaren berdina

Tomatea (industria)

150

Aurrekoaren berdina

Piperra

130

Aurrekoaren berdina

Zerba eta borraja

200

Aurrekoaren berdina

Kardua

200

Kabailoiak prestatzean eta hazkunde-garaian

Zainzurien ekoizpena

200

Landaketan ez gainditu %40

Baratxuria

140

Aurrekoaren berdina

Alberjinia

170

Aurrekoaren berdina

Kalabazina

170

Aurrekoaren berdina

Tipula

160

Aurrekoaren berdina

Lekadunak

60

Aurrekoaren berdina

Letxuga

140

Aurrekoaren berdina

Meloia

160

Aurrekoaren berdina

Porrua

250

Aurrekoaren berdina

Tomatea (plaza)

210

Aurrekoaren berdina

Azenarioa

100

Aurrekoaren berdina

Beste barazki batzuk

200

Aurrekoaren berdina

BABESTUTAKO BARAZKIAK

Letxuga

100

Mugarik gabe

Eskarola

100

Mugarik gabe

Zerba eta borraja

100

Mugarik gabe

Tomatea

250

Mugarik gabe

Piperra

250

Mugarik gabe

Leka

150

Mugarik gabe

Beste barazki batzuk

200

Mugarik gabe

ZUREZKO LABOREAK

Hezurdun fruta-arbolak

140

Otsailetik hazkunde-garaia amaitu arte

Hazidun fruta-arbolak

140

Otsailetik hazkunde-garaia amaitu arte

Ureztalurreko olibondoak

80

Otsailetik hazkunde-garaia amaitu arte

Ureztalurreko mahastiak

80

Urtarriletik ekainera (biak barne)

Ureztalurreko almendrondoak

80

Otsailetik hazkunde-garaia amaitu arte

Zurezkoak egurra egiteko

170

Otsailetik hazkunde-garaia amaitu arte

(1) Aurreko laborea luzerna izan denean, lurzoruak duen 80 UF/ha-ko kopuru estra kenduko da taulako gehieneko ekarpenetik. Espezieen arteko asoziazioak direnean, gehien behar duenaren mugak hartuko dira kontuan.

(2) Ureztatzeko erabiltzen den ura kutsa daitekeen eremu batean dauden akuiferoetatik heldu denean, 35 UF/ha-ko kopuru estra kenduko da taularen gehieneko ekarpenetik.

(3) Gehienez baimentzen diren ekarpenetan, ongarritze organikotik datorren nitrogenoa ere hartuko da kontuan. Eraginkortzat hartuko da aplikatutako nitrogenoaren partea bider bere baliokidetasun-koefizientea, eta ateratzen den kantitatea taulako gehieneko ekarpenetik kenduko da.

Ongarri nitrogenodunaren baliokidetasun-koefizienteak, zuzeneko eraginekoak, aplikatzen den labore zikloan.

ONGARRI ORGANIKO MOTA

BANAKETA SASOIA

UDA-UDAZKENA

NEGUA-UDABERRIA

A

0.20

0.30

B

0.25

0.40

C

0.30

0.50

Produktu mota:

A: behi, ardi, ahuntz eta zaldi simaurra.

B: behi minda, zerri simaurra, hegaztien simaurra.

C: zerri eta hegazti minda, hegaztien simaurra.

3.–Nekazaritza jardunbide egokietarako kodearen aplikaziotik ondorioztatutako neurriak.

Jarraian, Nekazaritza Jardunbide Egokietarako Kodean sartutako neurriak definitzen dira. Horiek aurreko puntuetan jaso ez direnez, beharrezkoa da jarduera programa honetan sartzea.

3.1. Ongarria aplikatzea urak, izotzak edo elurrak estalitako lurretan.

Debekatua dago ongarri nitrogenodunak aplikatzea, oro har, urak, izotzak edo elurrak estalitako lurzoruetan, egoera horiek dirauten bitartean.

Debeku horretatik kanpo geratuko da arrozaren laborantza urpeko lurzoruetan, baita ongarri nitrogenodun mineralen aplikazioa ere, 24 orduren buruan erabat urtzen diren izoztutako lurzoruetan.

