150. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATETZ

Atetz Ibarreko ur hornidura eta hustuketaren kudeaketa eta tasak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Atezko Udalak, 2018ko martxoaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Atetz Ibarreko ur hornidura eta hustuketaren kudeaketa eta tasak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2018ko 55. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, martxoaren 19an.

Jendaurreko epean Andoni Elizondo Ezcurra eta Jose Miguel Lopez Lista Atetz Ibarreko zinegotziek alegazioak aurkeztu zituzten.

2018ko ekainaren 28ko bilkuran, alegazioak ezetsi ziren eta behin betiko onetsi zen Atetz Ibarreko ur hornidura eta hustuketaren kudeaketa eta tasak arautzen dituen ordenantza. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erabakia behin betikoa bilakatu da, eta testu osoa argitaratu behar da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ondorio juridikoak izan ditzan.

ORDENANTZA, ATETZ IBARREKO UR HORNIDURA ETA HUSTUKETAREN KUDEAKETA ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Tasak

1. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak xedatzen duenari, berau aldatzen duen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak xedatzen duenari eta 6/1990 Foru Legeak xedatzen duenari jarraikiz ezarri da.

2. artikulua. Zerga-egitatea.

Edateko uraren hornidura eskura izatea (hornidurarako urteko kuota finkoa) edo zerbitzua benetan erabiltzea (kuota aldakorra), eta hondakin urak edo saneamendukoak hustea, horra zerga-egitatea.

3. artikulua. Salbuespenak.

Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

4. artikulua. Subjektu pasiboak.

Subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, pertsona fisiko edo juridikoak nahiz entitateak, ondoko ezaugarriak dituztenak:

–Finkaren jabea, usufruktuduna edo jabari erabilgarriaren titularra, sarera lotzeko lizentzia denean.

–Edateko ur horniduraren zerbitzuari dagokionez, zerbitzuaz baliatzen diren udal mugarteko finketako bizilagunak edo erabiltzaileak, beren titulua edozein delarik ere (jabeak, usufruktudunak, biztantzeko eskubidedunak edo errentariak, baita prekarioan ere).

Nola nahi den ere, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta aplikagarri diren gainerako xedapenetan aurreikusitako horiek izanen dira zergadunaren ordezko subjektu pasiboak.

5. artikulua. Tarifak.

1. Zerbitzuaren tarifak honako kontzeptu hauengatik izanen dira:

a) Kuota aldakorra - Kontsumoa:

1. tarifa

Etxeko erabilera eta hari lotutakoak. Etxebizitza eta ekipamenduetarako beste eraikin batzuk sartzen dira, baita Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe ofizialki aitortuak, erabilera kolektiboko kirol instalazio publikoak eta parke-lorategi publikoak ere

0,40 euro/m³

2. tarifa

Industriako eta merkataritzako erabilerak. Tarifa honetan industria, merkataritza, zerbitzuak eta bulegoak sartzen dira. Halaber, obrak egiteko eta etxabeak hornitzeko erabilerak sartzen dira, ureztaketakoa izan ezik

0,35 euro/m³

3. tarifa

Aisialdiko erabilera: baratzeetako, aisia finketako eta kirol instalazio partikularretako erabilera (igerilekuak), eta ureztaketakoa (kanpo gelditzen da saneamendu kanona kobratzea)

0,60 euro/m³

4. tarifa

Abeltzaintzako erabilerak: nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiak

0,35 euro/m³

5. tarifa

Erabilera konbinatuak:

5.1. Etxeko erabilera etxebizitzan eta industriako edo merkataritzako erabilera (industria edo merkataritzako jardueraren egoitza eta ohiko bizilekua)

Lehenbiziko 130 m³-ak seihilekoan

0,40 euro/m³

Hortik goitiko kontsumoa seihilekoan

0,60 euro/m³

5.2. Etxeko erabilera etxebizitzan eta ureztaketa eta/edo kirol instalazio partikularreko erabilera (berdegunea, baratzea edo/eta igerilekua dituen ohiko bizilekua)

Lehenbiziko 100 m³-ak seihilekoan (4 kide bitarteko familiak)

0,40 euro/m³

Lehenbiziko 140 m³-ak seihilekoan (4 kidetik goitiko familiak)

0,40 euro/m³

Hortik goitiko kontsumoa seihilekoan

0,80 euro/m³

5. tarifa, erabilera konbinatuen gainekoa, nahitaez aplikatuko da etxebizitza batean baldin eta, den bezalakoa izateagatik, kanpoko itxuragatik edo ikuskapen zerbitzuek prestatutako txostenagatik, aurreikusitako aukeren erabilera konbinatua egiten ahal bada bertan. Subjektu pasiboak ezin du banakako kontagailurik jarri egiten ahal den erabilera bakoitzean.

Aldi berean 5.1 eta 5.2 tarifetan aurreikusitako erabilerak izan ditzakeen etxebizitzari, hartutako ur bolumenari gehien hurbiltzen zaion erabileraren tarifa aplikatuko zaio eta, zalantza izanez gero, 5.2 tarifa.

Udalak behar diren egiaztapenak egiten ahalko ditu aldiro, erabiltzaile bakoitzari dagokion tarifa mota esleitzeko.

b) Kuota finkoa - Eskuragarritasuna.

Hornidura eta saneamendu zerbitzua eskura izateagatik eta horren mantentze-lanengatik, paratutako kontagailuaren diametroaren arabera:

–25 mm-koa: 50 euro/urtea.

–30 mm-koa: 75 euro/urtea.

–40 mm-koa: 85 euro/urtea.

–50 mm-koa: 600 euro.

–65 mm-koa: 750 euro.

–80 mm-koa: 900 euro.

–100 mm-koa: 1200 euro.

c) Saneamendu kuota.

NILSA enpresa publikoak Udalari aplikatzen dion saneamendu kanonaren zenbatekoa kobratuko zaie erabiltzaileei. Honako alderdi hauen arabera eginen da kobrantza hori:

–Etxebizitza eta gainerako instalazioen kasuan, dagokion kanona igorriko da, NILSA enpresak ur kontsumoari dagokionez zehaztutako parametroen arabera.

–Abeletxeek ez dute saneamendu kanona ordaindu behar, indarrean dagoen legeriaren arabera.

