83. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GALAR

Egoitza elektronikoa arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Galarko Udalak, 2016ko abenduaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Galarko Udalaren egoitza elektronikoa arautzen duen udal ordenantza (2017ko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 3an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Getze Galarren, 2017ko martxoaren 14an.–Alkatea, Cecilio Lusarreta Echarri.

ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Informazioaren eta komunikazioen teknologiak sakonki aldatzen ari dira Administrazio Publikoen jarduteko modua eta, bereziki, herritarrekiko dituzten harremanak. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak bidea ireki du administrazio moderno bat lortzeko, informazioaren gizartean erabat barneratua egonen dena. Paradigma berria proposatu du herritarren eta administrazioaren arteko harremanetan, hura arautzerakoan oinarritzat hartuz herritarrek administrazioarekiko harremanetan komunikazio elektronikoko baliabideak erabiltzeko duten eskubidea, bai eta administrazioarena ere, eskubide hori gauzatzeko bitartekoak izatekoa.

Legezko xedapen honen ardatz nagusia da onartzea herritar guztiek dutela eskubidea Administrazio Publikoekin harremanak baliabide elektronikoen bidez izateko, eta hauek behar bezala egokitu beharra daukatela, eskubide hori eskatzen diren berme guztiekin gauzatzeko.

Galarko Udalak, onartuta informazioaren eta komunikazioen teknologiak pertsonen eguneroko bizitzan aldaketa sakonak eragiten ari direla, eta 39/2015 Legean, egungo arau-esparrutzat hartuta, ezarritako xedeak eta oinarriak betetze aldera, beharrezkotzat eta egokitzat jotzen du udal honen esparruan Administrazio Elektronikoa arautuko duen erregelamendu bat ezartzea, legeria berrian jasotako oinarrizko alderdiak jasoko dituena, betiere ezertan ukatu gabe arlo horretan lanean jarraitu behar izatea, toki entitateen eskumeneko araubide juridikoa osatu ahal izateko.

Halaber, ordenantza hau Udalbatzak informazioaren gizartea sustatzeko arloan bultzatutako estrategiaren gailurra da, eta baita aurrerapausoa ere, benetako Administrazio Elektronikoa pixkanaka ezar dadin; horrek, batez ere izan behar baitu irisgarria, erraza, erabilgarria, erosoa, arina, segurua, konfidentziala eta ingurune teknologiko berrietara egokitua.

Horretan oinarrituz, beharrezko elementu eta zerbitzu guztiak ezartzen dira, herritarrek udal honekiko harreman guztietan bide elektronikoa erabili ahal dezaten.

Hortaz, Galarko Udalak, bere burua antolatzeko duen ahalmena erabiliz, ordenantza hau ezarri du, Administrazio Elektronikoaren funtzionamenduaren oinarrizko alderdiak arautzeko, betiere bere jarduketaren esparruan.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honek Administrazio Elektronikoaren ezarpen progresiboa arautzen du Galarko Udalean, horretarako baliabide elektronikoen erabilera sustatuz, Udal Administrazioaren arloan, gardentasun administratiboaren eta herritarrekiko gertutasun eta zerbitzuaren irizpideak hobeki lor daitezen, horiek Konstituzioaren 103. artikulutik eta Administrazioaren Legeria Orokorretik ondorioztatzen baitira.

2. Ondorioz, haren xedea da arauak finkatzea informazioaren teknologiak erabiltzeko administrazio jardueran, Administrazio Publikoen arteko harremanetan, bai eta herritarren eta administrazioen arteko harremanetan ere, betiere haien eskubideak berma daitezen, eta, bereziki, administrazio prozeduren tramitazioetan baliabide elektronikoak erabiltzeak dituen ondorio juridikoak eta baldintzak arautzea.

3. Ordenantza honen xedea da, orobat, udal tramite eta prozedura administratiboak tramitazio elektronikora ekartzeko irizpide arautzaileak ezartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean ezarritakoarekin bat.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Ordenantza hau Udal Administrazioa osatzen duten erakunde publiko eta entitateetan aplikatuko da.

2. Sozietate publikoek eta zuzenbide pribatuko gainerako ente publikoek, horietan Galarko Udalaren partaidetza zuzena edo zeharkakoa gehiengoa bada, behar diren neurriak hartuko dituzte udal eskumeneko zerbitzu publikoen prestazioen esparruan, zerbitzu horiek baliabide elektronikoen bidez eman ahal izateko, ordenantza honetan azaldutako printzipioen arabera zuzenbide publikoarekin loturiko jarduerak gauzatzen dituztenean.

3. Aurreko atalean xedatua udal eskumeneko zerbitzu publikoen enpresa kontzesiodunei ere aplikatuko zaie zerbitzu publiko horien prestazioaren esparruan. Horretarako, Udal Administrazioak bere kontratazio agirietan islatu ahal izanen du esleipen hartzaileak duen obligazioa zerbitzua baliabide elektronikoen bidez emateko.

4. Ordenantza hau ez zaie aplikatuko Udal Administrazioari eta haren mendeko erakunde publikoei zuzenbide pribatuaren araubidean egiten dituzten jardueretan, haien eskumen esparruan ahalmen publikoetan aritzean baizik ez baita aplikatuko.

5. Ordenantza hau aplikatuko da Udal Administrazioak parte hartzen duen jardueretan, baliabide elektronikoen bidez egiten badira. Zehatz-mehatz, hauetan:

a) Herritarrarekiko harremanetan, izaera juridiko-administratiboa badute.

b) Herritarrak Udal Administrazioaren eskuan dagoen informazio publiko administratiboaren eta datu administratiboen kontsulta egitean.

c) Tramitazio elektronikora ekarritako administrazio tramite eta prozedurak egitean, ordenantza honetan aurreikusten denari jarraikiz.

d) Udal Administrazioak bere ahalmenak erabiliz eskuratutako informazioaren trataeran.

3. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honi dagokionez, honako esanahi hau izanen dute ondokoek:

–Administrazio jarduera automatizatua: behar bezala programaturiko informazio sistema batek sortutako administrazio jarduera, pertsona fisiko batek esku hartzeko beharrik izan gabe kasu bakan bakoitzean. Tramite egintzak edo prozedurak ebazteko egintzak hartzen ditu barnean, baita komunikazio egintza soilak ere.

–Aplikazioa: informatika erabiliz arazo bat konpontzeko helburua duen programa edo programa multzoa da.

–Autentifikazioa: baliabide elektronikoak erabiliz egiaztatzea pertsona edo erakunde baten nortasuna, eta orobat egiaztatzea eragiketa, salerosketa eta dokumentuetan azaldutako borondatearen edukia eta azken horien osotasuna eta egiletza.

–Kanalak: eduki eta zerbitzuen egiturak edo hedabideak, barne direla buruz buruko bidea, telefonikoa eta telematikoa, baita gaur egun dauden beste batzuk edo etorkizunean egon daitezkeenak ere (gailu mugikorrak, TDT...).

–Ziurtagiri elektronikoa: Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 6. artikuluaren arabera: “ziurtatze zerbitzuen egile batek elektronikoki sinaturiko dokumentua, sinadura egiaztatzeko datu batzuk sinatzaile batekin lotu eta haren nortasuna baieztatzen duena”.

–Ziurtagiri onartua: Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 11. artikuluaren arabera: “ziurtagiri onartuak dira ziurtatze zerbitzuen egile batek luzaturiko ziurtagiri elektronikoak, lege horretan zehaztutako baldintzak betetzen dituenean eskatzaileen nortasuna eta gainerako inguruabarrak egiaztatzeari eta egiten dituzten ziurtatze zerbitzuen fidagarritasunari eta bermeei dagokienez”.

–Herritarrak: Administrazio Publikoekin harremanetan jartzen diren edo jartzen ahal diren pertsona fisikoak, pertsona juridikoak eta nortasunik gabeko erakundeak.

–Helbide elektronikoa: komunikazio sare batean informazioa edo zerbitzuak ematen dituen ekipo edo sistema elektroniko baten identifikatzailea.

–Dokumentu elektronikoa: edozein motatako informazioa modu elektronikoan, euskarri elektronikoan, formatu jakin baten arabera artxibatua, eta identifikazio eta tratamendu bereizia izan dezakeena.

–Estandar irekia: honako baldintza hauek biltzen dituena:

  • Publikoa izatea eta erabilera dohainekoa edo sartzeko zailtasunik eragiten ez duen kostua izatea.
  • Jabetza intelektual edo industrialaren eskubidea ordaintzea ez da izanen hura erabiltzeko edo aplikatzeko baldintza.

–Sinadura elektronikoa: Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluaren arabera, “datu elektronikoen multzoa, beste batzuekin batera edo haiekin loturik daudenak, sinatzailea identifikatzeko bide gisa erabil daitezkeenak”.

–Sinadura elektroniko aurreratua: Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluaren arabera, “sinadura elektronikoa, sinatzailea identifikatzeko eta sinaturiko datuen geroagoko edozein aldaketa atzemateko bidea ematen duena, soilik sinatzailearekin eta dagozkion datuekin lotua, sinatzaileak kontrolpean eduki ditzakeen baliabideen bitartez sortua”.

–Sinadura elektroniko onartua: Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluaren arabera, “ziurtagiri onartuan oinarrituriko sinadura elektroniko aurreratua, sinadura sortzeko gailu seguru baten bitartez sortua”.

