171. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VIANA

Ordenantza, Zeremonia zibilak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Vianako Udalak, 2018ko apirilaren 19an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Zeremonia zibilak arautzen dituen ordenantza.

Onespen erabakia 2018ko 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 18an, eta jendaurreko epean inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Vianan, 2018ko abuztuaren 1ean.–Alkatea, Yolanda González García.

VIANAKO UDALEKO ZEREMONIA ZIBILAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Espainiako Konstituzioaren 16. artikulua garatuz, uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoak erlijio askatasunerako eskubidea onartu zuen. Horrek eta Vianako garapen demografikoak berekin ekarri dute herrian askotariko erlijio sinesmenak eta herritar ez-konfesionalak izatea.

Estatu demokratiko eta laiko batean, toki administrazioek, beren eskumenen esparruan, beharrezkoak diren erregelamenduzko neurriak hartu behar dituzte, ziurtatu ahal izateko benetan gauzatzen direla Giza Eskubideen 1948ko Adierazpen Unibertsalean eta Konstituzioan norbanakoei onartutako eskubide eta askatasunak.

Vianako Udalak, Konstituzioaren 10., 14. eta 16. artikuluetan onartutako herritarren eskubideak zaintzeko agindua betez, bere herritarrei aukera ematen die, aniztasunari eta tolerantziari begira, egokiak iruditzen zaizkien erritu eta zeremonia zibilak hautatzeko.

Gizarteak oro har ongi dakienez, Estatu akonfesional eta laiko batean, erakundeek pertsonen eta komunitateen askatasuna bermatu behar dute, ideologiaz, erlijioaz eta kultuaz den bezainbatean, muga bakarra izanik ordena publikoa legearen arabera mantentzeko behar dena. Era berean, agerikoa da gure gizartearen dibertsitate ideologikoa, erlijiosoa eta kulturala, gure gizartea askotarikoa baita eta gure artean etengabe eraldatzen baitira ohituren eta ekitaldi sozialen adierazpenak.

Laguntza ematea, parte hartzea eta aukera ematea Udalaren esku dauden baliabideekin ospakizun laikoak egiteko, Vianako herritarren bizitza sozialeko ekitaldi zibil garrantzitsuendako duina den ingurune batean, horrela familia eta gizarte arloko konpromiso eta betebehar zibilen adierazpen publikoa egin dadin, zeremonia erlijiosoen ordez eta askatasunaren adierazpide gisa.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 5. artikuluak ezartzen duenez, toki entitateek erregelamenduzko eskumena dute beren araudia onesteko, jarduerak eta zerbitzuak ematearen eta/edo udal egoitzak erabiltzearen gainean.

Hori horrela, Vianako Udalak, bere eskumena erabiliz, herritarrek eskatzen dituzten zeremonia zibilak egiteko beharrezko protokoloa eta prozedura arautzen ditu, zeremonia horiek gainerako herritarrekin partekatzeko erritu zibilak diren aldetik.

I. TITULUA

Harrera zibilak

Atarikoa.

Harrera zibilak balio sinboliko eta politikoa baizik ez du; haur bati harrera publikoa egiten zaio, gizartean eskubide osoko herritarra den aldetik, eta gurasoek edo legezko tutoreek konpromisoa hartzen dute haurra printzipio demokratikoetan eta herritarren eskubide eta betebeharren eremuan hezteko.

Harrera zibila zeremonia edo instituzio erabat zibil, laiko eta publikoa da eta, beraz, haur jaioberriei harrera egiteko beste edozein zeremonia pribaturekin bateragarria, erlijiosoa izan ala ez, alderdi pribatua edo erlijiosoa izan dezaketen beste zeremonia zibil batzuekin gertatzen den bezalaxe; esate baterako, ezkontza.

1. artikulua. Oro har, harrera zibila egiteko agintari eskuduna alkatea edo haren ordezko zinegotzia izanen da. Dena dela, interesdunek izendatzen duten udaletik kanpoko edozein pertsonak ere har dezake ekitaldiaren ardura, nahi izanez gero.

2. artikulua. Harrera zibileko zeremonia horietan, udal agintaritzak, hau da, alkateak edo haren ordezko zinegotziak, komunitateko kide gisa hartzen du haurra –Vianako Udalean erroldatuta egon behar du– eta Nazio Batuen Erakundeak onetsitako Haurren Eskubideen Adierazpenaren eta Espainiako Konstituzioaren artikulu batzuk irakurtzen ditu, horrelaxe azalduz haurra komunitate demokratikoan eskubide osoko kide gisa sartu dela.

