36. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

277/2016 EBAZPENA, otsailaren 9koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana. Haren bidez gizarte hezitzaile lanpostuak betetzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdia onetsi da: bata, aldi baterako kontratazioak egiteko eta, bestea, zerbitzu berezietako egoeran prestakuntza izateko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea, hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat gizarte hezitzailearen lanpostuan prestakuntzan aritzeko, zerbitzu berezietako egoeran, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatu lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, salbu Osasun Departamentuaren menpe daudenetan.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak osatzeko.

Horrenbestez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan, azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikuluarekin eta Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduarekin bat, honako deialdi hauek iragartzen dira:

DEIALDIAK

I.–Gizarte hezitzaile gisa aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia

Hauek dira deialdiaren arauak:

Lehena.–Deialdia egiten da gizarte hezitzaile lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako bete ahal izateko (Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetakoak izan ezik).

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Gizarte Hezkuntzaren diplomadun edo graduatuaren titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Haurrentzako eta nerabeentzako babesa sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, gizarte hezitzaile lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatu ez izatea sexu-askatasunaren eta indemnitatearen kontrako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) atalean eskatzen den tituluaren betekizuna, baita 2.1.f) atalean eskatutakoa ere, agiri bidez frogatu beharko dira, bi deialdietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian ezarritako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

2.4. Espainiako nazionalitatea duten parte-hartzaileek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari baimena emateko aukera dute, II. eranskinean ageri den eskabide ereduaren bitartez, haien identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsultatzeko, beharrezkoak baitira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kontsulta baimentzen ez bada, NANaren fotokopia aurkeztu beharko da parte hartzeko eskabidearekin batera.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, errekerimendua eginen da, 30/1992 Legearen 71. eta 76.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.5. Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia beharko dute aurkeztu eta, zein den kasua, 2.1.a) oinarrian nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, zinpeko aitorpena egin beharko dute, edo hitzeman beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien inolako diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe ez daudela.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesteko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia egiterakoan kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa. Horren bidez, desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen dira. Horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten pertsonek organo eskudunak luzatutako agiriaren kopiaren bidez frogatu behar dute egoera hori.

II.–Gizarte hezitzaile gisa prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda osatzeko deialdia

Hauek dira deialdiaren arauak:

Lehenbizikoa.–Deialdia egiten da gizarte hezitzaile lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez, gerora Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei aldi baterako erantzuteko, salbu eta Osasun Departamentukoei.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, C, D edo E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Gizarte Hezkuntzaren diplomadun edo graduatuaren titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

e) Haurrentzako eta nerabeentzako laguntza sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, gizarte hezitzaile lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatu ez izatea sexu-askatasunaren eta indemnitatearen kontrako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Oinarri honen 2.1.d) atalean eskatzen den tituluaren betekizuna, baita 2.1.e) atalean eskatutakoa ere, agiri bidez frogatu beharko dira, bi deialdietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta deia egiten denean eta prestakuntzaldiak iraun bitartean ere.

2.4. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuaren menpeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan aritzen diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Prestakuntzaldian aritzeko izangaiei dei egitea.

Deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoari jarraikiz eginen da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

III.–Bi deialdietarako arau komunak

Lehena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.–Eskabideak.

2.1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuko Erregistroaren beste edozein bulegotan (zerrenda 2015eko 57. eta 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialetan argitaratu zen, martxoaren 25ean eta maiatzaren 29an), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

2.2. Eskabideak II. eranskinean heldu den ereduaren araberakoak izanen dira, aldi baterako kontratazioko izangaien kasuan, eta III. eranskineko ereduaren araberakoak, prestakuntzarako izangaien kasuan. Eredu horiek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adieraziko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Gizarte hezitzaile lanpostuan aritzeko deia jasotzen duten izangaiek ez bestek aurkeztu beharko dituzte deialdiko titulazio betebeharra frogatzen duten agiriak, kontratua gauzatzen denean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera adierazten denean.

Halaber, gizarte hezitzaile lanpostuan aritzeko deia jasotzen duten izangaiek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututa baitago.

2.3. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak onetsi diren deialdietako izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbideko 2ko atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrialdean (www.navarra.es). Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak zuzenean onetsiko dira behin betikoak bezala.

Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrialdean (www.navarra.es) argitaratuko ditu, deialdi hauetan ezarritako hautaprobak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Laugarrena.–Probak.

4.1. Ebazpen honen bidez onesten diren deialdietarako hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan hainbat galdera erantzun beharko dira ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira.

Gai zerrendan eskatzen den legedia deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duena izanen da. Ariketa hasi aurretik, kalifikazio epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, baita oker erantzundako galderen penalizazioa ere.

Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ez eta bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza ez bada.

4.2. Proba horrek 50 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere. Hautaproban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen dutenek gaindituko dute proba.

4.3. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute parte-hartzaileek. Beren nortasuna frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

4.4. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Bosgarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Agustín Otazu Elcano jauna, Eskubide Sozialetako Departamentuko Gizarteratzeko eta Gutxiengoei Arreta Emateko Ataleko burua.

Ordezko mahaiburua: Inés Jiménez Muro andrea, Eskubide Sozialetako Departamentuko Diru-sarreren Bermearen eta Prestazio Ekonomikoen Ataleko burua.

Mahaikidea: Judit Arbeloa Lerga andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia Erakunde Autonomoko Lur Gorri egoitzako zuzendaria.

