118. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1264/2018 EBAZPENA, maiatzaren 31koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko euskara itzultzaile izateko lau lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Abenduaren 20ko 116/2017 Foru Dekretuaren bidez (244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 22koan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen enplegu publikoaren 2017ko eskaintza onetsi zen. Bertan, besteak beste, euskara itzultzaile izateko lau lanpostu onetsi ziren, funtzionario araubidekoak eta A mailakoak.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak urtarrilaren 31n emandako 253/2018 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko euskara itzultzaileen lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zen.

Azkenik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak martxoaren 21ean emandako 656/2018 Ebazpenaren bidez, bete gabe deklaratu zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko euskara itzultzaileen lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko euskara itzultzaile izateko lau lanpostu sarrera prozedura eta oposizio bidez betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak onestea.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko euskara itzultzaile izateko lau lanpostu sarrera prozedura eta oposizio bidez betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak onestea.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 31n.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

DEIALDIA, EUSKARA ITZULTZAILE IZATEKO LAU LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko euskara itzultzaile izateko lau lanpostu, A mailakoak eta funtzionarioen araubidekoak, oposizio bidez betetzea. Lanpostuak ebazpen honen II. eranskinean zerrendatu dira.

1.2. Lau lanpostu horiek txanda hauetan banatuko dira:

–2 lanpostu txanda irekian.

–2 lanpostu igoera txandan.

1.3. Igoera txandako lanpostu hutsen bat bete gabe geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaie.

Bestalde, igoera txandako lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, igoera txandako izangaiek, deialdiaren 8.2 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte, aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1.–Izangai guztien betebeharrak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko kide den estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta, hala behar bada, erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, lizentziadun, ingeniari, arkitekto edo gradudun titulua izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

d) Euskarazko C1 maila frogatzen duen titulua edo ziurtagiria izatea. Titulua edo ziurtagiria bat etorri beharko da Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin, eta agertu beharko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoa, irailaren 27koan) aipatutako tituluen zerrendan, edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan beharko da.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.1.2.–Igoera txandako izangaiek bete beharreko berariazko betebeharrak:

Txanda honetako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betebeharrez gain, hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txanda honetan parte hartzeko gainerako betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragoko batekoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez benetan eman dituztela zerbitzuak kidego horietan.

2.2. Baldintza horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, lanpostuaren jabetza hartu arte.

Aurrekotik salbuetsita dago, igoera txandako izangaiei dagokienez, borondatezko eszedentzian edo nahitaezkoan ez egoteko baldintza. Izan ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dute baldintza hori, bai eta deialdiaren 8.2 atalean agiriak aurkezteko aurreikusten den epea bukatzen denetik lanpostuaren jabetza hartzeko unera arte ere.

2.3. Izendatuak izateko proposatzen diren izangaiek deialdiaren 8.2 oinarrian ezarritako moduan eta epean frogatu beharko dute aurreko baldintzak betetzen dituztela, salbu eta 3.4 atalean ezarritako dokumentazioa, zeina aurkeztu beharko baita deialdian parte hartzeko eskaera formalizatzean.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, www.nafarroa.eus helbidean, nabigazio bide honi jarraituz: “Enplegua”, “Lan eskaintzak”, “Enplegu publikoa Foru Administrazioan”, “Enplegu finkorako eta aldi baterako enplegurako deialdiak”, deialdi honen aipamenean sartuta.

Desgaitasuna duten izangaiek, probak egiteko denboretan eta bitartekoetan beharrezkoa duten egokitzapenen bat eskatzen badute, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 41,60 euroko tasa ordaindu beharko da.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak.

b) Deialdia argitaratu aurretik gutxienez hilabetez lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den hileroko diru-sarrerarik ez izatea.

Aurreko b) paragrafoan aurreikusitako salbuespena honela frogatu beharko da:

–Lan-eskatzailea dela frogatzeko, dagokion enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Deialdiaren iragarkian horretarako ezarritako eredua aurkeztuta eginen da hori, edo deialdian parte hartzeko eskabidean horretarako ezarritako tokian azalduta.