3.2. Aplikazioak ur-ibilgu naturalen edo ur-hornidurarako guneen inguruan.

Ongarria banatzean, ziurtatu beharko da ez dela ongarri nitrogenodunik zabaltzen ur-ibilgu naturalaren ondoan, 3 metro zabalerako zerrendan.

Ez da ongarri nitrogenodun mineralik aplikatuko putzu, iturri edo zulaketa batetik 50 metro baino hurbilago, horiek giza kontsumorako ura ematen dutenean edo edateko moduko ezaugarriak eskatzen diren inguruabarretan erabiliko direla frogatzen denean.

Ongarri organikoei dagokienez, aplikazioak ez dira eginen ur-ibilgu naturaletatik eta edateko uraren hoditeria edo deposituetatik 50 metro baino gutxiagora. Gainera, tartea ezin izanen da 200 metro baino txikiagoa izan edateko uraz hornitzen duten putzu eta iturburuen kasuan. Nolanahi ere, tarte horiek ez dira izanen abeltzaintzako hondakinak kudeatzeari buruzko foru araudian ezarritakoak baino txikiagoak.

3.3. Jariatze-uraren eta lixibazio kutsadurari aurrea hartzeko neurriak, ureztatze sistemetan.

3.3.1. Berdindutako lurzatiak.

Uholde bidezko ureztapenetan, ez zaio ongarri nitrogenodunik erantsiko urari.

3.3.2. Maldan dauden lurzatiak.

Urari ongarri nitrogenodunak gehitzen zaizkionean, ezin izanen da hustubide edo drainatzeetara doan azaleko ur jariatzerik egin, ezta putzurik edo uholderik sortu ere lurzatietako beheko aldean.

Lurzatiek %10etik gorako malda duten zatietan, muga ur-ibilgu batekin egiten badute, ezin izanen da mindarik aplikatu. Edonola ere, ezin izanen da mindarik aplikatu malda %20koa baino handiagoa duten zatietan.

Lurraren ezpondak eta landaredia errespetatuko dira, eta ongarririk ez galtzeko traba egiten duten sustraiak dituzten landaresiak jartzea gomendatzen da.

3.4. Uzta-hondakinen kudeaketa.

Neguko zerealen, ekiloreen, artoaren, aletarako eta bazkarako leken eta koltzaren laboreek eragindako uzta-hondakinak zuzenean erabiltzen ahalko dira abeltzaintzan, edo bertatik eramaten ahalko dira fardoak egin ondoren, eta ez da inolaz ere nahitaezkoa izanen lurrean zabaltzea. Edozein motatako landare hondakinak erretzeari dagokionez, jardunbide hori arautzen duen foru araudian ezarritakoa beteko da.

3.5. Abeltzaintzako instalazioak.

Aurreko ataletan simaurra eta minda biltzeari eta zabaltzeari buruz aurreikusitakoaz gain, kutsa daitezkeen eremuetan kokatutako abeltzaintzako instalazioek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte, berariazko araudian ezarritakoa galarazi gabe eta bereziki kontuan hartuta erabiltzen diren materialen kalitatea, integritatea, iragazgaiztasuna, iraunkortasuna eta haiek mantentzeko eta erabiltzeko baldintzak:

–Kanpoan egoteko eta jarduteko eremuak iragazgaitz mantentzea. Horiek malda nahikoa izanen dute, ziurtatu ahal izateko efluenteak edo, horrelakorik ezean, simaurra eta minda biltegietara eramaten direla.

–Garbitzeko urak ibilbide estanko batetik eramanen dira eta beste efluenteak biltzen diren guneetan jasoko dira.

–Gorozki solidoak siloratu eta biltzeko instalazioak azalera estankoen gainean ezarriko dira. Horien behealdean, jariatutako likidoak jasoko dira, eta efluenteak biltzen diren instalazioetara bidaliko dira.

–Euriak teilatuetan utzitako ura ingurune naturalera isuriko da, gainerako efluenteen parte bihurtu gabe.

