152. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

49/2018 FORU AGINDUA, uztailaren 27koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako mankomunitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak, kirol-jarduera fisikoen programak sustatzeko 2018-2019 aldian.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak erabateko eskumena esleitzen dio Nafarroako Foru Komunitateari kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, Kirolaren Zuzendariordetzaren bitartez, esleiturik dituen eginkizunen artean dago mota guztietako kirol jarduerak eta jarduera fisikoak Nafarroako gizarte osoan sustatzea, horretarako laguntzak eta diru-laguntzak emanez. Kirola Sustatzeko Atalari, berriz, toki entitateen bitartez kirol ikuskizunen antolakuntza sustatzea dagokio.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.a eta 3.f artikuluetan, arlo batzuk finkatzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kirol arloko politikak bideratzeari begira, eta, hala, arlo horiek Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak lortu beharreko helburu bihurtu dira. Honako hauek dira:

a) Erraztasunak ematea pertsona guztiek kirol jarduerak egiteko aukera izan dezaten.

b) Ahaleginak egitea kirol jardueren praktika Nafarroako Foru Komunitatearen eremu osora heda dadin.

Halaber, Kirolari buruzko Foru Legearen 33 a) artikuluak ezartzen du Foru Komunitateko Administrazioak kirol jarduera sustatuko duela, laguntzen eta diru-laguntzen araubide baten bidez besteak beste. Ondoren, berariaz esaten da kirol arloko diru-laguntzen oinarri arautzaileek tratamendu berezia ematen ahal dietela toki entitateei, honako hauek kontuan izanik: baliabideen aprobetxamendu orekatua, kokapen geografikoa, populazioa eta toki entitateen antzeko ezaugarri bereziak.

Helburu horiek izanik, Foru Komunitateko herritarren sektore guztiei zuzendutako kirol ibilbide batean bide berri bat eratzeko asmoz, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak bultzatzen jarraitu gogo du mankomunitateek eskaini eta zuzendutako kirol jarduera fisikoen programa, horiek toki entitate izaera baitute.

Gaur egun, Nafarroan 9 mankomunitate daude kirol zerbitzua dutenak: Araitz-Aresoko K.M., Nafarroako Hegoaldeko K.M., Orreaga K.M., Erriberagoiengo K.M., Erriberarteko K.M., Sakanako K.M., Izarbeibarko K.M., Erdialdeko K.M. eta Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen M. Horietan, udalak eta kontzejuak biltzen dira zerbitzuak emateko eskualdeko biztanleei, besteak beste kirol zerbitzuak, bestela jasoko ez zituzten zerbitzuak, horretarako baliabide materialik eta giza baliabiderik ez izateagatik. Bederatzi mankomunitate horiek 92 udal hartzen dituzte guztira, 130.000 biztanle baino gehiago, Nafarroako Foru Komunitatearen biztanleen
%20,5.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, foru agindu honen bidez, aurten ere beste behin mankomunitateen eskura jarritako baliabideak zenbait formulatan gauzatzen dira, zeinek, zuzenean edo zeharka, helburu baitute kirol-jarduera fisikoak sustatzea eta handitzea, kirol-jarduera fisikoen programak antolatuz eta garatuz.

Adierazi behar da urte anitzeko programa dela, ahalmeneko gastua duena, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren martxoaren 22ko 43/2018 Foru Aginduaren arabera. Foru agindu horren bidez, onetsi ziren Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuak Nafarroako Gobernuaren urte anitzeko espedienteak tramitatzean jarraitu beharreko irizpideak, harik eta 2018-2021 aldirako Zenbait Urtetarako Esparru Ekonomikoa onesten den arte. Foru agindu horretan 2019rako ezarritako proposamena errespetatzen da.

