248. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CÁRCAR

Ordenantzak. Behin betiko onespena

Cárcarko Udalak, 2016ko urriaren 6an egin osoko bilkura arruntean hasiera batean onetsi zituen honako udal ordenantza hauek:

1. Ordenantza fiskal orokorra.

2. Agiriak luzatu eta tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza.

3. Hirigintzako jarduketak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza.

4. Kontribuzio bereziak arautzen dituen ordenantza fiskala.

5. Ingurumena babeste aldera egin beharreko jarduera sailkatuetarako eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menean ez dauden jardueretarako baimenak emateko tasak arautzen dituen ordenantza.

6. Ordenantza, Ordezko betearazpenen tasak eta betearazpen aginduenak arautzen dituena.

7. Aurretiazko komunikazioaren edo erantzukizuneko aitorpenaren bidez hasitako jarduerak eta obrak ondoren kontrolatzeko prozedura arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2016ko 202. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 19an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Cárcarren, 2016ko abenduaren 9an.– Alkatea, M.ª Teresa Insausti Sola.

1.–ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

I. KAPITULUA

Printzipio orokorrak

Xedea

1. artikulua. Honako Ordenantza fiskal orokor honen xedea da udalerri honetako zerga araubidea osatzen duten udal baliabideen ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak finkatzea. Ordenantza honen arauak ordenantza partikular bakoitzaren osagarritzat hartuko dira, azken horiek berariaz arautzen ez duten orotan.

Ezarpenaren orokortasuna

2. artikulua. Tokian tokiko ordenantza fiskalek eta bai toki ogasunei buruzko foru legeek ere –halakorik beharrezkoa ez izateagatik ordenantza partikularrik onetsi ez den kasuetan–, agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa, guztion betebeharra da, eta ukitzen ditu pertsona fisiko zein juridiko oro, eta bai eskubide eta betebehar fiskalak dituzten nortasun juridikorik gabeko subjektuak ere.

Ezin izanen dira aplikatu foru lege batean espresuki ezartzen diren hobari fiskalak baizik, eta, era berean, ez da onartuko inolako analogiarik, zergapeko egintzaren edo zerga salbuespen edo hobarien eremua bere muga hertsietatik haratago hedatzeko.

Aplikazio eremua

3. artikulua. Ordenantza fiskalak Carcarko udalerri osoan ezarriko dira, indarra hartzen duten unetik beretik indargabetu edo aldatzen diren arte.

II. KAPITULUA

Zerga harremanaren elementuak

Zergapeko egintza

4. artikulua. Zergapeko egintza izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko betebeharra sorrarazten du.

Ordenantza fiskal partikular bakoitzak osatuko du zergapeko egintzaren zehaztapena, lokabetasunerako arrazoiak zein diren eta zerga ordaindu beharra zer baldintzetan sortzen den aipatuz.

Ordainarazpenak erroldatu, matrikulatu edo erregistratu egin beharko dira, baldin eta, beren ezaugarriak direla medio, zergapeko egintzak jarraitutasunez gertatzen badira.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. 1) Subjektu pasiboa pertsona natural edo juridikoa da, Legearen arabera zerga-prestazioak betetzeko obligazioa duena, zergaduna edo haren ordezkoa izateagatik.

Zergaduna pertsona natural edo juridikoa da, Legearen arabera zergapeko egintzatik sortutako tributuaren zama bere gain hartzen duena.

Zergadunaren ordezkoa da, Legearen aginduaren ondorioz, haren ordez zerga betebeharren prestazio material eta formalak betetzera behartuta dagoen subjektu pasiboa.

2) Zergapeko egintza bati titular bi edo gehiago batera egokitzeak berekin ekarriko du horiek elkarrekin beharturik izanen direla, Udal Ogasunari begira, salbu eta Legeak, tributua erregulatzean, kontrakoa ezartzen badu.

6. artikulua. Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ezin dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatu.

Egintza eta hitzarmen horiek ez dute eraginik izanen udal administrazioan, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak ukatu gabe.

Helbide fiskala

7. artikulua. Pertsona fisikoendako zerga ondorioetarako helbidea bere ohiko bizitegia izanen da; pertsona juridikoendako, aldiz, bere egoitza soziala, betiere bertan baldin badago zentralizatua haren administrazio kudeaketa eta negozioen zuzendaritza. Horrela ez bada, aipatu kudeaketa edo zuzendaritza kokatzen den tokira igorriko dira afera horiek.

Udal administrazioak beren egoitza fiskala aitor dezaten eskatu ahal die subjektu pasiboei. Subjektu pasibo batek helbidea aldatzen duenean, tributu administrazioari jakinarazi beharko dio, horretarako aitorpen berezia eginez. Administrazioari dagokionez, helbide aldaketak ez du ondoriorik sortuko zerga aitorpen hori aurkezten ez deino. Administrazioak egiaztapen egokiaren bitartez zuzen dezake subjektu pasiboen egoitza fiskala.

Karga-oinarria

8. artikulua. Tributuei buruzko ordenantzetan, zorra zehazteko oinarritzat zerga-oinarriak hartzen direnean, horiek zehazteko behar diren bitartekoak eta metodoak paratuko dira.

9. artikulua. Likidazio-oinarritzat hartuko da zerga-oinarrian, hala egokituz gero, eginiko murrizketen emaitza, murrizketa horiek tributua arautzen duen legean edo dagokion ordenantza fiskalean xedaturik daudenean.

Kuotaren zehaztapena

10. artikulua. Tributu-kuota hauetako bat izanen da, dagokion ordenantza fiskalaren arabera:

a) Horretarako ezarritako kopuru finkoa.

b) Tarifa bat aplikatzearen ondoriozko kopurua.

c) Bi prozedura horiek batera aplikatzearen ondoriozko kopurua.

d) Oinarriari karga-tasa bat aplikatzearen ondoriozko kopurua.

e) Kontribuzio berezietan, subjektu pasibo bakoitzari zerga-oinarriaren zati bat egotzi, hori arautzen duen ordenantzan jasotako banaketa irizpideei jarraituz, eta horren ondoriozko kopurua.

Zerga-zorra

11. artikulua. Tributu-zorra subjektu pasiboak udal administrazioari zor dion diru kopurua da. Kopuru horretan tributu-kuota sartzen da eta, hala behar denean, ondoko kontzeptuak gehitzen zaizkio:

a) Oinarrien edo kuoten gainean legez galda daitezkeen errekarguak.

b) Berandutze interesa, sorrarazten den aldi horretan indarra duena.

c) Tributuei buruzko Lege Orokorraren 61. artikuluko 3. idatz-zatian aurreikusitako errekarguak.

d) Premiamenduko errekargua.

e) Diru bidezko zerga-zehapenak.

Erantzukizuna tributu-zorra ordaintzean

12. artikulua. Erantzukizuna tributu-zor osoari dagokiona izanen da, zehapenak kenduta. Ordea, premiamenduko errekargua bakarrik eskatzen ahalko zaio erantzuleari Ordenantza honen 17. artikuluaren 1) atalean araututako kasuan.

13. artikulua. Tributuei dagokien arau-hauste baten egile edo laguntzaile diren pertsonek orok elkarrekin eta batera erantzun beharko diete tributu obligazioei.

14. artikulua. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 33. artikuluak aipatzen dituen entitate juridiko nahiz ekonomikoen partaidekideek edo titularkideek elkarrekin eta batera erantzun beharko dute entitate horien tributu obligazioetan, bakoitzak duen partaidetzaren neurrian.

15. artikulua. 1) Pertsona juridikoek egindako arau-hauste arinen erantzule subsidiarioak nahiz tributu-zor osoaren erantzule, arau-hauste larriak direnean, haien administratzaileak izanen dira, baldin eta asmo gaiztoz nahiz axolagabekeriaz, horiei dagozkien egitekoak ez badituzte burutu, hautsitako tributu obligazioak betetzeko, edota beren menpekoei utzi badiete arauak hausten, edota arau-haustea ahalbidetu duen erabakirik hartu badute.

Halaber, administratzaileek erantzun beharko dute subsidiarioki, beren jarduera bertan behera utzi duten pertsona juridikoek ordaindu gabeko tributu obligazioen kasuan.

2) Porroten, lehiaketen, elkarteen, edo, oro har, edozein entitateren sindikoak, esku-hartzaileak edo likidatzaileak erantzule subsidiarioak izanen dira, baldin eta, asmo gaiztoz nahiz axolagabekeriaz, ez badituzte beharrezkoak diren gestioak egiten, egoera horien aurretik sorrarazi eta subjektu pasiboari egotz dakizkiokeen tributu obligazioak arras bete daitezen.

16. artikulua. Zor baten erantzule solidario edo subsidiarioak bi edo gehiago badira, zorra oso-osorik galdatu ahalko zaie horietako edonori.

17. artikulua. 1) Tributu-zorra ordaintzeko jardute administratiboa erantzuleengana bideratu ahal izateko, egintza administratibo bat egin beharko da, non erantzukizuna adieraziko baita eta horrek noraino hartzen duen zehaztuko, interesdunari entzutea eman eta gero. Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, eta une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen dira.

Erantzuleari borondatezko epe bat emanen zaio, ordaintzeko, eta behin hori iraganik ordaindu ez badu, premiamendu bidezko diru-bilketak aurreikusten duen %20ko errekarguari ere erantzun beharko dio, eta zorra aipatu bide hori erabiliz galdatuko zaio.

2) Jardute administratiboa erantzule subsidiarioengana bideratu ahal izateko, aurretik adierazi beharko da zordun nagusiari kobratu ezin izan zaiola, ezta gainerako erantzule solidarioei ere, hori guztia adierazi aurretik hartzen ahal diren kautelazko neurriak galarazi gabe.

18. artikulua. 1) Pertsona fisikoen edo juridikoen ustiapen eta jarduera ekonomikoen ondorioz sortutako tributu-zorrak eta erantzukizuna, edo Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 33. artikuluan aipatzen diren entitateenak, eskatzen ahalko zaizkie haien titulartasunean edo jardunean (edozein kontzeptu dela bide) haien ondorengo direnei. Erantzukizun hori ezin zaio eskatu enpresa horien elementu solteak erosten dituztenei, salbu eta elementu solte horien erosketak (eroslea pertsona bakarra nahiz batzuk izanik) aukera ematen badio ustiapenari edo jarduerari jardunean segitzeko.

2) Eskuratzailearen erantzunbeharrak ez dio pagatu beharra kentzen eskualdatzaileari. Biak dira horren erantzule solidarioak. Erantzukizuna eskatzeko prozedura ordenantza honen 17.1 artikuluan ezartzen da.

3) Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien tributu eginbehar burutu gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, esleitu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

Tributu-zorraren iraungipena

19. artikulua. Tributu-zorra honela iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskribatu delako.

c) Kaudimengabezia frogatuta dagoelako.

d) Konpentsatu delako.

20. artikulua. 1) Edonola ere, lau urteko epean preskribituko dira ondoko eskubide eta ekintzak:

a) Tributu-zorra likidazioaren bidez zehazteko eskubidea, eskubide hori sorrarazi zen egunetik hasita.

b) Likidaturiko tributu-zorren ordainketa eskatzeko ekintza, non epea hasiko baita borondatezko ordainketaren epea amaitzen den egunean.

c) Tributu arau-hausteak direla medio zehapenak ezartzeko ekintza, non epea hasiko baita arau-hausteak gauzatu ziren egunean.

2) Orobat, lau urteko epean preskribituko da beharrik gabe egindako ordainketa atzera jasotzeko zergadunek duten eskubidea, non epea hasiko baita ordainketa egiten den egunean.