–Elkarreragingarritasuna: informazio sistemen gaitasuna eta, beraz, horietan oinarritzen diren prozeduren gaitasuna, datuak partekatzeko eta haien artean informazioaren trukea eta ezagutza bideratzeko.

–Baliabide elektronikoa: dokumentuak, datuak eta informazioak ekoitzi, bildu edo transmititzeko bidea ematen duen mekanismoa, instalazioa, ekipoa edo sistema, edozein komunikazio sare ireki edo mugatu barne dela, hala nola Internet, telefonia finko eta mugikorra edo beste.

–Sarbide elektronikorako gunea: Internet domeinu batean bildutako web-orrien multzoa. Horien helburua da erabiltzaileari, modu erraz eta integratuan, pertsona talde baten berariazko beharrak konpontzeko baliabide eta zerbitzu batzuetarako edo erakunde publiko baten informazioa eta zerbitzuak eskuratzeko sarbidea eskaintzea.

–Sinadura elektronikoaren sistema: sinadura elektronikoa sortzeko esku hartzen duten elementuen multzoa. Ziurtagiri elektronikoan oinarrituriko sinadura elektronikoaren kasuan, gutxienez honako hauek osatzen dute sistema: ziurtagiri elektronikoa, euskarria, irakurgailua, erabilitako sinadura aplikazioa eta sinaturiko dokumentuaren hartzaileak erabilitako interpretazio eta egiaztatze sistema.

–Denbora-zigilatzea: konfiantzazko hirugarren batek egiaztatzea baliabide elektronikoen bidez eginiko edozein eragiketa edo salerosketaren data eta ordua.

–Zerbitzu jarduera: norbere konturako edozein jarduera ekonomiko, gehienetan ordainsari baten truke emana.

–Zerbitzu jardueraren egilea: zerbitzu jarduera bat eskaintzen edo egiten duen pertsona fisiko edo juridikoa.

4. artikulua. Printzipio orokorrak Administrazio Elektronikoaren arloan.

1. Udal Administrazioaren jarduketak ondoko printzipio orokorrak izanen ditu, bereziki Administrazio Elektronikoa bulkatzeari dagokionez:

a) Herritarrarendako zerbitzuaren printzipioa. Informazioa, tramiteak eta prozedurak Administrazio Elektronikoaren esparrura ekartzea sustatuko du, bere jarduera herritarrari hurbildu ahal izateko, eta interes orokorra lortzeko etengabeko hobekuntza bultzatuko du.

b) Sinplifikazio administratiboaren printzipioa. Administrazio Elektronikoaren teknikak erabiltzeak dakarren eraginkortasuna aprobetxatuko du, bereziki, garrantzizkotzat jotzen ez diren tramite eta jarduketak ezabatuz eta prozesu eta prozedura administratiboak berdiseinatuz, aplikatu beharreko araudiaren arabera, informazioaren eta komunikazioaren teknologietatik etorritako aukerak ahalik eta hobekien erabiliz, administrazio jarduera eraginkorragoa izan dadin, betiere legezko bermeak izanik bere eginkizunetan.

c) Baliabide elektronikoak bultzatzeko printzipioa. Pizgarriak ezartzen ahalko ditu herritarren artean baliabide elektronikoen erabilera bultzatzeko.

d) Neutraltasun teknologikoaren printzipioa. Ordenantza honetan araututako jardueren gauzatzea bermatuko du, zein diren ere erabiltzen diren tresna teknologikoak. Garapen teknologikoak berak eta teknologien gizarteratzeak erakutsiko dute une bakoitzean zein diren baliabide teknologiko egokienak.

e) Elkarreragingarritasunaren printzipioa. Elkarreragingarritasunaren estandarren erabilera bermatuko du eta begiratuko du erabiltzen diren informazio sistemak bateragarriak izan daitezen herritarrenekin eta beste administrazioenekin, betiere irizpide hauek kontuan hartuta: segurtasuna, egokitasun teknikoa eta baliabideen ekonomia. Udal Administrazioak kode irekiko softwarearen erabilera sustatuko du Administrazio Elektronikoan.

f) Datuen konfidentzialtasunaren, segurtasunaren eta babesaren printzipioa. Herritarraren datuen konfidentzialtasunaren babesa eta segurtasuna bermatuko ditu, datuen babesari buruzko araudian eta herritarren datuen konfidentzialtasuna babesteari buruzko gainerako arauetan zehaztutako baldintzetan. Bereziki babestuko dira herritarren datu pertsonalak eta Udal Administrazioa osatzen duten departamentu eta entitateek erabili behar duten informazio komuna; horiek datuak komunikatzeko betebeharra izanen dute, informazio hori behar bezala dokumentatua eta eguneratua egon dadin.

g) Gardentasunaren eta publizitatearen printzipioa. Baliabide elektronikoak erabiltzerakoan prozeduraren jarduketa administratiboen ahalik eta zabalkunde, publizitate eta gardentasun handiena izaten lagunduko du, bai eta bere artxiboetan jasotakoa ere, betiere bat etorriz gainerako ordenamendu juridikoarekin eta ordenantza honetan ezarritako printzipioekin.

h) Eraginkortasunaren, efizientziaren eta ekonomiaren printzipioak. Udal Administrazioan baliabide elektronikoak ezarriko dira printzipio nagusi horien arabera. Bereziki, ondoko irizpide hauei jarraituz eginen da:

–Ukitutako udal zerbitzuek herritarrengan duten eragina eta horien erabilera.

–Zein populazio sektoretarako den.

–Zerbitzuaren prestazioarekin lor daitezkeen hobekuntzak.

–Herritarrekiko harreman sistemak integratzea gainerako antolakuntzarekin eta udal informazio sistemekin.

–Epeak eta erantzuteko denborak murriztea.

–Egin beharreko ahalegin maila –teknikoa, antolakuntzakoa eta ekonomikoa– eta lan zamaren eta barne komunikazioen banaketaren arrazionalizazioa.

–Teknologien heldutasuna eta eskuragarritasuna.

i) Lankidetza printzipioa. Herritarrekiko zerbitzua eta kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin, Udal Administrazioak hitzarmenak, akordioak eta kontratuak eginen ditu elkargo profesionalekin, elkarteekin eta beste entitate batzuekin, haien bazkideek eta bezeroek Udal Administrazioarekin duten harremana errazteko.

j) Parte hartze printzipioa. Baliabide elektronikoen erabilera bultzatuko du parte hartze eskubideak gauzatzeko, batik bat eskaera eskubidea, entzutea eta informazio publikoa izateko eskubideak, herritarren ekimena, kontsultak eta kexa, erreklamazio eta iradokizunen aurkezpena. Halaber, Udal Administrazioak eztabaida publikoa eta ideia eta iritzien adierazpena bultzatuko ditu, baliabide elektronikoen berezko tresna ezberdinen bitartez, betiere kontuan hartuz fede onaren eta erabilera arduratsuaren printzipioak.

2. Interes orokorreko informazio administratiboaren eta Udal Administrazioak jendaurrean jarri beharreko informazioaren baliabide elektronikoen bidezko zabalkundea printzipio hauen arabera eginen da:

a) Irisgarritasun eta erabilgarritasun printzipioa. Herritarren intereseko informazioa modu erraz, seguru eta ulergarrian lortzea ahalbidetzen duten sistema soilak erabiliz. Orobat, irizpide bateratuen erabilera bultzatuko du informazioa bilatu eta ikusteko, informazioaren hedapena ahalik eta hobekien egin ahal izateko, irisgarritasunaren eta dokumentuen tratamenduaren arloko nazioarteko eta Europako irizpide eta estandarrei jarraikiz. Udal Administrazioak desgaitasunak edo zailtasun handiak dituzten herritarren eskura behar diren baliabideak jarriko ditu, informazio administratiboa baliabide elektronikoen bidez eta berdintasun baldintzetan lor dezaten, orokorrean onarturiko irizpide eta estandarrei jarraikiz.

b) Udal Administrazioak argitaratzen duen informazioaren osotasunaren eta zehaztasunaren printzipioa. Informazioa baliabide elektronikoen bidez lortzen denean, bermatuko du dokumentuak paperean edo jatorrizko dokumentua egin den euskarrian duen eduki berdin-berdina izatea. Informazioa formatu elektronikoan edukitzeak ez du galaraziko edo zailduko bulego publikoetan edo beste baliabide tradizionalen bidez buruz buru egiten den harrera.

c) Eguneratzeko premia. Udal Administrazioko organo ezberdinek eguneratua izanen dute kanal elektronikoen bitartez eskuragarria den informazio administratiboa. Argitalpen elektronikoetan eguneratze datak azalduko dira.

d) Kontsulta irekiaren printzipioa, denen eskura eta irekia dagoen informazio-baliabideei dagokienez. Lege xedapenen arabera denen eskura dagoen informazio administratiboaren irisgarritasuna bermatuko du, aldez aurretik inolako identifikaziorik eskatu gabe.

