205. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASTEJON

Aldaketa Udal ludotekako zerbitzuaren erabileraren gaineko oinarrizko erregelamenduan. Behin betiko onespena

Castejongo Udalak, 2017ko uztailaren 28an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Castejongo udal ludotekako zerbitzuaren erabileraren gaineko oinarrizko erregelamenduaren aldaketa.

Iragarkia 2017ko 159. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 18an.

Jendaurrean egoteko hogeita hamar eguneko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, erregelamendua behin betikoz onetsitzat jo da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Horiek horrela, erregelamenduaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Castejonen, 2017ko urriaren 3an.–Alkatea, David Álvarez Yanguas.

CASTEJONGO UDALAREN LUDOTEKAKO ZERBITZUAREN ERABILERAREN GAINEKO OINARRIZKO ERREGELAMENDUA

1. Oinarria.

Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 25.1 artikuluan ezartzen duenez, udalerriak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen barrenean, era guztietako jarduerak sustatzen ahal ditu eta behar adina zerbitzu publiko eman, herritarren beharrak eta nahiak betetzearren. Berariaz adierazten da 25.1 artikuluan bertan, 2.k apartatuan, udalek gizarte zerbitzuak emateko eskumenak izanen dituztela.

2. Xedea.

Castejongo udal ludotekaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko arauak ezartzea du xede erregelamendu honek.

3. Titulartasuna eta kudeaketa.

Udal ludotekaren titularra Castejongo Udala da.

Udal ludotekaren gizarte proiektua betearazteko, eta, beraz, zerbitzu horren kudeaketa, arta, antolaketa eta funtzionamendurako, laguntza kontratua eginen da, administrazio baldintzekin horretarako prestatu den agiriari jarraikiz.

4. Kontzeptua.

Ludoteka zerbitzu publiko bat da, eta espazio bat da, jostailuak eta bertzelako material ludikoak erabiltzaileen eskura jartzen dituena jolasa hobeki garatzeko. Orobat, gizarte, kultur eta hezkuntza mailako proiektu bat du, helburu nagusia duena haurraren garapena aisialdiko jolasa bitarteko duela, eskualdeko baliabideekin koordinatua eta gaian espezializaturiko profesionalen lan-taldearen ardurapean.

Xedea da bultzatzea udalerriko haurren kultur sustapena, topaketa, informazioa, komunikazioa, heziketa eta jolas-entretenimendua, bai eta haien formakuntza integralari eta gizarteratzeari mesede egitea ere, bereizketarik egin gabe ideologia, kondizio, jatorri sozial, jaioterri, nazionalitate edo erlijio arrazoiengatik.

5. Helburuak:

–Haurren garapen kognitibo, psikomotor, afektibo eta soziala bultzatzea, inguru ludiko batean, ahalik eta modurik osasungarrienean.

–Haurrari bere irudimena eta sormena garatzen laguntzea jolasaren bitartez.

–Jostetaz gain, komunikazioa, talde lana eta elkarrenganako errespetua bultzatzea.

–Bizikidetza bultzatzea elkarrenganako errespetuaren giroan.

–Portaera desegokien detekzio goiztiarra (oldarkortasuna, isolamendua, heltze berantiarra, arreta deiak, zokoratze egoerak), eta estrategiak garatzea horiek berbideratzeko eta modu egokian aldatzeko.

–Gurasoak orientatzea, pedagogia eta hezkuntza arloetan dituzten eskaeren aurrean.

6. Eskaintzen diren zerbitzuak:

a) Sarbide libreko jolasa: jarduera honek jolas librean aritzen lagunduko du, norberaren nortasuna adierazteko esparru gisa, eta horretarako hainbat txoko izanen dira:

1.–Erakusmahaiaren txokoa: harrera, informazioa eta hasierako arreta.

2.–Psikomotrizitate eremua.

3.–Jolas sinbolikoaren edo etxetxoaren txokoa.

4.–Eraikuntzen txokoa.

5.–Liburutegia.

6.–Teknologia berriak.

7.–Banakako lanaren txokoa.

b) Jolasen eta jostailuen trukea: ludotekan dagoen jolas materialaren barne mailegua egitea; erabiltzaileak eskatzen du, erabiltzeko, eta erabili ondoren itzultzen.

c) Gizarte eta kultur animazioko jarduerak: aisialdiko hezkuntza jarduerak dira, giza balioak sustatzea bilatzen dutenak.

d) Jarraipen psikopedagogikoa: erabiltzaileek izan ditzaketen zailtasunei aurrea hartzea eta arreta eskaintzea da.

e) Teknologia berriak: teknologia berriak sartzea sormenaren, parte-hartzearen eta begiratu kritikoaren ikuspegitik, norberaren gaitasunak garatzen laguntzeko.

