29. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

400/2016 EBAZPENA, otsailaren 12koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan maisu-maistren kidegoan sartzeko eta maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioek kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko hautapen prozedura onesten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hamabigarren xedapen gehigarrian eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen irakaskuntzako kidegoetan sartu, bertan igo eta espezialitate berriak lortzeko Erregelamendua onesten duen otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, irakasleen funtzio publikoan sartzeko sistema oposizio-lehiaketa izanen da.

Errege dekretu horren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, dei egiten duten administrazio publikoek, bakoitzak bere lan eskaintza onetsi ondoren, eskaintza horietan baimendutako lanpostuak betetzeko deialdiak eginen dituzte.

Deialdi honetan otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren III. tituluan ezarritakoa aplikatuko da, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den epea igaro ondoren.

2016ko otsailaren 10eko Foru Dekretuaren bidez, 2016ko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasleen lanpostuetarako, eta bertan maisu-maistren kidegoko 200 lanpostu huts eskaini ziren.

Bestetik, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren V. tituluan espezialitate berriak eskuratzeko prozedura arautzen da, eta adierazi hezkuntza administrazioek zehaztuko dituztela titulu horretan ezarritako prozeduren bidez eskuratzen ahal diren espezialitateak, dagozkien deialdien bidez. Deialdia egiten duen hezkuntza administrazioaren mende dauden karrerako funtzionarioek soilik hartzen ahalko dute parte deialdi horietan.

Horrenbestez, Giza Baliabideen Zerbitzuak, Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren abuztuaren 13ko 1/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz, erabaki du:

1. Prozedura hauek iragartzea:

I.–Maisu-maistren kidegoan sartzeko hautapen prozedura.

II.–Maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioek kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozedura.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Idazkaritza Tekniko Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalera eta Argibide eta Agiri Bulegora igortzea.

I. TITULUA

Maisu-maistren kidegoan sartzeko hautapen prozedura

Hautapen prozedura honako oinarri hauek gidatuko dute:

Lehena.–Arau orokorrak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruan maisu-maistren kidegoko 200 lanpostu huts betetzeko hautapen prozedurarako deia egiten da.

Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriarekin eta 2016ko otsailaren 10eko Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba txandako lanpostuen kopurua 14koa da.

Desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbaturiko lanpostu guztiak edo horietako batzuk betetzen ez badira, prozedura irekikoei gehituko zaizkie, dagokien espezialitatean eta hizkuntzan.

2. Deialdian ateratako lanpostuak honela banatu dira espezialitateen, hizkuntzen eta prozeduraren arabera:

ESPEZIALITATEAK

TXANDA

IREKIA

DESGAITASUNA
DUTENENTZAKO
ERRESERBA

Entzumena eta Hizkuntza (gaztelaniaz)

13

1

Entzumena eta Hizkuntza (euskaraz)

7

1

Gorputz Hezkuntza (gaztelaniaz)

16

-

Gorputz Hezkuntza (euskaraz)

10

-

Ingelesa (euskaraz)

23

2

Musika (gaztelaniaz)

11

1

Musika (euskaraz)

9

1

Pedagogia Terapeutikoa (gaztelaniaz)

47

3

Pedagogia Terapeutikoa (euskaraz)

18

2

Euskara (Nafarroa)

32

3

GUZTIRA

186

14

Lanpostuen ezaugarriei dagokienez, adierazten da deitutako espezialitateetako lanpostuak ibiltariak izan daitezkeela.

3. Hautapen prozedura honi araudi hau aplikatuko zaio, deialdia argitaratzen den unean indarra duen idazketaren arabera:

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa; Langileen joan-etorri askeari buruz Europako Parlamentuak emandako 2004/38/EE Zuzentaraua; otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretua, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioari lotutako beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu eta bizitzeari eta beren joan-etorri askeari buruzkoa; otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen irakaskuntzako kidegoetan sartu, bertan igo eta espezialitate berriak lortzeko Erregelamendua onesten duena eta lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den aldi baterako sarrera-araubidea arautzen duena; bai eta aplikagarri diren gainerako xedapenetan eta deialdi honetan berean xedatutakoa ere.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Prozedura honetan parte hartzen duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:

1. Baldintza orokorrak.

a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko gainerako estatuetako batekoa, edo ondoko arauak aplikatzen dituen estaturen batekoa: Europar Batasunaren barruko langileen joan-etorri askeari buruz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak apirilaren 5ean emandako 492/2011 (EE) Erregelamendua eta Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioari lotutako beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu eta bizitzeari eta beren joan-etorri askeari buruzko otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretua.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu batzuetako herritarren ezkontideek ere parte hartzen ahalko dute, haien nazionalitatea edozein izanda ere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Halaber, baldintza beretan haien ondorengoek ere hartzen ahalko dute parte, 21 urtetik beheitikoak badira edo, zaharragoak izanez gero, gurasoen bizkar bizi badira.

b) Hemezortzi urte beteak izatea eta, oro har, erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Aukeratu nahi den kidego eta espezialitateari dagozkion eginkizunekin bateraezina den eritasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea.

d) Diziplina espediente bidez Administrazio Publikoen zerbitzutik bereizia ez izana, eta eginkizun publikoak betetzeko desgaitua ez egotea.

Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenek egiaztatu beharko dute ez daudela gabetuta zigor edo auzi bidez beren estatuetako funtzio publikoetan aritzeko.

e) Sartu nahi den kidego bereko funtzionarioa ez izatea, ez karrerakoa ez praktiketakoa, eta ez egotea sartu nahi den kidego bereko karrerako funtzionario izendatzeko esperoan.

f) Epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik.

2. Txanda irekiko prozeduran parte hartzeko berariazko baldintzak.

Aurreko atalean ezarritako baldintza orokorrak betetzeaz gain, izangaiek titulu hauetako bat izan beharko dute:

–Maisu/maistra titulua edo kasuan kasuko gradua.

–Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle diplomadun titulua.

–Lehen Irakaskuntzako maisu-maistra titulua.

Izangaiek atzerrian lortutako titulazioak aurkezten badituzte, haien homologazioaren egiaztagiria izan beharko dute, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat, edo onarpenaren egiaztagiria, 2005/36/EE Zuzentarauan eta azaroaren 8ko 1837/2008 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

3. Desgaitasuna dutenentzako erreserba prozeduran parte hartzeko berariazko baldintzak.

Prozedura honetan parte hartzen ahalko dute, maisu-maistren kidegoan sartzeko eskatutako baldintza orokorrak eta berariazkoak betetzeaz gain, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortua duten pertsonek, betiere irakasle lanerako oro har eskatzen den gaitasun funtzionala badute, eta lortu nahi den espezialitaterako behar dena ere bai.

Hautapen prozeduran izangai horiek izanen dituzten baldintzak eta txanda irekiko izangaienak berberak izanen dira, deialdi honen hirugarren oinarriaren 2. atalaren D) letran aipatzen diren egokitzapenak galarazi gabe.

Prozedura honetan parte hartzen duten izangaiek ezin izanen dute espezialitate eta hizkuntza bereko txanda irekian parte hartu.

4. Euskaraz eman beharreko lanpostuak eta Euskara (Nafarroa) espezialitateko lanpostuak eskuratu ahal izateko baldintza berariazkoak.

1. eta 2. ataletan eta, hala denean, 3.ean ezarritako baldintza orokor eta berariazkoak betetzeaz gainera, izangaiek EGA-Euskararen Gaitasun Agiria edo titulu baliokide bat eduki beharko dute.

5. Nazionalitate espainiarra ez duten izangaientzako berariazko betebeharrak:

Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek gaztelaniaz behar bezala badakitela egiaztatu beharko dute hauetako baten bidez:

–Gaztelaniaren Goi Mailako Diploma izatea, zeina Gaztelania Atzerriko Hizkuntza gisako Goi Mailako Diplomaren baliokidea baita (urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretuak ezarritakoa), Gaztelaniazko C1 mailako diploma, Hizkuntza Eskola Ofizialek atzerritarrendako ematen duten Gaztelaniaren Gaitasun Agiria edo Filologia Hispaniko edo Erromanikoan lizentziadun edo kasuan kasuko gradudun titulua.

–Gaztelaniaz badakitela frogatzeko egin beharreko proba gainditzea. Proba horretan idazlan bat egin beharko da gaztelaniaz, gutxienez berrehun hitzekoa, eta elkarrizketa bat epaimahaikoekin. “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen da. “Ez gai” kalifikazioa lortzen duten izangaiek eta proba egitera aurkezten ez direnak hautapen prozeduratik baztertuko dira, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

Gaztelania hizkuntza ofiziala duen herrialde bateko nazionalitatea dutenak gaztelaniaz badakitela egiaztatzetik salbuetsita egonen dira eta, orobat, Espainian unibertsitate-tituluren bat lortu dutenak.

6. Oinarri honetan aipatutako betebehar guztiak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dira, eta karrerako funtzionario gisa lanpostuaren jabetza hartu arte betetzen jarraitu.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Hautapen prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabide baten bidez eskatu beharko dute; eskabide eredua interesdunen eskura izanen da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan. Parte hartzeko eskabidea eta ordainketa-gutuna Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es) eta Nafarroako Gobernuarenean (www.navarra.es) ere egonen dira.

Eskabidean izangaiek zehaztu beharko dute zein espezialitate eta hizkuntzatan parte hartzen duten, deialdi honetako lehenengo oinarrian agertzen direnen artean aukeratuz, eta horrez gain, zehaztu beharko dute zer prozeduraren bidez parte hartzen duten espezialitate eta hizkuntza bakoitzean, ondoko hauen arabera:

Zein prozeduraren bidez parte hartzen den:

–Txanda irekia.

–Desgaitasuna dutenentzako erreserba.

Era berean, Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio) eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.navarra.es/home_eu/) fitxa bat egonen da izangaien eskura, deialdian onartzeko nahitaezkoak diren agiriak zein merezimenduen frogagiriak zenbakiekin eta modu ordenatuan aurkezteko. Hori guztia eginen da izangaiari agiriak aurkeztea sinplifikatzeko eta organo arduradunei betebeharren egiaztapena eta merezimenduen balorazioa errazteko asmoz.

2. Izangaiek parte hartzeko eskabide bakar bat aurkeztuko dute, agiri hauekin batera:

A) Nazionalitate espainiarreko izangaiak:

1) Nortasun agiri nazionalaren edo balio bereko nortasun agiriaren fotokopia. Agiri hau DIN-A4 paperean aurkeztuko da.

2) Zinpeko aitorpena egitea edo hitz ematea inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik diziplina espediente bidez berezia ez dagoela edo eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez dagoela. Aitorpen hori egiteko eredua Hezkuntza Departamentuaren web-orrian dago: www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio.

3) Parte hartzen duen espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko ordainketa-gutun bat, laugarren oinarriaren 2. atalean ezarritakoaren arabera.

4) Maisu/maistra tituluaren, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle diplomaren edo Lehen Irakaskuntzako maisu/maistra tituluaren edo maila bereko titulu baten fotokopia, edo titulua luzatzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Titulua atzerrian eskuratu bada, horren fotokopia aurkeztuko da eta, horrekin batera, homologatuta edo onartuta dagoela egiaztatzen duen agiria.

5) Euskaraz eman beharreko lanpostuak edo Euskara (Nafarroa) espezialitateko lanpostuak eskuratu nahi izanez gero, EGA-Euskararen Gaitasun Agiriaren edo titulu baliokide baten fotokopia aurkeztu beharko da, edo titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.

6) Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa. Interesdunek ziurtagiri hori aurkeztuko dute, edo, bestela, eskabidean horretarako dagoen laukian berariaz adieraziko dute administrazio honi baimena ematen diotela Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari eskatzeko ziurtagiri negatiboa.

7) Merezimenduen frogagiriak, I. eranskinean onartu den baremoan ezarritakoaren arabera.

Merezimenduen baremoaren I. atala (irakasle lanetan emandako zerbitzuak) baloratzeko, zerbitzuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenturako egin badira, Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkeztuko du zerbitzuen orria, izangai bakoitzaren espediente pertsonalean dagoen dokumentazioaren arabera, parte hartzeko eskabidean berariaz eskatu behar izan gabe. Aitzitik, beste hezkuntza administrazio edo zentro batean egindako zerbitzuak egiaztatzeko, kasuan kasuko zerbitzuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, merezimenduen baremoan ezarritakoarekin bat.

B) Beste nazionalitate bateko izangaiak:

Atal honen A) letrako 3. puntutik 7.era ezarritako agiriez gain, baldintza hauek bete beharko dira:

1) Espainiako nazionalitatea ez badute ere, deialdi honetako bigarren oinarriaren 1.a) ataleko lehenengo paragrafoan adierazitako betebeharrak betetzen dituzten izangaiek nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia aurkeztu beharko dute. Agiri hori DIN-A4 paperean aurkeztuko da.

