88. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Aldaketa, Burlatako udalerriko aisialdiko biltoki iraunkor zein aldi baterakoak arautzen dituen udal ordenantzan.
Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2016ko urtarrilaren 28an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Burlatako udalerriko aisialdiko biltoki iraunkor zein aldi baterakoak arautzen dituen udal ordenantzako aldaketa. Erabakia 2016ko 28. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 11n, baita Burlatako Udaletxeko iragarki oholean ere.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da, eta haren testu osoa argitaratzeko agintzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan.

Burlatan, 2016ko martxoaren 29an.–Alkatea, José María Noval Galarraga.

BURLATAKO UDALERRIKO AISIALDIKO BILTOKI IRAUNKOR ZEIN ALDI BATERAKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA.

Atarikoa

Gure herrian gazteek aisialdia betetzeko duten moduetako bat etxabeak aisialdirako leku gisa erabiltzea da. Lehen herriko jaiak bezalako data zehatzetan erabiltzen baziren ere, gaur egun ohikoa eta zabaldutako ekintza bihurtu dira eta herritarren artean erabat onartuta daude.

Garrantzitsua da aipatzea gazteek, historian zehar, garaien arabera moldatu dituztela beren aisialdia eta ongi pasatzeko modua. Horrek belaunaldien arteko tirabirak eta desadostasunak sortu ditu historian zehar, arazo handirik gabe konpondu badira ere pixkanaka.

Herritarren sektore honek, bere bilakaeraren izaerarengatik, berdinen taldea bilatzen du, bizitza ulertzeko moduak, gurariak eta kezkak partekatzeko taldekideekin. Askotan, administrazio publikoek ez dute jakin edo ezin izan dute dotazio egokirik eskaini, talde horien ahalmen guztia bildu eta bideratzeko. Autoantolakuntza izan da gazteriak eman duen erantzun logiko eta berezkoa.

Burlatako Udalak argi du gertakari hau bi alderditatik begiratuta arautu behar dela: alde batetik, lokal horiek sortzen dituzten eragozpenen eta balizko arriskuen ondorioz herritarrek dituzten kezkei erantzutea, eta, bestetik, gazteriaren elementu dinamizatzaile gisa aintzat hartzea. Udalaren ustez, erabat bateragarriak dira bi alderdi horiek.

Halako lokalei buruzko araudirik ez dagoenez, lokal batzuek egiturazko baldintza desegokiak dituzte, eta horrek arrisku larria sortzen die segurtasunaren aldetik lokalaren erabiltzaileei eta auzoko bizilagunei.

Zioen azalpen honetan adierazitakoaren ildotik, abenduaren 10eko 26/2001 Foru Legeak, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 14ko 2/1989 Foru Legea aldatzen baitu, zioen azalpenean jasotzen du izaera sozialeko josteta jardueretan erabiltzen diren sarrera murriztuko lokal eta instalazioek sortzen duten arazoari aurre egin beharra, batez ere besteen segurtasuna, osasungarritasuna eta eragozpenak jokoan daudenean.

Bide berari jarraitzen dio xedapen zatiak ere; izan ere, aldatutako legeko 1.2 artikuluaren testu berriak dioenez, josteta edo aisialdi jarduerak egiteko lokal horiek, nahiz eta bere aplikazio esparrutik kanpo dauden, behar diren baldintza teknikoak bete behar dituzte hirugarrenei enbarazu ez egiteko eta pertsona eta ondasunen segurtasuna bermatzeko, bereziki egituren sendotasunari eta instalazioaren funtzionamenduari dagokienez, suteen aurkako prebentzio eta babes neurriei dagokienez eta, orobat, osasungarritasun eta higiene baldintzei dagokienez; horretarako, behar den udal lizentzia eduki beharko dute.

Lurzoruari buruzko maiatzaren 28ko 8/2007 Legeak, hiritarraren estatutuaren barrenean (4. eta 5. artikuluak), ondasun eta eskubideen zerrenda jasotzen du. Eskubideen artean, etxean zaratarik edo beste emisio kutsagarririk gabe bizitzekoa dago. Eta betebeharren artean, besteak gogaitu edo haien ondasunak hondatzeko arriskua duten egintza edo jarduerarik ez egitea.

Ordenantza honen helburua da aisiako toki horiek bermatzea, erabiltzaileendako zein auzoendako eragozpen eta arriskuak saihestuz, eta interes pribatuak interes publikoarekin bateratzea.

Ordenantzaren edukia da behar diren neurri zuzentzaileak zehaztu eta eskatzea; orobat, eskaera prozeduraren inguruko xedapenak eta erantsi beharreko dokumentazioa ezartzen dira, baita haiek huts eginez gero hartuko diren neurriak ere. Neurri horiek bat eginen dute erantzukizuneko aitorpen eta aurretiazko jakinarazpenetarako aurreikusitako erregulazio berriarekin, haiek arautzen dituen ordenantzan ezarritakoarekin bat.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Helburua.

Aztertutako dokumentazioaren eta testu arauemaile honen gaineko prozeduren argitan, Udalak printzipio hauek ezartzen ditu, Udalak arlo honetan duen borondatearen laburpen gisa:

a) Biltokien erabilera bizilagunen eskubideekin bateragarri egitea.

b) Batez ere gazteek aisia alternatiborako eskatzen dituzten lekuek segurtasun eta higiene baldintza gutxienekoak betetzen dituztela bermatzea, erabiltzaileei beraiei eta herritarrei oro har eragozpenik eta arriskurik ekar ez diezaieten.