Ekitaldi publikoan, haurraren gurasoek edo legezko tutoreek eta lekukoek konpromisoa hartuko dute hura zaintzeko eta printzipio demokratikoetan eta herritarren eskubide eta betebeharren eremuan hezteko.

3. artikulua. Vianako Udalaren osoko bilkuren aretoa gaituko da, erroldaturiko familien baitan jaiotzen, adoptatzen edo aldian behingoa ez den araubidean hartzen diren pertsonen harrera zibilak egiteko. Halaber, Udalean ekitaldi hori egiteko baldintza egokiak betetzen dituen beste lokalen bat ere gaitzen ahalko da.

4. artikulua. Horretarako erabiliko den aretoa txukun egonen da, behar bezain duin bertan eginen den ekitaldirako.

5. artikulua. Aretoa erreserbatzeko eskaera, harrera egin nahi den eguna baino zazpi egun lehenago egin beharko da gutxienez. Aurreikusitako egunean aretoaren erabilera ezin bada baimendu, zergatia azalduko da eta beste data batzuk proposatuko dira.

Eskaera Udalaren Erregistroan aurkeztu beharko da eta erreserba, alkateari zuzendua, Alkatetzak izendatzen duen organoaren edo prozeduraren bidez tramitatuko da. Oro har, eta ekitaldia ahalik eta hobekien gauzatu ahal izateko, egun bakoitzeko ez da erreserba bat baino gehiago izanen.

6. artikulua. Eskaera eredua I. eranskinean agertzen da, eta horri erantsiko zaio udal aretoa erabiltzeko tasa ordaindu izanaren frogagiria. Ezkontza zibilen tasa bera izanen da, hau da, 39 euro. Gainera, honako agiri hauek aurkeztuko dira eskaerarekin batera: jaiotza-ziurtagiria, familia-liburua, gurasoen NANen kopia eta errolda-ziurtagiriak.

Senideek edo hurbilekoek modu berezian apaindu edo egokitu nahi badute, edo megafonia erabili, erreserbatzeko eskaeran hala adierazi beharko dute, behar bezala jokatzeko, eta eskatzailearen kargura izanen dira horregatik sortzen diren gastu guztiak. Udalaren arduradunek ikuskatzen ahalko dituzte apaintze edo egokitze berezi horiek.

7. artikulua. Harrera zibilak baimenduko dira, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoan, Alkatetzaren ebazpen bidez edo berak zehaztutako prozeduraren bidez.

8. artikulua. Harrera zibilak egiteko tokia gaitzen da, astelehenetik larunbatera, jaiegunetan izan ezik. Dena dela, Alkatetzak zilegi izanen du egun horietakoren bat kentzea ekitaldi edo gertakari bereziak izaten direnean.

Ekitaldiak ordu eta erdi iraunen du, gehienez ere.

Duen izaera dela eta, horretarako erabiliko den aretoa ezin izanen da utzi egintza erlijiosoetarako edo, organo eskudunaren ustez, areto horren helburua desitxuratu dezaketen beste erabilera batzuetarako.

Aipatu organoak zainduko du delako areto hori xede jakin horretarako erabiltzen dela.

Dagokion udal organoak onetsitako baimenean zehaztuko dira lagapenaren baldintzak, eta baimen horretan ezartzen ahal da eskatzaileak jaso zuen bezala itzuli behar duela instalazioa.

9. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Udalaren arduradunek une bakoitzean egokitzat jotzen dituzten jarraibideak bete beharko dira.

Baldintza horiek ez betetzeak erantzukizun edo zehapen administratiboak ekarriko ditu.

10. artikulua. Udaleko alkatea edo berak eskuordetzen duen zinegotzia izanen da ekitaldiaren buru. Hala ere, eskatzaileek hala izendatuta, udaletik kanpoko edonor ere izaten ahalko da harrera zibilaren buru, nahi izanez gero.

Hori hala izanik ere, zeremoniaren buru izanen denak, eskatzaileei edo interesdunei kontsulta egin ondoren, askatasun osoa izanen du zeremonia nola gauzatuko den finkatzeko, betiere ordenantza honetan ezarritakoa betez, zeremonia egiten den esparruaren ez-konfesionaltasunari dagokionez; udal ordezkari bat bertan egonen da beti, dela alkatea dela zinegotzi eskuordetua edo dela udal arduradun bat, zeremonia era egokian egiten dela begiratzeko.