Aurreko horien ahaideek ondoko agirien fotokopia aurkeztu beharko dute: pasaportearena, bisatuarena eta, kasuaren arabera, behar den txartela eskatu izanaren gordekinarena edo bisatuaren salbuespena eskatu izanaren gordekinarena eta dagokion txartelarena. Agiri horiek eskatu ezean, agintaritza eskudunek ahaidetasun lotura egiaztatzeko emandako agiriak aurkeztu beharko dituzte, baita, zein espainiarrekin edo Europar Batasuneko zein herritarrekin duten ahaidetasun lotura, horren zinpeko aitorpena edo hitzematea ere, non adieraziko duen bere ezkontidearengandik zuzenbidez bananduta ez dagoela eta, kasuaren arabera, izangaia bere bizkar bizi dela edo bere kargupean dagoela. Bestela, izangaiaren egoera frogatzeko beste agiri batzuk aurkeztu beharko dituzte, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioari lotutako beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu eta bizitzeari eta horien joan-etorri askeari buruzko otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuaren arabera.

Parte hartzeko eskabidean, nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek “Nortasun Agiri Nazionalari” dagokion laukian adierazi beharko dute beren estatuko Nortasun Txartelari dagokion zenbakia edo pasaportearena. Halaber, zein nazionalitate duten adierazi beharko dute eta gaztelaniaren jakite-maila frogatzeko azterketa egitetik salbuetsiak dauden ala ez.

2) Zinpeko aitorpena edo hitzematea, izangaiak bere Estatuko funtzio publikoan sartzeko diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela frogatzen duena. Aitorpen hori egiteko eredua Hezkuntza Departamentuaren web-orrian dago: www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio.

3) Gaztelaniaz behar beste badakitela frogatzeko, Gaztelaniaren Goi Mailako Diplomaren fotokopia aurkeztu beharko dute, zeina Gaztelania Atzerriko Hizkuntza gisako Goi Mailako Diplomaren baliokidea baita (urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretuak ezarritakoa), Gaztelaniazko C1 mailako diploma, Hizkuntza Eskola Ofizialek atzerritarrendako ematen duten Gaztelaniaren Gaitasun Agiria, Filologia Hispaniko edo Erromanikoan lizentziadun edo Espainian lortutako gradudun titulua, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

4) Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboaz gain (aurreko letran ezarritakoa), zigor penalik ezaren ziurtagiria aurkeztuko beharko dute, jatorrizko herrialdeko agintariek edo bere nazionalitatearen herrialdekoek luzatua, Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusia arautzen duen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren 1. idatz-zatiko zerrendako delituei dagokienez.

C) Desgaitasuna dutenentzako erreserba prozedurako izangaiak.

Atal honen A) letran eta, hala denean, B) letran ezarritako agiriez gain, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hurrengo agirietako baten bat aurkeztu beharko dute:

–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Mendekotasuna Baloratzeko eta Orientatzeko Taldeek emandako ebazpena edo ziurtagiria, edo bestelako txosten loteslea, talde multiprofesional eskudun batek emandakoa, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna egiaztatzen duena.

–Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena edo ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena (GSIN), ezintasun iraunkor osoagatik, erabateko ezintasun iraunkorragatik edo baliaezintasun handiagatik pentsioduna dela adierazten duena.

–Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren edo Defentsa Ministerioaren ebazpena, lanerako ezintasun iraunkorragatik edo lanerako desgaitasunagatik erretiro pentsioa aitortzen diona.

Desgaitasuna ziurtatzen duen agiria edo txostena aurkezten ez bada, izangaia ez da onartuko desgaitasuna dutenentzako erreserba prozeduran, baina bai txanda irekiko prozeduran, baldin eta horretarako baldintzak betetzen baditu.

Erreserba prozedura hautatu nahi izanez gero, parte hartzeko eskabidean adierazi beharko da, eta desgaitasuna egiaztatzen duen agiria erantsi beharko zaio. Geroago desgaitasun bat aitortzeak, atzeraeragineko ondorioak izanik ere, ez du inola ere ekarriko erreserba prozeduran onartzea.

D) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, zein prozeduratan parte hartzen duten gorabehera, parte hartzeko eskabidean adierazi beharko dute zein desgaitasun maila duten eta hori egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak luzatua (atal honen C) letran xedatutakoaren arabera), hori guztia probak egiteko denbora aldetik eta baliabideetan behar dituzten egokitzapenak eskatu ahal izateko eta, orobat, lanpostu hutsak hautatzeko orduan lehentasuna izan dezaten, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zazpigarren xedapen gehigarrian adierazi den bezala.

Probak egiteko denbora aldetik eta baliabideetan behar dituzten egokitzapenei dagokienez, izangaiek aparteko orri batean adierazi beharko dute zein egokitzapen eskatzen dituzten.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten zentzuzko egokitzapen eta doikuntzak zehazteko, desgaitasuna dutenek baldintza berdinetan parte har dezaten ziurtatzeko, proben mamia aldatu gabe, betiere.

3. Izangaiek baldintzak edo merezimenduak frogatzeko aurkezten dituzten agiriek ez dute zertan jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan; agiri horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira eskabideak aurkezteko epearen barnean.

Hautatzen diren izangaiei errekerimendua eginen zaie betebeharren eta, hala denean, parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu dituzten merezimenduen jatorrizko frogagiriak edo horien fotokopia konpultsatuak –edo bestela, haien egiazkotasuna frogatzen duten agiriak– aurkez ditzaten Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez zehaztuko den moduan eta epean. Ebazpen hori jendaurrean jarriko da Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta haren web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio). Errekerimendu hori praktikaldia egiten den ikasturtean eginen da.

Aipatutako agiriak aztertuta ondorioztatzen bada izangaietako batek ez dituela betetzen eskatzen diren betebeharrak, praktiketako funtzionario izaera galduko du eta, hala denean, haren jarduerak baliogabetuko dira, faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak galarazi gabe.

Halaber, parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu diren frogagiriak aztertuta ondorioztatzen bada izangaietako batek ez dituela betetzen merezimendu horiek, egiaztatu gabeko merezimendu horiei emandako puntuazioa kenduko zaio, faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak galarazi gabe. Agiri horiek fase horretan aurkezteak ez du inolaz ere ekarriko merezimenduen behin betiko balorazioetan kontuan hartu ez diren bestelako merezimenduak baloratzea.

Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako agirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Xedatutakoa betez, izangaiek parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu diren agiri guztien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak gorde beharko dituzte.

4. Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak edo beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial berekian idatzitakoak, salbu eta euskarazkoak eta atzerriko hizkuntza baten ezagutza egiaztatzen duten titulazio edo ziurtagiriak. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.

Laugarrena.–Eskabideak aurkeztea eta eskubideak ordaintzea.

1. Eskabidea zein organori zuzendu behar zaion eta aurkezteko tokia.

Eskabideak Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio eta ondoko toki hauetakoren batean aurkeztu beharko dira: Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (Santo Domingo, zk.g., Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 7an), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Atzerrian sinatutako eskabideak kasuan kasuko espainiar ordezkaritza diplomatiko eta kontsularren bidez tramitatzen ahalko dira, deialdi honen bosgarren oinarrian ezarritako epean. Interesdunak azterketa eskubideak ordaindu izanaren banketxeko frogagiria atxikiko dio eskabideari.

2. Azterketa egiteko eskubideak.

Eskabidearekin batera, azterketa eskubideengatik, aukeratu nahi den espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko 40 euro ordaindu izanaren ordainagiria aurkeztu behar da. Ordainagiria aurkeztu ezean izangaia baztertuta geldituko da.

Azterketa eskubideak nahitaez ordainduko dira ordainketa-gutunaren bidez edozein banku entitatetan. Ordainketa-gutunaren eredua Hezkuntza Departamentuaren web-orrian egonen da: www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio. Izangaiek Interneteko web-orri horretan sartu eta ordainketa-gutuna bete beharko dute beren datuekin, eta “kontzeptuaren azalpen” gisa parte hartu nahi duten espezialitatea eta hizkuntza jarriko dituzte. Gero, ordainketa-gutuna inprimatu eta ordainketa eginen dute edozein banketxetan. Ordainketa telematika bidez ere egin daiteke, ordainagiria inprimatuz. Bi kasuetan, hautapen prozeduran onartua izan ahal izateko, izangaiak azterketa eskubideen ordainagiria(k) erantsi beharko di(zki)o eskabideari, ordainagiri bat espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko.

Izangaia nor den jakiteko datuetakoren bat jartzen ez bada, izangaia baztertzea ekarriko du.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoen gaineko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 31. artikuluaren arabera, honako hauek tasak ordaintzetik salbuetsita daude:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak. Tasen ordainketatik salbuetsi ahal izateko, beharrezkoa izanen da desgaitasun maila egiaztatzeko organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztea.

b) Deialdi hau argitaratu baino hilabete bat lehenagotik gutxienez lan-eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonak. Salbuetsiak izateko baldintza izanen da epe horretan eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide igoera, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako arrazoiren bat izan ezean, eta, halaber, hilabetean lanbide arteko gutxieneko soldatatik goragoko errentarik ez izatea.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Interesdunaren aitorpenaren bidez frogatuko da ez duela hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Aitorpen hori egiteko eredua Hezkuntza Departamentuaren web-orrian dago: www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio.

Bosgarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko hogei egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Seigarrena.–Izangaiak onartzea.

1. Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideen Zerbitzuak honako zerrenda hauek onesten dituen ebazpena jendaurrean paratuko du Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio):

–Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak, espezialitateen eta hizkuntzen arabera. Zerrenda horietan parte-hartzaileen izen-abizenak azalduko dira, zein prozeduratan parte hartzen duten, eta, baztertuen kasuan, horretarako arrazoiak.

–Hala denean, gaztelaniaren ezagutza proba egin behar duten izangaien behin-behineko zerrenda.

Behin-behineko zerrenda horiek onesten dituen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako.

2. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, kasua bada, baztertua izateko akatsa zuzentzeko. Era berean, beren datu pertsonalak ematean akatsak izan direla ohartu diren izangaiek epe horretan berean adierazten ahalko dute. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari bidaliko zaizkio eta laugarren oinarriko 1. atalean aipatzen diren tokietako edozeinetan aurkeztuko dira.

3. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak.

Aurreko atalean aipatutako erreklamazioak ebatzi ondoren, ondoko zerrendak onesteko ebazpena emanen da:

–Onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak.

–Hala denean, gaztelaniaren ezagutza proba egin behar duten izangaien behin betiko zerrenda.

Ebazpen horretan, orobat, gaztelaniaren ezagutza proba egiteko eguna eta tokia finkatuko dira, egokia bada.

Ebazpen hori Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio) argitaratuko da.

Behin betiko zerrenda horiek onesten dituen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako.

Interesdunek ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpena onetsi ondotik egiaztatzen bada izangairen batek ez dituela baldintzak betetzen, bere jarduketak deuseztatu eginen dira, faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Espezialitate eta hizkuntza batean izena eman eta onartzeak ez dio izangaiari bermatuko eskatu dituen espezialitate eta hizkuntza guztietan parte hartu ahal izatea, ezartzen den hautapen prozesuaren antolaketak hori galarazten badio, non eta ez den eta espezialitate berean baina beste hizkuntza batean parte hartzeko.

Zazpigarrena.–Hautapen organoak.

1. Izangaien hautapena epaimahaiek eta, kasua bada, horretarako izendatutako hautapen batzordeek eginen dute.

Hautapen organoak autonomia funtzional osoz arituko dira, prozeduraren objektibotasunaren arduradunak izanen dira eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko dute.

Hautapen organoen jarduketa Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legeak xedatutakoari lotuko zaio beti.

Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, hautapen organoek Hezkuntza Departamentuan izanen dute egoitza (Santo Domingo kalea, zk.g., Iruña), eta bertan bideratuko dira hautapen prozeduraren gainean sortzen diren auzi guztiak.

Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpenaren bidez, epaimahai ezberdinak hautatuko dira espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako. Haien osaera jendaurrean jarriko da Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta haren web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio).

Espezialitate eta hizkuntza bakoitzera aurkeztutako izangai kopurua dela-eta Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiak hala irizten badio, epaimahai bat baino gehiago izendatzen ahalko dira. Horrelakoetan, hautapen batzorde bat eratuko da. Kasu horretan, 1. epaimahaiak eginen du desgaitasuna dutenentzako erreserba prozeduraren izangaien ebaluazioa.

2. Epaimahaiko kideak karrerako funtzionarioak izanen dira, jardunean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietan daudenak, bai irakasleen kidegokoak, bai hezkuntza administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen iraungi beharreko kidegokoak. Mahai bakoitzean bost kide izanen dira.

Epaimahaiko kide guztiak maisu-maistren kidegoari dagokion sailkapen talde bereko edo goragoko kidegoetakoak izanen dira. Gainera, epaimahaiko kide gehienak maisu-maistren kidegoko funtzionarioak izan beharko dira.

Epaimahaiak hautatzerakoan, kontuan hartu beharko da espezialitatearen printzipioa, zeinaren arabera mahaikide gehienek hautapen prozeduraren xedeko espezialitateko titular izan beharko duten, eta maisuen eta maistren arteko berdintasunera joko da, arrazoi oinarritu eta objektiboek eragozten ez badute behintzat.

Epaimahaiak honela osatuko dira:

–Mahaiburua, Hezkuntza Departamentuak zuzenean izendatua.

–Lau mahaikide, jardunean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietan ari diren maisu-maistren kidegoko funtzionarioen arteko zozketa publiko bidez aukeratuak. Mahaikide horiek kasuan kasuko espezialitateko lanpostu batean izan beharko dute behin-behineko edo behin betiko destinoa.