2. artikulua. Definizioak.

Artikulu honetan ordenantza honen xedeko jarduerak zehaztu, deskribatu eta bereizi nahi dira.

a) Biltoki iraunkorrak: sarbide mugatuko lokalak dira, jende guztiarentzat irekiak ez daudenak. Egitura egokia duten eraikinetako beheko solairuetan soilik egoten ahal dira. Jendea bertan biltzen da aisialdirako, kulturarako, ikasteko edo antzekoetarako. Araudiak espresuki ezartzen ez duenean, gisako erabilerarekin parekatuko da.

I. eranskinean agertzen dira gutxienez eskatzen diren baldintzak.

b) Aldi baterako biltokiak: sarbide mugatuko lokalak dira, jende guztiarentzat irekiak ez daudenak. Egitura egokia duten eraikinetako beheko solairuetan soilik egoten ahal dira. Jendea bertan biltzen da aisialdi, josteta eta antzekoetarako, herriko festetan. Ordenantza honetan xedatutako baimena bakarrik izanen da lokala herriko festetan eta haien aurreko egunean eta ondokoan erabiltzeko.

2. eranskinean agertzen dira gutxienez eskatzen diren baldintzak.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau aplikatuko zaie Burlatako udal mugapean gaur egun dauden eta geroan irekitzen diren aisialdiko biltoki iraunkor zein aldi baterako guztiei.

1) Honako kasu hauetan eginen da erantzukizuneko aitorpena, baita ondorengo kontrola ere, Jarduera sailkatuetarako, obretarako eta era guztietako jarduerak abiarazteko erantzukizuneko aitorpena eta aurretiazko komunikazioa egiteko prozedura arautzen duen ordenantzan xedatuari jarraituz:

a) Aisialdiko biltokietan egiten diren obrak, ordenantza horretan ezarritakoaren arabera hala badagokie.

b) Aisialdiko biltokiak, iraunkorrak edo alde baterakoak izan, martxan jartzea eta aldatzea.

2) Honako kasu hauetan eginen da aurretiazko jakinarazpena, kontuan hartu gabe martxan jarri zen erantzukizuneko aitorpenaren edo lizentziaren menpe egonik, Jarduera sailkatuetarako, obretarako eta era guztietako jarduerak abiarazteko erantzukizuneko aitorpena eta aurretiazko komunikazioa egiteko prozedura arautzen duen udal ordenantzan xedatuari jarraituz:

a) Aisialdiko biltoki egonkor zein aldi baterakoen titulartasuna aldatzea.

b) Aisialdiko biltokiak, iraunkorrak edo alde baterakoak izan, etetea eta iraungitzea.

4. artikulua. Erabilera mugak.

Lokal horiek aisialdirako erabiltzeko baimenak muga batzuk izaten ahal ditu, erregelamendu honen xedapenen eta araudiaren arabera aplikagarri direnak.

Zehazki, honako hauek:

a) Ezin izanen da lastaira, kartoi eta plastikorik (edalontziak, platerak eta ohiko beste tresna txiki batzuk izan ezik) erabili edo pilatu, ezta sutea sortu edo zabaltzeko arriskua ekar dezakeen beste edozein material ere.

b) Lokalaren barnean ezin izanen da inola ere surik egin, ezta gai sukoirik gorde ere.

c) Aisialdiko biltokiko erabileran sortzen den hotsak ez ditu 30 dbA gaindituko (egunez, 07:00etatik 23:00ak arte), eta 25 dbA (gauez, 23:00etatik 07:00ak arte).

Lokalak aireko zaratarako isolamendu akustikoa eduki beharko du lokalaren eta goiko solairuaren artean, 55 dbA-koa, musikako eta/edo telebistako ekipoa edo musika entzuteko beste edozein gailu badago eta gehienez 65 dbA-ko potentzia badu, eta hein batean gaueko ordutegian erabiltzen bada.

Udal agintaritzak eska dezake, egokia iruditzen bazaio, hots potentziaren mugatzailea jar dadila musikako ekipoan, ordenantza honetan ezarritako gehieneko hots maila bermatzeko.

Lokalean musika entzuteko gailurik ez badago eta eguneko ordutegian soilik erabiltzen bada (07:00etatik 23:00ak arte), aireko zaratarako isolamendu akustikoa 50 dbA-koa izaten ahalko da.

d) Edonola ere, musika eta/edo telebistarako ordutegi murrizketa ezartzen da eta, beraz, musikako ekipoak ezin izanen dira erabili 23:00etatik 08:00ak arte astegunetan, ezta 02:00etatik 11:00ak arte ere ostiraletan, larunbatetan eta jai bezperetan.