Telematikoki ordainduko da tasa, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–3.3.b) ataleko kasuagatik tasa ordaintzetik salbuetsita daudenek enplegu bulegoak luzatutako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, baita errentarik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere (biak ala biak aurreko atalean aipatutako agiriak). Errentei buruzko adierazpen hori soilik aurkeztu beharko da eskabidean behar den tokian adierazi ez den kasuetan.

Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, lehengoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarrian jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak gehitu beharko dizkiote eskaerari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak badira.

Hiru.–%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Lau.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute telematikoki erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauexek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Miren Oyanguren Castañeira andrea, Euskarabidea-
Euskararen Nafar Institutuko Itzulpen Ataleko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Ander Irizar Apaolaza jauna, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Aitzol Mendiola Agirre jauna, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Itzulpen Ataleko euskara itzultzaile-interpretea.

Ordezko epaimahaikidea: Usoa Wyssenbach Ibarra andrea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Itzulpen Ataleko euskara itzultzaile-interpretea.

–Epaimahaikidea: Pascual Recalde Irigoyen jauna, Euskarabidea-
Euskararen Nafar Institutuko Itzulpen Ataleko euskara itzultzailea.

Ordezko epaimahaikidea: José María Pedro Sestorain Zestau jauna, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Itzulpen Ataleko euskara itzultzailea.

–Epaimahaikidea: Laura Jiménez Díaz andrea, Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Patxi Larrión Galdeano jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Epaimahaikide-idazkaria: Monika Etxebarria Ariznabarreta andrea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Itzulpen Ataleko euskara itzultzailea.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Mikel Joseba Vilches Plaza jauna, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Itzulpen Ataleko euskara itzultzailea.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2018ko abendutik aurrera hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Oposizioko proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren webgunean eta Nafarroako Gobernuaren iragarki taulan, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eta ordena berean eginen dira.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak. Aurrekoaren salbuespena da I. eranskineko II. zatiko 16. gaia, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeari buruzkoa, horren edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen bezala eskatuko baita.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat gauzagarriak eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.3.1.–Lehen proba:

Teoriko-praktikoa izanen da, eta bi ariketa izanen ditu:

Lehen ariketa: gai-zerrendako I. zatiko gaiei buruzko test moduko 100 galdera, gehienez ere, erantzun beharko dira idatziz. Galdera bakoitzak lau erantzun izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Gehienez 2 ordu emanen dira ariketa hau egiteko. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena. Enuntziatuak euskaraz zein gaztelaniaz idatziak egoten ahalko dira.

Bigarren ariketa: gai-zerrendako I. zatiko gaiei buruzko gehienez ere 50 galdera laburki erantzun beharko dira idatziz, gehienez ere 2 orduan. Galderei euskaraz erantzunen zaie, enuntziatuan bestelakorik esaten ez bada.

Kalifikazioa: proba honetan gehienez ere 20 puntu emanen dira, eta ariketa bakoitzean eskuratzen ahalko den gehieneko puntuazioa 10 puntukoa izanen da.

Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gutxienez ere 5 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

6.3.2.–Bigarren proba:

Teorikoa izanen da, eta bi ariketa izanen ditu:

Lehen ariketa: gai-zerrendako I. zatitik zozketaz ateratako gai bat garatu beharko da idatziz eta euskaraz. Ariketa hau egiteko 2 ordu izanen dira gehienez.

Bigarren ariketa: gai-zerrendako II. zatitik zozketaz ateratako gai bat garatu beharko da idatziz eta gaztelaniaz. Ariketa hau egiteko ordubete izanen da gehienez.

Kalifikazioa: proba honetan gehienez ere 30 puntu emanen dira: lehen ariketan, eskuratzen ahalko den gehieneko puntuazioa 20 puntukoa izanen da, eta bigarren ariketan, 10 puntukoa.

