17. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRONKARIKO IBAXAREN BATZORDEA

Aldaketa, Erronkariko Ibaxaren Mankomunitatearen araubiderako ordenantzen zenbait artikulutan. Behin betiko onespena

Erronkariko Ibaxaren Batzordeak, 2017ko abuztuaren 24an egin bilkuran, gehiengoz erabaki zuen hasiera batean onestea aldaketa Erronkariko Ibaxaren Mankomunitatearen araubiderako ordenantzen zenbait artikulutan.

Hogeita hamar egun balioduneko jendaurreko epea iraganik inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, behin betikoz onetsirik gelditu dira Erronkariko Ibaxaren Mankomunitatearen araubiderako ordenantzen artikuluak. 2017ko abuztuaren 24an egin bilkuran onetsi zen aldaketa hasiera batean.

Erronkarin, 2017ko azaroaren 6an.–Batzordeko burua, Aitor Garmendia Eizagirre.

ERRONKARIKO IBAXAREN MANKOMUNITATEAREN ARAUBIDERAKO ORDENANTZAK

LEHENENGO KAPITULUA

Ibaxaren Mankomunitatea

1. artikulua. Erronkariko Ibaxa eratzen duten zazpi herrien Mankomunitatea Uztarroze, Izaba, Urzainki, Erronkari, Garde, Bidankoze eta Burgi herriek osatzen dute. Mankomunitateko herrietako bizilagun guztiek eskubidea dute aprobetxatzeko, doan eta aske, zazpi herrietako jurisdikzioetako lur edo mendi guztietan, Ibaxeko bertako azienda mota guztiendako larreak eta belarrak, zura, egurra eta gainerako produktu naturalak. Era berean, eskubidea dute luberritzeko eta ereiteko edozein herritako lurretan edo mendietan, ordenantza hauetan ezarritako mugak eta baldintzak kontuan hartuz. Eta eraikitako jabetza partikularreko etxaldeetan ere, fruituak eta larreak herri-lurretako aprobetxamendu doako dira ibaxeko bizilagun guztiendako, eta inork ezin ditu etxaldeak itxi ez mugatu ere, larreen kargari edo zortasunari loturik baitaude. Mankomunitatearen jatorria antzina-antzinakoa da, eta epaitegiek beti errespetatu eta berretsi dute, hainbat epaitan frogatzen den moduan, bereziki 1862ko martxoaren 1ean Auzitegi Nagusiak eman zuen epaian.

2. artikulua. Zazpi herrietako bakoitzaren mugarteetan dauden etxamendiak, saitsak eta kortsilak deritzen lurrak herri bakoitzarenak ez besterenak dira, eta ondorioz, udal bakoitzak askatasunez administratzen ditu bizilagunek lur horien larreen eta gainerako produktuen aprobetxamendua egin dezaten.

3. artikulua. Ibaxaren udaletako batek ulertuko balu etxamendietako larreak ez direla aski nekazaritza lanetarako erabiltzen den behi, mando, zaldi eta asto aziendaren mantenurako, erabakia hartuko du hogeikoarekin, hamabostekoarekin edo hamaikakoarekin, eta kopia baimenduarekin batera, errekurtsoa jartzen ahalko du Batzordeari zuzendua, eskabidean arrazoituz eta deskribatuz eskatzen duen lurra, dela barruti horren mugakidea den lur baten zatia erantsiz dela horretarako beste leku bat emanez.

4. artikulua. Eskabidea aurkeztu ondoren, Batzordeak erabakiko du perituen batzorde bat izendatzea, hark egoki jotzen dituen kideez osatua. Batzorde horretako kideen dietak eskaera egiten duen udalak ordainduko ditu; horien zeregina izango da lurrak aztertzea kontuan hartuz herriak lantzen duen laborantza, herriak dituen barrutiak eta abelburuen kopurua; Batzordeak bere irizpena emango du, era berean, jakinaraziz eskatzen den lurrak mankomunitatea ukitzen ahal duen edo ez; eta horiek ikusirik, Batzordeak eskaera ebatziko du, aho bateko adostasuna beharko duen erabakia hartuz.

5. artikulua. Aurreko bi artikuluen arabera erabakitzen diren lurren emakidek ez dituzte ezertan ukituko altxonbide eta ereintza eskubideak, eta nekazaritza lanetarako erabiltzen den aipatu aziendaren mantenurako soilik izango dira, aske eta doan; eta udalek inola ere ezingo dituzte arbitratu enkanteen bidez ez beste inolaz ere, zeren kasu horretan emakida baliorik eta eraginkortasunik gabe geldituko baita. Era berean, baliorik eta eraginkortasunik gabe geldituko da emakida egiteko arrazoia desagertzen den unetik aitzina; eta Batzordeak egoki jotzen duen moduan egiaztatzen ahalko du arrazoia desagertu dela.

6. artikulua. Ibaxako zazpi herrietan bizilagun izaera eskuratzeko moduei buruz Nafarroako Errege Gorte iraungiak 1543ko uztailaren 31n Ibaxako Batasunari buruz onetsitako 1534ko urriaren 9ko zazpi kapituluek ezarritakoak ez duenez oinarririk, honako hau adierazten da: Erronkariko Ibaxa honetan bizilagun izaera eskuratzen dela hari dagozkion zama eta onura guztiekin, nazioko lege orokorrek xedatzen duten edo xedatzen ahal dutenarekin bat.

II. KAPITULUA

Ibaxaren Batzordea eta bere funtzionamendua

7. artikulua. Batzordea, beti bezala, Mankomunitatea osatzen duten ondasun guztien ordezkari eta administratzaile jatorra da.

8. artikulua. Hogeita bat lagunek osatzen dute Batzordea, gehienez, hau da, zazpi herrietako bakoitzetik hauetako bat gutxienez eta hiru gehienez: alkatea, zinegotzi bat eta herriko beste bizilagun bat, Udalak libreki izendatua.

8. bis. artikulua. Batzordea osatu ondoren, Batzordeko burua eta Batzordeko buruordea hautatuko dira.

Zazpi herriek txandaka beteko dute Batzordeko burutza. Txanda bakoitzaren iraupena udal legegintzaldiaren erdia izango da (bi urte, oro har). Txanden ordena zozketaz ezarriko da, aldaketa honek indarra hartzen duenean, eta txanda aldaketek udal legegintzaldi bakoitzaren hasierarekin eta erdiarekin bat egingo dute. Batzordeko burutzaren txanda duen herriak Batzordeko burua izendatuko du ezarritako eperako, Batzordean parte hartzen duten bere hautetsien artean (hau da, alkatea edo Batzordean parte hartzen duen zinegotzia).

Modu berean hautatuko da Batzordeko buruordea; haren izendapena egingo du bi urte geroago Batzordeko burutzaren txanda izango duen herriak.

Batzordeak bidezkotzat jotzen dituen komisioak eratzen ahalko ditu bere eginkizunak hobeki betetzeko.

9. artikulua. Bilkurak Ibaxaren Etxean, Erronkarin, egingo dira; Batzordeko buruak, bilkuraren buru izateaz gainera, zuzenduko ditu eta haietarako deia ere egingo du, bilkuran aztertu beharreko gaiak adieraziz. Izan ere, Erronkarin egiten diren bilkurak ohiz kanpokoak izango dira eta deialdian azaldutako gaiak besterik ezingo dira aztertu, gainerakoan erabakitzen dena deuseztatzeko zigorra baitago, aurkezten den gaia ez bada premiazko gaia eta berehala ebatzi beharrekoa, eta hori zehazteko, Batzordeak erabakiko du aho batez edo gehiengoaren bidez.

10. artikulua. Era berean, urteroko hiru bilkura arruntak edo taulakoak ere egingo ditu; honatx: bi Urzainkin, bata ekainaren zortzian edo haren biharamunean, hura 1. mailako jaieguna bada, eta bestea abuztuaren hogeita lauan. Lehenbizikoan mestari buruzko gaiak aztertuko dira, eta bigarrenean, ogialorretan askatzeari eta egun horretan egingo den mestari buruz jardungo dute; eta hirugarren bilkura Izaban, uztailaren hamalauan, Frantziako Baretons ibarrak Erronkariko Ibaxari, betiereko feudoaren harira aurreko egunean hiru behiak emateari buruz jarduteko. Hiru bilkura horiek aurretik deialdia egin gabe egingo dira eta herri bakoitzeko alkatea izango da bilkura burua. Bilkura horietan ezin izango da bestelako gairik aztertu aurretik deialdirik egin gabe, ez bada premiazko gaia aurkezten dela, aurreko artikuluan azaltzen den bezala.