–Hobi septiko pribatuak dituzten etxebizitzei aplikatuko zaie kasu horietarako NILSAk ezartzen duen kanona.

d) Hargune edo lotune berria paratzea:

Hargunearen kanona ezartzen da kalibre eta erabileraren arabera:

–25 mm-koa: 300 euro.

–30 mm-koa: 350 euro.

–40 mm-koa: 450 euro.

–50 mm-koa: 550 euro.

–65 mm-koa: 650 euro.

–80 mm-koa: 750 euro.

–100 mm-koa: 950 euro.

2. Etxeetarako, baratzeetarako eta lorategietarako harguneek 25 mm-ko kalibrea izanen dute, gehienez ere.

3. 5. artikulu honetan azaldutakoari dagokion fakturazioa bi ordainagiritan kobratuko da urtero, lehentasunez ekainean eta abenduan.

4. Zenbateko horiei erregelamenduz xedatutako BEZa aplikatuko zaie.

5. Murrizketa berezia, lanbide arteko gutxieneko soldata adinako pentsioa edo txikiagoa hartzen dutenentzat.

Kontsumoaren gaineko 1.a) puntuan (ordenantza honek arautzen baitu) aurreikusitako zerga-egitateei dagokien kuotaren partea %10 murriztuko da orokorrean aplikatzen denaren aldean, ordaintzera behartuak Gizarte Segurantzaren edo Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren laguntza hartzen badu. Laguntza horrek ez du lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoa izan beharko, edo halako 1,2, gehienez ere, ezkontidea badu edo antzeko harremana duen norbaitekin biziz gero, bien guztirako diru-sarrerak batuta.

Ezkontideaz bestelako familia kargak daudenean (adingabeko seme-alabak, legezko langabezian edo ikasten ari diren 23 urte arteko seme-alabak –23koak barne– edo diru-sarrerarik gabeko seme-alaba desgaituak), lanbide arteko gutxieneko soldata halako 0,2 gehituko zaie aipatu muga ekonomikoei, mendeko pertsona bakoitzeko.

Nahiz aurreko baldintza bete, ez dute murrizketa berezi horretarako eskubiderik beste diru-sarrera batzuen bitartez urtean lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen dutenek, eskatzaileak berak edo etxean harekin bizi direnek sarrera horiek eskuratzen badituzte. Orobat, eskatzailearen edo bizilagunen ondare higigarria nahiz higiezina ez da 21.000 euro baino handiagoa izanen, ohiko etxebizitzaren balioa kenduta.

Aipatu baldintzak betetzen dituztela erakusteko, eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Eskaera.

–Hartzen den laguntzaren ziurtagiria.

–Errentaren edo ondarearen aitorpena, edo hura aurkeztera beharturik ez daudela dioen Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, baita eskatzailearen edo bizilagunen diru-sarrerak frogatzen dituzten bestelako dokumentuak ere.

–Bizikidetzako ziurtagiria, udal erroldakoa.

Betiere, murrizketa bereziaren onuradunak ur hornidurari eta saneamenduari buruzko kontratuaren titularra izan beharko du.

Atezko Udalak edozein unetan ikuskatzen ahal du murrizketa berezi horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen ote diren, eta kendu eginen ditu baldintzak betetzeari utzi dioten onuradunak, baita egiaztatzeko dokumentuak eskatu eta aurkezten ez dituztenak ere.

6. Instalazio partikularretan gertatzen diren ur-ihes ezkutuen tarifazioa.

Instalazio partikular batean nabarmentzen bada ur-ihesa badela, kontagailuak erregistratu duena, eta interesdunaren axolagabekeria larriagatik edota nahita egina ez bada, ondoko tarifak aplikatuko dira:

–Ur-ihesa gehienez 100 m³-koa bada, ez da inolako murriztapenik eginen.

–Ur-ihesa 100 m³-tik gorakoa bada, kontsumitutako %50 tarifatuko da (batez besteko kontsumoa zehaztuz, azken bi urteetako ordainagirietako kontsumoan oinarrituz).

Saneamendu kuota ez da kobratuko 100 m³-tik gorako ur-ihesetan.

6. artikulua. Likidatu beharreko kuota.

Likidatu beharreko kuota, bai ur hornidurari dagokionez bai saneamenduari nahiz ura husteari dagokienez, aurreko artikuluko tarifak aplikatzearen emaitza izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

7. artikulua. Sortzapena.

Tasa sortzen da eta ordaindu beharra dago zerga-egitatearen udal jarduera hasten den unean, jarduera honelakoetan hasiko baita:

1. Zerbitzua eskura izan eta mantentzeagatik, hornidura sarearekin lotura ezartzen denetik hasita. Kasu honetan tasa ordaindu beharko da, kontuan hartu gabe sarera lotzeko baimena lortua den ala ez, eta kontuan hartu gabe baimena eskuratzeko tramitatu beharreko espediente administratiboa abiarazi den ala ez.

2. Kontsumoagatik, ura erabiltzen hasten denetik. Kasu honetan tasa ordaindu beharko da, kontuan hartu gabe sarera lotzeko baimena lortua den ala ez, eta kontuan hartu gabe baimena eskuratzeko tramitatu beharreko espediente administratiboa abiarazi den ala ez.

3. Hargunea: tasa sortu eta ordainaraziko da hargunea irekitzeko lizentzia edo baimena ematen denean, subjektu pasiboak berariaz eskatzen badu. Ez da izapidetuko behar den ordainketa egin aurretik.

II. TITULUA

Kudeatzeko arauak

8. artikulua. Kontsumoaren kontagailuak.

1. Atezko Udalak kontagailuak aldatuko ditu egoera txarrean badaude edo gaizki kontabilizatzen badute. Horiek Udalaren jabetzakoak izanen dira eta mantentze-lanengatik kobratuko da 5. artikuluaren 1.b) apartatuan aipatzen den kuota.

2. Hargune berriak hornidura eta saneamendu sarera.

a) Sareetara hargune berriak lotu nahi dituztenek eskabidea aurkeztuko dute Atezko Udalean, honako hauek zehaztuta:

–Zerbitzua eman nahi zaion lurzatiaren identifikazioa eta lurzati zedula; hornidura partikularrak har ditzaketen etxebizitza, etxabe edo lokalen zenbakia adieraziko da, baita zenbat hargune behar diren ere.

