109. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

151/2018 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana. Horren bidez aldatzen da Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 15eko 137/2018 Ebazpena, toki entitateek eta eragile pribatuek sustatzen dituzten basolanetarako laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena 2018-2019 ekitaldirako (2014-2020 LGP-Landa Garapenerako Programaren 04.03.05 eta 08.05.01 azpineurriak).

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 15eko 137/2018 Ebazpenaren bidez onetsi ziren toki entitateek eta eragile pribatuek sustatzen dituzten basolanetarako laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak 2018-2019 ekitaldirako (2014-2020 LGP-Landa Garapenerako Programaren 04.03.05 eta 08.05.01 azpineurriak).

Eskaerak aurkezteko ebazpenaren bigarren puntuak finkatzen duen epea 30 egun baliodunekoa da, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Epe hori, aitzineko deialdietakoaren erdia, bi konturen ondorioz finkatu zen horrela, batetik espediente hauen tramitazioan metaturiko eskarmentua, eta bertzetik, onuradunen tipologia, basolanetarako laguntza kanpainetako tramitazio prozesuen berri dutenak izanik. Halaber, epe laburragoak bidea ematen zuen laguntzak arinago onartzeko eta diruz lagundutako ekintzak gauzatzen diren aroetara hobeki egokitzeko, klimatologiaren mende-mendean egoten baitira.

Hala ere, hori bezain egia da, toki entitateek osoko bilkuretan onesten dituztela beren oihanetan egin beharreko inbertsioak, laguntza eskariei oinarria ematen dietenak, eta bilkura horien deialdia hagitz maiztasun desberdinekin egiten dela udal batetik bertzera.

Alderdi hori, ordea, ez zen kontuan hartu epearen lehen proposamenean, eta onartu beharra dago eskabideak aurkezteko finkaturiko epea beharbada ez dela aski interesdun frankorendako. Areago, udaldiaren hasierarekin batera gertatzen delarik.

Horrenbertzez, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Plangintza Estrategikorako Atalak proposatu du aurkezteko epea luzatzea, 30 egun baliodunekoa gabe, 45 egun baliodunekoa izan dadin. Gisa horretara, epe luzeagoa ezarrita kasu egiten zaio bai lurralde aniztasunari bai espedienteak zuzen kudeatu beharrari.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DU:

1. Eskabideak aurkezteko epea aldatzea.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren 137/2018 Ebazpena aldatu da.

Honela dioen tokian:

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Honako hau behar du:

Eskaerak aurkezteko epea 45 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Ebazpen honen kontrako errekurtsoa.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpenaren jakinarazpena.

Ebazpen hau jakinaraztea Ingurune Naturalaren Zerbitzuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 29an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1807201