Herriko festetan ordutegi murrizketa hori 03:00etatik 08:00ak arte izanen da.

e) Jarduera erabiltzean ateak eta leihoak itxita eduki beharko dira, zarata ateratzeak sor ditzakeen eragozpenak saihesteko.

f) Ezin izanen da eremu publikoa lokaleko altzariz edo beste edozein elementuz hartu, ibilgailuen edo oinezkoen joan-etorria eragotzi edo oztopatzen bada.

g) Beharrezkoak diren neurriak hartuko dira instalazioa eta bere ingurua garbi egonen direla bermatzeko, baita sortzen diren hondakinak bildu eta suntsitzeko ere.

h) Lokalean ezin izanen da merkataritzako inolako jarduerarik edo salmentarik egin. Halaber, ez da “establezimendu publikotzat” joko inolako ondoriotarako, eta espresuki debekatuta egonen da ikuskizunak eta josteta jarduerak egitea herritarrentzat oro har, hala biltoki iraunkorretan nola aldi baterakoetan.

i) Adingabeek edari alkoholdunak eta tabakoa kontsumitzeko debekua beteko da, Adingabeei Edari Alkoholdunen Kontsumoa Galarazi eta Mugatzeari buruzko martxoren 16ko 10/1991 Foru Legearen eta otsailaren 14ko 6/2003 Foru Legearen arabera, edo horiei dagozkien arau indardunen arabera.

j) Droga toxikoak, gai sorgorgarriak edo psikotropikoak edukitzeko, haiekiko tolerantzia izateko, legez kanpo kontsumitzeko edo haiekin trafikatzeko debekua beteko da, Herritarren Segurtasuna babesten duen otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 23.i) artikuluarekin bat, edo horiei dagozkien arau indardunen arabera.

k) Lokalean ezin izanen da animaliarik eduki gauez edo egunez arduradunik gabe.

l) Beste edozein, ordenantza honetako edo sektore honetan aplikatzekoa den araudiko xedapenen ondoriozkoa.

5. artikulua. Kanpoko txostenak, eremu saturatuak eta ziurtagiriak

a) Udalak kasuan kasuko zerbitzuen mankomunitateei txostena eskatzen ahal die jardueraren inguruko alderdi garrantzitsuei buruz, honako hauek zehaztuta: hondakin urak kolektoreen sarera isurtzeko onarpena eta jarduerak sortzen dituen hondakinei dagokiena.

b) Txosten horretan jasoko da lokala antzeko beste batzuetatik ondoan dagoen, eta proposatzen ahalko da, Udaltzaingoaren txostena ikusirik, eremuren bat edo kale zatiren bat “saturatutzat” jotzea.

c) Udaleko zerbitzu teknikoek, higiezinaren kontserbazio egoera ikusirik, segurtasun akatsak atzematen badituzte lokalean (eta 80 urtetik gorako erakinetan beti), jabeari eskatuko diote (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 87. artikuluarekin bat), teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria aurkez dezala, horren bidez bermatzeko lokalaren eta, hala behar bada, eraikinaren segurtasuna eta egituraren sendotasuna.

6. artikulua. Eredu normalizatuak.

Aisialdiko biltoki iraunkorren zein aldi baterakoen erantzukizuneko aitorpena eta horri erantsi beharreko dokumentazioa aurkezteko, ordenantza honen eranskinetan jasotzen diren eredu normalizatuak erabili behar dira.

Eredu horiek herritarren eskura egonen dira Burlatako Udalaren webgunean, baita Udalaren bulegoetan ere.

LEHEN TITULUA

Aisialdiko biltoki iraunkorrak
eta aldi baterakoak martxan jartzea lortzeko prozedura

7. artikulua. Ordezkaritza.

“Aisialdiko biltokietako” kideek “nortasun juridikorik gabeko batasunak” osatzen dituzte, eta ordezkari bat izendatu beharko dute, haren bitartez ari daitezen Udalarekin egiten dituzten tramite guztietan.

“Aisialdiko biltokiko” kide guztiak adingabeak badira, bi ordezkari beharko dira: biltokiko kide baten legezko tutorea eta gazteen ordezkari bat, biltokiko gainerakoek hautatua, adin nagusikoa izatea behar ez duten ordezkaritza eginkizun guztiak betetzeko.

“Aisialdiko biltokiko” kideak adingabeak eta adin nagusikoak badira, azken horietako bat izanen da ordezkaria.

Ondorio guztietarako, Burlatako Udalak egin beharreko jarduketak ordezkariaren bidez eginen dira. Udal egintza guztiak jakinarazpenetarako izendatzen den pertsonaren helbidera helaraziko dira, eta ordezkariak gainerako kideei eman beharko die jarduketa horien berri. “Aisialdiko biltokia” erantzukizuneko aitorpena lokalaren jabeak aurkeztu badu, horri ere jakinaraziko zaizkio.

Helbide edo ordezkari aldaketa guztien berri eman beharko diote biltokiek Udalari kasuan kasuko aurretiazko jakinarazpenaren bidez; izan ere, interesdunak aipatu helbidean ezin jakinarazi bada, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoari jarraituko zaio, iragarkien bidez jakinarazteko.

8. artikulua. Martxan jartzearen tramitazioa.

Aisialdiko biltoki bat martxan jartzeko, aisialdiko biltokia martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko da, ordenantza honen 0 eranskinaren arabera, eta haiek arautzen dituen ordenantzan ezarritakoarekin bat.

Erantzukizuneko aitorpenarekin batera, ordenantza honen 0 eranskinean ezarritako dokumentazio guztia aurkeztu behar da, kasua zein den, eta gutxienekoa izanen da. Burlatako Udalak beste agiri batzuk ere eska ditzake, kasu bakoitzerako beharrezkotzat jotzen badu, lokala eta/edo jarduera zuzen eta osoki definitzeko, edo araudira egokitzen dela bermatzeko.

