113. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URRAULBEITI

Ur horniduraren tasak arautzen dituen ordenantza.
Behin betiko onespena

Urraulbeitiko Udalak, 2017ko azaroaren 8an egin osoko bilkuran, erabaki du hasiera batean onestea, 2018ko ekitaldian aplikatzeko, Ur horniduraren, estolderiaren, saneamenduaren, arazketaren eta uraren ziklo integralarekin zerikusia duten gainerako zerbitzu eta jardueren tasak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2017ko 245. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 26an, eta legeak ezarritako jendaurreko epea iragan da inork alegaziorik aurkeztu gabe; hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da. Horien testu berria jarraian ematen da.

Urraulbeitin, 2018ko maiatzaren 23an.–Alkatea, Ana Jesús Iriarte Equisoain.

ORDENANTZA, UR HORNIDURAREN, ESTOLDERIAREN ETA SANEAMENDUAREN, ARAZKETAREN ETA URAREN ZIKLO INTEGRALAREKIN ZERIKUSIA DUTEN GAINERAKO ZERBITZUAK ETA JARDUERAK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

TITULUA

Urraulbeitiko Udalaren tasak, uraren ziklo integralari dagokionean

I. KAPITULUA

Aplikazio eremua

1. artikulua. Ordenantza hau aplikagarria izango da Urraulbeitiko lurralde eremu osoan, Artiedako, Arripodasko, San Vicenteko eta Tabarko Kontzejuak barne, non arau-testu honek arautzen dituen zerbitzuak ematen diren.

II. KAPITULUA

Ematen diren zerbitzuak

2. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren zerbitzu eta jarduerak eskura izan edo eskuratu ahal izatea, nahiz erabili edo erabili ahal izatea da zerbitzu honen funtsa. Zerbitzu horiek, dagozkien tasak sortzen dituztenak, honako hauek dira:

a) Edateko ur-horniduraren zerbitzuaren eskuragarritasuna eta mantentze lanak.

b) Herriko saneamendu eta estolderia sareen eskuragarritasuna eta mantentze lanak.

c) Edateko ur-horniduraren zerbitzua erabiltzea. Ezarri beharreko tasa aldatzen ahalko da uraren erabileraren edo helburuen arabera, eta tarifa konbinatuak ezarriko dira urari erabilera desberdinak eman eta neurgailua bakarra denean.

d) Edateko uraren hornidura eta/edo hondakin uren hustuketa behin betiko edo behin-behinekoz kontratatzeko beharrezkoak diren jarduketen zerbitzu tekniko eta administratiboak ematea.

Uraren ziklo integrala arautzen duen ordenantzaren 74. artikuluan xedatutakoaren arabera beste kontratu baten titulartasuna subrogatzen denean, edota erabilera aldaketetan, edo baja eman ondoren 30 egun naturaleko epean ematen diren altetan, kontratu berriak egiteko tramitazioagatik eta formalizazioagatik ez da ordaindu beharko.

e) Edateko uraren hornidura sareetan eta/edo hondakin uren hustuketa sareetan hargunea izateko eskubidea. Hor sartzen da hornidura eta/edo saneamendu zerbitzuak fisikoki eskura izate hutsa.

f) Behin-behineko horniduretarako kontratuak.

g) Ikuskapena, Udaleko langileek egiten dutena, Uraren ziklo integrala arautzen duen ordenantza honek ezartzen dituen arauak zehatz-mehatz betetzen diren ala ez frogatzeko, haren kontrako arau-hausteak direnean.

3. artikulua. Urraulbeitiko Udalak behar diren tasak ezarriko ditu harguneetako lanak finantzatu ahal izateko, bai edateko uraren hornidura sareetakoak, bai hondakin-uren hustuketa sareetakoak; orobat kontagailuak ezarri eta berritzeko, edo bestelako lanetarako, lan horiek Udalak berak egiten dituenean.

