81. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

96E/2017 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Ezkaba mendian, Iruñeko udal-mugartean, telekomunikazioetarako oinarrizko estazio baten proiekturako. Sustatzailea Xfera Móviles SA da.

2016ko azaroaren 23an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren xedea da telefonia mugikorreko oinarrizko estazio bat instalatzea Iruñeko 6. poligonoaren 1752. lurzatian, Ezkaba alderdian, Iberdrolaren jabetzakoa den azpiestazio elektriko baten eremu itxi eta zoladun batean.

Lanetan, hiru antena ordeztuko dira, orain dagoen sareta metalikozko dorre batean instalatuak daudenak, eta ekipo berria instalatuko da lehendik dagoen etxola batean.

Xfera Móviles SA enpresak Nafarroako Foru Komunitatean aurkeztutako Azpiegituren Lurralde Planaren arabera, honako hau da kokalekua: Iruña NA0816, X = 612.353,1 Y = 4.743.698,3.

2017ko urtarrilaren 9an, Iruñeko Udalak aldeko txostena eman du hirigintzarekiko bateragarritasunari buruz. 2017ko martxoaren 6an, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak aldeko txostena egin dio proiektuari, hirigintza arloko baldintzekin.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena eman dio proiektuari ingurumenaren eta paisaiaren ikuspegitik, ez baitu ingurumeneko ukipen adierazgarririk sortuko.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Ezkaba mendian, Iruñeko udal-mugartean, telekomunikazioetarako oinarrizko estazio baten proiekturako. Sustatzailea Xfera Móviles SA da.

2. Baimena hirigintza arloko neurri hauek betetzearen baldintzapean eman da:

–Baimen honek Xfera Móviles SA operadoreak eskatutako jarduketak baizik ez ditu babesten. Aipatu jarduketak Xfera Móviles SAk aurkeztutako Azpiegituren Lurralde Planean (ALP) sartutako kokalekuan gauzatuko dira, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusiaren 114/2015 Ebazpenarekin bat, horren bidez onetsi baitzen aipatu ALPa. Jarduketak egiteko aurreikusitako instalazioak eta azpiegiturak ere (ekipoen gela, dorrea, harguneak) baimen honen babespean daude, horiek baimenaren esparruan lurzoru urbanizaezin gisa legeztatzearen ondorioetarako (zerbitzu honetan ez baitago horri buruzko baimenik), gehieneko okupazioarekin, bideetatik bereizi beharrekoarekin eta mugekin eta udaleko hirigintzako araudian eraikuntza jardueretarako ezarritako gainerako baldintzekin. Lurzatian lehenagotik dauden beste operadore batzuen instalazioak ez dira baimen honen xede izanen, ez eta Xfera Móviles SA operadoreak erabiltzen ez dituen azpiegiturak edo eraikuntzak ere.

–Udal Planaren Hirigintza Araudi Orokorrean ezarritakoaren arabera (65. artikulua eta lurzoru urbanizaezinaren babes araubidearen eskema), jarduera interes orokorrekotzat jo beharra dago.

–Udalak begiratuko du udal eskumenekoak diren zehaztapenak betetzen direla (Udal Planaren Hirigintza Araudi Orokorraren 73. eta 74. artikuluak). Ingurumenean integratzeari dagokionez, lurzatiaren baldintzak eta amaierako egoera zainduko dira lanek paisaian izan dezaketen eragina gutxitzeko, eta horretarako, beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu ingurumeneko tramitazioan eskumena duen organoak.

–Instalazioa egiteko behar diren obrak bukatuta, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, bereziki orain lurzatian dagoen azpiegiturarekin eta bertara sartzeko dauden herri-lurrekin zerikusia dutenak, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua bost urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Iruñeko Udalari, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko martxoaren 9an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1703252