33. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

219/2016 EBAZPENA, otsailaren 1ekoa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, unibertsitateko erdi mailako tituludun lanpostuak (Laneko Arriskuen Prebentzioa) betetzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez egiteko deialdiak onesten dituena. Zerrendetako bat aldi baterako kontratazioetarako da, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran aritzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea, hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat unibertsitateko erdi mailako tituludun lanpostuetan (Laneko Arriskuen Prebentzioa) prestakuntzan aritzeko, zerbitzu berezietako egoeran, eta, bestetik, aipatu lanpostuan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko izangaien zerrenda, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, Osasun Departamentuaren menpekoetan izan ezik.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak osatzeko.

Horrenbestez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan, azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikuluarekin eta Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduarekin bat, honako deialdi hauek iragartzen dira:

DEIALDIAK

I.–Deialdia, unibertsitateko erdi mailako tituludun gisa
(Laneko Arriskuen Prebentzioa) aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda osatzeko

Hauek dira deialdiaren arauak:

Lehena.–Deialdia egiten da unibertsitateko erdi mailako tituludun lanpostuetan (Laneko Arriskuen Prebentzioa) aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko, Osasun Departamentuaren menpekoak izan ezik.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko diplomadunaren, graduatuaren, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren titulua edo horien baliokidea den beste bat edukitzea, edo, bestela, titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekina, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasmailak osorik gaindituak izatea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Prebentzio Zerbitzuen Erregelamenduaren 37. artikuluak ezartzen dituen goragoko eginkizunetan aritzeko gai dela dioen ziurtagiria izatea; hain zuzen, prebentzioko hiru diziplinetan aritzeko: Laneko Segurtasuna, Industriako Higienea eta Ergonomia eta Psikosoziologia Aplikatua, aipatu erregelamenduan eta horren ondotik emandako garapen arauetan ezarritakoari jarraikiz.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) eta 2.1.d) ataletan eskatzen diren titulazio betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren oinarrian xedatuarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian ezarritako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

2.4. Unibertsitateko erdi mailako tituludun lanpostua (Laneko Arriskuen Prebentzioa) aldi baterako betetzeko, B motako gidabaimena izan behar da; horregatik, deitzen zaionean, izangaiak betebehar hori frogatu beharko du agiri bidez, bi deialdietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.5. Espainiako nazionalitatea duten parte-hartzaileek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari baimena emateko aukera dute, II. eranskinean ageri den eskabide ereduaren bitartez, haien identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsultatzeko, beharrezkoak baitira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kontsulta baimentzen ez bada, NANaren fotokopia aurkeztu beharko da parte hartzeko eskabidearekin batera.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, errekerimendua eginen da, 30/1992 Legearen 71. eta 76.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.6. Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia beharko dute aurkeztu eta, zein den kasua, 2.1.a) oinarrian nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, zinpeko aitorpena egin beharko dute, edo hitzeman beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien inolako diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe ez daudela.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesteko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia egiterakoan kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa. Horren bidez, desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen dira. Horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten pertsonek organo eskudunak luzatutako agiriaren kopiaren bidez frogatu behar dute egoera hori.

II.–Deialdia, unibertsitateko erdi mailako tituludun gisa
(Laneko Arriskuen Prebentzioa) prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda osatzeko

Hauek dira deialdiaren arauak:

Lehena.–Deialdia egiten da unibertsitateko erdi mailako tituludun lanpostuetan (Laneko Arriskuen Prebentzioa) prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran arituko diren izangaien zerrenda bat hautaproben bidez betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko, Osasun Departamentuaren menpekoak izan ezik.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, C, D edo E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko diplomadunaren, graduatuaren, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren titulua edo horien baliokidea den beste bat edukitzea, edo, bestela, titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekina, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasmailak osorik gaindituak izatea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

e) Prebentzio Zerbitzuen Erregelamenduaren 37. artikuluak ezartzen dituen goragoko eginkizunetan aritzeko gai dela dioen ziurtagiria izatea; hain zuzen, prebentzioko hiru diziplinetan aritzeko: Laneko Segurtasuna, Industriako Higienea eta Ergonomia eta Psikosoziologia Aplikatua, aipatu erregelamenduan eta horren ondotik emandako garapen arauetan ezarritakoari jarraikiz.

f) Unibertsitateko erdi mailako tituludun gisa (Laneko Arriskuen Prebentzioa) lehenengo prestakuntzaldia egiteko izangaien zerrendan ez egotea.

