222. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

44/2017 FORU AGINDUA, urriaren 20koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, Nafarroan herritarren parte-hartzearen jardunbide egokien aitortzarako deialdia egiten duena.

Herritarren parte-hartzea garatzea da Nafarroako Gobernuak legealdi honetarako hartutako konpromisoetako bat, demokratizatzeko, eta jendartera irekitzeko eta hurbiltzeko bitartekoa izan dadin; baita lan metodologia bezala ere, elkarrizketa eta deliberazio publikoa sustatzeko gobernantza publikoaren funtsezko baliabide gisa.

Berriki onetsi da lehen aldiz Nafarroan Herritarren Parte-hartzea Sustatzeko Plana (2017-2019); bertan neurriak jasotzen dira Gobernuko departamentuek plana garatu dezaten, baita toki administrazioek eta bestelako erakunde publiko eta pribatuek ere. Zeharkako izaera duten beste zenbait neurri ere jaso dira, hainbat alorri dagozkienak: hezkuntzari, prestakuntzari, sentsibilizazioari, ikerketa sozialari, legediaren garapenari, etab.

Aipatutako plan horretan aurreikusitako neurrietako bat herritarren parte-hartzearen jardunbide egokien aitortzak egitea da.

Agindu hori gauzatzeko, Nafarroako Gobernuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak aurreikusi du deialdi publikoa egitea, aitortza hori eskuratu nahi dutenek hautagaitzak aurkez daitezen.

Ondorioz, ikusita espedientean dagoen Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren txostena, eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroan herritarren parte-hartzearen jardunbide egokien aitortzarako deialdia egitea, honako hauei zuzendua: Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako toki entitateak banaka edo federatuta, tokiko ekintza taldeak, enpresa publiko nahiz pribatuak irabazi asmoa dutenak edo asmorik gabeak, unibertsitateak eta ikerketa taldeak, ikastetxeak, fundazioak, GKEak, herritarren erakunde eta elkarteak, lanbide elkargoak, sindikatuak eta hedabideak, betiere 2016. eta 2017. urteetan herritarrek parte-hartzeko ekimenen bat egin badute.

2. Aitortzarako deialdia arautzen duten oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

3. Foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Aitortzarako deialdi honen oinarrien eta deialdia aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

5. Foru agindu hau igortzea Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko urriaren 20an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Nafarroan herritarren parte-hartzearen jardunbide egokien aitortzarako deialdiaren oinarriak

Lehenbizikoa.–Xedea.

1. Deialdi honen xedea da Nafarroan 2016. eta 2017. urteetan egindako herritarren parte-hartzearen jardunbide egokien aitortza egitea.

2. Deialdi honen ondorioetarako, herritarren parte-hartzearen Jardunbide Egokia honako baldintzak betetzen dituen esperientzia izanen da:

–Aipatutako urteetan bukatu bada eta izan dituen emaitzak ebaluatu egin badira.

–Demokrazia parte-hartzailea hobetzeko ezagutzak eta bitartekoak ematen baditu.

–Oinarri hauen 3. atalean zehaztutako xedeetako batzuk betetzen baditu.

–Deialdi honen bigarren oinarrian zehaztutako kalitate irizpideen %60 behintzat betetzen badu.

3. Aipatutako aitortzarekin herritarren parte-hartzearen jardunbide egokiak saritu nahi dira, deialdi honetara aurkeztu eta helburu hauetako batzuk betetzen badituzte:

–Herritarrak indartzea Nafarroako gizartearen arazoei erantzun instituzionalak edo sozialak emateko, herritarrei eskubide gehiago emanda, eta baita demokrazian aritzeko askatasun eta ardura berriak ere.

–Proposamenak egitea, dinamizatzea eta/edo bermatzea Nafarroako administrazio publikoek esku hartu dezaten; hausnarketa eta ekintza guneak sor daitezen, herritarrak eta gizarte entitateak elkartu eta inplikatzeko ondasun amankomunen defentsan, tokiko eta herrialdeko garapen iraunkorrean eta gure Komunitatearen elkarbizitzaren hobekuntzan.

–Gobernantza eta kalitate demokratikoa hobetzea, eta baita botere publikoen zilegitasuna eta horiengan herritarrek duten konfiantza ere, parte-hartzea, deliberazio publikoa eta gardentasuna laguntzen duten ekintzak bultzatuta erabaki hauek hartzerakoan: planak, programak, araudiak, zerbitzu publikoen kudeaketa, eta politika publikoen ebaluazioa ere bai.

–Berdintasun maila handiagoak lortzea, inplikatutako eragile guztiak barne hartuta, beraien ahalmenak indartuta eta berdintasunari, justiziari eta pertsonak bere baitan hartzeari garrantzia handiagoa emanen dion gizartea sortuta.

