72. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

347E/2017 FORU AGINDUA, martxoaren 23koa, Osasuneko kontseilariak emana. Honen bidez onesten dira aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetarako.

Urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 29. artikuluak ezartzen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak zer egoeratan kontratatzen ahal dituen langileak administrazio araubidean (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzkoa).

Bestalde, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren III. kapituluak ere arautzen du langileak araubide administratiboan kontratatzea; orobat, irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuak arautzen du Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak araubide administratiboan kontratatzea.

Ikusirik araudi esparrua, orain egiten den arauketa honek indarrik gabe uzten du Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 19ko 60/2015 Foru Agindua; haren bidez onetsi ziren aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetarako. Hala, arau berri honen xedapenak, aurreko arauketakoak bezala, aplikatzekoak izanen dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoan.

Aipatutako foru agindu horren aplikazioa ikusita, komenigarritzat jotzen zen aldaketak egitea, eraginkortasun eta argitasun handiagoa lortzeko kontratazio zerrenden kudeaketan, erreferentziatzat harturik bai berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak bai zerbitzuaren kalitatea eta pazienteen beharrak.

60/2015 Foru Aginduaren artikulu asko aldatu behar ziren neurri handian edo txikian, eta, hori oinarri harturik, erabaki da foru agindu hori indargabetuko duen arau berri bat sortzea, haren artikuluak berritu ordez. Hala, segurtasun juridikoaren irizpideak kontuan harturik, komenigarritzat jo da testu berri bat onestea, nahiz eta arau berriko alderdi batzuetan aldaketa oso txikia izan eta beste batzuk bere horretan gelditu diren.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak hau dio: “Legegintza-ekimena eta erregelamenduak egiteko ahala baliatzean, administrazio publikoek printzipio hauen arabera jokatu behar dute: premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.” Arau horretako premia eta efikazia printzipioetara egokitzea jadanik azaldu da aurreko lerroaldeetan, eta efizientziari dagokionez, ez dago zalantzarik: izangaiarentzat tramiteak kentzen dira, ahal denean.

Proportzionaltasunari dagokionez, arau honek errazten du herritarrek beren eskubideak erabiltzea, eta bilatzen diren helburuak lortzeko muga gutxien dituzten neurriak aukeratzen dira. Horren adibide garbi bat da gehieneko epe bat ezartzea izangaia penalizaturik izateko, hurrenkera lehentasuna galtzeagatik.

Arauaren gardentasuna bermatzeko, aplikatzekoa den araudian jasotako tramiteei jarraitu zaie.

Arrazoi horiengatik, oraingo kontratazio prozeduren berritzea aztertzeko lantaldeak –Administrazioaren eta sindikatuen ordezkariek osatua–, uste izan du araudia egokitu behar dela 60/2015 Foru Agindua onetsi zenetik aurkitutako beharretara.

Foru agindu hau negoziatu da, nahitaezkoa baita, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoen Negoziazio Mahai Sektorialean, 2017ko otsailaren 9ko bilkuran, eta LAB, ELA, CCOO, UGT eta AFAPNA sindikatuen adostasuna lortu da.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-esparrua.

Foru agindu honen helburua da Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako lanpostuetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatuko dituzten arauak onestea.

I. KAPITULUA

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua

2. artikulua. Izangai zerrendak egitea.

1. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak deialdi publikoetatik abiaturik prestatuko dira, lehiaketa, oposizio edo oposizio-lehiaketa bidez, edo zerrenda irekietan inskribatuz. Betiere, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak bermatuko dira.

2. Foru agindu honetan aurreikusten diren aldi baterako kontratazioetarako zerrendetan inskribatu ahal izateko, izangaiek eskatzen diren tituluak eduki beharko dituzte azkeneko deialdirako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo zerrenda irekietan inskribatzeko unean. Gainerako beharkizunak betetzen direla kontratua egitean frogatu beharko da.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ofizioz baztertuko ditu zerrendetatik baldintza horiek betetzen ez dituzten izangaiak.

3. Ondotik zehazten diren kontratazio zerrendak prestatuko dira, eta, izangaiei deia egitean, honako lehentasun hurrenkera honi berari segituko zaio:

1–Probak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda.

Zerrenda hau prestatuko da, kategoria bereko lanpostu batean plantillako langile gisa sartzeko oposizioaldia gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaiekin. Oposizioan edo oposizio-lehiaketan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira.

2.–Oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaien zerrenda.

Zerrenda honetan, lehentasun hurrenkera ezartzearen ondorioetarako, kontuan hartuko da, lehenik, gainditutako proba kopurua, eta, gainditutako proba kopuru bera izanik, guztirako kalifikazioa hartuko da kontuan.

3.–Oposizioko azterketara aurkeztu arren, hautaproba bat bera ere gainditu ez duten izangaiak.

Atal honetako 2. eta 3. puntuetan aurreikusitako kasuetan, izangaien ordena finkatzeko, honako puntuazio hauen batura eginen da: hautaprobetan lortutako puntuazioa gehi, aldi baterako kontratazioaren xedeko lanpostuari dagozkion estamentuan eta espezialitatean, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuen balorazioari dagokion puntuazioa. Azken hori ateratzeko, azkeneko deialdia argitaratzen den egunera arteko zerbitzuak kontatuko dira, honela: urte bakoitzeko puntu bat, edo dagokion zati proportzionala (12 puntu gehienez). Zenbaiten arteko berdinketa izanez gero, zozketa publikoaren bidez ebatziko da.

Atal honetako 1., 2. eta 3. puntuetan aipatutako zerrendak egiteko, kontuan hartuko da, bakar-bakarrik, egindako azken deialdi publikoa.

4.–Hautaprobetarako deialdi publiko baten bidez kontrataziorako osatutako izangai zerrenda.

5.–Zerrenda irekiak:

Zerrenda irekiak eginen dira baldin izangai eskuragarririk ez badago zerrendaren batean.

Halaber, halako zerrendak irekiko dira honako kasu hauetan:

–Urte horretan ikasketak bukatzen dituzten tituludunak sartzeko.

–Postu berriak aldi baterako betetzeko.

Aurrekoaren ondorioetarako, epe bat irekiko da, interesdun guztiak sartu ahal izateko kategoria bakoitzeko zerrendetan.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen arloan eskudantzia orokorrak dituen organoaren ebazpenaren bidez irekiko eta itxiko dira zerrenda horiek, eta argitaratuko dira erakunde autonomo honen Zerbitzu Zentralen iragarki oholean eta Osasuneko webgunean. Horiek irekitzea ekarri zuten beharrik ez dagoenean itxiko dira.