–Efluenteen biltegiak estankoak izanen dira eta urrun eginen dira, ur-lasterretatik eta hoditeriatik 35 metrora gutxienez.

3.6. Minda aplikatzea.

Debekatua dago minda garraio-upelaren ahotik zuzenean isurtzea lurzoruan, banagailurik gabe, hots, banaketa egiteko abanikorik edo tutu malgurik gabe, edota hodi esekirik gabe.

3.7. Simaur solidoa soroan biltzea.

Baimenduta dago simaur solidoa lurzatietan metatzea haiek ongarritzeko, betiere haien azaleraren eta beharren arabera, eta gehienez ere 170 kg metatuta hektarea bakoitzeko 2 hilabetez. Horrela erabilitako simaurraren bolumena ezin izanen da aintzat hartu hura sortu duen abeltzaintzako ustiategiaren biltegiratzeko ahalmen gisa.

Metatutako simaurra ur-ibilguetatik 35 metrora egonen da gutxienez. Ezin izanen da lurzoru alubialetan jarri, ezta pitzadurak edo karstifikazioak dituzten material porotsuen gainean ere.

4.–Neurri osagarriak.

Aipatu otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuan eta, bereziki, 4.2 eta 6.3 eta 6.4 artikuluetan ezarritakoa betearazteko, abian jarriko dira ondoko neurri osagarri hauek:

4.1. Ikerketa proiektuak.

Nitrogenoaren, lurzoruaren eta uraren arteko harremanaren ezagutza zientifiko-teknikoa hobetzeko ikerketa proiektuak garatuko dira, baita erabakitzeko sistemak garatzekoak ere, ongarri nitrogenodunak lurzatian behar bezala erabiltzeko, errentagarritasun ekonomikoaren eta ingurumenaren babesaren irizpideak bateragarri eginez.

4.2. Dibulgazio jarduerak.

Nekazaritza Jardunbide Egokietarako Kodearen edukietan prestatzeko eta haien gaineko informazioa eta dibulgazioa egiteko jarduerak garatuko dira, kutsa daitezkeen eremuetako nekazariei eta abeltzainei zuzendurik. Horretarako, ohiko baliabideetara joko da: ikastaroak, mintegiak, sentsibilizazio jardunaldiak eta argitalpen teknikoak eginen dira, informazioa emanen da Interneten, eta abar.

Halaber, astero informazioa eskainiko da laboreen ureztaketa beharrei buruz, ureztaketen programazioa hobetzeko modua izan dadin.

Nekazarien prestakuntzari erreparatuko zaio bereziki, ondokoei dagokienez: ureztaketen kudeaketa eta instalazioen eta ekipoen erabilera ureztaketa berriko eremuetan eta ureztaketa tradizionalak eraldatu eta hobetzeko eremuetan.

4.3. Nekazaritzako makineriaren erosketa sustatzea, ongarria ezin hobeki banatzeko.

Kutsa daitezkeen eremuetan zehazki bultzatuko da ongarriak zabaldu eta banatzeko nekazaritzako makineriaren erosketa. Makineria hori erregulatzeko erraza izanen da, eta produktua lurzati osoan behar den moduan zabalduko dela ziurtatuko du, ingurumenari kalteak egiteko arriskua murriztuz.

4.4. Ingurumenaren babesarekin bateragarriagoak diren ekoizpen sistemak sustatzea: ekoizpen ekologikoa eta ekoizpen integratua.

Kutsa daitezkeen eremuetan ingurumena gehien errespetatzen duten ekoizpen sistemak bereziki sustatu eta abiaraziko dira; zehazki, ekoizpen ekologikoa eta ekoizpen integratua. Aldi berean, nekazariek sistema horietan parte hartzea sustatuko da, kasuan kasuko nekazaritza eta ingurumen arloetako programen bidez.

4.5. Analisi sistemak sustatzea.

Bai nekazaritzako lurzoruan bai laboreetan aplikatzeko baimenduta dauden ongarri eta hondakinetan zenbat nitrogeno dagoen azkar jakiteko analisi sistemak sustatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1812169