3. Udal Administrazioaren esparruan, izapide administratiboak modu elektronikoan eginen dira printzipio orokor hauen arabera:

a) Baliabide elektronikoak erabiltzeagatik ez diskriminatzeko printzipioa. Baliabide elektronikoak erabiltzeagatik ez dute diskriminazio edo murrizketarik jasango herritarrek Udal Administrazioarekin dituzten harremanetan. Zentzu horretan, administrazioarekiko komunikazio elektronikorako sistemak lege maila duen arau batek halaxe zehazten duenean soilik izanen dira nahitaezkoak eta esklusiboak administrazioen arteko harremanetan, bai eta harreman juridiko eta zerga harremanetan eta maila bereziko harremanetan ere, aplikatu beharreko arau juridikoen arabera.

b) Prozedura eta dokumentu administratiboen trazabilitatearen printzipioa. Trazabilitate sistema eta prozedura egokiak eta ulergarriak ezarriko dira, herritarrak noiznahi, eta baliabide elektronikoen bidez, tramitazioaren egoeraren eta prozedura eta dokumentu administratiboen historialaren berri izan dezan, deusetan ukatu gabe ukituriko pertsonen intimitatea eta datu pertsonalen babesa bermatzeko behar diren baliabide teknikoak aplikatzea.

c) Baliabideen intermodalitatearen printzipioa. Ordenantza honetan eta hura garatzen duten arauetan ezarri bezala, baliabide baten bidez hasitako prozedurak beste baten bidez jarraitu ahal izanen du, baldin eta prozedura osoaren osotasuna eta segurtasun juridikoa segurtatzen badira. Tramitazio elektronikora ekarritako izapide eta prozedurak, ekartze prozesuan zehaztutako bide eta baliabide elektronikoen bidez egin ahalko dira.

4. Udal Administrazioaren esparruan, administrazio arteko lankidetza printzipio orokor hauen araberakoa izanen da:

a) Administrazio arteko lankidetza eta elkarlanaren printzipioa. Udalak, gainerako Administrazio Publikoekin batera, behar diren hitzarmen eta akordio guztiak sinatzea bultzatuko du, bereziki ordenantza honetan jasotzen diren aurreikuspenak gauza eta aplika daitezen, besteak beste, estandar teknikoak finkatzea eta informazioa, datuak, prozesuak eta aplikazioak trukatu eta partekatzeko mekanismoak ezartzea helburu dutenak. Udalak argitara emanen ditu gainerako Administrazio Publikoekin arlo horretan sinatutako hitzarmenak.

b) Sarbide eta erabilgarritasun mugatuaren printzipioa. Udal Administrazioak beste Administrazio Publikoei aukera emanen die herritarren gainean euskarri elektronikoan dituen datuetan sartzeko, eta datu horietan segurtasun eta osotasun berme handienekin sartzeko beharrezko baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak zehaztuko ditu, Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duen araudian zehaztutakoaren arabera. Datu horien eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da, izan ere gainerako administrazioek beren eskumeneko prozedurak tramitatu eta erabaki beharrez haiek arautzen dituen araudiaren arabera herritarrari eskatzen dizkiotenak baizik ez dituzte eskuratuko. Datu pertsonalen kasuan, interesdunen adostasuna izanen da datu horietarako sarbiderako baldintza, jadanik aipatutako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren baldintzetan edo hala zehazten badu legearen mailako arau batek, eskatutako datu edo dokumentuei aplikatzen ahal zaizkien arauen arabera murriztapenik izan ezean. Baliabide elektronikoen bidez egin eta jaso ahal izanen da baimen hori.

LEHEN TITULUA

Herritarraren eskubideak eta betebeharrak Administrazio Elektronikoari dagokionez, eta zerbitzu elektronikoen katalogoa

I. KAPITULUA

Herritarraren eskubideak eta betebeharrak Administrazio Elektronikoari dagokionez

5. artikulua. Herritarraren eskubideak Administrazio Elektronikoaren esparruan.

1. Udalaren Administrazio Elektronikoan sarbide izateaz eta erabiltzeaz den bezainbatean, herritarrak eskubide hauek ditu:

a) Udal Administraziora jotzeko baliabide elektronikoen bitartez, agiriak aurkeztu, informazioa jasotzeko, kontsultak egin eta alegazioak aurkezteko, eskabideak egiteko, adostasunak eta nahikundeak adierazteko, ordainketak egiteko, tramite eta prozedurak egiteko eta, oro har, antolamendu juridiko administratiboak aitortzen dizkien eskubide eta ahalmenak erabiltzeko, segurtasun eta baliozkotasun osoarekin.

b) Udal Administrazioari eskatzeko baliabide horien bitartez komunika dadila beraiekin, eta dokumentuak eskuratzeko formatu elektronikoen bidez.

c) Datuak eta dokumentuak ez aurkezteko, baldin eta horiek Udal Administrazioaren edo Galarko Udalak informazioa trukatzeko hitzarmena sinatua duen gainerako Administrazio Publikoen esku badaude.

d) Kalitatezko eduki elektronikoak, eskuragarriak, gardenak eta ulergarriak izateko.

e) Informazio administratiboa, erregistroak eta artxiboak bitarteko elektronikoen bidez lortzeko.

f) Administrazio Elektronikoa izateko eta erabiltzeko eskubidea, erabilitako tresna teknologikoak direnak direlarik, urritasun fisiko, psikiko eta sentsoriala izan arren, eta erabiltzeko prestakuntza eta laguntza jasotzeko eskubidea.

g) Udalaren kudeaketa hobetzeko prozesuetan parte hartzeko baliabide elektronikoen bidez, eta egindako eskaera eta kontsulten erantzuna jasotzeko.

h) Datu pertsonalen konfidentzialtasuna eta babesa izateko, bai eta datuen babeserako araudiak ematen dizkion gainerako eskubideak izateko ere; bereziki emandako informazio pertsonala beste xede batzuetarako ez erabiltzeko eskubidea.

i) Udal Administrazioarekiko komunikazioen pribatutasuna eta segurtasuna izateko, bai eta Udalak egin ditzakeen komunikazioena ere, horietan herritarren datuak agertzen badira.

j) Baliabide elektronikoen bidez emaniko zerbitzu publikoen kalitaterako.

k) Halako prozedura batean interesdun gisa agertzen bada, haren tramitazio egoeraren berri baliabide elektronikoen bidez izateko, aplikatu beharreko araudiak haiei buruzko informazioan sartzeko mugak paratzen dituenean izan ezik.

l) Halako prozedura batean interesdun gisa agertzen bada, haren barneko dokumentu elektronikoen kopia elektronikoak eskuratzeko.

m) Espediente baten barnean dauden dokumentu elektronikoak Udal Administrazioak formatu elektronikoan kontserbatzeko.

2. Eskubide horiek erabiliko dira aplikatzekoa den araudian eta ordenantza honetan ezarritakoari jarraituz.

6. artikulua. Herritarraren betebeharrak baliabide elektronikoen bidez egindako administrazio harremanen esparruan.

1. Administrazio jardueran eta Udal Administrazioarekiko harremanetan baliabide elektronikoak erabiltzean, herritarrak eginbehar hauek ditu Administrazio Elektronikoaren informazioaren, komunikazioen, prozesuen eta aplikazioen funtzionamendu egokia eta kudeaketa bermatu beharrez:

a) Administrazio Elektronikoaren zerbitzu eta prozedurak borondate onaren printzipioaren arabera erabiltzea.

b) Administrazio Elektronikoari dagokionez, Udal Administrazioari informazio egiazkoa, osoa eta zehatza ematea, zertarako eskatzen den, horrexen araberakoa.

c) Bere nortasuna adieraztea baliabide elektronikoen bidez Udalarekin administrazio harremanak izatean, horiek ahal eskatzen dutenean.

d) Zaindu behar ditu baliabide elektronikoen bidez Udalarekin administrazio harremanak izatean erabiltzen dituen elementu identifikagarri pertsonal edo eskualdaezinak.

e) Begiratu behar ditu pribatutasunerako, konfidentzialtasunerako eta segurtasunerako eskubideak, baita datuen babesaren arloko gainerako eskubideak ere.

2. Udal aAdministrazioak begiratuko du betebehar horiek betetzen direla, aplikatzekoa den araudian aurreikusten denaren eta ordenantza honetan ezartzen denaren barrenean.

II. KAPITULUA

Tramite, zerbitzu eta prozedura elektronikoen katalogoa

7. artikulua. Kudeaketa elektronikoaren arloan prozedurarako eskuliburuak onestea.

1. Eskumena duten udal zerbitzuek zehaztuko dute, ukituriko alor funtzionalekin bat eta zerbitzu juridikoek txostena egin ondoan, zein diren segitu beharreko prozedurak baliabide elektronikoen bidez egin daitezkeen kudeaketa edo informazio tramite bakoitzerako, eduki funtzionalagatik dagokien alorrean. Behin prozedurak zehaztuta, dagokien eskuliburua onetsiko da alkatearen ebazpenaren bidez.

2. Prozedurarako eskuliburuak zehaztuko ditu erregistro telematikoan sartuko diren dokumentuak eta formatuak, baita horien funtzionamendurako baldintzak ere. Orobat islatuko ditu herritarrek elektronikoki egin nahi dituzten proiektuei, jarduerei edo eskaerei xedapenek ezartzen dizkieten baldintza juridiko edo teknikoak.

3. Tramite, zerbitzu eta prozedura elektronikoen katalogoa jendearen eskura egonen da Galarko Udalaren egoitza elektroniko nagusian.

8. artikulua. Alorreko erreferenteak.

