108. ALDIZKARIA - 2017ko ekainaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FITERO

Udal ordenantza, gizartea eta ekonomia sustatzeko laguntzetarako. Behin betiko onespena

Fiteroko Udalak, 2017ko otsailaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen ordenantza hori. Erabakia 2017ko 50. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 13an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1190 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Zioen azalpena

Fiteroko Udalaren lehentasunen artean dago bere eremuan hala industriak nola merkataritzako eta zerbitzuetako jarduerak instalatzen laguntzea eta, horrekin batera, enpleguak sortzea; horregatik, jada badu inbertsio eta enplegurako laguntzen ordenantza, nahiz eta gaur egungo egoera ekonomikoak anbizio handiagoko planteamendua egitea eskatzen duen, argi eta garbi jokatuz Fiteron gizartea eta ekonomia sustatzearen alde, zentzurik zabalenean eta ahalik eta agente eta sektore gehien bilduz; eta horretarako ordenantza hau planteatu da, non honako hauek sustatzeko mekanismoak ezartzen diren: enpresak instalatu eta finkatzea, hobekuntza teknikoak egitea enpresei merkatuan ongi kokatzen laguntzeko, baina, horretaz gainera, saltoki txikien edo zerbitzu jardueren ekintzailetza bultzatu nahi da argi eta garbi, baita turismo ekimenei laguntza eman ere, hori guztia herrian enplegu berriak sor daitezen.

Hala bada, ordenantza honek gure eremuan instalatzeko asmoa duten enpresak aktibatzeko tresna izan nahi du, eta gure herriaren eta herritarren bizi maila hobetzen laguntzeko beharrezkoak diren eta ematen ahal diren pizgarriak ezartzeko Udalaren nahiari lotuta dago.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da Fiteroko Udalak diru-laguntzak, laguntzak eta salbuespenak emateko prozedura arautzea, horien xedea izanik udal mugartean gizartea eta ekonomia sustatzea eta dinamizatzea.

2. artikulua. Laguntzen esparrua.

Udal laguntzak jaso ditzakete Fiteroko udal mugartean egin nahi diren jarduerek eta jarduketek, baldin eta, bakoitzarentzat ezarritako baldintzak betetzeaz gainera, honako xede hauetara bideratuta badaude:

1.–Merkataritzaren eta zerbitzuen sarea sustatzea.

2.–Lanpostu mugagabeak sortzea herrian erroldatuta daudenentzat.

3.–Enpresa jarduera berriak ezartzea autoenpleguaren bitartez.

4.–Turismo arloko Departamentuan gutxienez ere hiru izarreko sailkapena lortzen duten landetxeak jartzea.

5.–Ekipamenduko hobekuntzetan inbertsioak egitea, aktibo finkoak eskuratzeko eta/edo enpresak eta saltokiak modernizatzeko sistemak ezartzeko.

6.–Inbertsioak egitea industriaren eta merkataritzaren sarea hobetzeko.

7.–Industrialdean industria berriak ezartzea.

3. artikulua. Muga orokorra.

Deialdia urtekoa izanen da, eta aurrekontuan kasuan kasuko partidaren bidez jartzen den diruaren araberako kopurua izanen da guztira.

4. artikulua. Laguntza mota guztietarako baldintza orokorrak.

Onuradun izateko bete beharrekoa:

a) Laguntza lortzen duen jarduera egiazki Fiteron garatzea, ez baita aski izanen sozietatearen egoitza bertan izatea.

b) Zerga eta tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuta izatea.

c) Laguntza mota bakoitzerako zehazten diren berariazko baldintzak betetzea eta, ondorio horietarako, Fiteroko Udalak egiten ahal dituen egiaztapen jarduketak onartzea.

Jardueran aldaketaren bat izaten bada eta horren ondorioz laguntza sorrarazi zuten baldintzak aldatzen badira, besteak beste oinarrizko baldintzen aldaketak, onuradunek idatziz jakinarazi beharko diote Udalari, aldaketa izaten den unean berean.

5. artikulua. Laguntza mota guztietan aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra.

