88. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

186E/2017 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da laneko arriskuei buruzko proiektuak gauzatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateentzako diru-laguntzaren deialdia.

Nafarroako III. Osasun Planak (2015-2020) helburu hauek ditu: laneko segurtasun eta osasun baldintzak etengabe hobetzea, eta laneko arriskuen ondoriozko osasun kalteak gutxitzea.

Horregatik, egokitzat jotzen da diru-laguntza ematea laneko arriskuen prebentzioari buruzko proiektuak burutzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateei, prebentzioaren kultura sustatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren emakume eta gizonen arteko berdintasun programarekin bat, generoaren ikuspegia gehitu zaio, balorazio irizpide gisa, diru-laguntza emateko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Irabazi-asmorik gabeko entitateei diru-laguntza emateko 2017ko deialdia onestea, laneko arriskuei buruzko proiektuak gauza ditzaten.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. 850.000 euroko gastua baimentzea, 2017ko gastuen aurrekontuetako “Laneko lehentasunezko arriskuei buruzko proiektuak” izeneko 810012-81500-4819-494115 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810012-81500-4819-494115: Laneko arriskuen prebentziorako proiektuak

2017

850.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko apirilaren 27an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

50 langiletik beherako enpresetan laneko arriskuen prebentzioaren kultura sustatzea dute helburu deialdi honen laguntzek, laneko ezbehar-tasa murrizteko.

Horregatik eman gogo zaie diru-laguntza enpresa horietan laneko arriskuen prebentzioari buruzko proiektuak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateei, bereziki taldekaturik aurkezten direnei.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Onuradunak izan daitezke irabazi-asmorik gabeko entitateak edo entitate horien taldeak:

a) Honako baldintza hauetakoren bat betetzen dutenak:

–Enpresaburuen erakundea izatea, egoitza soziala Nafarroan duena.

–Sindikatua izatea, Nafarroan ordezkagarritasuna duena.

–Nafarroako Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistroan izena emanik duen elkartea izatea.

–Nafarroako Elkarteen, Fundazioen eta Lanbide Elkargoen Erregistroan izena emanik duen entitatea izatea.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debekurik ez urratzea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da hori.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

2. Nortasun juridikorik ez duten taldeek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira diru-laguntzaren eskaeran zer konpromiso hartzen dituen bere gain batasuneko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean kide bakoitzak aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko da. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

3. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuen baldintzak.

1. Laneko arriskuen prebentziorako proiektuek baldintza hauek bete behar dituzte diru-laguntza jasotzeko:

a) Laneko arriskuen prebentzioaren arloko ekintzak egitea, enpresetan sentsibilizazioa, aholkularitza eta prestakuntza emateko laneko segurtasunari buruz.

b) 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30a arteko epean egitea, egun horiek barne.

c) 50 langiletik beherako enpresetan egitea.

2. Proiektu bakar baterako diru-laguntza emanen zaio entitate eta talde bakoitzari. Hala ere, proiektua banaka aurkeztu duten entitateek bigarren proiektu bat aurkez dezakete talde baten bidez. Entitate baten hirugarren proiektua ez da inola ere onartuko.

4. oinarria.–Diru-laguntza har dezaketen gastuak eta zenbatekoa.

1. Aipatu proiektuetako gastu hauek jaso dezakete diru-laguntza, betiere 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean fakturatzen eta pagatzen badira:

a) Proiektua zuzenean gauzatzera bideratzen diren teknikarien gastuak, laneko arriskuen prebentzioaren arlokoak, hartan diharduten bitartean. Kontzeptu honengatik, gehienez ere soldata kostuko 50.000 euroko diru-laguntza emanen da urte osorako lanaldi osoko kontratua duen pertsona bakoitzeko, eta proportzioan murriztuko da urte osorako edo lanaldi osokoa ez bada.

b) Proiektuaren ekintzak gauzatzeko aipatu langileen joan-etorrien gastuak.

c) Aurkeztutako proiektuaren ekintzekin zerikusia duten edukiak hedatzea.

Eduki horien hedapenean ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

d) IKTak berariaz garatzea proiektua gauzatzeko ekintzetarako.

2. Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

a) 2017ko azaroaren 30erako pagatu ez diren Gizarte Segurantzako kotizazioak.

b) Entitateen eta taldeen publizitaterako gastuak.

c) Diruz lagundutako proiektuen xedeko enpresek derrigorrez egin behar dituzten jarduketak, prebentzio jarduera antolatzeko modalitateren baten bidez.

3. Gehienez ere proiektuaren aurrekontuaren %100eko diru-laguntza emanen da, edo 700.00 eurokoa entitate bakoitzeko, banaka aurkezten bada, edo 80.000 eurokoa entitate bakoitzeko, talde batean aurkezten bada.

5. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, zeina 11. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

3. Laguntzen fitxan eskura daitezkeen ereduen araberakoa izanen dira eskabidearekin batera (eskaneatuta, bereizita eta zein bere izenarekin identifikatuta) aurkeztu behar diren agiriak. Hain zuzen ere, agiri hauek:

a) Proiektua, eduki honekin:

–Helburuen deskribapena, adierazleak barne.

–Proiektuak ukituko dituen EJSNak (ekonomia-jardueren sailkapen nazionala).

–Proiektuaren esparrua, Nafarroako Lurralde Estrategian zehaztutako 10 eremuen arabera.

–Helburuak lortzeko garatu gogo diren ekintzen deskripzioa, aurreikusitako kronograma barne.

–Hala bada, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bultzatzeko ekintzen deskribapena.

–Enpresa jakin batzuetan jarduketak edo bisitak egiteko plana, datu hauek adierazita: langile kopurua, EJSNa eta Nafarroako Lurralde Estrategiako eremua.

–Memoria ekonomikoa eta aurrekontua.

b) Laneko arriskuen prebentzioaren arloan jarduketak egin izana frogatzen duen dokumentazioa, 2. oinarriak eskatzen duen moduan.

c) Eskatzaileak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa, proiektuak 6. oinarrian ezartzen diren irizpideen arabera baloratzeko.

4. Aurkeztutako dokumentazioak aipatu beharkizunak betetzen ez baditu, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

6. oinarria.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza horiek norgehiagokako prozeduran emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratu duten eskabideei aplikatuko zaie 4. oinarrian ezarritako laguntzaren zenbatekoa, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Hauek dira proiektuak baloratzeko irizpideak:

a) Proiektuak ukitzen duen EJSNa. 25 puntu emanen zaizkie EJSN hauetako batera zuzendutako proiektuei:

–Elikaduraren industria (EJSN 2009: 10).

–Kautxozko produktuen eta plastikoen fabrikazioa (EJSN 2009:22).

–Metalurgia, burdinazko produktuen, altzairuaren eta ferroaleazioen fabrikazioa (EJSN 2009: 24).

–Metalezko produktuen fabrikazioa, salbu makineria eta ekipamendua (EJSN 2009: 25).

–B.l.s.g.ko ekipamenduaren eta makineriaren fabrikazioa (EJSN 2009: 28).

–Ibilgailu motordunen, atoien eta erdi-atoien fabrikazioa (EJSN 2009: 29).

–Eraikinen eraikuntza (EJSN 2009: 41).

–Eraikuntza espezializatuko jarduerak (EJSN 2009: 43).

–Lurreko garraioa eta hodi bidezkoa (EJSN 2009: 49).

–Laguntza ematea egoitzetan (EJSN 2009: 87).

–Zuraren eta kortxoaren industria, salbu altzariak (EJSN 2009: 87).

–Biltegiratzea eta garraioari lotutako jarduerak (EJSN 2009:52).

–Jarduera postalak eta postetxeetakoak (EJSN 2009:53).

–Nekazaritza (EJSN 2009:1).

–Enpleguarekin lotutako jarduerak (EJSN 2009:78).

–Eraikinetarako zerbitzuak eta lorezaintza jarduerak (EJSN 2009:81).

–Janari eta edari zerbitzuak (EJSN 2009:56).

b) Proiektuaren esparrua (Nafarroako Lurralde Estrategian zehaztutako 10 eremuen arabera): 27 puntu gehienez.

