88. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ATARRABIA

Deialdia, Atarrabiako udaltzain izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko, euskararen ezagutza proba egiteko aukerarekin

OINARRIAK

1. oinarria.–Baldintza orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua da Atarrabiako Udaleko udaltzain izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzea; lanpostu horiek Udaleko plantilla organikoan kode hauekin identifikaturik daude: 02 04 01 / 03 eta 02 04 01 / 09, jarraian aditzera ematen diren txandetan banatuak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3. artikuluan xedatutakoari jarraikiz:

–Lanpostu bat txanda irekian.

–Lanpostu bat igoera txandan Nafarroako Administrazio Publikoko langileentzat.

Igoera txandako lanpostu hutsa txanda irekikoari gehituko zaio, bete gabe gelditzen bada hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa ez erdiesteagatik.

Halaber, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditurik ere lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera, hautapenaldiko lehen faseko proben puntuazioen batuketa eginez.

1.2. Prozedura hau arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

1.3. Deialdi hau dela medio izendatzen diren izangaiak Atarrabiako Udaleko funtzionario publiko eta udaltzain izanen dira. Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena eman eta bertan kidetzeaz gain, araubide horren babespean geldituko dira.

1.4. Izendatzen den izangaiak martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak izanen ditu, eta Foru Lege horretan ezartzen diren mailetako C mailaren barnean geldituko da sailkaturik.

1.5. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hemezortzi urte izatea gutxienez.

c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat izatea.

d) Beren egitekoa betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren 3. eranskinean ageri diren bazterbide medikoetan ez egotea.

e) Dolozko delitu bategatik inoiz kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen adierazpenaren bidez adieraziko da.

2.2. Txanda irekiko izangaiei eskatutako betebeharrez gain, igoera txandako izangaiek betebehar hauek ere izanen dituzte:

h) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finko izatea, horietan bost urtez zerbitzuak egin izana egiaztatzea eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea.

i) Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko dute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.

j) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

2.3. Baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dira, h) letran adierazitakoa izan ezik, oinarrizko prestakuntza-ikastaroa egiteko onartutako izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko baita, eta b) oinarrian adierazitakoa izan ezik, aski izanen baita eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen betetzea.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak Atarrabiako Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu ahalko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat erabiliz. Eskabideak deialdi honetako 1. eranskinean argitaratu ereduari lotuko zaizkio. Eredua Atarrabiako Udaleko hiritarrendako arreta zerbitzuan eskuratzen ahalko da; bestela, interneteko www.villava.es helbidean edo iragarritako Aldizkari Ofizialean. Haietan, deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute izangaiek.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

3.3. Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztuko dute:

a) Izangaiak 1. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela egiaztatzen duen osasun ziurtagiri ofiziala.

b) Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia konpultsatua.

c) Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia konpultsatua.

d) Euskararen ezagutza baloratzeko hautazko proba egitetik salbuetsi nahi dutenek, Hizkuntza Eskolaren gaitasun agiria, EGA titulua edo horien baliokidearen kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

e) Igoera txandako izangaiek abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna frogatzen dituen agiria aurkeztu beharko dute, zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak luzatua.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.5. 3.1, 3.2 eta 3.3 ataletan aurreikusitakoa betetzen ez bada, izangaia kanporatu eginen da.

3.6. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Horretarako bi zerrenda osatuko dira; bata txanda irekiko izangaiena eta bestea igoera txandako izangaiena.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5. oinarria.–Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Epaimahaiburua: Mikel Oteiza Iza, Atarrabiako Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: Irene Latasa Bailón, Atarrabiako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Pedro Zúñiga Martín, Atarrabiako udaltzainburua.

–Ordezkoa: Egoi Beperez Redín, Burlatako Udaltzaingoko burua.

Epaimahaikidea: Eduardo Moler Mancho, Atarrabiako Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria.

–Ordezkoa: Iñigo Anaut Peña, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria.

Mahaikide bat langileen ordezkaria izanen da, Langileen Batzordeak proposatua.

Mahaikide idazkaria: Francisco Javier Gil Izco, Atarrabiako Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: José Sánchez Uribarri, Atarrabiako Udaleko Herritarrendako Harrera Bulegoko arduraduna.

5.2. Mahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago eratuko da epaimahaia.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.

6.1. Oposizioaldia 2017ko maiatzetik aurrera egitea aurreikusten da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioaldiko ariketak non eta zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak udaletxeko iragarki oholean eta udalaren www.villava.es web-orrian emanen dira argitara, probak egin baino 48 ordu lehenago gutxienez.

