168. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

71/2017 FORU DEKRETUA, abuztuaren 23koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua aldatzen duena. Erregelamendua otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

ATARIKOA

Nafarroari dagokio, bere foru araubidearen kariaz, funtzio publikoaren arloko eskumen esklusiboa, Estatuko oinarrizko legeriak funtzionario publikoei onartzen dizkien funtsezko eskubideak eta betebeharrak errespetatuz (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.b) artikulua).

Eskumen hori baliatuz, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina prestatu zen, eta haren 36. artikuluan ezartzen ditu, funtzionarioen eskubideen artean, urteko opor ordainduak, lizentzia ordainduak ikasketa, ezkontza eta amatasunagatik, lizentzia ordaindugabeak norberaren aferengatik eta baimen ordainduak erregelamenduz zehazten diren kasu eta baldintzetan. Horrez gain, testu horren lehenengo xedapen gehigarriak Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen dio erregelamenduzko behar adina xedapen emateko hura garatzeko eta betearazteko.

Otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen egungo erregelamendua onetsi zuen.

Aldaketa honek foruko ordenamendu juridikoari gehitu nahi dizkio oinarrizko legedian enplegatu publikoentzat aitortu diren hainbat bateratze neurri. Horrela, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek opor, lizentzia eta baimenen arloan dituzten eskubideak handituko ditu.

Halaber, hamabi hilabetetik beherako seme-alabei bularra emateko baimen ordainduaren araudia egokitzen da Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Gurasoen baimenaren inguruko esparru akordio berrikusia aplikatzeari buruzko martxoaren 8ko 2010/18/EB Zuzentarauari buruz eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak enpleguarekin eta okupazioarekin zerikusia duten gaietan gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasunaren eta tratu-berdintasunaren printzipioak aplikatzeko 2006ko uztailaren 5ean emandako 2006/54/EE Zuzentarauari buruz egindako interpretaziora. Horrela, aukera ematen da baimena gurasoetako edozeinek har dezan, beste gurasoak lan-jarduerarik gauzatzen duen ala ez kontuan hartu gabe.

Amaitzeko, testu berriak lehendik dauden baimen eta lizentzietako batzuk argitu eta garatzen ditu, terminologia Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legera egokitzen du, eta generoaren eta desgaitasunaren ikuspuntutik hizkuntza inklusiboa erabili beharra ezartzen du.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren XI. kapituluan xedatuarekin bat, proiektua negoziazio kolektiboan aztertu da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko negoziazio mahai orokorreko sindikatuen ordezkariekin.

Kontuan harturik erregelamendu berriak Nafarroako administrazio publiko guztiak ukitzen dituela eta, beraz, toki entitateak ere bai, Toki Araubideko Foru Batzordeak proiektuari buruzko txostena egin du.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Kontseiluarekin eta Nafarroako Gobernuak 2017ko abuztuaren 23ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua aldatzea, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsia.

Bat.–6. artikuluaren 1. eta 4. apartatuak aldatzen dira, eta honela idatzita agertuko dira:

“1. Opor horiek urte naturalean hartu beharko dira, eta hartzeko eskubidea urteroko abenduaren 31n galduko da. Zerbitzuaren beharrek hartarako bidea ematen badute, hurrengo urteko urtarrilaren 31ra arte hartzen ahalko dira, gehienez.

Ikastetxeen urte-sasoiko jarduera-eza dela-eta instalazioak ixtea aurreikusten bada, irakasle ez diren langileen oporrak hartzeko aldiak bat etorriko dira ixteko denboraldian. Aurrekoa gorabehera, irakasle ez diren langileek, laguntzaileak ez badira, eskubidea izanen dute aipatu den ixteko denboraldi horretatik kanpo bost egun, gehienez, hartzeko.”

“4. Oro har, langile guztiek eskubidea dute erregelamenduz zor zaizkien oporren 15 egun, gehienez, udan hartzeko, ekainaren 15etik irailaren 15era. Gainerakoa urtean zehar hartuko dute, zerbitzuko beharren arabera eta langileen laneko bizitza eta familiakoa bateragarriak izatearen arloan indarra duen araudia kontuan hartuta.”