Hauexek dira 10 eremuak: 1. eremua: Tuterako Erribera; 2. eremua: Argako eta Aragoiko Erribera; 3. eremua: Ebroko Erribera; 4. eremua: Lizarra; 5. eremua: Tafalla - Erriberri; 6. eremua: Zangoza; 7. eremua: Pirinioak; 8. eremua: Baztan - Bidasoa; 9. eremua: Ipar-mendebaldeko Nafarroa; eta 1. eremua: Nafarroako erdialdea.

Puntuazioa honela banatuko da: zero puntu, eremu batean esku hartzen bada. Eremu batean baino gehiagotan esku hartuz gero, eremu kopuruaren araberako proportzioan emanen da puntuazioa. Baina eremu horiek puntuak emateko, eremu bakoitzean enpresetan jarduketak edo bisitak egiteak proiektuko jardueren %10 izan behar du.

c) Zenbat enpresatan esku hartu behar den: 15 puntu gehienez.

Zenbat enpresatan esku hartuko den, kopuru horren araberako proportzioan banatuko da puntuazioa; 100 enpresatarako proiektuari 15 puntu emanen zaizkio.

d) Proiektuaren kalitatea: 15 puntu gehienez. Planifikazioa (helburuen argitasuna eta deskribapena, proiektuaren eta ekintzen eraginkortasunaren gaineko adierazleak) eta metodologia baloratuko dira.

e) Hurrengo edukietako bat jasotzen duten proiektuak, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bultzatzearren: 10 puntu gehienez.

Puntuazioa lortzeko, proiektuan zehatz-mehatz deskribatu behar dira egin beharreko ekintzen kopurua eta ekintza bakoitzaren edukia.

NEURRIAK

PUNTUAZIOA

Informazio, sentsibilizazio eta aholkularitzarako ekintzak biltzen dituztenak, helburu izanik enpresek generoaren ikuspegia arriskuaren ebaluazioetan sartzea

4

Informazio, sentsibilizazio eta aholkularitzarako ekintzak biltzen dituztenak, enpresek berdintasun planak prestatu eta aplika ditzaten

4

Generoaren ikuspegia enpresaren lan osasunaren parte egiten duten bestelako ekintzak

2

f) Proiektuak bat egitea Nafarroako Laneko Osasunaren 2017-2020 Ekintza Planeko programekin: 8 puntu gehienez.

3. Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, a) letran lortutako puntuazioa kontuan hartuta erabakiko da. Berdinketak jarraituz gero, hurrengo letretan lortutakoa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

7. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

Lan Zerbitzuak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuarekin batera, aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Diru-laguntza jasotzen duen jarduketa justifikatzea.

1. Onuradunek beranduenez 2017ko azaroaren 30ean justifikatu beharko dute proiektua; horretarako; agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:

a) Memoria teknikoa, non justifikatzen baita proiektua egin dela eta zenbateraino lortu den bilatzen zen helburua.

b) Memoria ekonomikoa, honako hauek barne:

–Aurkezten diren fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera xehakatuak, eta haien ordainagirien zerrenda.

–Fakturak eta ordainagiriak, 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean egindako ordainketenak. Diru-laguntzaren eskatzailearen izenean egon beharko dute.

c) Proiektuko ekintzak egin dituzten pertsonen izenen zerrenda, haien lanaldia, lan egindako orduak eta diru-laguntzari egozten zaion kostuaren portzentajea adierazita.

2. Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak hizkera ez-sexistan idatzi beharko dira. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak informatzeko betebehar hori betetzen ez badu, ez da onartutako diru-laguntza ordainduko.

b) Diruz lagundutako proiektua egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agertzea zabaltzen den materialean.

d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai diruz lagundutako proiektuaren gainean onuradunak prestatzen duen dokumentazioan.

e) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako eginbeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Gauzatu den proiektuaren aurrekontua diru-laguntza emateko ebazpenean onartutakoaren %60tik behera bada, emandako laguntzaren %50 ordainduko da.

b) Gauzatu den proiektuaren aurrekontua onartutakoaren %40tik beherakoa bada, deklaratuko da emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela.

10. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu izana.

2. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak diru-laguntza ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean frogagiriak aurkezten direnetik.

3. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoan.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretan harpidetuta egon beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

2. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematikoki aurkeztuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

12. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste diru-laguntza batzuekin.

13. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1705150