7. Langileak.

Udal ludotekaren zerbitzuak profesional talde bat izanen du, hezkuntzaren edo haur eta gazteen sozio-animazioaren alorrean prestakuntza edo esperientzia profesionala izanen duena.

8. Zerbitzuaren erabiltzaileak.

Udal ludoteka erabili ahalko dute 3 eta 10 urte arteko haurrek, baldin eta eskolatuta badaude inskripzioaren urtean eta Castejongo udalerrian erroldatuta. Funtzionamendu arloko irizpideak direla-eta, beharrezkoa da haurrak bere esfinterrak kontrolatzea, eta heldu baten arreta etengabe eta erabatekoa behar ez izatea.

Zerbitzuaren arduradun bakoitzak gehienez ere 25 haur izanen ditu eta gehienez ere 65 haur egon ahalko dira batera, indarrean den araudiaren arabera instalazioak har dezakeen gehieneko kopurua baita.

Urte osoan zehar ludotekak bi monitore izanen ditu zerbitzu emateaz arduratuko direnak; dena dela, 50 umetik gora biltzen badira, zerbitzuak beste monitore bat gehiago izan beharko du.

Enpresa adjudikazio-hartzailea arduratuko da kontratazio horretaz.

Plazak mugatuak dira eta inskripzio ordenari zorrotz jarraituz esleituko dira.

Kuota ordaindu ondotik ez da inoiz itzultzeko eskatu ahalko.

9. Ludotekariaren eginkizunak:

–Antolaketa:

  • Erabiltzaile berriei harrera egitea: ongi etorria, inskripzioak, informazioa eta orientazioa.
  • Inbentarioak, sailkapena eta katalogazioa egitea.

–Hezkuntza:

  • Pertsona arteko komunikazioa bulkatzea.
  • Parte-hartzearen sustapena.
  • Sormena estimulatzea, taldearen barrenean.
  • Hezkuntza premia bereziak detektatzea.
  • Josteta suspertzea eta giro bare eta atsegina eragitea.

–Animazioa:

  • Animazio sozio-kulturaleko jarduerak diseinatu eta garatzea.
  • Taldekako programa eta jarduera ludikoak sortzea, antolatzea eta garatzea.
  • Proiektuak gauzatzea, horretarako lanaren programazioa egitea eta emaitzak ebaluatzea, esku-sartzeak berrituz.
  • Akuilu izatea, taldearen dinamika taldeak berak sor dezan.

–Koordinazioa, informazioa eta ikerketa: Udaleko gizarte zerbitzuen sarearekin koordinatzea:

  • Aita-amei harrera egitea eta orientazioa eta aholkularitza ematea.
  • Herriko biztanle guztiei baliabidearen berri ematea.
  • Txostenak eta memoriak egitea.
  • Ondare ludikoa transmititzea eta aberastea.
  • Jostailuen, jokoen eta material ludikoaren azterketa kritikoa egitea.
  • Ludotekako zerbitzuaren informazioa eta sustapena.
  • Beste erakundeei aholku ematea eta haien euskarri izatea.
  • Erabiltzaileen erregistro-liburua eguneratua mantentzea, horren arduraduna ludotekaren kudeaketaren adjudikazio-hartzailea izanen baita, erabiltzaileen asistentzia kontrolatzeko eta Udala 15ean behin informatzeko.
  • Ludotekan egiten diren jardueren gaineko informazio zehatza ematea.

10. Funtzionamendu arauak.

Debeku da materiala ludotekatik kanpo ateratzea.

Udalak Castejongo ludoteka zerbitzuari esleitutako ondasunak erabiltzea eta bertako jardueretan parte hartzea, erregelamenduan ezarritako irizpide eta arauei jarraituz, bai eta udal organo eskudunek hartutako erabaki eta arauei, eta ezartzen diren jarraibideei lotuz.

Erabiltzaileak itzuli beharko du eskatutako jokoa, harekin bukatu ondotik eta betiere bertzerik eskatu aitzin. Erabiltzaileak lagundu beharko du eskaera libreko materialak biltzen, betiere norberak zenbat erabili dituen eta biltzeko duen ahalmena kontuan hartuta.

Erabiltzaileak askatasunez jardun ahalko du, betiere gainerako erabiltzaileen askatasuna mugatu gabe, eta errespetuz eta duintasunez tratatua izanen da, zerbitzuaren gainerako erabiltzaileen baldintza berberetan.

Ludotekan bada erreklamazio liburua erabiltzaileen ardura duten pertsona helduen eskura, eta haren bitartez bideratuko dira sortzen diren aferak.

Castejongo Udalak ez du bere gain hartuko erabiltzaileek jasan ditzaketen objektuen ebasketen edota galeren erantzukizuna.

