152. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

214E/2018 EBAZPENA, uztailaren 20koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita proiektu honetarako: oraingo goi tentsioko sare elektrikoa desbideratzea, “S 1 Santa Lucíako hegoaldea” unitate integratuko urbanizazio berrirako, Iruñeko udal-mugartean. Iruñeko Udala da sustatzailea.

2018ko maiatzaren 16an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago espediente hori. Aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren xedea izanen da oraingo goi tentsioko sare elektriko partikular bat desbideratzea, aurreikusitako urbanizazio berri bateko lurzatiak hornitzeko (“S 1 Santa Lucíako hegoaldea” unitate integratua), eta ingurune horretako hirigintzako jarduketa berriak ahalbidetzea. Linea berriak transformazio zentro berri bat hornituko du, zeina bi puntutatik elikatuko baita: batetik, Santa Lucía - Cía. Navarra de Oxigeno BTA lineako 12. euskarritik, eta, bestetik, Canalejo dk. - Miluze linearen 109. euskarritik.

Azaldutako jarduketa gehienek honako hauek ukitzen dituzte: lurzoru urbanizagarriak, Iruñeko Udal Planekoak eta AHTren geltoki berriko UPSekoak eta tren geltoki zaharreko ingurunekoak. Iruñeko Udal Planeko lurzoru urbanizaezina ukitzen duten jarduketak honako hauek dira:

1. “Santa Lucía hegoaldea BTA” goi tentsioko aireko linearen azkeneko tartea aldatzea, 12. euskarri berritik hasita.

2. Lurpeko goi tentsioko linea, 2.359. eta 2.345. lurzatietan barna doana, lurpeko transformazio zentro berri batekin lotu arte. Iruñeko Udal Planeko S.O 1 unitatean aurreikusi da transformazio zentro berri hori.

Goi tentsioko linearen trazadura labur bat, 109. euskarria lotzen duena trasnformazio zentro berriarekin, eremuaren hego-ekialdean barna doan errepidearen bazterrean doana.

Iruñeko Udalaren 2018ko otsailaren 19ko udal txostena du espedienteak. 2018ko ekainaren 12an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Lurraldearen Estrategiaren eta Ereduaren Atalak aldeko txostena eman zuen, baina proiektuari zenbait baldintza ezarriz.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eman du, adieraziz zer neurri gauzatu behar diren indarreko ingurumen araudia betetzeko.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: oraingo goi tentsioko sare elektrikoa desbideratzea, “S 1 Santa Lucíako hegoaldea” unitate integratuko urbanizazio berrirako, Iruñeko udal-mugartean. Iruñeko Udala da sustatzailea.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Hirigintza arlokoak.

  • Baimen honek lurzoru urbanizaezinean dagoen azpiegituraren zatia babesten du bakar-bakarrik.
  • Baimen honek ez ditu babesten ez lurzoru urbanizaezinean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea, ez lurzoru urbanizaezinean kokatzen diren jarduera zehatzak, lotura horretarako baimenik ez dutenak.
  • Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Zehatzago, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baimena, ukitutako errepideei dagokienez, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena ibilguen ukipenei dagokienez, urei buruzko indarreko legedian ezarritakoarekin bat.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio konpromisoa har dezala, aitorpen baten bidez, baimendutako jarduera utziz gero lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

–Ingurumen arlokoak:

  • Indarreko legeria betez kudeatuko dira sortzen diren hondakinak, horien izaeraren arabera.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.
  • Elektrokuzio arriskua prebenitzeko, euskarri berriak isolaturik izan beharko ditu 70 zentimetrotik beherako eroaleak, gurutzetatik. Linea nagusiko eroaleak eta linea deribatua lotzeko zubiak guztiz isolatuko dira.
  • Aireko linea lurpeko linea bihurtzean, lineako eroaleen arteko lotura-zubiak isolatu eginen dira, baita tentsio-elementu guztiak ere. Isolamenduan erabilitako materiala egokia izan beharko da goi tentsioko lanetarako eta abifauna babesteko. Halaber, tximistorratzak, autobalbulak, etab. BCAC (“Bushing connection animal cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Iruñeko Udalari eta Basozaintzari (7. barrutia, “Iruña”), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko uztailaren 20an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1809343