3) Iraungipena eteten denean, etendura gertatzen den egunean hasiko da lau urteko epea.

21. artikulua. 1) Aurreko artikuluaren 1. atalak aipatzen duen preskripzio epea honakoetan eteten da:

a) Edozein administrazio-ekintza egiten bada, subjektu pasiboa formalki jakinaren gainean dagoela, kreditu edo eskubide hori aitortu, erregularizatu, ikuskatu, segurtatu, egiaztatu, likidatu edo jasotzeko asmoz.

b) Edozein erreklamazio edo errekurtso paratzen bada.

c) Subjektu pasiboak tributu-zorra ordaindu edo likidatzeko egiten duen edozein ekintzagatik.

2) Aurreko artikuluaren 2. atalaren kasuan, preskripzio epearen etendura etorriko da diru-sarrera bidegabea atzera jasotzeko xedez subjektu pasiboak egiten duen edozein egintza fedemailerekin, edo hori hala izan dela aitortzeko udal administrazioak egiten duen edozein egintzaren bidez.

22. artikulua. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak eskatu edo salbuespen gisa alegatu behar izan gabe.

23. artikulua. Subjektu pasiboaren eta gainerako erantzuleen kaudimengabezia egiaztatua dela bide ordaindu ezin izan diren tributu-zorrak behin-behinekoz iraungitzat deklaratuko dira, preskripzio epearen barrenean birgaitzen ez diren bitartean. Epe horretan zorra birgaitzen ez bada, behin betiko iraungita geldituko da.

Gerora etorritako kaudimena suertatuz gero, eta preskripziorik ez badago, prozedura exekutiboa irekiko da berriz. Erabaki hori aldi berean jakinaraziko zaio dagokion bulego kudeatzaileari, baja emanda dauden kredituen likidazio berria egin dezan, eta, honela, kasuan kasuko titulu exekutiboak luza daitezen ordainezintasuna deklaratu zen momentuan zeuden kobrantza egoera berean.

III. KAPITULUA

Tributuen arloko arau-hausteak eta zehapenak

Tributuen arloko arau-hausteak

24. artikulua. 1) Tributu arloko arau-hausteak dira, bai ordenantza honetan bai toki entitateen ogasuna arautzen duten gainerako legezko xedapenetan azaldu eta zehatzen diren ekintzak eta ez-egiteak. Arau-hausteak zabarkeria hutsezkoak badira ere zeha daitezke.

2) Subjektu arau-hausletzat joko dira legez arau-haustetzat hartutako ekintzak edo omisioak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, eta, bereziki, ondoko hauek:

a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadunak nahiz ordezkoak izan.

b) Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.

c) Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Administrazioari informazioa edo laguntza eman beharrean dauden pertsona fisiko nahiz juridikoak.

3) Legez arau-haustetzat hartzen diren egintzek edo egin gabe utzitakoek honako kasuetan ez dute erantzukizunik sortuko:

a) Tributu gaietan jarduteko gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

b) Ezinbertzeko kasua delarik.

c) Erabakia anitzen artean hartua delarik, botoa gorde zutenentzat edo erabakia hartu zeneko bileran egon ez zirenentzat.

4) Aurreko zenbakiak aipatzen dituen kasuetan, subjektu pasiboen edo gainerako behartuen tributu egoera erregularizatzean, tokatzen diren kuota eta errekarguez gain, dagokion berandutze interesa eskatuko da.

5) Toki administrazioak arau-hausteei Ogasun Publikoaren kontrako delituak izan daitezkeela deritzen kasuetan, jurisdizio eskudunari jakinaraziko dio dagokiokeen errua, eta ez dio administrazio prozedurari segidarik emanen epai agintariek epai sendoa eman, jarduketak largetsi edo artxibatu, edo Ministerio Fiskalak espedientea itzultzen ez duen bitartean.

Epaileek zigortzeko epaia emanez gero, ez da administrazio zehapenik izanen.

6) Deliturik antzematen ez bada, toki entitateak segida emanen dio zehapen espedienteari epaitegiek frogatutzat jo dituzten gertaerak oinarritzat harturik.

25. artikulua. Arau-hausteak bi motatakoak izan daitezke:

a) Arinak.

b) Larriak.

26. artikulua. Arau-hauste arintzat hartzen da tributuen kudeaketan edozein pertsonari, subjektu pasiboa izan ala ez, eskatzen zaizkion tributu-obligazio edo betekizunak ez konplitzea, arau-hauste larriak ez direnean, eta horiek zehapena graduatzeko osagai gisa hartzen ez direnean.

27. artikulua. Arau-hauste larriak honako hauek dira:

a) Legeek edo behar den ordenantzak ezarritako epeetan ez ordaintzea tributu-zor osoa, edo haren parte bat.

b) Salbuespenak, zerga-onurak edo itzulkinak bidegabe baliatu edo erdiestea.

c) Toki entitateak autolikidazio jardunbidearen bidez eskatzen ez diren tributuak likidatu ahal izateko behar dituen aitorpen edo agiriak ez aurkeztea, epez kanpo aurkeztea edo modu osatugabe edo okerrean aurkeztea.

Zehapenak

28. artikulua. Arau-hausteak zigortzeko, diru bidezko isunak jarriko dira, finkoak edo proportzionalak. Diru bidezko isun proportzionala aplikatuko da zerga kuotaren, ordaindu gabeko kopuruen eta bidegabe lorturiko onura edo itzulkinen zenbatekoaren gainean.

29. artikulua. 1) Arau-hauste arin bakoitzak 6,01 eurotik 901,52ra bitarteko zehapena izanen du.

2) Beren eskumenak erabiltzen ari direlarik, ikuskatzaileen jardunari kontra, uko edo traba egiten bazaio, 300dik 6.010,12 eurora bitarteko isuna ezarriko da.

3) Arau-hauste larriei diru-isun proportzionala jarriko zaie, kuotaren %50etik 150era bitartekoa, 31. artikuluan aipatutako gutitzea deusetan galarazi gabe.

Orobat, zilegi izanen da berandutze interesak eskatzea borondatezko epea bukatu eta zerga-egoera erregularizatuko duen likidazioa egiten den egunera bitarteko denboragatik.

Zehapenen graduazioa

30. artikulua. 1) Tributu zehapenak graduatzeko honako hauek hartuko dira kontutan:

a) Tributu arloko arau-hausteak behin baino gehiagotan egin diren.

b) Toki entitatearen ikerketa lanei trabak jarri, uko edo aurka egin zaien.

c) Arau-hausterako iruzurrezko baliabideak erabili diren edo hura bertze pertsona baten bitartez egin den.

d) Aitorpenik aurkeztu ez ote den edo aitorpen faltsu, osagabe edo zehaztugabeak aurkeztu ote diren, horrek tributu-zorra gutxitzea badakar berekin.

e) Formazko edo laguntza emateko betebeharrak nork bere kabuz bete ez ote duen edo berandu bete ote duen.

f) Zerga kudeaketarako zer-nolako munta duten eman gabeko datu, txosten edo aurrekariek eta, oro har, ez betetzeak eginbide formalak, kontabilitatekoak edo erregistrokoak, eta toki entitateari lagundu edo informatzekoak.

2) Graduazio-irizpideak aldi berean aplika daitezke.

3) Tributu arloko arau-hauste larrien zehapenen zenbatekoa %30 murriztuko da, subjektu arau-hausleak edo, bertzenaz, erantzuleak adierazten badu egiten zaion erregularizazio proposamenarekin ados dagoela.

e) eta f) letretan aipatzen diren irizpideak arau-hauste arinei dagozkien zehapenak mailakatzeko baizik ez dira erabiliko. d) letran aipatzen den irizpidea arau-hauste larriei dagozkien zehapenak mailakatzeko baizik ez da erabiliko.

Zehatzeko prozedura

31. artikulua. Tributu arloko zehapenak ezartzeko espedientea ez da izanen subjektu arau-hauslearen tributu-egoera egiaztatu eta ikertzeko instruitutako bera, baizik eta bertze bat, eta hartan interesdunari entzunaldia emanen zaio.

Zehapenak erabaki eta ezarriko dituzte tributuen behin-behineko edo behin betiko likidazioak burutzeko egintza administratiboak eman behar dituzten organo berberek.

Zehapena gutitzea

32. artikulua. 1) Arau-hausteek sortzen duten erantzukizuna zehapena ordaindu edo betetzean iraungitzen da edo preskripzioz.

2) Subjektu arau-hausleak hiltzean, gauzatu gabeko tributu eginbeharrak oinordeko edo legaziodunei transmitituko zaizkie, legeria zibilean herentzia eskuratzeari buruz finkatzen dena ukatu gabe. Inoiz ez zaio zehapenik bertze bati transmitituko.

3) Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien tributu eginbehar burutu gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, esleitu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

IV. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

Tributu kudeaketa hasteko moduak

33. artikulua. Tributuen kudeaketa honela hasiko da:

a) Subjektu pasiboaren aitorpen edo ekimenaren bidez.

b) Ofizioz.

c) Ikerketa bidez.

Tributu-aitorpena

34. artikulua. a) Tributu-aitorpentzat hartuko da zergapeko egintza baten inguruabarrak edo elementuak gertatu edo sortu direla adierazi edo aitortzen duen dokumentu oro. Halaber, aitorpen balioa emanen zaio zergapeko egintza biltzen edo eratzen duen dokumentua aurkezte hutsari.

b) Inondik inora ere ez da eskatuko zerga aitorpenak zinpean egin daitezen.

c) Aurkezteko garaian, aitorpenaren hartu-agiria emanen zaie interesdunei; aitorpenaren kopiak ere horretarako balioko du.

d) Froga agiria aurkeztean, interesdunek eransten ahal diote kopia soil bat edo fotokopia bat, hain zuzen ere, udal administrazioak erkatu ondoren, jatorrizkoa itzul diezaien, non ez den erabakitzen ez dela itzuli behar prozedurari buruzko behin betiko ebazpena eman baino lehen, agiria pribatua izateagatik edo bidezkotzat jotzen den bertze arrazoiren batengatik.

Aitorpena nahitaez aurkeztu beharra

35. artikulua. Aitorpena nahitaez aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean zehaztutako epeetan, eta, oro har, zergapeko egintza gertatzen den egunaren ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean. Epe horietan aurkezten ez bada, arau-hauste soiltzat hartuko da eta dagokion zehapena ezarriko zaio.

Aurkezpenaren ondorioak

36. artikulua. a) Aitorpena udal administrazioan aurkezteak ez du erran nahi zerga bidezkoa dela ontzat eman edo aitortzen dela.

b) Udal administrazioak aitorpenak eska ditzake, eta datu gehiago ematea ere bai, eta orobat aurkitu diren okerrak zuzentzea ere, ordainarazpenaren likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den neurrian.

c) Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen betebeharrak ez betetzea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

Tramitatzeko epeak

37. artikulua. a) Ordenantza partikularretan tramite bakoitza egiteko zein izanen diren bete beharreko epeak adieraziko da. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago izanen administrazio prozedura hasten denetik prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren egunera arteko denbora; betiere hori galarazteko behar bezala justifikatutako aparteko arrazoiak ez badira behintzat. Ikuskatze kasuan, epe hori bi urtekoa izanen da.

b) Administrazioak epeak betetzen ez baditu ere, horrek ez du erran nahi administrazio ekintza iraungi egiten dela, baina, hala ere, interesdunei kexa erreklamazioa aurkezteko baimena ematen die.

c) Tramitazio akatsen kontrako kexa erreklamazioak noiznahi egiten ahal dira, bereziki, akats horiengatik prozedura gerarazten bada, jarritako epeak hausten badira edo arazoa behin betiko ebatzi aitzin konpon daitezkeen tramiteak egiten ez badira. Kexa baiesten bada, erantzukizuna duen funtzionarioaren kontrako diziplina espedientea irekiko da, horretarako arrazoirik izanez gero.