–Hargunea zer jardueratarako den adieraziko da:

  • Etxeko erabilera eta hari lotutakoak.
  • Industriako eta merkataritzako erabilera.
  • Aisialdiko erabilera.
  • Abeltzaintza edo nekazaritzako erabilera.
  • Erabilera konbinatua.

–Ur hornidurarako kontagailu bat jarriko da hornidura erabiltzen duen etxebizitza eta/edo jarduera bakoitzeko. Kontagailuak nahiz horren kaxak Atezko Udaleko zerbitzu teknikoek aurreikusten dutenarekin bat etorri beharko dute. Bide publikotik iristeko moduko tokietan paratuko dira kontagailuak, udal langileak irakurketa egin dezaten.

–Zenbat metro lineal dauden lotura punturaino; eginen den lana erakusten duen proiektu tekniko zehatza.

–Eraikinaren edo lurzatiaren azalera erabilgarri osoa edo, bestela, hornidura baliatuko duen etxebizitzarena, instalazioarena edo etxabearena.

–Hargune orokorraren diametroa.

–Sare orokorreko zein puntutan eginen den lotura.

–Obren aurrekontua zehaztea. Kontzeptu horiei dagozkien gastu guztiak sarearekiko lotura edo hornidura eskatzen duenaren bizkar izanen dira, baita kontagailua paratu eta hornitzeko behar diren materialak, lan-eskua eta abarrak ere.

b) Hori guztia ikusitakoan, Atezko Udalak, udal teknikariei galdetuta eta legezko ezaugarri teknikoen arloan aplikatzekoa den araudiaren arabera, eskabidea ebatziko du, eta obra lizentziari nahiz hargune berriari dagozkien baimenak emanen ditu, hala behar denean; hornidura kontratua sinatuko dute bi alderdiek, eta Udalak aipatu kontzeptuei dagozkien tasak igorriko ditu orobat.

Aipatu baimenak eman aurretik, Atezko Udalak, agiriak falta direla uste badu, behar beste informazio osagarri eskatzen ahalko die pertsonari edo entitateari.

c) Sare orokorrari lotzeko lanak hasi aurretik, behar diren hargune eskubideak eta obra lizentzia ordaindu beharko dira Udalaren Diruzaintzan. Loturarako baimen, kontzesio edo lizentziek ez dute eraginik izanen, ez baldin bada aurkezten, aldi berean, behar diren tasak ordaindu direla egiaztatzen duen agiria.

9. artikulua. Erabili gabeko harguneak.

Hargune bati lotutako hornidura kontratua bukatu edo hutsaldu ondoren hiru hilabete iragaten badira inongo erabilpenik gabe, hargunearen adarrak Udalaren esku geratuko dira, eta Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartzen ahalko ditu horien gainean. Hargunea berriz zerbitzuan jartzeko lanak erabiltzaile berriaren kontura izanen dira.

10. artikulua. Urbanizazio pribatuak.

1. Urbanizazio obrak jabari publikora pasatzen ez badira, planeamenduaren arabera urbanizazio pribatuak direlako, edo, jabari publikora pasatuta ere, haien instalazioa eta kontserbazioa pribatuak badira, urbanizazioaren jabeek osatutako kontserbazio entitatearen ardura izanen da hortik pasatzen diren sareak mantendu eta kontserbatzea.

2. Kontsumoak kontrolatzeko, kontagailu orokorra jarriko da bide publikoan, armairu edo erregistro homologatu batean, bide publikoaren eta urbanizazio pribatuaren arteko mugatik puntu hurbilenean. Urbanizazioa mantendu eta kontserbatzeko ardura duen entitateak kontratatuko du kontagailua, eta ordaindu beharko du kontagailu orokorrean eta banakako kontagailuan erregistratutako kontsumoen arteko aldea, lehendabizikoa handiagoa denean.

3. Hargune orokorretatik, hornidura eta saneamendu zerbitzuak emanen zaizkie urbanizazio pribatuko erabiltzaileei, betiere behar diren baimenak badituzte.

4. Barneko hornidura instalazioa zuzen ibiltzeko presioa handitzeko sistema jartzen bada, ulertuko da urbanizazioko sare pribatuen zatia dela, eta, hortaz, urbanizazioari dagokio sistema instalatu, kontserbatu, mantendu eta konpontzea. Ezin izanen dira inola ere kokatu bide publikoan, eta, hirugarren baten finkan jartzen bada, handik igarotzeko baimenak eskuratu beharko dira.

5. Saneamendu zerbitzurik ez badago eta zerbitzu horren irtenbide autonomorako beharrezko baimenak badaude, hondakin uren hustuketa sistemaren instalazio, kontserbazio, mantentze eta konponketa gastuak urbanizazioaren mantentze-lanen ardura duen entitatearen kontura izanen dira.

6. Saneamendu sareak zuzen ibiltzeko hondakin urak ponpatzeko sistema jartzen bada, ulertuko da urbanizazioko sare pribatuen zatia dela, eta, hortaz, urbanizazioari dagokio sistema instalatu, kontserbatu, mantendu eta konpontzea. Ezin izanen dira inola ere kokatu bide publikoan.

7. Lehendik dauden urbanizazioetan, edo urbanizazioaren jabeek osatutako kontserbazio entitaterik ez duten eremu komun pribatuetan, premia teknikoak badaude edo jaberen batek uko egiten badio kontagailua irakurtzen duten langileak jabetza pribatuan sartzeari, Udalak jabeak behartzen ahalko ditu kontsumoaren banakako kontagailuak bide publikoan instalatzera, jabetza pribatuarekiko mugan, armairu edo erregistro homologatu batean, Udalaren zerbitzu eskudunek ezartzen dituzten jarraipenei jarraikiz. Aldaketa horren kostuak jabetza pribatuaren kontura izanen dira.

11. artikulua. Hornidura-hargunearen elementuak.

Hornidura-harguneak honako elementu hauek izanen ditu gutxienez:

1. Harguneko gailua: banaketa sareko hodiaren gainean dago, eta berari esker ura hornidura-hargunearen adarrera pasatzen ahal da. Harguneko giltza edo lepokoa izanen du, eta Udalak edo hark baimentzen duenak erabiliko du, ez beste inork.