Prestatuko den mahaia alkateak edo eskatzaileak izendatutako pertsonak, gurasoek eta herritar berriak osatuko dute.

Zeremonian lekukoek parte hartuko dute, bitik laura bitarte, eta mahaitik hurbil jarriko dira.

Ekitaldiko gonbidatuak (aretoaren gehieneko edukiera gainditu gabe) gonbidatuentzat erreserbatutako tokian jarriko dira aurrez.

11. artikulua. Lehenik alkatea edo zinegotzi eskuordetua sartuko da, edo interesdunek izendatutako pertsona, eta mahaira iritsitakoan, jaioberriari eta guraso eta lekukoei gonbit eginen die, mahaira hurbil daitezen.

Gero, gonbidatuak sartu eta erreserbatutako tokietan jarriko dira, familiak eskatutakoaren arabera.

12. artikulua. Buruak ekitaldiari bukaera emateko hitzak esanen ditu, agiri honen bidez formalizatuta: “Herritar berriari ongi etorria emateko eta harrera eskubide osoz egiteko akta”.

Azkenik, akta formalizatuko da gurasoek, lekukoek eta buruak bi ale sinatuta, eta ondorio bakar baterako.

Buruak aktaren kopia bat emanen die gurasoei, eta beste bat erabiliko da udalean egiten diren zeremonia zibilen erregistro-liburuan inskribatzeko, harrera zibilen atalean.

II. TITULUA

Agur zibilak

Atarikoa

Ordenantza honen bidez, Vianako herritarrei agur zibilak egiteko aukera eman nahi die Udalak.

Hildakoen aldeko agur zibilak sortu dira gizarteak duen behar baten ondorioz, esan nahi baita, modu duin eta pertsonal batean agurtzea beren pentsaera eta bizimoduaren arabera agur zibila nahi izan zuten herritarrak.

Gure gizarteko eta gure herriko erlijio guztien jarraitzaileek hilberriak omentzeko ospakizun liturgikoak antolatzeko tokiak edo tenpluak dituzten gisa berean, Vianako Udalari dagokio gure herritarrek gero eta maizago eskatzen duten behar sozialari erantzutea.

Ordenantza honen asmoa da, beraz, Vianako gizarte zibila osatzen duten familiakoek, adiskideek, erakundeek eta/edo entitateek zenduen alde egin nahi dituzten omenaldi edo agur ekitaldiak arautzea, hildakoek komunitateari egindako ekarpenak edo haien balio etikoak eta giza balioak aitortzeko.

13. artikulua. Vianako Udalaren osoko bilkuren aretoa gaituko da gure herrian agur zibilak egiteko. Halaber, ekitaldi hori egiteko baldintza egokiak betetzen dituen beste udal lokalen bat ere gaitzen ahalko da.

14. artikulua. Aretoa erreserbatzeko eskaera I. eranskineko ereduaren arabera eginen da, eta agurraren ospakizuna egitean, egoera horrek eskatzen duen berehalakotasun printzipioari jarraikiz jokatuko da. Eskaerak pertsona eskudunari bidaliko zaizkio, ebazpena eman dezan. Aurreikusitako egunean aretoaren erabilera ezin bada baimendu, zergatia azalduko da eta beste data batzuk proposatuko dira.

15. artikulua. Eskaera eredua I. eranskinean agertzen da, eta horri erantsiko zaio udal aretoa erabiltzeko tasa ordaindu izanaren frogagiria. Ezkontza zibilen tasa bera izanen da, hau da, 39 euro. Gainera, honako agiri hauek aurkeztuko dira eskaerarekin batera: heriotza-ziurtagiria eta eskatzailearen NANaren kopia eta errolda-ziurtagiria.

16. artikulua. Administrazioa, ahal duen heinean, eskabidean adierazitako egun eta orduak errespetatzen saiatuko da, eskabideak aurkeztu diren hurrenkerari begira betiere. Kasu berezietan hurrenkera hori aldatzen ahalko da, aldaketa hori behar bezala arrazoitzen bada.

Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari ahalik eta lasterren eskatuko zaio akatsa zuzen dezala edo aginduzko agiriak ekar ditzala, ekitaldia egin aurretik edo ondoren.