4. Titulu ofiziala tramitatzen ari diren Osasun Zientzien arloko gradudunak eta/edo lizentziadunak aldi baterako kontratatzeko zerrendak.

a) Osasun Zientzietan gradudun edo lizentziadun izanik prestakuntza programa egin behar dutenek, programa bukatzen duten urteko apirilaren 20tik 30era, frogagiria aurkeztu beharko dute, agertzeko zer azkeneko kalifikazio lortu duten egoiliar aldian eta zer hurrenkera lortu duten egoiliar aldia egiteko probaren deialdi nazionalean.

Espezialitateetako batean prestakuntza programa bukatu ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako kontratatzeko zerrendetan sartzen ahalko dira, prestakuntza programa bukatu eta biharamunetik hasita 10 egun balioduneko epean. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte eskaera eta egoiliar aldia egin izanaren ziurtagiria, egoki den irakaskuntza unitateak emana.

Osasun Zientzietan gradudun edo lizentziadun izanik egoiliar aldia Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan egin dutenek ez dute betebeharrik izanen egoiliar aldiko amaierako ebaluazioan lortutako kalifikazioa aurkezteko, ezta egoiliar aldia egin izanaren ziurtagiririk ere, izan ere irakaskuntza unitateak igorriko du zuzenean dokumentazio hori.

b) Egoiliar aldiko amaierako ebaluazioan lotutako kalifikazioaren arabera ezarriko dira zerrendak. Kalifikazio horretan berdinketarik bada, honako hau hartuko da kontuan eskaeren hurrenkera ezartzeko: egoiliar aldia egiteko hautaprobaren deialdi nazionalean lortutako hurrenkera zenbakia. Horrela ere berdinketa hausten ez bada, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Erregistroan emandako eguna eta ordua aintzat hartuta ebatziko da. Horrela ere berdinketa hausten ez bada, Erregistro horretan emandako sarrera-zenbakiaren arabera ebatziko da.

c) Interesdunek, hala nahi badute, eta zerrendak irekita egonez gero, eska dezakete dauden kategoria ofizialetako zerrendetan sartzea. Horretarako, titulazio ofizialaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, edo hura egiteko tasak ordaindu izanaren gordekinarena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo eskudunean.

5. Kontratazioaren xede den lanpostuak pertsonaren profil profesional zehatza eskatzen badu, zerrendaren hurrenkerari jarraituz eginen da deia, baina, betiere, eskaintza onartzeko ezarritako beharkizunak bete beharko ditu izangaiak. Horretarako, aldez aurretik, langileak eginkizunak bete behar dituen lantokiak txosten bat egin beharko du, non justifikatuko baititu izangaiaren ezaugarriak, bai esperientziari bai prestakuntzari dagokienez. Kasu hau gertatzen den guztietan, aldez aurretik langileen batzordeari emanen zaio horren berri.

6. Salbuespenez, pertsona egokienekin kontratazioak egin daitezke lanpostuarekiko egokitasunaren eta ezagutzaren arabera, betiere presa frogatuko arrazoiengatik komeni bada eta dei egiten bazaio zerrendetako izangai izanik lanpostu zehatz hori betetzeko gai den edo hartarako presta daitekeen bati. Artikulu honen babesean egindako kontratazioek ez dute izanen 30 egunetik gorako iraupenik. Horrelako kasuetan, kontratazio organoak txosten arrazoitu bat prestatu beharko du, idatziz. Txosten hori kontratazio espedienteari erantsiko zaio, eta Langilearen Batzordeari igorriko zaio, haren berri izan dezan.

3. artikulua. Zerrenda irekiak kudeatzeko arauak.

1. Zerrendetan sartu nahi duten izangaiek telematikoki eskatuko dute horietan sartzeko. Halaber, aurkeztu beharko dute, prozedura administratiboko legerian aurreikusitako bitartekoak erabiliz, deialdian eskatutako titulu akademikoa izatearen frogagiria, eta, kasua bada, emandako zerbitzuena, salbu artikulu honen 5. idatz-zatian aipatutako zerbitzuen kasuan.

Interesdunak behar den titulu akademikoa aurkezten ez badu, eskatu eginen zaio, eta 10 eguneko epea emanen zaio akatsak zuzentzeko. Horrekin batera adieraziko zaio ezen zuzentzen ez badu kasuan kasuko kontratazio zerrendatik baztertuko dutela eta bere espedientea artxibatuko dela.

2. Txanda irekietan inskripzio eskaeren hurrenkera ezartzeko, honako hauek baloratzearen ondoriozko puntuazioari jarraituko zaio: pertsona horrek edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, helburu duen lanpostuko estamentu eta espezialitatean, urtebeteko puntu 1 emanda, edo proportzioan egoki dena.

Zerbitzuak, aldi berean, bi zentrotan edo gehiagotan egin direla frogatuz gero, bakar bat baizik ez da zenbatuko, interesdunarentzat onuragarriena dena.

3. Berdinketarik izanez gero, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Erregistroan emandako eguna eta ordua aintzat hartuta ebatziko da. Horrela ere berdinketa hausten ez bada, Erregistro horretan emandako sarrera-zenbakiaren arabera ebatziko da.

4. Zentro bakoitzeko langileen arloko burutza duen organoak luzatutako ziurtagirien bidez frogatu beharko dira egindako zerbitzuak. Frogagirietan honako datu hauek azaldu beharko dira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea eta zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.

5. Ez da beharrezkoa izanen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan emandako zerbitzuak frogatzea; erakunde autonomo horrek ofizioz egiaztatuko ditu.

6. Emandako zerbitzuak baloratzearen ondorioetarako, kasuan kasuko deialdira arte lortutakoak baizik ez dira baloratuko, edo azkeneko eguneratzea egiten den artekoak, horrelakorik egin baldin bada. Bi urtetik behin eguneratuko dira emandako zerbitzuak.

4. artikulua. Zerrenden indarraldia.

1. Kasuan kasuko hautapen prozesuan parte hartu eta lanpostua lortzen duten izangaien izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da 2. artikuluko 3. ataleko 1., 2. eta 3. puntuetan aipatzen diren zerrenden indarraldia.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen arloko eskumenak dituen organoak, aldi baterako kontratazioetarako kasuan kasuko zerrenda onesteko, ematen duen ebazpenean ezartzen den egunean hartuko dute indarra 2. artikuluko 3. ataleko 4. puntuan aipatzen diren zerrendek (kontrataziorako proba berariazkoek ekarritako zerrendak).

3. Aurreko bi idatz-zatietako zerrendak indarrean egonen dira harik eta deialdi berrien ondorioz zerrenda berriak egin arte.

4. Txanda irekietan egoteko eskaerak txanda horietan sartuko dira Lanpostuetarako Kontratazioa, Sarrera eta Betetzea Kudeatzeko Zerbitzuan sartu eta hurrengo hilabeteko lehenbiziko lanegunetik aurrera, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan langileak kontratatzearen arloan eskumena une oro duen organoan sartu eta hurrengo hilabeteko lehenbiziko lanegunetik aurrera. Salbuespen dira hilabete bakoitzeko hogeigarren egunetik aurrera aurkeztutako eskaerak; izan ere horiek txanda irekietan sartuko dira aurkeztu eta bigarren hilabeteko lehenbiziko lanegunetik aurrera.

