248. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URRAULBEITI

Ordenantza, Udalaren baratze ekologikoen kontzesioa eta erabilera arautzen dituena Nardoze Andurran. Behin betiko onespena

Urraulbeitiko Udalak, 2016ko irailaren 12an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Nardoze Andurran Udalaren baratze ekologikoen kontzesioa eta erabilera arautzen dituen ordenantza. Onespen horren iragarkia 2016ko 186. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, irailaren 26an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsi da Nardoze Andurran Udalaren baratze ekologikoen kontzesioa eta erabilera arautzen dituen ordenantza, eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Urraulbeitin, 2016ko azaroaren 9an.–Alkatea, Ana Jesús Iriarte Equisoain.

ORDENANTZA, UDALAREN BARATZE EKOLOGIKOEN KONTZESIOA ETA ERABILERA ARAUTZEN DITUENA NARDOZE ANDURRAN

Zioen azalpena

Ordenantza honen xedea da Udalaren zenbait lurzoru erabiltzea eta horiei balioa ematea.

Urraulbeitiko Udalak bere zenbait lurzati Nardoze Andurrako bizilagunen eskura jarri nahi ditu, baratze ekologiko moduan erabil ditzaten. 14. poligonoko 4 A lurzatiko 29.653 m² dira Nardoze Andurran, non 24 baratze egokituko diren, bakoitzak 1.050 m² inguru dituela. Gainera, baratze guztientzako ur biltegi bat, sarbidea, aparkatzeko eremua eta simaurra biltzeko eremua jarriko dira.

Udalak herritarren eskariari erantzun nahi dio eta nekazaritza ekologikoa sustatu nahi du. Ekimen honek testuinguru jakin batean sortu da, krisi ekonomikoa eta herritararen kontsumo ohituren aldaketa, hain juxtu ere; horren landa, herrian erabiltzen ez den iturria egoteak aukera dakar, Urraulbetira Itoizko urtegiaren bitartez goiko ur hornidura ekartzeko abiarazitako proiektuaren ondorioz. Alde horretatik, badira gisa honetako proiektu baten garapenari on egiten dioten faktoreak, honako hauek, kasurako:

–Kontsumitzaileek gero eta gehiago preziatzen dituzte natur ingurune hurbil batean eta nekazaritza ekologikoaren jardunbide eta metodoen bitartez ekoizten diren produktuak.

–Baratzea aukera bat da familien ekonomiak indartzeko krisi ekonomiko larria dagoen honetan.

Nardoze Andurran, Udalaren herrilurretako lurzati batean baratze ekologikoak paratzeko proiektu honen helburuen artean, hauek aipa ditzakegu:

–Enplegua sortu ahal izatea.

–Nardoze Andurrako eta ibarreko gainerako herritarrei lurzati bat eskuratzeko aukera ematea, baratze ttiki bat ustiatu beharrez.

–Eredu ekonomiko jasangarria, lurrari lotua eta hurbileko produktuei lehentasuna ematen diena sostengatzea.

–Nekazaritza jasangarria sustatzea, laborantzako jardunbide egokietan, natur baliabideen kontserbazioan eta ingurumenaren babesean oinarritua.

–Bertako biztanleen artean ekoizpen eta kontsumo ekologikoen ohiturak sortzea.

–Ekoizpen ekologikoa bulkatzea, etorkizunera begiratzen duen sistema baita, ekoizpen molde tradizionalak baztertu gabe. Laborantza mota honekin alde batera uzten dira substantzia kimikoak –pestizidak eta ongarriak–, baita genetikoki eraldatutako produktuak ere.

–Elikagai ekologikoak ekoizteko Irunberriko Pirinioaurreko arroan dauden baldintza egokiak aprobetxatzea. Klimak eta lur motak bideragarri bilakatzen dute nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoen garapena.

–Urraulbeitiko biodibertsitatea handitzea, tokiko aldaeren ekoizpenaren bidez.

–Baratze sorta bat sortzea, modu arautu eta antolatuan, udal ordenantza batean oinarriturik; gisa horretara saihestuko da lurzati arautu gabeen fenomenoa, eskualde batzuetan hainbertze hedatu dena, landa paisaiaren itsusgarri.

Baratzeak norberaren kontsumorako landuko dira, eta/edo bertan bildutako produktuak merkaturatzeko.

