152. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

488E/2018 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Erralako NA-10.554 barrutia aldatzeko baimena ematen duena.

Erralako NA-10.554 ehiza barruti pribatua baimendua izan zen 1398 Foru Aginduan, 2003ko urriaren 17koan, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emandakoan, eta agindu horren bidez, Nafarroako Gobernua barrutiaren jabe izendatu zen eta ordezkaria, berriz, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua. Mugatutako lursailak honako muga hauek ditu: Artzibarko Arizkuren eta Uliberriko mugak, Longida ibarreko Errala, Ezkai, Gorritz eta Zarikietako mugak, eta Urraulgoiti ibarreko Arlanga eta Sastoiako mugak. Guztira, 3.925 hektareako azalera du lurzatiak. Departamentua bera sustatzailea eta emakidaduna izanik, erabaki zen aipatu Foru Aginduan ehiza barrutiari iraungitzerik ez ezartzea.

Gero, Ekizako lursailaren jabeak eskari bidez eskatu zuen Ekizako lursailaren (Artzibarko 15. poligonoko 2. lurzatia) eta Arizkurengo oihan ondarearen (Artzibarko 12. poligonoko 11. lurzatia eta 14. poligonoko 1. lurzatia) arteko muga berraztertzeko. Eskatzaileak adierazi zuen ez zegoela ados Agoizko Ehiztarien Elkarteak katastroaren arabera seinalatutako Erralako NA-10.554 ehiza barrutiaren mugekin; elkarte hori da zeregin horren adjudikazioduna. Eskatzailearen arabera, seinalatutako muga horiek ez datoz bat jabetzari benetan dagozkienekin. Are gehiago, eskatzaileak eskrituraren kopia bat erakutsi zuen, non ikusten ahal zen eskrituran adierazitako azalera handiagoa zela katastroan jarritakoa baino. Hori horrela, zentzuzkoa zirudien mugak berraztertzea.

Horren ondorioz, eskatzaileak azaldutako muga proposamena aztertu zen, eta egiaztatu zen bazeudela aztarnak (barrutiko mugarri, itxitura eta ohol zaharrak) ziurtatzen zutenak Ekizako lursail partikularraren eta Arizkurengo oihan ondarearen arteko mugak katastroan definitutakoak baino hegoalderago zeudela. Arrazoi horregatik, Oihanak Kudeatzeko Atalak, Nafarroako oihan ondareko lursailen kudeaketaren eskumena duenak, Nafarroako oihan ondarearen Artzibarko 12. poligonoko 11. katastro-lurzatiaren eta 14. poligonoko 1. katastro-lurzatiaren mugak eta Ekizako lursailaren Artzibarko 15. poligonoko 2. lurzatiaren mugak zuzentzearen aldeko txostena igorri zuen. Gainera, eskatu zuen Artzibarko katastroan eta Ondare Zerbitzuaren inbentario nagusian aldaketa horiek egiteko. Artzibarko Ekizako lursail partikularraren eta Arizkurengo Nafarroako oihan ondarearen arteko mugaren aldaketa eta katastroan aldaketa hori sartzeko proposamena Mendi Zerbitzuko zuzendariaren bidez egin zen, 395 Ebazpenean, 2016ko abuztuaren 23koan.

Gainera, alboko NA-10.360 barrutian, Artozkin dagoenean, Artzibarko 15. poligonoko 2 lurzatiak daude. Lurzati horiek zuzentzeko agindu zen Mendi Zerbitzuko zuzendariak 2016ko abuztuaren 23an emandako 395 Ebazpenean, eta Ehiza Baliabideen Bulegoak adierazten du aldameneko NA-10.360 barruti hori eraketa bidean dagoela, lehen aipatutako udalerrien mugen aldaketari dagokionez.

Jakinarazi da, baita ere, Erralako NA-10.554 barrutia Ehiza Antolatzeko Planean berritze prozesuan dagoela.

Adierazitako guztiarengatik, eta aintzat harturik Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearaziko duen Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuan 15. artikuluan adierazten dela ehiza barrutia eratu ondoren haren mugetan azaleraren %30 baino gutxiago ukitzen duten aldaketak egiten ahalko direla, Erralako NA-10.554 barrutia aldatu eginen da Artozkiko NA-10.360 barrutiaren mugari dagokionez.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta legea garatzeko erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Gobernuko ehiza barrutia aldatzeko baimena ematea, zeinaren ezaugarriak hauek baitira, espedienteko datuei dagokienez:

–Entitate titularra: Nafarroako Gobernua.

–Ordezkaria: Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Zerbitzua.

–Barrutia hartzen duten mugak:

  • Artzibar: Uliberri eta Arizkuren.
  • Longida ibarra: Errala, Ezkai, Gorritz eta Zarikieta.
  • Urraulgoiti ibarra: Artanga eta Sastoia.

–Barrutitik kendutako lursailak:

  • Azalera populatua: 0,03 hektarea.

–Barrutiaren azalera: 3.885 hektarea.

–Barrutiaren izena: Errala.

–Barrutiaren matrikula zenbakia NA-10.554

–Mugak:

  • Iparraldean: Azparren eta Ekiza.
  • Hegoan: Agoitz, Urrozgoiti eta Lareki.
  • Ekialdean: Elkoatz, Arangozki, Ongotz eta Eparotz.
  • Mendebaldean: Itoizko urtegia eta Olozi.

–Barrutiaren amaiera: 17/2005 Foru Legean, abenduaren 22koan, Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzkoan, 19. artikuluan, indarraldiari dagokionean, adierazten da ehiza barrutiak eratu eta 10 urtera iraungi eginen direla, horretarako berariazko adierazpenik egin beharrik izan gabe. Kasu honetan, ordea, sustatzailea eta emakidaduna Departamentua bera denez, uste da ez duela zentzurik ehiza barruti horren indarraldia ezartzeak.

2. Barrutiaren seinalizazioa zuzendu egin behar da, baimendutako lur mugaketa berriaren arabera, horretarako indarrean dauden xedapenekin bat etorriz.

3. Ingurune Naturaleko Zerbitzuak, Nafarroako Gobernuaren izenean dagoen Erralako barrutiaren ordezkari gisa, barruti horren Ehiza Antolatzeko Planaren aldaketa bete beharko du.

4. Ebazpen hau Pirinioaldeko Kudeaketa Atalera eta Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Ehiza Baliabideen Bulegora eramatea, dagozkion xedeetarako.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean hura argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2018ko ekainaren 22an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1808272