152. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IMOTZ

Aldaketa, Haur Hezkuntzako 0-3 urteko ziklorako diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzan

Imozko Udalak, 2018ko uztailaren 5ean egin bilkuran, behin betiko onetsi zuen aldaketa, Haur Hezkuntzako 0-3 urteko ziklorako diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzan. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, osorik ematen da argitara.

Imotzen, 2018ko uztailaren 6an.–Alkatea, José Ángel Iturralde Vildarraz.

ALDAKETA, HAUR HEZKUNTZAKO 0-3 URTEKO ZIKLORAKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAN

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Imozko udalerrian diru-laguntzak emateko irizpideak eta prozedura antolatzea eta ezartzea. Helburuak zehaztu nahi dira, eta bizilagun zein entitateei laguntzak baldintza berdinetan ematen zaizkiela bermatu. Laguntza hauek Udalaren eskumenen ordezko edo osagarri diren zerbitzu eta jardueretarako dira.

Kasu honetan, helburua da laguntza ematea beren seme-alabak haur eskola publiko zein pribatuetara eramaten dituzten familiei, Imozko Udalak, Basaburuko Udalarekin batera, 2014ko ikasturteaz geroztik zerbitzu hori eskaintzen badu ere (Ttikiena Haur Eskola).

Sare publikoak Haur Hezkuntzako 0-3 urteko zikloan dituen mugak eta gabeziak direla eta, familia askok haien seme-alabak haur eskola pribatuetan eskolatu behar izaten dituzte, eta, horren ondorioz, gastu handiari egin behar izaten diote aurre. Udalak errealitate hori ere aintzat hartu nahi du ordenantza honetan.

2. artikulua. Diru-laguntza da Udalaren kontura Osoko Bilkurak ematen duen edozein laguntza, zuzenekoa zein zeharkakoa, eta ekonomikoki baloratzen ahal dena, hala nola, bekak, sariak eta laguntza pertsonaleko bestelako gastuak.

3. artikulua. Diru-laguntzak honako arau hauei jarraikiz emanen dira:

1.–Borondatezkoak eta aldi baterakoak izanen dira, ordenantza honetan kontrakoa ezartzen ez bada.

2.–Ezin izanen dira aurrekaritzat jo.

3.–Haur Hezkuntzako 0-3 urteko zikloan sare publikora jotzen duten familien kasuan, diru-laguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da: haur eskolaren titularra den udalak, Imozko haurrak hara eramateagatik, familiei dagokien tarifatik goiti ordainarazi duen kantitatea –hau da, gurasoen tarifatik eta Nafarroako Gobernuaren laguntzatik goiti ordaindutako kantitatea–, baldin eta Ttikiena Haur Eskolan behin-behinean izena eman eta matrikula egin bada eta plaza hutsik ez baldin badago.

4.–Haur Hezkuntzako 0-3 urteko zikloan sare pribatura jotzen duten familien kasuan, sare publikoan ordaintzen den tarifaren %25 jasoko du familia bakoitzak, baldin eta ordaindutako kantitatea sare publikoko gurasoen tarifa baino handiagoa edo berdina bada. Sare pribatuan ordaindutako kantitatea sare publikoko gurasoen tarifatik beheitikoa bada, ordaindutako kantitatearen %25ekoa izanen da diru-laguntza, Ttikiena Haur Eskolan behin-behinean izena eman eta matrikula egin bada eta plaza hutsik ez baldin badago, betiere.

5.–Ezin izanen da diru-laguntza handitzea edo berritzea eskatu.

4. artikulua. Eskuzabaltasun hutsez diru-laguntzak emateko hartzen diren erabakiek ez dute inolako baliorik izanen.

II. KAPITULUA

Eskatzaileak

5. artikulua. Honako pertsona hauek eska ditzakete diru-laguntzak:

A.–Imotzen erroldaturik dauden haurrak Haur Hezkuntzako 0-3 urteko zikloko zentroetara eramateagatik ordaintzen duten pertsona fisikoak.