Sartzeko deialdi bakoitzak ekarritako zerrendak egiten diren bakoitzean ordura arteko zerrenda irekiek indarra galduko dute.

5. artikulua. Kontratazio motak.

1. Kategoria guztietarako, eta foru agindu honen eranskinetan adierazitako eremu bakoitzean, bi zerrenda osatuko dira: bata, kontratu laburretarako, eta, bestea, luzeetarako, izangaiek aukeratzen dutenarekin bat.

2. Kontratu laburtzat hartuko dira helburu hauetarako erabiltzen direnak:

–Jardunean dauden plantillako langileak ordeztea, kontratu luzetzat hartzen ez direnean.

–Etengabeko arreta zerbitzuak edo guardiak egitea, iraupena zeinahi delarik ere.

–Lanaldi partzialeko kontratazioak egitea, lanaldi osoaren %85etik beherakoak direnean, zeinahi delarik ere kontratu mota eta iraupena.

–Oro har, hasiera bateko aurreikuspenen arabera, 6 hilabetetik beherako iraupena duten kontratazio guztiak.

3. Kontratu luzetzat hartuko dira helburu hauetarako erabiltzen direnak:

–Aurreko lerroaldean aipatzen ez diren lanpostu hutsak bitarteko gisa betetzea.

–Plantillako langileei erreserbatutako lanpostuak betetzea.

–Oro har, hasiera batean, sei hilabeterako edo gehiagorako diren beste edozein egiturazko kontratazio.

6. artikulua. Eremua/aukera hautatzea.

1. Aldi baterako kontratazioa bilatzen dutenek lehentasunezko eremua/aukera hautatuko dute, honela:

a) Iraupen luzeko kontratazio zerrendak.

Izangaiek foru agindu honen I. eranskinean agertzen diren eremu guztiak aukeratzen ahalko dituzte.

b) Iraupen laburreko kontratazio zerrendak.

Oro har, izangaiek foru agindu honen II. eranskinean adierazten diren eremuetatik hiru aukeratzen ahalko dituzte gehienez. Halaber, eranskin honetan aurreikusitako arauak bete behar dituzte, kontratazio eremu batzuetako aukerak hautatzeko.

2. Telematikoki bakarrik hautatuko dira lehentasuneko eremua eta kontratazio zerrendaren mota, eta aldatu ere telematikoki eginen dira.

7. artikulua. Kontratazio mota eta lan eremua/aukera hautatzeko prozedura.

1. Honela hautatuko dira kontratazio mota eta eremua/aukera:

a) 2. artikuluko 3. idatz-zatiko 1., 2., 3. eta 4. puntuetan xedatutakoaren arabera egiten diren zerrendetako izangaiek aditzera eman beharko dute kasuan kasuko deialdian onartua izateko eskabidean zer motatako kontratazio zerrendetan eta zein lan eremutan/aukeratan egon nahi duten, deusetan galarazi gabe artikulu honetan xedatu dena hautapen prozesua gainditu arren lanposturik lortzen ez dutenentzat.

Aurrekoa hala izanik ere, behin deialdiko azken emaitzak argitaratutakoan, interesdunek, argitaratu eta biharamunetik hamar eguneko epean, hasieran hautatutakoa aldatzen ahalko dute.

Hautapen prozesua gainditu baina lanposturik lortzen ez dutenak lan eremu guztietako iraupen luzeko zerrendetan egonen dira, salbu eskatzen badute zentro edo kontratazio unitate batetik edo gehiagotatik ateratzea, eskabide baten bitartez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Lanpostuetarako Kontratazioa, Sarrera eta Betetzea Kudeatzeko Zerbitzuari zuzenduta (edo, egitura organikoa aldatzen bada, kontratazio eginkizunak bere egiten dituen unitateari), hamar eguneko epean, deialdiaren behin betiko emaitzak argitaratu eta biharamunetik hasita. Iraupen laburreko zerrendak aukeratzeko, izangai horiek nahi dituzten eremu/aukera guztiak hauta ditzakete, 6. artikuluan ezarritako mugarik gabe. 1. b).

b) Zerrenda irekietan inskribatu nahi duten izangaiek inskripzio-eskaeran berean adierazi beharko dute zein eremu/aukeratan aritu nahi duten.

c) Aurreko ataletan adierazitakoaren arabera aukeratzen dituzten lan eremu/aukerak eta zerrenda motak urtero aldatzen ahalko dira, otsailean zehar. Aldaketa horrek indarra izanen du urte bakoitzeko martxoaren 1etik aurrera sortzen diren kontratazio eskaintzetarako.

d) Interesdunek beren burua deialditik bazter dezakete kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo hortik beherakoa denean.

2. Beren eginkizunak betetzean erasoren bat jasan duten izangaiek, eta hala jaso bada Erasoen Erregistroan, berehala eska dezakete lan egiteko hautaturiko lan eremu/aukeren aldaketa.

8. artikulua. Dei egitea.

1. Kontratazio zerrenda batean dauden izangaiei kontratatzeko deitu ahal izateko, beharrezkoa izanen da une horretan indarreko kontraturik ez izatea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin. Zerrendako ordenari zorrozki segituz deituko zaie, eta, betiere, prozesua gainditu baina lanposturik lortu ez zuten izangaiei lehentasuna emanez gainerako izangaien aurretik, kontratazioa hobetzeko adierazi dena galarazi gabe.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan jabetzako lanpostu bat daukan izangai bati deitzea suertatzen denean, eta eskaini beharreko lanpostua jabetzan daukana bezalakoa ez bada, izangaiari deituko zaio, bakar-bakarrik, kontratazio eskaintza goragoko kategoria edo maila batean aritzeko baldin bada, edo, kategoria berekoa izanik, ofizialki aitorturiko beste espezialitate batean. Izangaiak eskaintzari uko egiten badio, ez zaio berriz dei eginen sei hilabeteko epean, kategoria berean dirauen bitartean.

3. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko, errespetatuko dira desgaitasunaren arloan ezarritako arauak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langileei aplikatu beharreko araudikoak.

4. Aldi baterako kontratatzeko zerrendetan dauden 55 urtetik gorako izangaiek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan 15 urteko edo gehiagoko zerbitzualdia egina dutenek, lehentasuna izanen dute sartuta dauden zerrendetatik deituak izateko, salbu eta aurreko idatz-zatian aipatutako egoeran dauden izangaien aldean. Interesdunek egoera horretan daudela komunikatu beharko diote kontratazio zerrendak kudeatzeko unitate eskudunari.

5. Dei egiten den unean zerrendetan eskuragarri daudenei eginen zaie dei, izangaiari eskaintzaren berri emanez, honako bitarteko hauek erabiliz, hurrenkera honetan eta eskuragarritasunaren arabera:

–Sakelako telefonoa.