Ikerketa eta ikuskapena

38. artikulua. Udal administrazioak ikertuko ditu zergapeko egintza osatzen edo baldintzatzen duten gertaera, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak oro, eta egiaztatuko du karga-oinarriaren balorazioa.

39. artikulua. Ikerketa egiteko, subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiko edo osagarriko dokumentuak, liburuak, fitxategiak, fakturak, frogagiriak eta idazpenak aztertuko dira, eta orobat ondasunak, elementuak, ustiapenak eta tributua zehazteko beharrezko diren bertze aurrekari guztiak, informazioa ematen badute.

40. artikulua. Subjektu pasiboak beharturik daude kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren gainerako dokumentuak eraman eta kontserbatzera, bai eta ikuskatze lanetarako laguntza ematera ere, administrazioaren esku jarriz zergapeko egintzarekin zerikusia duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak.

41. artikulua. a) Ikuskatze jarduketak subjektu pasiboendako eragin ekonomikorik baldin badakar, aldez aurreko nahiz behin betiko eginbide, jakinarazpen eta akten bidez dokumentatuko dira. Dokumentu horietan ondoko hauek zehaztuko dira:

–Eginbidea norena den (izen-deiturak) eta bertan zeren kariaz edo ordezkaritzaz agertzen den.

–Zergapeko egintzaren funtsezko elementuak eta hura subjektu pasiboari atxikitzekoak.

Bidezko jotzen diren tributu egoerak.

–Subjektu pasiboaren adostasuna edo desadostasuna, edo haren ordezkariarena.

b) Subjektu pasiboak akta izenpetu ez, edo izenpetu arren bertan bildutako inguruabarrekiko bere adostasuna adierazten ez badu, bai eta hartarako behar bezala baimendutako pertsonarik izenpetzen ez badu, dagokion espedientea irekiko da izenburutzat aipatu akta izanen duela, eta bertan subjektu pasiboari bere alegazioak aurkez ditzan hamabortz eguneko epea emanen zaio.

c) Espedienteari buruzko ebazpena handik ateratzen den likidazioan jakinaraziko da.

Salaketa

42. artikulua. a) Toki entitateen ikerketa lanari salaketa batek ematen ahal dio hasiera. Salaketa paratzeak ez du galarazten Administrazioari laguntza emateko obligazioa, Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Salatzailea ez da interesduntzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen errekurtso edo erreklamaziorik aurkezteko.

c) Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bertzelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.

Tributuen likidazioa

43. artikulua. a) Zerga-oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak jarraituko du: likidazioa eginen da, tributu-zorra finkatzeko. Likidazioak behin-behinekoak edo behin betikoak izanen dira.

b) Behin betikotzat hartuko dira:

–Zergapeko egintzaren ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga-oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan edo ez.

–Preskripzio epearen barrenean egiaztatu ez direnak.

c) Aurreko atalean adierazitako kasuetatik at, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, kontuaren gainekoak, osagarriak, kauziokoak, partzialak edo osokoak izan.

44. artikulua. a) Likidazioak egiterakoan administrazioak egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza, elementu eta balorazio guztiak.

b) Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria handitzen bada, subjektu pasiboari adierazi beharko zaio, handitze hori sorrarazten duten egitateak eta elementu gehigarriak zehatz azalduz, egiten den likidazioarekin batera.

45. artikulua. a) Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, honako hauek adierazita:

–Haien funtsezko elementuak.

–Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, bai eta zer epetan eta zein erakundetan paratu behar diren ere.

–Tributu-zorra ordaintzeko tokia, epea eta modua.

b) Subjektu pasiboari behar bezala jakinarazitako likidazio orok behartuko du subjektu pasiboa tributu-zorra ordaintzera.

c) Jakinarazpen akastunak eragina izaten hasiko dira subjektu pasiboak jakinarazi zaiola espresuki onartzen duenean, dagokion errekurtsoa aurkezten duenean edo tributu-zorraren ordainketa egiten duenean.

d) Dena den, subjektu pasiboei pertsonalki emandako jakinarazpenek sei hilabeteren buruan izanen dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, bertze edozein baldintza saihestu badute, salbu eta Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatuz epe horretan arau bidezko protesta egin bada.

46. artikulua. Subjektu pasibo beraren gaineko ordainarazpenen likidazioa eta diru-bilketa egintza bakar batean fusionatzen ahal dira, eta horrelakoetan ondokoak eskatuko dira:

–Likidazioan jaso beharko dira kontzeptu bakoitzeko oinarriak eta tasak edo kuotak, halako eran non bateratzen diren likidazioak oro zehazturik eta banakaturik geratuko baitira.

–Diru-bilketan bereizirik jaso beharko dira kontzeptu bakoitzari dagozkion zorrak, eta horiek batuz finkatuko da ordainarazi beharreko zor bateratua.

Zergadunen zentsuak

47. artikulua. Ordenantza partikularrean berean zehazten diren kasuetan, udal administrazioak, interesdunen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera eta, orobat, administrazio ikuskapenaren ondoan, dagozkion zergadunen erroldak prestatuko ditu. Zergadunen errolda, horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta erabiliko da Udalak paratzen duen edonolako prozedura bidez, mekanikoa ere barne dela.

48. artikulua. a) Zergadunen zentsua eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak onesteko, egin beharko da erreklama daitekeen administrazio egintza bat, eta aldaketak subjektu pasiboei jakinarazi beharko zaizkie legeak agindu bezala.

b) Erroldan gerora zernahi alta, baja edo aldaketarik sor dezakeen mudantzaren berri eman beharko dio zergadunak udal administrazioari, hura gertatu eta hogeita hamar egun balioduneko epean.

49. artikulua. Zergadunen zentsuek zerga gaietarako agiri balioa izanen dute, haiek erabiliko baitira zerrenda, ordainagiri eta kobrantzako bertzelako agirietan, kasuan kasuko ordainarazpena gauzatzeko.

V. KAPITULUA

Diru-bilketa

Ordainketa aldiak

50. artikulua. a) Diru-bilketa egin daiteke:

–Borondatezko aldian.

–Derrigorrezko aldian.

b) Borondatezko aldian ordaintzera behartuta daudenek horretarako adierazitako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak. Derrigorrezko ordainketaren aldian, indarra duen legeriari atxikiz, zerga ordaindu behar duenak borondatezko aldian bere eginbeharra betetzen ez badu, diru-bilketa nahitaez eginen da ondarearen gaineko premiamendu bidez.

Zorren sailkapena diru-bilketari dagokionez

51. artikulua. a) Udal agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortutako tributu-zorrak, diru-bilketari dagokionez, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatutakoak.

b) Jakinarazi beharrekoetan ezinbertzekoa da jakinarazpena igortzea, subjektu pasiboak tributu-zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izanen da eskatu.

c) Jakinarazpen gabeko zorrak dira bana-banako jakinarazpenik behar ez dutenak, subjektu pasiboek aurretik ezagunak dituzten zergadun zentsuetatik datozelako.

Konparaziora, epez epe ordainagiri bidez kobratu beharreko tributuetan, behin zentsu, errolda edo matrikula hartan alta hartuaren likidazioa jakinarazi denean, zilegi izanen da hurrengo likidazioak multzoka jakinaraztea, ediktu bidez horren berri emanez, baldin likidazio horiek lehengoen berdin-berdinak badira, edo izan diren aldaketak orokorrak badira.

d) Norberak likidatuak dira subjektu pasiboak, aitorpen-likidazio baten bitartez, tributu zorra aldi berean ordaintzen duenean.

Ordainketa tokia

52. artikulua. a) Udal administrazioaren aldeko zorren diru-sarrera bertako kutxan eginen da, non eta ordainarazpen bakoitzari dagozkion ordenantza partikularrak espresuki agintzen ez duen diru-sarrera udal zerbitzu ezberdinetan eratutako kutxetan egin daitekeela edo egin behar dela.

b) Era berean, bankuetan nahiz aurrezki kutxetan Udalaren alde irekitako kontuetan ere sartzen ahal da tributu-zorra, ordaindu behar duenak ordenantza honen 57. artikuluan aipatutako bitartekoren bat erabiliz.

Ordainketa epeak

53. artikulua. Tributu-zorrak honela ordainduko dira:

1. Jakinaraziak, jakinarazi eta hogeita hamar egun balioduneko epean.

2. Epez epe ordainagiri bidez kobratu beharreko tributuen kasuan, banan-banako jakinarazpena beharrezkoa ez dutenetan, aurreko zenbakian adierazitako epean; borondatezko ordainketarako epearen lehenbiziko eta azkeneko egunak zehaztuko dira, tributu horiei dagozkien kuotak onesten dituen ebazpenean.

Kobratzeko epea zein den multzoka jakinaraziko da, eta horretarako beharrezko ediktuak argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki oholean.

3. Subjektu pasiboak berak autolikidatutako zorrak, dagozkien aitorpenak aurkezterakoan ordaindu beharko dira, tributu bakoitza arautzen duen ordenantzak seinalatzen dituen egun eta epeetan, eta hori egin ezean, hogeita hamar egun balioduneko epean, zergapeko egintza sortzen den egunetik aurrera.

Korrituak eta errekarguak

54. artikulua. Premiamendu aldiaren hasierak berandutze interesak eta epeari dagozkion errekarguak sortuko ditu, betiere borondatezko aldian ordaindu gabe gelditu den zorraren gainean.

Premiamendualdiko errekargua %5ekoa izanen da eta probidentzia jakinarazi aurretik premiamendualdian ordaindutako zorrari aplikatuko zaio.

Premiamendu errekargu murriztua %10ekoa izanen da eta zein zorretarako hasita den premiamenduaren prozedura, haiek ordaintzeko ezartzen den erregelamenduzko epea bukatu baino lehen ordaindutako zorrari aplikatuko zaio. Premiamendu errekargu arrunta %20 izanen da eta artikulu honetako 2. eta 3. idatz-zatietan adierazitako inguruabarrak gertatzen ez direnean aplikatuko da.

55. artikulua. 1) Berandutze interesa galdatuko da egintzaren exekuzioa eteten den kasuetan, bai eta geroratzeetan, zatiketetan edo edozein motako luzapenetan ere.

Nolanahi ere, zorraren zenbateko osoa bermatzen bada, dela kreditu entitate batek edo elkarren bermerako sozietate batek emandako abal solidario bidez dela kauzio aseguruaren egiaztagiriaren bidez, galda daitekeen berandutze interesa diruaren legezko interesa izanen da, betiere diru-sarrera egiten den egunera artekoa.