Aurreko artikuluan aipaturiko zerbitzuak Udalaren alor funtzionalekin modu egokian koordinatuko direla bermatzeko, herritarrari ahalik eta zerbitzu hoberena egin beharrez, Alorreko Erreferentearen figura egonen da, eta honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Udal zerbitzu guztien arteko solaskide edo zubi lana egitea.

b) Aldaketak edo gehikuntzak proposatzea tramite eta prozedura elektronikoen katalogoan.

c) Udal zerbitzu eskudunak jakinaren gainean edukitzea herritarrari begira eragina duten jarduketa guztiez, hala nola prozeduren tramitazio egoera, kexak eta erreklamazioak, iragarkiak, kanpainak, eta oro har, alorrak garatzen dituen jarduera guztiak.

d) Udalaren web-orriaren bidez edo beste edozein egoitza elektronikoren bidez herritarrak aurkeztutako eskariei erantzuna emateko behar diren jarduerak bideratu eta koordinatzea bere alorraren barnean.

e) Prozedurarako onesten diren eskuliburuak zuzen beteko direla kontrolatzea, eduki funtzionalari begira badagozkio.

BIGARREN TITULUA

Identifikazioa, informazioa eskuratzeko bidea eta idazkien aurkezpena, herritarrei dagokienez

9. artikulua. Herritarren borondatearen egiaztapena eta identifikazioa egiteko tresnak.

1. Herritarren borondatearen egiaztapena eta identifikazioa Udal Administrazioarekiko harremanetan sinadura elektroniko onartuaren bitartez egin ahalko da, salbu eta berariazko arau batek baldintza gehiago ezartzen ez dituen herritarren borondatearen egiaztapena eta identifikazioa gauzatzeko.

2. Galarko Udalak, zuzenean edo beste entitate batzuekin egindako hitzarmen, akordio edo kontratuen bidez, herritarren borondatearen egiaztapenerako eta identifikaziorako mekanismoak eman ahalko dizkie eskaera egiten duten herritarrei, haien nortasuna berariaz egiaztatu ondoren.

3. Pertsona fisikoek kasu guztietan eta orokorrean erabili ahalko dituzte Nortasun Agiri Nazional Elektronikoari sinadura elektronikorako gehitutako sistemak, Udal Administrazioarekiko harremanetan: NAN elektronikoa. Berariazko araubide bat izanen da dokumentu horren erabilera eta ondorioak arautzeko.

4. Udal Administrazioak gizartean hedapen handiena duten identifikazio elektronikoko baliabideen erabilera sustatuko du eta akordioak eginen ditu ziurtapen entitateekin.

10. artikulua. Identifikazio baldintzak, herritarrek informazio administratibo elektronikoa eskuratzeko bidean.

1. Herritarrek libreki eskuratu halako dute, identifikatu beharrik gabe, ondoko informazio hau:

a) Udalaren antolamenduaren eta interes orokorreko zerbitzuen gaineko informazioa.

b) Xedapen orokorrei eta araudiei buruzko kontsultak.

c) Ediktuen ohol elektronikoan dagoen informazioa.

d) Galarko Udalaren argitalpen ofizialak.

e) Jendaurrean jarritako espedienteak.

f) Guztien eskura dagoen bestelako informazioa.

Ezertan ukatu gabe informazioa eskuratu nahi duten herritarrak babesten dituen eskubidea, datuetan libreki eta anonimoki sartzekoa, Udal Administrazioak herritarrei eskatu ahalko dizkie pertsonalak ez diren datuak, udal zerbitzuak hobetzeko edo estatistikak egiteko.

2. Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4, 3, 5 eta 6. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, kasu bakoitzean legeak ezarritako baldintzak ziurtatzen dituzten pertsonek soilik eskuratu ahalko dituzte dokumentu izendunak, pertsonen intimitateari buruzko datuak dituzten dokumentuak, bukatu gabeko espedienteak, eta espedienteak eta artxiboak. Kontsulta eskubidea legez gaitutako herritarrek darabiltela bermatzeko, udal zerbitzuek haien identifikazioa eskatuko dute, ordenantza honen 9. artikuluan aipatutakoetarik identifikaziorako segurua den edozein prozedura elektronikoren bitartez.

11. artikulua. Herritarren borondatearen egiaztapenerako eta identifikaziorako baldintzak, idazkiak aurkezterakoan.

1. Sinadura elektroniko onartua erabiltzea nahikoa izanen da herritarren borondatea egiaztatzeko eta identifikatzeko, idazkiak aurkezten dituztenean tramitazio elektronikora ekarritako edozein prozedura edo tramitetan, ordenantza honetan ezarritako prozedura erabiliz.

2. Tramitazio elektronikoa ezartzeko prozedura horretan identifikaziorako beste mekanismo batzuk ezarri ahalko dira, identifikazioaren segurtasuna eta osotasuna eta herritarren borondatearen egiaztapena eta identifikazioa bermatzen dutenak, honako irizpide hauei jarraituz:

–Tramitea gauzatzeko gaitu diren kanal elektronikoen ezaugarriak.

–Proportzionaltasuna, ezarritako baldintzaren eta tramiteak zehazki izan dezakeen garrantziaren artean, herritarren eremu juridikoan.

–Herritarrak aurkeztutako idazkia sinatzeko eskakizun formala, prozedura administratibo orokorraren araudian.

–Segurtasun juridikoaren maila, eragiketari lotutako arriskuen arabera.

–Galarko Udalak eskura duen teknologia eta bitartekoak.

3. Herritarrek aurkezten dituzten idazki eta dokumentu elektronikoek herritarra identifikatzeko eta bere borondatea egiaztatzeko mekanismoa eduki beharko dute, kasu bakoitzean zehaztutako moduan, aurreko 2. atalarekin bat.

4. Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatuarekin bat, Udal Administrazioak zuzentzeko eskatuko die partikularrei, artikulu honetan nortasunaz, osotasunaz eta benetakotasunaz jasotzen diren baldintzak ez betetzeagatik edozein akats formal egiten dutenean.

HIRUGARREN TITULUA

Udal Administrazioaren identifikazio elektronikoa eta bere eskumenaren erabileraren autentifikazioa

12. artikulua. Identifikazioa egoitza elektronikoan.

Galarko Udalaren egoitza elektronikoak, identifikatzeko eta berarekin komunikazio segurua izateko, sinadura elektronikoko sistemak erabiliko ditu, betiere gailu seguruko ziurtagirietan edo baliabide baliokideetan oinarrituak.

13. artikulua. Sinadura elektronikoaren sistema, administrazio jarduera automatizaturako.

1. Administrazio jarduera automatizatuan eskumenaren erabilera identifikatu eta autentifikatzeko, Udalak zehazten ahalko du zein kasutan erabiliko diren sinadura elektronikoaren sistema hauek:

a) Udalaren zigilu elektronikoa, ziurtagiri elektronikoan oinarritua, sinadura elektronikoaren legeriak eskatutako baldintzak biltzen dituena.

b) Egiaztapenerako kode segurua, Udalari edo bertako organo bati lotua, eta kasua bada, agiriaren sinatzaileari lotua; dena dela, zilegi izanen da dokumentuaren zuzentasuna Udalaren egoitza elektronikoan sartuz egiaztatzea.

2. 1a ataleko ziurtagiri elektronikoak. Identifikazio fiskaleko zenbakia eta dagokion izendapena jasoko ditu eta titularraren identitatea, administrazio organoen zigilu elektronikoaren kasuan.

3. Zigilu elektronikoa publikoa izanen da eta eskuragarria baliabide elektronikoen bidez, ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek egiten dituzten pertsonak barne; gainera, neurri egokiak hartuko dira zigilu elektronikoaren egiaztapena errazteko.

14. artikulua. Udalaren zerbitzuko langileen sinadura elektronikoa.

Udalaren eta bere administrazio organoen zerbitzuko langileen eskumenaren erabileraren autentifikazioa eta identifikazioa baliabide elektronikoak erabiltzen dituztenean, sinadura elektroniko onartuaren bidez eginen da, aldi berean identifikatuko baitu lanpostu edo karguaren titularra; nortasun agiri nazionalean oinarritutako sinadura elektronikoa erabili ahalko da artikulu honen ondorioetarako.

15. artikulua. Datuen truke elektronikoa komunikazio inguru itxietan.

1. Administrazio Publikoen eta zuzenbide publikoko organoen eta entitateen artean ezarritako komunikazio inguru itxietan helarazitako dokumentu elektronikoak balioazkoak izanen dira igorleen eta hartzaileen autentifikazio eta identifikaziorako, artikulu honetan ezarritako baldintzetan.

2. Komunikazioetan parte hartzen duten pertsonak Udal Administraziokoak badira, komunikazioa arautuko duten baldintzak eta bermeak zehaztuko dira eta, gutxienez, jasoko dituzte igorle eta hartzaile baimenduen zerrenda eta trukatuko diren datuen nolakotasuna. Parte hartzen dutenak administrazio ezberdinekoak badira baldintza horiek hitzarmen baten bidez ezarriko dira.

3. Edonola ere komunikazio inguru itxien segurtasuna bermatuko da eta elkualdatzen diren datuen babesa.

16. artikulua. Baliabiade elektroniko ziurtatuen bidezko identifikazioaren eta autentifikazioaren elkarreragingarritasuna.