Baratzeen %50 baino gehiago ekoizpen profesionalerako baratzeak izanen dira, hau da, norberaren kontuko jarduera profesionalerako. Gainerakoa baratze sozial edo familiakoetarako izanen dira. Horretarako ordenantzan baldintza eta betebehar desberdinak ezarriko dira esleipen hartzaile desberdinendako. Baratzeen onuradunen profil desberdina kontuan harturik, kudeaketa komunitarioa, lankidetza eta guztien arteko partaidetza aktiboa bulkatuko dira.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Nardoze Andurrako udal baratze ekologikoen kontzesioa eta erabilera arautuko dituzten xedapenak ezartzea. Erabiltzaileek eta Urraulbeitiko Udalak bete egin beharko dituzte xedapen horiek.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau aplikatuko zaie baratze sozial eta profesionaletan erabiliko diren lurrei. Horiek 14. poligonoko 4 A lurzatiko 29.653 m² dira Nardoze Andurran; bertan 24 baratze egokituko dira, bakoitzak 1.050 m² inguru dituela.

3. artikulua. Eskumenak eta zaintza.

1. Urraulbeitiko Udalak eginen ditu ordenantza honek ukitutako lursailen erabilera zuzenaren gaineko zeregin teknikoak, zaintzakoak eta zehatzaileak.

2. Zeregin teknikoan sartzen dira baratzeak antolatzeko proiektuak egin eta/edo onestea, eta baratzeen eta haiei lotutako azpiegituren kontserbazioa, konponketak eta mantentze-lanak egitea.

3. Udala arduratuko da araudia betearazteaz, horretarako izendatzen edo jartzen dituen bitartekoen bidez. Haren zeregin nagusia izanen da lurzatiak eta horiei lotutako azpiegiturak ongi erabili eta aprobetxatzen diren ikuskatzea.

4. Egiten diren arau-hausteak salatu ahal izanen dituzte zaintzaz arduratzen diren langileek, eta arau-hausleak eta arau-hausteari buruzko datuak identifikatuko dituzte, baldin eta ezagunak badira.

II. KAPITULUA

Udal baratzeak esleitzeko eta erabiltzeko baimenen araudia

4. artikulua. Baratzeen erabileraren onuradunak.

1. Ordenantza honetan adierazitako udal baratzeen erabiltzaile izateko eskubidea izanen dute betebehar hauek betetzen dituzten pertsona fisiko guztiek:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez 2 urteko antzinatasunez.

c) Zein herritan izan nahi den herri-lurren aprobetxamenduen onuradun, horretan urtean bederatzi hilabetez jarraian bizitzea, gutxienez.

d) Urraulbeitiko Udalean ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.

e) Ureztalurren jabeak ez izatea, ezta herri-lurretako bertze ureztalur lote baten onuradunak ere.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Urraulbeitiko Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

4. Baratzeen erabilera prekarioan emanen da betiere.

Horren ondorioz, Udalak, edozein unetan, baliogabetu dezake emandako erabilera baimena. Hori gertatuz gero, titulartasuna duenak berehala utziko dio emandako lurzorua erabiltzeari eta bertako jarduerak egiteari. Horretarako nahikoa izanen da Administrazioak eskaera egitea, eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordainik edo inongo kontzepturengatik diru-ordainik jasotzeko.

Hori dela eta, kontzesioaren epea amaitzean edo kontzesioa aurretiaz baliogabetzean, baldin eta halakorik gertatzen bada, lagatako baratzea Udalari itzuli beharko dio erabiltzaileak erabilera-baldintza egokietan, erabat hustuta eta inongo oztoporik jarri gabe. Urraulbeitiko Udalak erabateko ahalmena izanen du laga diren baratzeetan eratutako erabilera-eskubideak edo horien okupazioari buruzkoak amaitutzat jotzeko eta, beraz, Udalak administrazio bidetik baratzeen jabetza berreskuratzen ahal du; era berean, administrazio bidezko utzarazpena berez erabaki eta gauzatzen ahal du, Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamenduaren arabera.

5. artikulua. Esleitzeko prozedura.

1. Urraulbeitiko Udalak osoko bilkuran erabakia hartu ondoren eta ediktua bertako iragarki oholean agertuta, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako lurzatien esleipena eska dezaten, Urraulbeitiko Herriko Etxeko iragarki oholean ediktua agertuta.