Horrenbestez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, Nafarroako mankomunitateei diru-laguntzak emateko, kirol-jarduera fisikoen programak susta ditzaten 2018-2019 aldian. Foru agindu honen I. eranskinean ageri dira.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 145.000 euroko gastua baimentzea, “Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak” izeneko A50002-A5110-4609-336100 partidaren kargura. Honela egotziko da:

• 50.000 euro deialdi hau aurrera eramateko, partida ekonomiko honen kargura: 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak” izeneko A50002-A5110-4609-336100 partida, 2018ko urriaren 1etik azaroaren 30era arte egiten diren programetarako.

• 95.000 euro, 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, 2018ko abenduaren 1etik 2019ko irailaren 30era arte egiten diren programetarako.

3. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatu agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren webgunean eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan.

4. Foru agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta honen aurka toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko uztailaren 27an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako mankomunitateei diru-laguntzak emateko, kirol-jarduera fisikoko programak sustatzeko, 2018ko urriaren 1etik 2019ko irailaren 30era bitarte egiten diren programetarako.

1.2. Diru-laguntza honen xede izanen dira kirol teknikaria daukaten mankomunitateek sustatutako programak bakar-bakarrik, populazio osoari begira antolatzen dituzten kirol-jarduera fisikoetarako.

1.3. Honako hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:

–Kirol teknikarientzako prestakuntza jarduerak, hezkuntzaren esparruan edo beste esparru batzuetan garatzen direnak. Honako hauek, esate baterako: kirol teknikarientzako ikastaroak, lehen sorospenetako ikastaroak, etab.

–NKGIren beste deialdi berariazkoago batzuen helburu diren edo horietan jasotzen diren kirol jarduera fisikoak.

–1.2 oinarrian aipatzen ez diren jarduerak.

2.–Helburua.

Diru-laguntza erabiliko da hein batean berdintzeko kirol-jarduera fisikoen programak sustatzeak ekarritako defizita, betiere programa horien titulartasuna mankomunitateari badagokio eta 2018ko urriaren 1etik 2019ko irailaren 30era bitarte egiten badira.

3.–Aurrekontuetako kreditua:

3.1. Deialdi honi aurre egiteko, 145.000 euro bideratuko dira helburu horietarako. Dirua partida hauei egotziko zaie:

• 50.000 euro 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak” izeneko A50002-A5110-4609-336100 partidaren kargura, 2018ko urriaren 1etik azaroaren 30era arte egiten diren jardueretarako.

• 95.000 euro 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, 2018ko abenduaren 1etik 2019ko irailaren 30era arte egiten diren jardueretarako.

3.2. Diru-laguntzen deialdi honetarako esleitutako guztirako kreditua honako atal hauetan banatuko da, 9. oinarrian ezarritako baremoaren arabera:

a) 50.000 euro, 2018ko urriaren 1etik azaroaren 30era egiten diren eta 5 egunetik gorakoak diren kirol-jarduera fisikoetarako.

b) 95.000 euro, 2018ko abenduaren 1etik 2019ko irailaren 30era egiten diren kirol-jarduera fisikoetarako.

• 32.500 euro, egindako eta 5 egunera bitartekoak diren kirol-jarduera fisikoetarako.

• 62.500 euro, egindako eta 5 egunetik gorakoak diren kirol-jarduera fisikoetarako.

3.3. Diru-laguntzen banaketa, betiere, kasuan kasuko ekitaldiko aurrekontuan helburu horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

4. Onuradunen betebeharrak.

4.1. Deialdi honen xedeko diru-laguntzak jaso ditzakete 1.2 oinarriaren arabera kirol-jarduera fisikoak egiten dituzten Nafarroako Mankomunitateek.

4.2. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Diru-laguntzen onuraduna izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

–Kirol teknikari bat izatea, kirol-jarduera fisikoetarako diru-laguntzak jasotzeko, 1.2. oinarrian ezarritakoaren arabera.

–Diruz lagundutako programak garatu bitartean zenbait lanetan aritzen diren langile horiek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

–Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. apartatuak –uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatuak–, honako hau ezartzen du: “adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.