Letren zozketa egiteko, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 19ko 387/2015 Ebazpenari jarraituko zaio. Haren bidez, letren zozketa egiteko prozedura ezarri zen Giza Baliabideen Zerbitzuak kudeatzen dituen deialdietarako.

Izendatzen den mahaikideren batek Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 18ko 300/2011 Ebazpenaren bidez onetsitako maisu-maistren kidegoan sartzeko hautapen prozeduran ere parte hartu baldin bazuen mahaikide gisa, oraingo honetan parte hartzetik salbuesteko arrazoitzat hartzen ahalko da. Mahaikideen kasuan, orobat, ikastetxe bateko zuzendari gisa edo Hezkuntza Departamentuko erantzukizuneko lanpostuetan aritzea salbuesteko arrazoitzat hartzen ahalko da. Horrelakoetan, izendatuak gainean duen zuzendari nagusiaren txostena aurkeztu beharko du, hautapen prozesuak irauten duen denboran lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzerik ez lukeela izanen frogatzeko. Maisu-maistren kidegoan espezialitate berriak eskuratzeko hautapen prozeduran parte hartzea ez da inola ere salbuesteko arrazoitzat hartuko.

Maisu-maistren kidegoko funtzionarioen kopuruak aukera ematen ez badu epaimahaien izendapena aurreko paragrafoetan azaldu bezala egiteko, Hezkuntza Departamentuak ahalmena izanen du mahaikideak zuzenean izendatzeko kasuan kasuko espezialitateko maisu-maistren kidegoko funtzionarioen artetik.

Salbuespen gisa, horretarako arrazoi justifikaturik baldin badago, zilegi izanen da hezkuntzako beste administrazio batzuei eskatzea kasuko espezialitateko funtzionarioak proposa ditzatela epaimahaiak osatzeko, eta, bai halaber, epaimahaia beste espezialitate bateko funtzionarioekin osatzea, maisu-maistren kidegokoak izan edo irakasleen beste kidego batekoak. Kasu horietan aholkulari espezialistak aukeratzen ahalko dira.

Epaimahaiko idazkari lana kidegoan antzinatasunik txikiena duen mahaikideak eginen du, epaimahaiak bestelakorik erabakitzen ez badu behintzat.

3. Epaimahai bakoitzarentzat ordezko kideak izendatuko dira, prozedura berari jarraikiz, ahal den guztietan.

4. Hautapen batzordeen osaera. Izangai kopurua eta deialdiko lanpostu kopurua dela-eta espezialitateren baterako epaimahai bat baino gehiago izendatu beharra gertatzen bada, espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako hautapen batzordeak eratuko dira. Batzorde horiek epaimahaietako mahaiburuek osatuko dituzte, bostek gutxienez; mahaiburuak bost baino gutxiago izanez gero, idazkariek osatuko dute kopuru hori, epaimahaiak izendatzeko ordena berari jarraikiz, eta hala ere ezin bada, mahaikideek. Halakoetan, batzordeko burua 1. epaimahaiko burua izanen da, eta idazkaria, berriz, batzordeak berak horretarako izendatzen duen kidea.

5. Deialdi honi dagozkion hautaprobak hasi aurretik, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak, beharrezkoa bada, oinarri honetako 2. eta 13. ataletan aurreikusitako arrazoiren batengatik edo ezinbesteko arrazoi batengatik mahaikide izateari utzi diotenen ordez arituko diren kide berriak izendatzeko ebazpena emanen du. Izendapenaren ebazpena Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio) argitaratuko da.

6. Mahaiburuek dei egin ondoren, epaimahaiak eta, horrelakorik badago, hautapen batzordeak eratuko dira, mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak, gutxienez, bertan direla.

7. Behin hautapen organoak eratu ondoren, beren jarduketek balioa izan dezaten beharrezkoa izanen da mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak, gutxienez, bertan egotea.

8. Epaimahaiek edo, halakoak daudenean, hautapen batzordeek, beren lanetarako aholkulari espezialistak eta laguntzaileak eskatzen ahalko dituzte. Horiek Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu. Lehenbizikoen eginbeharra izanen da hautapen organoko kideei aholku ematea espezialitate bakoitzeko ezagupenen ebaluazioari buruz. Laguntzaileen eginbeharra izanen da hautapen organoei laguntza ematea, horiek adierazten dizkieten zeregin teknikoak eginez. Jarduera bakoitzean batzuk eta besteak beren eskumenetara mugatuko dira.

9. Epaimahaien eginkizunak.

Epaimahaiei eginkizun hauek dagozkie:

–Deialdi honek xedatzen duenari jarraikiz, hautapen prozedura behar bezala burutzen dela begiratzea.

–Oposizioaldiko probak kalifikatzea.

–Espezialitate eta hizkuntza bakoitzerako epaimahai bakarra izendatzen bada, honako eginkizun hauek ere izanen dituzte: oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batuketa egitea, izangaiak ordenatzea, bi faseak gainditzen dituzten izangaien zerrendak prestatzea, lehiaketaldia eta oposizioaldia gainditu dituzten izangaien deklarazioa egitea, horien zerrendak argitaratzea eta organo dei-egileari igortzea.

Haurdun dagoen izangairen bat erditzen bada epaimahaiaren aurrean aurkezteko egunean edo oposizioaldiko probaren bat egiteko egun berean, epaimahaiek antolaketako neurri egokiak hartzen ahalko dituzte emakume horiek hautapen prozedurako fase guztietan parte hartzeko modua izan dezaten.

Epaimahaiek ahalmena dute probetan iruzurrezko jarduketaren bat egiten duten izangaiak hautapen prozeduratik baztertzeko.

10. Hautapen batzordeen eginkizunak:

Hautapen batzordeei eginkizun hauek dagozkie:

–Epaimahaiak koordinatzea.

–Epaimahaien jardueretarako irizpideak finkatu eta homogeneizatzea.

–Lehenengo probaren A zatia prestatzea, eta hura kalifikatzeko irizpideak finkatzea.

–Epaimahaiek oposizioaldian emandako puntuazioei lehiaketaldikoak gehitzea, izangaiak ordenatzea eta bi fase horiek gainditu dituzten izangaien zerrendak prestatzea.

–Lehiaketaldia eta oposizioaldia gainditu dituzten izangaien deklarazioa egitea, horien zerrendak argitaratzea eta organo dei-egileari igortzea.

Hautapen prozedurako fase guztietan, hautapen batzordeek ebatziko dituzte deialdiko oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak.

11. Beste administrazio organo batzuk.

11.1. Epaimahai koordinatzaileak.

Hautapen prozedurak behar bezala tramitatzeko eta hautapen organoek izangaiak hautatzea errazteko, buru koordinatzaile bat eta idazkari koordinatzaile bat edo gehiago hautatzen ahalko dira edo, hala denean, buruaren eta idazkari koordinatzailearen ondokoak.

Epaimahai koordinatzaileak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpenaren bidez hautatuko dira. Ebazpen hori jendaurrean jarriko da Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta haren web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio).

Organo horiek Hezkuntza Departamentuak agintzen dizkien eginkizunak gauzatuko dituzte, eta deialdi honen I. eranskin gisa erantsi den merezimenduen baremoaren II. eta III. atalak baloratzeko irizpideak ezarriko dituzte.

Era berean, oposizioaldia hasi baino lehen, Hezkuntza Departamentuak probak ebaluatzeko ezartzen dituen irizpideak jendaurrean jarriko ditu.

11.2. Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzua.

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari egokituko zaio izangaiei deialdi honen I. eranskin gisa erantsi den merezimenduen baremoaren I. atalari dagokion puntuazioa esleitzea.

Zerbitzu horrek hautapen organoek eskuordeturik eginen du balorazio hori, eta oposizioaldia bukatutakoan igorriko dizkie emaitzak.

11.3. Balorazio batzordeak.

Balorazio batzordeei egokituko zaie izangai bakoitzari esleitzea deialdi honen I. eranskin gisa erantsi den merezimenduen baremoaren II. eta III. atalengatik dagokion puntuazioa.

Balorazio batzorde horiek Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak aipatzen dituen irakasleen kidegoetako funtzionarioek osatuko dituzte, eta Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpenaren bidez hautatuko dira, epaimahai koordinatzaileek proposaturik. Izendapenaren ebazpena Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio) argitaratuko da.

Organo horiek epaimahaiek eskuordeturik eta epaimahai koordinatzaileek zehazten dituzten irizpideen arabera eginen dute balorazioa, eta, oposizioaldia bukatutakoan, emaitzak helaraziko dizkiete.

Batzordeek izendapenaren ebazpenean zehazten den ordutegian baloratuko dituzte merezimenduak, uneoro ikasleei arreta ematea bermatuta. Batzordeen egoitza Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusian egonen da.

Erakunde sindikalek balorazio batzordeetan parte hartzen ahalko dute.

Balorazio batzordeetako kide izendatzen diren langileak oinarri honen 2. atalean aipatzen diren epaimahaietan parte hartzeaz salbuetsiko dira, non eta hautapen organoak eratzean espezialitatearen printzipioa bermatzea ezinezkoa baldin bada, edo borondatez parte hartzea eskatzen badute.

11.4. Gaztelaniaren ezagutza probaren ebaluazio epaimahaia.

Deialdiaren bigarren oinarriaren 5. atalak aipatzen duen proba horren ebaluazio epaimahaia jardunean dauden karrerako irakasle funtzionarioek osatuko dute. Irakasle horiek maisu-maistren kidegoari dagokion sailkapen talde bereko edo goragoko kidego batekoak izanen dira.

Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez izendatuko da epaimahai hori. Izendapenaren ebazpena Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio) argitaratuko da.

12. Maiatzaren 16ko 202/1991 Foru Dekretuaren 1. artikuluak eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 8. artikuluko 3. puntuak diotenaren arabera, hautapen organoetan parte hartzea nahitaezkoa da eta, horrelakoetan, aipatu foru dekretuan zehazten diren ordainak dagozkie epaimahaietako kideei.

13. Hautapen organoetako kideek ezin izanen dute bertan parte hartu baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 28. artikuluan jasotako egoeretako batean badaude, edo deialdia argitaratu aurreko bost urteko epean aritu badira kidego eta espezialitate bereko hautaprobetarako izangaiak modu sistematikoan prestatzen. Horrelakorik gertatuz gero, Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari jakinarazi beharko diote. Halako egoeraren bat gertatuz gero, izendapenaren ebazpena jakinarazi eta bost egun balioduneko epean egiaztatu beharko da.

Bestetik, izangaiek mahaikideak errefusatzen ahalko dituzte Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. artikuluan aurreikusitako egoeraren bat gertatzen denean.

Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak, epaimahai koordinatzaileek proposaturik, abstenitzeko, errefusatzeko edo salbuesteko alegatzen diren arrazoiak baloratuko ditu, eta interesdunei jakinaraziko die beren eskaera baietsi ala ezetsi den. Hartutako erabakiaren aurka ezin da inolako errekurtsorik jarri.

Zortzigarrena.–Hautapen prozeduraren nondik-norakoak.

1. Hautapen prozesuak bi fase izanen ditu: batetik, lehiaketaldia, non izangaien merezimenduak baloratuko baitira deialdi honen I. eranskinean ageri den merezimendu baremoaren arabera; eta bestetik, oposizioaldia, non kasuan kasuko irakaskuntza espezialitateko berariazko ezaupideak, gaitasun pedagogikoa eta irakaskuntzan aritzeko behar diren tekniken ezagutza kontuan hartuko baitira. Halaber, praktikaldi bat egin beharko da, hautapen prozeduraren parte izanen dena.

Epaimahaiaren aurrean eginen den aurkezpen ekitaldi batekin hasiko da oposizioaldia; izangaiek bigarren probako A zatian aipatzen den programazio didaktikoa eraman beharko dute ekitaldi horretara. Aurkezpen ekitaldira joaten ez diren eta programazio didaktikoa eramaten ez duten izangaiak hautapen prozeduratik baztertuko dira. Ez da zilegi izanen izangaien ordez beste pertsona batzuk agertzea.

Ondoren, oposizioaldiko lehenengo proba eginen da, zati hauek izanen dituena:

–A zatia: proba praktiko bat, deialdiaren bederatzigarren oinarriko 2.1.1 atalean xedatutakoari jarraikiz.

–B zatia: ariketa idatzi bat, deialdiaren bederatzigarren oinarriko 2.1.1 atalean xedatutakoari jarraikiz.

Horren ondoren oposizioaldiko bigarren proba eginen da, zati hauek izanen dituena:

–A zatia: programazio didaktiko bat aurkeztea, azaltzea eta defendatzea, deialdiaren bederatzigarren oinarriko 2.1.2 atalean xedatutakoari jarraikiz.

–B zatia: unitate didaktiko bat prestatzea, azaltzea eta defendatzea, deialdiaren bederatzigarren oinarriko 2.1.2 atalean xedatutakoari jarraikiz.

2. Oposizioaldia 2016ko ekainaren 1etik aurrera hasiko da, aurkezpen ekitaldi baten bidez.

Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez, izangaiei dei eginen zaie oposizioaren aurkezpen ekitaldira ager daitezen. Ebazpen horretan epaimahaien aurreko jarduketa noiz, zein ordutan eta non hasiko den adieraziko da, eta Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan (Santo Domingo kalea, zk.g., Iruña) eta departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es) argitaratuko da, aurkezpen ekitaldia baino zazpi egun natural lehenago, gutxienez.