–Telefono finkoa.

–Sakelako telefonorako mezularitza (SMS).

–Posta elektronikoko helbidea.

Horretarako, izangaiek adierazitako zenbaki eta helbideak erabiliko dira, eta haiek arduratu beharko dira etengabe eguneraturik edukitzeaz.

6. Iraupen laburrekotzat hartzen diren kontratazioetan, egun berean bi saiakera eginen dira izangaiarekin harremana izateko, ordu desberdinetan, gutxienez ere ordubeteko tartearekin.

Iraupen luzeko kontratazioetan, bi saiakera eginen dira harremana izateko, bi abisu eginez ordu desberdinetan (gutxienez 2 orduko tartearekin), egun baliodun desberdinetan.

Bi kontratazio motetan, eta eskainitako kontratua egunean berean hasten bada edo hurrengo 24 orduetan, dei bakarra eginen da, izangaiak adierazitako edozein komunikazio bitartekoren bidez.

Kontratazio unitateak egindako deien berri utziko du.

7. Iraupen laburrerako deietan izangaiari 24 ordu balioduneko epea emanen zaio erantzuteko, eta iraupen luzerako deietan egun baliodun bat, eta ulertuko da ezen, denbora hori igarotzen bada erantzunik gabe, eskaintzari uko egin zaiola bidezko arrazoirik gabe.

Iraupen laburreko kontratazioen kasuan, eskaintzen den kontratua hurrengo 3 egunetan hastekoa bada, ez zaio erantzuteko epe hori emanen.

8. Ezinezkoa bada izangai batekin harremanetan jartzea arestian zehaztutakoari jarraikiz, hurrengoari deituko zaio, eta horrela jarraituko da postua bete arte. Halakoetan, lan eskaintza honen gaineko eskubide guztiak galduko dira.

9. Artikulu honetan deskribatutako dei sistema beste batzuekin ordez daiteke, baldin kontratazio zerrenden kudeaketa errazteko bitarteko eta prozedura teknologikoak badaude.

10. Oro har, aldi baterako kontratu administratibo bat amaitzen denean baina oraindik ere plaza edo lanpostu bera betetzeko beharra badago etenik gabe, beste arrazoi edo kontratu administratibo mota baten babesean, kontratatutako pertsonak lehentasuna izanen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak egiten duen kontratazio berrirako dei egitean.

Nolanahi ere, eta salbuespen gisa, aurreko lerroaldean dei egiteko aipatutako lehentasunik ez da izanen honako kasu hauetan:

a) Bere plazan edo lanpostuan aritzeko ezintasunen bat duen edo egokitu gabe dagoen langileren bat birkokatzearen ondorioz, lanpostua behin-behinekoz, aldi baterako edo behin betiko betetzen bada.

b) Indarreko arauketaren babesean, lanpostua jabetzan duten langileen aldi baterako barne igoeraren bidez betetzen bada plaza edo lanpostua.

c) Lan deialdia gainditu arren lanposturik ez duten eta kontratatzeko lehentasunerako eskubidea duten izangaiei eskaini behar zaienean kontratazio berria, kontratatuaren aurretik.

d) Kontratatuaren hasierako deia egin baldin bada iraupen laburrerako kontratuen zerrendaren bidez, edo 2.6 artikuluan baimendutako salbuespeneko kontratazioan oinarriturik, eta kontratazio berrirako deia egin behar baldin bada iraupen luzerako kontratu zerrendaren bidez.

e) Kontratatuak pilatu baditu, kontratu baten edo etenik gabeko kontratu gehiagoren bidez, hiru urteko kontratazio aldia, plaza edo lanpostu bererako.

11. Baldin, ordenamendu juridikoan aurreikusitako edozein bitartekoren bidez, aldi baterako kontratazio bat deusez deklaratzen bada, zerrendako dei hurrenkerari ez jarraitzeagatik, indarrean den kontratua deuseztatuko da, eta haren ordez kontratatuko da deitua izateko eskubide hobea duena, eta, hori dena, galarazi gabe antzinatasuna aitortzeko eskubidea, ezta, behar denean, bestelako ondorioetarako eskubidea ere.

9. artikulua. Deiak, erditzearen, adopzioaren edo harreraren lizentzia kasuetan.

1. Erditzearen, adopzioaren edo harreraren lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

2. Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuarentzat aurreikusitako iraupena ikusita, aukera baldin badute lanpostuan benetan hasteko.

3. Lanpostuan sartuko dira erditzearen, adopzioaren edo harreraren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarentzat ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.

4. Horrelakoetan, erditzea, adopzioa edo harrera gertatu izan ez balitz lanpostuan hasiko zatekeen egunetik lanpostuan benetan hasten den egunera bitarteko epea Administrazioan egindako zerbitzu gisa onartuko zaio. Aldi hori onartuko zaio kontratua sinatzen baldin badu, eta ondorioak izanen ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.

10. artikulua. Deia egitean sor daitezkeen bestelako egoera bereziak.

1. Langile bat haurdunaldiko arriskuagatik eta/edo erditzearen lizentziagatik ordezteko kontratatzen diren izangaiek kontratu bat baino gehiago pilatzen ahalko dituzte bata bestearen atzetik etenik gabe, langilea berriz ordeztu beharra baldin badago edoskitzearen ondoriozko arriskuagatik edo edoskitzealdiak metatzeagatik, edo oporrengatik, bai eta, aipatutako egoera horiek bukatu eta 15 eguneko epearen barrenean, ordezturiko langilea bere seme-alabak zaintzeko eszedentzia bereziaren egoerara igarotzen bada.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Lanpostuetarako Kontratazioa, Sarrera eta Betetzea Kudeatzeko Zerbitzuak kudeatuko ditu dei hauek, edo, kasua bada, erakunde autonomo beraren langileen kontratazioaren eskumen orokorra bere gain hartzen duenak, eta iraupen luzeko tratamendua izanen du, salbu izangaia iraupen laburreko modalitatean kontratatu bada; kasu horretan, aurreko idatz-zatian aurreikusitako arrazoiengatik egiten den ordezpenak iraupen laburrekoaren tratamendua izanen du.

11. artikulua. Kontrataziorako eskuragarri egotea.

