146. ALDIZKARIA - 2017ko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

237/2017 FORU AGINDUA, uztailaren 4koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana. Honen bidez aldatzen da ekainaren 16ko 222/2016 Foru Agindua, zeinaren bitartez arautu baitzen sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili, oihaneko suteak prebenitzeko.

Nekazaritzaren jarduera sozioekonomikoak eta ingurumenaren babesa bateragarriak izan daitezen, azken urte hauetan urtero onetsi dira, zenbait baldintzarekin, sua kudeaketarako tresna gisa ahalbidetzen duten arauak, batez ere Nafarroako iparraldean belaiak erretzeari dagokionez. Halaber, salbuespenez, nekazaritzako eta oihaneko lurretan erretzea baimendu da, hainbat faktore direla eta, besteak beste izurriak eta gaixotasunak agertzeagatik.

Era berean, udako aldian sute arriskua oso handia denez, urtero mugak ezarri dira, sua erabiltzeko tenperaturarik altuenak eta plubiometriarik baxuenak dituzten hilabeteetan.

Ekainaren 24ko 195/2014 Foru Aginduak arlo horren gaineko guztiak arau bakar batean bildu zituen. Ekainaren 24ko 222/2016 Foru Aginduak aldaketak egin zituen, berariaz araututa ez zegoena argitzeko, esku hartzen dutenei berme juridiko handiagoa emateko eta prozesuak bizkortzeko, betiere prebentzioari eutsita pertsonen segurtasunaren alde eta Nafarroako Foru Komunitatean oihanak mantentzearen alde.

Gaur egun, beharrezkotzat jotzen da ekainaren 16ko 222/2016 Foru Agindua aldatzea, erreketak egiteko eta horiek eskatzeko epeak egokitzeko, udatik kanpo hondakinak erretzeari dagokionez, eta erantzungailu automatikoa eta www.navarra.es webgunean informazioa gaitzeko, erreketak egiteko aukerari buruz, arrisku indizearen arabera.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Oihaneko suteak prebenitzeko sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautzen duen ekainaren 16ko 222/2016 Foru Agindua aldatzea. Artikuluak honela idatzita geldituko dira.

1. 6.1.4. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“4.–Ondoko kasuetan ezin izanen da uztondoa erre:

–Ekainaren 15etik irailaren 15era bitarte.

–Oihanen artean kokatuta dauden nekazaritzako lurretan.

–Oihan, zuhaizti edo sasitza batetik 100 metro baino hurbilago dauden nekazaritzako lurretan, haien azalera 5 hektarea baino handiagoa denean.”

2. 6.2. artikulua aldatu da, eta honela idatzita geldituko da:

“6.2. Uztondoak ez diren lehorreko lurretako beste erreketa batzuk (landare hondarrak, inausketen hondarrak eta beste batzuk erretzea).

1. Udan debekatuta egonen da sua erabiltzea beste erreketa batzuk egiteko nekazaritzako lehorreko lurretan.

2. Aldi horretatik kanpo, norbaitek erreketarik egin nahi badu gutxienez 5 hektareako azalera duen zuhaizti edo sasitza batetik 100 metro baino hurbilagoko nekazaritza lurretan, egin ahal izanen du, inprimaki autokopiagarriko baimena eskatuta eskualdeko basozaintzari, jarduera baino 15 egun natural lehenago gutxienez.

100 metro baino urrutiago baldin badaude, tramite hau ez da beharrezkoa izanen.

3. Aurreko lerroaldean adierazitakoa gorabehera, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Zuzendaritzaren ebazpenaren bidez, ezaugarri horietako lurretan sua erabiltzea debeka daiteke, bertan babestutako espezieak egoteagatik, oihaneko suteak izateko arriskuagatik edo ingurumeneko beste balio batzuengatik.

4. Edonola ere, erreketak egiten direnean, foru agindu honen 14. artikuluko baldintzak bete behar dira.”

3. 6.3. artikulua aldatu da, eta honela idatzita geldituko da:

“6.3. Ureztalurretako beste erreketa batzuk (landare hondarrak, inausketen hondarrak eta beste batzuk erretzea).