10. artikuluaren eranskina. Batzordeak, 1897ko apirilaren 23an egin bilkuran, erabaki zuen handik aitzina, urtero, irailaren 15ean egitea 2. mesta, 1890. urtera arte egin izan zen moduan, eta ez abuztuaren 24an, 10. artikuluan kontsignatu bezala.

11. artikulua. Erronkariko Ibaxaren udal bakoitzak izango du ekimen eskubidea Batzordea bilkura berezian biltzeko eta hiru bilkura arruntetan gai nagusiaz gain beste gai batzuk ere azter daitezen; horretarako, lehenik, ofizio bat bidaliko dio, Erronkariko Ibaxaren Batzordeko buruari, aztertu beharreko gaiak aipaturik, deialdia egin dezan. Hark ezin izango dio ukorik egin deialdia egiteari.

12. artikulua. Idazkariak bilkura bakoitzaren akta jasoko du, haren hasieran azalduko dira herri bakoitzetik datozen diputatuen edo ordezkarien izenak, jarraian deialdiaren ofizioa idatziz; eta ondotik ematen diren ebazpenak edo hartzen diren erabakiak irakurri ondoren, ordezkari guztiek sinatuko dute eta bukaeran idazkariak berak, adostasunaren seinale.

13. artikulua. Gai guztiak, lehenbizi, eztabaidatuko dira; gero, haien gaineko bozketa egingo da eta ordezkari guztiek eman behar dute beren botoa, ez bada gaia pertsonala edo laugarren mailako ahaideen gaia dela. Erabakiak aho batez edo gehiengoz hartuko dira, eta herri bakoitzeko ordezkaritzak boto bat izango du. Bozketaren emaitza berdinketa bada, beste bozketa bat egingo da bilkura berean, eta berdinketak bere horretan badirau, buruaren botoak erabakiko du.

14. artikulua. Zazpi herrietako ordezkariek dute bilkuretara, arruntetara eta berezietara, joateko betebeharra; bat edo batzuk ez badoaz, doazenek hartzen ahalko dituzte erabakiak, ondorio guztiak izango dituztenak.

15. artikulua. Bilkuretara herri bakoitzetik doazen ordezkariek, Erronkariko jantzia badaramate, ohiko longainez eta zaragoilez osaturikoa jantzi beharko dute; eta galtzaduna jazten badute, erabili ohi duten kapa edo bestelakoa jantzita.

16. artikulua. Batzordeak, haren ustez bere funtsek ahalbidetzen badute, dieta kontzeptupean hiru pezeta ordainduko dizkio herrietako ordezkari bakoitzari, bilkura bakoitzeko.

17. artikulua. Batzordeko buruaren ahalmenak. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Foru Legearen 21. artikuluak toki-korporazioetako alkateei esleitzen dizkien ahalmenak izango ditu Batzordeko buruak, betiere Batzordearen eskumeneko gaietan.

17.bis artikulua. Batzordeko buruordearen ahalmenak. Batzordeko buruordea Batzordeko buruaren ordez arituko da postu hori hutsik baldin badago nahiz hura kanpoan edo eri badago. Batzordeko buruak esleitu dizkion eskudantzia zehatzak erabiliko ditu Batzordeko buruordeak, alde batera utzi gabe Batzordeko buruak beste batzordekide baten esku utzi ditzakeela bereziki zeregin espezifiko batzuk.

18. artikulua. Batzordeko buruak baimena ematen ahalko dio idazkariari Ibaxako dokumentuen kopiak eta ziurtagiriak egin ditzan, betiere bere ustetan Ibaxari eragiten ez badiote, zeren, kasu horretan, Batzordeak erabaki beharko baitu.

III. KAPITULUA

Mestak

19. artikulua. Urtero Urzainkin egiten diren bi mestetan alkatea izango da burua, gaurdaino bezala; harekin batera egongo dira Erronkarikoa eta Izabakoa, eta hiruren artean osatuko dute epaimahaia; horien eta akta egingo duen idazkariaren artean banatuko dute, antzina-antzinatik egin ohi den bezala, bigarren mestan jabe gabe gelditzen diren gainerako abelburuak, gehienez ere lau. Kopuru horren gainetik daudenak saldu egingo dira, eta salmentaren zenbatekoa Ibaxako funtsen gordailuan sartuko da.

20. artikulua. Epaimahaiak, beti bezala, erabakiko du abelburuak beren jabeei edo ordezkariei ematea, epaimahaiburuak hartuko dituela zin egin ondoren, haiek dituzten ezaugarri eta markak ikusirik, eta gertatzen diren gorabehera guztiak ebatziko ditu, bazkatzeak, larretzeak eta gainerakoak ordainduz, eta beharrezko ikusten badu, eskumena dutenei entzunez.

21. artikulua. Ibaxako alkate guztiek, beti bezala, albienteen jendaurreko bandoen bidez, bi mestetako bakoitzaren aurreko egunean jakinarazi behar dute, biharamunean, goizeko zortzietan aurkeztu behar dutela artzainek, nagusiek edo artaldeen jabeek, beren artaldeetan dauzkaten abere deslaiak, dela ardi-azienda dela ahuntz-azienda; dagokien zina eginez egingo diete harrera eta ohi bezala ziurtagiriarekin bidaliko dituzte Urzainki herrira; eta ez badituzte abelburuak aurkezten, herriko alkateari ziurtagiri negatiboa igorriko diote. Ondoren, jakingo balitz ez nagusiek edo artaldeen jabeek ez zituztela erakutsi beren artaldeetan dauzkaten abere deslaiak, artaldeko jabearen herriko alkateak akatsa zuzenduko du gobernuz.

IV. KAPITULUA

Batzordeko idazkaria

22. artikulua. Batzordeak aske hautaturiko idazkari bat edukiko du, bere funtsekin ordaindua, Batzordearen ekintza guztiak baimentzen dituena, urtero uztailaren hamahiruan, Frantziako Baretons ibarrak Erronkariko Ibaxari, betiereko feudoaren harira hiru behiak ematearena barne.

23. artikulua. Idazkariaren betebeharrak izango dira udal legeak udaletako idazkariendako ezartzen dituenak, aplikagarriak diren neurrian; eta hura ezgaitu edo kargutik kentzeko, Batzordeak analogiaz jokatuko du, lege berean ezarritakoari jarraikiz.

24. artikulua. Alde batek eskaturik idazkariak egiten dituen kopia edo ziurtagiriengatik muga-zergetan ezarritako eskubideak jasotzen ahalko ditu analogiaz.

V. KAPITULUA

Ibaxako funtsen gordailuzaina

25. artikulua. Ibaxako funtsen gordailuzain bat egongo da, aske hautaturikoa eta Batzordetik bereizia, Batzordeak adierazten duen diru-esleipena duena.

26. artikulua. Gordailuzainak ez du inongo kopururik ordainduko aurkezten ez badiote beharrezko ordainketa-agindua, Batzordeko buruak baimendua eta Ibaxako Idazkaritzan arrazoitua, eta ordainketa egiten duenean, hartu-agiria sinaraziko dio interesdunari.

27. artikulua. Urtero, edo Batzordeak egoki ikusten duenean, gordailuzainak kontuak emango ditu, dagokion liburuan aurkezturik, eta beti egiten den bezala, frogagiriekin batera.

VI. KAPITULUA

Ibaxako mendi eta larreak kontserbatu eta zaintzea

28. artikulua. Ibaxako edo altxonbideetako, bideetako eta gainerako zortasun publikoko hermendiren baten azalerari buruz zalantza sortzen den aldiro, jabe mugakideek horietan intrusioa edo usurpazioa egin dutelako, Batzordeak egiaztatu egingo ditu mugaketa eta mugarriak, egoki ikusten dituen pertsonei eginkizun hori emanez; eta jabe mugakideek intrusioa egitearen ondorioz bidezkoa bada, haiei entzutea eta parte-hartzea emanez egingo da. Horrenbestez, gertaera Diputazioari jakinarazi ondoren eta mugaketa eginik, bi aldeen artean ados jartzen ez badira, egindako guztiaren akta xehatua egingo da, parte hartu zuten guztiek sinatuko dutena, eta hari erantsiko zaizkio egiten diren agiriak, kexuak eta erreklamazioak, eta berehala espedientea igorriko zaio aipatu Nagusigoari, eman beharreko ebazpena eman dezan. Ados jartzen badira, Batzordeak aipatu Nagusigoari jakinaraziko dio.

