176. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZAGAKO ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza, Agiriak luzatu eta tramitatzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateak, 2018ko maiatzaren 10ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Agiriak luzatu eta tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2018ko 107. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 5ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz. Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Urrotz-Hirian, 2018ko abuztuaren 16an.–Mankomunitateko burua, José Javier Eslava Armendariz.

AGIRIAK LUZATU ETA TRAMITATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen IV. kapituluaren 7. atalean (100. artikulua eta hurrengoak) eta 12. artikuluan xedatutakoaren babesean ezarri da ordainarazpen hau.

Ordainarazpenaren xedea

2. artikulua. Ordenantza honen xedea da tasak ordainaraztea, alderdi batek eskatuta Administrazioak egiten duen jardueragatik.

Zerga-egitatea

3. artikulua. Udal zerbitzu bat ematea da, alderdi batek eskaturik. Aipatze aldera, honako hauek izaten ahal dira:

1. Ziurtagiriak.

2. Fotokopiak.

3. Arma txartelak.

4. Agiriak konpultsatzea.

5. Deialdien tramitazioa.

6. Faxa eta gisakoak.

7. Txostenak eta kontsultei emaniko erantzunak.

8. Beste batzuk.

Sortzapena

4. artikulua. Administrazioak bideratu behar duen agiria aurkeztearekin edo ordainarazpen honen xedeko agiriren bat prestatzeko eskatzerakoan sortuko da zerga ordaindu beharra.

Administrazioak edozein unetan ezartzen ahalko du agirien eskaerak egin daitezela udal bulegoetan ematen diren inprimakietan.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Ordainarazpen honen xedeko agiriak tramitatzeko eskatzen duten pertsona fisiko edo juridikoak izanen dira subjektu pasiboak.

Tarifak

6. artikulua. Ordenantza honetan araututako agiriak tramitatzeagatik ordaindu beharreko tasak ordenantza honen eranskinean ageri dira.

Kudeatzeko arauak

7. artikulua. Honako hauek arau orokorrak izanen dira:

a) Tasak udal bulegoetan ordainduko dira, delako agiria tramitatzeko eskatzen den unean.

b) Hiru hilabetean behin, tasak kobratzeko ardura duenak, aipatu likidazio-aldian jasotakoaz kontuak emanen ditu, eta udal gordailuzaintzan sartuko dira.

Azken xedapena

8. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako izapideak bete ondoren hartuko du indarra.

ERANSKINA

Idazkaritzan agiriak luzatzeko tarifak

–Indarrean diren agirien ziurtagiriak: 1,20 euro.

–Artxiboko agirien ziurtagiriak: 3,00 euro.

–Fotokopiak, alde bakarretik:

  • DIN A4, zuri-beltzean: 0,10 euro.
  • DIN A4, koloretan: 0,50 euro.
  • DIN A3, zuri-beltzean: 0,15 euro.
  • DIN A3, koloretan: 0,75 euro.

–Konpultsatzeak, orrialde edo orri bakoitzeko: 0,30 euro.

–Lurzatien zedulak: 1,20 euro.

–Arma txartelen tramitazioa: 0,60 euro.

–Txostenak eta kontsultei emaniko erantzunak: 3 euro.

–Faxa eta zehaztu gabeak: 0,30 euro.

–Agiriak euskarri digitalean ematea: 2 euro.

Iragarkiaren kodea: L1810488