2.2. Oinarri honen 2.1.d) eta 2.1.e) ataletan eskatzen diren titulazio betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren oinarrian xedatuarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta deia egiten denean eta prestakuntzaldiak iraun bitartean ere.

2.4. Unibertsitateko erdi mailako tituludun lanpostua (Laneko Arriskuen Prebentzioa) aldi baterako betetzeko, B motako gidabaimena izan behar da; horregatik, deitzen zaionean, izangaiak betebehar hori frogatu beharko du agiri bidez, bi deialdietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.5. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuaren menpeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan aritzen diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Prestakuntzaldian aritzeko izangaiei dei egitea.

Deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoari jarraikiz eginen da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

III.–Bi deialdietarako arau komunak

Lehena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.–Eskabideak.

2.1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuko Erregistroaren beste edozein bulegotan (zerrenda 2015eko 57. eta 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialetan argitaratu zen, martxoaren 25ean eta maiatzaren 29an), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

2.2. Eskabideak II. eranskinean heldu den ereduaren araberakoak izanen dira, aldi baterako kontratazioko izangaien kasuan, eta III. eranskineko ereduaren araberakoak, prestakuntzarako izangaien kasuan. Eredu horiek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adieraziko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Unibertsitateko erdi mailako tituludun lanpostu batean (Laneko Arriskuen Prebentzioa) aritzeko deia jasotzen duten izangaiek ez bestek aurkeztu beharko dituzte deialdiko titulazio betebeharra frogatzen duten agiriak, kontratua gauzatzen denean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera deklaratzen denean.

2.3. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak onetsi diren deialdietako izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbideko 2ko atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrialdean (www.navarra.es). Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak zuzenean onetsiko dira behin betikoak bezala.

Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrialdean (www.navarra.es) argitaratuko ditu, deialdi hauetan ezarritako hautaprobak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Laugarrena.–Proba.

4.1. Ebazpen honen bidez onesten diren deialdietarako hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan 80 galdera teoriko edo/eta praktiko erantzun beharko dira ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Erantzuteko 4 aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira.

Gai zerrendan eskatzen den legedia deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duena izanen da. Ariketa hasi aurretik, kalifikazio epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, bai eta oker erantzundako galderen penalizazioa ere.

Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ez eta bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza ez bada.

4.2. Proba horrek 80 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere. Hautaproban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen dutenek gaindituko dute proba.

4.3. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute parte-hartzaileek. Beren nortasuna frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

4.4. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Bosgarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Carlos Arrieta del Valle jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Gizarte Prestazioen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko mahaiburua: Javier Lacarra Albizu jauna, Hezkuntza Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

Mahaikidea: Cristina Pascal Fernández andrea, unibertsitateko erdi mailako tituluduna (Eraikuntza arloan), Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomokoa.

Ordezko mahaikidea: Álvaro Sada Muruzábal jauna, ingeniari teknikoa (Prebentzioko diziplina, Laneko Segurtasuna eta Industriako Higienea), Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomokoa.

Mahaikidea: Rosa María De Luis Aboitiz andrea, unibertsitateko erdi mailako tituluduna (Prebentzioko diziplina: Ergonomia eta Psikosoziologia Aplikatua), Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomokoa.

Ordezko mahaikidea: Ainara Elarre Belzunegui andrea, unibertsitateko erdi mailako tituluduna (Prebentzioko diziplina: Ergonomia eta Psikosoziologia Aplikatua), Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomokoa.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Ordezko mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Mahaikide idazkaria: Cristina Melón Vital andrea, unibertsitateko erdi mailako tituluduna (Laneko Arriskuen Prebentzioa), Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentukoa.

Ordezko mahaikide idazkaria: Paula Castera Zabalza andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Ataleko burua.