2. Eskaeretan adieraziko da eskatzaileak baratzea nahi duen erabilera profesionalerako edo erabilera sozial eta familiakorako, baita zenbat baratze nahi dituen ere. Horrekin batera, zinpeko aitorpena eginen da, hauen gainean:

a) Urraulbeitiko biztanle izatea, gutxienez bi urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Urraulbeitiko Udaleko zerga betebeharrak eguneratuak izatea.

c) Nor diren familia unitateko kideak, eta baten batek desgaitasun fisikoa edo burukoa baldin badu, horren berri ematea.

d) Ez eskatzaileak ezta familia unitatea osatzen duten kideek inolako ureztalurren jabe ez izatea, ezta herrilurretako bertze ureztalur baten onuraduna ez izatea ere.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz bertzeko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal mugape honetan bai bertze batzuetan; lehorreko lurrak edo ureztalurrak diren zehaztu beharko da.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Urraulbeitiko udal mugapean bai bertze batzuetan.

g) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bertzelako errentatakoak.

h) Eskatzailea edo familia unitateko bertze kideren bat langabezian edo erretiraturik egotea.

Delako zinpeko aitorpenaren edukia egiaztatzeko, Urraulbeitiko Udalak, beretako gordetzen du eskubidea nahi duen dokumentazioa eskatzeko, hain zuzen ere, errenta mailak zehazteko, agiri eta datu objektiboetan oinarrituta: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldata bidezko diru-sarrerak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz bertze edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, abeltzaintzaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, eta oro har, izaera berdintsuko edozein datu ere.

3. Osoko Bilkuran edo Batzordean erabakirik, Urraulbeitiko Udalak esleipen modu bakoitzean –profesionala edo sozial-familiakoa– onartu direnen zerrenda onetsiko da. Zerrendan, eskatzaileak 4. artikuluan finkatutako baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatu ez ezik, lehentasuna emanen zaie, ordena honetan, honako hau frogatzen dutenei:

–Langabezian egonik, familia-kargak dituztela eta bertze diru-sarrerarik ez.

–Lana izan arren, familia-kargak dituztela eta 12.000 euroko edo gutxiagoko familia-errenta urtean.

–Langabezian daudela.

–Erretirodunak edo pentsiodunak direla, 12.000 euroko edo gutxiagoko errenta dutenak urtean.

–Gainerako eskatzaileak zozketa bidez jarriko lirateke zerrendan, baldin eta eskariak gehiago balira eskura dauden baratzeak baino. Hala ez bada, eskaeraren aurkezpenaren ordena kronologikoari begiratuko zaio.

Aprobetxamendu mota bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda udal honen iragarki oholean jarriko da 10 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, bertzerik gabe.

Alegaziorik eta zuzendu beharreko akatsik izan bada, Osoko Bilkurak horien gaineko ebazpena emanen du, eta modalitate bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du, aipatutako lehentasunen arabera.

4. Eskatzaileen modalitate bakoitzeko behin betiko zerrenda ikusirik, Urraulbeitiko Udalak baratzeak esleituko ditu behin behinekoz. Onuradunen eta horiei dagozkien lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 10 egunez, Udalaren iragarki oholean. Inork erreklamaziorik aurkezten ez badu, zerrenda behin betikoa bilakatuko da. Alegazioak ebatzi eta akatsak zuzenduta, Udalak behin betikotzat joko du herri-lurretako baratze ekologikoen aprobetxamenduen esleipena.

Hutsik dauden baratzeak banakakoei esleitzeko, aski izanen da txosten juridikoa, Udalak onetsitako zerrendan sarturiko pertsonak badaude.

5. Erabilera profesionaleko udal baratzeren baten aprobetxamendua eman gabe gelditzen bada, Udalak erabakitzen ahalko du baratze horien aprobetxamendua enkantea publikoren bidez esleitzea; esleipena urtebeterako litzateke, baina berritu liteke herritarren eskaerarik izan ezean.

6. artikulua. 6.–Baratzeen erabilera.

1. Bi baratze mota ezarri dira:

–Ekoizpen profesionaleko baratze ekologikoak.

–Erabilera sozial edo familiakoaren baratze ekologikoak.

Udalak baratzeen %50 baino gehiago ekoizpen profesionaerako izanen ditu.