1. Ziurtagiriak ematen dituzten zerbitzuek egindako ziurtagiri elektroniko onartuak baliozkotzak hartuko ditu Udalak berarekin harremanak izateko, baldin eta ziurtagiriak ematen dituen zerbitzuak Udalari ematen badio behar duen informazioa, teknologikoki bideragarriak diren baldintzetan eta Udalarendako inolako kosturik gabe.

2. Udalak beharrezko mekanismoak ezarri ahalko ditu, bere eskumen esparruan onarturiko ziurtagiri elektronikoen baliogabetze egoera eta sinadura egiaztatzeko, edo Estatuko Administrazio Orokorraren egiaztapen plataforma erabili ahalko du.

17. artikulua. Herritarren identifikazioa eta autentifikazioa, udal langileen aldetik.

1. Baliabide elektronikoen bidez edozein tramitazio egiteko, 9. artikuluan ezarritako tresnaren baten bidez herritarraren identifikazioa edo autentifikazioa eskatzen denean, eta hark horrelakorik ez duenean, identifikazio edo autentifikazio hori modu baliozkoan egin ahal izanen dute udal langile publikoek, sinadura elektronikorako horniturik dauden sistemaren bidez.

2. Aurreko atalean ezarritakoa eraginkorra izan dadin, herritarrak bere burua identifikatu beharko du eta berariaz baimena eman, eta hori jasota geratuko da desadostasunak edo auziak sortzen direnerako.

3. Udalak eguneratua izanen du artikulu honetan arauturiko identifikazioa edo autentifikazioa egiteko ahalmena duten langileen erregistroa.

LAUGARREN TITULUA

Informazio administratiboaren zabalkundea baliabide elektronikoen bidez

18. artikulua. Interes orokorreko zerbitzuen eta antolaketaren gaineko informazioa.

1. Udal Administrazioak baliabide elektronikoen bidez, gutxienez ere Udalaren web-orriaren bitartez, honako hauen gaineko informazioa emanen du:

a) Bere antolaketa eta eskumenak.

b) Bere esku utzitako edo hartutako zerbitzuak, prestazio bakoitzaren zehaztapena eta zerbitzu bakoitzaren eskuragarritasuna sarturik.

c) Tramitatzen dituzten prozedura administratiboak, oinarrizko baldintzak eta ebazteko eta jakinarazteko epeak adierazita, bai eta isiltasunaren esanahia ere.

d) Kokalekuei dagozkien datuak, esan nahi baita, posta helbidea, telefono zenbakia eta posta elektronikoaren helbidea.

2. Baliabide elektronikoen bidez zabaltzen ahalko dira herritarrarendako interes orokorrekoak diren kontu edo aferen gaineko jakingarriak, herritarraren bizi kalitatea hobetzen lagun dezaketenak eta gizartean eragin berezia dutenak barne, hala nola alor hauetakoak: osasuna, kultura, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, ingurumena, merkataritza, kirola eta aisialdia. Orobat, abenduaren 9ko 19/2013 Legeak, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoak, ezartzen dituen guztiak.

3. Jakingarri bakoitzean aditzera emanen da zein administrazio organok ematen duen eta zein diren eguneratze datak.

19. artikulua. Informazio administratiboa.

1. Udalak baliabide elektronikoen bidez emanen du legeak aginduta edo epaileek ebatzita bide hori erabilita zabaldu behar den informazio guztia; betiere zehaztuko da argitaratzen den egintza edo xedapena zein administrazio organok emanen duen.

2. Udalak, posible duen heinean, informazio hau zabalduko du:

a) Gobernu organoen erabakiak.

b) Udal ordenantzak eta erregelamenduak.

c) Udalaren aurrekontua.

d) Hirigintza planeamenduko tresnak.

e) Informazio publikoko iragarkiak.

f) Kontratazio administratiboari buruzko datuak.

g) Udal tramite eta prozeduren inprimakiak eta galdetegiak.

19. artikulua. Araudiari buruzko informazioa.

Galarko Udalak bermatuko du bere araudia eskura dagoela internet bidez.

20. artikulua. Kalitatea eta segurtasuna Udalaren webgunean.

1. Udalaren webguneko zerbitzuak egunaren 24 orduetan eta urteko egun guztietan egonen dira erabiltzeko maneran. Arrazoi teknikoak direla-eta aurreikusten bada webgunea edo haren zerbitzuetariko bat beharbada ez dela egonen erabiltzeko maneran, horren berri eman beharko zaie erabiltzaileei, ahalik eta azkarren, kontsultatzeko eskura dauden ordezko baliabideak zein diren adierazita.

2. Udalaren webguneak beteko ditu eskuragarritasunaren eta kalitatearen aldetik Administrazio Publikoendako aholkatu diren estandarrak eta, bereziki, bermatuko da ordenantza honen xede diren zerbitzu, jakingarri, tramite eta prozedurak eskuragarriak izatea kode irekiko sistema eragile eta nabigatzaile nagusietatik.

3. Ordenantza honen 2. artikuluan aipatu diren entitateek ez dute inolako erantzukizunik beren mende ez dauden kanpoko iturrietatik eskuratzen ahal den informazioaren aldera, ezta entitate horiei berei loturik ez dauden pertsonek Udalaren web-orrien bidez adierazten dituzten iritzien aldera.

21. artikulua. Argitalpen ofiziala.

Informazioa eta dokumentazioa baliabide elektronikoen bidez zabaltzeak ez du ordezkatuko legeen arabera aldizkari ofizial batean argitaratu behar diren arauzko xedapen eta egintzen argitalpena. Hala ere, informazioa eta dokumentazioa baliabide elektronikoen bidez zabaltzea aldizkari ofizialetan egiten den argitalpenaren osagarria izanen da, baliabide honen mugak direla-eta argitaratzen diren xedapen edo egintzen eduki osoa argitaratzea nahitaezkoa ez denetan.

22. artikulua. Edukiak gehitzea, baliabide elektronikoen bidez eskura dagoen informazioari.

Baliabide elektronikoen bidez eskura dagoen informazioari edukiak gehituko zaizkio ordenantza honetan ezarritako oinarriei jarraituz, eta betiere lehentasuna emanen zaio legez edo ebazpen judizialen bidez argitara eman behar den informazio administratiboaren argitalpenari.

BOSGARREN TITULUA

Administrazio prozedura elektronikoa

23. artikulua. Espediente elektronikoa.

1. Espediente elektronikoa administrazio prozedura bati dagozkion dokumentu elektronikoen multzoa da, edozein dela ere daukaten informazio mota.

2. Espediente elektronikoen folioak zenbakitu eginen dira, organo jarduleak sinatutako aurkibide elektroniko baten bidez. Aurkibide horrek bermatuko du espediente elektronikoaren osotasuna eta aukera emanen du hura behar den guztietan berreskuratzeko; onartzeko modukoa izanen da dokumentu bera espediente elektroniko desberdinetan egotea.

3. Interesdunari espedienteak igorri beharrean, erabat legezkoa izanen da espediente elektronikoa haren eskura jartzea; interesdunak kopiak paperean ateratzeko eskubidea izanen du.

24. artikulua. Tramitazio elektronikoan sartutako prozedurak.

1. Udalak progresiboki tramitazio elektronikora ekarriko ditu udal tramite eta prozedura administratiboak, ordenantza honetan ezarritako printzipio orokorrei eta prozedurari jarraituz, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen babesean.

2. Aurreko atalean aipatutako tramite eta prozeduren bitartez, honako jarduera hauek egin ahalko dira: informazio eskatu, kontsultak egin, eskaerak, nahikundeak aurkeztu, alegazioak egin, ordainketak, ebazpen eta egintza administratiboen aurka egin eta, oro har, ordenamendu juridiko administratiboak aitortzen dituen eskubide eta ahalmenak erabili.

25. artikulua. Administrazio jarduketa automatizatua.

1. Udal Administrazioan sartutako entitateen egintza administratiboak modu automatizatuen eman ahalko dira, betiere aplikatzekoa den araudi administratiboan eta ordenantza honetan egintza administratiboetarako ezarritako baldintzak betetzen badira.

2. Edonola ere, aldez aurretik organo eskuduna edo eskudunak ezarri beharko dira kasuen arabera, espezifikazioak definitzeko, programazioa, mantentze-lanak, ikuskapena eta kalitatearen kontrola. Orobat adieraziko da inpugnazioez den bezainbatean erantzuletzat hartuko den organoa zein den.

26. artikulua. Hasiera.

1. Tramitazio elektronikoan sartutako prozedura administratiboak baliabide elektronikoen bidez hasi ahalko dira alderdi batek eskaturik, ordenantza honetan arautu den Erregistro Elektronikoan ereduaren araberako eskabidea aurkeztuz.

2. Aurreko atalean aipatutako eskabide elektronikoek sinadura elektronikoa izan beharko dute eta baita Administrazio Publikoen Administrazioa Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 70. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak ere.

3. Interesdunak behar diren edo komenigarritzat jotzen dituzten dokumentuen kopia digitalizatuak eransten ahalko ditu; horien jatorrizkoarekiko fideltasuna bermatuko du sinadura elektroniko aurreratuaren sistemaren bidez. Udalak edozein unetan eskatu ahalko dio interesdunari jatorrizko dokumentua edo informazioa erakusteko, eta orobat, dagokion artxiboari eskatu ahalko dio aurkeztutako kopien edukia jatorrizkoarekin erkatzeko. Kopia horiek aurkezteak erran nahi du Udal Administrazioari baimena ematen zaiola dokumentu horietan jasotako informazio pertsonalean sartu eta hura erabiltzeko.