1. Kontratazio zerrendetan dauden izangaiek edozein unetan kontratatzeko prest egon beharko dute, salbu eta kontratu harremana hasteko egunean eskuragarri ez egoteko arrazoi hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Lanean aritzea.

b) Gaixotasunaren ondoriozko baja-egoeran egotea.

c) Kargu politiko baterako edo ordezkaritza kargu baterako izendatua edo hautatua izatea, eta, horren ondorioz, bere eginkizunetan aritzeko bateraezintasuna izatea, administrazio publiko batean izendapen libreko postu batean aritzeko aukeratua izatea, edo Gorte Nagusiek edo parlamentu autonomiko batek aukeratua izatea Konstituzio Organoetan parte hartzeko edo ganbera batek hautatu beharreko beste postu batean aritzeko.

d) Nazioarteko erakundeetako batzordeetan, destinoa atzerrian duten osasun arloko GKEetan edo nazioarteko lankidetza programetan parte hartzen egotea.

e) Ezkontzearen edo bikote egonkorra osatzearen ondorioz dagokion lizentzia gozatzen egotea, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

f) Bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat hil berria izatea edo gaixotasun larriren bat izatea otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.

g) Amatasun, aitatasun edo adopzio zein harrera kasuetan, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.

h) Hiru urtetik beherako haur bat zaintzen egotea, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian.

i) Legezko zaintza dela eta, zuzenean zaintzea desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duen pertsona bat, %33ko edo hortik gorako minusbalioa duena, eta lan ordaindurik ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

j) Bere kargura izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat, bere kasa bizitzeko gauza ez dena adinagatik (65 urtetik gorakoa), istripuagatik edo gaixotasunagatik, eta lan ordaindurik egiten ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

k) Izangaiak hala erabakitzea, urtebetez genero indarkeriaren biktima izateagatik.

l) Erakunde ofizial baten beka bat gozatzen egotea.

m) Izangaiak berak eskatzen ahalko du, arrazoi pertsonalengatik, jaso dezatela ez dagoela prest kontratu laburretarako eta/edo luzeetarako zerrendetako lanpostuetan aritzeko, eremu/aukera guztietan, gutxienez 6 hilabetez.

n) Foru agindu honen 16. artikuluan jasotako zerrenda berezietarako prestakuntza aldia egin behar duenean, edo egin behar duenean, deia egiten den unean.

2. Eskuragarri ez egoteko aipatutako egoeraren batean dauden izangaiek frogatu egin beharko dute egoera hori, kontratua eskaintzeko deia jaso eta biharamunetik hasita hiru egun balioduneko epean.

Alegatutako egoera frogatzen ez badu horretarako ematen zaion epean, eskainitako kontratuari bidezko arrazoirik izan gabe uko egiten diola ulertuko da deiaren egunetik hasita.

Era berean, izangaiak noiznahi komunikatzen ahal dio Osasunbidea-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanpostuetarako Kontratazioa, Sarrera eta Betetzea Kudeatzeko Zerbitzuari, edo une oro haren eskumenak dituen organoari, eskuragarri ez egoteko egoera batean dagoela, eta komunikazioaren unean frogatu beharko du hori.

3. Gorago aipatutako egoeraren batean dagoela alegatzen duen izangaia eskuragarritasun ezaren egoerara igaroko da eskainitako lanari uko egiten dion egunetik, edo eskuragarri ez egoteko egoera batean zegoela komunikatu eta frogatu zuenetik, tartean kontratazio eskaintzarik izan gabe, eta, ordutik aurrera, zerrendan duen tokiari eutsiko dio egoera horretan irauten duen bitartean.

4. Izangaiak eska dezake eskuragarri ez egoteko egoerari bukaera ematea, eta, horretarako, organo eskudunari komunikatu eta frogatuko dio alegatutako egoera bukatu dela. Eskuragarri egonen da behin hamar egun balioduneko epea igarotakoan, kontratazio organoan frogatu zenetik.

Pertsona bakoitzak bitan bakarrik alega ditzake h), i) y j) letretako kasuak eskuragarri ez egoteko.

5. Eskuragarri ez egoteak izangaia dagoen zerrenda guztietan izanen ditu ondorioak, salbu 1. idatz-zatiko m) letrako kasuan; hartan, aukeratuko du eskuragarri ez egotea iraupen luze eta/edo laburretarako zerrendetan, kontratazio eremu/aukera guztietan.

6. Prozedura administratiboaren arloan indarrean den araudian aurreikusitako bitartekoen bidez eginen dira artikulu honetan aurreikusitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekiko komunikazioak.

12. artikulua. Zerrendatik kanpo gelditzea.

1. Egoera hauetakoren batean daudenak kontratazio zerrenda guztietatik kanporatuko dira:

a) Betebehar orokorrak eta titulazioari lotutakoak ez betetzea, ezta lanpostuan aritzeko beharrezkotzat jotzen diren gainerako baldintzak ere.

b) Lanbidean jarduteko edo eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua izatea, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzutik edo edozein administrazio publikotatik diziplinako espediente baten bidez baztertua izatea, egoera horrek irauten duen bitartean.

c) Interesdunak uko egitea, norberak eskaturik.

2. Probaldian, lanpostuak ongi ez aritzeagatik aldi baterako kontratua bukatu zaien guztiak geldituko dira aukeratutako zerrenda berezietatik kanpo. Probaldia ongi gauzatu gabeko zerrenda berezi zehatzari bakarrik eraginen dio baztertze partzial horrek.

3. Epai irmo baten bidez biktimaren lanpostutik urruntzeko agindua duten izangaiak kanporatu eginen dira kasuan kasuko zentroetako kontratazio zerrendetatik, epaia betetzeko, baldin biktimak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ematen baditu zerbitzuak.

4. Honako hau izanen da zerrendatik kanporatzeko prozedura:

Kanporatzeko kausaren bat dagoela jakinez gero, kasuan-kasuan eskumena duen organoak aginduzko txostena eginen du, eta 10 eguneko epean entzutea eman ondoren, bidezkoa denean, kanporatzeko proposamena igorriko dio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariari, edo une oro erakunde autonomo honetan langileen arloan eskumen orokorrak dituen organoari.

Profesionalen zuzendariak, Lanpostuetarako Kontratazioa, Sarrera eta Betetzea Kudeatzeko Zerbitzuak proposatuta, izangaiak kanporatzeko ebazpena emanen du, 1., 2. eta 3. idatz-zatietan aurreikusitako arrazoiekin bat.

5. Kanporatzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio gehienez ere 10 eguneko epean, eta espresuki adieraziko zaio kanporatzearen arrazoia.

6. Kanporatzeko prozedura tramitatu bitartean, ulertuko da pertsona ez dagoela eskuragarri kontratatzeko.

7. Prozedura hau ez da aplikatuko artikulu honen 1. idatz-zatiko c) letran adierazitako kasuetan (nahita uko egitea).

13. artikulua. Lehentasun hurrenkera.

1. Kasuan kasuko kontratuak amaitzean, pertsona bakoitzak azkeneko kontratua sinatu aurretik zerrendan zeukan tokiari eutsiko dio.

2. Egoera hauetakoren batean dauden izangaiek zerrendan duten tokia galduko dute:

a) Bidezko arrazoirik izan gabe, bi lan eskaintzari edo indarreko lan kontratu bati uko egitea.

b) Kontratatzeko deitzea eta ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea hark emandako telefonoaren bidez edo helbide elektronikoaren bidez, gutxienez 6 aldiz saiatuta 2 hilabeteko epean.