2. Ekoizpen profesionaleko baratze ekologikoak:

Ekoizpen profesionaleko baratzeak dira esleipen hartzailearen konturako jarduera profesionalerako. Esleipen hartzaileak, beraz, esleitutako baratzeetan lortutako ekoizpena merkaturatu behar du, eta behartua dago jardunbide profesionalerako ezarritako baldintzak betetzera (Ustiapenen Araubidean izena emanda egotea, Gizarte Segurantzako alta eta zerga betebeharrak).

Baratze profesionalen esleipen hartzaileak, esleipena jakinarazi eta urtebetean, Udalari egiaztatu behar dio altan dagoela Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan, Gizarte Segurantzako nekazaritzako araubide berezian edo autonomoan eta JEZean, hala behar badu, produktuak merkaturatzeko.

Baratze profesionalen esleipen hartzaile berari gehienez ere 12 baratzeko lotea esleitzen ahalko zaio. Baratzeak elkarren ondoan egonen dira.

Baratze profesionalen esleipen hartzaileek, jardunbide profesionalerako arestian aipatu baldintzak betetzeaz gain, beharko dute:

a) Nekazaritza ekologikoko jardunbide egokiak sustatu, biodibertsitatea handitzen, prozesu naturalak hobeki ezagutzen eta elikadura osasungarriagoa lortzen laguntzen dutenak. Horretarako, frogatu beharko dute nekazaritza ekologikoari buruzko ikastaroetara joan izana, edo Udalak antolatzen dituenetan parte hartu izana.

b) Kudeaketa komunitarioa, elkarlana eta partaidetza aktiboa sustatu herrilurretako baratzeen onuradun guztien artean.

c) Parte-hartze estrategiak bulkatu ekoizleen eta haien kontsumitzaileen artean.

d) Ahal dela, nekazaritzako azpiegiturak eta baratzeetako jardunbideak berreskuratu.

e) Espazioaren hezkuntza erabilera sustatu elkarteen eta bertzelako kolektiboen artean, espazio horren balorazioa, ezagutza eta estimazio soziala errazteko, nekazaritzako profesionalekin eta lurralde honetan bat egiten duten elkarte eta entitateekin elkarlanean.

f) “Urraulbeitiko produktua” euskarria lagundu, marka osasungarri, hurbileko eta kalitatezkoa den aldetik.

3. Baratze sozial-familiakok:

Baratze sozial edo familiakoaren onuradun berari gehienez ere hiru baratze esleitzen ahalko zaizkio; horiek elkarren ondoan egonen dira.

Lortzen diren produktuak salmentarako eta etxeko kontsumorako izaten ahal dira.

4. Bi modalitateetarako arauak:

a) Eman zaion lursaila nekazaritzako ekologikoko baratzetako eta/edo fruta arboletarako soilik erabil dezake onuradunak.

b) Titularrak edo familia unitate esleipen hartzaileak modu zuzen eta pertsonalean landuko du lurra.

c) Ezin da fruta arbolaz bertze zuhaitzik landatu.

d) Ezin izanen da, inolaz ere, inongo animaliarik eduki eta gorde, hazi eta ustiatu baratzeetan eta ezin izanen da zakurrik sartu baratzeen eremuaren barrenean. Debeku da arras txabolarik edo bertzelako eraikuntzarik paratzea baratzeetan. Salbuespenez, lursail bakoitzean kutxa bat paratzen ahalko da, gehienez 0,8 metroko altuera, 2,2 metroko luzera eta 0,8 metroko sakonera izanen duena. Udalak oniritzia eman beharko dio kutxa horri, eta, kasu guztietan, zurezko estaldura izanen du. Horrez gain, debeku da paisaia hondatzen duen elementurik jartzea, bertzeak bertze, bidoiak, gordailu osagarriak, txapak, bereizgailuak, parrillak edo antzekoak. Berotegiak para daitezke. Halaber, baimenduta dago konpost-ontziak jartzea.

e) Udalak, aldian-aldian, baratzeen erabilera ikuskatuko du eta horretarako ez da beharrezkoa izanen erabiltzaileari aitzinetik gaztigatzea.

f) Kontzesioak irauten duen bitartean, aurreko paragrafoan aipatutako ikuskapenetan baratze edo lursailen baten egoerari buruzko txostena bitan txarra edo aurkakoa bada, erabilera baliogabetu eta baja emanen zaio.