Orokorrean, eta laguntza mota bat edo beste eskatu, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Udalari eskaera idatzia aurkeztea.

b) Eskatzailearen eta bere ordezkarien nortasuna frogatzen duen dokumentazioa: NANa, IFK, sozietatea eratzeko eskriturak, kasuaren arabera.

c) Gizarte Segurantzaren ordainketa eguneratua duela dioen ziurtagiria.

d) Udal eta foru zergen ordainketa eguneratua duela dioen ziurtagiria.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, non agertuko baita eskatzaileak ez duela inolako debekurik eta onuradun izateko baldintza orokorrak betetzen dituela.

f) Helbideratzeko bankuko datuen ziurtagiria.

g) Laguntza mota bakoitzean eskatzen den berariazko dokumentazioa.

6. artikulua. Laguntzak emateko prozedura.

Eskaerak Udal honetako sarrera erregistroan aurkeztu beharko dira, dagozkien agiriekin batera. Aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez akatsak edo hutsak dituzten eskaerei hogei egun balioduneko epea emanen zaie, jakinarazpenaren biharamunetik aitzina, akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta artxibatu eginen da tramite gehiagorik gabe.

Eskaerak aurkezteko epea irekita egonen da, aurrekontuan xede honetarako dagoen dirua agortu arte.

Eskabideen aurkezpen ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, banakako ebaluazioaren araubidean, muga izanik urte bakoitzean aurrekontuan erabilgarri dagoen dirua. Ekitaldi batean kreditu gehiagorik ez egoteagatik ukatzen diren eskaerek ez dute eskubiderik sorraraziko hurrengoetarako.

Laguntzak Udalbatzak emanen ditu, osoko bilkuran erabakita, aldez aurretik Industria, Merkataritza eta Turismo Batzordeak irizpena emanda. Batzorde horrek deialdian ezarri diren irizpideen arabera aztertuko ditu eskaerak eta agiriak.

Aurkeztu eta sei hilabeteko epearen barrenean ebatzi beharko dira eskaerak. Epe hori ebazpen espresik gabe iragaten bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

7. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legean arau-hauste administratiboetarako ezarritako erantzukizunei eta zehapen araubideari loturik egonen dira laguntzen onuradunak. Halaber, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean dagokiena aplikatuko zaie.

Ezarritako baldintzak betetzen ez badira, enpresa onuradunak emandako datu edo argibideetan faltsukeriarik edo itxuragabekeriarik baldin badago batez ere baldintzak betetzeari dagokionez, egiaztapenak egiteko lanak oztopatzen badira eta laguntzak eman, ordaindu edo mantentzeko erabakigarriak diren gertaera edo inguruabarrak ezkutatzen badira, deuseztatu eginen dira emandako onurak, erabat edo hein batean murriztuko dira emandako diru-laguntzak, eta hala balitz, jasotakoak itzuli beharko dira, berandutze interes eta guzti.

Aipatutako kasuetan, behar den espedientea tramitatuko da kontraesanaren eta probaren printzipioen arabera, eta onuradunari entzutea emanen zaio. Espedientean beharrezkotzat jotzen diren proba eta alegazioak bilduko dira, eta Fiteroko Udaleko Osoko Bilkura izanen da diru-laguntzak ebatzi, murriztu edo baliogabetzeko organo eskudun bakarra.

8. artikulua. Bateragarritasuna.

Ordenantza honen xede diren diru-laguntzak bateragarriak dira edozein administraziok edo entitatek emandako beste diru-laguntza batzuk hartzearekin.

II. KAPITULUA

Merkataritzaren eta zerbitzuen arloko ekintzailetzarako laguntzak

9. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak.

Laguntza emanen da enpresa txikiak jartzeko, baldin eta beraien jarduera nagusia txikizkako merkataritza edo zerbitzuak ematea bada, Fiteroko udal mugartean kokatuta badaude, dela ekimen berrien ondorioz edo dela jada funtzionamenduan dagoen txikizkako saltoki baten errelebo enpresarialeko proiektu bat beren gain hartzearen ondorioz.