Bi.–7. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“7. artikulua. Oporren etenaldia.

Funtzionarioak oporretan daudelarik baimen ordaindu bat hartzen hasten direnean erditze, adopzio edo harreragatik edo haurdunaldiko eta edoskitze naturaleko arriskuagatik, edo gurasotasun baimen bat edo lanaldi osoko edoskitzeagatiko baimena, edo aldi baterako ezintasuna gertatzen zaienean, oporrak eten eginen dira, eta hartzeko falta diren egunak lizentzia edo baimena bukatu ondoren edo alta medikoarekin lanera itzuli eta gero hartuko dira, opor horiei dagokien urte naturala bukatuta egonda ere. Zerbitzuaren beharrek hartarako bidea ematen badute, hartu gabe dauden oporrak egun ezberdinetan hartzen ahalko dira, 6. artikuluko arau orokorren arabera.”

Hiru.–8. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“8. artikulua. Lizentzia ordaindua, prestakuntza jarduerak egiteko.

1. Lizentzia ordainduak emanen dira azken azterketetara eta ikastetxe ofizialetako bestelako behin betiko gaitasun eta ebaluazio probetara aurkezteko beharrezkoa den denboran, baita lanbide ziurtagiria lortzeko probetara edo langileak lan egiten duen Administrazioak sustatutako enplegu publikoaren arloko hautaprobetara aurkezteko ere.

Lizentzia honek barnean hartzen ditu Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren hizkuntzak baloratzeko azterketak eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak antolatzen dituen euskararen maila egiaztatzeko probak.

2. Lanbide prestakuntzako eta hobekuntzako ikastaroetara joateko (hala Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nola beste erakunde nahiz entitate publikoek antolatuak), baimen ordainduak emanen dira, baina gehienez ere berrogeita hamar ordu urtean, honako irizpide hauei jarraikiz:

a) Zerbitzuaren beharrak.

b) Prestakuntza ikastaroko edukiek langileak duen lanpostuarekin edo lanbide karrerarekin duten lotura.

c) Prestakuntza ikastaroak egiteari dagokionez, nolabaiteko oreka mantendu beharra kasuko unitateko langileen artean.

Oro har, osorik edo zati batean lanalditik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da inolako ordu edo diru konpentsaziorik izanen.

Langileak Administrazioaren aginduz joaten direnean ikastaroa egitera baino ez zaizkie lanordu gisa kontatuko ordu horiek, lanaldiaren urteko konputuaren ondorioetarako, eta zerbitzua dela-eta egindako gastuengatik erregelamenduz ezarritako kalte-ordainak kobratzeko eskubidea izanen dute.

3. Baimen ordaindugabea, hiru urtean behin bederatzi hilabeteko gehieneko iraupena duena, lanbide hobekuntzako beste ikastaro batzuetara joateko, baldin eta zerbitzuaren kudeaketak eta lanaren antolaketak aukera ematen badute.

Baimen hori ez da kontatuko 14. artikuluaren 1. apartatuan ezarritako epemugaren ondorioetarako.

4. Aurreko apartatuek aipatzen dituzten lizentziak emanak dituzten funtzionarioek beren Administrazio Publikoko organo eskudunean aurkeztu beharko dute azterketak, probak edo prestakuntza jarduerak egin dituztela adierazten duen ziurtagiria.”

Lau.–9. artikuluaren 1. eta 3. apartatuak aldatzen dira, eta honela idatzita agertuko dira:

“1. Ezkontzeagatik edo bikote egonkorra osatzeagatik funtzionarioek hamabost egun naturaleko lizentzia ordaindua hartzeko eskubidea izanen dute. Lizentzia hori ezkontzen diren edo bikote egonkorra dagoela egiaztatzen den egun zehatzaren aurretik eta/edo ondoren hartzen ahalko da.”

“3. Pertsona berek ezkontzeagatik edo bikote egonkorra osatzeagatik artikulu honetan arautzen diren lizentzietako bat bakarra hartzeko eskubidea izanen dute.”

