110. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

74/2017 FORU AGINDUA, ekainaren 2koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana. Honen bidez izendatzen dira Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 51. artikuluan aurreikusita dagoen Arbitraje Batzordeko kideak.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa onetsi zuen abenduaren 26ko 28/1990 Legearen 51. artikuluak Arbitraje Batzordea ezartzen du, eta eginkizun hauek esleitzen zaizkio:

a) Hitzarmen hau bakoitzaren tributu harremanei buruzko kasuetan aplikatu eta interpretatzearen ondorioz administrazio interesdunen artean sortzen diren gatazkez arduratzea.

b) Estatuko Administrazioaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren artean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta beste autonomia erkidego bateko administrazioaren artean sortzen diren gatazkak konpontzea gai hauetan: Nafarroako Foru Komunitateak ordainarazi behar dituen tributuen lotura puntuen aplikazioa eta, sozietateen gaineko zergan edo balio erantsiaren gaineko zergan, baterako tributazioa egiten denean administrazio bakoitzari dagokion proportzioa zehaztea.

c) Zergadunen helbideratzea dela-eta sor daitezkeen desadostasunak konpontzea.

Aipatutako artikuluko 2. idatz-zatian ezarritakoaren arabera, hiru kidek osatuko dute Arbitraje Batzordea, Ogasuneko ministroak eta Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak izendatuta zerga edo ogasun arloan ospe handia duten adituen artean, sei urterako.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ekainaren 1ean emandako 77/2011 Foru Aginduaren bidez, Arbitraje Batzordeko kideak izendatu ziren. Hortaz, Arbitraje Batzordeko kideen kargualdia iraganik, beste izendapen bat egin behar da berriz.

Bestalde, Arbitraje Batzordearen Erregelamenduaren 4. artikuluak ezartzen du, osaerari dagokionez, hiru arbitroetatik bat batzordeburu ariko dela, eta beste biak batzordekide.

Horrenbestez, eta Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren artean lortutako akordioaren arabera

AGINDU DUT:

1. Eugenio Simón Acosta jauna izendatzea Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 51. artikuluan aurreikusitako Arbitraje Batzordeko buru.

2. Ana María Muñoz Merino andrea eta José Antonio Asiáin Ayala jauna izendatzea Arbitraje Batzorde horretako kide.

3. Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Ekonomia eta Ogasun Ministerioak Nafarroan duen ordezkaritzari, Arbitraje Batzordeko Idazkaritzari, Arauen Garapen eta Fiskalitaterako Zerbitzuari eta Hitzarmen Ekonomikoaren eta Finantza Plangintzaren Zerbitzuari.

Iruñean, 2017ko ekainaren 2an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1706755