Era berean, laguntza ematen ahalko da lokalaren gastuetarako, izan erosia izan alokairuan.

10. artikulua. Baztertzeak.

Laguntzatik kanpo daude lehenagoko enpresa baten izenaren edo forma juridikoaren aldaketa baten, kapital handitze baten edo egiturazko aldaketa baten ondoriozko enpresak.

Ordezten den titularra enpresa berriari bazkide edo langile gisa lotuta geratzen denean, enpresa horiek ez dira sartuko errelebo enpresarialaren kontzeptuan.

11. artikulua. Diru-laguntza lortzeko baldintzak.

Diru-laguntza eska dezakete pertsona fisikoek edo juridikoek, dauden formetako edozeinetan eratuek, baldin eta, 4. artikuluan aipaturiko baldintza orokorrez gain, honako hauek betetzen badituzte:

–Ekonomia jardueren gaineko zergako alta eguna ez izatea 2017ko urtarrilaren 1aren aurrekoa.

–Deialdia argitaratu aurreko 2 urteetan Fiteron txikizkako merkataritza jarduera batean norberaren kontura ez aritu izana. Eskatzailea pertsona juridikoa bada, baldintza hori kide guztiek bete beharko dute.

–Kalearen mailan dagoen merkataritza lokal batean egin behar da jarduera.

–Lokalak jendearendako irekita egon behar du merkataritzako ordutegian.

12. artikulua. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

5. artikuluan aipatzen den dokumentazio orokorraz gain, eskatzaileek agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) EJZko alta.

b) Eginen den jardueraren gaineko memoria.

c) Irekitzeko lizentzia eta/edo jarduerarena.

d) Lan bizitza.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, horren bidez azaltzeko ez dela merkataritza jarduera batean aritu baldintzetan aipaturiko epean.

f) Lokalaren alokairu kontratua edo jabetza eskritura, laguntza hori lortu nahi izanez gero.

13. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzen zenbatekoa honako hau izanen da:

–2.500 euro, merkataritzaren eta zerbitzuen sarea sortzearen kontzeptuan.

–1.000 euro, osagarri, merkataritzako lokala hartzeko gastuen kontzeptuan (alokairua edo erosketa).

14. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunek jarduera gutxienez ere 24 hilabetez mantentzeko konpromisoa hartzen dute; hori bete ezean, laguntza osoa edo zati bat itzuli beharko dute. Denbora horretan, hiruhilekoari dagokion BEZaren aitorpena aurkeztu beharko dute Udalean, jarduera mantentzen ari direla frogatzeko.

Lokalerako laguntza osagarria lortzen bada, beharrezkoa da lokala salerosketa bidez lortzea edo gutxienez 24 hilabetekoa den alokairu kontratua edukitzea.

15. artikulua. Ordaintzeko modua.

Onuradun izaera jakinarazitakoan, emandako laguntza osoaren ordainketa eginen da.

III. KAPITULUA

Enplegua sustatzeko laguntzak

16. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak.

Laguntza jaso dezaketenak:

a) Autoenplegua, baldin eta merkataritzako ekintzailetzarako laguntzen kategorian sartuta ez badago.

b) Lanpostu mugagabe berriak sortzea, Fiteron erroldatuta dauden eta bertan bizi diren pertsonek betetzen dituztenean.

Kontratudun edo autoenplegatu bakoitzeko, diru laguntza bakarra eskuratzen ahalko da kontzeptu horrengatik.

17. artikulua. Baztertzeak.

Diru-laguntza honetatik kanpo daude kontratu mugagabe hauek:

a) Kontratudunak eskabidekoa ez bezalako kontratu mugagabe batekin egin badu zerbitzu enpresa eskatzailean edo hari lotuta dagoen batean.

b) Kontratatzailearen eta kontratudunaren artean odolkidetasun loturak daudenean, odolkidetasunaren eta ahaidetasunaren bigarren mailaraino (gurasoak, seme-alabak, anai-arrebak, suhi-errainak eta koinatu-koinatak). Enpresa lotutzat hartzen da enpresak edo bazkideek kapital sozialaren %20 baino gehiago ordezkatzen badute, edo enpresa lotuan zuzendaritza karguak betetzen dituztenek loturaren xede den enpresaren kapital sozialaren %20 baino gehiago badute.

