88. ALDIZKARIA - 2016ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

5/2016 FORU LEGEA, apirilaren 28koa, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea aldatzekoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, GARDENTASUNARI ETA GOBERNU IREKIARI BURUZKO EKAINAREN 21EKO 11/2012 FORU LEGEA ALDATZEKOA.

ZIOEN AZALPENA

I

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legeak 5.1 artikuluan ezartzen duenez, herritar orok eskubidea dute Administrazio Publikoaren esku dagoen informazio publikoa eskuratzeko. 11/2012 Foru Legearen III. tituluak garatzen du eskubide hori, bai eta hartaz baliatzeko prozedura ere.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea da gai honi buruzko oinarrizko legea, eta esparru zabala ematen dio informazio publikoa eskuratzeko eskubideari, pertsona guztiak haren titular eginez; eskubide hori erabiltzen ahalko da eskabidearen arrazoiak eman beharrik gabe. Informazio publikoa eskuratzeko eskubideaz baliatzea errazagoa izan dadin, legeak prozedura bizkor bat ezartzen du, erantzute-epe laburrarekin. Horrekin batera, aurkaratzearen arloan aukerako erreklamazioa sortzen du, bide judizialaren aurretikoa, errekurtso administratiboen ordezkoa; erreklamazio hori Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Kontseiluak (GGOK) ebatziko du, zeina berritik sorturiko erakunde independentea baita. Eskumen autonomikoak ahalik eta gehien errespetatzeko, zioen azalpenean aipatzen den bezala, berariaz aurreikusten da GGOKek eskumena izanen duela horretarako hitzarmena izenpetu den autonomia erkidegoetan soilik; eta, gainerakoetan, kontseiluak estatu mailan bere gain hartzen dituen eskumenak betetzeko izendatutako organo autonomikoaren esku geldituko da gaia.

Horrela, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 20.5 artikuluan xedatzen da informazio publikoa eskuratzearen arloan emandako ebazpenen kontrako errekurtsoak zuzenean aurkezten ahal direla administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, horrek galarazi gabe Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Kontseiluari aukerako erreklamazioa aurkeztea, 24. artikuluan aurreikusitakoa.

Lege horren 24. artikuluko 6. idatz-zatiak xedatzen duenez, erreklamazio horiek ebazteko eskumena Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Kontseiluak du, salbu eta autonomia erkidegoek eskumen hori berariazko organo independente bati esleitzen badiote, legearen laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz.

Eginkizun hori berariazko organo autonomiko independente bati esleitzen zaio, Nafarroako herritarrei bermerik handiena ematen dien bidea delako. Bazterturik gelditu da, beraz, Estatuko Administrazio Orokorrarekin hitzarmena izenpetzeko aukera, Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Kontseiluari eginkizunak esleitzekoa, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen laugarren xedapen gehigarriko 2. idatz-zatiak ahalbidetzen duena. Izan ere, horrek ekarriko luke organo jurisdikzional zentralen esku uztea gatazkak ebazteko eskumena, eta hori gehiegizko zama litzateke eskubide horretaz baliatu nahi duten herritarrentzat.

Bestetik, legealdi aldaketa izan denez, agerian geratu da zehaztasun falta dagoela Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legearen 63. eta 64. artikuluetan arautu eta ezarri zen beharkizunean –ordainsariak, jarduerak, ondasunak eta kargu-uzte ondoko ordainsariak publiko egitekoan–, beharkizun horrek iraun behar duen epeari dagokionez, zeina, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legeak ezarritako publizitatearen funtsezko elementu izaki, legearen nahitaezko eduki izan beharko bailitzateke.

II

Foru legeak artikulu bakarra eta bi azken xedapen ditu.

Artikulu bakarrak Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea aldatzen du. Aldaketak III. tituluan du eragina gehienbat, baina baita I. tituluan ere, 5.3 a) artikuluan aitortzen baita edozein herritarrek eskubidea duela foru lege honek gehitzen duen 33.bis artikulu berriak aipatzen dituen erreklamazioak aurkezteko, eta 5.3 b) artikuluan jasotzen den 69. artikulurako igorpena zuzentzen da.

31. artikuluko 1. eta 4. idatz-zatiak informazio publikoa eskuratzearen arloan emandako ebazpenak aurkaratzeko sistema berriaren ondoriozkoak dira.

