88. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Aldaketa, Udalaren altzariak eta tresnak erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituen 1. arauan. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2016ko urtarrilaren 28an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Udalaren altzariak eta tresnak erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituen 1. arauan.

Hasierako onespenaren iragarkia 2016ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, otsailaren 15ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, behin betiko onetsi da aipatutako araudia.

Ordenantzen artikuluetan aldaketa anitz egin direnez, eta maiz erabiltzen den edukia denez, komenigarria dirudi, argitasunaren mesedetan, ordenantzen testu osoa hona ekartzea.

Burlatan, 2016ko apirilaren 13an.–Alkatea, José María Noval Galarraga.

ARAUA, UDALAREN ALTZARIAK ETA TRESNAK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

1. ARAUA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluaren 2. ataleko 2. azpiatalean xedatutakoari jarraikiz ezarri da, eta haren 28. artikuluko baimenaren babesean.

Kontzeptua

2. artikulua. Udalaren altzariak eta tresnak erabiltzeko eskubidea dakarren udal baimenagatik prezio publikoak galdatuko dira.

Ekintza batzuetan Udala laguntzaile denean eta antolatzaileei elementu horiek ematen dizkienean ez da prezio publiko hau erabiliko.

Orobat, ez da prezio publiko hau erabiliko Udalarenak ez diren elementuak garraiatzen direnean, jarduera sozialekin, ongintzakoekin, kulturalekin edo interes publikokoekin loturik, baldin lankidetza hitzarmen bat sinatu bada ongintza, gizarte edo kultura arloko entitate batekin; eta, era berean, ez da prezio publiko hori erabiliko baldin erantzuna eman behar bazaie banakako egoera bat-bateko eta salbuespenekoei, gabezia ekonomiko larriak dituzten pertsona edo familien kasuan, zailtasun handiak badituzte presaz eta berehalakoan betetzeko oinarrizko beharrak, esaterako ostatu-hartzea, osasungarritasuna, etab. Betiere, kasu horietan gizarte zerbitzuen txostena beharko da.

Udalak oro har lagunduko du, kultura, aisia, tokiko merkataritza eta antzekoak sustatzeko dituen ahalmenen barnean, baldin partikularrek garatuko duten jarduera Burlatako udalerrian gauzatzen bada pertsona guzti-guztientzat eta doan.

Halaber, ez da sorraraziko prezio publikorik aulkiak, mahaiak edo bestelako elementuak uzteagatik, irabazi asmorik gabeko erakundeek antolatzen dituzten ekitaldietan erabiltzen badira eta/edo horiek antolatzeko Udalaren babes berariazko eta publikoa badago.

Kudeaketarako eta diru-bilketarako arauak

3. artikulua. Prezio publikoa ordaindu beharra sortzen da baimena ematean, eta ordaindu beharko da altzariak eskura izan baino bi egun lehenago, gutxienez.

4. artikulua. Interesdunak erabiltzeari uko egiten ahalko dio ekitaldirako ezarritako data baino hogeita lau ordu lehenago gutxienez, eta halakoetan prezio publikoaren %50 itzuliko zaio.

5. artikulua. Aipatutako altzariak eta tresnak erabiltzeko baimena Udalak nori ematen dion, haiexek daude beharturik prezio publikoa ordaintzera.

6. artikulua. Udalaren altzariak eta tresnak erabiltzeko Udalbatzak onetsitako arauen arabera emanen da baimena.

Tasak materiala eraman baino lehenago ordaindu beharko dira.

Kalterik egiten bada, eskatzaileak bere gain hartuko beharko du, Udaleko teknikariek balorazioa egin ondotik.

Tarifak

7. artikulua. Altzariak eta tresnak erabiltzeko tarifak eranskinean agertzen dira.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Tarifak.

Udalaren musika-kiosko estalia, egun bakoitzeko 82,25 euro.

–Oholtza (2 x 2 metro), egun bakoitzeko: 4,10 euro.

–Lanetarako hesi metalikoak, egun eta unitate bakoitzeko: 1,35 euro.

–Agertoki estalia, egun bakoitzeko: 240,75 euro.

–Aulki bakoitza, egun bakoitzeko: 0,65 euro.

–Gainera, egoera onean itzuliko direla bermatzeko, eraman aitzin 2 euroko gordailua eginen da unitate bakoitzeko.

Elementuak garraiatu behar badira, tarifek goiti eginen dute, honela:

–Esku hartzen duen A mailako udal langile bakoitzeko, ordu edo zatiki bakoitzeko: 46,16 euro.

–Esku hartzen duen B mailako udal langile bakoitzeko, ordu edo zatiki bakoitzeko: 29,65 euro.

–Esku hartzen duen C mailako udal langile bakoitzeko, ordu edo zatiki bakoitzeko: 21,73 euro.

–Esku hartzen duen C mailako udal langile bakoitzeko, udaltzaina baldin bada, ordu edo zatiki bakoitzeko: 25,70 euro.

–Esku hartzen duen D mailako udal langile bakoitzeko, ordu edo zatiki bakoitzeko: 18,69 euro.

–Esku hartzen duen E mailako udal langile bakoitzeko, ordu edo zatiki bakoitzeko: 16,71 euro.

–Kamioia erabiliz gero, ordu edo zatiki bakoitzeko: 49,50 euro.

–Ibilgailua erabiliz gero eta hura kamioia ez bada, ordu edo zatiki bakoitzeko: 18,60 euro.

Iragarkiaren kodea: L1604480