18. artikulua. Diru-laguntza eskatzeko baldintzak.

Diru-laguntza eska dezakete pertsona fisikoek edo juridikoek, dauden formetako edozeinetan eratuek, baldin eta, 4. artikuluan aipaturiko baldintza orokorrez gain, honako hauek betetzen badituzte:

a) Autoenplegua (autonomoak):

–Gizarte Segurantzako araubide berezian dagokion inskripzioa, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita.

–Azken hogeita lau hilabeteetan araubide berezi berean egon ez izana.

–Gizarte Segurantzako bestelako araubideetan ez kotizatzea.

–Ustiapenaren titularrak izatea, nekazaritzako edo abeltzaintzako jarduera baldin bada.

–Lokalaren gastuetarako laguntza osagarria eskuratu ahal izateko, ezin da etxebizitza baten barneko eremu bat izan. Alokairua izanez gero, errentatzaileak ezin du eskatzailearekin loturarik izan ahaidetasuneko hirugarren mailan.

b) Enpresak:

–Sortzen diren enplegu berriek enpresan kontratu mugagabea dutenen kopurua handitzea.

–Eskaera kontratazioaren ondorengo 40 eguneko epean egitea.

19. artikulua. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

5. artikuluan aipatzen den dokumentazio orokorraz gain, eskatzaileek agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Autonomoak:

–Alta Araubide Berezian dagokion sailean.

–EJZko alta.

–Eginen den jardueraren gaineko memoria.

–Lan bizitzaren ziurtagiria.

–Zinpeko aitorpena, azken hamabi hilabeteetan Araubide Berezian egon ez izanari buruzkoa.

–Lokalaren alokairu kontratua edo jabetza eskritura, laguntza hori lortu nahi izanez gero.

b) Enpresak:

–Kontratatu aitzineko hamabi hilabeteetako Tc1 etaTc2 orriak, lan kontratudun finko eta aldi baterakoak bereiziz.

–Erantzukizunpeko adierazpena, bertan zehaztuz zenbat langile mugagabe zeuden laguntza eskatu aurretik eta zenbat ondoren.

–Diruz laguntzen ahal diren lan-kontratu mugagabeak edo, halakorik bada, alta Gizarte Segurantzako araubide berezian.

–Kontratatutako pertsonaren NANa.

–Lehengo kontratua, halakorik bada.

–Langilearen lan bizitzaren ziurtagiria.

20. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzen zenbatekoa honako hau izanen da:

–1.500 euro, autonomo berrientzat edo autoenplegurako.

–1.000 euro bitarte, kontratu mugagabearekin edo Gizarte Segurantzako araubide berezietan izena emanda plantillari gehitzen zaion lagun bakoitzeko.

Zenbateko hori 1.200 euro bitarte handitzen ahal da kasu hauetan:

  • Emakumeendako lanpostua.
  • Gazteendako lanpostua (25 urte edo gutxiago izanik).
  • 50 urtetik gorakoendako lanpostua.

Lanaldi partzialeko kontratu mugagabeak badira, proportzioz dagokiona aterako da.

–500 euroko laguntza osagarria, beren jarduerarako lokal bat (erosita edo alokairuan) eskuratu behar duten autonomoentzat.

21. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

Diruz laguntzen diren kontratu finkoak edo Gizarte Segurantzako araubideko alta gutxienez ere 24 hilabetez mantendu behar dira. Denbora horretan, hiruhilekoari dagokion BEZaren aitorpena aurkeztu beharko da Udalean autonomoen kasuan, eta laguntza jasotzen denetik seihilekoekin bat datozen hilabeteen TC2, jarduera mantentzen ari direla frogatzeko.

Lokalerako laguntza osagarria jasoz gero, alokairuak gutxienez ere 24 hilabetez egon behar du indarrean.

22. artikulua. Ordaintzeko modua.