III. tituluak III. kapitulu berria gehitzen du, aurkaratzeko sistema aldatu eta aukerako erreklamazio bat sortzen duena, bide judizialaren aurretikoa, errekurtso administratiboen ordezkoa, Administrazio Publikoen administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz. Erreklamazio hori organo independente berri batek ebatziko du, Nafarroako Gardentasunaren Kontseilu izenekoak.

Aldatu egiten dira Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legeko 63. eta 64. artikuluak, “Etika eta gardentasuna Gobernuaren ekintzan” izeneko VII. Titulukoak, zehaztuz zenbateko iraunaldia izan behar duen ordainsariei, jarduerei, ondasunei eta kargu-uztearen ondoko ordainsariei buruz artikulu horietan arautzen den publizitateak.

“Berme administratiboak, judizialak eta judizioz kanpokoak” izeneko VIII. tituluan aldaketa egiten da, III. tituluko III. kapitulu horretan ezarritako aurkaratze araubide berriarekin bat etortzeko; halatan, 67. artikuluak zehazten du zein diren, administrazio prozedura erkideari buruzko oinarrizko araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean erregulatutako errekurtso administratiboetatik –halaber aintzat harturik, kasua bada, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen legean aurreikusitako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere–, bidezkoak direnak Administrazio Publikoari egoztekoak diren egiteen edo ez-egiteen kontra, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legeak parte-hartze eta lankidetza publikoen arloan aitortzen dituen eskubideak urratzen dituztenean. 68. artikuluak berariaz jasotzen du bere bi idatz-zatietan Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluari aurkezten ahal zaion erreklamazioa. 69. artikuluak arautzen du sozietate eta fundazio publikoen eta beste entitate batzuen jarduketen kontra Administrazio Publikoari aurkezteko erreklamazioa, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legeak parte-hartze eta lankidetzaren arloan aitortzen dituen eskubideak urratzen dituzten haien egite edo ez-egiteak direla eta. 70. artikulua gehitzen da, informazio publikoa eskuratzearen arloan aukerako erreklamazioaren sistema eransteko, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrekoa.

IX. tituluak Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua sortu eta arautzen du, organo independente bezala, publizitate aktiboaren arloko beharkizunak betetzen direla zaindu eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea bermatuko duena.

Azken xedapenetako lehenean, azkenik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen aldaketa jasotzen da.

Artikulu bakarra. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen aldaketa.

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea honela aldatzen da:

Bat.–5. artikuluko 3. idatz-zatiko a) letra honela idatzita geldituko da:

“a) Foru lege honek parte-hartze eta lankidetza publikoen arloan aitortzen dizkien eskubideak urratzen dituzten egite eta ez-egiteen kontrako errekurtsoak aurkeztea bide administratiboan, eta 33.bis artikuluak informazioaren arloan aipatzen dituen erreklamazioak jartzea”.

Bi.–5. artikuluko 3. idatz-zatiko b) letra honela idatzita geldituko da:

“b) 68. artikuluak aipatutako kexa jartzea beren eskubideak babesteko, manu horretan aurreikusitako moduan”.

Hiru.–26. artikuluko 1. idatz-zatiak testu hau izanen du:

“1. Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak kasuko informazioa duen unitate organikoari edo entitateari egin beharko zaizkio, eta hark haien berri eman beharko dio Gobernu Irekiaren arloko eskumena duen unitate administratiboari, eta artikulu honetan xedatutakoaren arabera tramitatuko dira. Administrazio Publikoaren eremuan, informazio eskaerak ebazteko eskumena kasuan kasuko informazioa duten unitateetako hierarkia-buruek izanen dute, baldin eta, betiere, esleituak badituzte ebazte-eskumenak, egitura organikoak arautzen dituzten arau ezberdinekin bat”.

Lau.–Honela idatzita egonen da 31. artikuluaren 1. idatz-zatiaren bigarren paragrafoa:

“Ebazpenak baimena ematen badu informazioa ematearen aurka azaldu den hirugarren bat ukitzen duen informazio bat osorik edo partez eskuratzeko, informazioa eskuratzen ahalko da, bakar-bakarrik, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko epea halakorik formalizatu gabe bukatu ondoren, edo informazioa jasotzeko eskubidea berretsiz ebatzi ondoren. Informazioa eskuratzeko eskubidearen baldintza etengarri hori berariaz adieraziko da ebazpenean”.

