110. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1496/2017 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez arautzen dira 30 urtetik beherako langabeen praktiketako kontratazioa sustatzeko diru-laguntzak.

Nafarroako Gobernuaren lehentasunezko helburuetariko bat da gazteen langabezia-tasa murriztea. Nafarroan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik dauden gazteen profila oso antzekoa da sexuen arabera (%53,33 emakumezkoak, eta %46,66 gizonezkoak). 20 eta 29 urte bitartekoak dira. Gizatalde honentzat lan aukera gutxi daudenez nahiz eta lanbide prestakuntza izan, lan merkatuan sartzeko aukera gutxiago dituzte.

Azken hilabeteetan Foru Komunitatean langabezia kopuruak jaitsi badira ere, oraindik ere 30 urtetik beherako pertsona askok, hainbat arrazoirengatik, eragozpenak eta zailtasunak dituzte lan munduan sartzeko.

Argi dirudiena da prestakuntza handiena dutenek aukera gehiago dituztela lan merkatuan lehenago sartzeko. Horregatik da hain inportantea prestakuntza enplegua lortzeko. Hala, orain ezarriko diren laguntzek zuzenean izanen dute eragina 30 urtetik beherako gazteen prestakuntzan.

Hazkunde, Lehiakortasun eta Eraginkortasunerako Presako Neurriak onesten dituen urriaren 15eko 18/2014 Legearen bidez (Gazteen Bermearen Sistema Nazionala Bultzatzeko Presako Neurriei buruzko abenduaren 23ko 6/2016 Errege Lege Dekretuaren bidez aldatua), Gazteen Bermearen Sistema Nazionala sortu zen. Horren helburu nagusia da lanean ez dauden eta ezein hezkuntza eta/edo prestakuntza ekintzatan parte hartzen ez duten gazteei aukera ematea enplegu eskaintza egoki bat izateko edo prestakuntza jarduera bat eta/edo lanbide praktikak egiteko. 2014-2020 Gazteen Enplegurako Programa Eragilearen bidez, kofinantzatu baitute 2014-2020 aldirako Europako Gizarte Funtsak eta Gazteen Enplegurako Ekimenak, sistema horretan inskribaturiko pertsonentzako neurriak finantzatzen dira, gizatalde horren lanbide kualifikazioa hobetzeko eta haien praktiketako kontratazioa sustatzeko.

Hortaz, programa horren bidez sustatu nahi da gazte langabeak praktiketan kontrata daitezela. Horrela, kontratazioa sustatzen da, Nafarroako Foru Komunitatean lantokiak dituzten enpresek enplegua sortzea bultzatzen da, eta lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituen gizatalde hori lanean hasteko erraztasunak ematen dira. Gainera, lan esperientzia hau beren lanbide kualifikazioekin bat etorriko da, eta hileko gutxieneko soldata bat finkatuko da, kalitateko enplegua sustatzearren. Azkenik, lan merkatuko desberdintasunak handitu ez daitezen, laneratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonen kontratazioa lehenetsiko da, baita emakumezkoena ere.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du, non, besteak beste, deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea eskatzen baita.

Foru lege horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea baimentzen duenean.

Nafarroako Gobernuak, 2017ko apirilaren 5ean egindako bilkuran, erabaki zuen banakako ebaluazioaren araubidea onartzea gazte langabeen praktiketako kontratazioa sustatzeko diru-laguntzetarako. Diru-laguntzaren gertaera eragilea da gazte horiek praktiketan kontratatzea haien enplegagarritasuna hobetzeko eta haien laneratzea errazteko.

Azaldutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 30 urtetik beherako gazte langabeen praktiketako kontratazioa sustatzeko diru-laguntzen deialdia onestea, baita haren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen eranskinean agertzen direnak.

2. 300.000 euroko gastua baimentzea 2017ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura: “Enpresek gazteak kontratatzeko pizgarriak. Konferentzia sektoriala. EGF-YEI (E-14/000102-07 PEP elementua. Gazteak kontratatzeko zuzeneko laguntzak)” izeneko 950001 96100 4709 241205 partida.