Erantzukizuneko aitorpena jarduera hasi baino lehenago aurkeztu behar da, jarduera egiteko behar diren baldintza sektorial eta baimen guztiak eskuratu ondoren, eta hertsiki debekatzen da jardueran aritzea kasuan kasuko erantzukizuneko aitorpena aurkeztu gabe.

Jabeak edo ordezkariak (aisialdiko biltokiaren izenean) aurkeztuko du erantzukizuneko aitorpena, baldin eta 1. edo 2. eranskinean, kasua zein den, eskatzen diren baldintzak betetzen baditu.

Lokala 1. edo 2. eranskinean (lokal iraunkorra edo aldi baterakoa den) ezarritako baldintzetara egokitzeko obrak egitea beharrezkoa bada, ezin izanen da aisialdiko biltokia martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpena aurkeztu, aldez aurretik, kasua zein den, obretarako erantzukizuneko aitorpena aurkeztu ez bada, edo beharrezko udal lizentzia eman ez bada, hala, erabilera horretarako egokitzapena ziurtatzeko, 6. eranskineko eredua erabiliz.

9. artikulua. Araubide berezia aldi baterako biltokientzat.

Jarduera hau jarraia ez denez, eta aurreko artikuluetan lehen instalaziorako xedatutako tramitazioaren aplikazioa galarazi gabe, aldi baterako aisialdiko biltokietarako aurkeztutako erantzukizuneko aitorpenean interesa dutenek, festen urteko aldi berriaren aurretik eta, betiere, uztailaren 20a baino lehen, Udalari eskatu beharko diote lokala ikuskatzera joan daitezela. Horrela ikusiko da ordenantza honetan eskatzen ziren neurri zuzentzaileak betetzen diren, eta beste edozein ere ezartzen ahalko da araudi aplikagarrietako eskakizun berrien arabera. Ikuskapen bisitaren txosten positiboak ekarriko du hasiera batean aldi baterako aurkeztutako erantzukizuneko aitorpenak indarra hartzea.

10. artikulua. Aisialdiko biltokien erregistroa.

Urtero aurkeztu beharko da biltokiko erabiltzaileen zerrenda eguneratua, erantzukizun zibileko aseguruaren poliza eguneratua, indarra duen errentamendu kontratua, baita hasiera batean legeztatu ziren baldintzetan izan diren aldaketak ere, halakorik izan bada.

Udalak “Aisialdiko biltokien” erregistro eguneratua prestatu eta mantendu beharko du, bai biltoki iraunkorrena bai aldi baterakoena.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, ematen diren datu pertsonalak Administrazio honek dituen eskumenak baliatzean baizik ez dira erabiliko eta Burlatako Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkie. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Erregistro Orokorrari zuzendurik erabiltzen ahalko dira (Larrainetako plaza, zk.g. - 31600, Burlata).

BIGARREN TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

BIGARREN KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

11. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan xedatutakoa betetzen ez duten egintzak arau-haustetzat joko dira. Ordenantza honetako zehapenak zehazteko, kontuan hartuko dira honako printzipio hauek:

a) Diru bidezko zehapena ezarriko da kontuan izanda zehatuarentzat egindako arau-haustea ez izatea onuragarriagoa hautsitako araua betetzea baino.

b) Halaber, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasunaren eta ezartzen den zehapenaren artean. Honako irizpide hauek hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:

b.1) Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.

b.2) Kalteak nolakoak diren.

b.3) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

c) Ordenantza honetan bildutako arau-hauste administratiboak zehatzeko, espedientea instruitu beharko da aldez aurretik, aplikazioko arauan ezarritako prozedurari jarraituz.

d) Erantzukizunaren inguruabar astungarritzat hartuko dira giza osasunean izan dezakeen eragina, kaltearen atzeraezintasuna, lekuaren ezaugarriak, asmoa, berrerortzea eta kutsadura edo istripurako arriskua.

e) Salbuespenez, auzokoei behin eta berriz eragozpenak egiten zaizkiela egiaztatzen bada edo pertsonen segurtasuna arriskuan badago, sorburua lokalaren barrenean nahiz kanpoan egon (azken kasu honetan, jakina, arazoa lokalaren jarduerari lotuta dagoela frogaturik), udal agintaritzako agenteek (teknikariak edo udaltzainak), kautelazko neurri gisa, lokala itxi ahalko dute, gertaerak egiaztatuta eta aldez aurreko errekerimendurik gabe. Neurria, behin-behinekoa denez, organo eskudunak berretsi edo deuseztatu beharko du, zehapen prozedura hasi ondoren.

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke. Aurreko printzipioen arabera mailakatuko dira arau-hauste eta zehapenak hiru kategorietako bakoitzean.

Halaber, Erantzukizuneko aitorpena eta aurretiazko jakinarazpena egiteko prozedurak arautzen dituen udal ordenantzan ezarritako arau-hausteak eta zehapenak aplikatu beharko dira.

Zaratei buruzko arau-hausteei dagokienez, ekainaren 6ko 135/1989 Foru Dekretuan eta harekin bat datozenetan edo haien ordezkoetan ezarritako araubidea eta zehapen prozedura erabiliko dira.

Adingabeek Edari Alkoholdunak Kontsumitzea Galarazi eta Mugatzeari buruzko martxoaren 16ko 19/1991 Foru Legea eta otsailaren 14ko 6/2003 Foru Legea betetzen ez badira eta, berdin, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko 1/1992 Lege Organikoa, horietan ezarritakoaren araberako edo dagozkien arau indardunen araberako zehapena ezarriko da.