17. artikulua. Oro har, ekitaldi hauek Vianako Udalaren osoko bilkuren aretoan eginen dira. Bertaratzen direnen kopurua lokalaren edukiera baino handiagoa bada, egoera hori espresuki aipatuko da, eta ospakizuna edukiera handiagoko udal lokal batean egiteko eskaera eginen da, halakorik bada. Halaber, udalean ekitaldi hori egiteko baldintza egokiak betetzen dituen beste lokalen bat ere gaitzen ahalko da.

18. artikulua. Oro har, eta ekitaldia ahalik eta hobekien gauzatu ahal izateko, egun bakoitzeko ez da erreserba bat baino gehiago izanen.

Horretarako erabiliko den aretoa txukun egonen da, behar bezain duin bertan eginen den ekitaldirako.

Senideek edo hurbilekoek modu berezian apaindu edo egokitu nahi badute, edo megafonia erabili, erreserbatzeko eskaeran hala adierazi beharko dute, behar bezala jokatzeko, eta eskatzailearen kargura izanen dira horregatik sortzen diren gastu guztiak. Udalaren arduradunek ikuskatzen ahalko dituzte apaintze edo egokitze berezi horiek.

19. artikulua. Alkatetzaren ebazpenaren bidez baimenduko dira agur zibilak, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.

20. artikulua. Agur zibilak egiteko tokia gaitzen da, astelehenetik larunbatera, jaiegunetan izan ezik. Dena dela, Alkatetzak zilegi izanen du egun horietakoren bat kentzea ekitaldi edo gertakari bereziak izaten direnean.

Ekitaldiak ordu eta erdi iraunen du, gehienez ere. Halaber, ezin izanen da ekitaldia egin hildakoaren gorputza bertan dagoela, baina bai errauts-kutxatila dagoela.

21. artikulua. Duen izaera dela eta, horretarako erabiliko den aretoa ezin izanen da utzi egintza erlijiosoetarako edo, organo eskudunaren ustez, areto horren helburua desitxuratu dezaketen beste erabilera batzuetarako.

Aipatu organoak zainduko du delako areto hori xede jakin horretarako erabiltzen dela.

22. artikulua. Dagokion udal organoak onetsitako baimenean zehaztuko dira lagapenaren baldintzak, eta baimen horretan ezartzen ahal da eskatzaileak jaso zuen bezala itzuli behar duela instalazioa.

23. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Udalaren arduradunek une bakoitzean egokitzat jotzen dituzten jarraibideak bete beharko dira.

Baldintza horiek ez betetzeak erantzukizun edo zehapen administratiboak ekarriko ditu.

24. artikulua. Oro har, Udaleko alkatea edo berak eskuordetzen duen zinegotzia izanen da ekitaldiaren buru. Dena dela, eskatzaileek izendatzen duten udaletik kanpoko pertsona bat ere izaten ahalko da burua. Hori hala izanik ere, zeremoniaren buru izanen denak, eskatzaileei edo interesdunei kontsulta egin ondoren, askatasun osoa izanen du zeremonia nola garatuko den finkatzeko, betiere ordenantza honetan ezarritakoa betez, zeremonia egiten den esparruaren ez-konfesionaltasunari dagokionez; udal ordezkari bat bertan egonen da beti, dela alkatea dela zinegotzi eskuordetua edo dela udal arduradun bat, zeremonia egokiro egiten dela begiratzeko.

Omenduaren senideek eta/edo hurbilekoek parte hartuko dute zeremonian.

Gainera, ekitaldiko gonbidatuak (aretoaren gehieneko edukiera gainditu gabe) gonbidatuentzat erreserbatutako tokian jarriko dira aurrez.

25. artikulua. Lehenik, alkatea edo zinegotzi eskuordetua sartuko da, edo eskatzaileek izendatutako pertsona.

Gero, senideak sartuko dira eta ondoren gonbidatuak, eta erreserbatutako tokietan jarriko dira, familiak eskatutakoaren arabera.

26. artikulua. Buruak agur hitzak esanen ditu, eta doluari buruzko hizketaldia eginen du.

Gero, hildakoaren senideek edo lagunek testu bat irakurri edo hitz batzuk esanen dituzte.

Buruak ekitaldiari bukaera emateko hitzak esanen ditu, agiri honen bidez formalizatuta: “Komunitateko herritarra agurtzeko akta”.

27. artikulua. Azkenik, akta formalizatuko da senideek eta buruak bi ale sinatuta, eta ondorio bakar baterako.