Ebazpen horren bidez, halaber, oposizioaldiko lehenengo probaren bi zatiak egiteko deia eginen zaie.

Hurrengo ariketetako deialdiak lehenengo proba egiten den lekuetan eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es) argitaratuko dituzte epaimahaiek, ariketa hasi baino berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez.

Izangaiei dei bakarra eginen zaie epaimahaien aurreko jarduketak egiteko, eta agertzen ez direnak hautapen prozeduratik baztertu eginen dira. Horren ondorioetarako, taldekako ariketa baterako deiaren xede diren izangaiek deialdietan zehazten diren egun-orduetan agertu beharko dute. Bana-banako ariketetan, egun bakoitzerako deitutako izangaiek bertan egon beharko dute epaimahaiak jarduketak hasteko ezarritako orduan.

3. Izangaiek parte hartzeko ordena alfabetikoki zehaztuko da; horretarako Giza Baliabideen Zerbitzuak zozketaz bi letra aterako ditu eta lehenengo abizenaren hasieran bi letra horiek dituen izangaia hasiko da, deialdi honen zazpigarren oinarriaren 2. atalean adierazitako moduan.

4. Epaimahaiak edozein unetan eskatzen ahalko die izangaiei beren nortasuna froga dezatela.

Bederatzigarrena.–Hautapen prozeduraren faseak.

1. Lehiaketaldia.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi ondoren, zazpigarren oinarriaren 11.2 eta 11.3 atalek aipaturiko organoek izangaiek frogatutako merezimenduak baloratuko dituzte, deialdi honen I. eranskineko baremoari jarraikiz.

Irakasle lanetan emandako zerbitzuak, prestakuntza akademikoa eta beste merezimendu batzuk hartuko dira merezimendutzat.

Eskabideak aurkezteko epearen barruan alegatzen diren merezimenduak baizik ez dira puntuatuko, I. eranskinean adierazten den dokumentazioarekin batera aurkezten badira.

Giza Baliabideen Zerbitzuak baremoko atal guztien puntuazioak batuko ditu eta merezimenduen behin-behineko balorazioak onesten dituen ebazpena argitara emanen du Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es), baita merezimenduak zuzentzeko aktak ere.

Ebazpen hori argitaratzearekin ulertuko da egin dela interesdunei egin beharreko jakinarazpena, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan xedatzen diren ondorioetarako.

Aldi berean, Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkeztutako zerbitzuak argitaratuko dira, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarentzat zerbitzuak eman dituzten izangaiei dagozkienak.

Interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte edo/eta merezimenduak zuzentzeko aktetan jasotzen diren akats formalak zuzendu, haiek argitaratu eta 10 egun balioduneko epean. Erreklamazio eta zuzenketa horiek Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio eta deialdiaren laugarren oinarriko 1. atalean adierazitako erregistroetako edozeinetan aurkeztuko dira.

Izangairen batek ez baditu epe horretan zuzentzen akats formalak, ulertuko da zuzentzeari uko egiten diola.

Lehiatzaileek eskabideak aurkezteko epearen barruan alegatu eta justifikatu ez dituzten merezimenduak ez dira inoiz kontuan hartuko.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta behin haiek ebatzirik, merezimenduen behin betiko balorazioak onesten dituen ebazpena argitaratuko da Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian: www.educacion.navarra.es. Balorazio horien kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Ebazpen hori argitaratzearekin ulertuko da egin dela interesdunei egin beharreko jakinarazpena, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan xedatzen diren ondorioetarako.

2. Oposizioaldia.

2.1. Oposizioaldiko probak.

Oposizioaldiak bi proba izanen ditu, biak ala biak baztergarriak. Horietako bakoitzak bi zati izanen ditu.

Izangaiek oposizioaldiko proben ariketa guztietara agertu beharko dute. Horietakoren batera agertzen ez badira, baztertu eginen dira hautapen prozeduratik.

Izangaiak idatzizko ariketak epaimahaiaren aurrean ahoz azaldu edo irakurri behar ez baditu, bere anonimotasuna bermatuko da, plika sistema erabiliz. Izangaiak identifikatzeko moduko arrastoak, sinadurak edo beste edozein seinale dituzten idatzizko ariketak baliorik gabe utziko dira, baita irakurtezinak direnak ere.

Ingeles eta Euskara (Nafarroa) espezialitateetako proba guztiak kasuan kasuko hizkuntzan eginen dira oso-osorik. Euskaraz emanen diren gainerako espezialitateetan izangaiek aukera izanen dute ariketa bakoitza gaztelaniaz ala euskaraz egiteko.

Oposizioaldiko probak honako hauek izanen dira:

2.1.1. Lehenengo proba:

lortu nahi den espezialitatearen gaineko berariazko ezaupideak erakustea du helburu, eta bi zati izanen ditu, batera baloratuko direnak.

Lehenengo proba honen bi zatiak egun berean egiten ahalko dira.

A zatia.

Zati honetan ariketa praktiko bat eginen da, izangaiak lortu nahi duen espezialitateari dagozkion trebetasun teknikoak menperatzen dituen eta prestakuntza zientifikoa baduen egiaztatzeko balioko duena.

Proba praktiko horren edukia II. eranskinean zehaztuta dago.

Izangaiek gehienez bi ordu izanen dituzte A zatiko ariketa egiteko.

A zatia 0 puntutik 10 puntura bitarte baloratuko da, eta oposizioaldiko lehenengo probaren kalifikazioaren %50 eginen du. Zati hau gainditzeko, izangaiek gutxienez ere 2,5 puntu lortu beharko dituzte.

B zatia.

Zati honetan, epaimahaiak espezialitateko gai zerrendatik zozketaz aterako dituen bi gaietako bat garatu beharko du izangaiak, idatziz.

Espezialitate bakoitzean aplikatuko diren gai zerrendak indarrean daudenak dira, eta deialdi honen III. eranskinean ageri dira.

Izangaiek gehienez bi ordu izanen dituzte B zatiko ariketa egiteko.

B zatia 0 puntutik 10 puntura bitarte baloratuko da, eta oposizioaldiko lehenengo probaren kalifikazioaren %50 eginen du. Zati hau gainditzeko, izangaiek gutxienez ere 2,5 puntu lortu beharko dituzte.

2.1.2. Bigarren proba:

Izangaiak duen gaitasun pedagogikoa eta irakasle lanean aritzeko behar diren teknikak noraino menderatzen dituen baloratuko da. Horretarako, programazio didaktiko bat aurkeztu beharko du, eta unitate didaktiko bat prestatu eta ahoz azaldu.

Proba hau zerotik hamar puntu bitarte baloratuko da. Gainditzeko, izangaiak bost puntu edo hortik gorako puntuazioa lortu beharko du.

Programazio didaktikoaren ahozko defentsa egin baino lehen, izangaiei gehienez ordubete emanen zaie unitate didaktikoa prestatzeko. Epe horretan, egoki iruditzen zaien material didaktikoa erabiltzen ahalko dute, baina norberak eraman beharko du.

Prestaketarako denbora bukatuta, programazio didaktikoaren ahozko defentsa hasiko da (hogeita hamar minutuz gehienez) eta unitate didaktikoaren azalpena (hogeita hamar minutuz gehienez). Izangaiaren parte-hartzea bukaturik, epaimahaiak programazio unitatearen edo unitate didaktikoaren gainean behar beste galdera egiten ahalko dizkio izangaiari; eztabaida horrek hamabost minutu iraunen du gehienez. Izangai bakoitzak, guztira, ordu bat eta hamabost minutu izanen ditu gehienez lan horiek egiteko.

A zatia. Programazio didaktiko bat aurkeztu, azaldu eta defendatzea.

Programazio didaktikoa deialdi honetako IV. eranskinean ezarritakoari jarraikiz prestatuko da.

Izangaiak prestatzen duen programazioa epaimahaiari eman beharko zaio haren aurrean aurkezteko ekitaldian, deialdi honen zortzigarren oinarriko 2. atalean aurreikusitako tokian, egunean eta orduan. Epaimahaiari programazio didaktikoaren kopia bakarra emanen zaio. Izangaiak berak programazioa aurkezten ez badu oposizioaren aurkezpen ekitaldian, hautapen prozeduratik kanpo geratuko da.

Programazio didaktikoa epaimahaiaren aurrean azalduko da. Izangaiak gehienez ere hogeita hamar minutu izanen ditu azalpen hori egiteko.

Programazio didaktikoa azaldu eta defendatu aurretik, izangaiari ez zaio prestatzeko denborarik emanen. Programazio didaktikoaren azalpena egiteko, izangaiak egoki iruditzen zaion material osagarria erabil dezake, berak eramanda. Programazio didaktikoaren kopia bat ere eraman beharko du, aurkeztu zuena bezal-bezalakoa.

B zatia. Unitate didaktiko bat prestatu, azaldu eta defendatzea.

Izangaiak prestatu eta epaimahaiaren aurrean ahoz defendatu beharreko unitate didaktikoa bakoitzak aurkeztutako programazioarekin zerikusia izan dezake, edo, bestela, norberaren espezialitatearen gai zerrenda ofizialetik abiatuta presta daiteke, izangai bakoitzak aukeratzen duena. Lehenengo kasuan, unitate didaktikoaren edukia aukeratzeko, izangaiak bere programaziotik hiru unitate aterako ditu zozketaz eta horietako bat aukeratuko du. Bigarren kasuan, unitate didaktikoaren edukia aukeratzeko, izangaiak hiru gai aterako ditu zozketaz bere espezialitatearen gai zerrenda ofizialetik, eta horietako bat aukeratuko du.

Unitate didaktikoan deialdiaren IV. eranskinean adierazten diren alderdiak jaso beharko dira.

Unitate didaktikoaren azalpenean, izangaiak gidoi bat besterik ezin du erabili, folio batekoa gehienez, azalpena bukatu eta gero epaimahaiari emanen diona.

Unitate didaktikoa azaltzeko, izangaiak ordu erdi bat izanen du gehienez.

2.2. Oposizioaldiaren azken kalifikazioa.

Fase hau osatzen duten bi probetan lortutako puntuazioen batez besteko aritmetikoa izanen da azken kalifikazioa, betiere proba guztiak gainditu badira.

Oposizioaldiko proben zati bakoitzaren puntuazioa ateratzeko, epaimahaian parte hartzen duten kide guztien kalifikazioen batez besteko aritmetikoa eginen da. Mahaikideek emandako puntuazioen artean hiru puntu oso edo gehiagoko aldea baldin badago, puntuaziorik altuena eta baxuena, besterik gabe, baztertuko dira, eta gainerako kalifikazioekin aterako da batez bestekoa. Epaimahaiko kide batek baino gehiagok ematen badute gehieneko eta/edo gutxieneko kalifikazioa, kasu horretan, gehieneko eta/edo gutxieneko kalifikazioa baizik ez da baztertuko.

2.3. Proba bakoitza edo horien zati bakoitza bukatutakoan, epaimahaiek azken ariketa egin den tokiko iragarki oholean, Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean eta haren web-orrian (www.educacion.navarra.es) paratuko dute izangaiek lortutako puntuazioen zerrenda.

Puntuazio horien kontra interesdunek erreklamazioak egin ditzakete, 2 egun balioduneko epean. Halakoetan, epaimahaiak erreklamazioa aztertuko du, ebaluazio irizpideei jarraikiz, eta kalifikazioetan akats materialik edo egitezkorik, transkripziozkorik edo aritmetikorik egin den egiaztatuko du.

Erreklamazioak ebatzi eta gero, epaimahaiek izangaiek lortutako behin betiko puntuazioak biltzen dituen zerrenda argitaratuko dute gorago adierazi diren toki beretan.

Izangaiek aurkezten dituzten erreklamazioak ebazteko akta azken ariketa egin den tokiko iragarki oholean eta Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean jarriko da jendaurrean.

Epearen barrenean aurkeztutako erreklamazioak izanda ere, Hezkuntza Departamentuak jasotzen baditu kasuan kasuko epaimahaiak oposizioaldiko behin betiko puntuazioen zerrenda argitaratu ondoren, erreklamazio horiek koordinazio epaimahaiak ebatziko ditu, eta kalifikazioetan akats materialik edo egitezkorik, transkripziozkorik edo aritmetikorik egin den aztertuko du. Erreklamazio horiek ebazteko akta Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da.

Behin betiko puntuazioen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, eta haren gaineko ebazpena ematerakoan kontuan hartuko da epaimahaiaren jarduketan ageriko akatsik, arbitrariotasunik edo agintearen desbiderapenik izan den.

Oposizioaldia gainditzen duten izangaiei baizik ez zaizkie batuko lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioak.

Hamargarrena.–Oposizio-lehiaketa gainditzea.

1. Hautapen organoek oposizioaldiko eta lehiaketaldiko puntuazio osoen arabera ordenatu ondoren, txanda irekian eta desgaitasuna dutenentzat erreserbatutako txandan kasuan kasuko espezialitate eta hizkuntzan iragarritako lanpostu kopurua bezalako hurrenkera zenbakia edo txikiagoa duten izangaiak hautatuko dira.