Oposizioak hautapenaldia izanen du lehenik, eta horretan probak baztergarriak izanen dira: II. eranskinean ageri diren gaitegiaren ingurukoak, egoera fisikokoak, psikoteknikoak eta medikoak, baita euskararen ezagupena erakusteko proba ere, hau borondatezkoa; bigarren aldian, oinarrizko ikastaro bat gainditu beharko da. Ikastaro hori gainditzea ezinbesteko baldintza izanen da, Nafarroako Polizia Kidegoetako funtzionario izateko.

Martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 29.3 eta 43.4 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliozkotasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak luzatuko du, interesdunak eskatuta. Halaber, Nafarroako Segurtasun Eskolari dagokio beste ikastaro eta diploma batzuk osotasunean edo zati batean baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago, betiere edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen du.

6.2. Hautapenaldian proba hauek izanen dira:

A.–Lehenbiziko proba: teorikoa.

Lehenbiziko proba galdetegi bat izanen da, test modukoa, eta hainbat erantzun aukera duen 50 galdera izanen du, erantzun zuzena bakarra izanik. Gaiak deialdiko II. eranskinean ageri dira.

Probaren gehieneko balioa 100 puntu da, eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere puntuazio horren erdia eskuratzen ez dutenak.

Galdetegiko galdera guztiek 3 erantzun posible izanen dituzte. Erantzun baliozko bakoitzak 2 puntuko balorazioa izanen du, eta erantzun okerrek puntu 1eko balorazio negatiboa izanen dute. Izangaiek ordubete izanen dute gehienez ariketa hori egiteko.

B.–Bigarren proba: ariketa fisikoak.

I. eranskinean jasotako ariketa fisikoak egin beharko dira; hauetako bakoitza, lortutako markaren arabera, baztertzaile eta puntuagarri izanen da. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

Izangai guztiak dopinaren aurkako kontrola egitera behartuta daude, ariketak egin bitartean edo noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Kasuan kasuko organo espezializatuak eginen ditu debekatutako jarduerak atzeman edo egiaztatzeko analisiak. Horrenbestez, debekatuta daude Kiroletako Kontseilu Gorenak 2013ko abenduaren 20an emandako Ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazioak (kirolean debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2013ko 312. Estatuko Aldizkari Ofizialean, abenduaren 30ean, argitaratua), eta, bestalde, indarrean segitzen dute Kiroletako Kontseilu Goreneko Lehendakaritzak kirolean debekatuta dauden metodo eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako Ebazpenaren IV. eta V. eranskinek (animaliengan, galgoengan eta lehiaketa hipikoetan debekaturik dauden substantzien eta metodoen zerrendak dituztenak, hurrenez hurren), Osasuna Babesteari eta Kiroleko Dopinaren kontra Borrokatzeari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaren babesean. VI. eranskinak ere indarrean segitzen du, kirolean dopina erabiltzearen kontrako UNESCOren Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskinari aurka egiten ez dion guztian. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

C.–Hirugarren ariketa. gaitasun psikoteknikoa.

Proba psikoteknikoak eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesionalaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtzeko. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (NAPI) Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

Hautapen aldiko hirugarren probako ariketa psikoteknikoetan, 0tik 50 puntu bitarteko kalifikazioa emanen zaie izangaiei, eta baztertuta geldituko dira 25 puntu eskuratzen ez dutenak.

Probak egin aurretik Udaleko Giza Baliabideen Alorrak lanpostuaren profil profesionala proposatuko dio Udaltzaingoko Burutzari, onets dezan. Onespena epaimahaiari jakinaraziko zaio.

D.–Laugarren proba. Euskaraz jakitea.

Euskararen ezagutza baloratzeko proba borondatezkoa da eta, ondorioz, ez da baztergarria izanen. Proba hori egin nahi duten izangaiek eskabidea aurkeztearekin batera eskatu beharko dute proba egiteko; Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginen du, uztailaren 30eko 203/2001 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera. Lehen proba honetan, gehienez ere, 19 puntu lor daitezke.

Gehieneko puntuazioa jasoko dute Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 maila ahoz eta B1 maila idatziz daukatela egiaztatzen dutenek. Ezagutza maila apalagoa dutela egiaztatzen dutenei proportzioan baloratuko zaie.