29. artikulua. Jaberen batek eskatuko balu mugaketa egitea eta mugarriak jartzea, hark izendatuko duen peritu batek eta Batzordeak izendatuko duen batek egingo dute, eta peritu biak ez badira ados jartzen, Batzordeak hirugarren bat izendatuko du hark ebaz dezan, aurreko artikuluan ezarritako moduan.

30. artikulua. Espresuki debekaturik dago edozein eremutan zabaldutako luberriak edo egurra erretzea, herri-basoren batetik berrogeita hamar metroko distantziara ez badago alde guztietatik; eta artikulu honen arau-hausteagatik kalteren bat sortzen duen suteren bat gertatzen bada, udal horretako alkateak eskumena duen aginte judizialari jakinaraziko dio, egin behar duena egin dezan.

31. artikulua. Batzordeak komenigarri ikusten duenean betiere, beharrezkotzat jotzen dituen zaindariak izendatuko ditu Ibaxako larre eta zuhaitz komunak zaintzeko. Batzordeak, egoki ikusten badu, Ibaxako eremua banatuko die kuartel edo barrutietan; zaindari bakoitzaren esku utziko du kuartel edo barruti bakoitzaren zaintza, eta zerbitzu ona emateko egoki ikusten dituen baldintzak ezarriko dizkie.

32. artikulua. Eginbeharra zorrotz eta legez betetzeko izendatzen diren zaindariek beren kuartel edo barrutiak hartzen dituen herrietako alkateen aurrean beharrezkoa den zina egingo dute; eta ez bada kuarteletan banatzen, Ibaxako alkate guztien aurrean zin egingo dute. Izendatzen diren zaindariek uhaldun txapa erabiliko dute bereizgarri.

33. artikulua. Zaindarien eginbide eta zaintza sustatzeko, Batzordeak, dagozkien lansari finkoez gain, kaltea eragiten duen bahitze bakoitzagatik kopuru txiki bat jasotzen ahalko dute, lansari moduan.

34. artikulua. Ogialorren eta etxamendien zaintza ez da Ibaxako zaindarien eskumena izango, baizik eta herri bakoitzeko udaltzainena. Hala ere, bai zaindariek bai udaltzainek elkar lagunduko dute, elkarri eskatu eta behar dutenetan.

35. artikulua. Era berean, ez da zaindarien eskumena izango Ernaz eta Lexako lurren zaintza, Arlas portu fazeroan, lur horien zaintza Erronkariko bi zaindariei eta Baretons ibarreko bi zaindari frantsesei baitagokie; horiek urtero izendatzen baitituzte bi ibarretako ordezkariek, uztailaren hamahiruan Erlanz Harrian, Ernaz portuan, Baretons ibarrak Erronkariko Ibaxari, betiereko feudoaren harira hiru behiak ematean.

36. artikulua. Ibaxeko zaindaririk ez dagoenean, herri guztietako udaltzainek, bakoitza bere jurisdikzioan, mankomunitateari dagokion guztia zaindu beharra edukiko dute; egin beharreko bahitzeak eta salaketak egin beharko dituzte, eta haien adierazpenek fede emango dute, ez bada aurkakorik frogatzen.

37. artikulua. Frantziar abelburuen bahitzeetan, Ibaxeko zaindariek edo, beharrezkoa bada, udaltzainek, Espainia eta Frantziaren arteko 1856ko abenduaren 2ko muga-itunean eta haren 1858ko abenduaren 28ko eranskinetan ezarritakoari lotu beharko zaizkie, eta horietan adierazitako zigorrak ezarriko dituzte bahitzeak gertatu diren jurisdikzioetako alkateek.

38. artikulua. Espainiar abelburuen bahitzeetan, Ibaxakoak edo handik kanpokoak badira ere, larratzen ezin diren portu edo trozo komunetan gertatzen direnean, bahitzea gertatu den jurisdikzioko alkatearen aurrean salatu beharko dituzte Ibaxako zaindari edo udaltzain horiek; alkateak jakinarazi eta hutsegitea zigortuko du. Halaber, arbolen legez kanpoko mozketen salaketak egingo ditu.

39. artikulua. Bai Ibaxeko bai herrietako zaindariek aurkitzen dituztenean artzainik gabeko abelburuak leku debekatuetan edo kalteak eragiten, abelburuak bildu eta itxiko dituzte ahuntz taldearen ahunztegian, eta alkateari jakinaraziko zaio. Saldoa osatzen duten abelburuak badira, edozein bahi dezakete herriko alkateari eman eta bahitzea frogatzeko, eta saldoaren jabeari jakinaraziko diote. Kalterik sortzen bada, alkateari eta abelburuen eta jabetzaren jabeei ere jakinaraziko die.

40. artikulua. Batzordeak Ibaxako udalei haragitako abelburuak larratzeko lagatzen dizkien eta aurrerantzean lagatzen ahalko dizkien hermendietako lurrak horretarako bakarrik erabiliko dira. Hala ere, haragitako larreak errentan eman gabe gelditzen diren kasuetan, horretarako legezko prozedurak agorturik egon arren, udalek beren intereserako hobekien irizten dioten moduan erabiltzen ahalko dituzte larre horiek.

41. artikulua. Batzordeak komenigarri eta beharrezko ikusten duen guztietan, Izaba eta Uztarroze herrietako udalak baimentzen ahalko ditu, beren jurisdikzioetan Ibaxako zati komunak Frantziarekin mugakide baitituzte herrialde horretako herri mugakideekin onuragarri irizten dioten konpromiso edo kontratu oro egin dezaten bi herrialdeetako mota guztietako abelburuek egin ditzaketen zanpatzeengatik. Eta halakorik gertatzen denean, kontuan izango dituzte muga-ituneko 14. artikulua eta itun horretako 3. eta 4. eranskinetako 1. eta 10. artikuluak, beren testuinguruetara egoki daitezen.

VII. KAPITULUA

Zur eta egur aprobetxamendua

42. artikulua. Batzordeak bere gaineko kargei aurre egiteko edo herri lanetarako baliabideak eskuratzea beharrezkotzat jotzen duenean, zuhaitzen salmenta adosten ahalko du komenigarri irizten dion Ibaxako hermendi erreserbatuetan, aurretik beharrezko espedientea eginez Diputazioari zuzendua.

43. artikulua. Ibaxako herritarrek eraikuntzarako eta beren eraikinak konpontzeko hermendietako zura eskuratzeko daukaten eskubidea ukaezina denez gero, Batzordera joko dute eskabideak egiteko. Baimena adostu ondoren, espedientea igorriko zaio Diputazioari, ados baldin badago, onespena eman dezan.

43. artikuluaren eranskina. 1899ko ekainaren 8an, artikulu honen eranskin gisa adostu zuen Ibaxako herritarrek eraikuntzarako eta beren eraikinak konpontzeko Diputazioari hermendietako zura eskuratzeko eskaera egiten diotenean, Erronkariko alkateak, Batzordeko burua baita, Ibaxaren izenean adostasuna adieraz dezan, ez bada uste duela zuhaitz eskaera gehiegizkoa dela edo kontuan hartzeko moduko beste arrazoiren bat dagoela eta Batzordeak berak egiteko beharra ikusten duela.

Batzordeak berak, 1889ko apirilaren 13ko bilkuran, ikusirik Burgiko 14 herritarrek, bertako presaren eta irin-errotaren jabeek, hura konpontzeko egindako 24 izei zuriren eskabidea, horiek Arrakogoiti izeneko Ibaxako menditik hartzeko, ondoko hau ebatzi zuen: “Eta Batzordeak ulertuz Ibaxako herritarrek duten zuraren onura bakar bakarrik dela beren etxeak eta eskortak eraikitzeko eta konpontzeko, eta ez beren fabrika eta industria tresnetarako, erabaki zuen eskaerak ez zuela zentzurik”.