Bost.–10. artikuluari 6. apartatua gehitzen zaio, eta horren testua hauxe da:

“6. Baimen honek irauten duen bitartean, langileek Administrazioak deitutako prestakuntza ikastaroetan parte hartzen ahalko dute.”

Sei.–10.bis artikulua gehitzen da, eta horren testua hauxe da:

“10.bis artikulua. Haurdunaldiagatiko lizentzia ordaindua.

Haurdun dauden emakumezko funtzionarioek lizentzia ordaindua hartzeko eskubidea izanen dute hogeita hamazazpigarren asteko lehenengo egunetik erditze-egunera arte. Haurdunaldi anizkoitzaren kasuan, lizentzia haurdunaldiaren hogeita hamabosgarren asteko lehenengo egunean hasten ahalko da.”

Zazpi.–10.ter artikulua gehitzen da, eta horren testua hauxe da:

“10.ter artikulua. Bere garaia baino lehen jaio diren edo jaio ondoren ospitaleraturik egon behar duten seme-alabengatiko lizentzia ordaindua.

Funtzionarioek eskubidea izanen dute egunean lantokitik bi orduz lekutzeko semea edo alaba bere garaia baino lehen jaio delako edo jaio ondoren beste edozein arrazoirengatik ospitaleraturik egon behar duelako, ordainsariak osorik jasota. Gainera, semea edo alaba ospitaleratuta dagoen bitartean, beren lanaldia gehienez bi orduz murrizten ahalko dute, eta ordainsaria ere proportzioan murriztuko zaie.”

Zortzi.–11. artikuluaren 1. eta 7. apartatuak aldatzen dira, eta honela idatzita agertuko dira:

“1. Adopzioaren, aldi baterako harrera edo iraunkorraren eta adoptatzeko zaintzaren kasuan, lizentziak hamazazpi aste iraunen du, etenik gabe. Lizentzia hori bi astez luzatuko da, adoptaturiko edo harreran harturiko adingabeak desgaitasunik badu, eta, adopzio edo harrera anizkoitzean, bigarrenetik aurrera ere bai, ume bakoitzeko.”

“7. Baimen honek irauten duen bitartean, langileek Administrazioak deitutako prestakuntza ikastaroetan parte hartzen ahalko dute.”

Bederatzi.–8. apartatua aldatzen da, 9. apartatua gehitzen da, eta egungoari “13.bis artikulua” zenbaki berria ematen zaio. Honela idatzita agertuko dira:

“8. Artikulu honetan arautzen den lizentzia ordaindua berdin-berdin aplikatuko da adopzioaren, aldi baterako harrera edo iraunkorraren eta adoptatzeko zaintzaren kasuan.”

“9. Adingabe batek ez du behin ere eskubiderik emanen artikulu honetan arautzen diren lizentzietako bat baino gehiago hartzeko.”

“10. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lizentzia hori emateko, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak aldez aurretik txostena egin beharko du, lizentzia hartzeko ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.”

Hamar.–13.ter artikulua gehitzen da, eta horren testua hauxe da:

“13.ter artikulua. Lizentzia ordaindua, gaixotasun oso larria duen senidea zaintzeko.

1. Funtzionarioek lanaldiaren ehuneko berrogeita hamar arteko murrizketa ordaindua eskatzeko eskubidea izanen dute, gaixotasun oso larria duen ezkontidea, bikotekide egonkorra edo lehen mailako senidea zaintzeko hilabeteko gehieneko epean. Zerbitzuaren beharrek hartarako bidea ematen badute, murrizketa ondoz ondoko lanaldi osoetan metatzen ahalko da.

2. Gertaera eragile beragatik eskubide horren titular bat baino gehiago badaude, horien artean banatzen ahalko da murrizketa hori hartzeko denbora, nolanahi ere hilabeteko gehieneko epea errespetatuta.”

Hamaika.–16. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“1. Lau asteko baimen ordaindua emanen da, seme/alaba baten jaiotza, harrera edo adopzioagatik. Jaiotzen denetik, administrazioak edo epaileak harrera erabakitzen duenetik edo epaileak adopzioa ebazten duenetik aurrera hartuko du guraso batek ala besteak, beren hautura, erditze, adopzio edo harreragatiko lizentzia ordaindua amaitu arte edo hori amaitu bezain laster.