Lehentasun hurrenkera galdu bada aurreko lerroaldean aurreikusitako arrazoiarengatik, eta berriz ere ezinezkoa bada deskribatutako moduan harremana izatea, izangaia ez-eskuragarritasuneko egoerara igaroko da kontrataziorako, gutxienez ere 6 hilabeterako. Aldi hori iraganda, eskatuko du berriz ere eskuragarri egotea.

3. Aurreko idatz-zatian aurreikusitakoaren ondorioetarako, uko egiteak justifikatutzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Foru agindu honen 11. artikuluko 1. idatz-zatian jasotako kasuetan egitea uko kontratazio eskaintzei, edo deiaren eta kontratuaren benetako hasieraren artean 24 ordu baino gutxiagoko tartea badago.

b) Lan kontratu bati uko egitea foru agindu honen 14. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

c) Lan kontratu indardunari uko egitea lanaldiaren %50ekoa edo laburragoa bada, gutxienez ere sei hilabete igaro badira kontratuaren hasieratik eta gutxienez 10 egun baliodun lehenago komunikatzen bazaio organo eskudunari.

d) Zentro batek eskainitako iraupen laburreko kontratu bati uko egitea, izangaiak gero iraupen luzeko bat onartzen badu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta ez badu benetan hasi lehenbiziko kontratuzko erlazioa.

e) Zerrenda berezi batean izangairik ez izateagatik hartako eskaintza bat onartzearen ondorioz zerrenda orokorreko iraupen laburreko kontratu bati uko egitea.

g) Indarreko lan kontratu bati uko egitea, baldin kontratudunak egoiliar programa bati hasiera ematen badio dauden espezialitateetako edozeinetan. Kasu horietan, kontrataziorako eskuragarri ez egoteko egoerara igaroko da pertsona, gutxienez 6 hilabeterako. Aldi hori iraganda, eskatuko du berriz ere eskuragarri egotea.

h) Indarreko lan kontratu bati uko egitea, lanpostu finkoa lortzeagatik administrazio publiko batean. Kasu horietan, kontrataziorako eskuragarri ez egoteko egoerara igaroko da pertsona, gutxienez 6 hilabeterako. Aldi hori iraganda, pertsona horrek eskatuko du berriz ere eskuragarri egotea.

4. Zerrendako tokia galtzea behar bezala egiaztatu beharko da, eta interesdunei komunikatuko zaie gehienez ere 10 eguneko epean.

Bigarren artikuluko zerrendako bakoitzean hurrenkera tokia galduz gero, zerrendako azken tokira igaroko da izangaia hori erabakitzen den unean.

Zerrenda irekien kasuetan, zerrendako tokia galtzea erabakitzen denetik 6 hilabeteko epean, ukitutako pertsonak ezin izanen ditu bere merezimenduak eguneratu, ez eta zerrendetan berriz inskribatu ere.

5. Zerrendako tokia galtzearen ondorioetarako, kontratazio laburretarako zerrendak, kontratazio luzeetarako zerrendak eta zerrenda bereziak independenteak izanen dira.

6. Artikulu honetan jasotako zergatiengatik zerrendan hurrenkera tokia galdu duten izangaiek hartan dagokien tokia berreskuratuko dute behin bi urte iraganda, hurrenkera tokia galtzea ekarri zuen gertaeratik.

14. artikulua. Kontratazioa hobetzea.

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin aldi baterako lotua dagoen pertsonak indarreko kontratuari uko egiten ahal dio kontratua hobetzeko beste bat eskaintzen baldin bazaio, betiere kontratatua dagoen eremu berekoa baldin bada, kasuan kasuko zerrendan inskribatua badago eta hauetako kasuren bat gertatzen bada:

a) Kontratu labur bat izatea indarrean eta kontratu luze bat eskaintzen bazaio.

b) Kategoria jakin bateko indarreko kontratua izatea eta kategoria goragoko bateko kontratu luze bat eskaintzen bazaio.

2. Kontratu hobe bati uko egiten diotenei ez zaie beste kontratu hobe bat eskainiko harik eta daukan kontratuak indarra galdu arte, eta, betiere, 6 hilabetez gehienez.

15. artikulua. Zerrenda bereziak.

1. Bidezkoa izanen da aldi baterako kontratazio laburretarako zerrenda bereziak prestatzea foru agindu honen III. eranskinean ezarritako unitate eta lanpostuak betetzeko. Zerrenda horiek erabiliko dira lanpostu haietan behar diren ordezkapenen kontratazioetarako eta beste ezusteko batzuetarako.

2. Zerrenda berezi horiek irekiak izanen dira, eta 2. artikuluan (izangai zerrendak egitea) xedatutakoaren arabera prestatzen diren kontratazio zerrendetan dauden izangaiekin osatuko dira, haiek beraiek eskatuta, betiere, behar diren betebeharrak betetzen badituzte. Zerrenda horietara bide hauetako edozeinen bitartez sartuko da:

–Behar den espezialista titulua izateagatik, espezialitate hori baldin bada edo izan bada, edo, bestela, lanpostuarekin lotutako graduatu ondoko prestakuntza frogatzeagatik, on-line modalitatea egin bada; kasu horretan gutxienez 30 eguneko praktikaldi presentziala beharko da.

–Zerbitzuak eman izateagatik arlo horietan, gutxienez 90 eguneko benetako lanarekin azken 5 urtean, zerrenda berezian inskribatzeko eskaera aurkeztu zen egunetik zenbatuta.

–Hurrengo artikuluan jasotako prestakuntzaldia egin izateagatik.

3. Deiak izangaiek zerrendan duten tokiari jarraikiz eginen dira. Zerrenda berezi horietako izangaiek lehentasuna izanen dute foru agindu honen 3. eranskinean adierazitako unitateetan egiten diren kontratazio eskaintzetan, artikulu honetan aurreikusitakoari jarraikiz.

4. Zerrenda berezietan agertzen diren izangaiei foru agindu honetan ezarritako arauak aplikatuko zaizkie, eskuragarritasunari, zerrendetatik kanporatzeko arrazoiei eta zerrendako tokia galtzeari dagokienez.

16. artikulua. Zerrenda berezietarako prestakuntza.

Zerrenda orokorretan dauden langileei Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak erraztuko die zerrenda berezietan sartu ahal izatea, zerrenda horietarako ezartzen diren prestakuntzaldien bidez.

Eremuko zerrenda orokorreko lehentasun hurrenkeraren arabera eskainiko da aukera hori, eta borondatezkoa izanen da izangaiarentzat.

Prestakuntzaldia onartzen dutenak nahitaez geldituko dira prestakuntzaren xede den zerrenda bereziaren barnean.

17. artikulua. Publizitatea.

Langileak aldi baterako kontratatzeko zerrenda guztiak publikoak izanen dira, eta Nafarroako Gobernuaren web orritik ikusten ahalko dira.

