152. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

533E/2018 EBAZPENA, ekainaren 29koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoa onesten duena, Inguruneko zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentarauaren hirugarren fasearen aplikazioari dagokionez.

Inguruneko zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua onetsi zenez, eta Zaratari buruzko Legeak eta hura garatzen duten erregelamenduek zuzentarau hori Espainiako antolamendu juridikora ekarri zutenez, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioa (MAPAMA) behartua dago estatuko, autonomia erkidegoetako eta tokiko administrazioek prestatu beharreko zaratari buruzko mapa estrategikoak eta zarataren aurkako ekintza planak biltzera.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren 8. artikuluak ezarri zuen agintari eskudunek zaratari buruzko mapa estrategikoak prestatu eta onetsi behar zituztela haien lurraldeetako honako eremu hauetarako: 250.000 biztanletik gorako aglomerazioak, urtean sei milioi ibilgailutik gorako trafikoa duten bide ardatz handiak, urtean 60.000 trenetik gorako trafikoa duten burdinbide ardatz handiak eta aireportu handiak. Aurrekoa Inguruneko zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentarauaren lehen fasearen aplikazioa zen.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legearen 4. artikuluak ezartzen duenez, autonomia erkidegoko administrazioak du zaratari buruzko mapak prestatzeko, onesteko eta berrikusteko eskumena, maparen lurralde eremuak udal mugarte bat baino gehiago hartzen baditu.

Horregatik, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 22ko 1355/2008 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko zaratari buruzko mapa estrategikoak onetsi ziren, Inguruneko zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentarauaren lehen fasearen aplikazioan identifikatutako unitateei zegozkienak. Horien artean, Iruñerriko hiri aglomerazioa zegoen, hemeretzi udalerritako lurraldea ukitzen duena.

Zaratari buruzko Legearen 16. artikuluak ezartzen du zaratari buruzko mapak bost urtean behin berrikusi eta, hala badagokie, aldatu behar direla, onesten den egunetik hasita.

Horrela, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak azaroaren 13an emandako 1120/2012 Ebazpenaren bidez, Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoa onetsi zen, Inguruneko zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentarauaren bigarren fasearen aplikazioari zegokiona.

Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko aurreko mapa estrategikoa onetsi zenetik bost urte igaro ondoren, eta aurretik aipatutako araudian xedatutakoarekin bat eginez, mapa berraztertu eta berriro egin da, 2002/49/EE Zuzentarauaren hirugarren fasearen aplikazioari dagokiona.

Mapa estrategiko horren lurralde eremua mugatzean, abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren VII. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatu dira, populazio dentsitatearekin eta populazioaren hurbiltasunarekin zerikusia dutenak, arau horren 9. artikuluan ezartzen den bezala. Horrez gain, aglomerazioko 19 udalerrien multzoaren errealitatea lehenetsi da; izan ere, lurralde ezaugarri eta zaratari buruzko arazo berberak dituzte, funtsean, udalerrietako hiriguneen jarraitasunagatik eta industrialde, zerbitzu-poligono eta azpiegiturak (ingurubideak, trenbidea, aireportua) partekatzeagatik. Helburua izan da Iruñerriari osoko erantzuna ematea, udalerriek mugakide dituzten eremuetan gatazkak saihestuz eta udalek haien ekintza planetan hartzen ahal dituzten neurrien arteko bateragarritasuna bilatuz.

Bestetik, Zaratari buruzko Legearen 16. artikuluak ezartzen du administrazio eskudunek zaratari buruzko mapa estrategikoak onetsi behar izanen dituztela, jendaurrean gutxienez hilabetez jarri ondoren.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak martxoaren 21ean emandako 1/2018 Ebazpenaren bidez (2018ko 85. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 4koan), Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategiko berria, 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentarauaren hirugarren fasearen aplikazioari dagokiona eta hura prestatzeko lanen ondoriozko agiriak jendaurrean aurkeztu ziren hilabete batez, aldez aurreko betebeharra baita haren onespenerako.