3. Aurreko puntuko partidaren kargura bideratzea 2016. ekitaldian ebazteko gelditu ziren praktiketako kontratazio modalitaterako eskaerak.

4. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 23an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1.–Xedea eta finantzaketa iturriak.

1.1. Oinarri hauen xedea da enpresei gazte langabeak praktiketan kontratatzeko emanen zaizkien diru-laguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea. Gazte horiek Gazteen Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian inskribaturik egon beharko dute, zeina Hazkunde, Lehiakortasun eta Eraginkortasunerako Presako Neurriak onesten dituen urriaren 15eko 18/2014 Legearen bidez sortu baitzen, eta praktiketako kontratuaren bidez kontratatuko dira. Kontratu mota hori Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11.1 artikuluan arautua dago.

1.2. Kontratazioak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita egin beharko dira.

1.3. Praktiketako kontratuak egiteko diru-laguntzak Gazteen Enplegurako Programa Eragilearen barnean sartzen dira, zeina Gazteen Enplegurako Ekimenak eta Europako Gizarte Funtsak batera finantzatzen baitute 2014-2020 eperako.

2.–Enpresa eta entitate onuradunak.

2.1. Entitate hauek izan daitezke diru-laguntzen onuradun:

a) Enpresak.

b) Langile autonomoak.

c) Irabazi-asmorik gabeko entitateak.

2.2. Diru-laguntzen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Helbide soziala eta fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea, edo lantoki bat izatea Nafarroan.

b) Legez eratuak izatea, bakoitzaren araudiaren arabera, eta, hortaz, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izatea eta dagokion erregistro publikoan inskribaturik egotea.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekurik urratu ez izana.

2.3. Betebehar horiek guztiak diru-laguntza eskaera aurkezteko egunean bete beharko dituzte entitate onuradunek, baita diru-laguntzaren xedeko kontratuak irauten duen bitarte osoan ere.

3.–Salbuespenak.

Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira entitate hauek:

a) Estatuko Administrazio Orokorra eta Estatuko Administrazio Orokorraren antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen III. tituluan eta hamargarren xedapen gehigarrian araututako erakundeak.

b) Administrazio autonomikoak, toki entitateak eta haien erakunde publikoak.

c) Enpresa eta fundazio publikoak.

d) Enplegurako zentro bereziak.

e) Gizarteratze soziolaboralerako enpresak.

4.–Eskaeren aurkezpena eta epeak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratua hasi eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaerak aurkezteko, administrazio prozedura erkidea arautzen duen legerian aurreikusitako bideak eta moduak erabiliko dira.

4.3. Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan agerrarazteko bulegoaren izena, harrera data eta tokia. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

4.4. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

5.–Instrukzioa eta tramitazioa.

5.1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

5.2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

5.3. Eskaerak aurkezten diren hurrenkera berari jarraikiz ebatziko dira.

6.–Ebazpena eta diru-laguntza ordaintzea.

6.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du diru-laguntza eman edo ukatzen den.

Ebazpena gehienez ere bi hilabetean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

6.2. Ebazpena entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, diru-laguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

6.3. Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

6.4. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren eskaeraren xedeko jarduketa egin dela eta enplegatzailea egunean dagoela bere zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharretan, diru-laguntza eman eta ordainduko da.

7.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

8.–Laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Administrazioak, beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek, nazionalak edo nazioartekoak izan, edo partikularrek helburu bererako ematen dituztenekin. Halere, lortutako pizgarrien zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

9.–“De minimis” laguntza.

9.1. Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago “enpresa bakarraren” definizioa.

9.2. Horretarako, enpresek kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortuko dituzte.

10.–Diru-laguntzen jakinarazpena eta publizitatea.