Oposizioaldiko eta lehiaketaldiko puntuazioen ponderazioa, puntuazio orokorra ezartzeko, honako hau izanen da: bi heren oposizioaldirako, eta heren bat lehiaketaldirako.

2. Hautatutako izangaien zerrendak argitaratzea.

Oposizioaldiaren balorazioa egin ondoren, txanda irekian eta desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba txandan oposizioaldia gainditu duten izangaien zerrenda prestatuko dute hautapen organoek, puntuaziorik altuenetik baxuenera ordenatuak, hamar-milarenak ere adierazita, gero oposizioaldiko eta lehiaketaldiko puntuazioak batu, izangaiak lortutako guztirako puntuazioen arabera ordenatu, bi aldiak gainditu dituzten izangaien zerrendak prestatu, oposizioaldia eta lehiaketaldia gainditu dituzten izangaiak aldarrikatu, zerrendak argitaratu eta organo dei-egileari igortzeko.

Hautapen prozesua gainditu duten izangaiak zehaztu ondoren, hautapen organoek zerrenda bakar bat prestatuko dute, prozesua gainditu duten izangai guztiak lortutako puntuazio orokorraren arabera jasoko dituena, bai txanda irekikoak, bai desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba txandakoak.

Zerrenda horretan berdinketarik gertatuz gero, horien artean lehentasuna zeinek duen zehazteko irizpide hauek hartuko dira aintzat:

a) Oposizioaldian puntuaziorik handiena.

b) Oposizioaldiko proba bakoitzean puntuaziorik handiena, deialdian agertzen diren hurrenkera berean.

c) Merezimenduen baremoko ataletan puntuaziorik handiena, deialdian agertzen diren hurrenkera berean.

d) Merezimenduen baremoko azpiataletan puntuaziorik handiena, deialdian ageri den hurrenkeraren arabera.

Irizpide horiek aplikatuta ere berdinketa hausten ez bada, epaimahaiak bosgarren irizpide bat aplikatuko du; hots, zozketa eginen du puntuazio berbera duten izangaien artean.

Txanda irekiaren hautapen prozedura gainditu duten izangaiak zehaztean, txanda horri hasiera batean esleitutako lanpostuei desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba txandan bete gabe gelditzen diren lanpostuak gehituko dizkiete hautapen organoek.

Ezin izanen da deklaratu, inolaz ere, espezialitate eta hizkuntza bakoitzean iragarritako lanpostu kopurua baino izangai gehiagok gainditu dituztela oposizioaldia eta lehiaketaldia.

Prozesua gainditzen duten izangaien zerrenda bakarrak, espezialitatearen eta hizkuntzaren araberakoak, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez onetsiko dira, eta jendaurrean jarriko dira Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta departamentuaren web-orrian: www.educacion.navarra.es. Zerrenda horien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Aurrekoa gorabehera, baldin eta hautapen organoek deialdiko lanpostu adina izangai izendatzea proposatu badute, eta lanpostu kopurua betetzen dela ziurtatzeko, hautatutako izangairen batek lanpostuari uko egiten badio praktiketako funtzionario gisako izendapenaren ondorioak hasten diren eguna baino lehen, deialdia egiten duen organoak izangaien zerrenda osagarri bat onesten ahalko du Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez, epaimahaiak proposatutako izangaien ondotik doazen izangaiak bilduko dituena, puntuazioen batuketa-aktan ageri den hurrenkera oinarri hartuta, gero, behar izanez gero, praktiketako funtzionario izendatuak izan daitezen. Ebazpen hori Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es) argitaratuko da.

3. Oposizio-lehiaketa gainditzea espezialitate, hizkuntza edo kidego batean baino gehiagotan.

Hautapen prozeduren antolaketa sistemak ahalbidetzen badu izangaiak kidego bereko edo kidego desberdinetako espezialitate eta hizkuntza batean baino gehiagotan parte hartzea, kasu hauek suertatzen ahal dira:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan, maisu-maistren kidegoan sartzeko oposizio-lehiaketa bi espezialitate eta hizkuntzatan baino gehiagotan gainditzen duten izangaiek espezialitateetako eta hizkuntzetako bat aukeratu beharko dute, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzendutako eskabide baten bidez. Eskabide hori bost egun balioduneko epean igorri beharko dute, gainditu duten izangaien zerrenda bakarrak argitaratzen direnetik hasita. Gainera, beste espezialitate edo hizkuntzan parte hartzeagatik dagozkion eskubide guztiei uko egin beharko die. Aukera hori egin ezean, ulertuko da puntuazio handiena lortu duen oposizio-lehiaketari dagozkion espezialitatea eta hizkuntza aukeratzen dituela. Berdinketa kasuetan, deialdiaren lehenengo oinarriaren 2. atalean lehenbizi agertzen diren espezialitatea eta hizkuntza hartuko dira aintzat.

–Deialdi honen bidez onetsitako oposizio-lehiaketa gainditzen duten izangaiek, baldin eta beste hezkuntza administrazio bateko kidego berean edo beste batean sartzeko oposizio-lehiaketa ere gainditzen badute eta aukeratzen badute beste administrazio horretan izendatzea praktiketako funtzionario, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzendutako eskabidea aurkeztu beharko dute bost egun balioduneko epean, prozesua gainditzen duten izangaien zerrenda bakarrak onesten dituen ebazpena argitaratzen denetik hasita, deialdi honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiei uko egiteko. Uko egiten ez badiote, praktiketako funtzionarioentzako destinoa aukeratzeko ekitaldira ez agertzeak edo beste hezkuntza administrazio batean praktiketako funtzionario izateko izendapena onartzeak esan nahiko du oposizio-lehiaketa honi isilbidez uko egiten diotela.

4. Desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbatutako prozeduraren bitartez hautatutako izangaien bateragarritasunari buruzko txostena.

%33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiak, desgaitasuna duten pertsonentzat errreserbatutako prozeduraren bitartez hautatuak izanez gero, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, beren desgaitasun maila eta gainditutako oposizio-lehiaketaren kidego eta espezialitateari dagozkion lan eta eginkizunetan aritzeko gaitasuna bateragarriak diren baloratzeko.

Txostenean izangaia bateraezina dela adierazten bada, izangaiak oposizio-lehiaketan parte hartu izanaren ondoriozko eskubide guztiak galduko ditu.

Hamaikagarrena.–Praktiketako funtzionarioak izendatzea.

1. Giza Baliabideen Zerbitzuak praktiketako funtzionario izendatuko ditu hautatzen diren izangaiak, eta praktikak egiteko destinoa esleituko die, zerbitzuaren beharren arabera, beren espezialitateko eta hizkuntzako lanpostu hutsetan edo aldi baterako ordezkapenetarako lanpostuetan, edo, horrelakorik izan ezean, antzeko espezialitateetan.

Praktikaldia egiteko destinoa ekitaldi publiko batean aukeratuko da.

Lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, %33ko desgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik.

Praktikaldia egiteko esleitzen diren destinoak behin-behinekoak izanen dira.

Praktiketako funtzionario izateko izendapena jaso eta karrerako funtzionario izendatu bitartean, izangaiek praktiketako funtzionarioen araubide juridiko-administratiboa izanen dute, betiere irakasle lanpostu batean aritzen badira.

2. Praktiketako funtzionarioak beharturik daude aurrerantzean deitzen diren lekualdatze lehiaketetan parte hartzera, eta horrelakoetan eskatzen dituzten lanpostuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak zuzenean kudeatzen dituen ikastetxeetakoak izan beharko dira, praktiketako funtzionario izendatzeko aintzat hartutako espezialitate eta hizkuntza berekoak.

3. Hautatzen diren izangai guztiek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak zuzenean kudeatzen duen ikastetxe batean aukeratu beharko dute behin betiko lehenengo destinoa. Lekualdatze lehiaketetan parte hartu ahal izateko, kasuan kasuko deialdiak xedatzen duenari jarraikiko zaio.

Hamargarrena.–Praktikaldia.

1. Praktikaldiaren xedea hautatzen diren izangaiek irakasle lanerako duten gaitasuna neurtzea da.

2. Praktikaldiaren barrenean, izangaiek zuzeneko irakaskuntzako aldi bat eta zenbait prestakuntza ikastaro egin beharko dituzte.

3. Praktikaldia Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez arautuko da. Ebazpen horrek honako alderdi hauek bilduko ditu, besteak beste:

–Praktikaldia noiz hasiko den eta zenbat iraunen duen.

–Irakasle baten tutoretzapean eginen da, eta kalifikazio batzorde batek ebaluatuko du “gai” edo “ez gai” adierazita.

–Praktiketako funtzionarioa aldi baterako ezintasun egoera batean edo amatasun bajan gertatuz gero, edo eszedentzia berezian nahiz antzeko beste egoera batean, eta horrek praktikaldia normaltasunez egitea edo hura baloratzea galarazten badio, Kalifikazio Batzordeari eskatzen ahalko dio praktikaldia luza diezaiotela. Izangaiak praktikaldia hurrengo urtean egin dezala proposa dezake Kalifikazio Batzordeak, behin bakarrik. Horrelakoetan, benetan egindako praktikaldia hurrengo ikasturtean aintzat har diezaiotela erabaki dezake.

4. Praktikaldian “ez gai” kalifikazioa lortzen duten izangaiek karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Horretarako, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ebazpen arrazoitua emanen du.

5. Praktikaldia bitartean praktiketako funtzionarioei osasun azterketa bat eginen zaie, irakaskuntzan egoki aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa dutela egiaztatzeko. Osasun azterketa hori gainditzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez karrerako funtzionario izendatuak izateko.

Hamahirugarrena.–Karrerako funtzionario izendatzea.

1. Praktikaldia amaitutakoan, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak hautapen prozedurako espedientea onetsiko du ebazpen bidez. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2. Halaber, probak gainditu dituzten izangaien zerrendak Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministeriora igorriko dira, maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario tituluak luza ditzan.

3. Izendapenaren ondorioak, praktikaldia zein ikasturtetan egin den, hurrengo ikasturteko irailaren 1ean hasiko dira; izan ere, karrerako funtzionarioek egun horretan berean hartu beharko dute destinoaren jabetza.

4. Hautapen prozesua gainditzen duten izangaiek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa esparruan izan beharko dute lehenbiziko behin betiko destinoa, eta, horretarako, deitzen diren hurrengo lekualdatze lehiaketetan parte hartu beharko dute.

Hamalaugarrena.–Hizkuntz profilen egiaztapena.

Hautapen prozeduran parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bitartean, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduaren arabera, hizkuntz profil bat (ingelesa, frantsesa edo euskara) egiaztatzeko tituluren bat aurkezten duten izangaiak behar diren berariazko profilekin identifikatuko dira.

Behar den berariazko profilarekin identifikatuko dira, orobat, Hezkuntza Departamentuan hori lehenagotik egiaztatu zuten izangaiak.

Hamabosgarrena.–Aurkeztutako dokumentazioa berreskuratzea.

1. Hautapen prozeduratik baztertzen diren izangaiek Hezkuntza Departamentura jo dezakete (Santo Domingo kalea, zk.g., 31001, Iruña) eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa berreskuratzeko, 2016ko irailaren 1etik 30era bitarte, betiere baztertua izatearen aurka errekurtsorik jarri ez badute.

Ondoko hauek dira hautapen prozeduratik baztertutako izangaitzat hartuko direnak:

–Deialdian eskatzen diren baldintzak ez betetzeagatik hautapen prozesutik baztertzen diren izangaiak.

–Aurkezpen ekitaldira joaten ez diren izangaiak.

Epe hori dokumentazioa eraman gabe bukatzen bada, izangaiak agiri horiek berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

2. Aurreko atalean sartzen ez diren izangaiek Giza Baliabideen Zerbitzuak zehazten duen egunean jasoko dituzte agiriak, Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es) iragarkia agertu ondoren. Horretarako emandako epea dokumentazioa eraman gabe bukatzen bada, izangaiak agiri horiek berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

3. Izangaiek oposizioaldian aurkeztutako programazio didaktikoak ez dira inola ere itzuliko, hautapen prozedurako espedientearen zati direlako.

Hamaseigarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen eta bere aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Justiziako eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

I. TITULUA

Maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioek kidego
horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozedura

Prozedura hau honako oinarri hauek gidatuko dute:

Lehenengoa.–Arau orokorrak.

Maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioek kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozeduraren deialdia egiten da.

Deialdia honako espezialitate hauetarako egiten da:

–Entzumena eta Hizkuntza.

–Gorputz Hezkuntza.

–Ingelesa.

–Musika.

–Pedagogia Terapeutikoa.

–Euskara (Nafarroa).

Titulu honetan aurreikusita ez dagoen orotan, prozedura honi ebazpen honen I. tituluan xedatutakoa aplikatuko zaio.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Espezialitate berriak eskuratzeko prozeduran onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioa izatea.

B) Behin-behineko edo behin betiko destinoa izatea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa esparruan.

Eszedentzian dauden funtzionarioen kasuan eta, orobat, kanpoko lanpostu bati atxikita edo antzeko egoeraren batean daudenen kasuan, baldintza hau destinoko azkeneko ikastetxean betetzea eskatuko da.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Hautapen prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabide baten bidez eskatu beharko dute; eskabide eredua interesdunen eskura izanen da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan. Orobat, parte hartzeko eskabidea eta ordainketa-gutuna Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es) eta Nafarroako Gobernuarenean (www.navarra.es) egonen dira.

Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi beharko dute titulu honen lehenengo oinarrian adierazitako espezialitateetatik zeinetan parte hartu nahi duten.

Prozedura honetako proba euskaraz egin nahi duten izangaiek halaxe adieraziko dute parte hartzeko eskabidean. Halakorik adierazi ezean, ulertuko da proba gaztelaniaz egin nahi dutela.

2. Izangaiek parte hartzeko eskabide bakar bat aurkeztuko dute, agiri hauekin batera:

A) Nortasun agiri nazionalaren edo balio bereko nortasun agiri baten fotokopia. Agiri hori DIN-A4 paperean aurkeztuko da.

B) Parte hartzen duen espezialitate bakoitzeko ordainketa-gutun bat, laugarren oinarriaren 2. atalean ezarritakoaren arabera.

3. Espezialitate batean izena eman eta onartua izateak ez dio izangaiari bermatuko beste espezialitate batzuetara aurkeztu ahal izatea, ezartzen den prozeduraren antolaketak hori galarazten badu.

4. %33ko edo goragoko desgaitasuna duten izangaiek parte hartzeko eskabidean adierazi beharko dute zenbateko desgaitasuna duten eta hori frogatzeko organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, denborari eta baliabideei dagokienez probak egiteko behar diren egokitzapenak eskatu ahal izateko.

Proba egiteko denbora eta baliabideetan behar dituzten egokitzapenei dagokienez, izangaiek aparteko orri batean adierazi beharko dute zein egokitzapen eskatzen duten.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten zentzuzko egokitzapen eta doikuntzak zehazteko, desgaitasuna dutenek baldintza berdinetan parte har dezaten ziurtatzeko, probaren mamia aldatu gabe, betiere.

Laugarrena.–Eskabideak aurkeztea eta eskubideak ordaintzea.

1. Eskabidea zein organori zuzendu behar zaion eta aurkezteko tokia.

Eskabideak Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio eta ondoko toki hauetakoren batean aurkeztu beharko dira: Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (Santo Domingo, zk.g., Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 7an), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Atzerrian sinatutako eskabideak kasuan kasuko espainiar ordezkaritza diplomatiko eta kontsularren bidez tramitatzen ahalko dira, deialdi honen bosgarren oinarrian ezarritako epean. Interesdunak azterketa eskubideak ordaindu izanaren banketxeko frogagiria atxikiko dio eskabideari.

2. Azterketa egiteko eskubideak.

Eskabidearekin batera, azterketa egiteko eskubideengatik, espezialitate bakoitzeko, 40 ordu ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da, ebazpen honen I. tituluaren bidez onetsi den maisu-maistren kidegoan sartzeko hautapen prozeduraren laugarren oinarriko 2. atalean ezarritako prozedurari jarraikiz. Ordainagiria aurkeztu ezean izangaia baztertuta geldituko da.

Bosgarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko hogei egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Seigarrena.–Izangaiak onartzea.

1. Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideen Zerbitzuak jendaurrean jarriko du espezialitate bakoitzean onartu eta bazterturiko izangaien behin-behineko zerrendak onetsiko dituen ebazpena, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan (Santo Domingo kalea, zk.g., Iruña) eta Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web-orrian. Zerrenda horietan parte-hartzaileen izen-deiturak azalduko dira, bai eta, baztertuz gero, horren arrazoiak.

Behin-behineko zerrenda horiek onesteko ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako.

2. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, kasua bada, baztertua izateko akatsa zuzentzeko. Era berean, beren datu pertsonalak ematean akatsak izan direla ohartu diren izangaiek epe horretan berean adierazten ahalko dute. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari bidaliko zaizkio eta laugarren oinarriko 1. atalean aipatzen diren tokietako edozeinetan aurkeztuko dira.

3. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak.

Aurreko atalean aipatutako erreklamazioak ebatzi ondoren, espezialitate bakoitzean onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrendak onesteko ebazpena emanen da.

Ebazpen hori Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio) argitaratuko da.

Behin betiko zerrenda horiek onesten dituen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako.

Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute interesdunek, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpena onetsi ondotik egiaztatzen bada izangairen batek ez dituela baldintzak betetzen, bere jarduketak deuseztatu eginen dira, faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Zazpigarrena.–Hautapen organoak.

Prozedura honetako hautapen organoak ebazpen honen I. tituluko zazpigarren oinarrian adierazi diren hautapen batzordeak eta epaimahaiak izanen dira, eta, prozedura honi dagokionez, oinarri hartan ezartzen diren eginkizun berberak izanen dituzte.

Prozedura honetan deitutako espezialitateren batean, kidegoan sartzeko deialdian epaimahai bat baino gehiago izendatu badira, eta Hautapen Batzordea ere eratu baldin bada, prozedura horretako izangaien ebaluazioa 1. epaimahaiak eginen du, betiere izangaien kopurua ikusita epaimahai bat baino gehiago eratzea beharrezkoa ez bada.

Zortzigarrena.–Hautapen sistema.

Izangaiak aukeratutako espezialitateko gai bat azaldu beharko du, eta horren gainean eztabaidatu, ahoz betiere. Izangaiak aukeratuko du gaia, aurretik epaimahaiak zozketa bidez espezialitatearen gai zerrendatik aterako dituen hiru gaietatik bat hautatuz (III. eranskina). Gaiaren azalpenaren osagarri, gaiaren planteamendu didaktikoa egin beharko da, izangaiak aukeratuko duen ikasmailakoa, baina gutxienez ondoko hauek adierazi beharko ditu: helburuak, oinarrizko gaitasunak garatzeko norberaren ekarpena, edukiak, ikaskuntza-irakaskuntza jarduerak eta ebaluaziokoak, baita horiek garatzeko behar diren baliabideak ere.

Izangaiak bi ordu izanen ditu ariketa hau prestatzeko, eta egokia iruditzen zaion material osagarria erabiltzen ahalko du, berak ekarrita.

Azalpenak, gehienez, ordubete iraunen du, eta eztabaidak, gehienez, hamabost minutu. Izangaiak gidoi bat besterik ezin du erabili, bi orrikoa gehienez, azalpena bukatu eta gero epaimahaiari emanen diona.

Bederatzigarrena.–Proben hasiera eta garapena.

1. Hautapen prozesua epaimahaiaren aurrean eginen den aurkezpen ekitaldi baten bidez hasiko da, 2016ko ekainaren 1etik aurrera.

Aurkezpen ekitaldira agertzen ez diren izangaiak hautapen prozeduratik baztertuko dira. Ez da zilegi izanen izangaien ordez beste pertsona batzuk agertzea.

Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez, izangaiei dei eginen zaie aurkezpen ekitaldira ager daitezen. Ebazpen horretan epaimahaien aurreko jarduketa noiz, zein ordutan eta non hasiko den adieraziko da, eta Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta departamentuaren web-orrian (www.educacion.navarra.es) argitaratuko da, aurkezpen ekitaldia baino zazpi egun natural lehenago, gutxienez.

Aurkezpen ekitaldia eginda, epaimahaiak izangai guztientzako deiak argitaratuko ditu aurkezpen ekitaldia egin den lekuan, proba egiteko non, noiz eta zer ordutan aurkeztu beharko duten adierazita.

Izangaiei dei bakarra eginen zaie epaimahaien aurreko jarduketak egiteko, eta agertzen ez direnak baztertu eginen dira. Ondorio horietarako, egun bererako deitutakoek deian ezarritako orduan eta lekuan agertu beharko dute epaimahaiaren aurrean.

2. Izangaiek parte hartzeko ordena alfabetikoki zehaztuko da; horretarako Giza Baliabideen Zerbitzuak zozketaz bi letra aterako ditu eta lehenengo abizenaren hasieran bi letra horiek dituen izangaia hasiko da, I. tituluko zazpigarren oinarriaren 2. atalean adierazitako moduan.

3. Epaimahaiak edozein unetan eskatzen ahalko die izangaiei beren nortasuna froga dezatela.

Hamargarrena.–Kalifikazioa.

Epaimahaiek “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen diote probari. Espezialitate berria eskuratuko dute, bakar-bakarrik, “gai” kalifikazioa lortzen dutenek.

Epaimahaiek edo, zein den kasua, hautapen batzordeek, “gai” kalifikazioa lortzen duten izangaien zerrendak probak egin diren lokaleko iragarki oholean jarriko dituzte, baita Hezkuntza Departamentuaren iragarki oholean eta haren web-orrian ere (www.educación.navarra.es), eta organo dei-egileari igorriko dizkiote argitara ditzan.

%33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, beren desgaitasun maila eta “gai” izan diren espezialitateari dagozkion lan eta eginkizunetan aritzeko gaitasuna bateragarriak diren baloratzeko.

Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak izangaiak “gai” deklaratzen dituen ebazpena onetsiko du, bakoitzak eskuratutako espezialitatea adierazita; zerrenda hori Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta departamentuaren www.educacion.navarra.es web-orrian argitaratuko da. Eskatutako baldintzaren bat betetzen ez duten izangaiek deialdi honetan parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiak galduko dituzte.

Espezialitate berria prozedura honen bidez eskuratzen duten izangaiek ez dute praktikaldirik eginen.

Espezialitate berria eskuratzeak ez dakar aurretik eskuratutakoa(k) galtzea.

Hamaikagarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen eta bere aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Justiziako eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2016ko otsailaren 12an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

II. ERANSKINA

Maisu-maistren kidegoan sartzeko merezimenduak baloratzeko baremoa

Izangaiek gehienez ere 10 puntu lortzen ahalko dituzte beren merezimenduengatik.

MEREZIMENDUAK

PUNTUAK

FROGAGIRIAK

I. ATALA. IRAKASLE LANETAN EMANDAKO ZERBITZUAK

(5,000 puntu gehienez).

1.1. Ikastetxe publikoetan, maisu-maistren kidegoaren espezialitateetako irakasle lanetan emandako urte bakoitzeko:

Azpiatal honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0833 puntu

1,000 puntu

Emandako zerbitzuen ziurtagiria, hezkuntza administrazioek luzatua. Kasu guztietan adierazi behar da zein kidegotarako izendatu zen, edo haren kode ofiziala, baita zerbitzuak hasi eta bukatu zireneko data zehatzak ere. Ez dira onartuko jabetza hartzeko eta zerbitzuak uzteko orriak.

Ziurtagiri horietan adierazten bada zerbitzuak publikoak ez diren ikastetxeetan eman direla, aipatu zerbitzuak bestelako ikastetxeetan emanak bailiran baloratuko dira, hots, 1.3 edo 1.4 azpiataletan ezarritakoaren arabera.

Zerbitzuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenturako eman badira, Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkeztuko du zerbitzuen orria, izangai bakoitzaren espediente pertsonalean dagoen dokumentazioari jarraikiz, parte hartzeko eskabidean berariaz eskatu behar izan gabe. Aitzitik, beste hezkuntza administrazio batean emandako zerbitzuak egiaztatu beharko dituzte izangaiek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zerbitzu horiek antzinatasun gisa aitortu baditu ere.

Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren Nafarroako Zuzendaritza Probintzialerako 1990eko urriaren 1a baino lehen emandako zerbitzuen ziurtagiria interesdunek espresuki eskatu beharko dute.

1.2. Ikastetxe publikoetan, maisu-maistren kidegoarenak ez diren espezialitateetako irakasle lanetan emandako urte bakoitzeko:

Azpiatal honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0416 puntu.

0,500 puntu

1.3. Maisu-maistren kidegoaren hezkuntza maila edo etapa bereko espezialitateetan, bestelako ikastetxeetan, irakasle lanetan emandako urte bakoitzeko:

Azpiatal honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0416 puntu

0,500 puntu

Ikastetxearen ziurtagiria, edo hura emateko eskumena duen organoarena, Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuak ontzat emana, bertan espezialitatea, hezkuntza maila eta zerbitzuen benetako iraupena ageri direla, hasi eta bukatu zireneko data zehatzak adierazita. Ziurtagiri horiei oniritzia emateko, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak lan bizitzari buruzko txosten eguneratua eta kontratuak aurkez ditzatela eskatuko die interesdunei.

Unibertsitateko irakasle gisa egindako lana frogatzeko, ikastetxearen ziurtagiria beharko da, honako hauek adieraziko dituena: zerbitzuak noiz hasi eta bukatu ziren, data zehatzak adierazita, eta zerbitzu horiek irakasle gisa izan zirela.

1.4. Maisu-maistren kidegoaren hezkuntza maila edo etapakoak ez diren espezialitateetan, bestelako ikastetxeetan, irakasle lanetan emandako urte bakoitzeko:

Azpiatal honetan aipatzen diren lanpostuetan emandako hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0208 puntu.

0,250 puntu

I. atala osatzen duten xedapenak:

1. Atal honen ondorioetarako, gehienez bost urte hartuko dira kontuan, eta haietako bakoitza azpiatal bakar batean baloratuko da.

2. Definizioak:

–Ikastetxe publikoak (1.1 edo 1.2 azpiatalak, kasuan-kasuan): sare publikoan integratutako ikastetxeak, hezkuntza administrazioek sortu eta finantzatuak, alegia, Estatuko Administrazioan eta autonomia erkidegoetakoan hezkuntza arloan eskudunak diren departamentu edo kontseilaritzek sortu eta finantzatuak. Halaber, ikastetxe publikoak dira Espainiar Estatuak atzerrian dituen ikastetxeak.