1. Nekazaritzako ureztalurretan, udan sua erabiltzeko, beharrezkoa izanen da eskualdeko basozaintzari egindako baimen eskaera aurkeztea, inprimaki autokopiagarrian, jarduera baino 15 egun natural lehenago gutxienez, baldin erreketa egin nahi den lur-eremutik 100 metro baino gutxiagora oihan-eremua badago, zuhaitzez nahiz sasiz osatua, 5 hektareako azalerakoa gutxienez.

2. Gainerako aldietan ez da beharrezkoa izanen tramite hori egitea. (Arroza eta artoa, negua barne).

3. Aurreko lerroaldean adierazitakoa gorabehera, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Zuzendaritzaren ebazpenaren bidez, ezaugarri horietako lurretan sua erabiltzea debeka daiteke, bertan babestutako espezieak egoteagatik, oihaneko suteak izateko arriskuagatik edo ingurumeneko beste balio batzuengatik.

4. Edonola ere, erreketak egiten direnean, foru agindu honen 14. artikuluko baldintzak bete behar dira.”

4. 6.4. artikulua aldatu da, eta honela idatzita geldituko da:

“6.4. Ureztatzeko nekazaritza azpiegiturak.

1. Debeku da sua erabiltzea azpiegitura horien mantentze-lanetarako udako aldiak irauten duen bitartean.

2. Gainerako hilabeteetan, sua erabiltzeko baldintza hauek bete behar dira:

2.1. Hormigoizko erretenetako ertzak eta kutxak erretzea:

a) Gutxienez 5 hektareako azalera duen zuhaizti edo sasitza batetik 100 metro baino hurbilago egiten diren erreketetan, aurkeztu beharko da eskualdeko basozaintzari egindako baimen eskaera, inprimaki autokopiagarrian, jarduera baino 15 egun natural lehenago gutxienez.

b) Erreketek, edozein kasutan, foru agindu honen 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar dituzte.

2.2. Landareak erretzea erretenetan eta isurbideetan.

a) Erreten eta isurbideetako erreketak egiteko baimena beharko da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren ebazpen baten bidez. Ureztatzaileen elkarteak edo ukitutako azpiegituren kudeatzaileak tramitatu beharko du eskaera.

b) Erretenetan pilatzen den landaretza hila erretzeko, beharrezkoa izanen da eskualdeko basozaintzari egindako baimen eskaera aurkeztea, inprimaki autokopiagarrian, jarduera baino 15 egun natural lehenago gutxienez.

c) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Zuzendaritzaren ebazpenaren bidez, ezaugarri horietako lurretan sua erabiltzea debeka daiteke, bertan babestutako espezieak egoteagatik edo ingurumeneko beste balio batzuengatik.”

5. 7.1.b artikulua aldatu da, eta honela idatzita geldituko da:

“b) Landare osasunarengatik, urtarrilaren 21eko 58/2005 Errege Dekretuak berrogeialdipeko izurri deklaratutako eta/edo oihaneko sistemetarako kaltegarriak diren organismoak erauzi edo kontrolatzeko jarduketetan.”

6. 7.1 artikuluaren azken lerroaldea aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“Baimena lortzeko eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Zerbitzuan aurkeztuko dira, aurreikusitako jarduera gauzatu baino 15 egun natural lehenago gutxienez. Baimenean, jardueraren arduradunaren identifikazioa eta jardueraren deskripzioa eta kokapena jasoko dira. Jarduketak ofizioz sustatu ditzakete Nafarroako Gobernuaren unitateek, eta Ingurune Naturalaren Zerbitzuak baimendu beharko ditu.”

7. 7.2.b artikulua aldatu da, eta honela idatzita geldituko da:

“b) Moztutako sasi hondarrak, belardietako mugen, pareten, borden eta antzekoen mantentze-lanetatik datozenak, erretzen direnean piletan metatuta, bakartuta eta su har dezakeen basotik bereizita, beharrezkoa izanen da eskualdeko basozaintzari egindako baimen eskaera aurkeztea, inprimaki autokopiagarrian, jarduera baino 15 egun natural lehenago gutxienez.”

8. 7.2.c artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“Eskaerak aurkezteko epea urriaren 1etik otsailaren 1era artekoa izanen da”.

9. 7.2.c artikuluari lerroalde hauek erantsi zaizkio:

“–Erreketak partikularrek sustatzen badituzte herrilurretan, eskaerak toki entitatearen oniritzia beharko du.