III. KAPITULUA

Eskaera egiteko prozedura

6. artikulua.

1.–Udalak, osoko bilkuran, urtero zenbateko bat ezarriko du aurrekontuan, diru-laguntza jaso dezaketen jardueretara bideratzeko.

2.–Zenbateko hori aurkezten diren eskaeren artean banatuko da, urtero zehazten diren helburuen arabera.

3.–Udalak urtero onetsi eta argitaratuko ditu deialdiaren oinarriak, urtarrila eta martxoa bitartean.

7. artikulua. Diru-laguntza, bukatzen den ikasturteari dagokiona, irailean eskatuko zaio Udalari.

8. artikulua. 5. artikuluan aipaturiko eskatzaileek agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Haurra Imozko Udalean erroldatua dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Haur eskolaren titularra den udalak familiei ordainarazten dien kantitatea, zerbitzuaren truke ordaindu behar den tarifatik goitikoa, ordaindu izanaren ziurtagiria edo ordainagiria.

c) Sare pribatura jotzen duten familien kasuan, azkeneko errenta aitorpena, haur eskolaren tarifen taularekin konparatzeko.

9. artikulua. Udalak ebazpena emanen du, aurkeztutako eskaerak aztertu ondoan.

IV. KAPITULUA

Eskatzaileen betekizunak

10. artikulua. Jarduera baterako diru-laguntza eskatze hutsak berarekin dakar ordenantza hau eta diru-laguntza emateko oinarriak ezagutzea eta onartzea.

11. artikulua. Ordenantza honetako betekizun eta zehaztapenak ez betetzeak diru-laguntza kentzea ekar dezake, eta betiere hurrengo deialdietan parte hartzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

V. KAPITULUA

Justifikazioa eta kobrantza

12. artikulua. Ordenantza honetako oinarrien arabera eman den diru-laguntza jasotzeko, ezinbestekoa da ikasturtea bukatuta egotea, eta Imozko Udalean honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Haur eskolaren kostua ordaintzen duen pertsonak sinatutako eskabidea, alkateari zuzendua. Eskabidean adieraziko da zein kontu korronte zenbakira eginen den transferentzia.

b) Haurra Imozko Udalean erroldatua dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Haur eskolaren titularra den udalak familiei ordainarazten dien kantitatea, zerbitzuaren truke ordaindu behar den tarifatik goitikoa, ordaindu izanaren ziurtagiria edo ordainagiria.

d) Sare pribatura jotzen duten familien kasuan, azkeneko errenta aitorpena, haur eskolaren tarifen taularekin konparatzeko.

13. artikulua. Diru-laguntza jasotzeko eskaerak 30 eguneko epean aurkeztuko dira, Udalak diru-laguntzaren deialdiaren oinarriak onartzen dituenetik hasita. Eskaerekin batera aurkeztuko dira 14. artikuluan adierazten diren ziurtagiriak. Udalak espedientea aztertuko du, eta Udalak edo Alkatetzak diru-laguntza onetsiko du, eta, hala badagokio, ordainduko du, baina diru-laguntza murriztu edo ukatu ahalko du aurrekontuko partida agortzen baldin bada.

Xedapen iragankorra.–Salbuespenez, eta soilik 2012-2013 ikasturteari dagokionez, Udalak azaroan onetsiko ditu deialdiaren oinarriak. Halaber, eta soilik 2012-2013 ikasturteari dagozkion diru-laguntzak jasotzeko, eskaerak urtarrilean aurkeztu beharko dira.

Azken xedapena.–Ordenantza hau 13 artikuluk, xedapen iragankor batek eta azken xedapen batek osaturik dago, eta balioa izanen du Udalak behin betiko onetsi eta haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen denetik hasita; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua bete beharrez.

Iragarkiaren kodea: L1808972