1958/08/24ko Erabakia. Deitutako 5. gaiari dagokionez, eztabaidatu da komeni ote den eraikuntza materialen lagatzea ordeztea diru-laguntzak dirutan ematearekin, aprobetxamendu horiekin jarraituz gero ezinbestez etorriko den zuhaitzen hondamena saihesteko ahal den neurrian, galarazi gabe Ordenantzen 43. artikuluak Ibaxeko herritarrei ematen dien eskubidea, eta Batzordeak erabaki du sistema hori hartzea, eraikitzeko eta berrikuntzarako erabiltzen den materiala ordainduz bi mila pezeta metro kubiko bakoitzeko, prezio hori berrikusten ahalko dela zuraren merkatuan gertatzen diren aldaketen arabera, eta sartu dira zenbait kasu zeintzutan lanak egin diren eta materialik eman ez zaien, komunikazio bideetatik urrun dauden mendietako eskorta eta borda batzuetan materialak espezietan ematea galarazi gabe.

1984/02/10eko Erabakia. Beharrezkoa bada, egurragatiko laguntzak berrantolatzeari buruzko 2. gaiari dagokionez, 1980ko urtarrilaren 12an eta otsailaren 23an bilkuretan aztertua, bilkura horietan erabaki zen berrantolatzeko proiektua aurkeztea bilkura horietan adostutako berrikuntzak sartuz, eta Batzordeak, luze eztabaidatu ondoren, erabaki du 30 metro kubiko zuren balioa ordaintzea lanetan erabiltzen den edozein materialengatik. 30 metro kubiko horietako bakoitza 1.850 pezetatan ordainduko da. Era berean, aurreko urteetan egin diren eskaeren prezioa doituko da.

1994/12/17ko Erabakia. 8. gaiari dagokionez, irakurri egin dira Ibaxako herritarrek lanetan eta konponketetan erabiltzen dituzten materialengatiko diru-laguntzei buruz ezarritako arauak. Batzordeak erabaki du arauak aho batez onestea, eta zur metro kubiko bakoitza 2.500 pezetatan ordaintzea, diru-laguntza osotara 75.000 pezetakoa eginez, ohi bezala ordaindurik.

2006/06/14ko Erabakia. 7. gaiari dagokionez, irakurri egin dira Juan Luis Urzuriagak eta Diego Buenok Larra Hautesle-elkartearen izenean egindako alegazioak, ordenantza hauetako 43. artikulua baliogabetzeko Batzorde honek hasiera batean hartutako erabakiaren aurka ezarritakoak. Erabaki hori 2005eko abenduaren 17ko bilkuran hartu zen, eta alegazioak ebatzi gabe gelditu ziren 2006ko apirilaren 12ko bilkuran. Alegatzaileak Batzordearen proposamenaren aurka daude ulertzen dutelako eskubidea kentzea Ordenantzen zentzuaren aurkakoa dela, Ibaxan bizi eta lan egiten dutenak saritzeko printzipioaren aurkako urratsa dela eta, azkenik, uste dute Batzordeak aipatu arrazoi ekonomikoak aldi baterakoak direla eta konpondu egingo direla zura markatu eta ateratzeko hurrengo baimena ematearekin. Legelari aholkulariak gaiari buruz egin duen txostena irakurri da, eta espedientean artxibaturik gelditu da. Txostenean balioesten da ez dagoela Ordenantzen 43. artikulua aldatzeko eta/edo kentzeko ezintasun juridikorik, ez dagoen bezala Ordenantzak aldatzeko eta egokitzeko mugarik Mankomunitatea egungo behar eta eskakizunetara egokitzeko, betiere haren asmo edo elementu teleologikoa deusezten ez bada, eta ez du ematen eraikuntzarako zurarako antzina-antzinako eskubidea ordezten duen konpentsazio ekonomikoa kentzea uler daitekeenik Mankomunitatearen izaera eta helburua eta Ibaxako herritarren oinarrizko eskubideak erruz aldatzea dela, erronkariarrek, herri-lurretako ondasunen kargura, egungo beharretara egokiturik beharrezkoagotzat jotzen diren beste zenbait zerbitzu eta prestazio jasotzen baitituzte. Batzordeak, ikusirik alegazioak eta kontuan hartuz legelari aholkulariak egin duen txostena, erabaki du Mankomunitatearen Ordenantzen 43. artikulua baliogabetzea eta indargabetzea, ulertzen baitu baliogabetze horrek ez duela Mankomunitatearen izaera eta helburua erruz aldatzen.

44. artikulua. Larreak aprobetxatzea galarazi gabe Batzordeak herriei laga dizkien edo aurrerantzean lagatzen ahal dizkien zuhaitz erreserbak, ulertzen da horien gainean dauden kargei edo herri lanei aurre egiteko direla.

45. artikulua. Ezin da egurretarako ez beste ezertarako moztu zuhaitzik, ez bada espresuki 43. artikuluan ezarritako moduan, eta beti bezala debekaturik dago inolako zuhaitz edo zuhaixkarik moztea Ibaxak zazpi herrien jurisdikzioan dauzkan abereen moskairu, saroi eta zaltuetan.

46. artikulua. Inork ezin izango du eragotzi zurak jabetza partikularretan zehar arrastatzea, landu gabe badaude, eta horretarako aldamenetik pasatzeko erreiak edo bideak ez badaude. Laboreak ereinda dituztenetan, jabeekin ados jarri beharko dute kaltegalerak ordaintzeko, errei edo biderik ez badago eta beste leku batetik pasatzea ezinezkoa bada.

Era berean, ezingo da eragotzi egurra estekatu eta loturik bideratzea ibai ondoan dagoen ezein jabetzatan, landu gabe badaude, eta horretarako egokia den beste gunerik ez badago hurbil.

46. artikuluaren eranskina. Diputazioak, 1900eko urriaren 27an eman zuen ebazpen baten bidez deklaratu zuen ez zuela zentzurik Urzainkiko Tomasa Landari baimena ematea zerga bat eskatzeko Erronkarin jabetzan daukan finka batean almadiak lotzeagatik, eta horretarako Ibaxako ordenantzetan ezarritako moduan erabili ahalko dituela bere eskubideak, egokitzat jotzen badu.

VIII. KAPITULUA

Luberritzeak eta ereiteak

47. artikulua. Ibaxako herritarrek bertako hermendietan, -salbu zuhaitzak eta “Ibaxako erreserbatuak” izenez ezagutzen diren pinu, izei zuri eta pago mintegiak dauzkaten lurrak- ereiteko duten luberritze eskubidea, ulertzen da soilik ahalbidetuko dela alderdi soiletan eta sastrakadietan eta, zuhaitzak eduki arren, “Ikialte edo Ekialte” izenarekin ezagutzen direnetan, betiere jakinik zuretarako erabilgarriak ez direla eta ez direla izango, halako alderdietako askotan gertatu ohi dena, jurisdikzio horietako alkateen ustez; luberritzaileek alkateei jakinaraziko diete luberritzea hasi aurretik.

48. artikulua. Era berean, debekaturik daude luberritzeak eta ereiteak abereen moskairu, saroi, altxonbide, gatz biltegi eta zaltuetan, bestela ez baitira errespetatu eta zaintzen eta dagokion erantzukizuna sorraraziko baitu.

49. artikulua. Luberritzeetarako herri-lurren markatzeak antzinatik egin den moduan egingo dira, urtero, azaroaren bitik, egun hori barne, uztailaren azken egunera arte, eta egun hori igarota ez bada luberritzea egin, markatzeak baliogabetu eta lurrak aske geldituko dira. Markatzeak egiteko, osorik edo zati batean lurrez estalitako inurritegiak jarriko dira hamar metrotik hamar metrora lursailaren inguruan edo guztian zehar. Hori ezinezkoa bada, jabetza erakusten duen beste edozein seinale, aitzurrarekin egina.

50. artikulua. Portu komunetan “Dexes” izenarekin ezagutzen diren alderdietan ere, debeku da luberritzea eta ereitea, beti gertatu den bezala, Batzordearen baimena eduki gabe, hark baimena emango baitu komenigarri baderitzo, ezertan galarazi gabe saroiak eta atsedenlekuak errespetatu beharra; zeren baimenik gabeko ereiteak egingo balira alderdi horietan, ez liratekeen errespetatuko ez zainduko ere.