2) Aitorpen-likidazioei edo autolikidazioei dagozkien diru-sarrerei, haiek epetik at baina aldez aurretik errekerimendurik izan gabe aurkeztu badira, bai eta epetik at eta aurreko errekerimendurik gabe aurkeztutako aitorpenek eragindako likidazioei ere, ondoko errekarguak eginen zaizkie:

a) Diru-sarrera egiteko edo aitorpena aurkezteko borondatezko epea amaitu eta ondoko hiru hilabetean gauzatzen badira horiek, %5eko errekargua aplikatuko da, eta ez dira galdatuko bertze zenbait kasutan galda zitezkeen berandutze interesa eta zehapenak.

b) Behin 3 hilabete horiek igarota, baina diru-sarrera egiteko edo aitorpena aurkezteko borondatezko epearen ondoko hamabi hilabeteak igaro gabe, %10eko errekargua aplikatuko da, eta ez dira galdatuko bertze zenbait kasutan galda zitezkeen berandutze interesa eta zehapenak.

c) Behin diru-sarrera egiteko eta aitorpena aurkezteko borondatezko epearen ostean hamabi hilabete igaro eta gero, errekargua %20 izanen da, eta ez dira galdatuko bertze zenbait kasutan galda zitezkeen zehapenak. Halako kasuetan, berandutze interesak galdatuko dira, halako eran non halakotzat joko baitira hamabi hilabeteko epe hori amaitu eta kasuan kasuko ordainketa egin bitarte sortutakoak.

Pagatzeko modua

56. artikulua. Tributu-zorren ordainketa eskudirutan eginen da edo, bertzenaz, efektu tinbratuen bitartez, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantzan xedatzen den bezala. Berariaz xedatzen ez bada, ordainketa eskudirutan eginen da.

57. artikulua. a) Tributu-zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

–Indarra duen dirua.

–Posta edo telegrafia bidezko igorpena.

–Bankuko edo Aurrezki Kutxako kontu korronteko taloia.

–Banku txekea.

–Banku edo aurrezki kutxako abonamendu edo transferentzia gutuna, Udalaren alde propio irekitako kontuetan.

–Datafonoa edo banku txartela.

b) Arestian adierazia goiti-beheiti, ordainagiri bidez eta epez epe kobratzen diren tributu zorrak direnean, eta horiek banakako jakinarazpenik galdatzen ez badute, ordainketa ondoko moduren batean egin beharko da:

–La Caixa: La Caixak hiri honetan irekita dauzkan bulegoetako edozeinetan, hain zuzen, ordaintzeko epea hastean horretarako zergadun bakoitzari igortzen zaion gaztigu-ordainagiria aurkeztu ondoan. Edozein arrazoi dela-eta, behar den tenorean hartzen ez badu, udal bulegoetan eskatu beharko du ordainketa egin baino lehen.

La Caixak dirua jasotakoan, gaztigu-ordainagiria zigilatuko du, eta orduan jasoko du, jaso ere, delako dokumentuak bertan ageri diren kuoten ordainketaren egiaztagiri balioa.

–Gordailu entitateetan helbideratzea: ordainagirien ordainketa Carcarren bulegoak dituzten banku edo aurrezki kutxetan helbideratzen direlarik, entitateek subjektu pasiboaren administratzaile jokatuko dute, horrek baimendu dizkien zorrak ordaindurik.

Helbideratzeak baldintza bakarra du: idatziz ohartaraztea udal diruzaintzari eta kreditu eta aurrezki entitateari helbideratze hori zein zerga kontzepturi buruzkoa den, eta hori egin behar da zorra ordaintzeko borondatezko epea hasi eta, gutxienez, bi hilabete lehenago.

Helbideratzea balioduna izanen da, epemugarik gabe, baldin eta interesdunak ez badu baliogabetzen, edo entitate gordailuzainak atzera egiten ez badu, edo, bertzenaz udal administrazioak arrazoi justifikatuak direla medio, haiek baliogabetzea berariaz xedatzen ez duen bitartean.

–Udal Diruzaintza: egoera berezian diren ordainagiriendako.

c) Geroko mugaeguna duen ordainagiri baten kobrantzak ez du lehenagokoak ordaindu direla erran nahi, eta ez du zorpekoak direnak eskuratzeko Udalak duen eskubidea iraungitzen ere.

Ordainketa geroratzea eta zatikatzea.

58. artikulua. Geroratzea edo zatikatzea eskatzeko zer baldintza behar diren, haiek erdiesteko zer jardunbide segitu behar den, zer berme eta bertzelako baldintzari iritzi zaien beharrezko, hori dena, udal aurrekontuak betearazteko oinarrietan jasoko da.

VI. KAPITULUA

Errekurtsoak

59. artikulua. Behin ordenantza fiskalak eta horien aldaketak behin betikoz onetsirik, onespen horren kontra egin ahalko da, bai eta kudeaketa, ikuskapen eta tributu bilketarako egintzen kontra ere, Nafarroako toki entitateen egintzak eta erabakien kontra jotzeko indarrean dagoen errekursoen araubide orokorrari jarraikiz.

60. artikulua. 1) Bidezko errekurtsoak paratzeko ez da beharrezkoa izanen galdatutako diru kopurua aurretik ordaintzea.

2) Errekurtsoa paratzeak ez du geldiaraziko inpugnatu den egintzaren betearazpena, horrek dakartzan legezko ondorioekin, likidatutako kuota edo eskubideen, korrituen, errekarguen eta kostuen bilketa barne. Nolanahi ere, interesdunak hala eskatzen badu, inpugnatutako egintzaren betearazpena eten eginen da, ondoko kasuetan:

a) Ondoko bermeetako bat udal diruzaintzaren eskutan jartzen bada:

–Eskudirua gordailatzea.

–Abal edo fidantza solidarioa, banku, aurrezki- kutxa, kreditu-kooperatiba edo elkarren bermerako sozietate batek emana.

–Fidantza pertsonala eta solidarioa, hiriko bi zergadunak emana, zorrek 1.502,53 euro baino gutiago egiten badute, soilik; zergadun horiek eguneratuak izan behar dituzte Carcarko Udalari ordaintzeko betebeharrak.

b) Salbuespenez, bermerik gabe etetea bidezkoa bada, indarra duten arauekin bat.

3) Emaniko bermea balioduna izanen da bide administratiboan etendura mantentzen den bitartean. Bermeak bere indarra galdu badu edota bermatu beharreko kopurua handiagoa bada, errekarguak, interesak edo gehitutako bertze erantzukizun batzuk direla eta, berme berri bat aurkeztu beharko da edota aurrekoa osatu.

Zorra premiamenduko prozeduraren barnean dagoenean, bermeak, zor nagusiaz gain, %25 berdindu beharko du, premiamenduzko errekargu, korritu eta sor daitezkeen kostuak direla medio.

4) Tributu zehapenen betearazpena bertzerik gabe etenik geldituko da, inolako bermerik aurkeztu behar gabe, baldin eta haien kontra bidezko den errekurtsoa aurkezten bada, behar den era eta epeetan; hala bada, ezin gauzatuko dira bide administratiboan irmoak izan arte.

VII. KAPITULUA

Karriken sailkapena

61. artikulua. Ondorio fiskalei dagokienez, kontuan hartuko dira katastroko poligonoak eta eremuak, horiek aplikatuko baitira ordenantza partikular bakoitzean ezarritakoari jarraikiz.

2.–ORDENANTZA, AGIRIAK LUZATU ETA TRAMITATZEKO
TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz. (100. artikulua eta hurrengoak).

Zergapeko egintza

2. artikulua. Ordainarazpen honen xedea da udal organoek eta agintariek administrazioko tramiteak egin, agiriak luzatu edo horien gain ardura duten udal organo eta agintariek egiten duten jarduera administratiboa, alderdi batek eskatua:

1. Planoen kopiak.

2. Ziurtagiriak.

3. Fotokopiak.

4. Agiriak konpultsatzea.

Sortzapena

3. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak agiria luzatu edo tramitatzeko eskabidea aurkeztean sorraraziko dira, eta agiri hori ez da emanen, edo, hala behar badu, ez da tramitatuko, baldin eta lehenago ordaindu ez bada, eta hori egiaztatu behar duen ordainagiria eman ez bada.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Ordaintzeko beharra dute tasa honen xedea diren agiriak egin edo tramitatzeko eskatzen dutenek.

Tarifak

5. artikulua. Ordaindu beharreko tasak ordenantza honen eranskinean azaltzen dira.

Kudeatzeko arauak

6. artikulua. Diru-bilketarako arau bereziak ezartzen dira, hain juxtu ere hauek:

a) Ziurtagiriak luzatzeko tasak eskabidea egiten den unean berean ordaindu beharko zaizko Erregistroko arduradunari.

b) Agiri konpultsatuak egiteagatik, tasak horien departamentuan ordainduko dira, eskatzearekin batera. Departamentuak kontuen berri eman beharko du.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Ziurtagiriak.

–Ziurtagiriak, diligentziak, ediktuak etab. egiteagatik: 1,50 euro.

–Artxiboko ziurtagiriak egiteagatik: 4,00 euro.

–Katastroko orriak emateagatik: 0,50 euro.

–Lurzatiaren zedula bakoitzeko: 1,00 euro.

–Ordainagiriaren kopia bakoitza: 1,00 euro.

II. epigrafea.–Fotokopiak.

–DIN A-4 fotokopiak: 0,10 euro (zuri-beltzean); 0,30 euro (kolorez).

–DIN A-3 fotokopiak: 0,20 euro (zuri-beltzean); 0,70 euro (kolorez).

–Artxibatutako dokumentazioaren fotokopiak: 1,00 euro.

III. epigrafea.–Konpultsak.

–Agiriak konpultsatzeagatik:

  • 1etik 5era: euro 1,00.
  • 6tik 10era: 2,00 euro.
  • 11tik 15era: 3,00 euro.
  • 16tik 20ra: 4,00 euro.

3.–ORDENANTZA, HIRIGINTZAKO JARDUKETAK
EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Hirigintzako jarduketei dagozkien zerbitzu tekniko eta administratiboak ematean datza zergapeko egintza, etxegintzaren eta lurzoruaren erabileraren arloko egintzak egokitu ahal izateko indarra duten hirigintza eta eraikuntza arauei.

Zergapeko egintza da, halaber, kasuan kasuko udal jarduera teknikoa edo administratiboa, subjektu pasiboari era berezian ukipena edo onura egiten diona eta beharrezkoa dena Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legean planeamendu orokorrari eta garapenari eta kudeaketari eta urbanizazioari dagokienez aurreikusitako tresnak tramitatzeko.

3. artikulua. Tasa eskatzen duten hirigintzako jarduketek aurretiazko lizentziaren menpeko egintzak dute xede, edo ondoko kontrolaren menpekoak, lizentzia eskatu beharrean aurretiazko jakinarazpena edo erantzukizuneko aitorpena aurkeztu behar denetan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Ordaindu beharra

4. artikulua. 1. Honako hauek daude salbuetsita tasak ordaintzetik obren lizentzia emateagatik edo erantzukizuneko aitorpenaren edo aurretiazko jakinarazpenaren menpeko obrak egindakoan kontrolatzeagatik:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta bere helburuak betetzeko sortzen dituen entitate juridikoak.

b) Udalerrien mankomunitateak eta batasunak, betiere Carcarko Udala kide bada, bai eta helburuak betetzeko sortzen dituzten entitate juridikoak ere.

2. Tasa hauek direla medio Telefónica de España, S.A.U. enpresari egokitu lekiokeen ordainketa dirutan egin beharreko urteko ordainaz ordezkatzen da, Nafarroako Foru Erkidegoan Espainiako Telefono Konpainia Nazionalak behar duen tributu araubidea ezarri zuen abenduaren 29ko 11/1987 Foru Legeak xedatutakoarekin bat.

5. artikulua. Sortzapena. Tasa lizentzia eskatzen denean sortuko da edo, kasua bada, erantzukizunezko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean. Planeamendu orokorreko eta garapeneko baliabideak eta kudeatu eta urbanizatzeko baliabideak tramitatzeko tasa espedientearen hasierako onespenarekin sortuko da.