Castejongo Udalak ez du bere gain hartuko erabiltzaileek izan ditzaketeen istripuen erantzukizuna, salbu eta instalazioen akatsen ondorioz gertatzen badira.

11. Ordutegiak.

Irekitzeko ordutegia: Udalak ludotekaren zerbitzu publikoa irekitzeko gutxieneko ordutegia finkatuko du, ahal delarik haurren aisialdiarekin bat eginez.

–Zentroa 17:00etatik 19:00etara irekiko da, astelehenetik ostiralera, irailetik ekainera.

–Sartzeko aukera izanen da 17:00etan eta 18:00etan eta irteteko, berriz, 18:00etan eta 19:00etan.

–Zentroa 11:00etatik 13:00etara irekiko da uztailean. Sartzeko aukera izanen da 11:00etan eta 12:00etan eta irteteko, berriz, 12:00etan eta 13:00etan.

–Saioek iraun bitartean zentroa itxita egonen da eta ezin izanen da saioaren erdian inor sartu.

–Abuztuan zentroa itxita egonen da.

12. Eskubideak eta betebeharrak.

–Eskubideak:

  • Espainiako Konstituzioak, nazioarteko itunek eta antolamendu juridikoak bermatzen dituen gainerako eskubideak.
  • Udal ludoteka erabiltzeko eta bertako ondasun eta zerbitzuak baliatzeko eskubidea.
  • Jarduera eta programen gaineko informazioa eskatzekoa.
  • Proposamenak eta kezkak adieraztekoa.

–Betebeharrak:

  • Zerbitzuko profesionalei eta erabiltzaileei oro har errespetua izatea.
  • Ludotekako ondasunak eta zerbitzuak behar bezala erabiltzea.
  • Erabiltzaileek udal ludotekaren erregelamendua beteko dute; bestetik, aita, ama eta tutoreek erregelamendu honetan jasotako arauak onartuko dituzte, eta behartuta daude talde pedagogikoaren oharrei kasu egitera; bereziki, ezarritako ordutegia betetzen ahaleginduko dira.
  • Erabiltzaileek instalazioko arduradunek materialen erabilerari buruz egiten dituzten oharrak bete beharko dituzte.
  • Ekarpena egitea, udal ludotekaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskalari jarraituz.
  • Osasun kontuak:
  • Haurrek ez dute ludotekara etorri behar eritasun seinalerik izanez gero: sukarra, beheitikoa, konjuntibisa, zorriak edo beste edozein eritasun kutsakor.
  • Ludotekan ez da sendagairik emanen.
  • Haurrek, ludotekan direla, eritasun seinalerik izanez gero, gurasoei, tutoreei edo pertsona baimenduei abisu emanen zaie, lehenbailehen hartzera etor daitezen. Istripua gertatu edo sukar oso handia izanez gero, haurra osasun etxe hurbilenera eramanen da, eta familiari jakinaraziko zaio.
  • Haurren higienea zaindu behar da.

13. Zerbitzua erabiltzeko araubidea.

Hona hemen erabiltzaileen gurasoen edo legezko ordezkarien betebeharrak:

1.–Urteko jardueren plana eta zentroko arauak errespetatzea.

2.–Beraien seme edo tutoretzapekoen ekintzen edo ez-egiteen erantzukizunak beraien gain hartzea.

3.–Gurasoen edo tutoreen betebeharra izanen da sarreran eta irteeran haurrei laguntzea eta haietaz arduratzea. Haurren guraso edo tutoreak ez dira ludotekaren barrutian egonen ludotekaren ohiko saioetan. Haurrak ludotekan egon beharreko denbora bukatuta, pertsona baimenduak, horretarako dokumentuan ageri denak, hartuko du adingabea. Ordutegia bukatutakoan, ludotekako langileak ez dira haurrez arduratuko.

4.–Ez da bisitarik onartzen ludotekaren ordutegiaren barrenean.

5.–Ludotekara ezarritako irteera ordua baino bost minutu lehenago agertzea, haurra jasotzeko.

6.–Berariaz debekatua dagoen tokietan ez erretzea.

7.–Haurrek ez dute gauzarik (jostailua, kartera etab.) ekarriko ludotekara, ezta janaririk ere (salbu eta erabiltzaileak medikuak agindutako elikagairik behar badu, gaixotasunen bat dela eta) eta ludotekako portaera arauak beteko dituzte. Betiere, ez Udalak, ez ludotekako hezkuntza taldeak, ez dute erantzukizunik erabiltzaileek zerbait galduz gero edo haiei zerbait ebatsiz gero.

8.–Ludoteka jostetarako gunea denez, hezkuntza ez formalaren esparrukoa, haur guztiek beren borondatez etorriko dira jostatzera. Inoiz alde egin nahi dutela adieraziz gero, talde pedagogikoak aitari, amari edo tutoteari deituko dio, beharrezkoa iruditzen bazaio.