Hizkuntza Eskolako Gaitasun Agiria, EGA edo balio bereko besteren bat duten izangaiak proba hauek egitetik salbuetsita egonen dira. Epaimahaiak atal honetako puntuaziorik handiena eman diezaien, oposiziogileek titulua, jatorrizkoa edo kopia konpultsatua, aurkeztu beharko dute hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean berean. Ez dira onartuko azterketa-txartelak ez eta ofizialak ez diren zentroek emandako egiaztagiriak.

Hautapenaldiko probetarako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute. Iragarritako egun, ordu eta lekuetan agertzen ez diren izangaiak oposiziotik kanpo geratuko dira, oro har.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki oholean eta web-orrian, eta bost egun naturaleko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere Udalaren iragarki-oholean eta web-orrian argitaratuko.

6.3. Lanpostu kopurua handitzea.

Deialdiaren xede diren lanpostuen kopurua hautapen-prozesuan handitzen ahalko da, betiere izangaiak deialdi honetan aurreikusitako oinarrizko prestakuntza-ikastaroan sartu baino lehen.

Lanpostu kopuruaren handitzean aplikatzekoa izanen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).

Lanpostu hutsen kopurua handitzen bada, deialdiaren xedeko lanpostu hutsen kopurua handitzen duen ebazpena Nafarroako Gobernuko iragarki oholean eta haren web orrian argitaratuko da.

6.4. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

Behin betiko emaitzak argitaratuta, epaimahaiak oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda jarriko du udalaren iragarki oholean, puntuazioaren arabera ordenatuta; izangai horien kopuruak ez du gaindituko deialdiko lanpostuen kopurua.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaiek beren gaitasun psikofisikoak egiaztatzeko beharrezko diren proba medikoak onartuko dituzte, deialdi honetako 2.1 ataleko e) letran ezarritako moduan.

6.5. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

Prestakuntza-ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta gobernatuko dute Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduek eta aplikagarriak diren gainerako xedapenek.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, onartutakoen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarri eta hamar egun naturaleko epean, izangaiek frogatu beharko dute deialdiaren 2.1. oinarriko c), e) eta f) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, ondoko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Udalaren Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Deialdian eskatutako gidabaimenen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatua.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela dolozko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez dela administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua izan, eta ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe delitu-aurrekarien deuseztapena aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

Atarrabiako Udalak Justizia Ministerioaren Zigortu eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiari eskatuko dio izangaiek aurrekari penalik ez dutela edo horiek deuseztatu direla frogatzen duen agiria eta ofizioz erantsiko dio espedienteari.

–Armak eramateko eta, hala balegokio, horiek erabiltzeko konpromisoa hartzeko erantzukizuneko aitorpena.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

Epaimahaiak xedatuko du izangaiei osasun azterketa egin dakien, haien gaitasun fisikoa egiaztatzeko; betiere, III. eranskinean zehazten denari begira. Osasun azterketa hori Udalak erabakitzen duen osasun zaintza eta prebentzio zerbitzuak eginen du, eta haren esku geldituko da deialdi honetako lanpostuetarako oposiziogileak gai direla deklaratzea.

Aurreko izapideak beteta, epaimahaiak jendaurrera aterako du prestakuntza ikastaroan onartuak izan direnen behin betiko zerrenda. Behin-behinekotasunez onartutako izangairen batek eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu, edo osasun azterketa gainditzen ez badu, behin betiko zerrendan gainditu duten izangaien artean puntuaziorik altuena lortu duen hurrengoak ordeztuko du; betiere, eskatzen den dokumentazioa aurkeztu eta osasun azterketa gainditu ondoren.

Atarrabiako alkateak, ebazpen bidez, izangaiak atxikiko dizkio Nafarroako Segurtasun Eskolari eta horren izendapenak eginen ditu.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean kidetuta zeudenen kasuan, hartan jarraituko baitute.

Ikastaroan dabiltzan bitartean, izangaiak Atarrabiako Udalaren zerbitzuko praktiketako funtzionario izanen dira eta C mailaren oinarrizko soldataren adinako beka jasoko dute, baita familia laguntza ere, horren beharra dagoenean.

Praktiketako funtzionario izateak ez du eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik ematen.

Ikastaroan baja emateak izangaia deialditik kanpo utziko du eta, era berean, lansaria galtzea ekarriko; gainera, oposizioaldian jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea ekarriko du berekin. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartua izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiak agintzen zaizkion osasun proba guztiak pasatu beharko ditu, deialdiaren 2.1 d) atalean aipatzen den baldintza betetzen segitzen duela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai hori hautapen prozesutik kentzeko; ondorioz, praktiketako funtzionario izateari utziko zaio.