4. Haien erabilera erraztu eta bulkatzeko, eskatzeko sistema normalizatuek izaten ahalko dituzte aurkeztutako informazioa bere sistemetan edo beste administrazio batzuen sistemetan jasotako datuekin bat heldu ote den ikusteko egiaztapen automatikoak, eta are eskaintzen ahalko ere galdetegi elektronikoaren eremuak beteta, osorik edo partez, interesdunak informazioa egiazta eta, hala behar badu, alda eta osa dezan.

27. artikulua. Ordezkaritza.

1. Eskaera elektroniko batean interesdun bat baino gehiago dagoenean, eskaera hori interesdun guztiek sinatuko dute elektronikoki, eta espresuki adierazten denarekin jarraituko dira jarduketak edo, bestela, eskaeran lehen sinatzaile gisa agertzen den interesdunarekin.

2. Herritarrek ordezkarien bitartez jardun ahalko dute prozedura eta tramite administratiboetan, legeria orokorrak ezartzen duenari jarraituz. Edonola ere, ordezkari baten bidez egiten diren jarduketek balioa izateko, egiaztapena beharko da.

3. Jarduteko gaitasuna duten pertsona fisiko guztiek izan dezakete beste pertsona fisiko edo juridiko batzuen ordezkaritza elektronikoa, betiere ordezkaritza hori egiaztatzen badute sistema hauetariko bat aukeran erabiliz:

–Aurkeztea ahalorde aski, jatorrizko euskarri elektronikoan, segurtasun juridiko elektronikoari buruz indarra duten xedapenen arabera.

–Ahalordea sartzea ordezkariaren sinaduraren ziurtagiri onartuan, sinadura elektronikoari buruz indarra duen legeriaren arabera.

–Ordezkariak ahalordearen deklarazioa egitea eta gero ordezkaritza egiaztatzea Udalaren erregistroetan edo beste administrazio edo entitateenetan, Udalak haiekin lankidetza hitzarmenik sinatu badu.

4. Ordezkaritza elektronikoa berariaz ematen ahalko da, ondorio guztietarako nahiz halako prozedura batzuetarako, buruz buru Administrazioaren beraren aitzinean, ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioaren konpultsa elektronikoaren bidez; hura erregistraturik geldituko da, bere egiaztapenerako.

5. Baliabide elektronikoen bidez emandako ordezkaritza baliozkoa izanen da administrazio prozedurak baliabide elektronikoen nahiz ez elektronikoen bidez tramitatzeko.

6. Prozedurak baimentzen duenean eta egokitzat jotzen bada, Udalak edozein unetan eskatu ahalko dio ahaldunari, ahalordearen egiaztagiria eta haren indarraldiari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

28. artikulua. Prozeduren tramitazio elektronikoa.

1. Administrazioko tramiteak baliabide elektronikoen bitartez egiteko onesten diren programa, aplikazio eta sistema informatikoek honako hauek bermatu beharko dituzte: epeen kontrola, data eta ordua agertzea eta jarduketen arduradunen identifikazioa. Gainera, espedienteen tramitazio hurrenkera errespetatu beharko dute.

2. Administrazioko organoek bermatuko dute interesdunei entzuteko eskubidea eta herritarrei informazio publikoa emateko eskubidea baliabide elektronikoen bidez gauza daitezkeela.

3. Interesdunak tramitazioaren egoerari buruzko informazioa eskatu eta lortu ahalko du sartutako tramiteetan ezarritako modalitateez baliatuz.

4. Udalak interesdunari tramitazioaren egoerari buruzko abisuak igorri ahalko dizkio, harremanetarako interesdunak adierazi dizkion helbide elektronikoetara.

29. artikulua. Administrazio prozeduraren instrukzioa.

1. Baliabide elektronikoen bidez tramitaturiko administrazio prozedura batean, interesdunaren jarduketa guztiek eta egiten diren administrazio egintzek bete beharko dituzte legeak orokorki ezartzen dituen baliozkotasun irizpideak; horrez landa, luzatu eta jaso beharko dira ordenantza honetan arautzen den Erregistro Elektronikoaren bitartez.

2. Ordenantza honetan komunikatzeko eta jakinarazteko aurreikusten diren baliabideak erabiliko dira interesdunek prozeduraren instrukzioan parte hartu beharrez baliabide elektronikoak erabiltzen direnean. Hori gertatuko da interesdunek alegazioak aurkezteko duten eskubidea erabiltze aldera, hori noiznahi egiten ahal baitute ebazpen proposamenaren aitzin, edo bidezko denean, entzute tramitearen bitartean.

3. Bai ziurtagiri eta dokumentu elektronikoetan bai datuen igorpenetan, haien luzapena, tratamendua eta ondorioak ordenantza honen araberakoak izanen dira, hertsiki loturik datu pertsonalak babesteko araudiari, baita administrazio prozedurari aplikatzen ahal zaizkion gainerako arauei.

Paperezko ziurtagiri bat dagozkion datuen igorpenarekin ordezkatu ahal izateko, beharrezkoa izanen da horien titularrak igorpena espresuki baimentzea, datu pertsonalei buruzko araudiak ezartzen duenarekin bat, lege mailako arau batek aurreikusten dituenetan izan ezik. Baimenik ematen ez badu, interesdunak behar den ziurtagiria eskatu beharko du eta hura aurkeztu.

4. Administrazio prozedura elektroniko batera ekartzen bada berarekin ikusteko duten paperezko edo bestelako euskarri fisikodun dokumenturik, Erregistro Elektronikoan prozedura horri dagokion zenbakia eta erregistro kode bana-banakoa jaso beharko dira.

5. Udalak bultzatuko du baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharrean interesdunak erantzukizunpeko adierazpena egin dezan, bertan adierazita baldintza horiek betetzen direla eta Administrazioak eskatuta behar diren agiriak aurkezteko konpromisoa hartzen duela.

30. artikulua. Kopia elektronikoak eta paperezko euskarrian dauden dokumentuak eraldatzea.

1. Interesdunak berak nahiz Udal Administrazioak luzaturiko dokumentu elektronikoen kopiak, jatorrizko formatua mantendurik ala ez, kopia benetakotzat hartuko dira, betiere jatorrizko dokumentu elektronikoa Administrazioaren esku badago eta sinadura elektronikoko informazioak eta, hala behar badu, denbora-zigilatzeak dokumentu horrekin bat heldu dela egiaztatzeko bidea ematen badu.

2. Jatorrian paperezko euskarrian luzaturiko dokumentuetatik kopiak egin nahi badira baliabide elektronikoak erabiliz, digitalizazio prozedura seguru bat erabiliz egin beharko dira: konpultsa egin duen Udal Administrazioaren zerbitzuko langilearen sinadura elektroniko onartua izan beharko du eta kopiaren segurtasuna eta osotasuna bermatu; horrela, benetako dokumentutzat hartuko da.

3. Udal Administrazioak herritarrak aurkeztutako dokumentu pribatuen irudi elektroniko digitalizatuak lortu ahal izanen ditu, balio eta eraginkortasun berdinarekin; horretarako, irudizko dokumentuaren benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatuko duten digitalizazio prozedurak erabiliko ditu, eta horren lekukotasuna utziko da. Eskuratze hori modu automatizatuan egin daiteke, dagokion zigilu elektronikoaren bidez.

4. Tramitazio elektronikoan sartu diren tramite eta prozedura administratiboei paperezko dokumentuak erantsi ahal izanen zaizkie, dokumentu horien konpultsa elektronikoaren bidez, 2. atalean ezarritakoari jarraituz.

5. Elektronikoki konpultsaturiko dokumentuak baliagarri izanen dira bai konpultsa hori egin den prozedura zehatzean bai Udal Administrazioak tramitaturiko beste edozein prozeduratarako.

6. Dokumentu elektronikoak paperezko euskarria duten kopietara pasatu ahalko dira prozedura automatizatuen bidez. Baliabide elektronikoen bidez luzatu eta elektronikoki sinaturiko dokumentu publiko administratiboen paperezko kopiak benetako kopiatzat hartuko dira, baldin eta elektronikoki sorturiko egiaztapenerako kode bat inprimatua badute, edo egiaztapenerako beste sistema batzuk, haien benetakotasuna egiaztatu ahal izateko Udal Administrazioaren artxibo elektronikoetan sartuz. Jatorrizko dokumentu elektronikoa eskuratu ahalko da Udalak emandako helbide elektronikoa erabiliz.

7. Modu elektronikoan hasitako prozedura bat ez denean erabat euskarri elektronikoan tramitatzen, eskumena duen organoak paperezko euskarrian erreproduzituko ditu eskaerak, komunikazioak eta beste dokumentu elektronikoak, espedientearen tramitazioarekin jarraitu ahal izateko, aurreko atalean ezarritakoari jarraituz.

31. artikulua. Baliabide elektronikoen bidezko prozeduren amaiera.

1. Kasu bakoitzean eskuduntzat hartzen den organoaren nortasuna bermatuko da prozedura bati baliabide elektronikoen bidez amaiera ematen zaionean.

2. Prozedura elektroniko bati amaiera ematen dion egintzak edo ebazpenak beteko ditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako baldintzak.

32. artikulua. Baliabide elektronikoen bidezko jakinarazpena.

