81. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOZAR

Berriozarko Udalaren entsegurako lokalen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko erreglamendua. Behin betiko onespena

Berriozarko Udalak, 2016ko maiatzaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Berriozarko Udalaren entsegurako lokalen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko erreglamendua. 2016ko 109. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 7an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, erregelamendu hori behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriozarren, 2017ko apirilaren 12an.–Alkatea, Raúl Maiza González.

BERRIOZARKO UDALAREN ENTSEGUETARAKO
LOKALEN ANTOLAMENDUARI ETA FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO ERREGELAMENDUA

Berriozarko Udalak, Gazteriako Zinegotzigoaren bidez eta Kultura Arloak eta Gazteriaren Mahaiko kide guztiek parte hartuta, prestatu du Udalaren entseguetarako lokalen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko erregelamendua, Berriozarko eta beste herrietako gazteek musikarako entseguak egin ditzaten.

Berriozarko Plazaola zk. gabean dagoen entseguetarako lokalen funtzionamendua arautzea da erregelamendu honen helburua; horretarako, informazio argia eta zehatza emanen da lokal horiek erabiliko dituztenen eskubideei eta betebeharrei buruz. Lokalak erabiliko dituztenek bete beharko dute nahitaez.

Aldez aurreko alderdiak

1.–Entseguetarako lokalak edozein musika jarduera egiten duten gazte guztiek eska ditzakete, bai taldeek bai bakarlariek, baldin eta horretarako toki baten beharrean badaude. Pertsona eta/edo talde bakoitzeko eskaera bakar bat onartuko da; hortaz, talde batean aritzen denak ezin izanen du tokia bakarlari gisa eskatu eta alderantziz. Talde batek 8 kide izan ditzake, gehienez ere.

2.–Entseguetarako lokala eskatzeko, ondoko baldintzak bete behar dira:

–Gutxienez taldekide batek Berriozarren erroldatua egon beharko du.

–Adingabekoen kasuan, eskaera adineko pertsona baten izenean aginen da, entsegu-gela erabiltzen duten adingabekoen erantzunkizuna hartuko dutena. Era berean, gutxienez taldekide batek Berriozarren erroldatua egon behar du.

–Musikari profesionala ez izatea, eta ulertuko da hala dela kontratu diskografikoa daukana.

–30 urtetik beherakoek osatutako taldeek izanen dute lehentasuna.

3.–Taldea onartzeko, ezinbestekoa da musika jarduera egiteko behar duen ekipoa taldeak berak eramatea, bateria eta ahots ekipoa izan ezik.

4.–Eskatzaileek fitxa bat beteko dute entseguetarako lokal bat erreserbatzeko. Fitxa horretan taldekide bakoitzaren datu pertsonalak jasoko dira, bai eta erreserba zein egunetan eta zein ordutan egin nahi den eta erreserbak noiz arte iraunen duen ere (gehienez ere urtea amaitu arte):

–Musika taldearen kideen eta gonbidatuen datu pertsonalak (izen-deiturak, NANa, helbidea, telefonoa, e-posta eta jaiotze data). Taldekide bakoitzak bere NANaren fotokopia aurkeztu beharko du.

–Zer instrumentu eta soinu ekipo erabiliko den.

–Zein egunetan eta zein ordutan egin nahi den erreserba.

Berriozarko Udalaren Herritarrendako Laguntza Bulegoan (Euskal Herria plaza, 1, 31013 Berriozar) eskura daiteke fitxa hori edo bestela www.berriozar.eus web orriaren bidez.

5.–Eskaera egiteak ez dakar, inolaz ere, entseguetarako lokal bat erreserbatuta izateko eskubidea. Eskubide hori izateko, behar adina toki egonen da eta Alkatetzak berariazko baimena emanen du.

6.–Entseguetarako lokala erabiltzeko baimenak ekarriko du erabiltzaileek haien funtzionamenduaren gaineko arauak onartzea. Esleipenak urtebete iraunen du, eta berritzen ahal da, interesdunek hala eskatuz gero.

7.–Eskatzaileari entseguetarako lokala esleitu zaiola jakinarazita, horrek ekipamendua maiztasunez erabili beharko du, eta lokalaren kontzesioa bertan behera gera daiteke ez bada ordu horietan erabiltzen.

8.–Erabiltzaileek entseguetarako lokalak erabiltzeko arauak errespetatuko dituzte, beste instalazioenak bezala.

9.–Uko egitea eta bestelako aldaketak egitea Udalari eskatuko zaizkio, Berriozarko Udalaren bulegoetan eskaera orokorra aurkeztuz.

10.–Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko eskatzaileek utzitako materialengatik.

Entseguetarako lokalen erabilera-orduak

Lokalak ireki eta itxiko dira eskatzaileen betebeharren arabera, eta Alkatetzak ebazpen bidez onetsiko ditu erabilera-orduak.

Eskaeren erregularizazioa urtean behin eginen da.

Kuotak

Osoko bilkuran onetsiko dira entseguetarako lokalak alokatzeko prezio publikoak.

