57. ALDIZKARIA - 2017ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

588/2017 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, artxiboetako goi mailako teknikarien lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez osatzeko deialdiak onesten dituena; bata, aldi baterako kontratazioetarako, eta bestea, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko. Horiez gain, lanpostu horretarako lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiteko deialdia ere onesten da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat artxiboetako goi mailako teknikari lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatutako lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak osatzeko.

Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuaren lehenbiziko xedapen iragankorrak ezartzen duenez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean prestakuntzarako zerbitzu berezietan deklaratu diren langile finkoei araubide hori bera aplikatuko zaie, non eta 347/2004 Foru Dekretuak indarra hartzen duen egunean agortu ez badituzte aipatutako apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako sei eta lau urteko gehieneko prestakuntzaldiak.

Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, gehienez ere lau urte iraunen duen bigarren prestakuntzaldian sartzeko, langileek kasuan kasuko deialdian zehazten diren prestakuntza ikastaroak edo hautaprobak egin beharko dituzte (199/2004 Foru Agindu horren bidez, lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietan betetzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zen).

Hori guztia kontuan harturik, bidezkoa da artxiboetako goi mailako teknikari gisa trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko probak egiteko deialdia onestea.

Deialdi hauek honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten dira: Administrazioaren zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza arautzen dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duen abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua.

Horrenbestez, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea artxiboetako goi mailako teknikarien lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez osatzeko deialdiak; bata, aldi baterako kontratazioetarako, eta bestea, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko. Horiez gain, lanpostu horretarako lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiteko deialdia ere onesten da.

Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

2. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak jakinaraztea Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta izendatutako epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2017ko martxoaren 6an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I.–DEIALDIA, ARTXIBOETAKO GOI MAILAKO TEKNIKARI GISA PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN ARITZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO

Hona hemen deialdiaren.

OINARRIAK

Lehena.

Deialdia egiten da artxiboetako goi mailako teknikari lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran ariko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Prestakuntzaldian aritzeko izangaien zerrenda hori erabiliko da ezin bada erabili azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean aipatzen den langileen zerrenda. Foru dekretu haren bidez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua aldatu zen.

Bigarrena.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C, D edo E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, lizentziadunaren, ingeniariaren, arkitektoaren edo graduatuaren titulua edo haien baliokidea den beste bat edukitzea, edo, bestela, titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekina. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten egiaztagiriak eduki beharko dira.

e) Artxiboetako goi mailako teknikari gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.

2.3. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek II. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko. Eskabide hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, eskatzen zaizkien baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen dituztela adierazi beharko dute interesdunek.

3.2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana, erantsi beharko dute.

Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten zehaztu. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara eramanen dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa galarazi gabe, eskabidea beste agiririk ez da aurkeztu behar, bigarren oinarriko 2.1.d) atalean eskatzen den titulazioa deitzen zaien unean frogatu behar dutelako, idatziz, deialdietako arau komunen zazpigarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.–Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

II.–DEIALDIA, ARTXIBOETAKO GOI MAILAKO TEKNIKARI
GISA LAU URTEKO BIGARREN PRESTAKUNTZALDIAN
SARTZEKO PROBARAKO

Hona hemen deialdiaren.

OINARRIAK

Lehena.–Betebeharrak.

Artxiboetako goi mailako teknikari gisa trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proban parte hartzen ahalko dute lanpostu honi dagokion prestakuntza zerbitzu berezietan egiteko izangaien indarreko zerrendan ageri diren langileek, betebehar hauek betetzen badituzte:

–Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuak indarra hartu zuen egunerako, prestakuntzarako zerbitzu berezietan deklaratu izana apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean.

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan gutxienez ere lau urtez aritu izana, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean. Betebehar hau eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko da.

–Eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

Bigarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

2.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek III. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko. Eskabide hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, eskatzen zaizkien baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen dituztela adierazi beharko dute interesdunek.

2.2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana, erantsi beharko dute.

Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten zehaztu. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara eramanen dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

2.3. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa galarazi gabe, parte hartzeko eskabidea beste agiririk ez da aurkeztu behar.