1. Tramitazio elektronikora ekarritako prozedura administratibo eta tramiteetan baliabide elektronikoen bidezko jakinarazpena eginen da interesdunak baliabide horiek lehentasunez hautatu dituenean edo horiek erabiltzeko adostasuna eman duenean, deusetan ukatu gabe ordenantza honetan ezarritakoa. Baliabide elektronikoen erabilera dela-eta arestian aipatu lehenespena eta adostasuna baliabide elektronikoen bidez adierazten eta eskatzen ahalko da, betiere.

2. Interesdunek adostasun orokorra eman dezakete Udal Administrazioko tramite guztietarako, edo tramite baterako edo batzuetarako, adierazten dutenaren arabera. Alderdi batek eskatuta hasten diren administrazio prozedura elektronikoetan onarpen hori emantzat joko da, interesdunak kontrakoa adierazi ez badu behintzat, Udalak ematen dizkion baliabide telematikoen bitartez.

3. Artikulu honetan ezarritakoa eraginkorra izan dadin, jakinarazpena baliabide elektronikoen bidez jasotzeko nahia adierazten duen interesdun orok posta elektronikoaren helbide bat izan beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako baldintzak beteko dituena.

4. Posta elektronikoaren helbideak indarraldi mugagabea izanen du jakinarazpenetarako helbide balioduna izan dadin, salbu eta titularrak hura kentzeko edo aldatzeko eskatzen duen, pertsona fisikoa zendu edo izaera juridikoa iraungi delako, ebazpen administratibo edo judizial batek hala aginduta.

5. Jakinarazpena egintzat joko da legezko ondorio guztietarako, posta elektronikoaren helbidean haren edukian sartzen bada. Jakinarazteko sistemak egiaztatu beharko du jakinarazpenaren xedeko egintza zer egunetan eta zer ordutan jarri den interesdunaren eskura, interesdunaren helbide elektronikoan jakinarazpena noiz jaso den, jakinarazitako herritarra jakinarazpen mezuaren edukian sartu ote den, bai eta horietarikoren bat ezinezkoa bada, horretarako zer arrazoi tekniko dagoen ere.

6. Adierazitako helbide elektronikoan jakinarazpena eskura jarri dela jakinda, legez ezarritako epean mezua irekitzen ez bada, jakinarazpenari uko egiten zaiola ulertuko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak hala eskaturik mezuan sartzeko ezintasun tekniko edo materiala dagoela egiaztatzen den kasuetan.

7. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40 eta 41. artikuluak aplikatuko dira.

SEIGARREN TITULUA

Erregistro Elektronikoa

33. artikulua. Erregistro Elektronikoa sortzea Galarko Udalean.

1. Galarko Udalaren Erregistro Elektronikoa sortu da, zerbitzu publiko berria emateko, herritarrek edo administrazioko organoek bide elektronikoa erabil dezaten eskabideak, idazkiak edo komunikazioak aurkeztu eta jasotzeko, ordenantza honetan zehazten diren prozedura administratibo eta tramiteetan edo etorkizunean bide elektronikoan sartzen direnetan, Galarko Udaleko administrazioarekin ari direlarik.

2. Udalaren Erregistro Elektronikoak gainera, jasota utziko ditu Udal Administrazioko organoek intereresdunei bide elektronikoa erabiliz eta ordenantza honetan ezarritako baldintzak betez bidaltzen dizkieten idazkiak eta komunikazioak, ordenantza honetan zehazten diren prozedura eta tramiteak edo aurrerantzean bide elektronikora ekartzen direnak direla medio.

3. Tramite eta prozedurak tramitazio elektronikora ekartzea onesten duten xedapenek zehaztuko dute zer dokumentu eta formatuk izanen duten sarrera Erregistro Elektronikoan, bai eta haren funtzionamendu baldintzak ere.

34. artikulua. Erregistro Elektronikoaren konfigurazioa.

1. Udalaren Erregistro Elektronikoa osatuko dute Udal Administrazioko beharrei begira ezartzen diren erregistro unitate elektronikoek; ondorio guztietarako Udalbatzako erregistro orokorrean sartuko da eta borondatezkoa izanen da administratu guztiendako, salbu eta hura erabiltzea legez nahitaezkoa denean edo etorkizunean prozedura elektronikoak sortzeko arauetan ezartzen bada eskabideak, idazkiak eta komunikazioak erregistro horren bidez aurkeztu behar direla...

2. Udalaren Erregistro Elektronikoa Idazkaritzaren mende egonen da organikoki.

35. artikulua. Eginkizunak.

Udalaren Erregistro Elektronikoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Eskabide, idazki eta komunikazioak jaso eta igortzea, ordenantza honetan zehazten diren tramite eta prozeduretan edo etorkizunean bide elektronikora ekartzen direnetan, haien sorrera arauen arabera.

b) Sarrera eta irteera idazpenak jasotzea, Nafarroako Toki Entitateen Antolaketari, Funtzionamenduari eta Araubide Juridikoari buruzko azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 153. artikuluari eta hurrengoei jarraituz.

c) Herritarrek aurkeztutako dokumentu elektronikoen harreraren egiaztagiriak sortuko ditu. Erregistro Elektronikoaren sistema informatikoak berak automatikoki sortuko ditu eta kasuan kasuko idazki, eskabide edo komunikazioaren kopia kautotua izanen da, aurkezpen data eta ordua eta erregistroko sarrera-zenbakia jasoko dituelarik. Erabiltzaileari ohartarazi behar zaio aurkeztutako dokumentu elektronikoaren egiaztagiririk ez jasotzeak esan nahi duela ez duela aurkeztu eta, beraz, beste uneren batean edo bestelako baliabideak erabiliz aurkeztu behar duela.

Eskabide, idazki edo komunikazioarekin batera dokumentuak aurkezten badira, betiere formatuko estandarrak eta segurtasun baldintzak betetzen badituzte, Erregistro Elektronikoak dokumentu horiek entregatu direlako egiaztagiriak sortuko ditu, dokumentu horien osotasuna bermatzeko eta baita atzera bota ez direla egiaztatzeko.

d) Eskabide, idazki eta komunikazio elektronikoen sarrera eta irteera idazpenen artxibo informatiko baten mantentze-lanak eta kontserbazioa, urte naturalari dagokiona.

36. artikulua. Idazpen elektronikoen egiazkotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa.

1. Udalaren Erregistro Elektronikoaren euskarria den sistema informatikoak bermatuko du egindako idazpenen egiazkotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa.

2. Organo eskudunei, erregistro unitate elektronikoen bitartez, idazki, eskabide eta komunikazioak tramitatzeko igortzen zaizkienean edo hauek interesdunei igortzen dizkietenean, segurtasun neurriak hartuko dira ez daitezen komunikazioak atzeman edo aldatu, baimenik gabe eskuratu eta, orobat, datu pertsonalen babesa berma dadin, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

37. artikulua. Aurkezteko baldintza orokorrak.

1. Eskabide, idazki eta komunikazioen aurkezpen elektronikoa onartuko da soilik ordenantza honetan zehazten diren tramite eta prozeduretan edo etorkizunean bide elektronikora ekartzen direnetan. Erregistrora sartzeko helbide elektronikoan, zerrenda eguneratuan agertuko dira bertan aurkez daitezkeen eskabide, idazki eta komunikazioak.

Aurrekoak ez du salbuesten a priori beste norbait ordezkatuz edo organo administratiboek eskatuta ari dela frogatzeko duen betebeharretik.

2. Aurkezpen hori borondatezkoa izanen da interesdunendako. Aurreko atalean, lehen puntuan aipatutako zerrendan sartu gabeko eskabide, idazki eta komunikazioak jasotzen badira Erregistro Elektronikoan, horiek ez dute inolako ondoriorik izanen. Kasu horretan, artxibatu eginen dira eta ez aurkeztutzat joko, eta horrela jakinaraziko zaio igorleari.

3. Ondorio berak izanen dira Erregistro Elektronikoan eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen onartutako gainerako baliabideen bidez egiten denean. Hartara, organo, herritar edo enpresak erregistro unitate elektronikoetan eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztu dituela frogatu ahalko du, erregistro horiek modu automatikoan luzatuko duten gordekinaren bitartez.

38. artikulua. Herritarraren sarbidea Erregistro Elektronikoan.

Erregistro Elektronikoan eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko herritarrek Udalaren egoitza elektronikoa erabiliko dute, helbide honetara konektatuz:

https://tramitesono.animsa.es:444/inicio/inicio.aspx?nif=P3110800D&idioma=1

39. artikulua. Sarrerako erregistroa izan dezaketen idazkiak eta agiriak.

1. Erregistro unitate elektroniko ezberdinetan sarrerako erregistroa izan dezaketen eskabide, idazki eta komunikazioak izanen dira behar bezala identifikatuta dituztenak igorlea nahiz hartzailea izanen den pertsona, organoa, prozedura edo Udalaren unitate administratiboa, prozedura administratiboaren legeria orokorraren esparruan.

2. Interesdunak dokumentu batzuk erantsi behar dituenean bere eskaera edo idazkia tramitatzeko, euskarri elektronikoan egin ahalko da, baldin eta dokumentu horiek elektronikoki sinatuak baditu interesdunak berak edo sinadura elektroniko onartuaren bidez autentifikatuta dauden hirugarrenek. Dokumentu guztiak eginen dira Udal Administrazioak erabiltzen dituenekin alderatuta bateragarriak diren informatikako aplikazio eta/edo formatuetan. Informatikako aplikazioak eta formatu motak Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira.