III. KAPITULUA

Ordaintzera behartuak

4. artikulua. Ordaintzera beharturik egongo dira:

a) Kontratuaren titularra, ordenantza honetako 2. artikuluko a), b), c), d) eta f) apartatuetan zehaztutako zerbitzuak direnean.

b) Ordenantza honetako 2. artikuluko e) apartatuko zerbitzuen kasuan:

b.1.) Etxebizitzetako harguneak: etxebizitzen sustatzailea egongo da ordaintzera beharturik, eta halakotzat hartuko da higiezinen jabea, etxebizitza horiek eraiki edo horien eraikuntza kontratatzen duena, saltzeko, alokatzeko edo berak erabiltzeko.

Nolanahi ere, eraikuntza proiektua gauzatzeko lana hartu duen eraikitzaileak ordaintzen ahalko du tarifa hori, eta gero zenbateko hori, hala badagokio, sustatzaileari eskatu.

b.2.) Beste hargune batzuk: obrak, ureztaketak eta abar. Hargunearen eskatzailea egongo da ordaintzera beharturik.

c) 2. artikuluko g) apartatuan aipatzen diren jarduerei dagokienez, arau-haustea egin duten pertsona naturalak edo juridikoak.

Hornidura kontraturik ez dagoenean, ikuskatu diren lur, eraikin, establezimendu, zentro, egoitza eta gainerako higiezinen jabea, maizterra edo edozein motatako erabiltzailea izango da ordaintzera behartua dagoena, zehapena ekarri duen jarduketaren onura jaso badu.

IV. KAPITULUA

Kuotaren oinarria

5. artikulua. Hauek dira 2. artikuluko zerbitzuen kuotak kalkulatzeko oinarriak:

a) 2. artikuluko a) apartatuko zerbitzurako: kuota finkoa, kontagailuaren diametroaren arabera. Kuota horri neurtzeko tresnen alokairu-kostua gehituko zaio, tresna horiek Udalarenak direnean.

b) 2. artikuluaren b) apartatuan ezarritako zerbitzurako: kuota finkoa, hornidurako kontagailuaren diametroaren arabera. Kuota horri neurtzeko tresnen alokairu-kostua gehituko zaio, tresna horiek Udalarenak direnean.

c) 2. artikuluko c) apartatuko zerbitzurako: kontsumitutako metro kubiko ur kopurua, kontagailuaren bidez edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bitartez zenbatetsiz.

d) 2. artikuluko d) apartatuko zerbitzurako: kuota finkoa.

e) 2. artikuluko e) apartatuko zerbitzurako: kuota finkoa, hargunearen edo adarraren diametroaren araberakoa, edo kuoten arteko aldea, handitu bada. Kuota horri koefiziente zuzentzaileak aplikatuko zaizkio, eranskinean ezarritako erabileren arabera.

f) 2. artikuluko f) apartatuko zerbitzurako: kontsumitutako metro kubiko ur kopurua, kontagailuaren bidez edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bitartez zenbatetsiz.

g) 2. artikuluko g) apartatuan ezarritako jarduerei dagokienez, egindako ikuskapenen kopurua.

V. KAPITULUA

Tarifak

6. artikulua. Eranskinean daude zerbitzu bakoitzaren kuota kalkulatzeko oinarriei aplikatzeko tarifak.

VI. KAPITULUA

Kuotak

7. artikulua. Oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen den emaitza da zerbitzu bakoitzaren kuota.

8. artikulua. Ateratzen den kuotaren gainean aplikatuko dira legeek aldi bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeetan ezartzen diren maneran eta baldintzetan.

VII. KAPITULUA

Sortzapena

9. artikulua. 1. 2. artikuluaren a) eta b) apartatuetan ezarritako tasak hileko edo seihileko bakoitzaren lehenbiziko egunean sortuko dira, sarearekin lotura egina duten erabiltzaile guztientzat.