–Bestelako ikastetxeak (1.3 edo 1.4 azpiatalak, kasuan-kasuan): titulartasun pribatuko ikastetxeak, hezkuntzakoak ez diren administrazioenak (toki administrazioarenak, esate baterako), eta unibertsitate publikoak eta pribatuak.

3. Ez dira kontuan hartuko interesdunek sinatutako kontratuen fotokopien bidez soilik frogatzen diren zerbitzuak, ezta ikastetxe pribatuek edo udal ikastetxeek emandako ziurtagiriak ere, nahiz eta Gizarte Segurantzari kotizatutakoaren ziurtagiriak erantsi, bertan Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ontzat eman duela agertzen ez bada.

4. Ez dira kontuan hartuko zerbitzuak hasi eta bukatu zireneko data zehatzak (eguna, hilabetea eta urtea) ez dituzten ziurtagiriak, nahiz eta bertan adierazi zerbitzuen iraupena ikasturte batekoa izan dela.

5. Zerbitzuak zein kidego edo mailatan eman diren zehazten ez bada, beste kidego edo hezkuntza maila batean emandakotzat joko dira.

6. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan emandako zerbitzuak 1.2 azpiatalean edo 1.4 azpiatalean baloratuko dira, kasuan-kasuan.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, zerbitzuak ikastetxe publikoetan eman badira eta Hezkuntza Administrazioak egindako ziurtagiriak adierazten badu maisu-maistren kidegoan edo kidego horretan baizik ez dagoen espezialitate batean eman direla, 1.1. azpiatalean baloratuko dira. Bestalde, zerbitzuak bestelako ikastetxeetan eman badira eta ziurtagiriak adierazten badu irakasletzako diplomadun gisa eman direla, 1.3 azpiatalean baloratuko dira.

7. Atzerrian emandako zerbitzuak dagokion herrialdeko Hezkuntza Ministerioak edo Espainiar Estatuak Atzerrian duen Administrazio Orokorrak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Bertan honako hauek adierazi beharko dira: eman den hezkuntza maila eta ikasgaia, zerbitzuen iraupena eta horiek hasi eta bukatu zireneko data zehatzak. Hezkuntza maila edo ikasgaia frogatzen ez bada edo maisu-maistren kidegoko espezialitateetako batekin bat ez badator, ulertuko da zerbitzuak beste hezkuntza maila edo kidego bateko espezialitateetan eman direla. Ziurtagiri horiek gaztelaniazko itzulpenarekin batera aurkeztu beharko dira. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek.

8. Atal honen ondorioetarako, puntuak ezin izanen dira pilatu zerbitzuak aldi berean ikastetxe batean baino gehiagotan eman badira.

II. ATALA. PRESTAKUNTZA AKADEMIKOA

(5,000 puntu gehienez).

2.1. Alegatutako tituluaren ikasketa-espedientea:

Azpiatal honetan, maisu-maistren kidegoan sartzeko orokorki eskatzen den titulazio mailaren arabera izangaiak alegatzen duen tituluaren ikasketa-espedientearen batez besteko nota baloratuko da bakar-bakarrik, honela kalkulatua:

0tik 10era bitarteko eskala 0tik 4ra bitarteko eskala

6tik 6,99ra 1,5etik 1,99ra

7tik 8,49ra 2tik 2,74ra

8,5etik 10era 2,75etik 4ra

Batez besteko nota zenbakien bidez agertzen ez bada, ondoko baliokidetzak aplikatuko dira:

Nahikoa: 5,5 puntu.

Ongi: 6,5 puntu

Oso ongi: 7,5 puntu.

Bikain: 9 puntu.

Ohorezko matrikula: 10 puntu.

Ikasketa-espedientean ez bada berariaz agertzen batez beteko nota edo ikasketen ziurtagiri pertsonala aurkezten ez bada, eta, horren ordez, tituluaren fotokopia aurkezten bada, ulertuko da izangaiaren batez besteko nota Nahikoa dela.

1,000 puntu

1,250 puntu

1,500 puntu

Izangaiak bere ikasketen ziurtagiria igorriko du, titulazioan erdietsitako batez besteko nota jasota.

Betiere, aurkeztutako ikasketen ziurtagirian ageri den batez besteko nota hartuko da kontuan.

2.2. Graduondoak, doktoretza eta aparteko sariak:

2.2.1. Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomagatik (apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretua), master titulu ofizialagatik (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretua, edo urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua edo abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretua), ikertzeko nahikotasunagatik edo beste edozein titulu baliokiderengatik, betiere titulu horiek irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa ezarri ez badira:

2.2.2. Doktore titulua izateagatik:

2.2.3. Doktoretzan aparteko saria lortzeagatik:

1,000 puntu

1,000 puntu

0,500 puntu

Tituluaren fotokopia edo, hala badagokio, titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria.

Ikertzeko nahikotasunari edo Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomari dagokionez:

–Unibertsitatearen ziurtagiria, ikertzeko nahikotasuna aitortzen duena, eskuratuta izanez gero urtarrilaren 23ko 185/1985 Errege Dekretuaren arabera.

–Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diploma, eginak izanez gero apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretuaren arabera.

2.3. Unibertsitateko beste titulazio batzuk:

Unibertsitateko titulazio ofizialak, irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa alegatutako berberak ez badira, honela baloratuko dira:

2.3.1. Lehen zikloko titulazioak:

Diplomaturako, ingeniaritza teknikoko edo arkitektura teknikoko titulu bakoitzeko edo legez horien baliokide den titulu bakoitzeko, eta lizentziatura, arkitektura edo ingeniaritza bateko lehen zikloari dagozkion ikasketengatik:

Azpiatal honetan ez dira behin ere baloratuko izangaiek aurkezten dituzten mota horretako lehen tituluak edo ikasketak.

1,000 puntu

Kidegoan sartzeko alegatutako tituluaren fotokopia, bai eta merezimendu gisa alegatzen diren guztiena ere, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Lehen zikloko titulazioak puntuatuko badira, ezinbestekoa izanen da diplomadunaren tituluaren fotokopia aurkeztea edo, bestela, lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura bateko lehenbiziko hiru ikasmailetako edo lehen zikloko irakasgai guztiak egin eta gainditu direla azalduko duen ziurtagiri akademiko pertsonala. Egokitzapen ikastaroa gainditua izatea ez da hartuko lehen zikloko titulaziotzat.

Lizentziadun, ingeniari edo arkitekto tituluaren fotokopia aurkezten bada, aintzat hartuko dena bigarren zikloko titulazioari dagokion puntuazioa izanen da soilik, salbu aurreko paragrafoan aipatzen den ikasketen ziurtagiria eransten bada 2.3.1 azpiatalaren arabera baloratzeko.

Unibertsitateko gradu titulu ofizialaren fotokopia aurkezteak balioko du, bakar-bakarrik, bigarren zikloko titulazioari dagokion puntuazioa aitortzeko, salbu eta behar den ikasketa-ziurtagiria aurkezten bada, unibertsitateko gradu titulu ofiziala lortzeko kreditu guztiak egin eta gainditu dituela egiaztatzen duena; kasu horretan, 2.3.1 azpiatalari dagokion puntuazioa ere emanen zaio.

Gradu titulua ez da baloratuko baldin eta titulu hori lortu bada ikasketa-arlo bereko unibertsitateko titulu bat (diplomatura edo lizentzia) daukatenentzat bideratutako egokitzapen ikastaro bat eginez.

Titulazio berean oinarritzen diren espezialitate desberdinak ez dira titulu desberdintzat hartuko.

Titulu berari dagozkion aipamenak ez dira gradutzat hartuko.

2.3.2. Bigarren zikloko titulazioak:

Lizentzien, ingeniaritzen, arkitekturen edo unibertsitateko gradu titulu ofizialen bigarren zikloko ikasketengatik, edo legez horien baliokide diren tituluengatik:

Bigarren ziklokoak bakarrik diren titulazioak eta ondorio guztietarako unibertsitateko lizentziadun tituluaren baliokidetzat jotzen diren tituluak bigarren ziklo baten gisa baloratuko dira bakarrik.

1,000 puntu

2.4. Araubide bereziko ikasketetako eta berariazko lanbide heziketako titulazioak:

Hizkuntza Eskola Ofizialek, Musikako Kontserbatorio Profesionalek eta Goi Mailakoek eta Arte Eskolek ematen dituzten araubide bereziko ikasketen titulazioak, baita berariazko lanbide heziketakoak ere, ondoren aipatzen denari jarraikiz baloratuko dira, betiere irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa alegatu ez badira edo alegatutako titulua lortzeko ezinbestekoak izan ez badira:

a) Musikako edo Dantzako titulu profesional bakoitzeko:

b) Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako maila aurreratuko ziurtagiri bakoitzeko:

c) Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulu bakoitzeko:

d) Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulu bakoitzeko:

e) Goi mailako kirol teknikari titulu bakoitzeko:

0,500 puntu

0,500 puntu

0,200 puntu

0,200 puntu

0,200 puntu

Merezimendu gisa alegatutako tituluaren fotokopia edo titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria, baita kidegoan sartzeko alegatu den titulua lortzeko beharrezkoak izan diren titulu guztien fotokopia konpultsatua ere.

Hizkuntza Eskola Ofizialek luzatutako maila aurreratuko ziurtagiriak ez dira baloratuko, baldin eta izangai berak hizkuntza bereko maila goragoko beste titulu edo ziurtagiri bat aurkezten badu eta horren balorazioa 3.2 azpiatalean aurreikusi baldin bada.

Izangaiak lortu nahi duen lanpostua euskaraz eman beharrekoa bada, Hizkuntza Eskola Ofizialek luzatutako euskara maila aurreratuko ziurtagiria ez da baloratuko.

II. atala osatzen duten xedapenak:

1. Titulazioak atzerrian lortu badira, titulazio horien fotokopia aurkeztu beharko da, homologazioa egiaztatzen duen agiriarekin batera.

2. Titulu batek Goi mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruan duen maila baliokidetzeko, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuaren arabera luzatutako ziurtagiriak ez dira baloratuko.

III. ATALA. BESTELAKO MEREZIMENDUAK

(2,000 puntu gehienez).

3.1. Etengabeko prestakuntza (1,000 puntu gehienez).

Gainditutako etengabeko prestakuntzako eta hobekuntzako ikastaroak, eskuratu nahi den espezialitatearekin, eskolaren antolaketarekin, hezkuntzari aplikatutako teknologia berriekin, didaktikarekin, psikopedagogiarekin edo hezkuntzako soziologiarekin loturik egonez gero, hezkuntza eskumen osoa duten administrazio publikoek edo unibertsitateek antolatu badituzte, edo hezkuntza administrazioekin elkarlanean ari diren entitateek antolatutako etengabeko prestakuntzako planean sartutako jarduerak edo kasuan kasuko hezkuntza administrazioak onartutako jarduerak, 10 orduko:

Musikako espezialitaterako bakarrik, musikako kontserbatorioek antolatutako ikastaroak berdin-berdin baloratuko dira.

Ondorio horietarako, prestakuntza jarduera guztietako orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen 10 ordutik beheitiko hondarrarengatik. Besterik adierazten ez bada, prestakuntza jarduerak kredituetan azaltzen direnean, kreditu bakoitza hamar ordukotzat hartuko da.

3.1 azpiatal honetan ez dira inolaz ere baloratuko titulu akademiko baten (doktoretza barne), “master” baten edo graduatuondoko beste titulazio baten curriculuma osatzen duten ikastaro edo irakasgaiak. Ikastaro horiek amaitu eta dagozkien tituluak eskuratuta, titulu horiek, egoki bada, 3.1 azpiatalaren arabera baloratuko dira (778/1998 Errege Dekretuaren eta Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa aldatu duen apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren 34.1 artikuluaren arabera lortutako titulu ez-ofizialak), edo hala denean, 2.2 atalaren arabera. (Titulu ofiziala bada, urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren edo abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren arabera).

0,020 puntu

Ikastaroen ziurtagiria, kasuan kasuko erakunde edo zentroak luzatua, non ikastaroaren kreditu edo orduak espresuki adieraziko baitira. Etengabeko prestakuntzaren planeko jardueretan edo hezkuntza administrazioak onartu dituenetan espresuki adierazi beharko da kasuan kasuko jarduera plan horretan sartuta dagoela edo hezkuntza administrazioak onartua dela; bestela, hori gabe, homologazioa edo onarpena erantsi beharko da.

Ez dira baloratuko ordu edo kredituen iraupena jasotzen ez duten ziurtagiriak.

3.2. Euskararen, ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutza egiaztatzeko titulazioak (2,000 puntu gehienez):

3.2.1. Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, euskararen, ingelesaren, frantsesaren edo alemanaren C2 maila egiaztatzen duen ziurtagiria (Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan ezarri direnetako bat):

3.2.2. Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, euskararen, ingelesaren, frantsesaren edo alemanaren C1 maila egiaztatzen duen ziurtagiria (Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan ezarri direnetako bat):

3.2.3. Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, euskararen, ingelesaren, frantsesaren edo alemanaren B2 maila egiaztatzen duen ziurtagiria (Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan ezarri direnetako bat):

1,000 puntu

0,750 puntu

0,500 puntu

Organo eskudunak luzaturiko ziurtagiriaren fotokopia. Ez da beharrezkoa izanen ziurtagiriaren zinpeko itzulpena aurkeztea.

