152. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

213E/2018 EBAZPENA, uztailaren 17koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita ureztapen idoi baten proiekturako, Corellako udal-mugarteko 8. poligonoko 671. lurzatirako. Sustatzailea Victor Miguel Ríos Eraso da.

2018ko maiatzaren 7an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko K epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Hau da proiektatutako jarduketa: presio bidezko ureztaketa 6 bat hektareako eremu batean, Corellako 8. poligonoko 671., 672., 675., 676., 677., 678. eta 680. lurzatietan, Fornillo alderdian. Jada 2014. urtearen aurretik erauzketa bat egin da bertan, eta lehen oinez ureztatzen zen Corellako ureztaketa tradizionalean.

Horretarako, idoi berri bat egin behar da Corellako 8. poligonoko 671 B azpilurzatian. Gutxi gorabehera 36 m x 30 m neurriak izanen ditu, 365 metrora egonen da itsasoaren mailaren gainetik oinarrian, gehienez 2,70 m beteko da, eta 65 zentimetroko karela izanen du. Polietilenozko xafla batekin iragazgaiztuko da idoia. Xafla dentsitate handikoa izanen da, 1,5 mm lodi, eta 220 gr/ m²-ko polipropilenozko xafla geotestil baten gainean paratuko da. Idoiaren perimetroko bizkarraren ezpondak landare lurra izanen du, berez landarezta dadin. Gainera, karelean, inguru guztian, zerbitzu bide bat izanen du, 2,5 metro zabal, zaborrezkoa. Idoiaren eremua hesi batekin itxiko da; metalezko burdin sarea izanen da, berotan galbanizatua, bihurdura bakuneko sarekoa, 2 metroko garaierakoa.

Proiektuan adierazten da ezen landatu beharreko eremua gurutzatzen duen erreten baten 162 bat metro hodiratu behar direla. Handik hartuko da ura idoi berrirako, eta handik, ponpaketa mugikorraren bidez, presio bidezko ureztaketa-urez hornituko da ureztaketa azpiegitura, proiektuko lurzatietan ezarriko dena.

Corellako Udalak proiektuaren aldeko txostena eman zuen 2018ko ekainaren 27an.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, izapidetutako dokumentazioan proposatutako ingurumen arloko baldintzekin eta neurri batzuk proposatuz idoian ez dadin basa faunarik ito.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea ureztapen idoi baten proiekturako, Corellako udal-mugarteko 8. poligonoko 671. lurzatirako. Sustatzailea Victor Miguel Ríos Eraso da.

2. Baimen honek berekin dakar aurkeztutako dokumentazioan ezarritako ingurumen ukipenen neurri zuzentzaileak aplikatzea eta elementuren bat ezartzea idoira ez daitezen iritsi eta erori ornodunak, esaterako anfibioak, narrastiak eta ugaztun txikiak. Gomendatzen da idoiaren itxituraren beheko aldean hormigoizko zokalo edo xafla bertikal bat jar dadila, 20-30 bat zentimetrokoa.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Corellako Udalari, Basozaintzari (12. barrutia, “Tutera”) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko uztailaren 17an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1809342