Alkatea izanen da zehapen espedienteak abiarazteko eta egiten diren arau-hausteak zehatzeko organo eskuduna.

11.1. Arau-hauste oso larriak:

a) Aisialdiko biltokia martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpena aurkeztu gabe aritzea jardueran.

b) Lokala aisialdiko biltokia martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpenean bildutako eta eskatzaileak aipatu xedeetarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

c) Aisialdiko biltokia martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpenean datu faltsuak alegatzea.

d) Aisialdiko biltokiko jardueran itxialdiak iraun bitartean aritzea.

e) Ordenantza honen 1. eta 2. eranskinetan (biltokia iraunkorra edo aldi baterakoa den) ezarritako gutxieneko baldintzetakoren bat aldatu, mugatu edo kentzea, horrek arrisku larriak sortzen dizkienean pertsonen osasunari edo ondasunei.

f) Hots maila baimendua gainditzea, indarra duen araudiak oso larritzat jotzen duenean.

g) Gai sukoiak pilatzea, pertsonen osasunarentzat edo ondasunentzat arriskutsuak badira.

h) Lokalaren barnean su egitea.

i) Pertsonen osasunarentzat edo ondasunentzat oso arriskutsuak diren elementuak instalatzea.

j) Burlatako Udaleko langile baimenduei ordenantza honetako 15. artikuluaren arabera sartzen ez uztea.

11.2. Arau-hauste larriak:

a) Hots maila baimendua gainditzea, indarra duen araudiak larritzat jotzen duenean.

b) Merkataritzan edo salerosketan aritzea lokalean.

c) Lokalaren egoera aldatuta, horren berri ez ematea Udalari.

d) Sute aseguruaren eta erantzukizun zibilaren poliza urtero eguneratuak ez izatea.

e) Lokala azpierrentan ematea, lagatzea edo eskualdatzea Udalari jakinarazi gabe.

f) Lokala baldintza egokietan ez edukitzea kontserbazio, segurtasun, higiene eta osasungarritasun aldetik.

g) Lokaleko altzariz nahiz edozein elementuz eremu publikoa hartzea, ibilgailuen edo oinezkoen joan-etorria eragotzi edo oztopatuz.

h) Suteak sortu edo zabaldu ditzaketen produktuak edo gaiak pilatzea lokalean.

i) Pertsonen osasunarentzat edo ondasunentzat arriskua dakarten elementuak edo sukaldea paratzea, edo zigilatu den sukalde bat erabiltzea.

j) Ordenantza honen 1. eta 2. eranskinetan (biltokia iraunkorra edo aldi baterakoa den) ezarritako gutxieneko baldintzetakoren bat aldatu, mugatu edo kentzea, horrek arrisku oso larriak sortzen dizkienean pertsonen osasunari edo ondasunei.

k) Burlatako Udalak gutxieneko baldintzei edo erabileraren mugei buruz egindako errekerimenduari kasurik ez egitea.

l) Aisialdirako aldi baterako biltokiaren jardueran ezarritako epetik kanpo aritzea.

m) Desordena publikoak edo liskarrak sortzea eta auzokoei eta oinezkoei errespeturik ez izatea.

n) Gehienez egon daitekeen jende kopurua ez gainditzea.

o) Lokalean animaliak edukitzea gauez edo egunez arduradunik gabe.

11.3. Arau-hauste arinak:

a) Hots maila baimendua gainditzea, indarra duen araudiak arintzat jotzen duenean.

b) Ateak eta leihoak irekita izatea eta, halakoetan, eragozpenak sortzea zarata kanporatzeagatik, zarata eragiteagatik edo usainak kanporatzeagatik.

c) Dokumentazioa urtero ez eguneratzea, ordenantza honetako 8. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

d) Eremu publikoa okupatzea lokaleko altzariekin edo bertako edozein elementurekin, ibilgailuen edo oinezkoen joan-etorria eragotziz edo oztopatuz.

e) Hondakinak, hondarrak eta, oro har, edozein zabor mota botatzea edo uztea eremu publiko eta pribatuetan, eta orobat haien sarbideetan eta hesitutako edo hesitu gabeko orube edo finketan, lokaletan eta atarietan; izan ere, edukiontziak eta horretarako ontziak erabili beharko dira beti.

f) Ur zikina isurtzea eremu publikoan, baita beste edozein gauza botatzea ere eremu publikoan diren hustubideetara.

g) Listu, pixa eta kaka egitea eremu publikoan edo erabilera publikoko nahiz pribatuko eremuetan.

h) Bestelako edozein, ordenantza honetan edo lege aplikagarrietan xedatutakoa ez betetzeaz gainera aurreko zenbakietan espresuki aipatzen ez badira.

12. artikulua. Zehapenak.

12.1. Arau-hauste oso larriei zehapen hauetako bat edo biak ezarriko zaizkie:

–Erantzukizuneko aitorpena ezeztatzea, lokala ixtea eta 3 hilabetetik 3 urtera bitarteko epean jardueran aritu ezina.

–1.001 eurotik 2.000 eurora bitarteko isuna.

12.2. Arau-hauste larriei zehapen hauetako bat edo biak ezarriko zaizkie:

–Erantzukizuneko aitorpenaren etenaldia, lokala gehienez ere 90 egunetarako itxita.