Erabiltzaileen eskubideak

–Eskubideak eta betebeharrak argi eta zehazki ezagutzea, baita instalazioak, zerbitzuak eta funtzionamendurako arauak ere, haiei publizitate egokia eginez.

–Entsegurako lokala baimendutako ordutegian erabiltzea.

–Iradokizunak, proposamenak eta erreklamazioak egitea lokalen funtzionamenduaren eta zerbitzuaren inguruan.

–Entseguak gutxienez astean bitan egiteko eskubidea izanen dute.

Erabiltzaileen betebeharrak

1.–Erabilpena hasi aurretik, fidantza eta urteko kuota ordaintzea. Kuoten zenbatekoa osoko bilkuran onartuko da. Adingabekoek fidantza besterik ez dute ordainduko. Talde batean adineko kideak eta adingabeak badaude, kuota taldekide adinekoen arabera proportzionalki kalkulatuko da.

2.–Lokala txukun edukitzea, beste taldeek erabil dezaten eta garbitzeko lanak errazagoak izan daitezen.

3.–Materialetan edo instalazioetan zerbait hondatuz gero, bermea ez zaie itzuliko eskatzaileei, betiere Udaltzaingoak, polizia ikerketan oinarrituta, hala erabakitzen badu. Hortaz, eskatzaile guztiek ziurtatu behar dute, lokalak erabiltzen dituztenean, ez dela ezer lapurtu edo ezer hondatu. Ohiz kanpoko gorabeheraren bat topatzen bada, eskatzaileek horren berri eman beharko diote Udaltzaingoari (639 400 906).

4.–Eskatzaileak eta gonbidatuak sar daitezke, ez beste inor; gehieneko edukiera 15 pertsonakoa izanen da musika taldeentzat, eta abesbatzentzat 30ekoa (3. aretoa) eta 20koa (1. eta 2. aretoak). Hori bete ezean, talde eskatzaileari baja emanen zaio.

5.–Ezarritako ordutegia errespetatzea, sartzerakoan nahiz ateratzerakoan.

6.–Barne araubidearen arauak ezagutu, errespetatu eta betetzea.

7.–Entsegua bukatutakoan, ekipoak deskonektatuta eta argiak itzalita uztea.

8.–Musika taldearen materiala lokalak irekita daudenean ateratzea. Lokala ez da irekiko taldearen materiala ordutegi horretatik kanpo ateratzeko.

Entseguetarako lokalak erabiltzeko baldintzak

–Entseguetarako lokalak entseatzeko dira, beste edozein jarduera debekaturik dago. Hutsegite larria izanen da hori.

–Debeku da erretzea, jatea, edari alkoholdunak edatea eta debekatutako gaiak kontsumitzea entseguetarako lokaletan. Hura ez betetzea hutsegite larria da.

–Debeku da taldekidea ez dena sartzea, gonbidatu gisa sartzeko baimena ez badauka. Taldekideen altak eta bajak Gazteriako Zinegotzigoari jakinarazi beharko zaizkio idatziz, hark musikarien kontrola eraman dezan, eskabide orokor bat Berriozarko Udalaren bulegoetan aurkeztuta. Musikari kolaboratzaileek idatziz hartuko dute alta, betiere taldearen erantzukizunpean; haiek ere erabiltzeko araudia bete beharko dute nahitaez. Musikari gonbidatuak ezin izanen dute materialik utzi entseguetarako aretoan. Taldekideek ezin izanen dute entsegurik egin beste musikariekin beste proiektuetarako, alta eskatu ez badute.

–Taldeek ezin dute entseguaren ordua aldatu, beharrezko baimena eduki ezean. Ordu aldaketa Alkatetzaren ebazpenaren bidez baimenduko da... Halaber, denbora luzean ez joateko asmoaren berri emanen da.

–Berariaz debeku da beste taldeen ekipoak eta materialak erabiltzea. Hura ez betetzea hutsegite larria izanen da.

–Guztiz debekatuta dago Berriozarko Udalaren materiala ateratzea probasaioetarako lokaletatik.

–Lokalak erabiltzen ez dituen taldeari baja emanen zaio.

–Gazteriako Zinegotzigoak entseguetarako aretoa aldatzen ahalko dio talde bati, espazioak berrantolatu behar badira eta guztien onerako bada.

–Lokalen barneko ateak itxita egonen dira entseguak irauten duen bitartean.

–Lokaletan edo ekipoetan zerbait hondatuz gero, horren berri emanen zaio Udaltzaingoari (telefonoa: 639400906).

–Talde bakoitzak instrumentuak eta osagarriak jasoko ditu entseatu ondoren, eta lokala geratuko da beste talde batek erabiltzeko moduan edo garbitua izateko moduan.

–Talde baten funtsezko osaera aldatzen denean kide bat baino gehiagorekin eta aretoak erabiltzeko eskatu zuen jatorrizko osaeraren %50 baino gehiago bada, ezin izanen da instalazioak erabiltzen jarraitu; hortaz, haiek erabiltzeko eskatu beharko da berriz eta itxaron zerrendara pasako da (halakorik balitz).

Iragarkiaren kodea: L1704701