Buruak aktaren kopia bat senideei emanen die, eta beste bat erabiliko da udalean egiten diren agur zibilen erregistro liburuan inskribatzeko.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua, udal aretoan zeremonia zibilak baimendu
eta antolatzeko eta horietan laguntzeko

Jauna/andrea:

NANa:

Bizilekua, jakinarazpenak egiteko:

Telefono finkoa/mugikorra:

E-mail helbidea:

bere izenean edo ondoko hau ordezkatuz

AZALTZEN DU:

................................................................................(r)en jaiotza/heriotza dela eta,

Konstituzioaren 10., 14. eta 16. artikuluek ematen dizkidaten eskubideez baliaturik, eta erlijio zeremonien ordez, eta gizartearekiko eta familia esparruarekiko konpromiso publikoa agerrarazteko asmoz.

Eta herritarrek eskatzen dituzten zeremonia zibilak arautzen dituen udal ordenantzan ezarritakoarekin bat,

ESKATZEN DU:

Vianako Udalaren laguntza eta parte-hartzea, ...............................(r)en zeremonia zibila antolatzeko,egun eta ordu honetan: ..............................

Ondorio horietarako, baimena ematen diot Vianako Udalari, ekitaldia egiteko beharrezkoak diren datuak bil ditzan administrazio publikoetan.

Datuak Babesteko Lege Organikoan ezarritakoarekin bat, bidezkoak diren baimenak ematen ditut.

Zeremoniaren buru honako hau izatea nahi dut:

Oharrak:

III. TITULUA

Ezkontza zibilak

Atarikoa.

Alkateek ezkontza zibila baimentzearen arloan Kode Zibila aldatu zuen abenduaren 23ko 35/1994 Legean ezarritakoarekin bat, eta alkateek ezkontza zibila baimentzearen gainean Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak 1995eko urtarrilaren 26an emandako jarraibidearekin bat, Vianako Udalean ezkontza zibilak egiteari buruzko araudi hau ezarri da.

28. artikulua. Vianako Udalaren osoko bilkuren aretoan eginen dira ezkontza zibilak. Halaber, udalean ekitaldi hori egiteko baldintza egokiak betetzen dituen beste lokalen bat ere gaitzen ahalko da.

29. artikulua. Ezkontza eginen den udal aretoan apaingarriren bat erantsi nahi izanez gero (loreak, etab.), ezkontzen direnek egin beharko dute, beren kontura; horretarako, Udalak ematen dizkien oharrei segitu beharko diete.

30. artikulua. Ezkontza zibilak egiteko tokia gaitzen da, astelehenetik larunbatera, jaiegunetan izan ezik. Dena dela, Alkatetzak zilegi izanen du egun horietakoren bat kentzea ekitaldi edo gertakari bereziak izaten direnean.

31. artikulua. Udal honetako erregistro zibilak ezkontzaren espedientea tramitatu ondoren, edo beste erregistro zibil batetik jaso ondoren –non ezkonduko direnek adieraziko baitute ezkontza udal honetan baimentzea nahi dutela– sarrerako Erregistro Orokorrean jasoko da idazpena, sarrera data ager dadin.

32. artikulua. Udalean espedientea irekitzen denean, dagokion tasa ordainduko da; erroldatuen kasuan, 39 euro. Espedientea erregistro zibil honetan tramitatu ez bada, eta ezkondu nahi dutenetako bat ere ez badago Vianan erroldatuta, 120 euroko tasa ordaindu beharko da, espedienteari Erregistro Orokorrean sarrera ematen zaionean, Udalaren areto eta instalazioak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean ezarritako moduan, ezkontza zibilak egiteari dagokionez. Subjektu pasiboari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik ekitaldia egiterik ez badago, ez da jarritako dirua itzuliko.

33. artikulua. Eskaerak ikusirik (ezkontzaren espedientean egindako agerraldia jotzen da eskaeratzat), datak eta orduak finkatuko dira, ahal dela interesdunekin ados jarrita, eta eskatzaile gehiago izanez gero, espedientea jasotzen den dataren araberako lehentasuna ezarriko da.

34. artikulua. Ondorio guztietarako, modu irmoan esleituriko data eta orduen zerrenda jendearen eskura egonen da beti.

35. artikulua. Ezkontza baimenduko duen pertsonak (bake epailea, alkatea edo zinegotzi eskuordetua), ezkonduko direnei kontsulta egin ondoren, askatasun osoa izanen du ospakizuna nola garatuko den finkatzeko.