Zerbitzuan sartzen diren erabiltzaileen kasuan, zerbitzua kontratatzen duten egunean sortuko dira tasak, eta ordaindu behar duenak ordainduko du, bakarrik, hilabete horri geratzen zaizkion egunei eta seihileko horretako ondorengo egunei dagokien zati proportzionala. Prezio horretan sartuko da, 5. artikuluari jarraikiz, neurketa ekipoaren alokairua, hori ordaindu beharra badu erabiltzaileak.

2. 2. artikuluaren c) eta f) apartatuetan ezarritako tasak ur kontsumoa egiten den unean sortuko dira.

3. 2. artikuluaren d) apartatuan ezarritako tasak edateko uraren hornidura edo/eta hondakin urak husteko kontratua sinatzen den unean sortuko dira.

4. 2. artikuluaren e) apartatuan ezarritako tasak sortuko dira:

a) Etxebizitzetako lotuneak direnean, lotunea eskatzen den unean edo eraikuntza obrarako hornidura kontratua formalizatzen den unean, nahiz eta lotuneak lehenago eginak izan, poligono baten urbanizazioaren barruan.

b) Bestelako harguneetan, hargunea baimentzen den unean.

5. 2. artikuluaren g) apartatuan ezarritako tasak, ordenantzaren arau-haustea eginez gero, Udalak baimendutako langileek ikuskapena edo egiaztapena egiten duten unean sorraraziko dira.

VIII. KAPITULUA

Ordainarazpena

10. artikulua. Ordenantza honetan araututako tasak hurrengo arauei jarraikiz ordainaraziko dira:

1. 2. artikuluko a), b), c) eta f) apartatuetan ezarritako prezioak honela ordainaraziko dira: seihilean behin.

2. 2. artikuluko d) eta e) apartatuetan ezarritako tasak sortzapenaren unean ordainaraziko dira.

3. 2. artikuluko g) apartatuan ezarritako prezioak ordaintzera behartua dagoenari jakinarazten zaizkionean ordainaraziko dira.

IX. KAPITULUA

Diru-bilketa

11. artikulua. 1. Ordenantza honetan zehaztutako zerbitzuak ematetik sortzen diren zorrak “jakinarazpenik gabekotzat” joko dira, salbu eta 2.g) artikuluan jasotzen diren jardueretatik sortzen direnak.

2. 2. artikuluko a), b), c) eta f) apartatuetan zehaztutako tasengatik sortutako zorrak, 10. artikuluan adierazi bezala ordainarazi ondoren, hilabeteko epean ordaindu beharko dira, ordainarazteko epea hasten denetik aurrera.

3. 2. artikuluaren d) apartatuan ezarritako zerbitzuetatik eratorritako tasak sortzapenaren unean berean ordaindu beharko dira, salbu eta 12.a) artikuluko ordaintzeko modua aukeratu bada, orduan 30 egun balioduneko epean ordaindu beharko dira.

4. 2. artikuluaren e) apartatuan ezarritako tasak, hargunerako eskubidea aitortu ondoren, Uraren ziklo integrala arautzen duen Erregelamenduaren arabera ordaindu beharko dira, sortzen diren unean. 9.4 artikuluko b) apartatuan jasotako kasuan, obrako hornidurarako baimena emandako unean ordainduko da.

5. 2. artikuluaren g) apartatuan ezarritako tasak subjektu pasiboari jakinarazten zaizkionetik hasi eta hilabete bateko epean ordaindu beharko dira.

6. Ezarritako epearen barnean ordaintzen ez diren tasen zenbatekoei erantsiko zaie urteko legezko interesa aplikatzetik sortzen den zenbatekoa.

Interesei dagokien zenbatekoa sortuko da borondatez ordaintzeko epeko azken egunean eta hilabeteka eskatuko da, borondatez ordaintzeko epea bukatu ondoko hilabeteko azken egunetik aurrera.