Prestakuntza ikastaroaren kalifikazioa “gai” eta “ez gai” izanen da. Ez gaitzat jotako izangaia deialditik kanpo geldituko da.

Prestakuntza ikastaroa bukatuta, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaien kalifikazioa igorriko dio epaimahaiari. Epaimahaiak ematen duen kalifikazioa loteslea izanen da.

Prestakuntza ikastaroa gainditzen duten izangaiek, hautapen prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaie, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.

7. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, osoko puntuazioaren arabera ordenatua, eta gainditu duten izangaiak izendatzeko proposamena igorriko du; izangai horien kopuruak ez du gaindituko deialdiko lanpostuen kopurua.

7.2. Izendapen proposamena jakinarazi ondoko hogeita hamar egun naturalen barrenean, zerrenda horretako izangaiek zin egin beharko dute, edo hitz eman, Nafarroako Foru Araubidea begiratu eta defendatuko dutela, Konstituzioari eta Legeei men eginen dietela eta karguko eginkizunak zintzo beteko dituztela.

7.3. Aipatu epean, eta behar bezala arrazoituriko ezinbestekoak salbu, zin egin edo hitz ematen ez duena, ezin izanen da izendatu.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Alkateak funtzionario eta Atarrabiako udaltzain izendatuko ditu izendapen proposamenean sartutako izangaiak, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

8.2. Oposizioa gainditu ondoan Atarrabiako Udaltzaingoan sartzen diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean izena eman eta bertan kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitako babesean.

8.3. Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

8.4. Atarrabiako Udaltzaingoko udaltzain izateko lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.

8.5. Aipatu epearen barrenean izangairen bat karguaz jabetzen ez bada, Atarrabiako Udaltzaingoan sartzeko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu.

9. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Legearekin bat, izangaiek, deialdira aurkeztu hutsez, baimena emanen dute beren datu pertsonalen tratamendurako, eta jakinaren gainean geldituko dira “langileen kudeaketa” izeneko fitxategia dagoela, besteak beste, langileak hautatzeko prozesuak egiteko.

Orobat, izangaiei aditzera ematen zaie bildutako datuak hirugarrenei lagatzen ahal zaizkiela legean berariaz adierazten denetan, edo lagapena beste administrazio publiko batzuei egiten zaienean, bakoitza bere eskumenetan ari dadin.

Hautapen prozesuaren emaitzak jendaurrean jarriko dira, aplikatzeko arauetan ezartzen diren tokietan ez ezik, Atarrabiako Udaleko iragarki oholean eta web gunean.

Udala da fitxategiaren arduraduna eta udal egoitzan baliatzen ahalko dira fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, baita bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka ere, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Atarrabian, 2017ko martxoaren 21ean.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.

1. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak: ariketa fisikoak

1.–Ur ingurumeneko trebetasun proba. (50 metro estilo librean, tarte batzuk ur azpitik eginez).

Deskribapena: 25 metroko igerileku batean estilo librean igeri egitea, joan eta etorri.

Ezin izanen da erabili urpeko betaurrekorik, ezta urpean ibiltzeko beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Gauzatzeko modua: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretan murgildu eta 50 metro igerian eginen ditu, ur azalean nahiz urpean, ahalik eta denbora laburrenean. Irteeratik 10 metrora, urpean eginen du igeri bi metro gelditu gabe, horretarako propio jarritako tartean, eta gero kontrako paretaraino jarraituko du, han buelta eman eta irteerara itzuliko da. Zedarritutako tartera iristean, berriz ere urpean eginen ditu bi metro etengabe, eta paretaraino segituko du gero.

Saio bakarra eginen da.

Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi izanen da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak nahiz ertza euskarri moduan edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoa ukitu edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

Puntuazioa: honako eskala honen araberakoa izanen da (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).

PUNTUAZIOAK DENBORAK

EZ GAI

5 PUNTU

6 PUNTU

7 PUNTU

8 PUNTU

9 PUNTU

10 PUNTU

Gizonezkoak

55” edo gehiago

54”9tik 50”ra

49”9tik 46”ra

45”9tik 42”ra

41”9tik 39”ra

38”9tik 36”ra

35”9 edo gutxiago

Emakumeak

60” edo gehiago

59”9tik 54”ra

53”9tik 50”ra

49”9tik 46”ra

45”9tik 43”ra

42”9tik 40”ra

39”9 edo gutxiago

2.–Bankako press-a, edo pisua jasotzeko proba, 35 kg gizonentzat eta 20 kg emakumeentzat.