2. Harguneko hodia edo adarra: harguneko gailua eta ixteko edo erregistroko giltza lotzen dituena.

3. Ixteko edo erregistroko giltza jabetzatik kanpo (aurrerantzean, harguneko giltza): harguneko adarrean dago, Udalaren iritziz puntu egokienean, erregistro edo kutxatila homologatu batean, bide publikoan, eraikin, lokal edo lurzartiaren ondoan. Udalak edo hark baimentzen duenak erabiliko du, ez beste inork.

Harguneko giltza jabetza pribatuan duten edo halakorik ez duten hargune zaharretan, Udalak harguneko giltza bat jarriko du bide publikoan.

12. artikulua. Hargunea baimentzeko baldintzak.

1. Ur hornidurako hargunea baimentzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Hornitu beharreko higiezin edo lurzatia Atezko Udalaren jarduketa-eremuan egotea.

b) Hornitu beharreko higiezin edo lurzatiak barne instalazio egokiak izatea, eginak edo proiektatuak, ordenantza honetako arauekin eta aplikagarri diren gainerakoekin bat.

c) Hornitu beharreko higiezinak hondakin urak isurtzeko hargunea izatea, edo, behar diren baimenak izanik, halako urak husteko sistema bat; ura soilik ureztatzeko erabiltzen bada, baldintza hau ez da bete behar.

d) Higiezinarekin mugakide diren bide publikoetan, ura banatzeko sareko hodi publikoak izatea, toki entitateak harrera eginda eta zerbitzua egiteko modu ezin hobean, eskari berria hartzeko behar adinako ahalmenarekin, lehendik dauden edo jarduketa-eremuan proiektatu eta konprometitu diren horniduretan zerbitzuaren kalitatea murriztu gabe.

2. Udalak ur hornidura duten finken barneko instalazioa ikuskatzen ahalko du. Instalazio horrek aginduzko baldintza teknikoak betetzen ez baditu, erabiltzaileari akatsak jakinaraziko zaizkio eta horiek zuzentzeko epea ezarriko zaio. Epe hori iraganda egoera irregularra bada, Udalak etenen du hornidura.

3. Aisiako edo jostetako erabilerei dagokienez, hots, igerileku partikularrak betetzeko edo ura berritzeko, eta baldin eta Kontzejuaren hornidura sarea erabiltzen bada, nahitaezkoa izanen da maiatzaren 20a baino lehen betetzea igerilekua, guztiz debekatuta baitago beranduago egitea.

13. artikulua. Kontserbazio, mantentze eta konponketa.

1. Udalak bere gain hartuko ditu harguneak kontserbatu, mantendu eta konpontzeko gastuak, haiek bide publikoaren azpian daudenean.

Giltzarik gabeko hargune zaharretan edo giltza jabetza pribatuan dutenetan, lurzati edo jabetza pribatuaren mugaraino iritsiko da Udalaren ardura.

Erabiltzaileei dagokie jabetza pribatuaren eta bide publikoaren arteko mugatik haragoko edozein instalazioren ardura eta mantentze-lana, esate baterako, elikadura hoditeriako tarteena edo kontagailuen beraien bateriena; erabiltzailerik ez bada, finkaren jabeei dagokie.

2. Berezko mantentze-lana denez, Udalak hargune berri bat jartzen ahalko du hargune zahar bat edo batzuen ordez, betiere zaharren ahalmena mantenduz.

3. Hargunea ordezteko arrazoia bada diametroak ahalmenik ez izatea kontsumoen igoera hartzeko, eskatzaileen kargura izanen da sekzio handiagoko hargune berria.

4. Erabiltzaileek berehala jakinaraziko diote Atezko Udalari ura banatzeko sare orokorrean matxuraren bat gertatzean izan litezkeen gorabehera guztiak.

5. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta ixteko giltza dauden tokia behar bezala zaintzea eta Udalak ematen dituen jarraibideak betetzea.

14. artikulua. Horniduraren lehentasun ordena.

Zerbitzua lehentasun ordena bati jarraikiz emanen da. Horrela, zerbitzua lehentasunik gabeko erabileretarako emanen da baldin eta lehentasun ordena nagusia duten erabileren egungo edo etorkizuneko hornidura kaltetzen ez bada:

Lehentasunezko erabilerak:

1. Etxeko erabilerak, suteen aurka aritzea eta zerbitzu publikoa administrazio publikoen edo erakunde autonomoen titulartasunekoak diren higiezinetan eta gizarte interesa dutenetan.

Lehentasunik gabeko erabilerak:

2. Industriako, merkataritzako eta abeltzaintzako erabilerak eta zerbitzu publikoa titulartasun publikoko iturriei, saneamendu publikoko jarduerei, igerilekuei eta bestelako kirol eta/edo kultur instalazioei.

3. Nekazaritzako erabilerak eta obrak egitea.

4. Bide publikoetako ureztaketa erabilerak, ureztaketa pribatua, aisialdirako baratzeak eta behin-behineko zerbitzu berezia.

5. Ibarretik kanpoko entitateak hornitzea.

15. artikulua. Lehentasun ordena agorraldietan.

Alkatetzaren bando baten bidez agorraldi bat dagoela edo hornidura falta dela dekretatzen denean, ur hornidura moztuko zaie erabiltzaileei salbuespenezko egoerak dirauen bitartean; kasu horretan, honako lehentasun ordena hau erabiliko da:

1. Etxeko erabilerak, suteen aurka aritzea eta zerbitzu publikoa administrazio publikoen edo erakunde autonomoen titulartasunekoak diren higiezinetan eta gizarte interesa dutenetan.

2. Industriako, merkataritzako eta abeltzaintzako erabilerak eta zerbitzu publikoa titulartasun publikoko iturriei, saneamendu publikoko jarduerei, igerilekuei eta bestelako kirol eta/edo kultur instalazioei.

3. Nekazaritzako erabilerak eta obrak egitea.

4. Bide publikoetako ureztaketa erabilerak, ureztaketa pribatua, aisialdirako baratzeak eta behin-behineko zerbitzu berezia.

5. Ibarretik kanpoko entitateak hornitzea.

16. artikulua. Hornidura eta saneamendu kontratua etetea.