Seme-alabak garaia baino lehenago jaiotzen badira edo beste edozein arrazoirengatik ospitaleraturik egon behar badute jaiotzaren ondoren, baimen hori hartzen hasten ahalko da semeak/alabak ospitaleko alta jaso ondoren.

Erditze, harrera edo adopzioagatiko lizentzia ordaindua hartzen duen gurasoaren arabera, beste gurasoa izanen da baimen hori hartzen duena.

2. Haur bat baino gehiagoz erdituz gero edo haur bat baino gehiago adoptatu edo hartuz gero, aurreko apartatuetan aipatzen den baimenaren iraupena beste bi egun naturalez luzatuko da, bigarrenetik aurrera, edo haietako batek desgaitasunik badu.

3. Baimen hau bereizia da foru dekretu honen aurreko artikuluetan jaiotza, adopzio edo harreragatik ezartzen diren lizentziak elkarrekin hartzeko araubidetik.

4. Zerbitzuaren beharrekin bateragarria baldin bada, artikulu honetan gurasotasunagatik arautzen den baimen ordaindua lanaldi partzialean har daiteke, lanaldiaren heren edo erdi baterako, enplegatuak ezarrita duen lanaldiaren lehenengo eta/edo azken orduetan. Unibertsitateaz kanpoko irakasleen kasuan, lanaldi partzialeko baimen hori lanaldiaren erdirako izanen da kasu guztietan.

Baimen hori partzialki hartzean, foru dekretu honen 12. artikuluaren 4. eta 5. apartatuetan ezarritako mugak aplikatuko dira kasu guztietan.”

Hamabi.–17. artikuluaren 3., 4. eta 5. apartatuak aldatzen dira, eta honela idatzita agertuko dira:

“3. Gurasoetako batek ala besteak, bereizketarik gabe, baino ezin izanen du hartu baimen hori.”

“4. Bularra emateko baimena jaiotzagatiko lizentzia amaitzen denetik aurrera baino ez da hartuko edo, adingabea jaio denetik, jaiotzagatiko lizentziaren denbora berdina hartzen duen denboraldia igaro ondoren.”

“5. Bularra emateko denboraren ordez, bidezkoa den denbora lanaldi osoetan metatzen duen baimen ordaindu bat eskatzen ahalko da. Baimena hartzeko modalitate horren iraupena interesdunak eskaera egiten duen egunetik aurrera kalkulatuko da.

Baimena modu honetan hartuta, enplegatuak zerbitzuak egiteari uzten badio baimena ematea ekarri duen semeak/alabak 12 hilabete bete baino lehen, beharrezko erregularizazioa eginen da.”

Hamahiru.–18. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“18. artikulua. Ernalketa lagunduko tekniketan parte hartzeko baimen ordaindua.

Funtzionarioek eskubidea izanen dute ernalketa edo ugalketa lagunduko tekniketarako behar-beharrezkoa den denboraz lanetik ateratzeko, betiere aldez aurretik lanaldian egin beharra frogatuz gero.”

Hamalau.–19.bis artikulua gehitzen da, eta horren testua hauxe da:

“19.bis artikulua. Baimen ordaindua, adopziorako edo harrerarako informazio eta prestaketa saioetara joateko.

Funtzionarioek lantokitik lekutzeko eskubidea izanen dute adopzioaren, harreraren edo adoptatzeko zaintzaren kasuan, derrigorrezko informazio eta prestaketa saioetara joateko, baita egokitasun deklarazioaren aurreko derrigorrezko txosten psikologikoak eta sozialak egiteko ere, beharrezkoa den denboran eta horiek lanaldiaren barnean egin behar direla justifikatu ondoren.”

Hamabost.–21. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“21. artikulua. Baimen ordaindua, desgaitasuna duten seme-alabak zaintzeko.