6. artikulua. Atzera egitea edo erretiratzea. Lizentzien eskatzaileek atzera egin dezakete, Udalari ukoa idatziz aurkeztuz gero, betiere aipatu lizentzia iraungirik ez badago. Era berean, lizentzia ematea beharrezkoa ez denetan, interesdunek beren erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko jakinarazpena erretiratzen ahal dute.

Udalak lizentzia emateko erabakia hartu baino lehen edo erantzukizuneko aitorpenarekin edo aurretiazko jakinarazpenarekin adostasuna egon baino lehen egiten bada atzera, interesdunak lizentzian atzera egiteko edo jakinarazpena erretiratzeko tasa ordaindu beharko du, kasua zein den.

Lizentzia eman eta gero edo erantzukizuneko aitorpenarekin edo aurretiazko jakinarazpenarekin adostasuna eman ondoren egiten bada atzera, interesdunak ordaindu beharko ditu obren lizentzia emateko edo aurretiazko jakinarazpena egiteko tasa nahiz atzera egitekoa edo erretiratzekoa.

7. artikulua. Eskakizunak. Lizentziaren eskaera bat tramitatzean edo erantzukizuneko aitorpena egiaztatzean, udal arkitektoak eskatzen badu aurkeztutako jatorrizko proiektua edo memoria aldatzeko, txosten tekniko osagarriak ere sortzapena izanen du, ordenantza honen eranskinean jasotzen den tarifarekin bat.

Subjektu pasiboa

8. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta nortasun juridikorik izan ez, baina unitate ekonomiko edo ondare berezia diren entitateak, baldin eta hirigintzako jarduketa bat egitea eskatu, aitortu edo adierazten badute edo egindako hirigintzako jarduketengatik edo emandako lizentziengatik eragina edo onura hartzen badute.

Eraikitzaileak eta obra kontratistak zergadunaren ordezkoak izanen dira, zoruari eta hiri antolamenduari buruzko arauetan hirigintzako lizentziak emateko aurreikusi diren tasetan.

Tarifak eta karga-tasak

9. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Kudeaketa arauak

10. artikulua. Behin-behineko likidazioa. Tributu administrazioak behin-behineko likidazioa eginen du, interesdunek aurkeztutako aurrekontuaren arabera.

11. artikulua. Behin betiko likidazioa. Obrak burututakoan, administrazioak behin betiko likidazioa eginen du, zergadunak aurkeztutako obra bukaerako ziurtagiriaren arabera edo udal arkitektoak egindako balorazio teknikoaren arabera, obra bukaerako ziurtagiria aurkeztea beharrezkoa ez denetan.

Arau-hausteak eta zehapenak

12. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei buruzko afera guztietan, Kudeaketaren, diru-bilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantzan xedatutakoari jarraituko zaio.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Antolamendurako plan partzial edo berezien tramitazioa.

Espedientea tramitatu eta ebazteko tasak plan bakoitzean sartutako lurzoruaren zabaleraren arabera likidatuko dira, hain zuzen ere 0,09 euro jarduketa eremuan sartutako azaleraren m² bakoitzeko.

II. epigrafea.–Plan partzial edo berezien aldaketak eta xehetasun azterlanak tramitatzea.

Aplikatzeko tarifak I. epigrafekoen %50 izanen dira.

III. epigrafea.–Antolamendurako planen aurrerapen edo aurreproiektuen tramitazioa.

Aplikatzeko tarifak I. epigrafekoen %25 izanen dira.

IV. epigrafea.–Birzatiketen eta jabetzen zatiketen tramitazioa.

A) Espediente bakoitzari lizentzia emateari dagozkion tasak likidatuko dira banantzen den finkaren azaleraren arabera, banantze hori lurzatiketa, birzatiketa edo elkartzearen ondorioz bada, betiere ondoko tarifaren arabera:

–Jarduketa eremuan sartutako azaleraren m² bakoitzeko = 0,15 euro.

B) Birzatiketen aldaketen tramitazioa: Aplikatzeko tarifak IV-A) epigrafean ezarritakoen %50 izanen dira.

V. epigrafea.–Eskatzaileek egindako urbanizazio proiektuak tramitatzea.

Tasak proiektuaren zenbatekoaren arabera likidatuko dira, eta aplikatuko den karga-tasa %1,5 izanen da:

VI. epigrafea.–Honako obra lizentzia hauek: etxe berriak egitekoak, etxeak eraberritzekoak, tramitazio laburrekoak, obra txikiak, etxeak mantendu eta apaintzekoak eta eraikuntza txikietakoak.

Tasak proiektuaren zenbatekoaren arabera likidatuko dira, eta tarifa hau izanen da:

–Obra gauzatzeko aurrekontua, 15.000 euro bitarte: %0,25.

–Obra gauzatzeko aurrekontua, 30.000 euro bitarte: %0,35.

–Obra gauzatzeko aurrekontua, 30.001 eurotik goiti: %0,50.

VII. epigrafea.–Erantzukizuneko aitorpenak eta lizentziak, eraikitzeko, eraikinak eraisteko, bota, hustu eta apeoa egiteko obretarako, iragartzeko errotuluak paratzeko eta arbolak botatzeko.

Tasak proiektuaren zenbatekoaren arabera likidatuko dira, tarifa honi jarraikiz:

–Obra gauzatzeko aurrekontua, 15.000 euro bitarte: %0,25.

–Obra gauzatzeko aurrekontua, 30.000 euro bitarte: %0,35.

–Obra gauzatzeko aurrekontua, 30.001 eurotik goiti: %0,50.

VIII. epigrafea.–Lehen aldiz erabiltzeko lizentziak, erabileraren lizentziak edo obra akaberako ziurtagiriak.

Etxebizitza unitate bakoitzari dagokiona.

Etxebizitza bakoitzagatik, 150 euro.

IX. epigrafea.–Gutxieneko eskubideak.

Aitzineko epigrafeengatik ordaindu behar diren tasak ondotik aipatzen diren gutxieneko zenbatekoetara iristen ez badira, honako hauek ordaindu beharko dira:

–I. epigrafea.–Antolamendurako plan partzial edo berezien tramitazioa: 600,00 euro.

–II. epigrafea.–Plan partzial edo berezien aldaketak eta xehetasun azterlanak tramitatzea: 300 euro.

–III. epigrafea.–Antolamendurako planen aurrerapen edo aurreproiektuen tramitazioa: 150,00 euro.

–IV. epigrafea:

  • A1. Banantzea edo batzea: 90,00 euro.
  • A2. Birzatiketa: 600,00 euro.
  • B. Birzatiketen aldaketa: 600,00 euro.

–V. epigrafea.–Urbanizazio proiektua: 500,00 euro.

–VI. epigrafea.–Obra-lizentzia eta erantzukizuneko aitorpenak: 10,00 euro.

–VII. epigrafea.–Eraikitzeko lizentziak: 10,00 euro.

4.–KONTRIBUZIO BEREZIAK ARAUTZEN
DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluaren 8. sailak xedatutakoaren babesean ezarri da ordainarazpen hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Kontribuzio berezien zergapeko egintza hau da: subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea toki entitate honek toki mailako herri lanak egitearen ondorioz edo bere esparruan zerbitzu publikoak ezarri edo handitzearen ondorioz.

3. artikulua. Honako hauek hartuko dira toki mailako herri lan eta zerbitzu publikotzat:

a) Toki entitate honek bere eskumenen esparruan esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko egiten dituenak, salbu eta bere ondareko ondasunen jabe den aldetik egiten dituenak.

b) Toki entitateak bertze entitate publikoren batek esleitu edo eskuordetuta egiten dituenak eta legeari jarraikiz titulartasuna bere gain hartu dituen zerbitzuak.

c) Toki entitateak diru-laguntza emanik bertze entitate publikoren batek edo haien kontzesiodunek egiten dituztenak.

4. artikulua. 1. Aurreko artikuluko a) letran sartzen direnak toki entitatearen esparruko herri lan edo zerbitzutzat joko dira, nahiz eta haien egileak izan kapital soziala osorik toki entitatearena duten erakunde autonomo edo merkataritza sozietateak, edo toki entitateak diru-laguntza emandako kontzesiodunak edo zergadunen elkarteak.

2. Kontribuzio bereziengatik likidatutako eskubideek, zer obra edo zerbitzuren aldera eskatu ziren, harexen gastuak berdintzea, bertze helbururik ez dute izaten ahal.

5. artikulua. 1. Obren kostu osoak jabeen bizkar izan behar duenetan izan ezik, toki entitate honek kontribuzio bereziak eskatzen ahal ditu ondoko obra eta zerbitzuengatik, betiere betetzen badira ordenantza honetako 7. artikuluan ezarritako baldintzak:

a) Kale eta plazak irekitzea, lehendik irekitako kale eta plazak zabaldu eta haietan lerrokadura berriak egitea.

b) Hiriko eremu publikoetako galtzada, espaloi, hustubide eta ur harguneak paratzea edo zaharrak aldatzea.

c) Hondakin uren estolderia eta hustubide sareak egin eta berritzea.

d) Argindarra banatzeko sareak paratzea eta argiteria publikoa ezarri, aldatu edo hobetzea.

e) Ur hornidura sareak paratu, aldatu eta hobetzea, eta sektore baten intereserako beharrezko bada, ur biltegiak handiagotzea hornidura hobetzeko.

f) Su itzaltze zerbitzuak ezarri eta hobetzea.

g) Ura hartu, urtegiratu, biltegiratu, bideratu eta arazteko lanak, ur hornidurarako, betiere interes orokorrekoak ez badira.

h) Hondakin uren araztegiak eta kolektore nagusiak, biztanleria guztiarendako ez badira.

i) Kale eta plazetan arbolak landatzea, parkeak eta lorategiak egin eta hobetzea, halako sektore batendako interesa badute.

j) Lurrerauzketak, betelanak eta eustormak egitea.

k) Lehortze eta saneamendu lanak, lurrak uberroen eta uholdeen kontra babestekoak, baita ur-ibilguak erregulatu eta desbideratzekoak ere.

l) Lurpeko galeriak egitea, ura, gasa, argindarra eta bertzelako isurkiak banatzeko sareak eta hodiak jartzeko, eta komunikazio eta informazio zerbitzuetarako.

m) Toki entitatearen bertzelako obra edo zerbitzu publikoak egin, ezarri edo handitzea.

2. Ez da inoiz kontribuzio berezirik galdatzen ahal, toki entitatearen obra edo zerbitzu publikoak biztanle guztiendako badira.

Salbuespenak

6. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarrian erabakitakoaren arabera, kontribuzio berezietatik salbu daude mankomunitateak eta batasunak, baita horien xedeak garatzeko sortzen dituzten entitate juridikoak eta administrazio barrutiak ere.

Subjektu pasiboak

7. artikulua. 1. Hauek dira kontribuzio berezien subjektu pasiboak: pertsona fisiko zein juridikoak, baita unitate ekonomiko edo ondare berezia osatzen duten nortasun juridikok gabeko entitateak ere, baldin eta ordaindu beharra eragiten duten toki mailako obra edo zerbitzuak egin, ezarri edo zabaltzeagatik onura berezia eskuratzen badute.

2. Onura berezien hartzailetzat jotzen dira:

a) Ondasun higiezinen jabeak, kontribuzio berezia sortzen bada ondasun higiezinak ukitzen dituzten obra edo zerbitzuak egin, ezarri edo handitzeagatik.

b) Kontribuzio berezia delarik enpresa ustiapenen ondorioz obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik, haien titular diren pertsona edo entitateak.

c) Kontribuzio berezia sortzen bada su itzaltze zerbitzua ezartzetik edo handitzetik, ondasun ukituen jabeez gain, arlo horretan lanean aritzen diren aseguru konpainiak, udal mugapearen barnean.

d) Kontribuzio berezia delarik lurpeko galeriak egiteagatik, haiek erabili behar dituzten hornidura enpresak.