Hornidura eta saneamendu kontratua eten ahal izanen du Udalak eta, ondorioz, ur hornidura etengo zaie erabiltzaileei, ondoko kasu hauetan:

1. Erabiltzaileak hiruhilabeteko epean, ordainagiria ordaintzeko mugaegunaren datatik kontatzen hasita, emandako zerbitzuaren zenbatekoa edota iruzurren likidazio finkotik ateratako zenbatekoak ordaindu ez dituenean, edo azken hori bezalako hutsa berriro egin duela frogatzen bada.

2. Erabiltzaileak hornitzen den ura kontratuan adierazitako erabilerak ez diren besteetarako edo beste era batez erabiltzen duenean, edo, Udalak errekerimendua egin eta gero, kontratua formalizatzeari uko egiten dionean. Hornidura berdin etenen da erabiltzaileak bere hornidura eta saneamendu instalazioetan kontratukoez beste etxebizitza edo lokaletarako adarrak jarri edo jartzen utzi duenean, edo instalazioak iruzur egiteko asmoz maneiatu dituenean, edo isurketak ordenantza honetan baimentzen direnez beste baldintzetan egin dituenean edo indarrean dagoen isurketei buruzko arauak urratu dituenean.

3. Erabiltzaileak, Udalak aurretik errekerimendua eginik eta zuzenketa egiteko epea iraganik, bere barneko instalazioetan moldakuntzak egiten ez dituenean, ez eta berari dagozkion kontserbazio, mantentze edo konponketa lanak egiten ere, eta honela indarrean dagoen araudia urratu, eta zerbitzuko elementuei edo instalazioei kalterik eragiten dienean, neurgailua barne.

4. Barneko sarean edo sare pribatuan ur-ihesa gertatu delarik, zerbitzua aurretik abisatu gabe etenen da.

5. Erabiltzaileak Udalak baimendutako langileei, dagozkien identifikazio agiriak erakutsirik ere, kontratatutako zerbitzua edo zerbitzuak hartzen dituen higiezinean sartzen uzten ez dienean, instalazioak ikuskatzera, behar izan litezkeen ur laginak hartzera, edo ur-kontsumoa edo erabilera egiaztatzera, edo kontagailua ordeztera etortzen direnean. Kasu horretan, gertakariei buruzko akta jaso beharko da, bi lekukoren aurrean edo agintaritza-agenteren bat bertan delarik.

6. Erabiltzaileak ordenantza honetan, edo ur-hornidura eta saneamenduari buruz indarrean den araudian ezartzen zaizkion betebeharrak larriki urratzen dituenean, edo kontratuan ezarritako baldintzei lotzen ez zaienean.

7. Administrazio eskudunak Udalari hornidura eten dezala agintzen dionean.

17. artikulua. Hornidura eta saneamendu kontratua eteteko prozedura.

1. Kontratua eteteko espedientea irekiko du Udalak, prozedura honi jarraituz:

–Espedientea ireki dela jakinaraziko zaio erabiltzaileari eta 10 eguneko epea emanen zaio egoki juzgatzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

–Alegazioak aztertu ondotik, frogatutako egintzak ukatzen ez badituzte, Udalak kontratua etetea erabakiko du eta hala jakinaraziko zaio interesdunari. Une horretatik aitzinera hornidura eten ahalko zaio.

–Etetea ekarri zuten inguruabarrak konponduta, zerbitzua berriz ezarriko da, hornidura etetea ekarri zuten inguruabarrak konpontzen diren egunean bertan, edo horrela ez bada, hurrengo egun baliodunean.

2. Prozedura hori ez da aplikatuko aurreko artikuluko 4. eta 7. kasuetan, ez eta, indarrean den legediaren arabera, hornidura mantentzeak arriskua, erreala edo potentziala, baldin badakar pertsonen osasunerako edo ingurumenerako.

18. artikulua. Etetearen gastuak eta hornidura berriro ematea.

Hornidura eteteak sorrarazitako gastuak, hala nola geroago berriro ematen hastearenak, kontratuko titularraren kontu izanen dira, aplikagarri diren tarifa xedapenek eta indarrean dagoen gainerako araudiak zehaztuko duten zenbatekoan, salbu eta etetea bidegabekotzat jotzen bada, halakoetan Udalaren kontu izanen baitira.

19. artikulua. Hornidura eta saneamendu kontratua amaitzea.

1. Ur hornidura eta saneamendurako kontratuak arrazoi hauengatik amaituko dira:

a) Kontratuaren titularrak edo horretarako legez baimendutako pertsonak baja eskatzen duenean zerbitzuan.

b) Kontratuari zegokion iraupena amaitzen bada, denbora jakin baterako egina denean.

c) Kontratuaren arabera titularra ez den beste norbaitek erabiltzen badu hornidura.

d) Kontratuaren titularra hil edo desagertzen denean.

e) Hiru hilabete baino gehiago iragaten badira 95. artikuluan aipatutako arrazoiengatik zerbitzua eten zenetik eta epe horretan kontratuaren titularrak ez badu etenduraren kausak zuzentzeko neurri egokirik hartzen.

f) Alderdiek hornidura eta saneamendu kontratuan jasotako elkarrekiko obligazioak betetzen ez dituztenean.

2. Kontratua hutsaldu ondoren, Udalak baja emanen du zerbitzuetan. Aipatutako arrazoi batengatik kontratua amaitu ondoren hornidura berriz hasteko, beste eskaera bat egin, beste kontratu bat sinatu eta dagozkion eskubideak pagatu beharko dira.

20. artikulua. Baja zerbitzuetan.

Erabiltzaileak argi eta garbi adierazi beharko du kontratua bukatu nahi duela; horretarako, kontratua sinatzeko erabili zuen modua aukera dezake.

21. artikulua. Legezko ekintzak.

Udalak, hornidura eten eta kontratua bukatzeaz aparte, bere interesen eta eskubideen defentsan egoki juzgatzen dituen ekintza zibil eta penalak abiatu ahalko ditu.

22. artikulua. Titulartasunaren aldaketa, hornidura eta saneamendu kontratuaren lagapenagatik.

1. Oro har, kontratuaren titularrak ezin izanen dizkie bere eskubideak hirugarrenei laga, eta ezin izanen du Udalarekin dituen erantzukizunen karga bere gainetik kendu. Hala ere, Udalarekiko betebehar ekonomikoak beterik edukiz gero, kontratu indarduna duen erabiltzaileak lokal bera okupatuko duen pertsonari bere kontratua eskualdatzen ahalko dio, kontratatutako baldintzak aldatu gabe (erabilera, emaria, isurketak, etab.).