5.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Parte-hartzaileen artean gertatzen diren berdinketak irizpide hauei jarraituz ebatziko ditu kalifikazio epaimahaiak:

a) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Berdindutako guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutakoaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrialdean eta iragarki oholean argitaratuko dira.

b) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak badirau, aldi baterako kontratazioetarako deialdian berdinketak hausteko ezarritako zozketaren arabera ebatziko da.

6.2. Probak kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrialdean (www.navarra.es):

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko proba gainditzen duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko proba gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

Epaimahaiak, halaber, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio arau honetan aipatzen diren zerrendak, onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Unibertsitateko erdi mailako tituludun lanpostuetan (Laneko Arriskuen Prebentzioa) aritzeko izangaien zerrenda.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da izangaien zerrenda, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) argitaratuko dena, bai eta Nafarroako Gobernuaren web-orrialdean ere (www.navarra.es).

7.2. Deia.

Arau honetan aipatutako zerrendetan ageri diren izangaiei dei egiteko, ebazpen honen bidez onetsitako deialdietako oinarrietan ezarritakoari jarraikiko zaio; betiere, prestakuntzarako izangaiak lehenetsiko dira aldi baterako kontratatuak izateko izangaien aurretik.

Deia jasotzen duten izangaiek kasuan kasuko deialdian titulazioari buruz eskatutako betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, honako hauen fotokopia aurkeztuta:

–Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko diplomadunaren , graduatuaren, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren titulua edo haien baliokidea den beste bat, edo, bestela, titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekina, edo lizentzia bateko, ingeniaritzako edo arkitekturako lehenengo hiru ikasmailak osorik gaindituak izateari buruzko ziurtagiria.

–Prebentzio Zerbitzuen Erregelamenduaren 37. artikuluak ezartzen dituen goragoko eginkizunetan aritzeko gai dela dioten ziurtagiriak; hain zuzen, prebentzioko hiru diziplinetan aritzeko: Laneko Segurtasuna, Industriako Higienea eta Ergonomia eta Psikosoziologia Aplikatua.

–Gidabaimena, B motakoa.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Zortzigarrena.–Gehieneko denbora prestakuntzarako zerbitzu berezietan.

8.1. 4 urteko bigarren prestakuntzaldian sartzen diren izangaiak ezin dira 10 urte baino gehiago egon prestakuntzarako zerbitzu berezietan, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritzen badira ere.

8.2. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan 6 urte bitarte egoteko eskubidea duten izangaiek ezin izanen dute gehieneko epe hori gainditu, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritzen badira ere.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdien, haien oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2016ko otsailaren 1ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Laneko Arriskuen Prebentzioaren esparruko araudia. Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legea, Prebentzioko Zerbitzuen 39/1997 Erregelamendua eta horren garapeneko araudia.

2. gaia.–Segurtasun eta osasun arloko araudia, lantokiei buruzkoa.

3. gaia.–Segurtasun eta osasun arloko araudia, enpresa jardueren koordinazioari buruzkoa.

4. gaia.–Lantokietako autobabes planei eta larrialdiko neurriei lotutako araudia. Autobabes planak ezartzea eta mantentzea. Suteen prebentzioa.

5. gaia.–Laneko ekipamenduaren erabileraren ondoriozko arriskuen prebentzioa eta araudia.

6. gaia.–Eragile fisikoen arriskuak identifikatu, ebaluatu eta prebenitzeko neurriak lantokian.

7. gaia.–Eragile kimikoen arriskuak identifikatu, ebaluatu eta prebenitzeko neurriak lantokian.

8. gaia.–Eragile biologikoen arriskuak identifikatu, ebaluatu eta prebenitzeko neurriak lantokian.

9. gaia.–Alderdi ergonomikoen arriskuak identifikatu, ebaluatu eta prebenitzeko neurriak lantokian.

10. gaia.–Alderdi psikosozialen arriskuak identifikatu, ebaluatu eta prebenitzeko neurriak lantokian.

II. ERANSKINA

Aldi baterako kontrataziorako eskabidea

Word formatuan (pantailan bete daiteke).

PDF formatuan.

III. ERANSKINA

Prestakuntzako zerbitzu berezietarako eskabidea

Word formatuan (pantailan bete daiteke).

PDF formatuan.

Iragarkiaren kodea: F1601680