Bazterturik geldituko dira lehen ariketan gutxienez ere 10 puntu eta bigarren ariketan gutxienez ere 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.3.3.–Hirugarren proba:

Praktikoa izanen da, eta bi ariketa izanen ditu:

Lehen ariketa: epaimahaiak emandako gaztelaniazko bi testu euskarara itzuli beharko dira. Bat juridiko-administratiboa izanen da, eta bestea, berriz, teknikoa edo dibulgaziokoa. Ariketa hau egiteko, ordubete emanen da gehienez.

Bigarren ariketa: epaimahaiak emandako euskarazko bi testu gaztelaniara itzuli beharko dira. Bat juridiko-administratiboa izanen da, eta bestea, berriz, teknikoa edo dibulgaziokoa. Ariketa hau egiteko, ordubete emanen da gehienez.

Bi ariketetan paperean inprimaturiko hiztegiak erabiltzen ahalko dira. Hiztegi horiek izangaiek eraman beharko dituzte.

Kalifikazioa: proba honetan gehienez ere 50 puntu emanen dira, eta ariketa bakoitzean eskuratzen ahalko den gehieneko puntuazioa 25 puntukoa izanen da.

Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gutxienez ere 12,5 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

6.4. Lehen probako bigarren ariketa eta bigarren eta hirugarren probak, osorik, plika bidez eginen dira.

6.5. Akats ortografiko, gramatikal eta lexikoak proba guztietan zigortuko dira.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanpostu hutsak hautatzea.

7.1. Hautaprobak bukaturik, gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du kalifikazio epaimahaiak, oposizioan lortutako kalifikazioekin, txanden eta lortutako puntuazioaren arabera banaturik. Aipatutako zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, lanpostu hutsen hautaketaren tramitea egiteko.

Puntu berdinketarik gertatuz gero, hirugarren proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen proban eta bigarrenean lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horrexetan.

7.2. Hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak hautatzeko lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean.

7.3. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldiaren deialdia eginen du, argitaratuz aukeratu beharreko 4 lanpostu hutsen zerrenda, izangaien zerrenda (txanden eta puntuazioaren arabera lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz) eta lanpostuak hautatzeko izangaiei ematen zaien epea.

Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiari buruz egiten den iragarkian.

Ondoren, izangaiek jakinaraziko dute, horretarako ezarritako epearen barrenean, euskara itzultzaileen zer lanpostu huts nahiago duten.

8.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena. Proposamen horretan egonen dira probak gainditu eta, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendatzeko proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiari buruz egiten den iragarkian ere, 10. oinarrian aurreikusitakoarekin bat.

8.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epearen barnean:

A) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen duen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten fotokopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Deialdi honetako 2.1.1.d) oinarrian eskatutako tituluetako baten fotokopia.

d) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela frogatzen duena.

e) Zinpeko aitorpen bat edo aitorpen solemne bat, adierazteko ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

f) Zinpeko aitorpena edo promesa, adieraziz Nafarroako Foru Araubidea errespetatzen duela, Konstituzioari eta legeei men egiten diela eta karguari dagozkion betebeharrak zuzen beteko dituela dioena.

B) Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboei eta abarri buruzkoa.

C) Izangaiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak direnean:

a) Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten fotokopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Deialdiko 2.1.1.d) oinarrian eskatutako tituluetako baten fotokopia.

8.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

8.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak izangaien zerrendan, 7.1 atalean aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

8.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, bere eskudantziak erabiliz, besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honen 8.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

9.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, euskara itzultzaileen lanpostuetan aritzeko. Ebazpen horren bidez lanpostuen esleipena ere eginen da.

9.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

9.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitaratze horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren arabera.

Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen batek lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, 8.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.4. Izangairen bat funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, indarreko araudian ezarritako kasuetan, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzen duen egunetik beretik, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 8.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

9.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aitzin hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.–Jarduketen publizitatea.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko iragarki taulan argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus, “Enplegua”, “Lan eskaintzak”, “Enplegu publikoa Foru Administrazioan”, “Enplegu finkorako eta aldi baterako enplegurako deialdiak” aukeratuta.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin bat, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

a) Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda.

b) Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrendan sartu ez diren izangaien zerrenda.