2. Titularra aldatzeko, kontratuaren xedeko lokalaren edo etxebizitzaren okupatzaile berriak egin beharko du eskaera eta, horretarako, eskualdaketa jakinarazi beharko du eta higiezinaren jabea, errentaria edo erabilera eskubidearen titularra dela frogatu.

3. Udalak jakinarazpena jaso ondoren, kontratu berri bat egin beharko du, erabiltzaile berriaren izenean, jatorrizko kontratuaren eskualdaketa edo lagapena adieraziz.

23. artikulua. Subrogazioa.

1. 19. artikuluaren d) apartatuan ezarritakoa gorabehera, kontratuaren titularra hiltzen bada, ezkontidea, izatezko bikotea, ondorengoak, semetzakoak, alabatzakoak, aurrekoak eta anai-arrebak subrogatzen ahalko dira kontratuaren eskubide eta betebeharretan, betiere hil aurreko bi urteetan ohikotasunez bizi izan baziren hildakoarekin. Hildakoaren guraso-ahalaren mendekoek, ezkontideak eta izatezko bikoteak ez dute frogatu behar bi urtez elkarrekin bizi izana.

2. Jaraunslea edo legatu-hartzailea subrogatzen ahalko da baldin eta hildakoaren etxebizitza edo lokalaren jabea edo usufruktuduna bada. Entitate juridikoak iraungitzen badira, subrogatzeko aukera izanen da bat-egiteen kasuan. Betiere zerbitzuak hartzeko behar diren baimen eta agiri guztiak aurkeztu beharko zaizkio Udalari.

3. Subrogatzeko eskubidea sei hilabeteko epean gauzatu beharko da, titularra hiltzen denetik hasita edo, hala bada, jaraunspena edo legatua onartzen denetik, zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz.

24. artikulua. Kontsumoa.

Erabiltzaile bakoitzak egiten dituen kontsumoak prozedura hauen bidez zehaztuko dira:

1. Neurgailuan egindako irakurketen arteko aldea.

2. Kontsumoen zenbatespena.

3. Kontsumoen ebaluazioa.

25. artikulua. Zerbitzuak kontagailuak irakurtzea.

1. Erabiltzailea behartuta dago Udalak baimendutako langileak kontagailura edo neurgailura iristen uztera.

2. Zerbitzua ematen duenak Udalak une bakoitzean ezartzen duen aldizkakotasunarekin irakurri beharko ditu kontagailuak.

3. Udalak berariaz baimendutako langileek lanegunetan eginen dute irakurketa, 8:00etatik 15:00ak arte.

26. artikulua. Erabiltzaileak kontagailuak irakurtzea.

Erabiltzailea ez egoteagatik irakurketa ezin bada egin, erabiltzaileak berak egin eta eman beharko du. Horretarako, irakurketaren ardura duten langileek inprimaki bat utziko dio, irakurketa egiteko jarraibideekin.

27. artikulua. Kontsumoen zehaztapena.

1. Neurketa neurgailu bidez egiten denean, kontsumoak zehazteko, Udalak edo erabiltzaileak egindako azken irakurketaren eta fakturatutako azken irakurketaren arteko aldea hartuko da kontuan.

2. Fakturazio eguna iritsita, Udalak ez badu erabiltzailearen kontagailuan ikusitako kopuru errealik edo baliozkorik, kontsumoen zenbatespenaren edo ebaluazioaren bidez fakturatzen ahalko zaio dagokion epea.

28. artikulua. Kontsumoen zenbatespena.

1. Udalari ezin egotzi zaizkion arrazoiengatik langileak ohiko lan-ibilbidean ezin badira neurgailura iristen irakurketa egiaztatzeko, eta erabiltzaileak irakurketa ez badio ematen Udalari ezarritako epean, kontsumoen historikoaren arabera fakturatzen ahalko da kontsumoa, edo, halakorik ez bada, Udalak dituen erabilera-taulen eta kontsumo-indizeen arabera.

2. Gainera, kontsumoen zenbatespena egin daiteke baldin eta, Udalaren iritziz, irakurketen arteko aldea ikusita, erabiltzaileak egin ohi ez duen kontsumoa ateratzen bada.

3. Hala kalkulatzen diren kontsumoak konturakoak izanen dira, eta kontagailuaren benetako datua lortutakoan erregularizatuko da egoera, fakturazioan gehiegi edo gutxiegi kobratutakoa aintzat harturik.

4. Aldi bati dagokion fakturazioa egitean, Udalak kontsumoen zenbatespena egin dezake, edo hurrengo aldirako gerora dezake, bietako kontsumoak metatuz.

29. artikulua. Kontsumoen ebaluazioa.

1. Irakurketa egitean neurgailuan akats bat baldin bada, edo kontsumo-indize bakar bat dagoenean, edo neurgailu mugikorra duten kontratuetan behar den epean irakurketa egiten ez bada uzten, aurreko artikuluan ezarritako prozeduraren arabera fakturatuko da kontsumoa.

2. Orobat, kontsumoen ebaluazioa eginen da ezkutuko isuriek eragindako kontsumoa zehazteko, ordenantza honetan ondorio horietarako ezarritako tarifa aplikatzeko.

3. Ebaluazio prozeduraren bidez egindako fakturazioak ez dira konturakoak izanen, behin betikoak baizik.

30. artikulua. Egiaztatzea.

1. Erabiltzaile batek uste badu bere instalazioan kontsumitutako ur bolumena ez datorrela bat kontagailuak erregistratukoarekin, berriz egiaztatzeko eskatzen ahalko du. Horretarako, egiaztatzeko dagozkion tarifak ordaindu beharko ditu erabiltzaileak.

2. Udalak eskatzen baldin badu berriz egiaztatzeko, haren kontura izanen dira gastuak.

3. Bi kasuetan, Udalak kontagailua desmuntatu beharko du, eta laborategi ofizial batera bidaliko du, edo Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuak edo erakunde eskudun batek baimendutako laborategi batera; gero, berehala, egiaztatu behar den kontagailu horren ordez, behar bezala homologatutako beste bat jarriko du.