Legez onartutako desgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenetakoa duten seme-alabak dituzten funtzionarioek zilegi dute lanetik ateratzea beharrezkoa den denboran, hezkuntza bereziko ikastetxeetako koordinazio bileretan parte hartzeko edo osasun edo gizarte esparruan laguntza gehigarria jaso behar badu, hara laguntzeko.

Baimen hori berdin-berdin emanen da adopzioaren, aldi baterako harrera edo iraunkorraren eta adoptatzeko zaintzaren kasuan.”

Hamasei.–22. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“22. artikulua. Baimen ordaindua, ahaideak hiltzeagatik.

1. Lau laneguneko baimen ordaindua emanen da ezkontidea edo bizikidea eta odol bidezko nahiz ezkontza bidezko lehen mailako ahaideak hiltzen direnean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta bost lanegunekoa, handik kanpora agitzen bada.

2. Hiru laneguneko baimen ordaindua emanen da ezkontza bidezko lehen mailako ahaideak eta neba-arrebak hiltzen direnean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta lau lanegunekoa, handik kanpora agitzen bada.

3. Lanegun bateko baimen ordaindua emanen da odol bidezko edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideak, aurreko apartatuetan aipatzen ez direnak, hiltzen direnean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta bi lanegunekoa, handik kanpora agitzen bada.

4. Baimena ondoz ondo edo egun solteetan hartzen ahalko da, ahaidea hiltzen den egunetik (hori barne) hilabeteko epean.”

Hamazazpi.–23. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“23. artikulua. Baimen ordaindua, ahaideen gaixotasun edo ospitaleratzeagatik.

1. Lau laneguneko baimen ordaindua emanen da, ezkontideak edo bikotekide egonkorrak eta odol bidezko lehen mailako ahaideak bost egun baino gehiagoz ospitalean ingresatu edo etxean ospitaleratu beharra duenean edo irizpen medikoa (ospitalean egon edo ez) eritasun larriarena edo oso larriarena denean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta bost lanegunekoa, handik kanpora agitzen bada.

2. 1. apartatuan ezarritako arrazoi berdinengatik, hiru laneguneko baimen ordaindua emanen da ezkontza bidezko lehen mailako ahaideak edo neba-arrebak ukitzen dituenean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta lau lanegunekoa, handik kanpora agitzen bada.

Lanegun bateko baimen ordaindua emanen da odol bidezko nahiz ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideak, aurreko apartatuetan aipatzen ez direnak, direnean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta bi lanegunekoa, handik kanpora agitzen bada.

3. Lanegun bateko baimen ordaindua emanen da ezkontidearen edo bikotekide egonkorraren, odol bidezko edo ezkontza bidezko ahaideen eta neba-arreben ospitaleko egonaldiak eta/edo etxeko ospitaleratzeak hori baino gutxiago irauten duenean edo irizpen medikoa pronostiko erreserbatuko eritasunarena edo eritasun ez hain larriarena denean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta bi lanegunekoa, handik kanpora agitzen bada.

4. Kasu bakoitzari dagozkion baimen ordainduko egunak gaixotasunaren edo ospitaleratzearen iraupen osoan hartzen ahalko dira, eta, azken kasu horretan, ospitaleko alta jaso eta hurrengo 15 egunean ere bai, baldin eta hori bateragarria bada zerbitzuaren beharrekin.

5. Baimen hori ematen ahalko da ahaide beragatik, subjektu eragile beraren ospitaleratzeagatik edo gaixotasunagatik hartutako aurreko baimen ordaindua amaitu zenetik gutxienez ere hilabete igaro bada. Ospitaleratzeen kasuan, dagokion baimena amaitu denetik hilabetea igaro ondoren oraindik ospitaleratuta badago ahaidea, baimen berria ematen ahalko da.

6. Larrialdietako behaketako egonaldia ospitaleratzetzat joko da.”

Hemezortzi.–24. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“24. artikulua. Baimen ordaindua, zenbait tratamendu mediko jaso ondoren laneratzen laguntzeko.