Berandutze-interesak ez dira aplikatuko beren jarduerak antolamendu juridiko pribatura egokitu behar dituzten zuzenbide publikoko entitateen, administrazio publikoen eta erakunde autonomoen zorrak direnean.

12. artikulua. 1. Zorren ordainketa honela egiten ahalko da:

a) Zorren ordainketa helbideratu dutenen kasuan, beraiek seinalatutako banku edo aurrezki entitatean, kontuan kargatuz.

b) Zorren ordainketa helbideratu ez dutenek edota, edozein arrazoi dela medio, helbideratu arren zenbatekoa ezin izan bada hartu, Urraulbeitiko Udalak bere izenean irekitako kontuan, zehazten den banketxean.

2. Nahiz eta 9.1 artikuluan ezarritakoa hala izan, kontratua amaitzeak sortzapen eskubideak ezabatuko ditu, eta, hala, amaiera dataz ondorengo egunei dagozkien sortutako eta ordaindutako tasen zenbatekoa ordaintzaileari itzuli beharko zaio.

II. TITULUA

Saneamendu kanona

13. artikulua. Saneamenduko kanona Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legean eta hura garatzeko apirilaren 5eko 82/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduan arautua dago.

14. artikulua. Delako kanona 10/1988 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorrarekin bat ezarri da eta haren zenbatekoa Nafarroako Aurrekontuei buruzko Foru Legean finkatua dago, aurrekontuen ekitaldi bakoitzerako.

15. artikulua. Ez da saneamendu kanona ordaindu beharko ez ureztatzeko ur kontsumoetan ez saneamendu sarera lotu gabe daudenetan.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek 2018ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

1. ERANSKINA

Tarifak

1.–2.a) artikuluan jasotako zerbitzuak.

1.1. Kuota finkoak –Hornidura–: Instalatutako kontagailuaren diametroaren arabera.

–Seihileko kuota duen kontagailuaren diametroa:

  • 35 mm-ra bitarte: 15,00 euro.
  • 35 mm-tik 65 mm-ra bitarte: 75,00 euro.
  • 65 mm-tik gora: 150,00 euro.

1.2. Kontagailuen alokairuko kuotak.

Hilean, kontagailuaren batez besteko prezioaren %1,25eko tarifa aplikatuko da (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 230. zk., 1984ko irailaren 25ekoa). Barnean daude konpontze eta mantentze gastuak.

2.–2.b) artikuluan jasotako zerbitzuak.

2.1. Kuota finkoak –Saneamendua, estolderia–. Hornidurarako paratu den kontagailuaren diametroaren arabera.

–Seihileko kuota duen kontagailuaren diametroa:

  • 35 mm-ra bitarte: 15,00 euro.
  • 35 mm-tik 65 mm-ra bitarte: 75,00 euro.
  • 65 mm-tik gora: 150,00 euro.

3.–2.c) artikuluan jasotako zerbitzua –Kontsumoa–.

Kuota aldakorra: prezioa m³ bakoitzeko.

1. tarifa.–Etxeko erabilera etxebizitzetan eta hari lotutako erabilerak.

90 m³ bitarte/seihileko, 0,35 euro/m³.

Gainerako kontsumoa: 0,45 euro/m³.

2. tarifa.–Etxeko erabilera konbinatua.

90 m³ bitarte/seihileko, 0,35 euro/m³.

Gainerako kontsumoa: 0,55 euro/m³.

3. tarifa.–Industria eta merkataritzako erabilera. Tarifa honetan industria, merkataritza, bulegoak eta langelak, eta nekazaritza eta/edo abeltzaintzako nabeak sartzen dira: 0,55 euro/m³.

4. tarifa.–Ureztatzeko erabilerak: 0,90 euro/m³.

5. tarifa.–Ur hornidura, Udalaz kanpoko toki entitateei, zisternetan egiten dena barne: 0,80 euro/m³.

6. tarifa.–Obretarako hornidura, edo zisternen bidezkoa: 0,80 euro/m³.