–251 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

12.3. Arau-hauste arinei zehapen hauetako bat edo bi ezarriko zaizkie:

–Erantzukizuneko aitorpenaren etenaldia, lokala gehienez ere 30 egunetarako itxita.

–250 euro bitarteko isuna.

12.4. Goragoko mailako zehapena.

Batere ukatu gabe 14. artikuluan aipatzen den berrerortzeari buruzko printzipioa, edozein mailatako arau-hausteak behin eta berriz eginez gero, goragoko mailako zehapena ezartzen ahalko da, baldin eta kalifikazio bereko 5 arau-hauste baino gehiago egiten badira urtebetean edo 3, hilabeteko epean.

12.5. Jarduera bakoitzerako ezarri diren hots mailen arau-hausteak zehatzeko, indarra duen eta aplikatzekoa den araudi teknikoan xedatutakoari jarraituko zaio.

12.6. Abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoari jarraituz, prozedura hasitakoan, inputatutako pertsonak onartzen badu gertaeren erantzule dela eta dagokion zehapena ordaintzen badu, prozedura beste tramiterik gabe amaituko da. Diruzko zehapena %30 murriztuko da.

13. artikulua. Kautelazko neurriak.

Ordenantza honetan sailkatutako arau-hauste batengatik zehapen prozedura hasten denean, zehapena ezartzeko eskumena duen organoak kautelazko neurri hauetakoren bat edo batzuk har ditzake, besteak beste:

a) Lokala aldi baterako ixtea.

b) Tresnak edo ekipoak zigilatzea.

c) Zuzenketa, segurtasun edo kontrol neurriak, arriskua edo kaltea egiten ez jarraitzeko.

14. artikulua. Subjektu erantzuleak.

14. artikuluan arau-hauste gisa sailkaturik agertzen diren egintzak benetan egin dituzten pertsonak izanen dira arau-hausteen erantzuleak. Arau-haustea biltokiko kide guztiei egozten ahal bazaie, nortasun juridikorik gabeko batasuna diren aldetik, lokaleko ordezkari agertzen direnei jakinaraziko zaie espedientea. Horrek ez du ukatzen zehapena, ekonomikoa bada, batasun horretako kide guztiei zuzentzea modu solidarioan.

Biltokia erabiltzen bada aisialdiko biltokiaren jarduera martxan jartzeko kasuan kasuko erantzukizuneko aitorpena aurkeztu gabe, lokalaren jabea izanen da erantzulea.

Dokumentazio teknikoa sinatzen duten teknikariak ziurtatzen dituzten datuen erantzuleak izanen dira, eta, lanbidean aritzeko kidetuta egon behar badute, egitate horiek dagokion Lanbide Elkargoari jakinaraziko zaizkio, bidezko neurriak har ditzan, ezertan ukatu gabe udal administrazioak ezartzen ahal dizkien zehapenak, betiere behar den zehapen prozedura tramitatu ondotik.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Alkatetzaren ebazpen baten bidez alda daitezke ordenantza honen eranskinak, baldin aldaketak berarekin badakar karga administratiboak murriztea eta/edo prozesua erraztea eta arintzea badakar, eta aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatutakoari jarraitzen badio. Horrenbestez, alkatetzari ahalmena ematen zaio honetarako:

a) Ordenantza honen eranskinak zabaltzea eta murriztea, beharrezkotzat jotzen dituen alderdiak sartuz edo kenduz, araua hobeki garatzeko. Horrek berarekin ekarriko ditu, besteak beste, honako hauek onestea eta aldatzea: eskabideetarako eredu normalizatuak eta erantsi beharreko dokumentazioa edo establezimenduan gorde beharrekoa, edukia zehazturik.

b) Behar diren xedapenak aldatzea, ordenantza honetan ezarritakoa garatzeko.

Bigarrena.–Burlatako Udalari dagokio ordenantza honen puntu guztien interpretazioa egitea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Aisialdiko biltokiek, aldi baterakoak edo iraunkorrak izan, ordenantza honek indarra hartu baino lehen eskatu badute eta/edo tramitean badute aisialdiko biltokiaren lizentzia, aurreko ordenantzari jarraituz, eskaera aurkeztean indarra zuen araudiaren arabera egin beharko da tramitazioa. Nolanahi ere, interesdunek zilegi dute, ebazpena eman aurretik, eskaeran atzera egitea berariaz, eta ordenantza hau aplikatu dadila hautatzea, erantzukizuneko aitorpena eta dagokion dokumentazioa aurkeztuz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Aisialdiko biltokia martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpena aurkezteak ekartzen du ordenantza honetan xedatua onartzea.

Bigarrena.–Ordenantza honek aurreikusten ez duen hartan, Estatuko zein Nafarroako lege edo dekretuetan xedatuari jarraituko zaio.

Hirugarrena.–Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

0. ERANSKINA

Eskabide eredua

Aisialdirako biltokia martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpena

Martxan erantzukizuneko aitorpenaren eredua (PDF).