Horretarako, deialdi horri heltzen dion mankomunitateak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar du, esaten duena kirol-jarduera fisikoak zuzentzen dituzten eta adingabeekin ohiko harremana duten langileek ziurtagiri hori badutela.

Diruz lagundutako programan parte hartzen duen mankomunitateak egiaztatu eta gorde behar du ziurtagiri hori.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarriak dira, bakar-bakarrik, gastu arruntak, betiere jardueraren izaerari zuzenean eta zalantzarik gabe lotuak badaude eta egiten badira diruz lagungarria den programako jarduerak egiteko ezarritako epean.

–Kirol teknikariaren soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak, baita toki entitatearen monitoreenak eta bestelako langileenak ere, baldin programa gauzatzen laguntzen badute. Beren lanaldiaren barrenean jarduera diruz lagungarrietan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

–Programako jarduerak egiteko, kirol kudeaketarako enpresekin sinatzen diren aholkularitza teknikorako kontratuen gastuak, edo langile autonomoekin sinatzen diren kontratuenak.

–Programako kirol-jarduera fisikoetan parte hartzen dutenen joan-etorriak, mankomunitatearentzat gastu bat denean.

–Programako jardueretarako osasun arloko laguntza zerbitzua kontratatzearen gastua.

–Programako jarduerak egiteko kirol instalazioak erabiltzeak ekarritako gastua.

–Programako jardueren aseguru polizak.

–Programako jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol material suntsigarria erostea.

–Programako jardueren publizitatea.

–Programako kirol-jarduera fisikoetan ematen diren trofeoen gastuak. Lehiaketak behar dute izan, eta 8 urtetik gorakoentzat.

6.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

6.1. Diru-laguntzetarako eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2018ko abuztuaren 20an bukatuko da.

6.2. Diru-laguntza eskaerak eta justifikaziorako agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, 20. oinarrian ezarritako moduan lortuko dena.

6.3. Eskaera eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

Diru-laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7.–Mankomunitate eskatzaileek aurkeztu beharreko eskaera eta hasierako dokumentazioa.

Laguntzak eskatzeko dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin, ezarritako eranskinen arabera. Eranskin horiek eskura egonen dira bai Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan bai webgunean: http://www.deporte.navarra.es.

7.1. Diru-laguntza eskaera: II. eranskina.

7.2. Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dira, IV. eranskineko 1. eta 2. fitxetan dagoen ereduaren arabera:

A) Aldi bakoitzerako kirol-jarduera fisikoen programa (IV. eranskina, 1. fitxa), honako hauek adierazita:

–Diru-laguntzaren xedeko jarduerak.

–Kirol jarduerak zein udalerritan eginen diren.

–Jarduerak zenbat egun iraunen duen guztira.

–Noiz hasi eta noiz bukatuko den.

–Jarduera zein egun eta ordutan eginen den.

B) Kirol-jarduera fisikoen programaren aldi bakoitzeko diru-sarrera eta gastuen guztirako aurrekontua. (IV. eranskina, 2. fitxa).

7.3. Gainera, mankomunitateko idazkariak egin eta lehendakariak ikus-onetsitako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, III. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa. Ziurtagiri horretan mankomunitatearen gaineko honako alderdi hauek frogatu beharko dira:

7.3.1. Mankomunitateak ez duela urratzen diru-laguntzen onuradun izateko debekurik. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

7.3.2. Deialdiko 18.1. oinarrian ezarritakoa gertatu ezean, entitate onuradunak ez duela gardentasunaren gaineko betebeharrik, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzen duen unitateari egiaztapenak eta ikuskapenak egiteko esleitu zaizkion ahalmenak.

7.3.3. Gizarte Segurantzako Diruzaintzaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzarekiko ordainketak eguneratuak dituela dioena, eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren ziurtagiria, bere zerga betebeharrak eguneratuak dituela dioena. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko.

7.3.4. Kirol teknikariaren izena eta titulazioa aipatu beharko dira, eta bere lanalditik zenbat ematen duen jarduera diruz lagungarrietan.