Hirugarrena.–Eskaerak aurkeztea eta aurkezteko epea.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Laugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

III.–DEIALDIA, ARTXIBOETAKO GOI MAILAKO TEKNIKARI GISA ALDI BATERAKO KONTRATATUAK IZATEKO IZANGAIEN ZERRENDA OSATZEKO

Hona hemen deialdiaren.

OINARRIAK

Lehena.

Deialdia egiten da artxiboetako goi mailako teknikariaren lanpostuetan ariko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lizentziadun, ingeniari edo arkitektoaren titulua edo horren baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten egiaztagiriak eduki beharko dira.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek IV. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko. Eskabide hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, eskatzen zaizkien baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen dituztela adierazi beharko dute interesdunek.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen fotokopia.

Dena dela, Espainiako nazionalitatea duten parte-hartzaileek, eskabidean horretarako gaitutako laukitxoan, baimena ematen ahalko diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari beren identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsultatzeko, datu horiek beharrezkoak badira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasun agiri baliokidearena aurkeztea.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/1992 Legearen 68.1. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.a) atalean nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, parte hartzeko eskabidean, zinpeko aitorpena egin beharko dute, edo hitzeman beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe ez daudela.

b) %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana, erantsi beharko dute. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten zehaztu.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara eramanen dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Bigarren oinarriko 2.1.c) atalean eskatzen den titulazio betebeharra agiri bidez frogatu beharko da lanerako deia egiten denean, deialdietako arau komunen zazpigarren oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.4. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua izan; dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira eskabideak aurkezteko epearen barnean.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Laugarrena.–Eskabideak aurkeztea eta hori egiteko epea.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bideen bidez eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

III.–HIRU DEIALDIETARAKO OINARRI AMANKOMUNAK

Lehena.–Eskabideak aurkeztea.

Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren erregistroko beste edozein bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian ageri da: www.navarra.eus), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/1992 Legearen 16.4. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

Bigarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Hiru deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak onetsi den deialdian onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.nafarroa.eus).

Zerrenda horien kontra, interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu, idazki bat aurkeztuta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, hura argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu, deialdian ezarritako hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Epaimahaia.

4.1. Hauexek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Joaquín Llansó Sanjuan jauna, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaiburua: Adoración López Jurío andrea, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Félix Segura Urra jauna, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: María Carmen Munárriz Elizondo andrea, artxiboetako goi mailako teknikaria.

Epaimahaikidea: Susana Herreros Lopetegui andrea, Dokumentu Ondarea Kudeatzeko Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Juan Carlos Balda Goldaracena jauna, artxiboetako goi mailako teknikaria.

Epaimahaikidea: Maite Soro Marqués andrea, Langileria Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: José Javier Barinaga Adrián jauna, Langileria Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Batzordekide-idazkaria: Elena Úriz Sucunza andrea, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Ordezko mahaikide-idazkaria: Carlos Orenes Ruiz jauna, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

4.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

4.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdien oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak eta hautapenerako praktikaldian izan daitezkeenak.

4.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probetarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Bosgarrena.–Probak.

5.1. Hautapen prozesuan bi proba eginen dira, eta biak batera:

–Lehen proba, teorikoa: bi gai garatu behar dira, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den gaitegiko edukien artean zozketa bidez hautatuak.

Probak gehienez bi ordu iraunen du.

Proba honek 60 puntuko kalifikazioa du, gehienez ere.

–Bigarren proba, praktikoa: epaimahaiak aurkeztutako kasu bat, I. eranskineko gai zerrendan ageri diren gaien inguruan; lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko behar diren ezagutzei buruzkoa izanen da.

Izangaien eskura jartzen ahalko dira, beharrezkoak izanez gero, kronologiako eskuliburuak edo antzeko materialak, epaimahaiaren ustez beharrezkoak direnak kasua ebazteko.

Probak gehienez bi ordu iraunen du.

Proba honek 40 puntuko kalifikazioa du, gehienez ere.

5.2. Probek 100 puntuko kalifikazioa izanen dute gehienez, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio horren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

Bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiten dutenei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. Horretarako, arau honetan ezarritako balorazioa hartuko da kontuan. Deialdi honetan “gai” kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak berriz aurkezten ahalko dira Administrazioak, bigarren prestakuntzaldian sartzeko, aurrerago antolatzen dituen probetan.

5.3. Plika sistemaren bidez eginen dira bi probak.

5.4. Bi probak egiteko ez da inolako testurik edo hiztegirik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, epaimahaiak izangaien eskura jartzen duena izan ezik.