4. Egiaztatzen bada kontagailuak behar bezala funtzionatzen duela, erabiltzaileari fakturatuko zaizkio neurgailua egiaztatu, muntatu eta desmuntatzeko gastuak; kontrakoa egiaztatzen bada, Udalaren kontura izanen dira.

5. Neurgailua ofizialki egiaztatu aurreko fakturazioak irmoak izanen dira, behar bezala funtzionatzen duela egiaztatzen bada.

6. Egiaztatzen bada kontagailuak ez duela behar bezala funtzionatzen, ofizialki egiaztatu aurreko fakturazioak konturakoak izanen dira, eta zenbatekoak erregularizatuko dira, kontratugilearen kargura edo haren alde. Erregularizazio hori ez da urtebetetik gorakoa izanen.

III. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

I. KAPITULUA

Arau-hausteak

31. artikulua. Definizioa.

Erabiltzailearen arau-haustetzat hartuko dira ordenantza honetan ezarritakoa urratzen dituzten ekintzak eta omisioak.

32. artikulua. Sailkapena.

Garrantziaren arabera, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke, ondoko artikuluetan zehazten denaren arabera.

33. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

1. Behar duen ura baizik ez erabiltzeko eta beharrik gabeko gehiegizko kontsumoa ez egiteko obligazioa ez betetzea; obligazio horren xedea da hornidura sareko erabiltzaile guztiek ura errazago izatea eskura.

2. Atzemandako edozein matxura Udalari lehenbailehen jakinarazteko obligazioa ez betetzea; bereziki bete behar da obligazio hori ur-ihesa edo edateko nahiz hondakin uraren galera bada, edo saneamendu sarean zerbait trabatu bada.

3. Udalari jakinarazteko obligazioa ez betetzea aldaketa nabarmena egiten badu bere ohiko kontsumoan eta/edo isurketetan, eta/edo horien ezaugarrietan, bai eta aldatzen badu kontsumitzen duen uraren erabilera, betiere horrekin batera tarifak edo, oro har, kontratuaren baldintzak aldatu behar badira.

4. Berari dagokion ur hornidura kontratuan jartzen ez diren gauzetarako erabiltzea edo kontratuan jarritako isurketarako baldintzak aldatzea.

5. Aurrekoez gain, arinak dira ordenantza honetan ezarritakoa urratzen dituzten ekintzak eta omisioak, larriak edo oso larriak izan gabe.

34. artikulua. Arau-hauste larriak.

Honako hauek dira arau-hauste larriak:

1. Hondakin urak indarra duten legeek eta Mankomunitateak onesten dituen arauek ezarritako baldintzen eta mugen barnean isurtzeko obligazioa ez betetzea.

2. Eraikinaren barneko instalazioa arreta osoz erabili, zaindu eta kontserbatzeko obligazioa ez betetzea.

3. Udaleko enplegatuak, edo Udalekoak ez izanagatik hark behar den nortasun txartelaren bidez egiaztatzen dituenak, polizan ageri den bere finkan, etxebizitzan, lokalean edo toki itxian sartzen eta lanak egiten uzteko obligazioa ez betetzea; hornidura eta saneamenduaren ikuskapena egitera edo neurgailua berriz jartzera edo irakurtzera etortzen zaizkio aipatu langileak.

4. Udalak zerbitzuez edo haiekin ikusteko dutenez eskatzen dituen datuak ahalik eta zehatzen emateko obligazioa ez betetzea.

5. Ura ekartzeko edo husteko hodiei zuzenean txertatzea (edo, oro har, baimenik gabe erabiltzea) ponpak eta beste edozein aparatu edo elementu, hornidura eta/edo saneamendu sarearen egoera eta, ondorioz, beste erabiltzaile batzuei ematen zaien zerbitzua aldarazi edo hartan eraginik izan badezake.

6. Udalak emandako ura edo husteko ahalmena beste norbaiti saltzea edo doan lagatzea, ohikotasunez.

7. Neurgailua lekuz aldatzea edo bertara heltzeko bidea aldatzea, Udalaren baimenik izan gabe.

8. Udalaren sare edo instalazioen edozein elementu manipulatu edo kaltetzea, edo ura kargatu edo erabiltzeko edozein elementu, edo neurgailuak manipulatzea, erabiltzailearenak badira ere, edo suteetarako barneko instalazioak.

9. Isurketak ez lotzea dagokien husteko hodiarekin, arloko araudiaren arabera.

10. Hornidura sareko edozein elementutatik ura hartzea, modu irregularrean eta baimenik gabe.

35. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Aurreko artikuluan larritzat jotako arau-hausteak oso larriak izanen dira baldin eta isurketaren kantitate edo kalitateagatik arrisku handia bada pertsonen osasunerako, baliabide naturaletarako edo ingurumenerako, hondakin uren kolektoreetan efluenteak behar bezala zirkulatzen ez badu, hodiak behar bezala ez badaude edo hondakin uren araztegiak behar bezala funtzionatzen ez badu.

b) Arriskuak edo larrialdiak ez jakinaraztea, edo egoera horietan Administrazioak agintzen duena ez betetzea.

c) Isurketak eteteko aginduak ez betetzea.

d) Udalaren berariazko baimenik gabe ura hartzea, hornidura sarean kutsadura eragiteko prozedurak erabiliz.

e) Udalak hornitzen duen instalazioan lotuneak egin beste iturri batzuetatik ura ekartzeko, edangarria izan arren.

f) Horiez gain, honako iruzur hauek dira arau-hauste oso larriak:

–Aurreko lerroaldeko arau-haustea, presio diferentziaren ondorioz neurgailuaren funtzionamendu egokiari traba egiten zaionean.

–Berari dagokion ur hornidura kontratuan jartzen ez diren gauzetarako erabiltzea edo kontratuan jarritako isurketarako baldintzak aldatzea, erabiltzaileari irabazi ekonomikoa etortzen bazaio.

–Ur kontsumoak egitea neurgailu batek kontrolatu gabe edo behar den kontratua sinatu gabe, edo instalazioak nolanahi bestelakotzea hura posible egiteko, eta orobat kontrolatzen diren isurketekin.

–Neurgailuaren zigiluak aldatu edo hautsi, beretzako irabazia ateratzeko asmoz.

II. KAPITULUA

Zehapenak

36. artikulua. Zenbatekoa.