Ebazpen honen eranskinean jaso dira aurkeztutako alegazioak eta haien erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskuduntzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoa onestea, Inguruneko zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentarauaren hirugarren fasearen aplikazioari dagokionez. Ondoko udalerri hauen eremu urbanizatuak hartzen ditu: Antsoain, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Zizur Zendea, Eguesibar, Esteribar, Ezkabarte, Galar Zendea, Uharte, Noain Elortzibar, Oltza Zendea, Orkoien, Iruñea, Atarrabia eta Zizur Nagusia.

2. Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategiko horrek zer lur eremu hartzen duen mugatzea eta definitzea, “shape” formatuan dauden artxibo digitaletako informazio geoerreferentziatuaren bidez.

3. Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoari eta haren lur eremuen mugaketari dagozkion agiriak interesa duen edonoren esku jartzea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan eta Nafarroako Gobernuko webgunean (www.nafarroa.eus).

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Iruñerriko Mankomunitateko Eskualdeko Hiri Garraioaren Zerbitzuari; Garapen Ekonomikorako Departamentuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari; Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoari; Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari; eta Antsoaingo, Aranguren ibarreko, Atarrabiako, Barañaingo, Beriaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Burlatako, Eguesibarko, Esteribarko, Ezkabarteko, Galar Zendeako, Iruñeko, Noain Elortzibarko, Oltza Zendeako, Orkoiengo, Uharteko, Zizur Nagusiko eta Zizur Zendeako udalei; eta Rosa María Espinedo Escaladari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko ekainaren 29an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINA

Aurkeztutako alegazioak eta erantzunak

A) Jon Gondán Cabrera jaunak, Zizur Nagusiko alkate-udalburuak, 2018ko apirilaren 5ean, jendaurreko tramitean aurkeztutako alegazio-txostena:

1. Alegazio-txostenaren laburpena: Txostenak ingurumeneko zaratari buruzko indarreko araudiaren azterketa bat egiten du, zarataren mapa estrategiko baten xedea adierazten, eta jendaurrean ezarririko zaratari buruzko maparen emaitzak aztertzen, Zizur Nagusiko udalerriari dagokionez. Halaber, alegatzen du jendaurrean ezarritako agirien artean dagoen Memoriako 4. atalean ez dela aipatu elkarbizitza eta espazio publikoak sustatzeko eta bermatzeko neurriak ezartzen dituen Udal Ordenantza, 2016an Zizun Nagusiko Udalak onetsia, ordenantza horren hirugarren atalean ezartzen baitira kutsadura akustikoari aurre egiteko neurriak. Azkenik, A-12 autobia Zizur Nagusiko hirigune barruan eraikitzea kritikatzen du, eta Nafarroako Gobernuari eskatzen dio autobia hori bizitegi eremutik kanpora desbideratzeko beharrezko tramiteak egiten hasteko. Horretaz gainera, bidegorri bat egiteko ere eskatzen du, Zizur Nagusiko hirigunea eta Iruñeko Pio XII.aren etorbidean eginen den bidegorria elkartzeko.

–Erantzuna: Aurkeztutako alegazioa aintzat hartzen da, eta beraz, Memorian txertatu da, aipatu Udal Ordenantzari aipu bat eginez.

Bestalde, zarataren mapa estrategiko bat zaratari buruzko mapa bat da, xedea duena zehaztea eremu jakin batean inguruneko zer zarata jasan behar duten herritarrek, zarata iturri bat baino gehiago dagoelako. Eremu batean iragarpen globalak egiteko tresna bat ere bada, kutsadura akustikoa murrizteko eta prebenitzeko ekintza planak onartu ahal izateko balio duena. Gainera, inguruneko zarataren gaineko informazioa herritarren eskura jartzeko balio du.