40. artikulua. Epeen kontaketa.

1. Bai interesdunei bai Administrazio Publikoei dagozkien epeen kontaketari dagokionez, Udalaren Erregistro Elektronikoa egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialek gobernatuko dute; horrek behar diren segurtasun neurriak izanen ditu bere segurtasuna bermatzeko eta ikusgai egoteko.

2. Erregistro Elektronikoa eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan egonen da erabiltzaileen eskura, salbu eta arrazoi teknikoak direla-eta beharrezkoak diren etenak direnean.

3. Egun baliodun edo naturaletan finkaturiko epearen kontaketarako, eta interesdunek epeak betetzeari dagokionez, honela jokatuko da:

–Erreferentziako data eta ordua izanen dira indarra dutenak kasuan kasuko eskaera, idazki edo oharra Erregistro Elektronikoari euskarria ematen dion informazio sisteman jasotzean edo handik ateratzean.

–Delako eskaera, idazki eta/oharra egun baliogabe batean sartzen bada, hurrengo egun balioduneko lehen orduan sartu dela ulertuko da. Horri dagokionez, dagokion sarrera oharrean jasoko da eskaera, idazkia edo oharra egiazki zer egun eta ordutan bildu den; berrespen mezuan, ordea, hurrengo egun balioduneko 00:01a agertuko da.

–Erregistro Elektronikotik ez da irtengo inolako idazki edo komunikaziorik egun baliogabeetan.

4. Dokumentua modu elektronikoan biltzeko arazo teknikoak hautematen direnean, sistemak berak horren berri eman beharko dio aurkezleari, dagokion akats-gaztiguaren bidez, jasorik geldi dadin aurkezpena ez dela modu baliozkoan egin.

5. Arrazoi teknikoen kariaz aurreikusten bada erregistroa ez dela erabiltzeko maneran egonen, erabiltzaileei horren berri eman beharko zaie ahalik eta azkarren eta egoera horrek irauten duen bitartean.

ZAZPIGARREN TITULUA

Artxiboak eta sarbidea dokumentu elektronikoetan

41. artikulua. Dokumentuen artxibo elektronikoa.

1. Udal Administrazioak baliabide elektronikoen bidez artxibatu ahalko ditu bere eginkizunak gauzatzean sortzen diren dokumentu guztiak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 17. artikuluan ezarritako baldintzak betez. Paperezko dokumentuen kopia elektronikoa egin nahi izanez gero, ordenantza honetan ezarritako konpultsa prozedurari jarraituko zaio.

2. Partikularren eskubideak edo interesak ukitzen dituzten egintza administratiboak dituzten dokumentu elektronikoak halako euskarrietan kontserbatuko dira ezinbestean, bai formatu berean edo behar den informazioaren izaera eta osotasuna segurtatuko duen beste edozeinetan erreproduzitu ahal izateko. Edozein kasutan, datuak beste formatu eta euskarri batzuetara pasatzeko aukera bermatuko da, aplikazio ezberdinetatik sarbidea izan dezaten.

3. Dokumentuen kudeaketaren alorrean indarrean dagoen araudiaren arabera eginen da dokumentu elektronikoen artxiboa sailkapen koadroari, deskribapen metodoari eta kontserbazio egutegiari dagokienez.

4. Dokumentu elektronikoak biltzen dituzten baliabide edo euskarriek segurtasun neurriak izanen dituzte, artxibatutako dokumentu eta espedienteen osotasuna, egiazkotasuna eta kontserbazioa bermatzeko eta, bereziki, erabiltzaileen identifikazioa eta sarrerako kontrola.

5. Udalak hitzarmenak edo akordioak egin ditzake beste entitate batzuekin dokumentu elektronikoen behin betiko artxiborako, betiere aurreko atalean ezarritako bermeak betetzen badira.

42. artikulua. Erregistro eta artxibo administratibo elektronikoak zaintzea eta haiek eskuratzeko bidea.

Baliabide elektronikoetan biltegiratutako dokumentuen zainketa eta haiek eskuratzeko bidea arautuko dute ordenantza honetan informazioa eskuratzeko bideei buruzko aurreikuspenek eta datuen konfidentzialtasuna eta pribatutasuna babesteko arau aplikagarriek, bai eta dokumentuak eskuratzeko bideez eta ebaluazioaz arduratzen den udal organoaren irizpenek ere.

ZORTZIGARREN TITULUA

Tramiteak eta prozedurak tramitazio elektronikora ekartzea

43. artikulua. Tramiteak eta prozedurak tramitazio elektronikora ekartzeko mekanismoa.

1. Udalak administrazio jardueran baliabide elektronikoak erabiltzea adostuko du, printzipio hauei jarraituz: titulartasunaren errespetua eta hura esleitua duen organoaren eskumeneko jarduera errespetatzeko printzipioak. Orobat, dagokion jarduera erregulatzen duten arauetan ezarritako baldintza formalak eta materialak beteko ditu eta edozein kasutan, sinplifikazio administratiboaren irizpideari jarraituz, baliabide elektronikoen aplikazioa sustatuko du laneko prozesuetan, prozeduren kudeaketan eta administrazio jarduketan.

Prozeduren, prozesuen eta zerbitzuen kudeaketan baliabide elektronikoak aplikatzen hasi aitzin, betiere prozedura, prozesua edo zerbitzua ikuspegi funtzionaletik berriz ere diseinatzeko eta errazteko azterketa egin beharko da.

2. Administrazio Elektronikora ekartzen diren prozedura eta tramiteen ezaugarriak zehaztu beharko dira, kasu bakoitzean, ordenantza hau garatzeko araudian, Administrazio Elektronikoan sartzeko proiektua oinarri hartuta, hurrengo artikuluetan ezarritakoarekin bat.

3. Kapitulu honetan agertzen diren aurreikuspenak kasu hauetan ere aplikatuko dira:

a) Tramitazio elektronikora ekarri diren prozedura eta tramiteak aldatzeko prozeduran.

b) Administrazio Elektronikoaren tresna eta zerbitzu berariazkoen funtzionamendu araubidean.

c) Administrazio Elektronikoaren arloan beste administrazio eta entitate publikoekin sinatzen diren lankidetza eta elkarlanerako itunen sinaduran, itunen arloan aplikatzen ahal diren gainerako arauak ukatu gabe.

d) Beste Administrazio Publikoekin komunikazio eta harremanak izateko prozeduretan.

44. artikulua. Galarko Udalaren tramite eta prozedura elektronikoen katalogoa.

Herritarren informaziorako, Galarko Udalaren tramite eta prozedura elektronikoen katalogoan sartuko da, bere web-orrian argitaratuko baitu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako esparruetan.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.–Egungo tramite eta prozedurak sartzea.

Prozedurak bide elektronikoaren bidez tramitatzeko gaur egun eskura dauden tramite eta prozedurak, bai Udalaren webgunearen bidez edo bestelako kanal telematikoak erabiliz, tramitazio elektronikoan sartuta daudela ulertuko da eta Udalaren tramite eta prozedura elektronikoen katalogoan sartu beharko dira, ordenantza honek indarra hartzen duen unetik.

Bigarrena.–Hasitako prozedurak.

Ordenantza hau ez da aplikatuko indarra hartu baino lehen hasitako prozeduretan.

Hirugarrena.–Egoitza elektronikoa.

Egoitza elektronikoaren helbidea www.cendeadegalar.es izanen da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantzaren garapena eta betearazpena.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 b) artikuluarekin bat, Alkatetza da ordenantza hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak emateko eskumena duen organoa.

Bigarrena.–Ordenantzaren zabalkundea eta udal enplegatuen prestakuntza.

Ordenantza hau onetsi bezain laster Udalak haren berri emanen die herritar guztiei eta batez ere bere aplikazioak bereziki ukitzen dituen talde eta entitateei.

Ordenantza honen garapenean zabalkunde ekintzak eta berariazko prestakuntzakoak eginen dira, jarduera administratiboan baliabide elektronikoak erabiltzeko segurtasun baldintzei buruzko ezagutzak eguneratuta daudela bermatzeko, bai eta ondoko hauei buruzkoak ere: datu pertsonalen babesa, jabetza intelektual eta industrialaren errespetua eta informazioaren kudeaketa Udal Administrazioaren zerbitzura dagoen langileendako.

Hirugarrena.–Prozedura eta tramite berriak arautzea.

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, prozedura eta tramite administratibo berriez edo egun direnen aldaketez egiten diren arauketa guztiek aurreikusi beharko dute horiek baliabide elektronikoen bidez tramitatzeko aukera, eta bat egin beharko dute ordenantza honetan aurreikusten diren baldintzekin. Haien arauketa egin beharko da ordenantzaren hamargarren kapituluan aurreikusten den sarrera prozedurarekin bat.

Laugarrena.–Udal araudira egokitzea.

Udalak konpromisoa hartzen du udal araudia ordenantza honen aurreikuspenetara egokitzeko, urtebeteko epean, indarra hartzen duenetik.

Bosgarrena.–Indarra hartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hamabost eguneko epea iragandakoan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 56.1, 65.2 eta 70.2 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

Iragarkiaren kodea: L1703310