–Berrikuntza soziala sustatzea eta baita garapenera eta gizarte arazoak konpontzera bideratutako enpresa arloko I+G+b-a ere, interesa duten edo ukitutako eragile instituzionalekin eta gizarte eragileekin batera diseinatua eta garatua.

–Belaunaldiarteko elkarlana sustatzea.

–Parte-hartzearen mesedetan herritarrak hezitzea, sentsibilizatzea, gaitzea eta komunikazioa bultzatzea.

Bigarrena.–Kalitate eta hautagarritasun irizpideak eta puntuazioa.

Hautapen epaimahaiak aurkeztutako proiektuak baloratuko ditu irizpide eta puntuazio hauen arabera:

1. Berrikuntza: berrikuntzatzat jotzen ditugu herritarren parte-hartzea hobetzen duten esperientziak, ezohiko parte-hartze tresnen bidez eta normalean gutxi parte-hartzen duten edo gizartean baztertuak gelditzeko arriskuan dauden biztanleria sektoreen parte-hartzea hobetuta (15 puntu).

2. Erabilitako metodologien gainean jardunbide parte-hartzaileak planifikatzea eta artikulatzea: plangintzatzat jotzen dugu arrazionalki ordenatutako eta euren artean erlazionatutako pauso multzoa ezartzea, nahi diren emaitzak lortzeko, metodologiarik egokienak erabiliz esku hartze eremu batean (10 puntu).

3. Proiektuaren garapenean herritarren (elkarteen bidez antolatuak eta antolatu gabeak) parte-hartze aktiboa eta erantzunkidetasuna (10 puntu).

4. Aliantzak eta sareak sortzea inplikatutako eragile instituzionalen eta/edo gizarte eragileen artean (5 puntu).

5. Eragina ingurunean eta horren eraldaketa: aurretik ezarritako helburuen lorpena eta burututako jarduketa izan den eremuan lortutako eragin behagarria (10 puntu).

6. Transferitzeko modukoa izatea: ea esperientzia baten oinarrizko osagaiak beste testuinguru batean errepika daitezkeen, arrakasta izateko aukera handiarekin (10 puntu).

7. Jasangarritasuna eta generoa: esperientzia bat jasangarria dela esan dezakegu bere diseinuan eta aplikazioan kontuan hartu badira bere ingurunearen alderdi ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa, eta baita emakume eta gizon arteko berdintasun irizpideak ere. Era berean, beharrezkoa da geroan ere garapena izatea eta bere aplikazioan eraginkorra izaten jarraitzea (15 puntu).

8. Informazioa itzultzea: parte-hartze prozesuaren fase ezberdinen informazioa emateko ezarritako mekanismoak eta, bereziki, lortutako azken emaitzen eta hartutako konpromisoen berri ematekoa (5 puntu).

9. Proiektuaren garapenean erabilitako baliabideen erabilera eraginkorra (giza baliabideak, ekonomikoak eta materialak) (10 puntu).

10. Ebaluazioa: burututako neurriak ebaluatzeko sistema eta jarduketa horiek aurreikusitako helburuekiko sortutako eraginen kontrola, desbideratzeez ohartzeko eta, noizean behin, helburuak eta neurriak berriz zehazteko (10 puntu).

Hirugarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honetan parte har dezake nortasun juridiko propioa duen edozein entitate edo erakundek, multzo hauetako kidea bada: Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako toki entitateak banaka edo federatuta, tokiko ekintza taldeak, enpresa publiko nahiz pribatuak irabazi asmoa dutenak edo asmorik gabeak, unibertsitateak eta ikerketa taldeak, ikastetxeak, fundazioak, GKEak, herritarren erakunde eta elkarteak, lanbide elkargoak, sindikatuak eta hedabideak.

Laugarrena.–Aitortzak ebazteko aurreikusitako kategoriak.

Deialdi honetan aurreikusitako aitortzak ebazteko aurreikusitako kategoriak honako hauek dira:

1. Aitortza publikoa herritarren parte-hartzearen arloan Nafarroako Gobernuko Departamentuentzat eta/edo enpresa publikoentzat.

2. Aitortza publikoa herritarren parte-hartzearen arloan toki entitateentzat.

3. Aitortza publikoa herritarren parte-hartzearen arloan tokiko ekintza taldeentzat, unibertsitate eta ikerketa taldeentzat, ikastetxeentzat, fundazioentzat, GKE-entzat, herritarren erakunde eta elkarteentzat, lanbide elkargoentzat, sindikatuentzat eta hedabideentzat.

4. Aitortza publikoa herritarren parte-hartzearen arloan enpresa pribatuentzat, enpresa elkarteentzat eta kooperatibentzat.

Kategoria bakoitzean epaimahiak egoki irizten dion adina aitortza eman ditzake, goienaz 3 kategoriako, baztertu gabe balorazio organoaren ahalmena bete gabe uzteko aitortzaren kategoriaren bat edo denak, arrazoitutako erabaki baten bidez, irizten duenean bakar batek ere ez duela hori merezi, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Bosgarrena.–Aitortzaren edukia.

