178. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

68/2018 FORU DEKRETUA, abuztuaren 29koa, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez aldatu zen Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoko araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen oinarrizko mailaren, tarteko mailaren eta maila aurreratuaren curriculumak ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez aldatu zen Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzen helburua da ikasleak gaitzea hizkuntza horiek hezkuntza sistemaren ohiko etapetatik kanpo erabil ditzaten. Irakaskuntza horiek hiru mailatan antolatuta daude: oinarrizko maila, tarteko maila eta maila aurreratua, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A, B eta C mailekin bat datozenak, hurrenez hurren. Maila horien barruan, gainera, beste azpisailkapen bat dago: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak.

Abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuaren bidez, egiaztapenaren ondoreetarako oinarrizko mailaren gutxieneko eskakizunak finkatu dira, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen Tarteko B1 mailaren, Tarteko B2 mailaren, C1 Maila Aurreratuaren eta C2 Maila Aurreratuaren oinarrizko curriculuma ezarri da, eta zenbait ikasketa-planetan araututako araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen eta errege dekretu horretakoen arteko baliokidetzak ezarri dira. Halaber, ezartzeko egutegiaz ari den azken xedapenetako lehenean xedatzen du, orokorrean, 2018-2019 ikasturtean ezarriko direla errege dekretu horretan araututako irakaskuntzak.

2/2006 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak ezartzen du hezkuntza administrazioek ezarri beharko dutela aipatutako legean araututako irakaskuntzen curriculuma, Gobernuak, bere eskumenak erabiliz, finkatzen dituen curriculumaren oinarrizko alderdietatik abiatuta.

2018-2019 ikasturtean ezarriko bada, bidezkoa da araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzen oinarrizko mailaren, tarteko mailaren eta maila aurreratuaren curriculumak ezartzea, abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuan finkatutako oinarrizko alderdietatik abiatuta (2017ko 311. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 23koa).

Horiek horrela, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, aurretik Nafarroako Eskola Kontseiluak irizpena emanik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko abuztuaren 29ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea eta eremua.

Foru dekretu honen xedea da alemana, euskara, frantsesa, ingelesa eta italiera hizkuntzen oinarrizko mailaren, tarteko mailaren eta maila aurreratuaren curriculumak ezartzea Nafarroako Foru Komunitaterako. Maila horiek bat datoz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A, B eta C mailekin, hurrenez hurren, eta horien barruan beste azpisailkapen bat dago: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak.

2. artikulua. Helburua eta antolaketa.

1. Araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzen xede-hartzaileak dira, derrigorrezko irakaskuntzan oinarrizko gaitasunak jaso ondoren, helduaroan hizkuntza maila hobetu edo hizkuntza ezaupide gehiago jaso nahi duten pertsonak, horretarako asmoak orokorrak edo berariazkoak izan, baita hizkuntza horien erabilerari buruz duten gaitasun mailaren ziurtagiria lortu nahi dutenak ere.

2. Hizkuntzen irakaskuntzak oinarrizko mailan, tarteko mailan eta maila aurreratuan antolatzen dira. Maila horiek bat datoz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A, B eta C mailekin, hurrenez hurren, eta horien barruan beste azpisailkapen bat dago: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak, alegia.

3. Foru dekretu honetan araututako hizkuntzen irakaskuntzak, oro har, taula honetan ezarritakoaren arabera antolatuko dira hizkuntza eskola ofizialetan:

MAILAK

IKASMAILAK

ZIURTAGIRIA

A1 Oinarrizkoa

A1 Oinarrizkoa

Oinarrizko A2 maila

A2 Oinarrizkoa

A2 Oinarrizkoa

B1 Tartekoa

B1 Tartekoa

Tarteko B1 maila

B2 Tartekoa

B2.1 Tartekoa

Tarteko B2 maila

B2.2 Tartekoa

C1 Aurreratua

C1 Aurreratua

C1 Maila Aurreratua

C2 Aurreratua

C2.1 Aurreratua

C2 Maila Aurreratua

C2.2 Aurreratua

Antolaketa hori aldatzen ahalko da, ikastaro trinkoak, erdipresentzialak edo urrutikoak emanez gero.

3. artikulua. Sartzeko prozedura.

1. Araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzan sartzeko, ezinbestekoa izanen da hamasei urte beteak izatea ikasketak hasten diren urtean.

2. Hamalau urtetik gorakoak ere sartzen ahalko dira, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan aukeratutako lehen hizkuntza ez den beste hizkuntza bat ikasten jarraitzeko.

3. Oinarrizko mailaren ziurtagiriak Tarteko mailan sartzeko balioko du; Tarteko mailaren ziurtagiriak Tarteko B2 mailako lehenengo ikasmailan sartzeko (B2.1); Tarteko B2 mailaren ziurtagiriak C1 Maila Aurreratuan sartzeko; eta C1 mailaren ziurtagiriak C2 Maila Aurreratuko lehenengo ikasmailan (C2.1).

4. Hizkuntza bateko gaitasunak egiaztatzen dituzten pertsonak maila horretako edozein ikasmailatan sartzen ahalko dira hizkuntza horretan, horretarako ezartzen den prozedurari jarraikiz.

5. 1041/2017 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarraren arabera, Gobernuak, autonomia erkidegoei kontsulta egin ondoren, behar diren baliokidetzak ezarriko ditu araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzetako tituluen eta hezkuntza sistemako irakaskuntzetako gainerako tituluen artean.

4. artikulua. Curriculuma.

