147. ALDIZKARIA - 2017ko abuztuaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

91/2017 FORU AGINDUA, ekainaren 2koa, Garapen Ekonomikorako kontseilariak emana, Garapen Ekonomikorako kontseilariak maiatzaren 20an emandako 91/2016 Foru Agindua aldatzen duena; foru agindu horren bidez, I+G proiektuetarako laguntzen araubidea ezarri zen.

ZIOEN AZALPENA

Garapen Ekonomikorako kontseilariaren maiatzaren 20ko 91/2016 Foru Aginduaren bidez, I+G proiektuetarako laguntzen araubidea ezarri zen (2016ko 104. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 31koa).

Foru agindu horren 14. artikuluan, zeina jarduketa diruz lagungarriak justifikatzeko moduari eta epeari buruzkoa baita, 2. ataleko a) eta b) letretan zehazten da aurkeztu beharreko dokumentazio tekniko ekonomikoak jasoko zuela proiektua gauzatzeko lehen urtekoan eta bigarrenean egin eta ordaindutako gastua, hurrenez hurren.

Hala ere, egokitzat jotzen da justifikazio epean egindako ordainketa onartzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.2 artikuluak aurreikusten duen moduan. Hortaz, Garapen Ekonomikorako kontseilariaren maiatzaren 20ko 91/2016 Foru Aginduaren 14. artikuluko 2. atalaren idazketa aldatu beharra dago ondorio horietarako.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluarekin bat,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Garapen Ekonomikorako kontseilariaren maiatzaren 20ko 91/2016 Foru Agindua, I+G proiektuetarako laguntzen araubidea ezartzen duena, 14. artikuluaren 2. atalean aldatzea. Honela idatzita agertuko da:

“2. Onuradunek, telematika bidez, laguntzen fitxa baliatuz aurkeztu beharko dute hurrengo dokumentazioa, fitxa horretan eskura daitekeen ereduari jarraituz:

a) Justifikazio partziala: dokumentazio tekniko ekonomikoa, proiektua gauzatzeko lehen urtean egindako gastua jasoko duena.

b) Azken justifikazioa: dokumentazio tekniko ekonomikoa, proiektua gauzatzeko bigarren urtean egindako gastua jasoko duena.

c) Tarteko txostena: proiektuaren helburu teknikoen betetze-mailari buruzkoa, onuradunak urtean egindako gastuari buruzko erantzukizunpeko adierazpena erantsita. Ondorio horietarako, fakturatua dagoena hartuko da egindako gastutzat, nahiz ordaintzeko zain egon.

a) eta b) letretan adierazitako justifikazioari dagokionez, justifikazio epea amaitu baino lehen ordaindutako hura hartuko da egindako gastutzat.”

Xedapen iragankor bakarra.–2016ko eta 2017ko deialdietako espedienteak.

Foru agindu honetan sartutako aldaketa I+G proiektuetarako laguntzen 2016ko eta 2017ko deialdien babesean hasitako espedienteei aplikatuko zaie.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko ekainaren 2an.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F1706964