Bost.–31. artikuluaren 4. idatz-zatiak testu hau izanen du:

“4. Informazio publikoa eskuratzearen arloan emandako ebazpenek bide administratiboa amaitzen dute, eta zuzenean jar daiteke haien kontrako errekurtsoa administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, ezertan galarazi gabe 33.bis artikuluan aurreikusitako aukerako erreklamazioa jartzea”.

Sei.–III. tituluari III. kapitulu berri bat gehitzen zaio, testu honekin:

“III. KAPITULUA

Informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen bermeak

33. bis artikulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluari erreklamazioa aurkeztea.

1. Informazio publikoa eskuratzearen arloan emandako ebazpen espresuen nahiz presuntziozkoen kontra erreklamazioa aurkezten ahalko zaio, aukerakoa, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluari, administrazioarekiko auzien bidean aurkaratu aurretik.

2. Kapitulu honetan aurreikusitako erreklamazioa errekurtso administratiboen ordezkotzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legerian xedatutakoarekin bat.

3. Erreklamazioa hilabeteko epean aurkeztu beharko da aurkaratutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo isiltasun administratiboak efektuak izan eta biharamunetik hasita.

4. Erreklamazioa tramitatzean, indarreko legeriak errekurtsoei buruz xedatutakoari jarraikiko zaio. Informazioa eskuratzeko ukoa hirugarrenen eskubide edo interesen babesean oinarritzen denean, erreklamazioa ebatzi aurretik entzute-tramitea emanen zaie ukituak gerta litezkeen pertsonei, haien eskubideen alde komeni dena alega dezaten.

5. Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da; epe hori iraganik, erreklamazioa ezetsi egin dela ulertuko da.

6. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak emandako ebazpenak, barnean eduki litzaketen datu pertsonalak kendu ondoren, bitarteko elektronikoen bidez argitaratuko dira, erregelamenduz ezartzen den moduan eta haien jakinarazpena interesdunei eman ondoren.

7. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak emandako egintzak administrazioarekiko auzien bidean aurkaratzen ahal dira”.

Zazpi.–63. artikuluari 3. idatz-zati bat gehitzen zaio, testu honekin:

“3. Ordainsariak, jarduerak eta ondasunak direla-eta artikulu honetan aipatzen den publizitateak iraunen du harik eta kargu publikodunaren agintaldia amaitzen edo haren kargu-uztea gertatzen denetik bi urte iragan arte”.

Zortzi.–64. artikulua aldatu egiten da. Hauxe da testu berria:

“64. artikulua. Kargua utzi ondoko ordainsarien publizitatea.

1. Nafarroako Gobernuko kide ohiei edo Administrazio Publikoko goi kargudun ohiei ordaintzen zaizkien prestazio ekonomikoak, azaroaren 4ko 19/1996 Foru Lege horretan jasoak daudenak, publiko eginen dira, lege horretan ezartzen den moduan.

2. Prestazio ekonomikoen publizitateak, artikulu honetan aipatzen denak, iraunen du harik eta kargu publikoaren agintaldia amaitzen edo kargu-uztea gertatzen denetik bi urte iragan arte”.

Bederatzi.–VIII. titulua aldatu egiten da. Hauxe da testu berria:

VIII. TITULUA

Berme administratiboak, judizialak eta judizioz kanpokoak

67. artikulua. Errekurtsoak.

1. Inork uste badu Administrazio Publikoari egozten ahal zaion egintza batek edo ez-egite batek urratu egin dituela foru lege honetan parte-hartze eta lankidetza publikoen arloan aitortzen zaizkion eskubideak, zilegi izanen du administrazio prozedura erkideari buruzko oinarrizko araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean araututako errekurtsoak jartzea, eta, kasua bada, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen legean aurreikusitakoa.

2. Jartzen diren gora jotzeko errekurtsoak lehendakaritza gaietako eskumena duen departamentuko kontseilari titularrak ebatziko ditu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Parte-hartze eta lankidetza publikoen arloan jarritako errekurtso administratibo guztietan, aginduzkoa izanen da Gobernu Irekiaren arloko eskumena duen unitateak kasuko errekurtsoaren gaineko txostena egitea.