Epaimahaik hautatutako ekimen edo esperientzia partehartzaileak egin dituzten entitateek, honako ordain publikoak jasoko dituzte:

–Emandako aitortza egiaztatzen duen diploma jasotzea.

–Hautatutako Jardunbide Egokia aurkeztea Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak antolatuko duen aitortza jardunaldian, 2018ko apirilean.

–Aitortza jaso duen jardunbide egokia Nafarroako Gobernuko Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuak kudeatuko duen parte-hartzearen Jardunbide Egokien Bankuko partaide izanen da eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da.

Seigarrena.–Administrazioaren konpromisoak.

1. Aitortza kudeatu eta baloratzeko prozesuan parte hartzen duten pertsonek isilik egon beharko dute aurkezten diren hautagaitzei egiten dizkieten ebaluazioen emaitzei buruz.

2. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak, Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuaren bidez, deialdiaren oinarrien gaineko informazioa emanen du, telefonoz eta posta elektronikoz.

3. Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuak aurkeztutako dokumentuak itzuliko dizkie hautatuak izan ez diren entitateei hala eskatuz gero, dagokion aitortza erabakitzen denetik bi hilabeteko epean, salbu eta epaiaren kontra errekurtsorik paratzen bada. Hala gertatuz gero, dagokion administrazio prozedurak irauten duen bitartean bakarrik gordeko dira.

Zazpigarrena.–Epaimahaia.

1. Lanak ebaluatuko dituen epaimahaia honela osatuko da: burua Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusia izanen da; gainerako kideak, honakoak: NAPI Zerbitzuko zuzendaria, Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuko zuzendaria, Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria edo hark eskuordetzen duen pertsona, Nafarroako Unibertsitateen ordezkari bat, horiek proposatua, eta Nafarroako Soziologoen eta Politologoen elkargoko ordezkari bat, horrek proposatua.

Idazkaritza Herritarren Partaidetzarako Atalaren ardura izanen da.

2. Epaimahaiaren funtzionamenduak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluaren arauei jarraituko die.

3. Ebaluazio prozesuan, epaimahaiak kontuan izanen ditu deialdi honen hirugarren oinarrian azaldutako kalitate eta hautagarritasun irizpideak.

4. Epaimahaiak proiektuak ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eskatzen ahalko dizkie parte-hartzaileei. Horretarako, parte-hartzaile bakoitzak helbide elektroniko bat eman beharko du.

5. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari bidaliko dio bere proposamena epaimahaiak, aitortzaren kategoria ezberdinen gaineko erabakiarekin.

Zortzigarrena.–Hautagaitzak aurkeztea.

1. 2016. eta 2017. urteetan egindako herritarren parte-hartzearen jardunbide egokien aitortza jasotzeko beraien esperientziak eta ekimenak aurkeztu nahi dituzten entitateek, deialdi honen II. eranskinean ezarritako formatuan egin beharko dute. Aipatutako eranskinarekin batera, eskabide orokor bat aurkeztu behar dute eta bertan adierazi hautagaiaren identifikazio datuak.

2. Proposamenak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Telematikoan aurkeztuko dira, Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuari zuzenduak (Amaia kalea, 2-A, 2. solairua. 31002 Iruña), garbi adierazita “Herritarren Parte Hartzearen Jardunbide Egokien Aitortza 2016-2017”.

Posta ziurtatuaren bidez ere bidaltzen ahal dira proposamenak, gutun-azalean adierazita “Herritarren Parte Hartzearen Jardunbide Egokien Aitortza 2016-2017”. Kasu horretan mezu elektroniko bat bidali beharko da participacionciudadana@navarra.es helbidera, bidalketa egin dela jakinarazteko.

Mezularitza zerbitzu bidez aurkezten bada proposamena, kasu horretan ere mezu elektroniko bat bidali beharko da participacionciudadana@navarra.es helbidera.

Eskaerak posta elektronikoz igorriz gero, lehen aipatutako helbide horretara bidaliko dira.

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren edozein bide erabiliz aurkez daitezke.

3. Lanak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2018ko urtarrilaren 31n bukatuko.

Bederatzigarrena.–Deialdia onartzea.

Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar oinarriak osorik onartzea eta beren lanak aurkezten dituzten lehiakide guztiak haien mende egotea.

Hamargarrena.–Gorabeherak eta ustekabeak.

Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako Zerbitzuak ebatziko du gerta litezkeen gorabeherez eta oinarriotan ezartzen ez diren kasuez.

Hamaikagarrena.–Errekurtsoak.

1. Deialdi hau onesten duen foru aginduaren kontra eta epaimahaiaren epaia ebatziko duenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, agindua argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

II. ERANSKINA

2016. eta 2017. urteetan Nafarroan egindako herritarren parte-hartzearen jardunbide egokien aitortza jasotzeko aurkezten diren hautagiatzek jaso beharreko edukiak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1712247