1. ERANSKINA

Biltoki iraunkorretarako eskatzen diren gutxieneko baldintzak

Hemen aipatzen diren baldintza guztiak egoera eta funtzionamendu egokian mantendu beharko dira lizentziaren indarraldi guztian

a) Halako erabilerak beheko solairuetan bakarrik baimenduko dira, eta sekula ez eraikin kolektiboetako etxebizitzetan edo behegain independenteetan. Lokal osoak hartu beharko dituzte, eremu publikora zuzenean ematen duten sarbide independenteak dituztela. Ez da onartuko bertze lokal edo jarduera batzuetatik sartzea, ezta atari barrenetik edo etxebizitzetatik ere. Beheko solairutzat joko da lokalean sartzeko hiru maila baino gehiago ez daudenean ez gorantz ez beherantz.

b) Ezin da sukalderik edo janariak prestatzeko aparaturik eduki. Lokalak sukaldea badu, zigilatu eginen da eta, gainera, “Aisialdiko biltokiaren” ordezkariak zinpeko aitorpena egin beharko du, hura ez dela erabiliko adieraziz.

c) Edateko ur korrontearen zerbitzua.

d) Argindarra. Instalatzaileak behe tentsioko instalazioari buruz egindako ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da.

e) Komun-zuloa eta konketa dituen komun itxia.

f) Aireztapena: lokal itxiek aireztapen egokia izanen dute. Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua onesten duen 1027/2007 Errege Dekretuan, II. zatian (Jarraibide teknikoa, IT.1. Diseinua eta dimentsionatua, IT.1.1) ongizate eta higiene arloetako eskakizunei dagokienez (giroaren kalitate termikoa, barneko airearen kalitatea eta higienea), ezarritako baldintzak bete behar dira, edo hura ordezten duen arauan ezarritakoak.

Airea gutxienez 8 aldiz orduan berritu behar da jendea ibiltzen den tokietan, eta 6 aldiz orduan, berriz, atseden hartzeko edo lan egiteko tokietan. Aireztapena egiteko leihoak irekitzeko, ez da eragozpenik sortu beharko barneko zaratagatik, kontuan izanik jarduera egiten den bitartean itxita egonen direla.

g) Suteei aurrea hartzeko neurriei dagokienez, CTE DB-SI neurria aplikatuko da.

Horri dagokionez, honakoa nabarmendu behar da:

–Aintzat hartu behar da lokalak suteen kontrako sektore bat eratu behar duela, bere eraikinaren gainerakotik bereiz.

–Eraikuntzaren, apainduraren eta altzarien elementuek C-s2,d0 erreakzioa izan behar dute suaren kontra sabai eta paretetan, eta zoruetan, berriz, Efl erreakzioa.

–Fatxadetan, baoen tarte horizontala eta bertikala bete behar da kanpoko zabaltzeari dagokionez.

–Husteko bideen, ateen, korridoreen eta abarren neurriak hartuko dira kontuan.

–Suteen kontra ezarritako babes elementuak izanen ditu lokalak.

–Jendea ibiltzeko tokitzat hartuko da.

h) Aisialdirako biltokiko erabileran sortzen den hotsak, etxebizitzarik kaltetuenean, ez ditu 30 dbA gaindituko (egunez, 07:00etatik 23:00ak arte), eta 25 dbA (gauez, 23:00etatik 07:00ak arte). Une oroz bete beharko da hotsei buruzko araudia, bai Foru Komunitatekoa bai Estatukoa.

Lokalak aireko zaratarako isolamendu akustikoa eduki beharko du lokalaren eta goiko solairuaren artean, 55 dbA-koa, musikako eta/edo telebistako ekipoa edo musika entzuteko beste edozein gailu badago eta gehienez 65 dbA-ko potentzia badu, eta hein batean gaueko ordutegian erabiltzen bada. Udal agintaritzak eska dezake, egokia iruditzen bazaio, hots potentziaren mugatzailea jar dadila musikako ekipoan, ordenantza honetan ezarritako gehieneko hots maila bermatzeko.

Lokalean musika entzuteko gailurik ez badago eta eguneko ordutegian soilik erabiltzen bada (07:00etatik 23:00ak arte), aireko zaratarako isolamendu akustikoa 50 dbA-koa izaten ahalko da.

i) Josteta makinak dirurik ordaindu behar ez denetakoak izanen dira, eta saririk ematen ez dutenetakoak.

j) Lokalaren edukiera pertsona batekoa izanen da egoteko eremuen azalera erabilgarriaren 5 m² bakoitzeko, lehenbiziko 50 m²-etan izan ezik, haietan pertsona batekoa izanen baita 3 m² bakoitzeko. Inola ere ezin da 50 pertsonako edukiera gainditu.

k) Lokalean sartzeko ateek euste sistema bat eduki beharko dute, atea hotsik gabe, leunki eta erabat itxi ahal izateko.

l) Lokaletan sartzeko pertsianak badaude, horiek leunki eta hotsik gabe ireki eta ixteko modua izan beharko da. Hala ez bada, kendu egin beharko dira.

CTE DB-SI arauan ezarritako huste baldintzak betez, sarrerako ateetako pertsianak erabat irekita eduki beharko dira lokala erabiltzen denean.

m) Jabari publikora jotzen duten lokalen fatxadek, segurtasunaren, osasungarritasunaren eta apainketa publikoaren aldetik, bete behar dituzte Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 87.b) eta d) artikuluetan ezarritakoa, eta aintzat hartu beharko da, halaber, elementu horiek baliogarriak direla lokalaren baldintza akustikoak mantentzeko, baita suteen kontrako babes baldintzak ere, kanpoko zabaltzeari dagokionez.