Zerrendetan izangai bakoitzak unean-unean duen tokia ezagutzeko behar den informazioa agertuko da, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen arabera.

II. KAPITULUA

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua

18. artikulua. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aplikatzea.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko lanpostuetan aldi baterako kontratazioen bidez aritzeko izangaien zerrendak foru agindu honen I. kapituluan ezarritakoari jarraikiz kudeatuko dira, baina ondotik ematen diren berezitasunekin.

19. artikulua. Izangaien zerrendak.

1. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak hartan sartzeko edo aldi baterako kontrataziorako proba berariazkoen deialdiak egiten ez dituen artean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren zerrendak erabiliko ditu.

2. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak hartan sartzeko edo aldi baterako kontrataziorako berariazko proben deialdiren bat eginez gero, erakunde hartarako zerrendak deialdi horretatik sortuko dira berariaz.

20. artikulua. Zentroa/aukera hautatzea.

Aldi baterako kontratazioa bilatzen dutenek lehentasunezko zentroa/eremua hautatuko dute, honela:

1. Oro har, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua eremu/zentro bakarra da, hala kontratazio laburren zerrendetarako, nola kontratazio luzeen zerrendetarako.

2. Aurrekoa gorabehera, albaitaritza espezialitatea duten osasun arloko fakultatiboek, kontratu luzeetarako zerrendetan, eskaintzen diren eremu guztiak aukeratzen ahalko dituzte, eta, kontratu laburretarako zerrendetan, berriz, gehienez bi eremu aukeratzen ahalko dituzte:

–1. eremua: Iruñeko Osasun Barrutiarekin bat dator, eta Nafarroako Iparraldeko, Nafarroako Ekialdeko eta Tafallako osasun eskualde oinarrizkoak hartzen ditu bere baitan.

–2. eremua: Lizarrako Osasun Barrutiarekin bat dator, eta Lizarrako, Villatuertako, Alloko, Antzingo, Ameskoako, Los Arcosko, Vianako, Lodosako eta San Adriángo osasun eskualde oinarrizkoak hartzen ditu bere baitan.

–3. eremua: Tuterako Osasun Barrutiarekin bat dator, eta Tuterako Ekialdeko, Tuterako Mendebaldeko, Valtierrako, Corellako, Cintruénigoko, Cascanteko eta Buñuelgo osasun eskualde oinarrizkoak hartzen ditu bere baitan.

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Kontratazio zerrendak kudeatzeko akordioaren Jarraipen Batzordea.

1. Arau honen aplikazioa aztertzeko eta kontrolatzeko organo gisa ezartzen da Jarraipen Batzorde bat. Honela osatuko da batzorde hori: Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako mahai sektorialean dauden sindikatu bakoitzeko ordezkari bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko hiru ordezkari, erakunde autonomo honen Profesionalen Zuzendaritzak izendatu beharrekoak, edo haren eginkizunak bere gain hartzen dituen organoak izendatu beharrekoak, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoko ordezkari bat. Ordezkari bakoitzak ordezko bat izan dezake.

Jarraipen Batzordearen eskumena izanen da arau honen aplikazioa eta betetzea aztertzea, aplikazioan sortu diren arazo nabarmen eta zehatzak azaltzea, kontratazio zerrenden kudeaketa hobetzeko aldaketa-neurriak proposatzea eta interpretazio irizpideak ezartzea, foru agindu honen osagarri.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariari dagokio Batzordeko buru izatea, eta sindikatuek izendatutako ordezkari bat ariko da idazkari.

Jarraipen Batzordea lau hiletik behin eginen du bilkura arrunta. Gai zerrenda izanen dute deialdiek, sindikatuek eta Administrazioak proposatutako aferekin, bilera eguna baino hiru egun baliodun lehenago gutxienez. Batzordearen buruari dagokio deialdia egitea, eta idazkariari dagokio hura gainerako kideei igortzea.

Baldin, presakoa izateagatik, gairik badago hurrengo ohiko deialdirako utzi ezin dena, lau batzordekidek gutxienez proposa dezakete bilkura berezi bat egitea, gutxienez ere hura egin baino hamar egun baliodun lehenago. Baldintza horiek betetzen badira, buruak deialdia eginen du, eta idazkariak gainerako kideei igorriko die. Batzordekideek proposatutako eguna aldatzen ahalko du, halako moduz non bien artean gehienez hamar egun balioduneko desberdintasuna izanen den. Duen presarengatik bilera eragin duen afera izanen da gai zerrendako bakarra.

3. Batzordearen eraketa baliozkoa izateko, bilkurak egiteko, beharrezkoa izanen da elkartzea burua eta idazkaria, edo haien ordezkoak, eta gutxienez ere batzordekideen erdiak.

Bigarren xedapen gehigarria.–Bide telematikoa.

Telematikoki bakarrik hautatuko dira lehentasuneko eremua/aukera eta kontratazio zerrendaren mota ere, eta aldatu ere telematikoki eginen dira.

Lehenbiziko xedapen iragankorra.–Zerrendak foru agindu honetara egokitzea.

1. Foru agindu honek indarra hartzen duenetik, eta kategoria bakoitzerako, zerrenda irekiak eta iraunkorrak itxi eginen dira, salbu une horretan zerrendaren bat irekitzeko beharra dagoenean. Kasu horretan zerrenda irekita edukiko da behar den denboran.

Foru agindu honen 2. artikuluan jasotako beharrak gertatzen direnean bakarrik baimenduko da berriz ere zerrenda irekietan inskribatzea.

2. Arau hau onestean dauden kontratazio zerrendak aldaketarik gabe iraunen dute harik eta, deialdi berri bat dela eta, zerrenda berriak egiten diren arte, salbu hurrengo lerroaldean aurreikusitakoa.

Zerrenda irekietan, bai sartzen diren izangaiei bai aurretik zeudenei puntuak emanen zaizkie foru agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.

3. Foru agindu hau argitaratzen denetik 6 hilabeteko epean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak behar diren neurriak hartuko ditu dauden zerrendak foru agindu honetan ezarritakoaren arabera eguneratzeko. Eguneratzea egin arte, aldi baterako kontratazioetarako deiak foru agindu honek indarra hartzean zeuden zerrendetatik eginen dira.

Bigarren xedapen iragankorra.–Lehentasun hurrenkera galtzea aldi baterako.

Arau hau ofizialki argitaratu aurreko gertaerengatik lehentasun hurrenkera galdu den kasuetarako, 13.6 artikuluan aurreikusitako bi urteak zenbatzen hasiko da, zerrendan egoki den hurrenkera berreskuratzeko, foru agindu honek indarra hartu eta biharamunean.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Dei egiteko lehentasuna.