Zerga-oinarria

8. artikulua. 1. Ordainarazpen honen xedeko obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik toki entitateak jasaten duen kostuaren %90ak, gehienez, osatuko du kontribuzio berezien zerga-oinarria.

2. Kostu hori honako kontzeptu hauek osatuko dute:

a) Peritu lan, proiektu prestatze eta obra zuzentze, plan eta programa teknikoen kostu benetakoa.

b) Egin beharreko obren edo zerbitzuak ezarri edo handitzeko lanen zenbatekoa.

c) Obra edo zerbitzuek etenik gabe okupatu behar dituzten lurren balioa, non eta erabilera publikoko ondasunak ez diren, edo toki entitate honi dohainik eta nahitaez emandako lurrak edo Estatuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak aipatu toki entitateari emandako eraikinak.

d) Eraikinak eraitsi eta landaketak, obrak edo instalazioak desegiteagatik ordaindu behar diren kalte-ordainak, baita eraitsi edo okupatu beharreko ondasunen errentariei dagozkienak ere.

e) Zerbitzu eta obretan inbertitu den kapitalaren korritua, toki entitateak kreditura jo behar duenean kontribuzio bereziek ez dutelako kostu osoa berdintzen edo berdinduta ere kontribuzioak orokorki zatikaturik daudelako.

9. artikulua. Obra edo zerbitzuetarako aurrekontuak jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izanen da. Benetako kostua aurreikusitakoa baino handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.

10. artikulua. Obra edo zerbitzua direlarik ordenantza honetako 3.c) artikuluak aipatzen dituenetakoa edo toki entitateak diru-laguntza emanda kontzesiodunek egindakoa –ordenantza honetako 4. artikuluko 1 zenbakiak aipatzen duen gisara–, kontribuzio berezien zerga-oinarria finkatzeko, diru-laguntza horien zenbatekoa hartuko da kontuan; horrek ez du ukatzen bertze administrazio publikoek obra edo zerbitzu berarentzat bertze zerga bat ezartzea. Betiere, ordenantza honen 8. artikuluko 1. zenbakiak aipatzen duen muga begiratuko da, ehuneko 90 alegia.

11. artikulua. 1. Zerga-oinarria finkatzeko, hona zer ulertuko den toki entitateak bere gain hartutako kostuaz: osotarako kostuaren zenbatekoari toki entitateak edozein pertsona publiko edo pribaturengandik erdiesten dituen diru-laguntza edo sorospenak kenduz ateratzen den zenbatekoa.

2. Diru-laguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren subjektu pasibo batek emana bada, haren zenbatekoak pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzea izanen du lehen helburua. Diru-laguntzaren edo laguntzaren zenbatekoak kuotari gainez egiten badio, gaindikina, hainbana partiturik, bertze subjektu pasiboen kuotak gutxitzeko erabiliko da.

Kuotak

12. artikulua. Subjektu pasibo bakoitzari, hurrengo artikuluan bildutako banaketa irizpideei jarraikiz, zerga-oinarriaren atal bat egoztearen ondoriozko kopurua da kontribuzio berezien kuota.

13. artikulua. Kontribuzio berezien zerga-oinarria subjektu pasiboen artean banatuko da, obra eta zerbitzuak zer motatakoak eta nolakoak diren kontuan hartuz eta arau hauei jarraikiz:

a) Kasu guztietarako, banaketa modulu gisa aplikatuko dira, batera, higiezinen fatxadako metro linealak eta Lurraldearen gaineko kontribuzioari dagokionez katastroan duten balioa. Irizpide horiek balio bera izanen dute tributuaren zenbateko osoa ezartzean.

b) Su itzaltze zerbitzua ezarri edo handitzeko bada eta, jabeekin batean, udalerriko ondasunen arriskua estaltzen duten aseguru entitateak aurkezten badira, denak subjektu pasibo gisa, entitate horiei dagokien kuota atala beraien artean banatzen ahalko da, aurre-aurreko urtean bildutako aseguru-sarien zenbatekoaren heinean.

c) Subjektu pasibo bakoitzari eskatzen ahal zaion kuota baldin bada berak bildutako primen %5 baino gehiagokoa, gaindikina hurrengo ekitaldietara pasako da, erabat amortizatu arte.

d) Ordenantza honetako 7. artikuluko 2.d) atalak aipatzen dituen obren kasuetan, obra hori erabiliko duten konpainia edo enpresen artean banatuko da kontribuzio bereziaren guztirakoa, bakoitzarentzat gordetako tokiaren arabera edo bakoitzak duen atal osoaren arabera, nahiz eta berehalakoan ez erabili.

14. artikulua. Ordaindu beharreko kuota zehaztutakoan, toki entitateak, subjektu pasiboak eskaturik, kuota horren ordainketa zatitzea edo atzeratzea onar dezake, gehienez era bost urtetarako.

Sortzapena

15. artikulua. 1. Obrak gauzatzen diren unean berean gertatzen da kontribuzio berezien sortzapena, edo zerbitzua ematen hasten denean.

Lanak zatikagarriak baldin badira, lanaren tarte edo zati bakoitzari dagozkionak bukatu ondoan gertatuko da sortzapena subjektu pasibo bakoitzarentzat.

2. Aurreko artikuluan xedatutakoa ukatu gabe, toki entitateak eskatzen ahal du, aldez aurretik eta ezartzeko eta ordenatzeko erabaki zehatza onetsitakoan, kontribuzio berezien ordainketa, hurrengo urterako aurreikusitako kostuaren zenbatekoaren arabera. Aurrerakin horiek premiamendu bidez eska daitezke.

3. Aurrerakina zer obratarako eskatu zen, hura burutu ez bada ez da zilegi izanen bertze urtealdi bat aurreratzeko eskatzea.

Diru-bilketa

16. artikulua. 1. Ordenantza hau aplikatzearen ondoriozko tributu-zorrak kitatzeari dagokionez, toki entitate honen ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoa aplikatzen ahal da epeez, errekarguez eta gainerakoez den bezainbatean. Delako ordenantza fiskal orokorrean jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko da.

2. Kontribuzio bereziengatik likidatzen diren eskubideak, zer obra edo zerbitzutarako eskatu diren, horiexen gastuak ordaintzeko baizik ez dira erabiliko.

Kudeatzeko arauak

17. artikulua. Kontribuzio bereziak ordainarazteko, kasuan kasuko ezarpen erabakia hartu beharko da lehenik.

18. artikulua. Kontribuzio berezien bidez ordaindu beharreko obraren bat egin edo zerbitzuren bat ezarri edo handitzeko erabakia betearazi aitzin, beharrezkoa izanen da kontribuzio horien ordenazio zehatza onestea.

19. artikulua. 1. Obrak osoki nahiz partez burututakoan, edo zerbitzu egiten hasitakoan, subjektu pasiboak, oinarria eta bakoitzaren behin betiko kuotak zehaztuko dira. Orduan, bidezko likidazioak igorriko dira eta, ordainketa aurreraturik egin baldin bada, konturako entregatzat hartuz berdinduko dira.

2. Ordainketa aurreratuak ordainarazpenaren sortzapenaren egunean subjektu pasibo ez den jendeak egin baditu, edo bakoitzari dagokion behin betiko kuota baino gehiago badira, toki entitateak behar den dirua itzuliko du, ofizioz itzuli ere.

20. artikulua. Behin kontribuzio bereziak ordenatzeko erabaki zehatza hartu delarik eta ordaindu beharreko kuotak zehaztu, subjektu pasibo bakoitzari jakinaraziko zaizkio kuota horiek, baldin subjektua edo haren helbidea ezagunak badira; bertzela, ediktu bidez.

Interesdunek zilegi izanen dute errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bederatzigarren tituluko II. kapituluak aurreikusitako moduan.

21. artikulua. 1. Toki entitateak bere eskumeneko obrak edo zerbitzuak egiteko bertze toki entitate baten laguntza ekonomikoa erabiltzen badu, betiere ordenantza honetan xedatutakoaren arabera kontribuzio bereziak ezartzen badira, obrak egitea edo zerbitzua ezarri edo handitzea bere esku hartzen duen entitatea arduratuko da kudeaketaz eta bilketaz, baina, hori hala izanik ere, entitate bakoitzak bere eskumenari eutsiko dio, ezartzeko eta ordenatzeko erabakiei dagokienez.

2. Entitate horietako batek ordenatzeko erabaki zehatza onesten ez badu, jarduketa unitatea indarrik gabe geldituko da, eta bakoitzak bere kasa hartuko ditu bidezkoak diren erabakiak.

Herritarren lankidetza

22. artikulua. 1. Obrek ukitutako jabe edo titularrek Zergadunen Administrazio Elkartea eratzen ahal dute eta toki entitateak obrak egin edo zerbitzuak ezarri edo handitu ditzan bultzatu, toki entitatearen finantza egoerak horretarako aukerarik ematen ez badio, horri dagokion partea bere gain hartzeko hitza emanez, obra nahiz zerbitzuaren nolakotasunaren arabera dagokienaz gain.

2. Orobat, toki entitateak sustatutako obrak egitean edo zerbitzuak ezartzean edo handitzean, ukituriko jabe edo titularrek Zergadunen Administrazio Elkarteak sortzen ahal dituzte, kontribuzioak ordenatzeko erabakia jendaurrean egon bitartean, toki entitateak aurretik erabakita eginen den obran edo zerbitzuan parte hartzeko.

23. artikulua. Zergadunen elkarteen jardunbideaz, eskumenez, estatutuen onespenaz eta kontratazioaz den bezainbatean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoari eginen zaio men.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta toki entitate honek onetsitako Ordenantza fiskal orokorra aplikatuko dira.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

5.–INGURUMENA BABESTE ALDERA EGIN BEHARREKO JARDUERA SAILKATUETARAKO ETA INGURUMENA BABESTEKO ESKU-HARTZEARI BURUZKO MARTXOAREN 22KO 4/2005 FORU LEGEAREN MENEAN EZ DAUDEN JARDUERETARAKO BAIMENAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. 1. Zergapeko egintza ingurumena babesteko jarduera sailkatuetan aritzeko zerbitzu tekniko eta administratiboak egitea da, ondoko kasuetan:

a) Jarduera lizentzia.

b) Jarduerarako lizentzia berrikustea.

c) Irekitzeko lizentzia.

d) Irekitzeko lizentziaren aldaketa.

e) Instalazio eta lokalak berriz irekitzeko baimena.

f) Handitzeak, birkalifikatzeak eta txosten teknikoak, ofiziozko ikuskapenen ondorioz edota alde batek eskaturik jardueraren titulartasunaren datuak aldatu direlako jakinarazpen batean, hori guztia egiaztatzearren betetzen direla bai indarrean dagoen arautegia bai instalazioen egoera.

g) Erantzukizuneko aitorpena.