1. Erradioterapia edo kimioterapia tratamendu bat amaitutakoan laneratzen diren funtzionarioek beren ohiko lanaldiaren %25era arteko mailakako egokitzapena eskatzen ahalko dute, eta denbora hori benetako lan-denboratzat joko da.

2. Egokitzapenak hilabetez irauten ahalko du alta medikoa jasotzen denetik, eta beste hilabete batez luzatzen ahalko da, tratamendu mediko horien ondorioek irauten badute.

3. Salbuespen gisa, lanaldiaren egokitzapen hori ematen ahalko da larritasun bereziko beste tratamendu batzuetako sendatze prozesuetan, egokitzapen mota hori gomendatzen duen medikuaren txostena oinarri hartuta, baina kasu horretan dauden inguruabarrak aztertu beharko dira.”

Hemeretzi.–25. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“25. artikulua. Zehaztapenak senitartekoen heriotzagatik edo gaixotasunagatik hartzeko baimen ordainduen kontaketan.

Aurreko artikuluetan ezarritako senitartekoen gaixotasunagatik edo heriotzagatik hartu beharreko baimen ordainduen kasu guztietan, enplegatuak lan egin badu baimenaren lehenbiziko egunean, egun osoan zein zati batean, lan egindako aldia baimena bukatu ondoren hartuko da.”

Hogei.–25.bis artikulua kentzen da, egungoa 25. artikulu gisa zenbatzen baita.

Hogeita bat.–26. artikuluari 4. apartatua gehitzen zaio, eta horren testua hauxe da:

“4. Baimenak barnean hartuko ditu ebakuntza kirurgikoaren eguna eta hurrengo egun naturala, jarduketa enplegatuaren lanaldia amaitu ondoren programatu ezean; izan ere, kasu horretan baimena hurrengo bi egun naturaletan hartzen ahalko da.”

Hogeita bi.–26.bis artikulua gehitzen da, eta horren testua hauxe da:

“26.bis artikulua. Baimen ordaindua, laguntza eskatzen duten prozedura kirurgiko eta diagnostikoengatik.

Egun natural bateko (proba egiten den eguna bera) baimen ordaindua emanen da ezkontidearen edo bikotekide egonkorraren eta odol bidezko lehen mailako ahaideen laguntza eskatzen duten prozedura kirurgiko eta diagnostikoetan, medikuaren txostenak behar hori xedatzen badu.”

Hogeita hiru.–28. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“28. artikulua. Baimen ordaindua, saihestu ezin daitekeen betebehar publiko edo pertsonal bat betetzeko eta laneko eta familiako eginkizunak batera eramatearekin lotutako eginbeharrengatik.

Zilegi izanen da baimen ordainduak ematea ezinbesteko eginbehar bat, publikoa nahiz pertsonala, egiteko eta laneko eta familiako eginkizunak batera eramatearekin lotutako eginbeharrengatik behar den denborarako, lanaldian egin behar dela frogatu ondoren, honako kasu hauetan:

a) Organo judizial, polizia-etxe edo beste erakunde ofizial batzuen zitazioen ondoriozko agerraldiak.

b) Lantokitik lekutu beharra seme-alaben edo desgaitasun psikikoa, fisikoa edo zentzumenetakoa duten odol bidezko edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko adinekoen bila joateko, dagokion ikastatxeak edo eguneko zentroak gaixotasun baten berri eman ondoren.

c) Hauteskunde-prozesuetan parte hartzea eta sufragio-eskubidea gauzatzea, indarra duen legerian ezarri bezala.

d) Funtzionarioen semea edo alaba dagoen ikastetxeak deitutako tutoretza bileretara joatea.

e) Funtzionarioak lan egiten duen administrazioan eratutako hautaketa epaimahai bateko kidea den aldetik, horren saioetara edo bileretara joatea.

f) Funtzionarioak lan egiten duen administrazioak deitutako laneratze edo betetze prozesuen ondorioz, destinoa edo lanpostu hutsa hautatzeko ekitaldietara joatea.

g) Udalbatzaren edo toki entitatearen, mankomunitatearen edo patronatuaren gobernu organoen edo horien mendeko batzordeen bileretara joatea, baita beste administrazio publiko batek berariaz eskatzen dizkion lan-bileretara ere, zinegotzi, parlamentari, diputatu edo senatari kargu hautetsia izateagatik baino ez.