Arau-hauste horiei aplikatzen ahal zaizkien zehapenak 3.000 euro bitarte dira, arau-hauste oso larrietarako; 1.500 euro bitarte, arau-hauste larrietarako; eta 750 euro bitarte, arau-hauste arinetarako.

37. artikulua. Zehapenen graduazioa.

1. Zehapenak aplikatzeko, kontuan hartuko da egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den, egindako kalteak nolakoak izan diren eta urte batean gisa bereko beste arau-hausteren bat egin ote den, honela deklaratua baldin bada ebazpen irmo baten bidez.

2. Zehapena %20 merkeago ordaintzen ahal da behar den zenbatekoaren gainean aplikatuta, betiere ordainketa zehapen espedientea abiarazi dela jakinarazi ondoko lehen hamabost egunean egiten bada.

3. Behin-behineko neurri gisa, hornidura eteten ahalko da.

38. artikulua. Konpentsazioa iruzurra egiteagatik.

1. Instalazioak nola edo hala manipulatuz iruzurra egiten denean, kontratatutako zerbitzuak eten eginen dira, harik eta instalazioak hasierako egoeran berriz utzi eta arau-hausleak eragindako gastuak ordaindu arte.

2. Arau-hausteen ondorioz erabiltzaileari irabazi ekonomikoa etortzen bazaio, 36. artikuluan ezarritako zehapenez gain, iruzurrari dagokion likidazioa eginen da.

3. Iruzurraren ezaugarriak direla eta, kontsumitutako ur bolumena zehazterik ez dagoenean, aurreko apartatuan aipatutako likidazioa egiteko, iruzurrak iraun duen bitartean egunero hamar orduko kontsumoa egin izan balitz hargunetik pasatuko zen gehiena kontatuko da.

4. Ezinezkoa bada iruzurrak zenbat denbora iraun duen zehaztea, kasu bakoitzaren inguruabarrak eta zantzuak ikusirik likidazioan denbora-eskala hau erabiliko da:

–Iruzurrak hamabost egun baino gehiago iraun ez duela uste denean: hamar egun.

–Iruzurrak gutxi gorabehera hilabete iraun duela uste denean: hogeita bost egun.

–Hilabetetik hiru hilabetera bitarteko denbora iraun duela uste denean: hirurogei egun.

–Hiru hilabetetik sei hilabetera bitarteko denbora iraun duela uste denean: ehun eta berrogeita hamar egun.

–Sei hilabetetik urtebetera bitarteko denbora iraun duela uste denean: hirurehun egun.

–Urtebetetik goiti iraun duela uste denean: zazpiehun eta hogeita hamar egun.

39. artikulua. Aldatutako errealitate fisikoa lehengoratzea.

1. Zehapenengatik ere, egindako kaltea konpondu beharko da eta iruzurrez lortutakoa itzuli, eta beste erantzukizunik baldin bada, horiei ere egin beharko zaie aurre. Sortutako kaltea konpontzeko, behar diren eragiketak gauzatuko dira instalazioak eta hornidura eta/edo saneamendu sareen elementuak lehengoratzeko, hasteko eta bukatzeko epeak finkatuz.

2. Epeak errespetatzen ez badira edo hasitako lanak geldiarazten badira, subsidiarioki, Udalak exekutatuko ditu lanak, arau-hauslearen kontura betiere.

3. Orobat, Udalak ahalmena du subjektu erantzuleari fidantza bat jar dezala eskatzeko, ezarritako neurrien eraginkortasuna bermatzeko.

40. artikulua. Zehapenak ezartzea.

Udaleko organo batek ezarriko ditu ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteen zehapenak, hain zuzen toki araubideko araudiaren arabera kasu bakoitzean eskuduna den organoak.

41. artikulua. Zehapen-prozedura.

Ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteei zehapenak ezartzeko, zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren gainean abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamenduan xedatutako prozedurari jarraituko zaio, edo hura ordezten duen arauan xedatutakoari.

III. KAPITULUA

Erreklamazioak eta jurisdikzioa

42. artikulua. Errekurtsoak.

1. Udalaren egintzen aurka udaleko alkatearen aurrean egiten ahalko da, hilabeteko epean, honako baldintza hauen arabera:

a) Udalaren ebazpen-egintza guztien kontra errekurtsoa aurkezten ahalko da, eta prozedurak aurrera egitea galarazten duten edo babesgabezia sortzen duten izapide-egintzen aurka, interesdunak dira hori egitea zilegi dutenak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen arabera.

b) Interesdunaren beharkizuna da lehenago erreklamazio jartzea Udalean. Hilabeteko epean jarri behar da erreklamazioa Udalean, Administrazioaren erabakia (erreklamazioaren xedeko) jakinarazten denetik hasita.

c) Udalak erreklamazioari erantzuna eman badio eskatutakoa onartu gabe, interesdunak erantzunaren kopia erantsiko du.

2. Interesdunak erreklamazioa Udalean aurkeztu ondoren hamabost egun igarotzen badira ezer jakinarazi gabe, ulertuko da eskatutakoa ezesten dela; interesdunak errekurtsoa aurkezten ahal du, alkateari zuzendua, Udalean egindako erreklamazioaren kopia erantsita, non erregistro orokorrak erreklamazioari emandako sarrera-data jasoko baita.

43. artikulua. Errekurtso jurisdikzionalak.

Aurreko artikuluan aipatzen diren errekurtsoak ebazten dituen alkatearen egintzak bide administratiboa amaitzen du, eta haren aurka egiten ahalko da, edo zuzen administrazioarekiko auzietako jurisdikzioaren aurrean, haren jakinarazpena jaso eta bi hilabeteko epean.

44. artikulua. Jurisdikzioa.

Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatu bezala eginen da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.

Ordenantza honetan aurreikusia ez dagoen guztian, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeari eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenei jarraituko zaie.

Bigarrena.

Atezko Udalak urtero eguneratuko ditu ordenantza fiskal honetako 6. artikuluko tarifak. Bestela, urtero eguneratuko dira zenbateko horiek, KPIak Nafarroan duen gorakadaren arabera eguneratu ere.

Hirugarrena.

Indarrik gabe geratu dira ordenantza hau bete dadin galarazi edo kontra egiten dioten lehenagoko udal xedapen guztiak.

Laugarrena.

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1808712