7. tarifa.–Ezkutuko ur-jarioen ondoriozko kontsumoa: 0,35 euro/m³.

Tarifa hau aplikatzeko ondoko egoera hauek guztiak gertatu beharko dira, eta behar bezala justifikatu beharko:

1. Ezkutuko ur-jarioa izan beharko du, subjektu pasiboak ez dakiela hodiak edo neurketa ekipoak hondatuta daudela.

2. Egiaztatu beharko da ez dela inolako utzikeriarik izan ur-jarioa eragin duten egintzetan, ez ur-jarioaren ondoko jarduketan.

Apurtu edo hondatu eta, horren ondorioz, ur-jarioa izan duen instalazioa 7 eguneko epean konponduko da, gehienez ere, ur-jarioa atzematen denetik aurrera.

4.–2.d) artikuluan jasotako zerbitzuak. Kontratazioa: 60,00 euro.

5.–2.e artikuluan jasotako zerbitzuak. Hargune eskubideak.

5.1. Hornidura eta saneamendu sareetara hargunea egiteko eskubideak: hargunearen edo hargune deribatuaren diametroaren araberako tarifak, zeinari seinalatzen diren koefiziente zuzentzaileak aplikatuko baitzaizkio:

50 mm bitartekoak: 400,00 euro.

36 mm-tik gora, 600,00 euro.

Koefiziente zuzentzailea:

–Etxebizitza libreak: 0,80.

–Babes ofizialeko etxebizitzak: 0,40.

–Prezio tasatuko etxebizitzak eta eraikinak berritzea: 0,60.

–Hargune eskaerak, sareak berritzeagatik: 0,80.

–Etxebizitza, lurzatiarekin: 1,00.

–Industria, merkataritza, nekazaritzako nabea, abeltzaintzako nabea: 1,00.

–Obretarako eta behin-behineko erabileretarako harguneak: 0,20.

–Ureztatze pribatua, aisiarako baratzeak, igerilekuak: 1,20.

5.2. Bi edo erabilpen gehiagorako deribazioak dituen halako diametroko hargunea egiten den kasuetan, deribazio bakoitza hargune ezberdina bailitzan tramitatuko da, bakoitzari erabileraren kariaz dagokion koefizientea aplikatuz. Hala ere, eskatzaileak bakarrik hargune nagusia tramitatzea eskatu ahalko du, deribazioak alde batera utziz; halakoetan 1 koefizientea aplikatuko zaio.

5.3. Erregistroaren giltza diametro txikiagokoa bada, tarifa delako diametroaren gainean ezarriko da.

5.4. Uraren Ziklo Integrala arautzen duen ordenantzarekin bat, soilik hornidura sarera hargunea izateko eskubidea, edo soilik saneamendu sarera izatekoa eskatzen deneko salbuespen kasuetan, ondoko arauak ezartzen dira:

a) Hornidura sareko hargunea izateko eskubidea: zenbatekoa tarifa orokorraren %50 izango da. Kasu honetan sartzen dira ureztaketarako hargunea izateko eskariak.

b) Saneamendu sarera hargune bateratua (euri-urak eta ur beltzak batera) izateko eskubidea. Tarifa estandarrak, hargunearen diametroaren arabera:

–Hargunearen diametroa, oinarriak:

  • 250 mm-ra bitarte: 200,00.
  • 250 mm-tik gora: 300,00.

Oinarriei 5.1 apartatuan ezarritako koefiziente zuzentzaileak aplikatuko zaizkie.

c) Ur beltzen edo euri-uren hargunea izateko eskubideak: tarifaren zenbatekoa b) apartatuan ezartzen denaren %50ari dagokiona izango da.

6.–2.g) artikuluan jasotako jarduerak.

Egindako ikuskapen bakoitzeko: 60,00 euro.

Urraulbeitin, 2017ko azaroaren 9an.–Alkatea, Ana Jesús Iriarte Equisoain.

Iragarkiaren kodea: L1806842