11.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, bi zerrenda horiek onetsiko dira, hots, lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda eta lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrendan sartu ez diren izangaien zerrenda, aplikatzekoak diren kudeaketa arauekin bat.

Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

11.3. Izangaiei deitu eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuz.

Sarrera prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintzak, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituzten izangaiek, aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

12.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

I. zatia.

1. gaia.–Itzulpena: definizioa, itzulpen motak. Itzulpenaren printzipioak, prozesuak, teknikak eta baliabideak.

2. gaia.–Itzulpenaren historia. Mugarri nagusiak.

3. gaia.–Itzulgarritasuna eta itzulezintasuna

4. gaia.–Kultura eta itzulpena; hizkuntzaren unibertsalak.

5. gaia.–Baliokidetasunaren arazoa itzulpenean.

6. gaia.–Itzulpen intersemiotikoa, intralinguistikoa eta interlinguistikoa.

7. gaia.–Itzulpenaren teoria: ikuspegi teoriko nagusiak.

8. gaia.–Itzulpenaren teoria: gaur egungo joerak.

9. gaia.–Itzulpenaren teoria: Vinay-Darbelnet.

10. gaia.–Itzulpenaren teoria: E. A. Nida.

11. gaia.–Itzulpenaren teoria: L. Venuti.

12. gaia.–Itzulpenaren teoria: I. Even-Zohar.

13. gaia.–Itzulpenaren teoria. Ikuspegi funtzionalistak: Skopos teoria. C. Nord.

14. gaia.–Itzulpenaren teoria. Ikuspegi komunikatiboak: B. Hatim eta I. Mason.

15. gaia.–Itzulpena eta ideologia.

16. gaia.–Itzulpena eta feminismoa.

17. gaia.–Itzulpena eta postkolonialismoa.

18. gaia.–Itzulpen zuzenaren teknikak.

19. gaia.–Zeharkako itzulpenaren teknikak.

20. gaia.–Itzulpenaren kalitatea. Autozuzenketa. Berrikuspena eta zuzenketa.

21. gaia.–Akatsak itzulpenean: mailak eta balorazioa. Zuzentzaile ortografikoak.

22. gaia.–Itzulpenaren eginkizuna gizarte eta administrazio elebidun edo eleaniztunetan.

23. gaia.–Itzulpen administratiboa XX. eta XXI. mendeetako Europan.

24. gaia.–Euskarazko itzulpen administratiboaren historia: joerak eta gaur eguneko egoera.

25. gaia.–Itzulpena Nafarroako administrazio publikoetan. Aurrekari historikoak.

26. gaia.–Euskarazko itzulpenaren historia eta literaturarekin duen erlazioa.

27. gaia.–Itzulpenaren arazo nagusiak euskara-gaztelania binomioan.

28. gaia.–Esaldiaren antolamendua gaztelaniatik euskarara egindako itzulpenean.

29. gaia.–Interpretazioa. Interpretazioaren historia. Itzulpenarekin alderatuta dituen berezitasunak.

30. gaia.–Interpretazio modalitateak eta interpretazio teknikak. Interpretaziorako trebetasunak.

31. gaia.–Interpretazioa Justizian. Bitartekaritza kulturala.

32. gaia.–Sekretu profesionala eta deontologia. Zinpeko itzulpena.

33. gaia.–Itzultzaileen ikusgarritasuna eta ikusezintasuna. Estatusa eta elkargo profesionalak.

34. gaia.–Itzulpenerako tresna orokorrak: hiztegiak, entziklopediak, terminologia bankuak, corpusak, hizkuntza kontsultarako zerbitzuak, Internet.

35. gaia.–Teknologia berriak eta itzulpena: itzulpen automatikoa eta ordenagailuz lagundutako itzulpena. Itzulpen automatikoa eta euskara.

36. gaia.–Itzultzeko tresna informatiko berariazkoak. Itzulpen memoriak. Testuak lerrokatzea.

37. gaia.–Itzulpen premia berriak. Ikus-entzunezkoen itzulpena eta lokalizazioa.