Onuradun izaera jakinarazitakoan, emandako laguntza osoaren ordainketa eginen da.

IV. KAPITULUA

Turismoko ostatuak jartzeko laguntzak

23. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak.

Etxebizitzak eraberrituz hotel plaza berriak sortzea landetxe izateko, Nafarroako Gobernuako Turismo Zerbitzuaren aldeko txostena izanez gero.

Kontzeptu honetan sartzen dira bai gela zerbitzuak dituzten landetxeak (establezimendu horietan gela zerbitzua ematen da, eta establezimenduaren titularrak bere etxebizitzaren erabilera partekatzen du, ostatu emateko den eremu edo eranskin batekin), bai etxebizitza osoko landetxeak (establezimendu horietan bizileku zerbitzua ematen da, eta etxebizitzaren erabilera lagatzen da, berehala erabili ahal izateko baldintzekin, ekipamenduarekin, instalazioekin eta zerbitzuekin).

24. artikulua. Diru-laguntza eskatzeko baldintzak.

Gutxienez ere hiru izarreko sailkapena lortu duten turismo establezimenduek eskatzen ahal dituzte laguntzak.

Obra lizentzia eskatzeko datak ezin du 2017ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa izan.

25. artikulua. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

5. artikuluan aipatzen den dokumentazio orokorraz gain, eskatzaileek agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Inbertsio proiektuaren memoria, bideragarritasun ekonomikoaren plana barne.

b) Proiektu teknikoa edo aurreproiektua, diru-laguntza zein jarduketatarako eskatzen den zehaztuta.

c) EJZko alta.

d) Obra lizentzia.

e) Irekitzeko/jarduerarako lizentzia.

f) Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzioa eta establezimenduaren sailkapena.

26. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntza egindako inbertsioen %25era helduko da, 5.000 euro gehienez.

27. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunek jarduera gutxienez ere 48 hilabetez mantentzeko konpromisoa hartzen dute; hori bete ezean, laguntza osoa edo zati bat itzuli beharko dute. Denbora horretan, hiruhilekoari dagokion BEZaren aitorpena aurkeztu beharko dute Udalean, jarduera mantentzen ari direla frogatzeko.

28. artikulua. Ordaintzeko modua.

Onuradun izaera jakinarazitakoan, emandako laguntza osoaren ordainketa eginen da.

V. KAPITULUA

Inbertsioak egiteko laguntzak

28. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak.

Inbertsio hauetarako jaso daiteke diru-laguntza: industriak edo saltokiak sortu, hobetu edo modernizatzeko inbertsioak, herriko enpresa sarea handitu edo berrituko dutenak, horretan sartuz bai ekipamenduak eskuratzea bai obrak egitea.

29. artikulua. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

5. artikuluan aipatzen den dokumentazio orokorraz gain, eskatzaileek agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Inbertsio proiektuaren memoria, bideragarritasun ekonomikoaren plana barne.

b) Proiektu teknikoa edo aurreproiektua, diru-laguntza zein jarduketatarako eskatzen den zehaztuta.

c) EJZko alta.

d) Obra lizentzia.

e) Irekitzeko/jarduerarako lizentzia.

f) Ekipamenduak eskuratzearen faktura.

30. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntzak honako hauek izanen dira:

–%3ko diru-laguntza, aurkezten den proiektua gauzatzeko aurrekontuaren gainean.

–Portzentaje hau puntu bat eta erdi bitarte gehitzen ahalko da, eta hori baino gehiago, ezartzen den jarduera enpresa handi bat bada, horrelakotzat joz 12 lanpostu sortzen dituena.

–Makinerian, ekipamenduetan edo I+Gn egiten den inbertsioaren kostuaren gaineko %1, 10.000 euroko mugarekin.

Ondorio horietarako, ordenantza honek indarra hartu aurreko ekitaldian kontzeptu lagungarrien arabera egin diren inbertsioak ere sartzen dira hemen.

31. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunek jarduera gutxienez ere 5 urtez mantentzeko konpromisoa hartzen dute; hori bete ezean, laguntza osoa edo zati bat itzuli beharko dute.