8.–Eskaera zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

9.–Diru-laguntza emateko irizpideak eta eskainitako jardueren funtsezko alderdiak:

9.1. Diru-laguntza emateko, oinarritzat hartuko dira aldi bakoitzean ezartzen diren balorazio irizpideak eta eskainitako jardueren alderdiak:

–1. aldia (2018ko urriaren 1etik azaroaren 30era bitarte egiten diren jarduerak).

  • 1. atala: 8 puntu gehienez, egindako kirol-jarduera fisikoen kopuruaren arabera, jarduerak 5 egunetik gorakoak badira:

8 puntu

6 jarduera baino gehiago

6 puntu

4 jarduera baino gehiago eta 6 bitarte

4 puntu

2 jarduera baino gehiago eta 4 bitarte

2 puntu

2 jarduera bitarte

  • 2. atala:

2 puntu jarduera bakoitzerako*, iraupena edozein izanik ere

–Herri kirolak.

–Pilota, bere modalitateetan.

–Kirol egokitua edo inklusiboa sustatzen duen jarduera.

–Emakumeek kirola egitea sustatzen duen jarduera (ez da sartuko hirugarren adina).

–Gazteek kirola egitea sustatzen duen jarduera (16-30 urte bitartekoek).

–Jarduera hauek ez dira egonen 1. atalean.

–2. aldia (2018ko abenduaren 1etik 2019ko irailaren 30era bitarte egiten diren jarduerak).

  • 1. atala: 12 puntu gehienez, egindako kirol-jarduera fisikoen kopuruaren arabera, jarduerak 5 egunera bitartekoak badira:

12 puntu

10 jarduera baino gehiago

10 puntu

7 jarduera baino gehiago eta 10 bitarte

7 puntu

5 jarduera baino gehiago eta 7 bitarte

5 puntu

5 jarduera bitarte

  • 2. atala: 24 puntu gehienez, egindako kirol-jarduera fisikoen kopuruaren arabera, jarduerak 5 egunetik gorakoak badira:

24 puntu

10 jarduera baino gehiago

20 puntu

7 jarduera baino gehiago eta 10 bitarte

14 puntu

5 jarduera baino gehiago eta 7 bitarte

10 puntu

5 jarduera bitarte

  • 3. atala:

2 puntu jarduera bakoitzerako*, iraupena edozein izanik ere

–Herri kirolak.

–Pilota, bere modalitateetan.

–Kirol egokitua edo inklusiboa sustatzen duen jarduera.

–Emakumeek kirola egitea sustatzen duen jarduera (ez da sartuko hirugarren adina).

–Gazteek kirola egitea sustatzen duen jarduera (16-30 urte bitartekoek).

–Jarduera horiek ez dira egonen ez 1. atalean ez 2. atalean.

9.2. Eskainitako jardueren funtsezko alderdiak:

9.2.1. Ezin dira sartu 5 eta 8 urte bitarteko haurrentzako kirol-jarduera fisikoak, helburu ez dituztenak lehiaketa eta kirol-emaitza.

9.2.2. Programan dauden eta lehiaketa duten kirol-jarduera guztietan, kirol kluben partaidetza dutenetan, kontuan hartuko da “kiroltasunaren arduraduna” izateko aukera. Haren eginkizunak hemen jaso dira:

https://www.deporteyjuventudnavarra.es/imagenes/documentos/guia-de-las-nuevas-figuras-de-promocion-de-valores-del-deporte-164-es.pdf

10.–Diru-laguntzen zenbatekoa.

Mankomunitate bakoitzari emanen zaion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko prozedura hau erabiliko da:

10.1. Diru-laguntza eskaerak, aldi bakoitzerako, 9. oinarriaren atal bakoitzean ezarritako balorazio irizpide objektiboen arabera baloratuko dira, eta atal bakoitzean diru-laguntza eskaera guztiei esleitutako puntuak batuko dira, aldi bakoitzean.