51. artikulua. Ogialorrak dauzkaten herriek antzinatik egiten duten bezala jarraituko dute ereiteak egiten beren udal-mugarteetan, urtekoa eta txandakatua. Hala ere, ereitea ez dagokion sailean, patata eta lekaleak ereitea ahalbidetuko da, baina altxonbideak kaltetu gabe eta eremuak babesteko moduan ongi itxita hesiekin, herrietako alkateen arabera, eta fruitua jaso eta berehala irekiko dira berriz.

52. artikulua. Errepidearen norabide bera daraman eta abelburuak sartu eta ateratzeko pasabideak markaturik dituen Ibaxa erdiguneko altxonbidearen ondoko sailak ereingo dira, antzinatik ezarrita dagoen eta guztiek ezagutzen duten moduan, alde batekoek dagokien urtean eginez, eta beste aldekoek beste urtean; bestela ez baitira errespetatu eta zainduko ereiteak, Batzordearen baimenarekin egiten direnak izan ezik.

53. artikulua. Ibaxako bizilagun bati sail edo luberriko ereitea harriak hondatuko balio, berriz ereiten saiatzekotan, Batzordeari eskaera egin beharko lioke, ohi den bezala, baimenik gabe bestela ez baita fruitua errespetatuko; baimena lortzen duenean, interesdunak seinaleak jarriko ditu 60. artikuluan erreserbatutako belarretarako adierazten den moduan, jakitera eman eta errespetatua izan dadin.

IX. KAPITULUA

Ogialorrak eta larreak aprobetxatzea

54. artikulua. Herriek jarraituko dute beren ogialorrak eta etxamendiak erabiltzen eta haien jabe izaten, ezagutzen diren ohiko mugen barnean, Burgiko herriak izan ezik, hark inoiz ez baititu eduki, eta beti bezala, bere jurisdikzioko alorretako lur osoan ereiteko eskumena edukiko dute, sailetan banatu beharrik gabe, baina 52. artikuluan ezarritako mugarekin.

55. artikulua. Izaba eta Uztarroz herriek bere egiten dute epaien bidez lortu duten eskubidea beren herrietako alorretan ondoz ondo behin eta berriz ereiteko, ez badute nahi sailetako aukera bete; baina kasu horretan ogialorrak edukitzeari utziko diote eta haien larreak komunak izango dira. Eta egunen baten aukera hori egiten badute, Batzordeari jakinarazi beharko diote, beranduenez Urzainkin urtero abuztuaren 24an egiten den bilkura arruntean.

56. artikulua. Ogialorretako eta etxamendietako mugarrien azterketa egin behar denean, betiere, Batzordeak izendaturiko perituek egiaztatuko dute, eta horien dietak ogialorra edo etxamendia zein udal-mugartetan dagoen, herri horrek ordainduko ditu.

57. artikulua. Aipatu ogialorrak debekatuak izango dira urtero apirilaren batetik abuztuaren 24ra arte, eta egun horretan Ibaxako Batzordeak askatzen ez baditu, debekuak jarraituko du Batzordeak askatzea erabaki arte. Hala ere, Udalek, urtero gertatzen diren inguruabarrak ikusirik, ogialorrak debekatzen ahalko dituzte apirilaren bata baino geroagoko data batera arte, Batzordeari data horren berri emanez egun horren aurretik.

58. artikulua. Etxamendiak debekatuak izango dira urtero maiatzaren 3tik irailaren 29ra arte.

59. artikulua. Ogialorretako belarrak beren etxamendiekin errentan emateko denbora beti izango da lehenbizikoena, udal bakoitzak enkantea egiten duen egunetik Batzordeak askatzen duen arte; eta bigarrenena askatzen den egunetik irailaren 29ra arte.

60. artikulua. Ogialorretako mugen barnean jabetzak dituzten guztiek, ereiteko txanda dagokien urtean, antzinatik egin ohi den bezala, zalantzarik gabe mozteko belarra haz daitekeen lursail zati bat edo beste erreserbatzen ahalko dute. Eta abelburuak larratzeko eta artzainek zaintzeko ez badira, beren jabeek zehazki maiatzaren 3an markatu beharko dituzte, zatiaren edo zatien erpinetan, eta haien inguruan aitzurrarekin mugitutako lurrean, metro bat eta bi metro arteko makila gurutzeak sartuz.

61. artikulua. Ogialorra dagoen mugarteko udalak susmoa badu edo kexa badu aurreko artikuluan ezarritako belarren markatzea egin dela horretarako ez diren lurretan, dela elkorrak direlako dela beste arrazoi batengatik, perituen azterketa egiteko aginduko du eta, planoan hura ikusirik, bidezkoa dela uste duena ebatziko du.

62. artikulua. Debekua dagoen artean ezin izango da ezein abelburu ez artalde sartu larratzera ogialorretako eta etxamendietako uztondoetan, ez ereindako gainerako lurretan, sailetik erretiratu gabeko sorta bakar bat dagoen artean eta horien jabeek uzta edo laboreak biltzen bukatu arte, jabetza bereko larrainetan egiaztatzen bada, eta uztondo horiek gorde ahal izateko, sailen jabeek, sailaren lau erpinetan aitzurrarekin mugitutako lurrean, goialdean labore sorta bat lotua duten metro bat eta bi metro arteko makilak sartu beharko dituzte, beti egin izan den moduan. Eta aipatu jabeek ezingo dute utzi moztu gabe ezein motatako laborerik, sasoian egonik, uztondoa gorde dadin, zeren nabaritzen bada, abelburuak hartan larratzera sartzen ahalko baitira.

Ez artzainek ez beste inork ezingo du sortarik kendu ez jaso sailetatik, uztondoak larratzeko asmoz, ez eta aipatu seinaleak suntsitu ere.

63. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoa kaltetu gabe, sailen jabeak lanerako edo zamarako abelburuak larretzen ahalko ditu, bereak eta ez beste inorenak, bere sailetako uztondo eta larreetan, baina ez beste inorenetan. Ibaxako edozein herritar handik pasatzen bada abere mota berarekin, abereak bertan larretzen ahalko ditu ematen dien atseden denboran.

64. artikulua. Ereintza, lugorri, uzta edo fruituak biltzeko denboran, lanerako eta zamarako abereek ogialorretan larretzen ahalko dute, ereindako lurren eta uztondoen artean, baina haiek zaintzen dituen artzaina bertan dela, edo sokaz loturik, kalterik sor ez dezaten.

64. artikuluaren eranskina. Batzordeak, 1897ko apirilaren 23ko bilkuran, Gardeko hainbat bizilagunek egindako eskariaren ondorioz, ogialorrak herri bakoitzarentzat bakarrik direla ulerturik, honako hau erabaki zuen: ogialorretan larretzen ahal diren abelburuak, 64. artikuluan adierazten direnak, direla herri bakoitzekoak berenetan, eta ez beste herri batzuetakoak, ez bada ogialor hori edo horiek dauden mugarteko udalak baimena eman duela.

65. artikulua. Urde aziendak ezingo du sartu larratzera ogialor eta etxamendietan, betaturik dauden denboran, ez eta ereindako aldean ere, uzta bilduta egon arte. Xaxguetan baizik ez da onartuko.

66. artikulua. Suteak sortzeko arriskua dagoenez, eta sailetako belarrak galtzeko arriskua saihesteko, haien aprobetxamendua kaltetuz, debeku da uztondoak erretzea, bai jabeendako bai besterendako.

67. artikulua. Ibaxako ezein herritarrek ezingo du hartu, ez sasi-kontratuz ez beste inolaz ere, beren artaldeetan, ez haietatik kanpo, Ibaxatik kanpoko abererik Ibaxako hermendietan larratzeko, ez eta herrietakoetan ez jabetza partikularretan ere, bestela Ibaxatik kanpo atera beharko ditu, bere kargurako eta bere erantzukizunpean, ez eta Errege Bardeara bideratzeko bada ere, ez bada herri partzuerren batekoak direla.