h) Gidabaimenaren azterketa edo berritzea, lanpostuari atxikitako eginkizunak gauzatzeko baldintza hori eskatzen denean.

i) Seme-alaba adingabeekin batera joatea horiek onuradun dituen gizarte aurreikuspeneko sistemako zentroetako kontsulta medikoetara edo osasun laguntzako kontsultetara.

j) Ezkontidea edo bikotekide egonkorra, odol bidezko edo ezkontza bidezko lehen mailara arteko ahaideak edo legez onartutako desgaitasuna duten odol bidezko bigarren mailara arteko ahaideekin batera joatea horiek onuradun dituen gizarte aurreikuspeneko sistemako zentroetako kontsulta medikoetara edo osasun laguntzako kontsultetara.

k) Beste edozein eginbehar, horren ez-betetzeak erantzukizun penala, zibila edo administratiboa sorrarazten badu.”

Hogeita lau.–28.bis artikulua gehitzen da, eta horren testua hauxe da:

“28.bis artikulua. Baimen ordaindua, odola edo odol osagaiak emateko.

Funtzionarioek eskubidea izanen dute baimen ordaindua hartzeko behar den denboran, odola edo odol osagaiak emateko, hori justifikatu ondoren.”

Hogeita bost.–28.ter artikulua gehitzen da, eta horren testua hauxe da:

“28.ter artikulua. Baimen ordaindua, Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkezteko.

Funtzionarioei baimen ordaindua emanen zaie Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpen pertsonala aurkezteko behar den denborarako, lanaldian egin behar dela frogatu ondoren.”

Hogeita sei.–29.bis artikulua gehitzen da, eta horren testua hauxe da:

“29.bis artikulua. Baimen ordaindua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan hauteskunde sindikaletako hautagai izateagatik.

Kandidatura bakoitzaren ordezkariak eskaera egin ondoren, lanera ez joateko baimena emanen zaie aldarrikatutako kandidaturetako kideei bozketaren aurreko hamar egun naturalean, honako eskala honen arabera:

a) 250 hautesle baino gutxiago dituzten hauteskunde unitateetako kandidaturak: kide bat kandidaturako.

b) 250 eta 4.000 hautesle artean dituzten hauteskunde unitateetako kandidaturak: bi kide kandidaturako.

c) 4.000 hautesle baino gehiago dituzten hauteskunde unitateetako kandidaturak: hiru kide kandidaturako.”

Hogeita zazpi.–30. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“1. Urtean funtzionarioek eskubidea izanen dute gehienez hiru laneguneko baimen ordaindua (edo, zerbitzualdia laburragoa izan bada, proportzioan dagozkien egunetakoa) hartzeko, aurreko artikuluetan aipatu ez diren eginkizun partikularretarako. Egun horiek hartzeko epea hurrengo urteko urtarrilaren 31n amaituko da.”

Hogeita zortzi.–Xedapen gehigarri bakarraren izena aldatzen da, eta lehen xedapen gehigarria izanen da.

Hogeita bederatzi.–Bigarren xedapen gehigarria gehitzen da, eta horren testua hauxe da:

“Bigarren xedapen gehigarria.–Legezko tutoreei aplikatzea.

Erregelamendu honetan aurreikusten diren eta seme-alabei buruzkoak diren baimen eta lizentziak berdin-berdin aplikatuko zaizkie funtzionarioei, baldin eta legezko tutoretza onartuta badute zenbait pertsonaren gainean.”

Hogeita hamar.–Hirugarren xedapen gehigarria gehitzen da, eta horren testua hauxe da:

“Hirugarren xedapen gehigarria.– Genero neutraltasuna.

Erregelamendu honetan funtzionarioei edo enplegatuei buruz aipatzen den terminologiak gizonezko zein emakumezko funtzionario guztiak biltzen dituela ulertuko da, testu osoaren idazketari genero neutraltasuna emateko asmoz.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko abuztuaren 23an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1709978