Foru agindu honen 8.4 artikuluan jasotako dei egiteko lehentasunak (55 urtetik gorakoak, 15 urte baino gehiago izanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzura) ez du ondoriorik izanen, edo aldatuko da, baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Negoziazio Mahai Orokorrean erabakitzen bada hura ezabatzea edo aldatzea. Mahai Orokorrean kasu horretarako onesten den araua zehaztutakoa izanen da aplikatzekoa den arauketa, behar den Akordioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 19ko 60/2015 Foru Agindua (haren bidez onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak) eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 26ko 951/2014 Ebazpena (haren bidez zehaztu ziren Osasuneko kontseilariaren uztailaren 4ko 62/2014 Foru Aginduan ezarritako lan eremu bakoitzeko erizaintza unitateak), iraupen laburreko aldi baterako kontratazioak kudeatzearen ondorioetarako.

Orobat, indargabetu egiten dira foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko martxoaren 23an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

I. ERANSKINA

Kontratu luzeetarako zerrendetarako lan eremuak

1. Nafarroako Ospitalegunea (Nafarroako Odol eta Ehun Bankua barne).

2. Reina Sofía Ospitalea. Eremu honen barnean daude Osasun Barrutiko Kudeatzailetzako Harrera, Artxibo, Kodetze eta Herritarren Arretarako Zerbitzua, Profezionalen Zerbitzua eta Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzua, baita Tuterako Osasun Mentaleko Zentroa ere.

3. Tuterako Osasun Barrutiko Oinarrizko Osasun Laguntza.

4. García Orcoyen Ospitalea. Eremu honen barnean daude Osasun Barrutiko Kudeatzailetzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzua eta Profezionalen Zerbitzua, baita Lizarrako Osasun Mentaleko Zentroa ere.

5. Lizarrako Osasun Barrutiko Oinarrizko Osasun Laguntza.

6. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo zentralak.

7. Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza.

8. Osasun Mentaleko Kudeatzailetza (salbu Lizarrako eta Tuterako Osasun Mentaleko Zentroak).

Eremu horien barnean daude horien egitura organikoan dauden unitate guztiak eta berariaz aipatzen direnak.

II. ERANSKINA

Iraupen laburretarako zerrendetako lan eremuak/aukerak

Iraupen laburreko kontratazio zerrendak aukeratzeko, I. eranskinean deskribatutako eremu berak dira, unitate berberak dituzte, eta horietako bakoitzean aukera kopuru bat hauta daitezke, honelaxe:

1. Nafarroako Ospitalegunea.

2. Reina Sofía Ospitalea.

3. Tuterako Osasun Barrutia.

Hauetatik 3 eremu aukeratzen ahalko dira: Tutera Mendebaldeko, Tutera Ekialdeko, Valtierra-Cadreitako, Corellako, Cintruénigoko, Cascanteko eta Buñuelgo osasun eskualde oinarrizkoak. Oinarrizko osasun eskualde bat aukeratzeak berarekin dakar bertan kokatzen diren zentro eta zerbitzu hauetatik edozeinetan kontratatzeko prest egotea: osasun etxeak, kontsultategiak eta herrietako larrialdi zerbitzuak.

4. García Orcoyen Ospitalea.

5. Lizarrako Osasun Barrutia.

Hauetatik gehienez 3 eremu aukeratzen ahalko dira: Lizarrako, Villatuertako, Alloko, Antzin-Ameskoako, Los Arcosko, Vianako, Lodosako eta San Adriángo osasun eskualde oinarrizkoak eta Lizarrako Larrialdietako Zerbitzu Arrunta. Oinarrizko osasun eskualde bat aukeratzeak berarekin dakar bertan kokatzen diren zentro eta zerbitzu hauetatik edozeinetan kontratatzeko prest egotea: osasun etxeak, kontsultategiak eta herrietako larrialdi zerbitzuak.

6. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo zentralak.

7. Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza.

Hauetatik 3 aukeratzen ahalko dira gehienez:

–Nafarroako Iparraldeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zuzendariordetzari eta Nafarroako Ekialdeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zuzendariordetzari atxikitako osasun eskualde oinarrizko bakoitza. Osasun eskualde oinarrizko bakoitzean bertan diren unitate guzti-guztiak sartzen dira (Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeko langileak eta herrietako larrialdi zerbitzuetakoak, hala osasun etxeetakoak nola kontsultategietakoak).

–Ospitalez kanpoko Larrialdien Zerbitzua. Eremu hau aukeratzen dutenei honako hauetan lan egiteko deitzen ahalko zaie: San Martín doktorea osasun zentroa (horren barrenean da 112 koordinazio zentroa), Iruñerriko zentroak, Iruñeko anbulantzia medikalizatuak eta Tafallako Larrialdietako Zerbitzu Arrunta.

–Iruñeko Conde Oliveto eraikinean dauden zerbitzuak. Aukera hau hautatzen duenari dei egiten ahal zaio Profesionalen Zerbitzurako, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzurako, Zainketa Asistentzialetarako eta Etxeko Arretarako Zerbitzurako, Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzurako eta Aho-hortzetako Osasunaren Atalerako.

8. Osasun Mentaleko Kudeatzailetza (salbu Tuterako eta Lizarrako Osasun Mentaleko Zentroak).

III. ERANSKINA

Zerrenda bereziak

–Nafarroako Ospitalegunea:

  • Osasun Mentala (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
  • Ebakuntza-gelak (erizaintza, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak eta zeladoreak).
  • Esterilizazioa (erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
  • Neonatologia/Pediatriako Zainketa Intentsiboetako Unitatea (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
  • Hemoterapia (laborategiko teknikari espezialistak).
  • Erditzeak (erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
  • Zainketa Intentsiboetako Unitatea-Koronarioen Unitatea (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
  • Dialisia (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
  • Larrialdiak (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
  • Anestesia Ondoko Bizkorketarako Unitatea (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
  • Endoskopiak (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
  • Onko-hematologia (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
  • Gammagrafia (erradiodiagnostikoko teknikari espezialistak). Zerrenda honetan egon nahi duten izangaiek medikuntza nuklearreko gaikuntza egokia izan behar dute.

–Tuterako Reina Sofía ospitalea eta Lizarrako García Orcoyen ospitalea:

  • Dialisia (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
  • Ebakuntza-gelak (erizaintza, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak eta zeladoreak).
  • Erreanimazioaren eta Zainketa Berezien Unitatea (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
  • Erditzeak (erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
  • Larrialdiak eta Zaintza Intentsiboaren Unitate ibiltaria (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
  • Osasun Mentala (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
  • Onko-hematologia (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).

–Osasun Mentaleko Zuzendaritza:

  • Osasun Mentala (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).

–Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritza:

  • Nafarroako Ospitaleguneko Larrialdietako zerrenda berezira jo dezake Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzak.

–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua:

  • Detekzio Goiztiarra (erradiodiagnostikoko teknikari espezialistak).
  • Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua (Osasun Publikoko erizaina).
  • Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua (Osasun Publikoko osasun hezitzailea).

Iragarkiaren kodea: F1703793