67. artikuluaren eranskina. 1896ko abuztuaren 24ko bilkuran, zabalpen gisa eta 67. artikulua hobeki bete dadin, honako hau erabaki zuen: Kanpoko abereak, ardi edo ahuntz azienda, erosi dutela dioten Ibaxako herritarrek, ordura arte ez ustezko erosleak ez beste erronkariar batek ere erabili ez duen marka, seinale edo erredura markak dituztenak, beren herriko alkateari jakinarazteko betebeharra dute, udal jurisdikzioan dauden Ibaxako larreetan sartzen dituztenetik 24 orduko epean, eta aldi berean dagokion osasun agiria aurkeztu behar dute, eta betekizun horiek ez betetzeak 15 pezetako isuna dakar eta berehala aplikatuko da Ibaxako ordenantzetako 67. artikulua: Erosketa hori frogatzea alkatearen aurrean, legeen aldetik akasgabeak diren bi lekukoren bidez, zin eginez deklaratzen dutenak azienda salmenta/erosketaren lekuko izan direla; edo salmenta/erosketaren agiria aurkeztuz, legeen aldetik akasgabeak diren bi lekukok sinatua. Eta bi kasuotan, gainera erosleak zin egingo du salmenta/erosketa hori ez dela itxurazkoa edo iruzurra, baizik eta egiazkoa; eta handik aurrera, aipatu azienda motak Ibaxan sartzeko, ez da aski izango artzainak eta ustez eroslea denak egindako baieztapen hutsa. Batzordea jakinaren gainean egon dadin eta goberna dezan, alkateek Erronkariko alkateari, Batzordeko burua baita, berehala jakinaraziko dizkiotela gertatu diren kasu guztiak beren inguruabar guztiekin.

Era berean, erabakia ekarri zuen gertaera zehatzari dagokionez, ebatzi zuen frogatzen baldin bada Burgiko udal-mugartean aktan aipatzen diren bertako herritarrek sarturiko Sigüéseko artaldearen erosketa itxurazkoa izan zela, ordenantzen 67. artikulua aplikatzeaz gainera, Epaitegira igor dadila dagokien erruaren zatia, itxurazko kontratuaren bidez egiazko delitua egiteagatik hirugarren bat kaltetuz, halakoak Zigor Kodean zigorturik baitaude.

68. artikulua. Batzordeak bere egin beharrekoei erantzuteko beharrezkotzat jotzen duenean funtsak eskuratzea, agintaritza eskudun nagusiaren onespenarekin, Ibaxako larre komunak aprobetxatzeagatik kanon bat ezartzea erabakitzen ahalko du ariel gisa azienda mota guztien gainean, komenigarri ikusten duen moduan eta neurrian. Eta hori egiten denean, udal bakoitzari herri bakoitzean jasotzen den kopuru osoaren ehuneko bosta ordainduko zaio, diru-bilketa gastuen kontzeptu gisa.

X. KAPITULUA

Belarren errentamendua

69. artikulua. Batzordeak, antzinatik egin ohi duen moduan eta beharrezkotzat jotzen duen artean, Portuak eta Trozoak deitzen diren Ibaxako lurretako belarrak errentan ematen jarraituko du, urtero garairako, apirilaren hogeitik, orduan debekatutzat hartuko baitira, irailaren hogeita bederatzira arte, komenigarritzat jotzen dituen postura eta baldintzetan; eta hala ere errentamendua zabaltzen ahalko du beste lur batzuetara, Portu eta Trozoetarako egiten duen modu berean.

1976/05/12ko Erabakia. Apirilaren 22an ebazteke gelditu zen 1. gaiari dagokionez, Izabako zenbait abeltzainek egindako idazkiari buruz non eskatzen baitzuten Ibaxako portu guztiak askatzeko Puerto Grande askatzen den egun berean, hau da, abuztuaren 24an, irailaren 29an egin beharrean. (...) luze eztabaidatu ondoren, Batzordeak, aho batez erabaki zuen, aurten, irailaren batean aska daitezela Ibaxako Portu eta Trozo guztiak. (...).

1979/08/24ko Erabakia. Ogialorrak eta Puerto Grande askatzeari buruzko deialdiaren lehen puntu gisa, ikusirik horren gainean herrietako ordezkariek ematen duten informazioa, erabaki da Ogialorrak eta Puerto Grande askatzea bihar goizaldean, ohi bezala, Portu eta Trozoei dagokienez, 1976ko maiatzaren 12an hartutako erabakian xedatua betez.

1995/04/27ko Erabakia. Portuak eta Trozoak askatzeari dagokionez, erabaki da Portu eta Trozo guztiak askatzea abuztuaren 25ean goizaldean.

1995/08/24ko Erabakia. Ogialorrak eta Puerto Grande askatzeari dagokion gai arruntari dagokionez, ikusirik ordezkariek egiten dituzten adierazpenak, eta 1995eko apirilaren 27an Portu eta Trozoei buruz hartutako erabakiaren bat, erabaki da Ogialorrak eta Puerto Grande askatzea bihar goizaldean, ohi bezala.

70. artikulua. Bai aipatu Portu eta Trozoetako belarrak errentamenduan ematea erabakitzeko bai hori beste lur batzuetara zabaltzeko, Batzordeak aho batez adostu beharko du, Nafarroako Errege Kontseilu iraungiaren 1665eko maiatzaren 23ko epaian ezarri bezala.

70. artikuluaren eranskina. Foru eta Probintzia Diputazioak, 1899ko uztailaren 26an eman dekretuaren bidez, Gardeko Udalak hasitako espedientean, honako hau ebatzi zuen: Ibaxako ordenantzen 70. artikuluan ulertu behar dela ahobatezkotasunik ez dagoenean, gehiengoaren adostasunak balioko duela, gutxiengoak ez badu bere aurkakotasuna oinarritzen herrietako aziendari sorrarazten zaizkion kalteetan, baina inoiz ez du balioko larreen aprobetxamenduaz besteko gaietan oinarritzen bada. (1899ko abuztuaren 24ko akta).

71. artikulua. Errentamendua egingo da Ibaxako herritarren azienda mota guztiek belarra aprobetxatzeko, kopurua zehaztu gabe.

72. artikulua. Errentamendu horiek egingo dira ezertan kaltetu gabe Ibaxako herritarrek lur horietan, errentamenduaren denboran zehar,daukaten gainerako produktuen aprobetxamendua, errentamenduan ez baleude bezala.

72. artikuluaren eranskina. 1895eko abenduaren 7ko Errege Agindu bat errebokatzean Auzien Epaitegiak 1889ko urtarrilaren 26an emandako epai baten bidez, ezarri zen finka batek ez duela komun izaera galtzen bere produktuetako batzuk errentamenduan emateagatik, hori herritarrek antzinatik daukaten eta erabiltzen duten gainerako aprobetxamendu komun eta doakoak kaltetu gabe eta udal bakoitzak arautu gabe egin bada.

73. artikulua. Ogialorrak dauzkaten udalek horien errentamendua egingo dute, beren etxamendiekin, edozein azienda motarendako, kumeak edo helduak izan, larretzeko zehazten duten kopuruan, enkantea behin betiko adjudikatzen denetik Ogialorrak askatzen diren egunera arte, eta Etxamendietan askatzen diren egunetik irailaren 29ra arte, eta halaber, gehitzen ahalko duten ahuntz kopurua adieraziko da, foru diputazioak ahuntz-aziendari buruz kasu bakoitzean eman eta indarrean diren xedapenetan ezarritakoa betez. Herri bakoitzean udalek, komenigarri ikusten badute, zehazten ahalko dute zein ogialor adjudikatu beharko den azienda mota bakoitzarendako edo, enkantea egin dezakete belarrak zein azienda motak aprobetxatu behar dituen zehaztu gabe.

74. artikulua. Portu eta Trozoetako belarren erremategileek eta ogialorretakoek ere, errentamenduaren denboran zehar lege orokorrak jabeendako ezartzen duen eskubidea edukiko dute belarrak zainduko dizkien zaindariak jartzeko, eta zaindari horiek lur horiek dauden jurisdikzioetako alkateen aurrean, egin beharreko zina egingo dute. Alkate horiek artikulu honen ondorioz salatzen ahal dizkieten falten jakinaren gainean egon behar dute gobernuz, udal legeriak ematen dizkien eskudantzien barnean.