7. artikulua. Mugen eta sarbideen mantentze-lanak.

a) Udalak baratzeari jarritako mugak errespetatuko dira denbora guztian.

b) Baratze baten eta bertze baten artean hodiak jar daitezke, batez ere lursailetatik soberako ura ateratzeko, eta, horretaz gain, lurzatiak mugatzeko.

c) Baratzetako lurzatiak irekiak egon beharko dira, debeku baita ixtea.

d) Erabiltzailea arduratuko da baratzeko sarbideak egoki mantentzeaz eta horretarako behar diren mantentze-lanak eginen ditu aldian-aldian.

8. artikulua. Titulartasunen transferentziak.

a) Lursailen erabilera ezin dakioke inolaz ere bertze inori laga edo besterendu. Halaber, debeku da lursailak, osorik edo zati bat, bertze pertsona bati okupatzen edo erabiltzen uztea, aldi baterako bada ere. Betebehar horiek ez badira betetzen, kontzesioa bertzerik gabe amaituko da eta Udalak lursailaren jabetza berreskuratzeko ahalmena izanen du.

Horiek horrela, erabiltzaileak baratzea erabiltzen jarraitu nahi ez badu edo interesatzen ez bazaio, Udalaren esku utzi beharko du. Idatzi batean horretarako arrazoiak azalduko dizkio Udalari, esleipenaren urteko bukaera baino bi hilabete lehenago.

b) Udalak baratze horietakoren bat okupatu beharra badauka, baratze hori erabiltzen duenak lehentasuna izanen du baratze berri bat lortzeko garaian.

9. artikulua. Aprobetxamenduaren epea.

a) Lurraren aprobetxamendua eta/edo erabilera urtebeterako emanen da, urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte, eta gehienez ere 25 urtez luzatu ahal izanen da. Urte sail hori iragandakoan, inork aprobetxamenduarekin jarraitzeko borondateari eusten badio, honela jokatuko da:

–Erabili gabeko baratzerik bada, eskatuz gero baratze berean jarraitzeko kontzesioa emanen zaio, berritik hastean jartzen diren baldintza beretan.

–Baratze hutsik gelditzen ez bada, baina itxaron-zerrendan inor ez badago, aurreko atalean azaldu bezala jokatuko da.

–Baratze hutsik gelditzen ez bada, eta itxaron-zerrendan jendea badago, modalitate bakoitzeko itxaron-zerrendan sartuko da.

Alderdietako inork aurretik gaztigurik egiten ez badu, luzapenak erabakitzat joko dira kontzesioa edo haren hurrenez hurrengo luzapenak bukatu baino bi hilabete lehenago.

10. artikulua. Fidantza eta kanona.

1. Fidantza bat ezarriko da, esleipenaren 25 urteen guztizko baturaren bezainbatekoa, ondasunak zuzen erabiltzen direla eta ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla segurtatzeko.

Kontzesioaren esleipen hartzaileei Udalak eskatuko die urtean 42 euroko kanona ordaintzeko esleitutako baratze bakoitzagatik; horiek urtero eguneratuko dira Nafarroako KPIaren arabera, edo Udalaren urte bakoitzeko aurrekontuak onestean erabakitzen denaren arabera. Kanona desberdina izaten ahalko da baratzea profesionala edo soziala den.

Onuradunek, gainera, kontsumitzen duten uraren zenbatekoa ordaindu beharko diote Udalari. Udalak ezarriko du urtero m³ bakoitzaren prezioa.

11. artikulua. Guztionak diren instalazioen erabilera eta mantentze-lanak.

a) Kontzesioaren titularrek batzorde bat izendatuko dute Udalarekiko harremanetarako.

b) Era berean, mantentze-lanen eta instalazioen funtzionamenduaren, txukuntasunaren eta segurtasun zuzenaren erantzule solidarioak izanen dira. Esleipen hartzaileek ordaindu beharko dute Udalaren instalazioen mantentze-lanen kostua, esleitutako loteen proportzioan.

c) Debeku da instalazioen barrenean (baratzeak, bide publikoak, zerbitzuen eremua etab.) ibilgailu motordunak aparkatzea, salbu horretarako tokian, instalazioetatik kanpora.

d) Landa-bideetan edo baratzeetara joateko bideetan barna, lau gurpileko ibilgailu arinak (< 2 t) baizik ez dira pasatzen ahalko, betiere zamalanak egiteko.