9.–Ludotekan bada erreklamazio liburua aita, ama edo tutoreen eskura, eta haren bitartez bideratuko dira sortzen diren aferak.

10.–Ludotekaren zerbitzua erabili ahal izateko, erabiltzaileen aitak, amak edo tutoreak ludotekan bertan eskuratuko duen inskripzio fitxa bete beharko du zerbitzua erabiltzea eskatzen duen lehen aldian. Fitxa horretan adingabearen datu guztiak agertuko dira, baita bi pertsonaren datuak ere, edozein gorabehera dela eta, haiekin berehala harremanetan jartzeko. Orobat, haurrak hartzeko baimena zeinek duen, haren datuak agertuko dira eta zerbitzua erabiltzeko baldintzen onarpena. Horien inprimakiak ludotekaren funtzionamenduari buruzko gainerako informazioarekin batean eskuratuko ditu erabiltzaileak.

14. Erabiltzaile izaera galtzea.

Erabiltzaile izaera galduko da honako hauetan:

1.–Nork bere borondatez izateari uko egiten dionean.

2.–11 urte betetzeagatik.

3.–Legearen araberako baldintzak betetzeari uzteagatik.

4.–Udalak erabakita, ez betetzeagatik barne araubidearen gaineko erregelamendu honetan eta udal organo eskudunek behar bezala hartutako erabakietan eta arauetan ezarritakoa.

15. Arau-hausteak.

Erregelamendu honetan ezarritako betebeharrak erabat edo hein batean ez betetzea arau-haustea da:

–Arau-hauste arinak.

1.–Lagunak eta monitoreak ez errespetatzea.

2.–Jardueretara interesik gabe eta ekipamendurik gabe joatea.

3.–Behar den ordena eta interesa ez izatea, eta monitoreen jarraibideei kasurik ez egitea.

4.–Hilabete baten barnean behin, bitan edo hirutan berandu iristea, sarreran eta irteeran.

–Arau-hauste larriak.

1.–Sei hilabetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

2.–Erabiltzaileen datuak faltsutzea.

3.–Erregelamendu honen aurkako edozein desobeditze-egintza, diziplinarik eza edo haren aurka joatea.

4.–Hilabete baten barnean, lautan edo gehiagotan berandu iristea, sarreran eta irteeran.

–Arau-hauste oso larriak.

1.–Sei hilabetean bi arau-hauste larri edo gehiago egitea.

2.–Udaleko kideen edo monitoreen aurkako laido edo ofentsa, eta diziplinaren aurkako egintza oso larriak.

3.–Ludotekako erabiltzaileen aurkako eraso fisiko edo moralak, ondasunen ebasketa eta kalte larriak.

4.–Instalazioez balia daitezen galaraztea gainerako erabiltzaileei.

5.–Gurasoak edo pertsona baimenduak ordubete edo gehiago atzeratzea haurra hartzeko orduan.

6.–Ludotekako instalazioetan edo materialean, nahita, kalteak eragitea.

16. Zehapenak.

Zehapen ahalmena izanen du alkateak edo Ludotekaren udal zerbitzu publikoari dagokion zinegotziak edo zinegotzi ordezkariak.

Zehapenaren aurretik ludotekako monitoreek txostena eginen dute. Zehapenak haurren guraso edo tutoreei jakinaraziko zaizkie.

Horretarako tramitatzen den zehapen espedientearen aurretik eta interesdunari entzutea emanda:

1.–Arau-hauste arinei zehapen hauetako bat ezarriko zaie:

–Hitzez pribatuan edo idatziz kargu-hartzea.

–Ludotekako instalazioak astebetez erabiltzeko eskubidea galtzea.

2.–Arau-hauste larriei zehapen hau ezarriko zaie:

–Ludotekako instalazioak hilabetez erabiltzeko eskubidea galtzea.

3.–Arau-hauste oso larriei zehapen hau ezarriko zaie:

–Ludoteka erabiltzeko eskubidea erabat galtzea.

17. Arduradunak.

Arau-hausteen erantzule zibil subsidiarioak beti izanen dira zerbitzua erabiltzen duten adingabeen guraso edo tutoreak.

Ludotekako zerbitzuaren material eta instalazioetan kalteak eragiten badira, Udalak eskubidea izanen du behar den lege-ekintza erabiltzeko.

Xedapen gehigarria.–Erregelamendu honek Castejongo ludotekaren zerbitzua erabiltzen duten guztiei eragiten die, bai eta horien gurasoei eta tutoreei ere, eta erabiltzaileek, gurasoek eta tutoreek eskura izanen dute kontsultatzeko.

Iragarkiaren kodea: L1711783