XI. KAPITULUA

Mendiko estalpeak

75. artikulua. Mendietan dauden eskortak eta gainerako estalpeak beren jabeek itxita edukitzen ahalko dituzte, horien barnean azienda ibilita laboreak, belarrak edo bestelako gaiak kaltetuak izan daitezkeenean soilik; eta zabalik daudela, edozeinek ixten ahalko ditu bere artaldeak antzinatik egin ohi den moduan; hau da: eskortaren edo estalpearen jabearenak ez diren bi artalde edo gehiago aldi berean iristen badira hartan artaldea ixteko asmoz, beharrik handiena duenak izango du lehentasuna, hau da, artilea moztu berri edukirik eta euri edo ekaitzengatik kaltetzeko arriskua daukana, bestea moztu gabe badago; eta bi artalde edo gehiagorendako arriskua badago, elkarrekin sartzen ahalko dira artilea mozturik edo moztu gabe badute eta, denak sartzen ez badira, egoera berdinean daudenetatik lehen iritsi dena sartuko da, baina beti edukiko du lehentasuna eskortaren edo estalpearen jabeak.

76. artikulua. Antzinatik ezarria den bezala, debekatua dago ardi edo ahuntz aziendaren ezein jabek ez artzainek baztanga gaixotasuna edo beste edozein epizootia duen ardi edo ahuntz talderik ixtea mendiko eskorta ez bordatan, ez beren ez inorenean, ez eta bazkatzeko edo sesteatzeko balio duten haitzetako lezeetan ere, beste batzuk kutsatzea saihesteko xedez.

XII. KAPITULUA

Gaztandegiak

77. artikulua. Gazta egiteko etxola edo lekuetarako eskubideari buruzko zalantzak argitu eta galderak saihesteko, aurrekoan bezala, honako hau ezarri da: alderdira goizez, gazta egiteko arroparekin eta tresnekin iristen den lehenbizikoak edukiko du lehentasuna, baina arratsaldean alderdi horretara iritsi behar da gazta egiteko esnea eman behar duen artaldea; eta ez bada hala egiten, eskubide hori galduko du. Ohartarazten da gune batean kokapen seinale horiek egiten direnean ezin izango direla beste gune batean egin egun berean; eta egiten badira, ez dute baliorik edukiko.

78. artikulua. Arratsaldez alderdi horietako batera iritsiz gero gazta egiteko asmoz, eta horretarako seinalaturik dagoela adierazten duten objektuak ez badaude, jabetza hartzen ahalko da eta arratsalde berean eraman, esnea eman behar duen artaldea.

79. artikulua. Kabañizo izenez ezagutzen diren lekuak, aurreko bi artikuluetan adierazten diren helburuetarako, ezin dira ez lugorritu ez erein ere.

XIII. KAPITULUA

Aziendaren joan etorriak

80. artikulua. Belarren errentamenduaren harira edo beste herrialde batzuetarako bidean Ibaxara etor daitekeen kanpoko azienda, altxonbidetik igaro beharko da datorren guneraino, eta gauza bera egingo du itzuleran; eta horretarako, joan-etorrian zeharkatutako herri bakoitzeko alkateak gidaria jarriko dio bideratzeko eta altxonbidea erakusteko, eta horren gainean probintzia honetako legeek ezarritakoa beteko da.

81. artikulua. Batzordea arduratuko da Ibaxako altxonbide nagusiak kontserbatu eta zaintzeaz, eta ogialorretarako dauden altxonbideez, udal bakoitza.

XIV. KAPITULUA

Azienda birulentoa

82. artikulua. Abeltzainek, artzainek, zaindariek edo beste edozeinek nabaritzen badute ezein azienda motatan epizootiaren bat, eta zehazki baztanga, lehenbailehen jarriko du azienda hori dagoen jurisdikzioko alkatearen jakinaren gainean; hark berehala aginduko du zorrotz aztertzeko, eta albaitari batek egiaztatuko du, eta halakorik ezean, albeitar batek adituren batekin batera.

83. artikulua. Gaixotasuna dagoela jakinik, ardi eta ahuntz azienda bada, berehala bidaliko dira xede horretarako Ibaxak dauzkan eta 92. artikuluan adierazten diren alderdietan mugaturiko belarretara, eta artalde bakoitzarendako beharrezko zatia adieraziko dute bi aditu adimendunek, artaldea zein herritakoa den, bertako alkateak izendatuak, eta horiek ezarriko dituzte erizaintzarako markaturiko sailaren perimetroa zehazteko beharrezko mugak eta kontramugak.

83. artikuluaren eranskina. Batzordeak, 1897ko irailaren 15eko bilkuran, erabaki zuen, partez 83. artikulua aldatuz, Izaba, Urzainki, Erronkari eta Garde herrietako artalde bakoitzarendako behar den zatia lau perituk egiaztatuko dutela; hots, lau herrietako bakoitzetik bat, herriko alkateak izendatua, azienda gaixoaren jabearen herrikoak aldez aurretik jakinarazi ondoren, galarazi gabe 85. artikuluan ezarritakoa, eta lau perituen artean egingo dute seinaleztatzea, 92. eta 93. artikuluen arabera eta artaldeen jabeen erantzukizuna izango da lau peritu horien dietak ordaintzea.

84. artikulua. Gaixotasuna gertatuko balitz artaldean ibiltzen ez diren abelburuetan, udal bakoitzak hartuko ditu kutsatzea saihesteko egoki ikusten dituen neurriak.

85. artikulua. Gaixotasun infekziosoetako bat deklaratzen den herri-mugarteko alkateak berehala jakinaraziko die Ibaxako gainerako alkateei bai eta jakinaren gainean egon daitezen haiek eta artalde gaixoarendako mugaturiko belarretatik hurbil beren artaldeak larratzen dauzkaten abeltzainak.

86. artikulua. Gaixorik dauden artaldeek beren larre eta barrutietan jarraitu beharko dute harik eta sendatzeaz arduratzen den albaitariak edo albeitarrak gaixotasuna erabat desagertu dela ziurtatu arte.

87. artikulua. Gaixorik dagoen edo dauden artaldeak Erribera aldetik badatoz eta Garde, Erronkari, Urzainki eta Izaba herrietakoak badira, Burgiko mugartera, Ollate izeneko gunera, iritsi bezain laster, arduradunak herriko alkateari gidari bat eskatuko dio altxonbidetik joateko, egun horretan bertan iritsi ahal izateko Bideko Ama Birjinarenera. Gune horretatik biharamunean jarraituko dute bidean, altxonbidetik halaber, Erronkariko alkateak emandako beste gidari batekin Urzainki herriraino, eta hango alkateari jakinarazita, bidean jarraituko dute Izabaraino gidaririk gabe herri horretakoak direnak, zeren harainoko distantzian gidaririk gabe joan baitaitezke galdu gabe eta kutsa ditzaketen lekuetan sartu gabe; eta horietako bakoitzetik artaldeak bideratuko dira, gidariekin, esleitu zaien guneraino, 92. artikuluari jarraikiz. Garde herrikoek, bertako gidariarekin batera, betiko altxonbidea hartuko dute ohi bezala Puente nuevon, eta bertatik Armentadoia guneraino jarraituko dute.

Aipatu artalde gaixotuak Bidankoze eta Uztarroze herrietakoak badira, Burgiko mugarterainoko altxonbide zatia oso laburra denez gero, ez dute nahitaez gidaria hartu behar, baina bai jakinarazi behar diote alkateari jakinaren gainean egon dadin hura eta bertako abeltzainak ere; eta Uztarrozekoak Bidankoze udal mugartera iristen direnean, bertako alkateari gidaria eskatuko diote bere jurisdikzioa bukatu arte: eta bai herri batekoek bai bestekoek beren artaldeak gidariarekin bideratuko dituzte esleitu zaizkien gunetaraino, 92. artikuluari jarraikiz.

Aipatu artaldeak bidean doazen artean, geratzen ahalko dira larretzera altxonbidean, baina soilik arauturik dauden ohiko lekuetan.

Ahalegina egingo da alkateek jartzen dituzten gidariak udaltzainak izan daitezen, eta enkargu bakoitzeko bi pezeta ordainduko zaio bakoitzari.