68. artikulua. Kexa Nafarroako Arartekoari.

1. Deusetan galarazi gabe Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluari aurkez dakiokeen erreklamazioa, foru lege honen III. tituluan informazio publikoaren eskuratzeko aitortzen den eskubidearen baliatzea herritarrei osorik edo partez galarazi edo mugatzen dieten Administrazio Publikoko organoen ebazpen espresuen edo presuntziozkoen aurkakoa, informazio publikoaren eskatzaileak Nafarroako Arartekoari kexa bat bidaltzen ahalko dio, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, baldin eta informazio hori eskuratzeko daukan eskubidea galarazi edo mugatu bazaio.

2. Nafarroako Arartekoaren esku-hartzeak ez ditu etenen bidezkoa den erreklamazioa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epeak, Nafarroako Arartekoari buruzko Foru Legean ezarri bezala.

69. artikulua. Administrazio Publikoari erreklamazioak aurkeztea, sozietate eta fundazio publikoen eta beste entitate batzuen jarduketen aurka.

1. Herritar batek uste badu foru lege honen 2. artikuluan aipatutako sozietate publiko, fundazio publiko edo zuzenbide publikoko entitateen egite edo ez-egite batek urratu egin dizkiola foru lege honetan parte-hartze eta lankidetza publikoen arloan aitortzen zaizkion eskubideak, egitea edo ez-egitea erakunde horrek eginkizun publikoetan jardutearen edo haren zaintza administratiboaren pean dauden eginkizunetan jardutearen ondorio bada, zilegi izanen du zuzenean erreklamazio bat aurkezteko, Administrazio Publikoaren zein organo eskudunen agindutara jarduten duen, haren aurrean.

2. Organo eskudunak kasuko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du. Ebazpen horrek bide administratiboa amaituko du, eta zuzenean exekutatzekoa izanen da, erreklamazioa haren erregistroan sartu eta hiru hilabeteko epean.

3. Ebazpena betetzen ez bada, Administrazio Publikoko organo eskudunak lehenengo idatz-zatian aipatzen diren entitateak errekerituko ditu, ofizioz edo eskatzailearen ekimenez, ebazpena bere terminoetan bete dezaten.

70. artikulua. Informazio publikoaren arloko erreklamazioak.

Norbaitek uste badu Administrazio Publikoari edo sozietate publikoei, fundazio publikoei edo beste entitate batzuei egozten ahal zaien egite edo ez-egite batek urratu egin duela informazio publikoa eskuratzeko daukan eskubidea, III. tituluko III. kapituluan araututako erreklamazioa aurkezten ahalko du eta, kasua bada, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen legean aurreikusitako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa”.

Hamar.–IX. titulua gehitzen da. Hau da testua:

“IX. TITULUA

Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua

71. artikulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

1. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua sortzen da, Nafarroako Foru Komunitateko gardentasun arloko kontrolerako organo independente gisa, publizitate aktiboko betebeharrak betetzen direla zaintzeko eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea bermatzeko.

2. Kontseiluak objektibotasunez eta profesionaltasunez jardunen du bere eskumenak betetzean, antolamendu juridikoari men eginez eta administrazio publikoengandiko erabateko independentzia funtzionalarekin.

3. Foru Administrazioarekiko lotura gardentasunaren arloko eskumena duen departamentuaren bitartez gauzatuko da.

72. artikulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren eginkizunak.

1. Hauek dira Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren eginkizunak:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoko gainerako entitateek, baita bere lurraldean eta kasuko sektore publikoan sarturik dauden toki entitateek ere, informazio publikoa eskuratzearen arloan emandako berariazko edo presuntziozko ebazpenen kontra aurkezten diren erreklamazioez arduratzea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat.

b) Gardentasunaren arloan Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legea garatzen duten edo arlo horrekin loturik dauden arau proiektuei buruzko txostenak ematea, nahitaez.

c) Gardentasun-betebeharra duten entitate eta erakundeek arlo horretan dituzten beharkizunak noraino aplikatu eta betetzen dituzten ebaluatzea; beharkizun horiek hobeki betetzeko gomendioak ere egiten ahalko ditu.