12. artikulua. Ureztatzeko uraren erabilera.

Ezin izanen da putzurik ireki ez eta ur-hartzerik egin ere, ezarritakoak ez badira.

13. artikulua. Baratzezaintza ekologikoa.

a) Baratzeak baratzezaintza ekologikoaren jardunbide eta usadioei segituz landuko dira.

b) Baratzeak erabiltzen dituzten guztiek Udalak ezartzen ahal dituen baldintzak bete beharko dituzte beti. Ekoizpen ekologikoa honela ulertuko da: “honako hauetan xedatzen denaren arabera egiten dena: 834/2007 (EE) Erregelamendua, 889/2008 (EE) Erregelamendua eta 617/1999 Foru Dekretua, haren bidez onetsi baitzen Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, nekazaritza produkzio ekologikoaren eta nekazaritzako produktu eta elikagaietan egiaztatzeko erakunde ofizial batek kontrolatzen eta ziurtatzen duen igarbidea jartzearen gaineko erregelamendua”.

14. artikulua. Guztionak diren eremuen ikuskaritza.

a) Instalazio guztiak, banaka nahiz taldeka erabiltzekoak, noiznahi ikuskatzen ahal dituzte Udalak horretarako izendatzen dituen langileek, egiaztatzeko ea araudia behar bezala betetzen ote den. Hortaz, Udalak horretarako eskumena izanen du eta erabiltzaileak ezin izanen dio, inolaz ere, ikuskapenari kontra egin.

III. KAPITULUA

Erantzukizunak

15. artikulua. Kalte-galeren ordaina.

Udal baratzeetan edo horiei erantsitako instalazioetan kalte egiten duten lagun guztiek kalte-ordaina eman beharko dute, bidezko diren isunez aparte.

Leku edo instalazio horietan egindako kalte-galeren zenbatekoa Urraulbeitiko Udalak zehaztuko du. Balorazioak salatutakoari helaraziko zaizkio, bere balorazioa egin dezan edo bidezko alegazioak aurkez ditzan.

Zehapen-espedienteari bukaera emanen dion ebazpenean azalduko da kalte-ordainei buruzko erabakia, eta adieraziko dira eragindako kalte eta galerak.

Kalte-galerak ordaintzeko erabakiak legez ezarritako epeetan bete behar dira; errekurtsoa aurkeztu arren, aurkaratutako egintza ez da geldiaraziko, salbu organo eskudunak kontrakoa agintzen badu, betiere antolamendu juridikoari jarraikiz.

Kalte-ordaina adierazitako epearen barrenean ordaintzen ez bada, Udalak premiamendu bidez ordainaraziko du.

Era berean, hirugarrenei eragindako kalte-galeren erantzukizuna izanen du.

16. artikulua. Kalteak konpontzea presako egoeretan.

Segurtasunagatik edo udal organo eskudunaren ebazpenean behar bezala frogatutako bertzelako arrazoiengatik, kalte-galeren zuzentzea ezin bada atzeratu, berehala zuzendu ahal izanen dira eta horren ordaina eskatu gero kaltearen eragileari, betiere aldez aurretik aitzineko artikuluetan aipaturiko zehapen-espedientea irekiz edo jurisdikzio arruntera joz.

17. artikulua. Bertze erantzukizun batzuk.

Aurreko artikuluetan ezarritakoa gorabehera, kalteak eragin dituzten egintzak delitu edo falta izan badaitezke, espedientea zigor arloko jurisdikziora igorriko da eta ordaina eskatzeko espediente administratiboen tramitazioa eta ebazpena etenda geldituko dira, kausa artxibatzea erabaki edo epai irmoa ematen ez den bitartean. Eginbide judizialik irekitzen bada, tokiko administrazioa alderdi gisa aurkeztu beharko da haietan, dagokion kalte-galeren ordaina jaso ahal izateko. Horretarako, aitzineko 15. artikuluan (Kalte-ordainak) aipatu den ebaluazioa aurkeztu beharko du.

IV. KAPITULUA

Zehapenak

18. artikulua. Arau-hausteak.