Deskribapena: banku batean ahoz gorako etzaneran, izangaiak 35 edo 20 kiloko pisua goratu behar du, 60 segundoan, ahal duen aldi guztietan. Bi eskuekin goratuko du pisua, eta barra hartuko du sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari ahurraz heldu eta behatzak itxirik). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek. Ezin da eskularrurik erabili, ezta heltzea errazten ahal duen bestelako gairik ere.

Ariketa hau egiteko 60 segundo emanen dira gehienez. Izangaiak deialdian ezarritako moduan bukatzen ahal du ariketa, eta ordura arte egiazki egindako altxaldi baliodunen kopurua kontatuko da puntuaziorako.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du.

Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrela mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetuko da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Ariketa bukatutzat emanen da baldin eta izangaia gelditu egiten bada, ukondoak flexionaturik eta barra bularra ukitzen duela.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK ERREPIKAPENAK

EZ GAI

5 PUNTU

6 PUNTU

7 PUNTU

8 PUNTU

9 PUNTU

10 PUNTU

Gizonezkoak

25 baino gutxiago

25etik 30era

31tik 35era

36tik 39ra

40tik 42ra

43tik 44ra

45 edo gehiago

Emakumeak

25 baino gutxiago

25etik 28ra

29tik 32ra

33tik 35era

36tik 38ra

39tik 40ra

41 edo gehiago

3.–Zalutasun proba. (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzetik.

Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren korritzea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago. Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin norabide bakoitzean. Izangai bakoitzari bigarren aukera emanen zaio ibilbide bakoitzean, lehenengo saioa baliogabetzat hartzen bada. Gutxienez minutu bateko pausaldia utziko da bigarren saioa egin baino lehen.

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.

Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideak (A eta B) egiteko ematen duten denbora batuko da, kontuan hartuta ibilbideak bukatzen direla izangaia irteera marratik berriz pasatzen denean. Puntuazioa ondoko eskala honen araberakoa izanen da (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe). Batura horren emaitza hamarren baxuenarekin biribilduko da.

PUNTUAZIOAK DENBORAK

EZ GAI

5 PUNTU

6 PUNTU

7 PUNTU

8 PUNTU

9 PUNTU

10 PUNTU

Gizonezkoak

25”8 baino gehiago

25”4 - 25”7 artean

25”0 - 25”3 artean

24”7 - 24”9 artean

24”4 - 24”6 artean

23”9 - 24”3 artean

23”8 edo gutxiago

Emakumeak

27”8 baino gehiago

27”4 - 27”7 artean

27”0 - 27”3 artean

26”7 - 26”9 artean

26”4 - 26”6 artean

25”9 - 26”3 artean

25”8 edo gutxiago

4.–Erresistentzia proba. (Course Navette-ren testa).

Gauzatzeko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute zinta magnetofoniko batek emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzutearekin batera, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Hortaz, izangai guztiek erritmo berean egin beharko dute lasterketa, eta ez da onartuko inork ere ez lasterketaren erritmoa gainditzea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Zintak tarte erregularretan emanen du soinua. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa eginen da. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

Testaren helburua da zinta magnetofonikoak markatzen duen erritmoari eustea eskatzen diren epeak bete arte. Izangai bakoitzaren proba bukatuta, ordura arte baliatu duen tartea kontatutako da:

–Izangaia gelditzean.

–Izangaia bere kaletik ateratzean.

–Izangaiak ibilbide bat bukatzeko haren muturreko marra zapaltzen ez duenean.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra zapaltzera seinale akustikoak agintzen dionean. Marratik metro bateko tartera egotea onartuko da, seinaleak jotzen duen unean. Baina horretarako, seinalea entzuten denean segurtasun eremua zapaldu beharko du.

–Izangaia marjinaren barrenean ez badago seinalea entzuten denean, behin bakarrik.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), ondoko eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK TARTEAK

EZ GAI

5 PUNTU

6 PUNTU

7 PUNTU

8 PUNTU

9 PUNTU

10 PUNTU

Gizonezkoak

10 baino gutxiago

10-11 artean

11,5

12,0

12,5

13,0

13 baino gehiagokoak

Emakumeak

8 baino gutxiago

8-9 artean

9,5

10,0

10,5

11,0

11 baino gehiagokoak

2. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. Espainiako 1978ko Konstituzioa: atarikoa. Atariko titulua. I. titulua: oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

2. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: udalerria. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. III. titulua, I. kapitulua, II. atala: udalen funtzionamendua.

3. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: II. titulua, III. titulua eta V. titulua, II. kapitulua: administrazio errekurtsoak.

4. Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoa: I. titulua: segurtasun indar eta kidegoak. II. titulua: estatuko segurtasun indar eta kidegoak. III. titulua: autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza. V. titulua: udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetan hirugarrena.

5. 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Babesari buruzkoa: II. titulua: datu babesaren printzipioak. III. titulua: pertsonen eskubideak. IV. titulua, I. kapitulua: titulartasun publikoko fitxategiak.

6. 4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duena.

7. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua. Hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. Laugarren xedapen iragankorraren eragina. IV. kapitulua. Administrazio karrera. VI. kapitulua. Egoera administratiboak.

8. 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: Atariko titulua: zigor bermeak eta Zigor Legearen aplikazioa. I. titulua: arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak.

9. 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteari buruzkoa. I. titulua eta VII. titulua.

10. 1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena: II. liburua: I. titulua: salaketa. III. titulua: polizia judiziala. VI. titulua. II. kapitulua: atxiloketa. IV. kapitulua. Defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua, I. kapitulua: sarrera eta erregistroa toki itxian. II. kapitulua: liburu eta paperen erregistroa. III. kapitulua: atxiloketa eta gutuneria idatzi eta telegrafikoa irekitzea.

11. Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko uztailaren 20ko 8/2006 Foru Legea. I. kapitulua. Xedapen orokorrak. II. kapitulua. Segurtasun sistemaren antolaketa. IV. kapitulua. Segurtasun arloko plangintza. V. kapitulua. Administrazio publikoen arteko harremanak. VI. kapitulua. Herritarrekiko harremanak.

12. Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea.

13. 4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa. Atarikoa. I., II. eta III. kapituluak. V. kapitulua (30. artikulutik 37.era, 47. artikulutik 49.era, eta 52. artikulua, denak barne). Seigarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetako hirugarrena.

14. 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena.

Atarrabiako Udaleko udal ordenantza ez fiskalak.

15. Ordenantza, Eremu publikoaren gainekoa.

16. Eremu publikoen garbitasuna arautzen duen ordenantza.

17. Eremu publikoan terrazak eta beladoreak paratzea arautzen duen ordenantza.

18. Ordenantza, Atarrabiako udalerrian arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duena.

19. Trafikoa arautzen duen udal ordenantza.

20. Atarrabiako geografia eta kale-izendegia (Udalaren web orriko testuaren eta planoaren arabera).

21. Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

3. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1. Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

–4/10 bi begietan, edo

–3/10 begirik okerrenean eta 5/10 onenean, edo

–2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: Ezin izanen da plano horizontalean 120º-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikuseremuko meridiano batetik bestera.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2. Entzumena. Entzumen sistema.

–500dik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB-ko edo gehiagoko galera monoauraleko entzumen-zolitasuna.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3. Mintzamena.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4. Giharren eta eskeletoaren aparatua:

–Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

–Zifosiak, 30º baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosantea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

5. Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Sabelaldeko paretako etena, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Uzki-esfinterreko gutxiegitasun.

6. Bihotz-hodietako sistema.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazio sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren nahasmendu mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

–Arterietako hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

–Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7. Arnas aparatua.

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BGBK, Enfisema, Bronkiektasiak).

–Pleurako isuri berrituak.

–Berezko pneumotorax berrituak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8. Nerbio sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9. nahasmendu psikiatrikoak.

–Buruko nahasmendu organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

–Buruaren eta jokabidearen nahasmenduak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, nahasmendu depresibo errepikariak, depresioaldi larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Barne-bultzaden kontrolaren eta izaeraren nahasmenduak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10. Ugaltze eta gernu aparatua.

–Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-ihesa.

–Giltzurruneko polikistosia.

11. Sistema endokrinologikoa.

–Ardatz hipotalamo-hipofisarioaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrunen gaineko guruinen bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Mellitus diabetesa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12. Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, funtzioetan izan dezaketen eragina eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13. Odola eta organo hematopoietikoak.

–Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemia anemiadunak.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako nahasmenduak.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14. Bestelakoak.

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15. Arau orokorrak.

–Ebaluazio mahaiak baloratuko ditu baztertzeko moduko patologiak, funtzioetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Funtzioetan eragina duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, ebaluazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

4. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1703800