3.2 azpiatala osatzen duten xedapenak:

1. 3.2 azpiatal honetan, ez dira inolaz ere baloratuko ez unibertsitateko titulazioak, ez Hizkuntzen Eskola Ofizialek emandako maila aurreratuko ziurtagiriak, izan ere, horien balorazioa berariaz jasota dago merezimendu baremoaren 2.3 eta 2.4 ataletan, hurrenez hurren.

2. Hizkuntza berari dagozkion titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkezten badira, eta maila desberdinekoak badira, goreneko mailakoa besterik ez da baloratuko.

3. Hizkuntza berari dagozkion titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkezten badira, eta maila berekoak badira, hizkuntza horren ezagutza behin baizik ez da puntuatuko.

4. Izangaia euskarazko lanpostuetarako lehiatzen bada, ez da euskarazko titulu bakar bat ere baloratuko.

Merezimenduen baremo osorako xedapenak:

1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako burutuak dauden eta behar den epean aurkezten diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

2. Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak edo beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial berekian idatzitakoak, salbu eta euskarazkoak eta atzerriko hizkuntza baten ezagutza egiaztatzen duten titulazio edo ziurtagiriak. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.

3. Izangaiek merezimenduak egiaztatzeko aurkezten dituzten agiriek ez dute zertan jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan; agiri horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira eskabideak aurkezteko epearen barnean. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako agirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

4. Merezimendu bera ezin da inolaz ere atal edo azpiatal batean baino gehiagotan baloratu.

5. Betebehar bat frogatzeko aurkezten den dokumentazioa ez da merezimendu gisa baloratzen ahalko.

II. ERANSKINA

Proba praktikoaren ezaugarriak

1.–Entzumena eta Hizkuntza.

Epaimahaiak proposatutako zenbait eskola-egoeraren gaineko kasu praktiko bat ebatzi beharko da. Esku-hartze arrazoitu eta oinarritu bati buruz proposatuko diren galdera batzuei idatziz erantzun beharko zaie, Nafarroako Foru Komunitatean espezialitateaz indarra duen araudiari dagokionez eta haren esparru teorikoaren barrenean. Gainera, izangaiak egiten dituen antolaketa eta didaktika arloko proposamenak baloratuko dira, horien bidez epaimahaiak frogatuko baitu izangaiaren prestakuntza zientifikoa eta eskola arloko estrategiak noraino menperatzen dituen.

2.–Gorputz Hezkuntza.

Epaimahaiak proposatutako zenbait eskola-egoeraren gaineko kasu praktiko bat ebatzi beharko da. Esku-hartze arrazoitu eta oinarritu bati buruz proposatuko diren galdera batzuei idatziz erantzun beharko zaie, Nafarroako Foru Komunitatean indarra duen Gorputz Hezkuntzaren curriculumari dagokionez eta haren esparru teorikoaren barrenean. Izangaiak egiten dituen antolaketa eta didaktika arloko proposamenak baloratuko dira, horien bidez epaimahaiak frogatuko baitu izangaiaren prestakuntza zientifikoa eta eskola arloko estrategiak noraino menperatzen dituen.

3.–Ingelesa.

Epaimahaiak proposatutako zenbait eskola-egoeraren gaineko kasu praktiko bat ebatzi beharko da. Esku-hartze arrazoitu eta oinarritu bati buruz proposatuko diren galdera batzuei idatziz erantzun beharko zaie, ingelesez, Nafarroako Foru Komunitatean espezialitateaz indarra duen araudiari dagokionez eta haren esparru teorikoaren barrenean. Izangaiak egiten dituen antolaketa eta didaktika arloko proposamenak baloratuko dira, horien bidez epaimahaiak frogatuko baitu izangaiaren prestakuntza zientifikoa eta eskola arloko estrategiak noraino menperatzen dituen.

4.–Musika.

Epaimahaiak proposatutako zenbait eskola-egoeraren gaineko kasu praktiko bat ebatzi beharko da. Esku-hartze arrazoitu eta oinarritu bati buruz proposatuko diren galdera batzuei idatziz erantzun beharko zaie, Nafarroako Foru Komunitatean indarra duen Musikaren curriculumari dagokionez eta haren esparru teorikoaren barrenean. Izangaiak egiten dituen antolaketa eta didaktika arloko proposamenak baloratuko dira, horien bidez epaimahaiak frogatuko baitu izangaiaren prestakuntza zientifikoa eta eskola arloko estrategiak noraino menperatzen dituen.

5.–Pedagogia Terapeutikoa.

Epaimahaiak proposatutako zenbait eskola-egoeraren gaineko kasu praktiko bat ebatzi beharko da. Esku-hartze arrazoitu eta oinarritu bati buruz proposatuko diren galdera batzuei idatziz erantzun beharko zaie, Nafarroako Foru Komunitatean espezialitateaz indarra duen araudiari dagokionez eta haren esparru teorikoaren barrenean. Izangaiak egiten dituen antolaketa eta didaktika arloko proposamenak baloratuko dira, horien bidez epaimahaiak frogatuko baitu izangaiaren prestakuntza zientifikoa eta eskola arloko estrategiak noraino menperatzen dituen.

6.–Euskara (Nafarroa).

Epaimahaiak proposatutako zenbait eskola-egoeraren gaineko kasu praktiko bat ebatzi beharko da. Esku-hartze arrazoitu eta oinarritu bati buruz proposatuko diren galdera batzuei idatziz erantzun beharko zaie, euskaraz, Nafarroako Foru Komunitatean espezialitateaz indarra duen araudiari dagokionez eta haren esparru teorikoaren barrenean. Izangaiak egiten dituen antolaketa eta didaktika arloko proposamenak baloratuko dira, horien bidez epaimahaiak frogatuko baitu izangaiaren prestakuntza zientifikoa eta eskola arloko estrategiak noraino menperatzen dituen.

III. ERANSKINA

Espezialitateetako gai zerrendak

Hautapen prozedura honetan maisu-maistren kidegoko espezialitateei dagozkien indarreko gai zerrendak aplikatuko dira:

–1993ko irailaren 9ko Aginduaren I. eranskina (irailaren 21eko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

–Euskara espezialitatea: Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren azaroaren 3ko 374/1999 Foru Aginduaren I. eranskina (158. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 20koa).

Gaien zerrendan LOGSEri buruz dauden aipamen guztiak indarrean dagoen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoari buruzkoak direla ulertu behar da.

IV. ERANSKINA

Programazio didaktikoaren eta unitate didaktikoaren edukia

A) Programazio didaktikoa.

a) Espezialitate guztietarako oharrak:

Programazio didaktikoa izangaiak parte hartzen duen espezialitateari lotutako arlo baten curriculumari, Nafarroako Foru Komunitatean indarra duenari, buruzkoa izanen da. Bertan, gutxien-gutxienez, helburuak, gaitasunak, edukiak, ebaluazio irizpideak eta metodologia azaldu beharko dira, bai eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei arreta emateko moduak ere.

Programazio didaktikoa kasuan kasuko espezialitateko maisu-maistrek irakasteko eskumena duten hezkuntza etaparako prestatuko da, eta etapa horretako curriculumaren ikasturte oso bateko garapena jasoko du. Gutxienez 12 unitate didaktiko zenbakitu eduki beharko ditu, salbu eta Musika espezialitatean, non gutxienez 9 unitate didaktiko sartu beharko baitira, horiek ere zenbakituak.

Programazio didaktikoa prestatzeko, izangaia deialdi honen V. eranskinean aipatzen den araudian oinarritu beharko da.

Programazio didaktikoak, izangaiak aurkeztu nahi dituen eranskinak barne, gehienez ere 50 folio izanen ditu, zenbakituak eta DIN-A4 formatuan, alde bakar batetik idatziak, lerroarte arruntarekin, 12 puntuko Arial letra erabiliz, konprimatu gabe.

b) Espezialitate batzuetarako ohar berariazkoak:

Aipatutako kontu orokorrez gainera, Pedagogia Teraupeutikoa, Entzumena eta Hizkuntza, Ingelesa eta Euskara (Nafarroa) espezialitateetako programazio didaktikoek ondoren aipatzen diren berezitasunak eduki beharko dituzte:

1. Pedagogia Terapeutikoa.

Pedagogia Terapeutikoaren espezialitaterako, programazio didaktikoaren oinarria izanen da Urteko Laguntza Plan bat edo banakako lan plan bat, ikasturte oso baterako, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei zuzendua (hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak, gaitasun handikoak eta ikasteko zailtasun berariazkoak dituztenak). Prestatzeko, izangaiak bi bide hauetako bat aukeratu beharko du:

1.1. Bide hau aukeratuz gero, programazio didaktikoan, Pedagogia Terapeutikoko irakasleak tutorearen eginkizunak burutuko ditu eta xede diren taldeko/klaseko ikasleak antolaketa egitura hauetako batean eskolaturik egonen dira:

1.1.1.–“Ikastetxe arrunta” eskolatze modalitatean:

a) Haur eta Lehen Hezkuntza: erdibideko unitateak/garapenaren nahaste orokorreko unitateak.

b) Bigarren Hezkuntza: Berariazko curriculumeko unitateak eta Lanbide Heziketa Bereziko programak.

1.1.2.–‟Hezkuntza Bereziko ikastetxea” eskolatze modalitatean:

a) Hezkuntza Bereziko ikastetxeez kanpoko gela alternatiboa landa eremuen.

b) Hezkuntza Bereziko ikastetxea.

1.2. Laguntzako programazio didaktiko honetan, berriz, Pedagogia Teraupeutikoko irakasleak ikastetxe arrunt batean matrikulaturiko ikasleei laguntzen dien espezialistaren eginkizunak burutuko ditu eta gainerako irakasleekin elkarlanean arituko da hezkuntza plangintza eta erantzuna prestatzen. Lan plan hau ikasgela arrunt batean txertaturik dagoen ikasle baten edo ikasle talde txiki baten beharretan oinarrituko da. Hauek izanen dira erreferentziak: eskolako testuingurua, ikastetxea, xedeko ikaslearen ikasgelako hezkuntza planteamenduak eta/edo, hala badagokio, curriculum egokitzapenak.

2. Entzumena eta Hizkuntza.

Entzumena eta Hizkuntza espezialitatean, programazio didaktikoaren oinarria izanen da Urteko Laguntza Plan bat edo banakako lan plan bat, ikasturte oso baterako, Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako etapa bateko ikasleei zuzendua. Hizkuntzaren eta Komunikazioaren esparruan hezkuntza laguntzako berariazko premiak (desgaitasun bati lotuak izan ala ez) dituen ikasle batentzako edo batzuentzako kasu zehatz batean oinarrituko da. Xedeko ikaslea(k) ikastetxe arrunt batean edo hezkuntza bereziko ikastetxe batean matrikulaturik egon daite(z)ke. Programa horretan aintzat hartuko dira eskolako testuingurua eta hezkuntza planteamenduak, hala ikastetxearenak nola ikasle horien ikasgelarenak.

3. Ingelesa.

Ingelesa espezialitatean, programazio didaktikoa ingelesez idatzirik egonen da eta arreta berezia jarriko da hizkuntzen irakaskuntzarako tratamendu integratuan eta edukien bidezko hizkuntzaren irakaskuntzan.

4. Euskara (Nafarroa).

Euskara (Nafarroa) espezialitatean, programazio didaktikoa euskaraz idatzirik egonen da eta Euskal Hizkuntza eta Literatura arloa A ereduan irakasteaz arituko da bakarrik. Arreta berezia emanen zaio hizkuntz gaitasun komunikatiboa (bereziki ahozkoa) eta hizkuntzen irakaskuntzarako tratamendu integratua bultzatzen dituen pedagogia aktibo bat erabiltzeari.

B) Unitate didaktikoa.

Unitate didaktikoan honako hauek zehaztu beharko dira gutxienez: ikaskuntzaren helburuak, edukiak, ikaskuntza-irakaskuntzaren jarduerak, ebaluatzeko irizpide eta prozedurak, loturik dauden gaitasunak eta gaitasun horiek zenbateraino garatzen diren. Lehen Hezkuntzako ikasleentzako unitate didaktikoetan, kalifikatzeko irizpideak.

V. ERANSKINA

Programazio didaktikoa prestatzeko arautegia

–23/2007 Foru Dekretua, martxoaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako bigarren zikloko irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen duena (2007ko 51. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 25ekoa).

–60/2014 Foru Dekretua, uztailaren 16koa, Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzako curriculuma ezartzen duena. (2014ko 174. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 5ekoa).

–47/2009 Foru Agindua, apirilaren 2koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan diharduten ikasleen ebaluazioa arautzen duena(2009ko 52. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 1ekoa).

–72/2014 Foru Agindua, abuztuaren 22koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan Lehen Hezkuntzan ari diren ikasleak ebaluatu eta hurrengo mailara pasatzeko arauak ezartzen dituena (2014ko 187. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 24koa).

–93/2008 Foru Agindua, ekainaren 13koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen duena (2008ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 30ekoa).

Iragarkiaren kodea: F1601567