88. artikulua. Artaldeak Erribera aldera eraman beharko balira neguko larreetara, artean baten batek baztanga edo beste gaixotasun kutsakorren bat duela, artaldea ezin izango da abiatu harik eta osasuntsu daudenak joanda egon arte, ez bada urriaren hogeirako ez direla joan, eta kasu horretan, gidariekin egingo lukete bidea, aurreko artikuluan ezarritako moduan.

88. artikuluaren eranskina. 1897ko irailaren 15eko Batzordearen erabakiarekin bat, artikulu honen eranskin gisa, probintziako gobernadore zibilari kontsulta egin zitzaion hilaren 16an, bi puntu hauei buruz: “1. Udalen betebeharra ote den lurrak markatzea eta mugatzea txertoa hartu duten edo hartu nahi duten artalde osasuntsuendako, eta 2. Artalde horiei aplikatzen ahal zaien baztanga gaixotasuna dutenendako ezarritakoa, hau da, Erribera aldera abiatu ez daitezen txertoaren eragina gainditu eta albaitariak aske eta osasuntsu daudela deklaratu bitartean”. Eta agintaritza nagusi hark, hilabete bereko ofizio baten bidez, honako hau erantzun zuen: “Kontuan hartuz aziendak txertoaren eragina gainditu ez duen artean, gaixotzat hartu behar dela, erabaki dut zuri adieraztea udal horrek gaixotasunen bat garatzea saihesteko beharrezkoa den guztia egiteko betebeharra daukala eta, ondorioz, kontsultatzen dituzun bi gaietan azaltzen diren neurriak hartzekoa, horren gainean eman diren xedapen guztiak betez.

89. artikulua. Gaixorik dagoen artaldearen jabeak abian jarri baino hamabi egun lehenago, bere herriko alkateari jakinaraziko dio zein gunetara doan eta artaldeak gurutzatu beharreko altxonbideak eta mugarteak adieraziko dizkio; eta jarraian alkate horrek probintziako gobernadore zibilari eta gaixorik dagoen artaldeak egoitza finkatu arteko guneraino igaro behar dituen mugarteetako alkateei jakinaraziko die.

90. artikulua. Artalderen batetik zenbait abelburuk alde egingo balute gaixorik dauden abereak dauden sailera, ezin izango dira atera, hartan gelditu beharko dute, kutsatu balira, epidemia hedatzea saihesteko; eta aitzitik, gaixorik dagoen artaldetik osasuntsu dagoenarekin elkartuko balira, talde osasuntsuaren artzainak berehala bereizi eta haien lekura eramango ditu, eta arreta handia jarriko du bere artaldean kutsatze sintomarik aurkitzen ote duen ikusteko.

91. artikulua. Epizootia eta zehazki baztanga deklaratuko balitz artaldeak Errege Bardean daudela, jabeek edo bestela, ardura duten artzainek, bertako ordenatzetan horretarako ezarritakoa beteko dute; eta Erriberako beste alde batzuetan edo handik kanpo daudela deklaratuko balitz, dauden mugarteko alkateari jakinaraziko diote.

92. artikulua. Gaixorik dauden abelburuendako 83. artikuluan zehazten diren belarrak eta urak, honako hauek dira: Izaba, Urzainki, Erronkari eta Garde herrietarako, Armentadoia, Surgizea eta Berroeta izeneko Ibaxeko alderdi edo mendietan; Uztarroze eta Bidankoze herrietarako, Dronda eta Armuskoa alderdietan, hurrenez hurren; eta Burgi herrirako, bere mugartean Udalak adierazten dituenak.

93. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen diren lurretan ez balego aski leku gaixorik dauden abereak iritsi ahala kokatzen joateko, Udal bakoitzak bere mugartean moldatuko du soberakina ahalik eta hobekien.

KAPITULUA

Abelburuen hidrofobia o errabia

94. artikulua. Abereen jabeek, artzainek, zaindariek edo beste edozeinek abere edo txakurren batean edo beste animaliengan errabia sintomarik nabaritzen duten unean, berehala hilko dute, eta beste batzuei hozka egin dielako susmoa badute, arreta eta zaintza berezia jarriko dute, sintomarik txikiena agertzean, akabatzeko.

95. artikulua. Abere edo animalia hidrofoboa beste norabait abiatu bada, mugarteko alkateari jakinaraziko zaio, eta hark berehala jakinaraziko die Ibaxako gainerakoei eta kanpokoei ere bai, aberea beste leku baterantz abiatu bada, jazarri eta akaba dezaten.

XVI. KAPITULUA

Zigor xedapena

96. artikulua. Zazpi herrietako alkateak arduratuko dira, beren jurisdikzioetan, ordenantza hauek bete daitezen, eta haiek gobernuz zuzendu eta zigortu beharko dituzte zigor berezirik esleitzen ez zaien arau-hauste penalak, hamabost pezeta arteko isunak jarriz. Isunak dagokion paperean eskatuko dira, kalteak konpontzeko eta kalte-ordainak ordaintzeko eskaerarekin batera, udal legean ezarritakoa betez.

Hermendietan dagokion baimenik gabe sartzen diren abelburuen jabea honako isunarekin zigortuko da, abelburu bakoitzeko: 1. 50 pzta., azienda xeheko buru bakoitzeko. 2. 500 pzta., azienda larriko buru bakoitzeko. Isun hauek eragindako kalteen kalte-ordainak ordaintzetik bereizirik ulertu behar dira.

96. artikuluaren eranskina. Batzordeak, 1994ko uztailaren 14ko bilkuran, artikulu honi erantsitako bigarren paragrafoa aldatzea erabaki zuen 1967ko abuztuaren 24ko bilkuran eta honela idatzirik gelditu zen: “Hermendietan dagokion baimenik gabe sartzen diren abelburuen jabea honako isunarekin zigortuko da, abelburu bakoitzeko: 1. 100 pzta., azienda xeheko buru bakoitzeko. 2. 1.000 pzta., azienda larriko buru bakoitzeko. Isun hauek eragindako kalteen kalte-ordainak ordaintzetik bereizirik ulertu behar dira”.

97. artikulua. Hermendietan zuhaitzak mozteagatik eragindako kaltea hamabost pezetatik gorakoa denean, alkateari jakinarazi beharrean, agintaritza eskudunari jakinaraziko zaio gertaera.

98. artikulua. Zuhaitzen edo zuren lapurreta gertatuz gero, jakinarazpena eta zigorra agintaritza judizialari dagokio.

99. artikulua. Mendietan zuhaitzak moztearekin eragindako kalteen balio justua emango dute jurisdikzioko alkateak izendatzen dituen bi aditu adimendunek. Larreetan gertatzen direnenak herri bakoitzean dauden zinpeko apreziatzaileek emango dute.

100. artikulua. Oro har Ibaxako hermendietan eta larreetan eragiten diren kalteen zenbatekoa, alkateek Ibaxako funtsen Gordailuzaintzan sartuko dute. Ogialor eta etxamendien larreetakoa herri bakoitzarenean, eta horiek eta Portu eta Trozoetakoak errentan emanda badaude, erremategileei emango diote.

101. artikulua. Ordenantza hauetako faltengatiko erantzukizunetik salbuesteko, preskripziorako, faltak arindu edo astundu egiten dituzten inguruabarretarako, erantzule kriminal eta zibilendako eta adingabeen erantzukizunerako, alkateek aintzat hartuko dute Zigor Kodean ezarritakoa, aplikatzen ahal den neurrian.

102. artikulua. Ibaxako zaindariez eta herri bakoitzetakoez gainera, Ibaxako edozein bizilagun herritarrek salatzen ahalko ditu ordenantza hauen arau-hausteak, horiek gertatzen diren jurisdikzioetako alkateen aurrean, eta salatzaileek isunen zenbatekoaren heren bat jasoko dute.

ARTIKULU GEHIGARRIAK

1. artikulua. Batzordeak, komenigarri edo beharrezkotzat jotzen duenean, ordenantza hauek berritzen ahalko ditu, osorik edo zati batean, baina mankomunitatearen eskubidetik atera gabe.

2. artikulua. Bere horretan jarraituko dute zaindarien izendapenei eta kalteen apreziatzaileei eta horien betebeharrei dagozkien Ibaxako hainbat herriren arteko itunek, hitzarmenek eta konpromisoek, mankomunitateari baitagozkio, beren artean baliogabetzen ez dituzten artean, betiere.

Iragarkiaren kodea: L1712824