10.1. Ebazpenak entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie, administrazio prozedura erkideari buruzko legedian aurreikusi bezala. Gainera, Nafarroako Atarian argitaratu beharko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, orobat, egiturazko funtsei buruzko xedapenak ezartzen dituen 1303/2013 EB Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. atalean ezarritakoa betez (Informazioa eta jakinarazpena).

10.2. Era berean, praktiketako kontratuak egiteko ematen diren diru-laguntzei dagokienez, Europako Gizarte Funtsak Nafarroan duen erabilerari gardentasuna eta zabalkundea eman nahian, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak aldian behin argitaratuko du diru-laguntzen zerrenda Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web orrian, eta Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak, berriz, UAFSEren web orrian. Honako hauek adieraziko dira: entitate onuraduna, IFZ, jasotako laguntzaren zenbatekoa eta haren helburua.

Laguntza onartzearekin batera, entitate onuradunak berariaz onartzen du bere datuak argitaratzea aipatutako web orrietan.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web orrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

10.3. Entitate onuradunek sustatu eta zabaltzeko jarduketa guztietan agertu beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela, eta Europako Gizarte Funtsaren eta Gazteen Enplegurako Ekimenaren baterako finantzaketa izan dutela. Lan kontratuan berean jasoko dira hala diru-laguntzaren xedea nola Europatik aurreikusten den baterako finantzaketa.

11.–Ez-betetzeak, diru-laguntzen itzulketa eta zehapen araubidea.

11.1. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, administrazioak onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldaraziko du, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

11.2. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

11.3. Kontratua aldez aurretik bukatzen bada, 14.2 oinarrian adierazi bezala, eta entitateak ez badu kontratatutako pertsona ordezten, edo ordezten badu oinarri horretan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da egindako ordainketaren hein bateko itzulketa eskatzea, oinarri hauetan kontratu edo praktikei eskatzen zaien gutxieneko hilabete kopurua betetzeko falta den denboraren arabera kalkulatua.

Nolanahi ere, kontratua 4 hilabete igaro aurretik iraungitzen bada, eta entitate onuradunak ordezkorik kontratatzen ez badu, edo bidegabekotzat aitortutako edo deklaratutako kaleratzearen bidez kanporatzen baldin badute, diru-laguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interes eta guzti.

11.4. Diru-laguntza hartzen duten entitateek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzei dagokienez ezarrita dauden erantzukizunak izanen dituzte eta hango zehapen araubidearen mende egonen dira.

12.–Arau osagarriak.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak eta aplikagarri den gainerako araudi administratiboa aplikatuko dira.

Zehazki, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketari dagokionez, hauxe izanen da erreferentziazko araudia:

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1303/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 17koa, Europako Egitura eta Inbertsio Funtsei buruzko xedapen komunak ezartzen dituena.

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1304/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 13koa, Europako Gizarte Funtsari buruzkoa.

–Hazkundeari, Lehiakortasunari eta Eragimenari buruzko presako neurriak onesteko urriaren 15eko 18/2014 Legearen IV. tituluaren I. kapitulua (Gazteen Bermearen Sistema Nazionalari buruzkoa), geroago aldatu zena honako honen bidez: Bigarren aukeraren mekanismoari, finantza-karga murrizteari eta ordena sozialeko beste neurri batzuei buruzko uztailaren 28ko 25/2015 Legearen 12. azken xedapena.

–Lan Autonomoaren Zuzendaritza Nagusiaren 2015eko uztailaren 29ko Ebazpena, ekonomia sozialari eta enpresen erantzukizun sozialari buruzkoa, zeinaren bidez Gazteen Bermearen Sistema Nazionalaren aplikazio eremua handitu baitzen (2015eko 181. Estatuko Aldizkari Ofiziala, uztailaren 30ekoa).

–Hazkunde, Lehiakortasun eta Eraginkortasunerako Presako Neurriak onesten dituen urriaren 15eko 18/2014 Legea (Gazteen Bermearen Sistema Nazionala Bultzatzeko Presako Neurriei buruzko abenduaren 23ko 6/2016 Errege Lege Dekretuaren bidez aldatua).