32. artikulua. Ordaintzeko modua.

Onuradun izaera jakinarazitakoan, emandako laguntza osoaren ordainketa eginen da.

VI. KAPITULUA

Industrialdean industria berriak jartzeko laguntzak

33. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak.

La Dehesa de Ormiñen industrialdean udal lurzorua eskuratzeko kostua jotzen da kontzeptu lagungarritzat; hau da, salerosketa eskrituran azaltzen den zenbatekoa, kanpoan utziz interesak, zeharkako zergak eta errekarguak.

Ez dira kontzeptu lagungarritzat joko notarioaren, perituen edo erregistroaren gastuak.

34. artikulua. Baztertzeak.

Lurzorua eskuratzean lehendik dauden enpresak lekuz aldatu besterik egiten ez denean.

Partikularren arteko lurzoru transakzioak.

Lurzoru eskuratzeen helburua lehendik dauden enpresen edo jardueren stockak, materialak, ordezko piezak, makinak, produktuak eta abar biltegiratzea besterik ez denean eta, beraz, ezarpen berriak produkzio edo zerbitzu jarduera bat sortzen ez duenean.

35. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntzak honako hauek izanen dira:

–Lurzorua eskuratzeko zenbatekoaren %50aren pareko laguntza finantzarioa.

–Eskuratze kostuaren gaineko %8ko diru-laguntza, udalerrian erroldatuentzat sortzen den lanpostu bakoitzeko, 3tik hasita.

–%10 arte, inbertsioaren zenbatekoa 600.000 eurotara heltzen bada.

–%10, instalatu nahi den jarduera udalerriarendako interes estrategikotzat jotzen badu Udalak.

–%10, eskuratutako azalerak 8.000 m² gainditzen baditu.

36. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

Eskuratzea egin ondoren, obrarako lizentzia eta jarduerarena edo irekitzekoa eskatu beharko dituzte, hiru hilabeteko epean. Edonola ere, onuradunak lizentzia lortu eta gehienez ere sei hilabeteko epean hasi behar ditu eraikuntza lanak, eta jabetza titulua lortzen duenetik bi urteko epean bukatu. Epe horiek luzatzea eska dezake eskaera arrazoitua eginez eta berari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik; horren gaineko ebazpena Tokiko Gobernu Batzarrak emanen du.

Diru-laguntza hau jasotzen duen jarduera ekonomikoa eta Gizarte Segurantzako alta gutxienez ere etenik gabeko 30 urtez mantendu beharko ditu. Lurzatian ezarritako jarduera data hori baino lehen ixten bada, horren arrazoiak ongi frogatu beharko dira Udalean, Udalak berak erabaki dezan arrazoi horiek ustekabekoak eta/edo ezinbestekoak diren ala, aitzitik, laguntzak ematerakoan jarritako baldintzak haustearen ondorio diren, eta halakoetan, jasotako hobaria osorik edo hein batean itzuli beharko da.

Ezin izanen dira eskualdatu, ez osorik ez hein batean, adjudikatutako ondasunak, ezta bertan egindako obrak edo eraikuntzak ere, aldez aurretik Udalaren baimen espresik ez bada.

37. artikulua. Ordaintzeko modua.

Parametroak aztertu eta kasu bakoitzean ematen den laguntza portzentajea kuantifikaturik, eskuratzearen kostuari hobaria emanez eginen da ordainketa, gutxitzearen bitartez; hala bada, laguntzaren muga haren prezioa izanen da.

Emandako zenbatekoa bankuko abal baten bidez bermatu beharko da jarduera abian jarri arte; abal hori Udalean aurkeztuko da Jabetza Erregistroan inskribatu aurretik, eta baldintza gisa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartu ondoren, indarrik gabe geldituko da Inbertsiorako eta enplegurako laguntzen ordenantza, 2014ko martxoaren 31n onetsia eta 2014ko 111. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 9an, argitaratua.

Fiteron, 2017ko maiatzaren 2an.–Alkatea, Raimundo Aguirre Yanguas.

Iragarkiaren kodea: L1705178