d) Bere lanen bilakaeraren eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legean ezarritako xedapenen betetze mailaren gaineko oroitidazki bat aurkeztea Nafarroako Parlamentuari.

e) Prestakuntza eta sentsibilizazio jarduerak sustatzea.

f) Antzeko izaera duten organoekin elkarlanean aritzea berezkoak dituen gaietan.

g) Lege edo erregelamendu mailako arauen bidez ardurapean ipintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

2. Erregelamenduz ezarriko dira Kontseiluak artikulu honetan xedatutakoa garatzeko beharrezkoak diren antolaketa eta funtzionamendu arauak.

73. artikulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren osaera.

1. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua lehendakariak eta kide hauek osatuko dute:

a) Nafarroako Parlamentuko lau kide, Nafarroako Parlamentuan dauden taldeen araberako aniztasun irizpidea aintzat hartuta izendatutakoak.

b) Gardentasunaren arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari bat.

c) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren hiru ordezkari.

d) Nafarroako Kontseiluaren ordezkari bat.

e) Kontuen Ganberaren ordezkari bat.

f) Nafarroako Arartekoaren ordezkari bat.

g) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ordezkari bat.

Kasuan kasuko erakunde edo organoaren ardurapekoa izanen da dagokion kidea izendatzeko prozedura, eta horrek, gainera, ordezko bat izendatzen ahalko du, titularra eri, kanpoan edo aldi baterako ezintasun egoeran dagoenerako.

2. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakaria Nafarroako Gobernuak izendatuko du foru dekretu bidez, lau urteko epe ez-luzagarrirako, izen eta gaitasun profesional handiko pertsonen artean. Hautatzea Nafarroako Parlamentuak eginen du gehiengo osoz, Parlamentuko talde ezberdinek proposatutako hautagaien artean aukeratuta.

Haren kargu-uztea gertatuko da berak hala eskatuta, heriotzaren ondorioz edo epai bidez ezgaitua izan ondoren. Bai eta Nafarroako Parlamentuak gehiengo osoz hala eskatzen duenean ere, haren eginkizunen ez-betetze larriagatik, zereginak betetzeko izendatu ondoren sortutako ezgaitasunagatik, bateraezintasunagatik edo dolozko delitua dela-eta zigorra jasotzeagatik.

Idatz-zati honetan aipatzen den agintaldia ahituta, une horretan karguan ari denak eginkizunetan jarraituko du izendapen berria egiten den arte.

3. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kideak lau urterako izendatuko ditu Nafarroako Gobernuak, gardentasunaren arloko eskumena duen departamentuko titularrak proposatuta, kasuan kasuko entitateek edo erakundeek hautatu ondoren.

Haien kargu-uztea gertatuko da beraiek hala eskatuta, heriotzaren ondorioz edo epai bidez ezgaituak izan ondoren. Bai eta proposatu dituen entitateak edo erakundeak hala eskatzen duenean ere, haien eginkizunen ez-betetze larriagatik, zereginak betetzeko izendatu ondoren sortutako ezgaitasunagatik, bateraezintasunagatik edo dolozko delitua dela-eta zigorra jasotzeagatik.

Agintaldia ahituta, une horretan karguan ari denak eginkizunetan jarraituko du izendapen berria egiten den arte.

4. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kide izateak ez dakar erabateko dedikaziorik, ez eta inolako ordainsaririk jasotzeko eskubiderik ere. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakaria izatea bateraezina da Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren karguetako edozeinekin, bai eta alderdi politiko bateko kide izatearekin ere, izendatu aurreko 4 urteak barne”.

Azken xedapenetan lehena.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea aldatzea.

Aipatu foru legearen 57. artikuluaren 2. idatz-zatiko f) letraren testua honakoa izanen da aurrerantzean:

“f) Lehendakaritza arloko eskumena duen departamentuko kontseilari titularra, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontseilarien mailatik beherako edozein organok edo haren menpeko erakunde publikoek parte-hartze eta lankidetza publikoen arloan emandako egintza guztiei dagokienez, baldin eta egintza horiek Gardentasuna eta Gobernu Irekia arautzen dituen Foru Legean araututa baldin badaude”.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2016ko apirilaren 28an.–Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1605298