81. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATETZ

Agiriak tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Atezko Udalak, 2016ko abenduaren 29an egin osoko bilkuran, Udalbatzako kideen legezko gehiengo osoa edukita, hasiera batez onetsi zuen agiriak tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Eritze Atetzen, 2017ko otsailaren 28an.–Alkatea, Ezekiel Martin Muxika.

ORDENANTZA FISKALA, AGIRIAK LUZATU
ETA TRAMITATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz (delako legea martxoaren 2ko 4/1999 Legeak aldatu zuen tasa eta prezio publikoen arloan).

Ordainarazpenaren xedea

2. artikulua. Ordainarazpen honen xedea da tramitatzea, alderdi baten eskariz, udal administrazioak edo udal agintariek luzatzen edo beren ardurapean dituzten agiri hauek:

1. Kopiak, fotokopiak, konpultsatzeak, lurzatien zedulak eta katastroko orriak.

2. Ziurtagiriak, Udal Erroldaren gaineko edozein motatako datuei buruzkoak izan ezik.

3. Arma txartelen tramitazioa.

4. Ahalmenak askiestea.

5. Aurrekontuak eta ordenantza fiskalak.

6. Txostenak eta kontsultei emaniko erantzunak.

7. Ordainagiri helbideratuak itzultzea.

Zerga-egitatea

3. artikulua. Zerga-egitatea da, alderdi batek eskaturik, Udalak egiten duen jarduera, ordenantza honen xede diren agiri eta espedienteen tramitazioa dela eta.

Ordaindu beharra

4. artikulua. Administrazioaren ardurapeko agiria aurkeztearekin sortuko da zerga ordaindu beharra edo ordainarazpen honen xedeko agiriren bat prestatzeko eskatzean.

Subjektu pasiboak

5. artikulua. Ordaintzera beharturik daude ordainarazpen honen xedeko agiriak tramita daitezen eskatzen duten pertsona natural nahiz juridikoak eta haien onura jasotzen dutenak.

Tarifak

6. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren agiriak tramitatzeagatik ordaindu beharreko tarifak eranskinean azaltzen dira.

7. artikulua. Ziurtagiriak luzatzean, Nafarroako Foru Diputazioak 1948ko maiatzaren 15ean onetsitako arauei jarraitu beharko zaie, Foru Kontseiluak eta Foru Parlamentuak 1978ko abenduaren 28an eta 1980ko urtarrilaren 29an, hurrenez hurren, emandako aldaketak barne, baita horri buruz gero onesten direnak ere barne.

Kudeatzeko arauak

8. artikulua. Tasa sortutzat hartuko da agiria udal erregistro orokorrean aurkezten denean; eta udal bulegoetan ez da onartuko, ez eta tramitatuko ere, ordenantzapeko eskabiderik edo agiririk, itzultzeko beharkizuna aldez aurretik bete ez bada.

9. artikulua. Aurrekariak bilatzeko eskaera orok tasa sorraraziko du, emaitza negatiboa bada ere.

10. artikulua. Udaleko langileek, hala badagokie, udal zigiludun agiri guztiak zenbatuko dituzte eta, egunero, Udal Diruzaintzan eginen dituzte diru-sarrerak eta dagozkien likidazioak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Azken xedapena.–Indarra hartu du 6/1990 Foru Legearen 262.2 eta 326. artikuluetan xedatuarekin bat, hamabost egun balioduneko epea iragandakoan, horixe baita Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei, haien egintza edo erabakiak indargabetzeko, errekerimendua egiteko duen ahalmena erabiltzeko ezarritako epea.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

TARIFEN ERANSKINA

1.–Agiriak.

a) Edozein udal agiriren kopiak, fotokopiak eta eskanerrak:

–DIN A-4 tamainako orri bakoitzeko: 0,20 euro.

–DIN A-4 tamainako kopia bi aldeetatik: 0,40 euro.

–Artxiboko agirien fotokopiak: 4,00 euro.

b) Agiriak konpultsatzea:

–Konpultsatu beharreko agirien lehenengo orria: 2,00 euro.

–Bigarren orria eta hurrengoak: 0,50 euro.

c) Lurzatien zedulak.

–Ale bakoitza: 3,00 euro.

d) Katastroko orriak.

–Ale bakoitza: euro 1,00.

2.–Ziurtagiriak.

–Udalaren datu-base informatikoetan bildutako datuen ziurtagiria: euro 1,00.

–Finken hirigintza egoera egiaztatzen duen ziurtagiria: zerbitzuaren kostuaren %100.

–Espediente administratiboetan eta artxiboan jasotako erabaki edo agirien ziurtagiria: 4,00 euro.

–Aldez aurretik txostena behar duen ziurtagiria: 20,00 euro.

–Gainerako ziurtagiriak: 2,00 euro, ziurtagiri bakoitzeko.

–EJZko alta eta bajen tramitazioa: 3,00 euro.

Jendea salbuetsirik egonen da ziurtagiriak luzatzeko tasak ordaintzetik, ziurtagiri hori Udalak berak eskatu badio.

3.–Arma txartelen tramitazioa.

–Txartel bakoitza: 10,00 euro.

4.–Ahalmenak askiestea.

–Askieste bakoitza: 6,25 euro.

5.–Aurrekontuak eta ordenantza fiskalak.

–Ordenantzak, ale bakoitza: 11,00 euro.

–Aurrekontuak, ale bakoitza: 11,00 euro.

6.–Txostenak eta kontsultei emaniko erantzunak.

–Txostenak egiteagatik eta galderak erantzuteagatik, hirigintzari buruzkoak izan ezik: 25,00 euro.

7.–Ordainagiri helbideratuak itzultzea.

–Ordainagiri helbideratuak itzultzea, Udalarekin ikustekorik ez duten arrazoiengatik: 1,50 euro itzulitako ordainagiri helbideratu bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: L1702803