13.–Jarduketa diruz lagungarriak.

13.1. Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokietan praktikak egiteko asmoz egiten diren kontratazioak izanen dira diru-laguntzen xede.

13.2. Diru-laguntzen xede diren praktiketako kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Kontratuaren iraupena 6 hilabetekoa izanen da, gutxienez.

b) Kontratazioaren xedeko lanpostuek kontratatuaren prestakuntza akademikoarekin eta/edo profesionalarekin bat etorri beharko dute.

c) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina azkeneko kasu horretan, ez dira inoiz ere izanen ezarritako lanaldiaren %50etik beherakoak.

d) Urteko gutxieneko lansari gordina (aparteko pagak barne) kontratuan agertuko da, eta, titulazio akademikoa zein den, honako kopuru hauek adinakoa izanen da gutxienez:

–Unibertsitateko titulua: 17.000 euro.

–Goi mailako heziketa zikloak (LH II): 14.500 euro.

–Erdi mailako heziketa zikloak (LH I) eta profesionaltasun ziurtagiriak: 12.000 euro.

Diru kopuru horiek lanaldi osoetarako dira. Lanaldia txikiagoa izanez gero, proportzionalki murriztuko dira.

e) Kontratuak Langileen Estatutuaren 11.1. artikuluan eta hura garatzen duen araudian xedatutakoa beteko du.

14.–Kontratatzen diren pertsonek bete beharreko baldintzak

14.1. Kontratatzen diren pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte kontratazioaren unean:

a) Nafar Lansare–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko edozein enplegu agentziatan inskribaturik egotea.

b) Gazteen Bermearen Erregistro Nazionalean inskribaturik egotea.

c) 30 urtetik beherakoak izatea, salbu eta aplikatu beharreko araudiak beheragoko adin muga bat ezartzen badu.

d) Honako titulu hauetariko bat izatea:

–Unibertsitateko titulua.

–Lanbide Heziketako goi mailako heziketa zikloak (LH II) edo erdi mailako heziketa zikloak (LH I), eta horien baliokide izanen dira teknikari espezialisten titulua (LH II) eta laguntzaile teknikariaren titulua (LH I).

–Profesionaltasun ziurtagiria.

14.2. Kontratatutako pertsonaren batek lana uzten badu diruz laguntzen den epea bukatu baino lehen, ordezko pertsona bat jarri beharko zaio gehienez ere hilabeteko epean, oinarri honetan ezarritako baldintzen arabera, eta, orobat, ordezten den pertsonaren lanaldia, lansaria eta gizataldea errespetatuz. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari horren berri eman beharko zaio, kontratu berriaren egunetik hasita hilabeteko epean gehienez.

Kasu horretan, egiten diren kontratu guztien iraupenen baturak deialdi honen bidez diruz laguntzen den denbora-tartea beteko du gutxienez.

15.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

15.1. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa lanaldi osoan kontratatzen den pertsonaren titulu akademikoaren araberakoa izanen da.

a) Unibertsitateko titulua: 5.100 euro.

b) Goi mailako heziketa zikloak (LH II): 4.350 euro.

c) Erdi mailako heziketa zikloak (LH I) eta profesionaltasun ziurtagiriak: 3.600 euro.

Lanaldia laburragoa izanez gero, proportzioan murriztuko da eman beharreko diru-laguntza.

15.2. Ondoren adierazten diren kasuetan, azaldutako diru-laguntza guztiei %20ko gehigarria ezarriko zaie:

a) Emakumeen kontratazioa.

b) Desgaitasuna duten pertsonak kontratatzea, halakotzat harturik %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua dutenak, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan xedatutakoarekin bat (haren bidez onetsi zen desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haiek gizarteratzeari buruzko lege orokorra).

Bi egoera horiek bilduz gero, %20ko gehigarria besterik ez da aplikatuko.