Egitate hauek kargu hartzea eta/edo kontzesioa baliogabetzea ekarriko dute:

1. Arau-hauste arinak:

a) Baratzearen instalazioak eta sarbideak ez mantentzea.

b) Baratzea ixtea.

c) Ibilgailuak baimendu gabeko tokietan aparkatzea.

d) Ur hartze mekanikoak egitea ureztaketarako.

e) Udalak baratzezaintza ekologikoko jardunbideetarako ezarritako baldintzak ez betetzea.

f) Baimendu gabeko elementuak paratzea, bertzeak bertze, txabolak, berotegiak, txapak, bidoiak, gordailuak, parrillak etab.

g) Baimendu baino pisu handiagoa duten ibilgailuekin ibiltzea.

h) Baratzeen esparruan animaliak edukitzea.

2. Arau-hauste larriak:

a) Baratzekoak ez diren landaketak egitea, edo landareak landatu eta/edo mantentzea baimendu gabeko lekuetan.

b) Baratzeari atxikitako udal ondasunei kalte egitea edo horiek ebastea.

c) Baratze bakoitzari jarritako mugak aldatzea.

d) Animaliak eduki, ustiatu edo haztea.

e) Baratzearen erabilera besterendu edo lagatzea, Udalaren baimenik gabe.

f) Baratzearen eta bere instalazioen ikuskapena egiten ez uztea udal langileei.

g) Udal ondasunak lapurtzea edo guztionak diren instalazioetan kalteak edo hondaketak eragitea.

h) Kontzesioak irauten duen bitartean kontrako bi ikuskapen-txosten izatea.

i) Laga zaion lurzatia epearen barrenean ez itzultzea edo ez hustea, baldin eta Udalak kontzesioa baliogabetzea erabaki badu.

j) Egintza batengatik kargu hartu ondoan, berriz horretan erortzea.

19. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

1. 18.1 artikuluan bildutako arau-hausteei ohartarazpena egin eta diru-zehapen bat ezarriko zaie; egindako kaltearen balioaren halako bortz eta halako hamar artean ordainduko beharko da, hain zuzen. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 1.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

2. 18.2 artikuluan bildutako arau-hausteek kontzesioa baliogabetzea ekarriko dute, fidantza ere galduko da, eta, halakorik bada, eragindako kaltea zuzendu beharko da.

3. Kontzesioa errebokatu zaien familia unitateek ez dute zilegi izanen berriz ere eskabidea egitea, baliogabetu zenetik 4 urte iragan arte.

20. artikulua. administrazio prozedura.

a) Udal organo eskudunei dagokie halako kontzesio bat baliogabetu daitekeela, edo hala badagokio, kontzesio behin betiko baliogabetuko dela ohartarazteko prozedura hastea, instruitzea eta erabakitzea.

b) Udalak izendatutako langileek egiaztatzen dituzten ekintzek froga balioa izanen dute, baldin eta salaketa-agirietan edo bertzelako agiri publikoren batean formalizatzen badira bidezko lege betekizunak betez, deusetan ukatu gabe administratuek beren eskubide eta interesen alde aurkezten ahal dituzten frogak.

V. KAPITULUA

Kontzesioaren amaiera

21. artikulua. Kontzesioa suntsiarazteko arrazoiak.

Aitzineko artikuluetan adierazitako kasuak goiti-beheiti, kontzesioa suntsiarazteko arrazoi garbiak izanen dira honako hauek:

1.–Kontzesioaren beraren edo ondoko luzapenen epea iragatea.

2.–Erabiltzaileak berak borondatezko baja eskatzea.

3.–Titularraren heriotza edo elbarritasuna.

4.–Urraulbeitiko Biztanleen Udal Erroldan baja ematea.

5.–Udal jardueretarako edo jendearen intereseko arrazoietarako Udalak lurra behar izatea.

6.–Halaber, Ordenantza honetan ezarritako baldintza eta/edo betebeharren bat bete ezean, erabiltzaileek laga zaien lurraren jabetza eta gozamenerako eskubidea galduko dute eta Udalak erabileraren lagapena baliogabetu ahal izanen du 18. artikuluaren B) atalean ezarri bezala.

Kontzesioa amaitzeak izanen dituen ondorioak indarra duen legerian eta ordenantza honen 4. artikuluan ezarrita daude.

Iragarkiaren kodea: L1613064