Hori horrela, egindako bi eskaera horiek ez datoz bat zarataren mapa estrategiko batekin, ez baitute helburu jendaurrean ezarritako mapa hori nahiz hari lotutako dokumentuak aldatzea. Eskatutako neurriak kontuan izanen ahal dira 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentarauaren hirugarren fasearen aplikazioari dagozkien hurrengo Zarataren Ekintza Planak egitean.

B) José María Noval Galarraga jaunak, Burlatako Udaleko alkateak, 2018ko maiatzaren 29an, jendaurreko tramitean aurkeztutako alegazioa:

2. Alegazioa: 2015eko ekainaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 125. zenbakian, argitaratu zen 373E/2015 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Burlatako Udalak sustatutako Burlatako Hirigintzako Udal Planari buruzko ingurumen ondorioen aldeko adierazpena egiten duena. Plan hori aldi baterako onetsi zen, 2017ko urriaren 26ko datarekin, eta zonifikazio akustikoan oinarritutako zarataren azterketa bat jasotzen du. Dokumentazio hori bi eremutan aldatu eginen da Udal Plan Orokorra behin betiko onesteko: alde batetik, 1. poligonoko 234. lurzatian Iruña-Burlata multzoaren plan bat (Efidistrict proiektua) tramitatzen ari dira, eta bestetik, 1. poligonoko 1573. lurzatia E motako eremu akustikoan sartuko da. Aurrez adierazitakoaren ondorioz, zarataren eraginaren azterketa Burlatako Udal Plan Orokorraren Berrikuspenaren dokumentazioan jasotzeko eskatzen da, adierazitako bi zuzenketa horiekin lortu baitzen ingurumen eraginaren aldeko adierazpena. Adierazitakoari dagokion zonifikazio akustikoaren mapa eransten da.

–Erantzuna: Zarataren mapa estrategikoak eta haiei dagozkien agiriak onesteko prozedura administratibo honek ez du zerikusirik eta ez dio eragiten lurraldearen zonifikazio akustikoari.

Zarataren mapa estrategiko bat zaratari buruzko mapa bat da, xedea duena zehaztea eremu jakin batean inguruneko zer zarata jasan behar duten herritarrek, zarata iturri bat baino gehiago dagoelako. Eremu batean iragarpen globalak egiteko tresna bat ere bada, kutsadura akustikoa murrizteko eta prebenitzeko ekintza planak onartu ahal izateko balio duena. Gainera, inguruneko zarataren gaineko informazioa herritarren eskura jartzeko balio du.

Hori guztia, aintzat hartu gabe lurraldeko eremu bakoitza akustikaren zein sailkapenetan dagoen.

Nafarroako zarataren mapa estrategikoen lurraldean integraturik dauden eremu akustikoetako hasierako mugaketa, 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/CE Zuzentarauaren aplikazioaren lehen faseari dagozkiona, onetsi egin zen Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emandako irailaren 3ko 1328/2012 Ebazpenaren bidez, eta gaur egun, zonifikazio akustiko hori eguneratzen ari dira.

Hain zuzen, gaur egun Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua garatzen ari den zonifikazio akustikoaren eguneraketen ildoan, Burlatari egokitzen zaio alegazio honen edukia ematea.

Horrenbestez, aurkeztutako alegazioa ezesten da zarataren mapa estrategikoak onartzeko egungo prozedura administratiboaren berezko gaiei heltzen ez dielako.

C) Rosa María Pinedo Escaladak 2018ko maiatzaren 29an jendaurreko tramitean aurkeztutako alegazioa.