–Erreketak arrisku handikotzat hartzen badira, eta ingurumen, baso edo ondasun higiezinen arloko balioak ukitzen ahal badira suaren ihesarengatik, erreketa plana idaztea eska daiteke, non adieraziko baitira erreketaren eremua, preskripzio leihoak, erreketa egiteko babes bitartekoak, eta erreketaren aurretik gauzatu daitezkeen neurriak (sasiak garbitzea, lerro beltzak, etab.). Erreketa egiteko baimenak berarekin dakar erreketa plana onestea. Plan horren arabera eginen da erreketa. Hartan zehaztuko da nork parte hartuko duen eta zein izanen den bakoitzaren eginkizuna.”

10. 7.2 artikuluari d) letra erantsi zaio, eta honela idatzita geldituko da:

“d) Salbuespenez, sasiak erretzerik izanen da habitatak hobetzeko, bai baso bai nekazaritza ingurunean, udako sasoitik kanpo, sustatzaileak aldez aurretik eskatuta eta Ingurune Naturalaren Zerbitzuko zuzendariak baimena emanda.”

11. 9.a artikulua honela idatzita geldituko da:

“a) Zuhaitzetatik, zuhaixketatik edo sasietatik 300 metro baino urrutiago dauden kokapenetan, edo larreetan eta belaietan, kontuan izan gabe zein den haien babes araubidea, ez da baimenik eskatu behar edo Foru Komunitateko Administrazioari aldez aurretik komunikatu behar material piroteknikoa, globoak edo sua ekartzen duen edozein tresna erabiltzeko, helburua edozein delarik ere, kasuan kasuko toki entitateak baimendutako jardueren esparruan.”

12. 9.b artikuluaren lehenbiziko lerroaldea honela idatzita geldituko da:

“b) Zuhaitzez, zuhaixkaz edo sasiz estalitako lurretatik 300 metro baino hurbilago dauden tokietan, edo larreetan eta belaietan, edozein izanik ere haien babes eremua, ikuskizunaren sustatzaileek Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Zerbitzuari eta SOS-Nafarroa 112ri komunikatu behar diete, gutxienez aste bat lehenago, zer egunetan eta zein tokitan gauzatuko den jarduera hori. Kasu horretan ondoko prebentzio neurriak ezartzen dira, nahitaez bete beharrekoak”

13. 9.c artikulua gehitu da. Hona haren testua:

“Ikuskizun mota hau bertan behera geldi daiteke, kontuan izanik kontrako baldintza meteorologikoak eta suteetarako arrisku handia”

14. 10.2.c eta 14.1.b artikuluetan, Suhiltzaileen Parkeari abisatzeko esaten den tokian, aldaketa egin eta 112-SOS Nafarroari abisatzeko jarri da.

15. 14.2. artikuluko 1. puntua honela idatzita geldituko da:

“Artikulu honen 1. puntuan aurreikusitako baldintzez gainera, eta uztondoak ezabatzeko sua erabiltzen denean, bai lehorreko lurretan bai ureztalurretan, ondokoak ere bete beharko dira”

16. 14.2.a. eta 14.3.a artikuluak honela geldituko dira idatzita:

“Erreketa hasi aurretik, Nafarroako Gobernuaren webgunea kontsultatu beharko da, edo 848426040 telefono erantzungailura deitu, jakiteko ea egun horretan erreketa egin daitekeen, suteen arriskuaren arabera.”

17. 14.3.b artikulua honela idatzita geldituko da:

“Baimenaren xede den landaredia baizik ez da erreko, eta guztiz debekatuta dago erre beharreko guneetan edo horien mugetan dauden zapaldak, errekak, ezpondak, erretenak, zuhaitz bakartuak edo zuhaizti txikiak erretzea, salbu habitatak hobetzeko egiten diren erreketetan.”

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko ekainaren 4an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

1. ERANSKINA

Zonifikazioaren egutegia eta emandako datak:

ZONA

1. DATA

2. DATA

3. DATA

4. DATA

1

09-15

09-20

09-25

09-30

2

09-16

09-21

09-26

10-01

3

09-17

09-22

09-27

10-02

4

09-18

09-23

09-28

10-03

5

09-19

09-24

09-29

10-04

Iragarkiaren kodea: F1708937