2. artikulua. 2. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menean ez dauden jardueren gaineko zerbitzu teknikoei eta administratiboei dagokienez, zergapeko egintza honako kasu hauetan sortzen da:

a) Lehen aldiz erabiltzeko lizentzia.

b) Erabilera aldatzeko lizentzia.

c) Txosten tekniko bakoitzeko, ofiziozko ikuskapenen ondorioz edota alde batek eskaturik jardueraren titulartasunaren datuak aldatu direlako jakinarazpen batean, hori guztia egiaztatzearren betetzen direla bai indarrean dagoen arautegia bai instalazioen egoera:

Ordaindu beharra

3. artikulua. Lizentzia noiz eskatzen den, orduan sorraraziko da tasa. Ez da ordaindu beharko interesdunak eskabideari uko egiten badio Udalak lizentzia emateko erabakia hartu baino lehen.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaindu behar dituzte pertsona fisiko eta juridikoek, baita, nortasun juridikorik ez izan arren, batasun ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen duten entitateek ere, baldin haien izenean lizentzia eman, aldatu edo berraztertzen bada.

Tarifak

5. artikulua. Ordenantza honen eranskinean jaso dira aplikatuko diren tarifak.

Kudeaketa arauak

6. artikulua. 2. artikuluan zerrendatzen diren jardueren gaineko lizentziak eskuratu nahi dituztenek eskabidea aurkeztuko dute Udaletxean, lokalean egin beharreko jarduera edo jarduerak eta haien kokapena zehazten dituztela, dagozkien udal ordenantzetan eskatutako dokumentazioarekin batera.

7. artikulua. Lizentzia eman eta tasaren likidazioa onetsita dela, interesdunak zenbateko bat ordaindu beharko du borondatezko kobrantza aldiaren barrenean, jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera; bertzela, inolako gaztigurik gabe, premiamendu bidez kobratuko da.

8. artikulua. Emandako lizentziek balioa galduko dute dagokien ordenantzan ezarritako epe eta arauen arabera, eta hori gertatuz gero, jardueran aritu nahi duten interesdunek lizentzia berria eskatu beharko dute eta tasa oso-osorik berriz ordaindu.

Jarduera ekonomikoen gaineko zergari dagokionez, alta eman nahi dutenek aldez aurretik lizentzia eskuratu beharko dute.

9. artikulua. Titulartasuna aldatu edo jardueraren eskualdaketa gertatzen denean, lizentziaren titular berriak Udalari jakinaraziko dio, eta horretarako behar diren egiaztagiriak aurkeztuko ditu.

Arau-hausteak

10. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Jarduerarako lizentzia eta haren berrikustea.

–Prozedura arruntaren bidez edo abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduan ezarritako prozedura automatikoaren bidez emandako lizentzia bakoitzeko: 400,00 euro.

II. epigrafea.–Irekitzeko lizentzia.

–Prozedura arruntaren bidez edo abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduan ezarritako prozedura automatikoaren bidez jarduera sailkatua irekitzeko emandako lizentzia bakoitzeko: 400,00 euro.

–Handitzeak, birkalifikatzeak eta txosten teknikoak, ofiziozko ikuskapenen ondorioz edota, jardueraren titulartasuna datuak aldatu direla jakinaraztean titular aldaketa dagoenean, alde batek eskaturik, hori guztia egiaztatzearren betetzen direla bai indarrean dagoen arautegia bai instalazioen egoera: 200,00 euro.

III. epigrafea.–Jarduera kaltegabeetarako lizentzia.

–Erabilera aldatzeko lizentzia bakoitza: 180,00 euro.

–Lehen aldiz erabiltzeko lizentzia bakoitza: 180,00 euro.

–Txosten tekniko bakoitzeko, ofiziozko ikuskapenen ondorioz edota alde batek eskaturik jardueraren titulartasunaren datuak aldatu direlako jakinarazpen batean, hori guztia egiaztatzearren betetzen direla bai indarrean dagoen arautegia bai instalazioen egoera: 90,00 euro.

6.–ORDEZKO BETEARAZPENEN TASAK ETA BETEARAZTEKO AGINDUENAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. 1. Zergagaia honako kasu hauetan zerbitzu egitea edo laguntza ematea da:

a) Ibilgailuak, zaborrak eta obra-hondakinak kentzea eta garbitzea, baldin eta lur edo lokalen jabeek, okupatzaileek –edo pilaketaren arduradunek– kentzeko agindua bete nahi ez edo horren aurka egiten badute.

b) Betearazpen aginduak, eraispenak, konponketak, urbanizazio pribatuen exekuzioak, kolektoreen garbiketa, eta orokorki Udalaren ordenantza nahiz erabakiak betetzeko ordezko betearazpenen eginbideak.

2. Interesdunek berek eragiten dituzten zerbitzuek, eta bereziki beren mesederako direnek, baita ondasunak berreskuratzeko presagatik edo ordena publikoa, segurtasuna, osasungarritasuna edo higienea direla medio derrigor eman beharrekoak direnek ere, ordainarazpena sorraraztea ekarriko dute, nahiz eta zerbitzua ez izan interesdunek eskatua.

3. artikulua. Udalak zilegi izanen du, nolanahi ere, enpresa pribatu bat kontratatzea ordenantza honek aipatzen dituen zerbitzuak egiteko. Larrialdiko kasuetan, eta kontratazio arautegiak agintzen duenaren arabera, udal zerbitzuek zilegi izanen dute zuzenean kontratatzea enpresen, teknikari eskudunen eta bertze bitarteko partikular batzuen zerbitzuak, eta gero Alkatetzari edo Udalbatzari horren berri ematea.

Tasaren sortzapena

4. artikulua. Zerga ordaindu beharra, zerbitzua egiten den momentu berean sortzen da, eta zilegi da konturako nahiz zatikako kitapenak ordaintzeko eskatzea.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Modu solidarioan pagatzera behartuta daude legez erantzun beharra duten pertsona natural nahiz juridikoak, hurrengook, alegia:

a) Zerbitzua egin beharra eragiten duten egintzetako ondasunen jabe edo erantzuleak edo haren onura jasotzen dutenak.

b) Halakorik bada, maizter edo erabiltzaileak, edozein titulu dela bide.

c) Espresuki egindako betearazpen erabaki edo agindu baten ondorioz erantzule ateratzen direnak.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Honako hauek dira ordainarazpen honen zerga-oinarri:

a) Betearazpen aginduak: eginkizun dagoen obrari egin behar zaion baloraziotik heldu dena izanen da.

b) Ordezko betearazpena: egin den betearazpenaren kostu osotik heldu dena.

Karga tasa

7. artikulua. a) Betearazpen agindua: karga-tasa izanen da eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergarako ezarritako karga-tasa gehi hirigintzako lizentzien tasetarako ezarritakoa (izan ere, betearazpen aginduak ez daude lizentziei loturik, eta, hortaz, ez dute EIOZ pagatzen).

b) Ordezko betearazpena: gastuak guztira zein diren jakinda, haren gainean %122 aplikatuko da kuota ezartzeko.

Kudeatzeko arauak

8. artikulua. Udalak, obrak egiteko, zilegi izanen du kautelazko likidazioak formulatzea tasen zenbateko kalkulatuaren arabera, aldez aurretik, eta bai hura ordainarazi eta bildu ere Ordenantza fiskal orokorrean agintzen den gisara. Obrak burututakoan, tasak likidatuko dira eta soberakinik bada, eskatu edo bihurtuko dira.

Zilegi izanen da kautelazko likidazio horiek erantzuleen artean zatitu edo banatzea, edo erabiltzaile nahiz errentari gisa borondatez kostuaren zati proportzional bat beren gain hartu nahi dutenen artean.

Arau-hausteak eta zehapenak

9. artikulua. Tasa honen aplikaziotik ateratzen den likidazioaren zenbatekoa goiti-beheiti, subjektu pasiboak erantzun beharko du irekitzen ahal den espediente zehatzailetik sor daitezkeen zehapenen aurrean, hori guztia Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

7.–AURRETIAZKO KOMUNIKAZIOAREN
EDO ERANTZUKIZUNEKO AITORPENAREN BIDEZ HASITAKO JARDUERAK ETA OBRAK ONDOREN KONTROLATZEKO PROZEDURA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta haietan aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legeak Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2006ko abenduaren 12an barne merkatuko zerbitzuei buruz onetsitako 2006/123/EE Zuzentaraua ekarri du gurera. Bestalde, 25/2009 Legeak zenbait lege xedapen aldatu ditu, halaber, Europako araua sartzearen ondorioz. Aldaketa horien artean, nabarmendu beharra da Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 84. artikuluaren idazketa berria, aurretiazko komunikazioa, erantzukizuneko aitorpena eta ondorengo kontrola ezarri baititu esku hartzeko baliabide arrunt gisa toki esparruan.

Eta, aldi berean, hizpide dugun arloari dagozkion zenbait arau ere atera dira, hala nola, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko 15/2009 Foru Legea, Barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko xedez zenbait foru lege aldatzen dituen 6/2010 Foru Legea eta 7/2010 Foru Legea Toki Administrazioari buruzko Foru Legea aldatu duena 2006/123/EE Zuzentarauari egokitzeko, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legea aldatzen duen 5/2015 Foru Legea eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Agindua (haren bidez, otsailaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak onetsi ziren, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko arauak sartzeko asmoz; 93/2006 Foru Dekretuak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen).

Araudi horrek ezarritako ildoari jarraituz, 19/2012 Legegintzako Errege Dekretuak eta Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legea eman ziren, helburua izanik, zioen azalpenean adierazten zen bezala, aurrera egitea ingurumenaren babesean, segurtasunean edo osasun publikoan oinarritzen ziren aurretiazko udal lizentziaren edo baimenaren kasu guztiak kenduz, merkataritzako establezimenduei lotuta daudenak, bai eta eranskinean jasotzen diren 300 metro koadrora bitarteko bertze batzuei ere. Irizten da, beharra eta proportzionaltasuna juzgatu ondoren, aurretiazko kontrolak beharrezkoak direla, zeren jarduera horietan, beren izaeragatik, behar dituzten instalazioengatik eta establezimenduaren neurriengatik, ez baitago baimenaren teknikaren bitartez kontrolatzeko moduko eraginik; izan ere, horren ordez, ondorengo kontrol bat ezartzen da, erantzukizuneko aitorpen batean oinarritua. Malgutasuna, halaber, martxoaren 4ko 2/2011 Legearen erreforma aplikatzeko esparruaz haratago zabaltzen da, eta aurretiazko komunikazioari edo erantzukizuneko aitorpenari lotutako obra guztiak ere ukitzen ditu. Hori dela eta, obrak eta instalazioak eraikitzeari eta merkataritza eta zerbitzuak egiteari ekiten ahal zaio, erantzukizuneko aitorpen bat edo aurretiazko komunikazio bat aurkeztuz, kasua zein den, zeinetan enpresak adieraziko baitu indarreko araudiak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituela eta eskatzen diren agiriak dituela, eta kasuan kasuko zerga ordainduta duela dioen frogagiria baduela, hura behar denean.

Erregelamenduzko testu honen helburua da jarduera eta obra horiek ondoren kontrolatzeko prozedura administratiboa zehaztea, Udalaren jardunak estaldura juridikoa izan dezan, eta segurtasun juridikoa eman dakien erantzukizuneko aitorpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez obrak edo jarduera hasi dituzten establezimenduen titularrei.

Azkenik, aipatu beharra da Estatuko eta Nafarroako araudiak ezarriko dituela aurretiazko baimen administratiboa erantzukizuneko aitorpenarekin ordezteko araubide horri lotutako jarduerak, 12/2012 Legearen azken xedapenetan 9.ak eta 10.ak ahalmena ematen baitiete gobernuari zein autonomia erkidegoei erantzukizuneko aitorpena, eta, hortaz, ordenantza honek ezartzen duen ondorengo kontrolaren araubidea, aplikagarri izanen lituzketen azaleraren atalasea nahiz jardueren eta zerbitzuen katalogoa handitzeko.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Erregelamenduzko xedapen honek helburu du Carcarko Udalak egin beharreko ondorengo kontrolaren prozedura erregulatzea, aurretiazko komunikazioaren edo erantzukizuneko aitorpenaren prozeduraren bidez hasitako jarduerak legez aurreikusi bezala ezartzeari dagokionez.