Hori hala izanik ere, zeremoniaren buru izanen denak, eskatzaileei edo interesdunei kontsulta egin ondoren, askatasun osoa izanen du zeremonia nola garatuko den finkatzeko, betiere ordenantza honetan ezarritakoa betez, zeremonia egiten den esparruaren ez-konfesionaltasunari dagokionez; udal ordezkari bat bertan egonen da beti, dela alkatea dela zinegotzi eskuordetua edo dela udal arduradun bat, zeremonia modu egokian egiten dela begiratzeko.

Hala ere, ezkontza zibilak legeak ematen dizkion ondorioak izan ditzan, nahitaezkoa izanen da Kode Zibileko artikulu aginduzkoak eta ezkontzaren formula irakurtzea, hori guztia bi lekuko bertan daudela.

Egintza jasoa gera dadin, ezkontzen direnek, bi lekukoek eta baimentzaileak –bake epailea, alkatea edo zinegotzi eskuordetua– ezkontza egin izanaren akta sinatuko dute.

36. artikulua. Ez udal honetako Alkatetzak ez udalaren Erregistro Zibilak ez dute data konpromisorik onartuko 12 hilabetetik gorako eperako, espedientea erregistro zibil honetan irekitzen denetik, edo beste erregistro zibil batean tramitatutako espedientea jasotzen denetik hasita.

37. artikulua. Ezkontza ospakizunak egin edo baimenak emanen dituena izanen da bake epailea, alkatea edo ezkontzen direnek ezkontza zibila egiteko hautatzen duten zinegotzia (alkateak horretarako eskuordetzea eginda).

38. artikulua. Egintzaren garrantzia eta tokiaren ordezkagarritasuna kontuan harturik, erabat debekaturik dago arroza eta gisakoak jaurtitzea udaletxearen barnean, karrerapean edo haren inguruetan, arriskua ekartzen baitie jendearen ohiko joan-etorriei; betebehar hori betetzen ez bada, Udala ez da erantzule izanen. Beraz, horren ondorioz istripurik edo gisakorik gertatzen bada, ezkontza egiteko eskatzen dutenek izanen dute erantzunbeharra, eskaeran jasorik geldituko baita arau horien berri dutela eta horiek hertsiki betetzeko hitza ematen dutela (Udalak emandako inprimakian jasoko da hori idatziz). Era berean, lokalaren edukiaren araberakoa izanen da ezkontzako ekitaldira bertaratuko direnen gehieneko kopurua.

39. artikulua. Udal egoitza erabiltzearen ondorioz edo baldintza hauek ez betetzearen ondorioz kalterik egiten bada, erantzunbeharra ezkontza egiteko eskatu dutenek izanen dute; Udalak haiei egozten ahalko die konponketen kostua, baita, hala behar badu, udal barnea beren lehengora itzultzeko lanen kostua ere, aurretik behar den espedientea irekita; hartan, hamar eguneko epea izanen da alegazioak egiteko.

40. artikulua. Artikulu honetan ezarritako debekua betetzen dela bermatzearren, ezkondu behar dutenek ordainketa-gutun bat erantsi beharko dute ezkontzaren espedientean, fidantza gisa 60 euro ordaindu direla adieraziko duena, baita kontu zenbaki bat ere, fidantza itzuli ahal izateko. Ezkontza egunaren ondoko astean eginen da itzulketa, baldin eta aipatu debekua egiazki bete bada. Hala ez bada, konfiskatu eginen da.

41. artikulua. Tabako Kontsumoaren Prebentzioari buruzko otsailaren 14ko 6/2003 Foru Legearekin bat, debekatuta dago udal aretoetan erretzea.

42. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, udal arduradunen jarraibideak bete beharko dira.

Xedapen gehigarria.–Zeremonia zibilak egin bitartean, ahal dela, albienteak egonen dira kanpoan, ekitaldiak normaltasunez egiten direla bermatzeko.

Araudi hau aldatzerik izanen da, bai xedapenei dagokienez bai ospakizuna egiteko egun, ordu edo tokiei dagokienez (esleituak ala ez), baina ahaleginak eginen dira aldaketek interesdunei kalterik ez egiteko, ahalezkoak diren xedapen eta erabakiak hartuz.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta Udalak osoko bilkuran espresuki aldatu edo indargabetu arte egonen da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L1810034