3. Alegazioa: 2012ko urriaren 25ean aurkeztutako alegazioaren kopia eransten da, Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoa onetsi aurreko jendaurreko tramitean aurkeztua, Inguruneko zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentarauaren bigarren fasearen aplikazioari dagokiona. Alegazio horretan eskatzen dena da, alde batetik, eremuen plan zehatz bat egitea, eremuko zarata maila jaisteko, eta beste alde batetik, bizitegi eremuko zarata gutxituko duen irtenbide tekniko bat lehentasunez egitea. Izan ere, zarata hori N-121 errepideko zirkulazioak eragiten du, eta errepide horrek, tarte batean, luzeran bat egiten du Beriaingo udalerriko Alaitz Pasealekuarekin. Hala, neurriak hartuta, eremu horretan gaur egun dagoen zarata maila zuzentzen ahal da, araudian ezarritako kalitate akustikoaren mugaren helburuetaraino helduz.

–Erantzuna: 2012an aurkeztutako eta jendaurreko tramite honetan errepikatutako alegazioak, berez, ez du aldatu nahi Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoa, ezta harekin batera doazen agiriak ere. Horren ordez, eskatu du eremu horretako jarduketa lehentasunezkoa izan dadila hurrengo Zarataren Ekintza Planetan, eta zonarako berariazko plan bat prestatu dadila zarata mailak murrizteko.

Zarataren mapa estrategiko bat zarataren mapa bat da, xedea duena zehaztea eremu jakin batean herritarrek zer ingurumen zarata jasaten duten, zarata iturri bat baino gehiago dagoelako. Eremu batean iragarpen globalak egiteko tresna bat ere bada, kutsadura akustikoa murrizteko eta prebenitzeko ekintza planak onartu ahal izateko balio duena. Gainera, inguruneko zarataren gaineko informazioa herritarren eskura jartzeko balio du.

Hartara, zarataren maparen helburua ez da zehaztea zein eremutan gainditzen diren helburu akustikoak, baizik eta, besterik gabe, inguruneko zarataren mailak islatzea.

Auzitan dagoen N-121 errepidearen tartea ez zen Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko lehen mapa estrategikoaren parte, eta ez zen Bide Ardatz Handitzat hartu; horregatik, ez zen mapa estrategikoaren berezko unitatetzat eratu. Horrenbestez, ukitutako eremua ezin izan zen lehen Zarataren Ekintza Planak prestatzeko lanetan sartu.

Hala ere, 2002/49/CE Zuzentaraua aplikatzeko bigarren fasean, tarte hori Bide Ardatz Handitzat hartu zen (2010ean 3.862.795 ibilgailuko trafikoa izan zuen). Gainera, Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko bigarren mapa estrategikoaren lurralde eremuan ere sartu zen. Zoritxarrez, ordea, inoiz ez ziren egin 2002/49/CE Zuzentaraua aplikatzeko bigarren faseari zegozkien Zarataren Ekintza Planak.

Oraintsu, 2002/49/CE Zuzentaraua aplikatzeko hirugarren fasean, tarte hori Bide Ardatz Handitzat hartu zen (2015ean 3.507.285 ibilgailuko trafikoa izan zuen). Gainera, Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategiko berriaren lurralde eremuan ere sartu zen, jendaurrean ezarri zena.

Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategiko hau onetsi ostean, hari dagozkien Zarataren Ekintza Planak abian jartzea aurreikusten da. Lan horien esparruan, lehendabizi, zehaztuko da eremu jakin hori ba ote den bateraezintasun akustikoko eremu bat, hau da, ea gainditzen den zona horretako eremu akustiko motari lotzen zaion kalitate akustikoaren helbururen bat. Bigarrenik, bateraezintasuneko eremu bat eratuko balitz, horren gaineko jarduketaren lehentasuna sailkatuko litzateke. Eta, hirugarrenik eta azkenik, behar adinako lehentasun maila izanen balu, zonarako berariazko plan bat prestatuko litzateke, zonako zarata mailak murrizteko.

Laburbilduz, aurkeztutako alegazioa ezesten da zarataren mapa estrategikoak onartzeko egungo prozedura administratiboaren berezko gaiei heltzen ez dielako.

Iragarkiaren kodea: F1808645