10.2. Aldi bakoitzean, atal bakoitzerako kredituaren zenbatekoa zatituko da parte hartzen duten eskaerei esleitutako guztirako puntuen artean, puntuaren balio ekonomikoa lortzearren.

10.3. Mankomunitate bakoitzaren diru-laguntzaren zenbatekoa ateratzeko eragiketa hau eginen da: mankomunitate bakoitzari esleitutako guztirako puntu kopurua bider puntu bakoitzari esleitutako balio ekonomikoa.

10.4. Diru-laguntzaren zenbatekoak muga hauek izanen ditu:

a) Ezin da izan diruz laguntzen ahal diren gastuen zenbatekoa baino handiagoa (5. oinarria).

b) Ezin da izan diru-laguntzaren xedeko programaren guztirako kostua baino handiagoa, ez diru-laguntza hau bakarrik hartuta, ez beste administrazio publiko edo entitate publiko edo pribatu batzuetatik jasotzen diren laguntzei edo diru-laguntzei gehituta.

Diru-sarreren eta gastuen justifikazioa aztertuta, ikusten bada gehiegizko finantzazioa izan dela, diru-sarreren soberakina adina murriztuko da diru-laguntza.

11.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

12.–Antolaketa eta instrukzioa.

Diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da.

13.–Ebazpenak.

13.1. Laguntza eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta hiru hilabeteko epean argitaratuko da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

13.2. Behin eskaera eta hasierako dokumentazioa 7. oinarrian ezarritakoari jarraikiz aurkezturik, eta eranskin honetako 9. oinarrian ezarritakoaren arabera baloratu ondoren, diru-laguntza emateko ebazpena emanen da.

13.3. Diru-laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, hala behar bada, eskaeraren baten ezespena ebatziko da.

13.4. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntzak emateko ebazpena eta deialdi honen gainerako ebazpenak Nafarroako Gobernuko iragarki taulan argitaratuko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2), baita Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko bulego nagusietako iragarki taulan ere, eta argitalpen horren berri emanen da navarra.es Interneteko atarian. Argitalpenak jakinarazpenaren ondorio berberak izanen ditu.

13.5. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta komunikatu gabe iraganik, interesdunek beren eskaera ezetsi egin dela ulertuko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

13.6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura diru-laguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere diru-laguntza eskuratzeko.

14.–Frogagiriak.

Frogagiriak eskaneatuta aurkeztuko da bi epealditan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Agiriak bereizita aurkeztuko dira, eta beren izenaren bidez behar bezala identifikatuta egonen dira:

A) 2018ko abenduaren 5a arte, 2018ko urriaren 1etik azaroaren 30era bitarte egindako eta diruz lagundutako kirol-jarduera fisikoengatik:

A.1.–Jarduerei buruzko frogagiriak, honako hauek jasoko dituztenak: diru-laguntzaren xedeko jardueren identifikazio-datuak, kirol-jarduera fisikoak zein udalerritan egin diren, zenbat egun iraun duten, noiz hasi eta noiz bukatu diren, zein egun eta ordutan egin diren eta jarduera bakoitzean zenbat parte-hartzaile izan diren. (V. eranskina. 1. fitxa).

A.2.–Diru-laguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehatu eta zenbakitua, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira. (V. eranskina. 2. fitxa).

Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. Dokumentazio horren ordez, idazkariak sinatutako eta mankomunitateko buruak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla frogatzen duena.

A.3.–Jardueren diru-sarrera eta gastu guztien zerrenda (V. eranskina. 3. fitxa).

Aurkeztutako diru-sarreren zerrendak bat eginen du aldi horretan egin beharreko jarduerekin, eta, beste entitate batzuen diru-laguntzen kasuan, diru-sarrerak proportzionalak izanen dira 2018ko urriaren 1etik azaroaren 30era bitarteko aldiarekin.

Langileria gastuen justifikazioari dagokionez, mankomunitateak frogatu beharko du 1. epealdiko PFEZari dagokionez atxikitako zenbatekoak abenduaren 31 baino lehen ordaindu dituela Ogasunean. Justifikazio hori telematikoki igorri beharko da otsailaren 15a baino lehen.