38. gaia.–Terminologiaren oinarriak. Terminologia bankuak.

39. gaia.–Terminologia eta itzulpena. Euskarazko eta gaztelaniazko terminologia juridiko-administratiboa.

40. gaia.–Terminologiaren problematika itzulpen administratiboan. Euskarazko terminologia administratiboa bateratzea. Euskalterm.

41. gaia.–Hizkuntza arrunta eta espezialitateko hizkuntza. Erregistro linguistikoak.

42. gaia.–Estilo eta hizkuntza liburuak. Estilo liburu nagusiak euskaraz.

43. gaia.–Hizkera administratiboa euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan. Hizkera estandarraren eta administratiboaren arteko loturak.

44. gaia.–Testu administratiboen itzulpena: sorburu testuarekiko zorroztasuna, eta komunikagarritasuna; joerak.

45. gaia.–Hizkera inklusibo eta ez-sexista euskaraz eta gaztelaniaz.

46. gaia.–Testua. Testu motak: deskribapen, narrazio, azalpen, argudio eta jarraibide testuen ezaugarri orokorrak.

47. gaia.–Testua. Egokitasuna, kohesioa eta koherentzia.

48. gaia.–Perpausa: definizioa. Perpaus motak, esanahiaren arabera: adierazpenezkoak, galderazkoak, aginduzkoak eta harridurazkoak.

49. gaia.–Euskal gramatika: perpausa. Hitzen ordena perpaus barruan. Elementuak. Ordena markatua eta ordena markatu gabea.

50. gaia.–Euskal gramatika: perpaus bakuna. Izen sintagma eta adjektibo sintagma. Aposizioa.

51. gaia.–Euskal gramatika: perpaus bakuna. Aditza eta aditz sintagma.

52. gaia.–Euskal gramatika: deklinabidea. Definizioa. Formak eta kasuak.

53. gaia.–Euskal gramatika: perpaus elkartuak. Juntadurazko perpausak eta mendeko perpausak. Lokailuak.

54. gaia.–Euskal gramatika: lexikoa. Lexikoa sortzeko bideak.

55. gaia.–Euskal gramatika: lexikoa. Hitz elkartuak.

56. gaia.–Euskal gramatika: lexikoa. Hitz eratorriak.

57. gaia.–Euskal gramatika: ortografia. Puntuazio markak. Maileguen eta hitz elkartu eta eratorrien idazkera.

58. gaia.–Laburdurak, siglak eta sinboloak euskaraz eta gaztelaniaz.

59. gaia.–Gaztelaniaren ortografia eta gramatika.

60. gaia.–EIMA: hizkuntza irizpideak.

61. gaia.–Estiloa: euskaraz estilo egokia lortzeko oinarrizko gomendio nagusiak. Arazoak eta konponbideak.

62. gaia.–Kalko okerrak. Euskaraz kalko okerrak saihesteko formula egokiak.

63. gaia.–Euskaltzaindia: historia eta jarduera arauemaile, akademiko eta instituzionala.

64. gaia.–Euskaltzaindiaren hizkuntza baliabideak eta argitalpenak.

65. gaia.–Euskal dialektologia. Euskalkiak eta euskalkien aldaerak. Literatura euskalkiak.

66. gaia.–Nafarroako euskalkiak eta izan duten bilakaera. Azken ikerketa eta proposamenak.

67. gaia.–Euskararen egoera juridikoa Nafarroako Foru Komunitatean. Europa, Estatu eta Nafarroa mailako araudia.

68. gaia .–Euskararen hizkuntza erkidegoaren egoera demolinguistikoa eta euskararen egoera soziala Nafarroan: bilakaera historikoa eta gaur egungo egoera.

69. gaia.–Euskarak Nafarroan duen egoeraren gaineko inkesta eta neurketa soziolinguistiko nagusiak.

70. gaia.–Soziolinguistikaren oinarrizko kontzeptuak: elebitasuna, diglosia, hizkuntza-gutxiengoak, hizkuntza gutxituak. Euskara, hizkuntza gutxitua.