Ordezko mahaikidea: Jesús Tomás Gogorcena Aoiz jauna, Eskubide Sozialetako Departamentuko gizarte hezitzailea.

Mahaikidea: María José Aguas Aranguren, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia Erakunde Autonomoko gizarte hezitzailea.

Ordezko mahaikidea: José Miguel Barberena Arsuaga jauna, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia Erakunde Autonomoko gizarte hezitzailea.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Ordezko mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Mahaikide idazkaria: Modesto Arregui Chaves jauna, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia Erakunde Autonomoko Arazo Sozialak dituzten Adingabeei Laguntza Emateko Bulegoko burua.

Ordezko mahaikide idazkaria: Carmelo Ayerra Gurpegui jauna, Eskubide Sozialetako Departamentuko Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria.

5.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Parte-hartzaileen artean gertatzen diren berdinketak irizpide hauei jarraituz ebatziko ditu kalifikazio epaimahaiak:

a) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Berdindutako guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutakoaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrialdean eta iragarki oholean argitaratuko dira.

b) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak badirau, aldi baterako kontratazioetarako deialdian berdinketak hausteko ezarritako zozketaren arabera ebatziko da.

6.2. Probak kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrialdean (www.navarra.es):

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko proba gainditzen duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko proba gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

Epaimahaiak, halaber, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio arau honetan aipatzen diren zerrendak, onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Gizarte hezitzaile lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da izangaien zerrenda, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) argitaratuko dena, bai eta Nafarroako Gobernuaren web-orrialdean ere (www.navarra.es).

7.2. Deia.

Arau honetan aipatutako zerrendetan ageri diren izangaiei dei egiteko, ebazpen honen bidez onetsitako deialdietako oinarrietan ezarritakoari jarraikiko zaio; betiere, prestakuntzarako izangaiak lehenetsiko dira aldi baterako kontratatuak izateko izangaien aurretik.

Deia jasotzen dutenek kasuan kasuko deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, Gizarte Hezkuntzaren diplomadun edo graduatuaren tituluaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratuak.

Era berean, deia jasotzen dutenek frogatu beharko dute epai irmo baten bidez ez direla kondenatuak izan sexu-askatasunaren eta indemnitatearen kontrako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere, Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboaren bidez, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututa baitago.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Gizarte hezitzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.

Zortzigarrena.–Gehieneko denbora prestakuntzarako zerbitzu berezietan.

8.1. 4 urteko bigarren prestakuntzaldian sartzen diren izangaiak ezin dira 10 urte baino gehiago egon prestakuntzarako zerbitzu berezietan, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritzen badira ere.

8.2. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan 6 urte bitarte egoteko eskubidea duten izangaiek ezin izanen dute gehieneko epe hori gainditu, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritzen badira ere.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdien, haien oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2016ko otsailaren 9an.–Funtzio Publikoko zuzendaria nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai multzoa (Gizarte hezitzailea)

1. gaia.–Desgaitasun intelektualaren ikusmolde berria. Definizioa. Diagnostikoa. Dimentsioak, sailkapena eta laguntza sistemak.

2. gaia.–Terminoak bereiztea: urritasuna, desgaitasuna, minusbaliotasuna, desgaitasun fisikoa, zentzumenezkoa eta psikikoa.

3. gaia.–Desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko eta lan munduan txertatzeko prozesuak.

4. gaia.–Bizi kalitatearen kontzeptua. Esanahia. Garrantzia. Bizi kalitatearen dimentsioak eta adierazleak.

5. gaia.–Desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizi kalitatea. Desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizi kalitatearen kontzeptuaren aplikazioa gizarte mailan.

6. gaia.–Gizarte hezitzaileen kode deontologikoa. Gizarte hezitzaileen elkargo ofizialen Kontseilu Nagusiaren lanbide agiriak.

7. gaia.–Talde lana. Gizarte hezitzailea talde multiprofesionalaren barrenean: diziplinartekotasuna heziketa lanaren esparru gisa.

8. gaia.–Gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzea. Esku-hartzeko programak diseinatzea eta ebaluatzea. Programak prestatzea eta beharren azterketa.

9. gaia.–Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa: ikuspegia, egitekoa, printzipioak, xedeak, ildo orokorrak, ildo estrategikoak. Ebaluatzeko adierazleak.

10. gaia.–51/2003 Legea, abenduaren 2koa, Desgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta denendako irisgarritasunari buruzkoa: legearen xedea, printzipioak, aplikazio eremua, aukera-berdintasuna, sustapena eta defentsa.

11. gaia.–1856/2009 Errege Dekretua, abenduaren 4koa, desgaitasun-mailaren aitorpena, deklarazioa eta kalifikazioa egiteko prozedurari buruzkoa eta abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretua aldatzen duena.

12. gaia.–Prebentzioa: kontzeptua eta motak.

13. gaia.–Elkarrizketa hezkuntzako eta laguntzako harremanetan: ikaskuntza errazteko jarraibideak, irizpideak eta baldintzak.

II. ERANSKINA

Aldi baterako kontratazioko eskabidea

Artxiboa PDF formatuan.

Artxiboa WORD formatuan (pantailan bete daiteke).

III. ERANSKINA

Eskabidea

Artxiboa PDF formatuan.

Artxiboa WORD formatuan (pantailan bete daiteke).

Iragarkiaren kodea: F1601902