A.4.–Beste diru-laguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia. (VI. eranskina).

A.5.–Gardentasun aitorpena, 18. oinarri arautzailean ezartzen denari jarraikiz (III. eranskinaren arabera).

B) 2019ko urriaren 15a arte, 2018ko abenduaren 1etik 2019ko irailaren 30era bitarte egindako eta diruz lagundutako jarduerengatik.

B.1.–Jarduerei buruzko frogagiriak, honako hauek jasoko dituztenak: diru-laguntzaren xedeko kirol-jarduera fisikoen identifikazio-datuak, kirol-jarduera fisikoak zein udalerritan egin diren, zenbat egun iraun duten, noiz hasi eta noiz bukatu diren, zein egun eta ordutan egin diren eta jarduera bakoitzean zenbat parte-hartzaile izan diren. (V. eranskina. 1. fitxa).

B.2.–Diru-laguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehatu eta zenbakitua, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira. (V. eranskina. 2. fitxa).

Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Dokumentazio horren ordez, idazkariak sinatutako eta mankomunitateko lehendakariak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla frogatzen duena.

B.3.–Jarduera arrunten diru-sarrera eta gastu guztien zerrenda (V. eranskina. 3. fitxa).

Aurkeztutako diru-sarreren zerrendak bat eginen du aldi horretan egin beharreko jarduerekin, eta, beste entitate batzuen diru-laguntzen kasuan, diru-sarrerak proportzionalak izanen dira 2018ko abenduaren 1etik 2019ko irailaren 30era bitarteko aldiarekin.

Langileria gastuen justifikazioari dagokionez, mankomunitateak frogatu behar du PFEZari dagozkion atxikitako zenbatekoak ordaindu dituela Ogasunean.

B.4.–Beste diru-laguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia (VI. eranskina).

B.5.–Jardueren programaren azalpen memoria, diruz lagundutako eta gauzatutako jarduera guztiak jasoko dituena. Besteak beste, honako hauek jasoko dira: jardueren izena, parte-hartzaileen kopurua sexuaren arabera banaturik, helburuak, zer adinetako jendearentzat diren, iraupena, non egin diren, monitoreen izenak eta publizitatea.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

15.–Diru-laguntza nola eta noiz ordaindu.

14.1. Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 14. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

14.2. Ematen den diru-laguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

16.–Bete beharrekoak.

16.1. Diru-laguntzen onuradunek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

16.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. (VI. eranskina). Ematen den diru-laguntza bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, naziokoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du inola ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

16.3. Diru-laguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

16.4. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

16.5. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

17.–Ez-betetzeak.

17.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak berekin ekarriko du diru-laguntza galtzea, eta jasotako dirua itzuli beharra, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko diru-laguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, galarazi gabe antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak.

17.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

18.–Gardentasun betebeharrak.

18.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, diru-laguntza jasotzen duen entitateak gardentasunez aritzeko betebeharra izanen du, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua baitago, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Urtean emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

18.2. Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

19.3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duen entitate onuradunak jarraian adierazten den informazioa eman beharko du:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

18.4. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

18.5. Toki entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du. Toki entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Toki entitateak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

19.–Azpikontratazioa.

19.1. Mankomunitate onuradunek jarduerari ematen zaion diru-laguntzaren %100 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako.

19.2. Ez da inola ere azpikontraturik eginen, horrek diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen badu eta proiektuari ezer berririk eransten ez badio.

19.3. Kontratistek toki entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Mankomunitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin beharko dira diru-laguntzari buruzko araudian ezarritako mugak, diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki entitate onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

19.4. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoaren edo zati baten exekuzioa Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.

20. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

20.1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.navarra.es) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

20.2. Deialdi honen prozeduraren barnean egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

21.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete mankomunitateek, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, ukatu gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

22.–Aplikatu beharreko legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F1809600