71. gaia.–Itzulpena hizkuntza gutxituetan. Itzulpenaren eginkizuna hizkuntza normalizazioaren prozesuan.

72. gaia.–Hizkuntza normalizazioa. Hizkuntza baten normatibizazioa eta estandarizazioa.

73. gaia.–Estandarizazio ereduak: a) idazkera bateratua, b) dialekto baten hedapena.

74. gaia.–Euskararen estandarizazioa.

75. gaia.–Toponimia eta normalizazioa. Toponimia Nafarroan.

76. gaia.–Euskara Nafarroako hezkuntza sisteman.

77. gaia.–Euskara Nafarroako toki administrazioetan.

78. gaia.–Nafarroako Aldizkari Ofiziala eta aldizkariaren euskarazko edizioa. Euskaraz argitaraturiko beste aldizkari ofizial batzuk. Estatuko Aldizkari Ofiziala eta Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala.

79. gaia.–Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoa: egitura, eskumenak eta programa nagusiak. Euskararen Nafar Kontseilua.

80. gaia.–Nafarroako Gobernuaren Euskararen Plan Estrategikoa.

81. gaia.–18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa.

82. gaia.–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

II. zatia.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Europako Kontseilua. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia.

3. gaia.–Europako Erkidegoko zuzenbidea: haren iturriak. Jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europako Erkidegoko zuzenbidearen eta estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko loturak. Politika bateratuak.

4. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

5. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta funtzioak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.

6. gaia.–Nafarroako Gobernua: Eginkizunak. Osaera, izendapena, eratzea eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko kontseilariak.

7. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahalmena. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

8. gaia.–Administrazio Publikoa eta sektore publikoa: kontzeptuak. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio publikoen organoez. Abstenitzea eta errekusatzea. Hitzarmenez. Administrazioen arteko harremanak.

9. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako printzipio orokorrak. Herritarren eskubideak Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanetan. Antolaketa: printzipio nagusiak, egitura organikoa eta administrazio organoen eskumenak, kide anitzeko organoak.

10. gaia.–Administrazio egintzak: Administrazio-egintzen betebeharrak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

11. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: administrazio prozeduretako interesdunak. Administrazio publikoen jardunaz: jarduteko arau orokorrak; moduak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren abiaraztea, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena.

12. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: Langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

13. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio eremuaz eta Nafarroako Ogasun Publikoaz. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.

14. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: Atariko titulua. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak. 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Diru-laguntzei buruzkoa: xedapen orokorrak eta laguntzak emateko eta kontrolatzeko prozedura. Diru-laguntzak itzultzea.

15. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio Elektronikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.

16. gaia.–Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 29ko 5/2018 Foru Legea: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

17. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), apirilaren 27koa, pertsona fisikoen babesari buruzko datu pertsonalen tratamenduari dagokionez: xedapen orokorrak. Printzipioak. Interesdunaren eskubideak. Kontrol agintari independenteak.

18. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasunaren printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. Berdintasunerako politika publikoak. 33/2002 Foru Legea, azaroaren 28koa, Nafarroako emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna sustatzekoa. Genero eraginaren txostena.

II. ERANSKINA

Euskara itzultzaileen lanpostuak

LANP.

DEPARTAMENTUA

ATXIKIPEN ESPARRUA

HERRIA

ARAUBIDE JURIDIKOA

35989

HERRITARREKIKO ETA ERAKUNDEEKIKO HARREMANETAKO DP.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua

Iruña

NGko funtzionarioa

35998

HERRITARREKIKO ETA ERAKUNDEEKIKO HARREMANETAKO DP.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua

Iruña

NGko funtzionarioa

35999

HERRITARREKIKO ETA ERAKUNDEEKIKO HARREMANETAKO DP.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua

Iruña

NGko funtzionarioa

36001

HERRITARREKIKO ETA ERAKUNDEEKIKO HARREMANETAKO DP.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua

Iruña

NGko funtzionarioa

Iragarkiaren kodea: F1807974