5.5. Probetarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute parte-hartzaileek. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

5.6. Proba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Probak kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.navarra.es) argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

6.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:

a) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.

b) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoaren arabera deseginen dira, zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki-oholean jarriko dira jendaurrean.

6.3. Aurkeztutako alegazioak eta berdinketak ebatzita, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Interneteko web orrian (www.navarra.eus):

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko hautapen prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Bigarren prestakuntzaldia egiteko sarrera probak “gai” kalifikazioarekin gainditu dituzten izangaien zerrenda.

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

6.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio proba gainditu duten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidalik dio.

Zazpigarrena.–Artxiboetako goi mailako teknikarien lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak eta lanerako dei egitea.

7.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko dira izangaien zerrendak, eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) argitaratuko dira, bai eta Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (www.navarra.eus).

7.2. Izangaiak prestakuntzaldian aritzeko deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoaren arabera eginen dira: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuen Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa) eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

7.3. Izangaiei aldi baterako kontratatzeko dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak, deialdi honetako oinarriak, lanpostuak aldi baterako betetzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, 4. atalean, ezarritakoa, non Nafarroako administrazio publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen baitira.

7.4. Deia jasotzen dutenek eskatutako titulazioaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, lizentziadun, ingeniari edo arkitektoaren tituluaren edo horren baliokidearen fotokopia aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratua.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

7.5. Artxiboetako goi mailako teknikari lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.

Zortzigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, haien oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Justiziako eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Artxibozaintza: kontzeptua; funtsezko oinarriak; zientzia osagarriak; beste jakintzagai batzuekin eta informazio zientziekin duen lotura. Artxiboa: kontzeptua eta artxibo motak: eraikina eta zerbitzuak.

2.–Artxiboko dokumentua: kontzeptua eta ezaugarriak; tipologiak, tradizio dokumentala; barneko eta kanpoko karaktereak; multzokatze fisiko eta logikoak; bizitza zikloa; dokumentuen balioak.

3.–Nazioarteko normalizazioa dokumentuak kudeatzerakoan: dokumentuak kudeatzeko ISO 15489 familia. ISO 30300 serieko arauak.

4.–Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala eta Segurtasun eskema nazionala. Dokumentu elektronikoak kudeatzeko elkarreragingarritasunaren arau teknikoak eta haien aplikazio gidak.

5.–Dokumentuen kudeaketaren metadatuak.

6.–Dokumentuen antolamendua. Dokumentuen ebaluazioa. Transferentziak. Tresnak.

7.–Dokumentuen kontserbazioa: plangintza eta segurtasuna. Lehengoratzea. Erreprografia.

8.–Dokumentuen deskribapena: deskribapenerako tresnak. Hizkuntzaren kontrola deskribapenean. Normalizazioa artxiboen deskribapenean: nazioarteko arauak; deskribapenaren normalizazioa Espainian.

9.–Dokumentu elektronikoa: ezaugarriak. Aplikazio informatikoak eta baldintza ereduak: MoReq. Administrazio elektronikoa eta artxiboak.

10. gaia.–Artxiboen eginkizuna hezkuntza eta kultura aldetik. Zabalkundea.

11.–Argazkien, filmen eta ikus-entzunezkoen artxiboak.

12.–Norberaren eta familiaren artxiboak. Enpresen artxiboak.

13.–Artxibo sistemak eta artxibo sareak. Espainiako artxibo sistema.

14.–Dokumentuak legedian: gardentasuna; datu pertsonalak babestea; intimitatea; jabetza intelektuala.

15.–Dokumentuak legedian: sektore publikoko administrazio prozedura eta araubide juridikoa; ondare historikoa eta kulturala. Artxiboei buruzko legedia Nafarroan. Nafarroako toki entitateen artxiboen araudia.

Oharra: gai guztiak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriaren arabera eskatuko dira.

II. ERANSKINA

Prestakuntzako zerbitzu berezietarako eskabidea (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile finkoak bakarrik).

III. ERANSKINA

Lau urteko bigarren prestakuntzaldirako eskabidea (Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko langile finkoak, lau urteko bigarren prestakuntzaldirako eskubidea dutenak).

IV. ERANSKINA

Aldi baterako kontrataziorako eskabidea.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1703166