1. Oinarrizko A2 mailaren curriculuma dekretu honen I. eta II. eranskinetan agertzen dena izanen da. Horrela, martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretua eguneratuko da.

2. Tarteko B1 mailako, Tarteko B2 mailako, C1 Maila Aurreratuko eta C2 Maila Aurreratuko irakaskuntzen curriculumak foru dekretu honen III., IV., V. eta VI. eranskinetan ezarritakoak dira, hurrenez hurren, eta haien erreferentzia dira Europako Kontseiluaren B1, B2, C1 eta C2 mailei dagozkien gaitasunak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritakoaren arabera.

5. artikulua. Ziurtagiriak.

1. Oinarrizko A2 mailaren ziurtagiria lortzen ahal da azken proba berariazko bat gaindituz edo, modalitate ofizialean, etengabeko ebaluazioaren bitartez.

2. Tarteko B1 mailaren, Tarteko B2 mailaren, C1 Maila Aurreratuaren edo C2 Maila Aurreratuaren ziurtagiria lortzeko, kasuan kasuko hizkuntzaren maila bakoitzerako azken proba berariazko bat gainditu beharko da.

3. Aurreko paragrafoetan aipatutako probak Hezkuntza Departamentuak arautuko ditu, kasuko mailarako eta hizkuntzarako curriculumetan ezarritako gaitasunak erreferentzia harturik.

4. Artikulu honen 1. eta 2. paragrafoetan adierazitako mailen ziurtagiria lortzeko, urtean deialdi bat eginen da gutxienez. Hizkuntza bakoitzaren berezitasunak kontuan harturik, zilegi izanen da hizkuntza batzuetan ez egitea maila guztietako proben deialdia.

5. Hezkuntza administrazioek erraztasunak jarriko dituzte proba homologatuak egiteko, horien bidez ikasleek lor dezaten Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan ikasitako hizkuntzen ezagutzaren gaineko ziurtagiri ofiziala.

6. artikulua. Ikasketa baliokideak.

1. Beherago azaltzen den taulan honako dekretu hauetan araututako irakaskuntzen arteko baliokidetzen araubidea bildu da: irailaren 2ko 967/1988 Errege Dekretua; martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretua, oinarrizko mailaren eta erdiko mailaren curriculuma ezarri zuena; ekainaren 2ko 58/2008 Foru Dekretua, maila aurreratuaren curriculuma ezarri zuena; abuztuaren 27ko 67/2014 Foru Dekretua, C1 mailaren curriculuma ezarri zuena, eta foru dekretu honetan araututako araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzak. Hona hemen baliokidetzen taula hori:

IRAILAREN 2KO 967/1988 ERREGE DEKRETUAK ARAUTUTAKO IRAKASKUNTZAK

22/2007, 58/2008 ETA 67/2014 FORU DEKRETUEK
ARAUTUTAKO IRAKASKUNTZAK

FORU DEKRETU HONEK ARAUTUTAKO
IRAKASKUNTZAK

Oinarrizko zikloko lehenengo ikasmaila

Oinarrizko maila (A2)

Oinarrizko A1 maila

Oinarrizko zikloko bigarren ikasmaila

Oinarrizko A2 maila

-

Oinarrizko mailaren ziurtagiria

Oinarrizko A2 mailaren ziurtagiria

Oinarrizko zikloko hirugarren ikasmaila

Tarteko maila (B1)

Tarteko B1 maila

Oinarrizko zikloaren ziurtagiri akademikoa

Tarteko mailaren ziurtagiria

Tarteko B1 mailaren ziurtagiria

Goi zikloko lehenengo ikasmaila

Maila Aurreratuko lehenengo ikasmaila (B2)

Tarteko B2.1 maila

Goi zikloko bigarren ikasmaila

Maila Aurreratuko bigarren ikasmaila (B2)

Tarteko B2.2 maila

Gaitasun Agiria

Maila Aurreratuaren ziurtagiria

Tarteko B2 mailaren ziurtagiria

-

C1 maila

C1 Maila Aurreratua

-

C1 mailaren ziurtagiria

C1 Maila Aurreratuaren ziurtagiria

-

-

C2.1 Maila Aurreratua

C2.2 Maila Aurreratua

-

-

C2 Maila Aurreratuaren ziurtagiria

7. artikulua. Ziurtagirien balorazioa.

Hezkuntza Departamentuak kudeatzen dituen merezimendu prozesuetan, departamentuaren esku geldituko da erabakitzea nola baloratu foru dekretu honetan araututako mailen ziurtagiriak.

8. artikulua. Ezartzeko egutegia.

1. 2018-2019 ikasturtean, oinarrizko mailako, tarteko mailako eta maila aurreratuko ikasmailak ezarriko dira.

2. Ezarri beharreko mailen antolaketa Hezkuntzako kontseilariaren foru agindu baten bidez ezarriko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Foru dekretu honek indarra hartzearekin batera, honako hauek ondoriorik gabe geldituko dira: martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretua, oinarrizko mailaren eta erdiko mailaren curriculuma ezarri zuena; ekainaren 2ko 58/2008 Foru Dekretua, maila aurreratuaren curriculuma ezarri zuena; eta abuztuaren 27ko 67/2014 Foru Dekretua, C1 mailaren curriculuma ezarri duena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Arau garapena.

Ahalmena ematen zaio Hezkuntzako kontseilariari foru dekretu hau bete eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek eta eranskinek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra, 2018-2019 ikasturtetik aurrerako ondorioekin.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 29an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.

ERANSKINA

Deskargatu curriculum honen dokumentu osoa PDFan:

Araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen oinarrizko maila, tarteko maila eta maila aurreratua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1810841