Ondorengo kontrolaren araubide hori, halaber, aurretiazko komunikazioari edo erantzukizuneko aitorpenari lotutako obrei aplikatuko zaie.

2. Kontrolaren prozedura hori mugatzen da erantzukizuneko aitorpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez hasitako jardueretara, eta ez ditu baztertzen edo ukitzen kontrolaren gainerako prozedurak, Carcarko Udalak bere eskumenen esparruan horien funtzionamenduari dagokionez egiten dituenak.

2. artikulua. Gaitzen duten tituluak.

1. Udalak esku hartzen ahal du, jarduera eta obra horiek funtzionamenduan jartzeari dagokionez, baliabide hauen bitartez:

a) Aurretiazko komunikazioaren menpe jartzea.

b) Erantzukizuneko aitorpenaren menpe jartzea.

2. Udalak ondorengo kontrolaren ahalmenak baliatuko ditu interesdunak erantzukizuneko aitorpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez jakinarazitako datuak egiaztatzeko, Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legearen 5. artikuluan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 189. ter artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 71. bis artikuluan xedatutakoaren babesean.

3. artikulua. Aurretiazko komunikazioa.

1. Aurretiazko komunikazioan, interesdunak Udalari jakinarazten dio jada funtzionamenduan dabiltzan jardueren titulartasuna aldatu dela.

2. Aurretiazko komunikazioaren agiria ereduari jarraituz aurkezteak bide ematen dio interesdunari bere jardueran hasteko.

4. artikulua. Erantzukizuneko aitorpena.

1. Erantzukizuneko aitorpenean, ageriko jarduera bat martxan jarri gogo duen interesdunak, bere erantzukizunpean eta ereduaren araberako agiri baten bidez, adierazten du indarreko araudian kasuan kasuko enpresa edo lanbide jarduera hasteko ezarritako baldintzak betetzen dituela, hori frogatzeko dokumentazioa daukala eta konpromisoa hartzen duela hori betetzen jarraitzeko jarduerak irauten duen bitartean. Gainera, jarduera egitearren lokala egokitzearekin lotuta dauden obrak egiteko asmoa ager dezake, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 189. ter artikuluan xedatutakoaren arabera. Azkenik, erantzukizuneko aitorpenaren helburu bakarra izan daiteke aipatu obrak jada funtzionamenduan dabiltzan jardueretan egiteko asmoa adieraztea, ereduaren araberako Udalaren eskabidean jaso bezala.

Erantzukizuneko aitorpena aurkezteak bide ematen du jarduera hasteko edo egin gogo diren obrak egiteko.

2. Erantzukizuneko aitorpenaren araubidea jarduerak ezartzeko legez aurreikusitako kasuetan aplikatuko da, baita aurretiazko komunikazioari edo erantzukizuneko aitorpenari lotutako obrak egiteko ere.

II. TITULUA

Aurretiazko komunikazioaren edo erantzukizuneko aitorpenaren
bidez jarduerak funtzionamenduan jartzeko prozedura

5. artikulua. Eskabideen aurkezpena.

1. Carcarko Udalaren Erregistro Orokorrean kasu bakoitzerako araututako eskabide bat aurkeztuz eginen da aurretiazko komunikazioa edo erantzukizuneko aitorpena. Erantzukizuneko aitorpenarekin batera, kasuan kasuko ziurtagiri teknikoa aurkeztuko da, Udalaren ereduen araberakoa.

2. Halaber, kasuan kasuko udal tasa ordaindu izanaren frogagiria aurkeztuko da, eta jarduera ekonomikoen zergaren kasuan kasuko epigrafean edo epigrafeetan alta emanda egotearena ere bai.

3. Jarduera egiten den tokian, honako hauek egonen dira Udalaren eta gainerako administrazio publikoen eskura, beren eskumenak baliatzeko:

–Aurretiazko komunikazioaren eta/edo erantzukizuneko aitorpenaren kopia bat, behar bezala eginbidetua Udalaren Erregistro Orokorraren sarrerarekin.

–Aurkeztutako ziurtagiri teknikoaren eta dokumentazio osagarriaren kopia bat, kasua bada.

–Kasuan kasuko dokumentazio gehigarria, Udalaren erantzukizuneko aitorpenaren eta ziurtagiri teknikoaren ereduetan jaso bezala.

4. Komunikazioa edo aitorpena gainbegiratuko da, eta, dokumentazioa zuzena edo behar adinakoa ez bada, errekerimendua eginen da 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko da ezen, hala egin ezean, organo eskudunak ebazpena emanen duela, non hori jasoko baita, erantzukizuneko aitorpenak eraginik ez duela adieraziko, eta, kasua bada, jarduera uzteko aginduko.

Aurretiazko komunikazioaren edo erantzukizuneko aitorpenaren eragina etenik geldituko da ordenantza honen 7. artikuluan zehaztu bezala eman ez diren datuak eman arte.

6. artikulua. Egiaztapen aldia.

1. Erantzukizuneko aitorpenaren egintzaren bidez funtzionamenduan jartzen den jarduera oro Udalaren zerbitzuek ondoren kontrolatzekoa izanen da, irekitzeko edo obrak egiteko baldintzei dagokienez, halakorik balego. Bestalde, transmititzen diren eta Udalari jakinarazten zaizkion jarduerak ere ondoren kontrolatzekoak dira.

2. Aurretiazko komunikazioaren araubidean, kontrolatuko da komunikazioko datuek eta Udalean daudenek bat egiten dutela lokalaren kokapenari, egiten den jarduerari eta aurreko titularrari dagokienez.

3. Erantzukizuneko aitorpenaren araubidean, kontrola eginen da egiaztatzeko jarduerak tramite horri heltzen ahal dion eta ziurtagiri teknikoak, hirigintzako erabilerak eta lokalaren oinarrizko baldintzek betetzen duten indarreko araudia (gutxieneko azalera, solairuarteak, eta abar).

4. Ondorengo kontrolaren prozeduran, Udalak zilegi du bidezkotzat jotzen duen dokumentazio teknikoa eskatzea kasuan kasuko egiaztapenak egiteko.

5. Lokala bertatik bertara ikuskatuz osa daiteke erantzukizuneko aitorpena aurkeztu ondorengo kontrol administratiboa. Halakoetan, ikuskatu baino lehen, errekerimendua eginen zaio jardueraren titularrari indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko dokumentazio teknikoa aurkez dezan, egiaztapena egiteko.

Akta jasoko da ikuskapen jarduketez, eta hura agiri publikotzat joko da eta zehapen prozedurei dagokien proba balioa izanen du, aparte utzirik kasuan kasuko eskubide edo interesen defentsan aurkez daitezkeen probak.

6. 5.3 artikuluan zehaztutako dokumentazioa epe barrenean aurkezteko baldintza ez betetzeak ekarriko du jarduera uztea, hirigintzaren arloan eskudun den organoak emanen duen aginduaren bitartez.

7. artikulua. Prozeduraren amaiera.

1. Udalaren zerbitzuek kontrola egin ondoan, egiaztatzen denean lokalak baldintza egokiak betetzen dituela adierazi jarduera garatzeko, amaitutzat hartuko da kontrol prozedura, hirigintzaren arloan eskudun den organoaren ebazpenaren bitartez, eta horren berri emanen zaio interesdunari beharrezko jakinarazpenaren bidez. Jakinarazpen hori lokalean eduki beharko da, Udalaren eta gainerako administrazio publikoen eskura, beren eskumenak balia ditzaten.

2. Antzematen bada 12/2012 Legearen edo 448/2014 Foru Aginduaren aplikazio eremutik kanpoko jarduera bat hasi dela edo aurretiazko komunikazioaren edo erantzukizuneko aitorpenaren prozedurak babesten ez dituen obrak egin direla, eskatuko da 10 eguneko epean alegazioak egiteko edo bidezkotzat jotzen diren agiriak aurkezteko. Horiek ikusita, ebazpena emanen da erantzukizuneko aitorpenaren edo aurretiazko komunikazioaren eragina eteteko, epe bat zabalduko da kasuan kasuko lizentzia eskatzeko, eta jarduera uzteko aginduko da. Jarduera ezin bada legeztatu, eskatuko da establezimendua ixteko. Orobat, konpondu ezinezko akats teknikoak atzemanez gero, establezimendua ixteko aginduko da. Horretarako, 10 eguneko epe bat emanen da, bere eskubidearen alde komeni zaiena alega dezaten.

3. Egiaztapenean konpontzeko moduko akatsak atzemanez gero, eskatuko da haiek zuzen daitezela bidezkotzat jotzen den epean. Akatsak funtsezkoak badira, balorazio teknikoa eta juridikoa egin ondoren, erabakiko da jarduera kautelaz etetea, eta epe bat emanen horiek zuzentzeko. Epe horretan norberaren eskubidearen alde komeni diren alegazioak egin daitezke, eta horiek baietsi edo ezetsiko dira prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean. Jardueraren etenaren erabakiaren kontra, tramiteko egintza kualifikatua den aldetik, errekurtsoa aurkezten ahalko da administrazio bidean nahiz bide judizialean. Atzemandako akatsak zuzendu ondoan, irizten denean adierazi jarduera garatzeko baldintza egokiak betetzen dituela lokalak, artikulu honen 1. puntuan ezarritakoari jarraituko zaio. Bestela, horretarako ezarritako epea iragandakoan, adieraziko da erantzukizuneko aitorpenak edo aurretiazko komunikazioak ez duela eraginik, eta establezimendua behin betiko ixteko aginduko.

4. Aurretiazko komunikazioa aurkezten bada eskatutako datuak bildu gabe, konpondu dadila eskatuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Foru Legearen 71. artikuluan xedatutakoarekin bat. Aurretiazko komunikazioaren eragina etenik geldituko da eman gabeko datuak ematen diren arte. Konpontzeko epea iragaten bada halakorik egin gabe, hirigintza arloan eskudun den organoak ebazpena emanen du hori jasota geldi dadin eta adieraziko da aurretiazko komunikazioak ez duela eraginik.

5. Erantzukizuneko aitorpenari edo aurretiazko komunikazioari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri, funtsean, ez-zuzenak edo faltsuak badira, zerbait falta bada, edo erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa ez bazaio aurkezten eskumena duen administrazioari, ez da segitzen ahalko ukitutako eskubide edo jarduerarekin, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe legokiokeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa. Halaber, horren berri ematen duen ebazpenak ezar dezake eskubidea erabili edo jardueran hasi aitzineko egoera juridikoa berrezarri beharra, baita erabaki ere aldi jakin batean ezin duela abiarazi bertze prozedurarik xede berarekin; hori guztia aplikatu beharreko arau sektorialetan ezarritakoarekin bat etorriz.

6. Jardueraren badaezpadako edo behin betiko etenaren gaineko ebazpenaren aitzineko entzute epetzat hartzen dira neurri zuzentzaileak hartzeko nahiz egiaztapen aldiaren ondoriozko akatsak edo baldintzak zuzentzeko emandako epeak.

7. Artikulu honetako aurreko ataletako neurriek ez dute ukatzen kasuan kasuko zehapen espedientea tramitatzea, hala behar bada.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko udal xedapen guztiak.

Iragarkiaren kodea: L1613925