210. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

315/2017 EBAZPENA, urriaren 23koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, Done Jakue bideko lehendabiziko etapan, Nafarroako sarreran, ekialdeko ibilbidetik igarotzeko neurri murriztaileak ezartzen dituena, 2017ko azaroaren 1etik 2018ko martxoaren 31ra bitarte.

Done Jakue bidearen Nafarroako tartea behin betiko mugatu eta hura babesteko araubidea ezarri zuen abenduaren 14ko 290/1988 Foru Dekretuak, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitateko ibilbidea arautzen du.

Frantziako Done Jakue bideko lehenbiziko etapan, Nafarroako sarreran, bi ibilbide daude: mendebaldekoa, Donibane Garazitik abiatuta Luzaidetik eta Ibañetako mendatetik Orreagara doana, eta ekialdekoa, Donibane Garazitik abiatuta Hontotik, Oriundik eta Lepoederko mendatetik Orreagara ailegatzen dena. Ekialdeko ibilbidean 1.200 metroko desnibela gainditzen da; izan ere, Donibane Garazi 154 metrora dago itsas mailaren gainetik eta, Lepoederko mendatea berriz, 1.432 metrora. Gainera, tartean beste desnibel batzuk ere badaude.

Desnibel hori gainditzeko, etapa horri heltzen dioten erromesek prestaketa fisiko egokia izan behar dute, eta, ikusi denez, halakorik ez da gertatzen portzentaje handi batean. Horretaz gain, egin beharreko esfortzua are handiagoa da elurra dagoenean edo eguraldia txarra denean, hori guztia kontuan hartu gabe halakoetan eraman beharreko ekipamendu materiala, zein, ikusi denez, oso maiz ez baita eramaten.

Kontua da ekialdeko ibilbidea altura handian sartzen dela Nafarroara, 1.288 metrora itsas mailaren gainetik. Eta Nafarroako tarte horrek ez du irtenbiderik Lepoederko mendi leporaino, Nafarroan sartu eta 5 kilometrora. Seinalizazioa hobetzeko lanak etengabe egin dira, eta, aldian behin, erabiltzeko moduan dagoela egiaztatu. Egun, zehatza da eta erauntsietan baino ez daiteke hari jarraitzeko problemarik egon.

Edonola ere, oraindik ere egiten dira erreskatatzeko esku-hartze profesionalak zein boluntarioak, askotan aldigaiztoak edo erromesen informazio eta prestakuntza faltak eraginda, ekialdeko ibilbide hori hain da gogorra. Egoera hori bereziki larriagotzen da neguan, erreskateak egiteko baldintzak latzagoak direnean; izan ere, salbamendu ekipokoen bizitza arriskuan jar daiteke, eskualdeko orografia eta klimatologia direla kausa eta iritsi, lokalizatu eta ebakuatzeko oztopoak direla bide.

Erromesen segurtasuna bermatzearren, Barneko zuzendari nagusiaren uztailaren 1eko 152/2015 Ebazpenaren bidez, neurri murriztaileak ezarri ziren Done Jakue bideko lehendabiziko etapan, Nafarroako sarreran, ekialdeko ibilbidetik igarotzeko, azaroaren 1etik martxoaren 31ra bitarte, eta desagertua den Nafarroako Larrialdietako Agentziaren esku utzi ziren igarotzeko murrizketatik salbuesten duten berariazko baimenak.

Barneko zuzendari nagusiaren urriaren 21eko 487/2016 Ebazpenaren bidez, ordea, neurri murriztaileak ezarri ziren Done Jakue bideko lehendabiziko etapan, Nafarroako sarreran, ekialdeko ibilbidetik igarotzeko, 2016ko azaroaren 1etik 2017ko martxoaren 31ra bitarte, eta indarrik gabe utzi zuen arestian aipatutako uztailaren 1eko 152/2015 Ebazpena eta berariazko baimenak emateko aukera bertan behera geratu zen, haien aplikazioaren konplexutasuna eta zailtasuna ikusirik.

Azken urteetako esperientziak erakutsi du komenigarria dela Done Jakue bideko lehendabiziko etapan, Nafarroako sarreran, ekialdeko ibilbidetik igarotzeko murrizketari eustea, bere horretan, partikularren eta erreskateko langileen (profesionalen zein boluntarioen) segurtasunari begira.

Horrenbestez, larrialdien kudeaketan eskumenak dituzten zerbitzuen adostasunarekin eta kontuan hartuz urriaren 21eko 487/2016 Ebazpena onesteko egindako kontsultak, ikusirik ekialdeko ibilbidetik igarotzeko neurri murriztaileei bere horretan eutsi behar zaiela.

Ikusita Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legean xedatutakoaren arabera, segurtasun publikoaren arloan dituen eskumenak, ikusita Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendariaren txostena, eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Jendearen segurtasuna dela eta, neurri murriztaileak ezartzea Done Jakue bideko ekialdeko ibilbidetik igarotzeko, Nafarroako lehendabiziko etapan, eta xedatzea nahitaezkoa izanen dela 2017ko azaroaren 1etik 2018ko martxoaren 31ra arte Done Jakue bideko mendebaldeko ibilbidetik igarotzea (Luzaide).

2. Nafarroan sartzeko ekialdeko ibilbidea ixtea egun horien artean, 43º3’2,02”N eta 1º16’6,04”W koordenatu geografikoetan, Bentartea mendi-lepotik hurbil.

3. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari agintzea jar ditzala igarotzea debekatzen duten seinaleak eta igarotzea galarazteko beharrezko elementuak.

4. Foruzaingoari agintzea ebazpen hau betetzen den edo ez zain dezala.

5. Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari agintzea ebazpen honi publizitatea eman diezaiotela Done Jakue bideari buruzko web-orrietan, agentzietan eta Done Jakue bideari buruzko publizitate edo informazioko beste baliabide batzuetan.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

7. Ebazpen hau Babes Zibilerako Zerbitzuari eta Suhiltzaileen Zerbitzuari, Foruzaingoari, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari, Done Jakue Bideko Lagunen Nafarroako Elkarteari, Done Jakue Bideko Lagunen Pirinio Atlantikoetako Elkarteari, Luzaideko Udalari, Orreagako Udalari, Espainiak Nafarroan duen Gobernu Ordezkaritzari eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiari jakinaraztea, eta ohartaraztea haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Administrazio publikoen kasuan, horiek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete zuzenean, galarazi gabe Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako aldez aurreko errekerimendua.

Iruñean, 2017ko urriaren 23an.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gastaminza Oiz.

Iragarkiaren kodea: F1712334