Baldintza horiek ez dira betetzen, esate baterako, garaje zaharretako atetzarretan, saltoki zaharretako erakusleihoetan, eta abarretan.

n) Lokalaren barrenak gutxieneko baldintzak bete behar ditu, akaberei, instalazioei eta higieneari dagokienez, espazioa bizitzeko egokia izan dadin, eta paramentuak jantziak eta instalazioak bukatuak eta estaliak egonen dira. Egia bada ere material egokiak daudela instalazio jakin batzuk ikusgai uzteko lokalaren barrenean, horiek egokiak izanen dira, eta instalatzaile kualifikatu batek behar bezala paratuak.

2. ERANSKINA

Aldi baterako biltokietarako eskatzen diren gutxieneko baldintzak

Hemen aipatzen diren baldintza guztiak egoera eta funtzionamendu egokian mantendu beharko dira lizentziaren indarraldi guztian.

a) Halako erabilerak beheko solairuetan bakarrik baimenduko dira, eta sekula ez eraikin kolektiboetako etxebizitzetan edo behegain independenteetan. Lokal osoak hartu beharko dituzte, eremu publikora zuzenean ematen duten sarbide independenteak dituztela. Ez da onartuko bertze lokal edo jarduera batzuetatik sartzea, ezta atari barrenetik edo etxebizitzetatik ere. Beheko solairutzat joko da lokalean sartzeko hiru maila baino gehiago ez daudenean ez gorantz ez beherantz.

b) Ezin da sukalderik edo janariak prestatzeko aparaturik eduki. Lokalak sukaldea badu, zigilatu eginen da eta, gainera, “Aisialdiko biltokiaren” ordezkariak zinpeko aitorpena egin beharko du, hura ez dela erabiliko adieraziz.

c) Edateko ur korrontearen zerbitzua.

d) Argindarra. Instalatzaileak behe tentsioko instalazioari buruz egindako ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da.

e) Komun-zuloa eta konketa dituen komun itxia.

f) Su itzalgailu bat, 2 Kg CO2-koa, 34B eraginkortasunekoa, koadro elektrikoaren ondoan, eta 6 Kg-ko hautsezko itzalgailu balioaniztunak, 21A-113B eraginkortasunekoak, lokaleko puntu bakoitzetik gehienez ere 15 m-tara itzalgailu bat izan dadin. Itzalgailuak erraz ikusi eta erabiltzeko tokietan jarriko dira, sutea hasteko aukera gehien duten puntuetatik hurbil, ahal dela huste irteeretatik hurbil eta, batez ere, zutikako paramentuei lotutako euskarrietan, itzalgailuaren goialdea lurzorutik gehienez ere 1,70 metrotara egon dadin. Legeak eskatzen duen urteko ikuskapena behar dute, mantentze enpresa baimendu bateko langileek egina.

g) Seinalizazioko eta larrialdietako argiak, irteera atearen gaineko paramentuan ipiniak, bai eta, aplikatu beharreko araudiak eskatuz gero, lokaleko gainerako eremuetan banatu behar diren elementuak ere.

h) Udal agintaritzak eska dezake, egokia iruditzen bazaio, hots potentziaren mugatzailea jar dadila musikako ekipoan, ordenantza honetan ezarritako gehieneko hots maila bermatzeko.

i) Josteta makinak dirurik ordaindu behar ez denetakoak izanen dira, eta saririk ematen ez dutenetakoak.

j) Lokalaren edukiera pertsona batekoa izanen da egoteko eremuen azalera erabilgarriaren 5 m² bakoitzeko, lehenbiziko 50 m²-etan izan ezik, haietan pertsona batekoa izanen baita 3 m² bakoitzeko. Inola ere ezin da 50 pertsonako edukiera gainditu.

k) Lokalean sartzeko ateek euste sistema bat eduki beharko dute, atea hotsik gabe, leunki eta erabat itxi ahal izateko.

l) Lokaletan sartzeko pertsianak badaude, horiek leunki eta hotsik gabe ireki eta ixteko modua izan beharko da. Hala ez bada, kendu egin beharko dira.

CTE DB-SI arauan ezarritako huste baldintzak betez, sarrerako ateetako pertsianak erabat irekita eduki beharko dira lokala erabiltzen denean.

3. ERANSKINA

Ordezkaritza frogatzen duen dokumentua, adin nagusiko kideak dituzten aisialdiko biltokien lokaletarako

Ordezkaritza frogatzen duen eredua (PDF).

4. ERANSKINA

Ordezkaritza frogatzen duen dokumentua, kide guztiak adingabeak dituzten aisialdiko biltokien lokaletarako

Ordezkaritza frogatzen duen dokumentua (PDF).

5. ERANSKINA

Lokalaren jabearen datuak eta aisialdiko biltokiko kideen zerrenda

Inprimakiaren eredua jabetzaren eta osagaien datuetarako (PDF).

6. ERANSKINA

Lokala aisialdiko biltoki gisa erabiltzeko gaitasun ziurtagiria

Lokalaren gaitasun-agiriaren eredua (WORD).

7. ERANSKINA

Lokala aisialdiko biltoki gisa erabiltzeko gaitasunaren ziurtagiria,
obra amaierakoa

Obra amaierako ziurtagiriaren eredua (WORD).

8. ERANSKINA

Aldi baterako biltoki gisa erabiltzeko lokalaren jabearen
zinpeko aitorpena

Zinpeko aitorpenaren eredua (PDF).

9. ERANSKINA

Inbentarioko fitxa

Inbentarioaren fitxaren eredua (PDF).

Iragarkiaren kodea: L1603718