15.3. Zenbateko horiek unitate bakoitzeko kostua aintzat hartzen duen baremo estandar bat erabiliz finkatu dira, lan arloan indarra duen legediaren arabera enpresak ordaindu beharreko gutxieneko kontratazio kostuak kontuan hartuz, honako arau hauetan ezarritakoarekin bat: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko EB 1303/2013 Erregelamenduaren 67. artikulua eta Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzaturiko gastuen justifikazioari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko EB 1304/2013 Erregelamenduaren 14.4 artikulua.

16.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

16.1. Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web orri ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.

b) Entitate onuradunak eta langabeak izenpetutako lan kontratua.

c) Kontratatutako pertsona Gazteen Bermearen Erregistro Nazionalean inskribaturik dagoela justifikatzen duen agiria.

d) Bigarren, zortzigarren eta bederatzigarren oinarrietan eskatutako baldintzak betetzen direla dioen erantzukizunpeko aitorpena, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura dagoen eredu ofizialaren arabera.

e) Europar Batasunaren betebeharrak ezagutzen dituela adierazten duen aitorpena, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura dagoen eredu ofizialaren arabera.

f) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.

g) Bidezko bada, desgaitasunak dituen pertsona dela frogatzea, 15.2. b) oinarrian xedatu bezala.

h) Gardentasunari buruzko betebeharrak.

h.1. Onuradun diren entitate eta pertsona juridikoak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritako gardentasun betebeharrari lotuak egonen dira, aurrekontu horien kargurako diru-laguntzak jaso eta bi baldintza hauek betetzen direnean:

1.–Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

2.–Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.

h.2. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

16.2. Eskaera osorik egon ezean, instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.

17.–Entitate kontratatzaileen betebeharrak.

Honako hauek dira entitate onuradunen betebeharrak:

a) Gazte langabeekin lan-kontratua sinatzea, legez ezarritako araudiaren arabera.

b) Laguntza emateko ebazpena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin ordaindu beharreko zorrik ez izatea. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan.

c) Diru-laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea eta egiten diren kontroletan laguntzea.

d) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

f) Europako Batzordeak, Europar Batasuneko Kontuen Auzitegiak, Nafarroako Gobernuak edo Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak egiten dituen kontrol lanak onartzea.

g) Diruz laguntzen diren ekintzen kudeaketarekin eta gastuekin zerikusia duten egiaztagiriak auditoria eta kontrol organoen eskura edukitzea hiru urtez, eragiketaren gastuak biltzen dituzten kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 140.1 artikuluak ezartzen duen bezala.

h) Kontabilitate-sistema bereizi bat edo azpi-kontu bat eramatea Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantzaketaren xedeko eragiketei lotutako transakzio guztietarako, edo, gutxienez, transakzio horiek argi eta garbi identifikatzeko moduko kontabilitate-kodifikazio bat erabiltzea.

18.–Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola.

18.1. Diru-laguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, diruz lagundutako jarduera gauzatzen dela ziurtatzeko, baita ezarritako baldintzak betetzen diren aztertzeko ere. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du deialdi honen bidez finantzatzen den kontratazioaren xedeko pertsona diruz lagundutako denboraldi osoan egon dela kontratatua eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran. Hori egiaztatuta, espedientea bukatzeko ebazpena emanen da.

18.2. Jarduketak gauzatzean eta haiek eta haien gastuak egin direla justifikatzean, egiturazko funtsei diru-laguntzen, kudeaketaren eta kontrolaren arloetan aplika dakizkiekeen xedapen guztiak errespetatuko dira, batez ere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Egitura eta Inbertsio Funtsei buruzko xedapen komunak ezartzen dituena.

19.–Datuen babesa.

19.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

19.2. Kontratazioaren xede diren pertsonen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako eta, horri dagokionez, interesdunak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzeko gainerako arauetan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira.

20.–Indarra hartzea.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F1706316