246. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URRAULBEITI

Aldaketa Herri-lurretako aprobetxamenduen ordenantzan. Behin betiko onespena

Urraulbeitiko Udalak, 2015eko irailaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan.

Onespenaren erabakia 2015eko 229. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 16an, eta jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak ebatzi ondotik, Urraulbeitiko Udalak, 2016ko otsailaren 17an egin osoko bilkuran erabakita, behin betiko onetsi du Herri-lurretako aprobetxamenduen ordenantzako aldaketa, eta haren testu osoa argitaratzeko xedatu, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Urraulbeitin, 2016ko otsailaren 18an.–Alkatea, Ana Jesús Iriarte Equisoain.

URRAULBEITIKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Urraulbeitiko Udalaren herri-lurretako ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamenduak erregulatzeko.

2. artikulua. Herri-lurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurretako ondasunen ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatua deusetan ukatu gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri-lurretako ondasunak erabili, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Urraulbeitiko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Urraulbeitiko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Urraulbeitiko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela beste bide batzuen bitartez lortzen ahal, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek lehentasuneko aukerak baitira.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzultzea gertatuko balitz, lur horiek Urraulbeitiko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-lurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Urraulbeitiko Udala herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Urraulbeitiko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-lurretako ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri-lurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari Urraulbeitiko Udalak, lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horien gaineko erabakia.

10. artikulua. Urraulbeitiko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Urraulbeitiko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Urraulbeitiko Udalak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Urraulbeitiko Udalak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abiatzen ahal da zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Udalak.

IV. TITULUA

Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Herri-lurretako larreen aprobetxamenduak.

c) Etxerako egurraren aprobetxamenduak.

d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. 1. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez 2 urteko antzinatasunez.

c) Zein herritan izan nahi den herri-lurren aprobetxamenduen onuradun, horretan urtean bederatzi hilabetez jarraian bizitzea, gutxienez.

d) Urraulbeitiko Udalean ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Urraulbeitiko Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

16. artikulua. Urraulbeitiko laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez esleitzea edo Urraulbeitiko Udalak zuzenean ustiatzea.

Urraulbeitiko Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondoren, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

17. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Kontuan hartuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

18. artikulua. 1. Honako azalera hau ezarri da eredu-lotearendako, aprobetxamendu modu honetan:

–Nardoze-Andurran: lehorreko lurreko 50 erregu.

–Nardoze-Alduaten: lehorreko lurreko 40 erregu.

–Alduaten: lehorreko lurreko 40 erregu.

–Santsoainen: lehorreko lurreko 50 erregu.

–Geretzen: lehorreko lurreko 40 erregu.

2. 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

a) Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea.

19. artikulua. 1. Urraulbeitiko Udalak, kontuan harturik herri-lurren ezaugarriak eta herritarren egoera soziala, proportzionalki apaltzen ahalko ditu 19. eta 20. artikuluetan aipatzen diren faktoreak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aldez aurretik baimena ematen badu eta behar den bezala justifikatuz gero, baina ez handitu, ordea.

2. Urraulbeitiko Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa mota honetarako.

20. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da. Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborearen bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

21. artikulua. Herri-lurretako lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu horretan:

Aurrekontuak onestean finkatuko da.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin. Nolanahi ere, kanonak Urraulbeitiko Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez ustiatu.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

23. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen hartzaileak edo bere familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Urraulbeitiko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 24. artikuluan xedatua aplikatuko da.

24. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, esleitzeko mementoan edo aprobetxamenduaren epean, Urraulbeitiko Udalak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Urraulbeitiko Udalak lurzatien onuradunei esleipenetik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Urraulbeitiko Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

Lurra kentzeko, aurretik Urraulbeitiko Udalak espedientea irekiko du eta interesdunari entzutea emanen zaio.

Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

25. artikulua. Urraulbeitiko Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitutako herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Landazaintza Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen ustean, esleitutako lurzatiak, ordenantza honen 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatzen den bezala, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta Urraulbeitiko Udalak agindutako epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez dituztenean.

e) Esleituriko lurzatiaren %80 gutxienez lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak badituzte.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

26. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak diren herritarren artean.

27. artikulua. Udalak erabakiko du zein den herritarrendako esleipen zuzeneko loteen azalera, lehentasuna dutenendako esleipena egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan.

28. artikulua. Esleipenaren epea 20. artikuluan adierazitako berbera da.

29. artikulua. Aprobetxamendu modu horren bidez herri-lurretako lurzatiak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

Aurrekontuak onestean finkatuko da.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin. Nolanahi ere, kanonak Urraulbeitiko Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

30. artikulua. Esleipendunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.

31. artikulua. Urraulbeitiko Udalak beretako gordeko du laborantzako herri-lurren azaleraren %5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei esleitzeko.

Toki entitateak behin-behinekoz esleitzen ahalko ditu aitzineko lerroaldean aipatzen diren erreserbako lurrak, baina esleipen horiek indarrik gabe geldituko dira, lehentasuna duen beste onuradun berriren bati emateko. Azken horien kasuan, baldintzen artean sartuko da dagokion baldintza suntsiarazlea.

32. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, diru-sarrera handiagoak dituzten familia unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 17.3 artikuluan ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

3. ATALA

33. artikulua. Urraulbeitiko Udalak gehienez ere 3 baratze, 898 metro koadrokoak (erregu 1), uzten ahal dizkie halaxe nahi duten familia unitateetako titularrei, barazki eta fruituen aprobetxamendurako, baldintza hauekin:

a) Eskatzailea ez da ureztalurren jabea izanen, ezta herri-lurretako beste ureztalur lote baten onuraduna ere.

b) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da, 22, 23, 24 eta 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

c) Baratzeen erabiltzaileak beharturik daude nekazaritza ekologikoa egitera.

d) Eman zaion lursaila baratzetako eta/edo fruta arboletarako soilik erabil dezake erabiltzaileak. Lortzen diren produktuak salmentarako eta etxeko kontsumorako izaten ahal dira.

e) Ezin da fruta arbolaz beste zuhaitzik landatu.

f) Ezin izanen da, inolaz ere, inongo animaliarik eduki eta gorde, hazi eta ustiatu baratzeetan eta ezin izanen da zakurrik sartu baratzeen eremuaren barrenean. Debeku da arras txabolarik edo bestelako eraikinik paratzea baratzeetan. Salbuespenez, lursail bakoitzean kutxa bat paratzen ahalko da, gehienez 0,8 metroko altuera, 2,2 metroko luzera eta 0,8 metroko sakonera izanen duena. Udalak oniritzia eman beharko dio kutxa horri, eta, kasu guztietan, zurezko estaldura izanen du. Horrez gain, debeku da paisaia hondatzen duen elementurik jartzea, besteak beste, bidoiak, gordailu osagarriak, txapak, bereizgailuak, parrillak edo antzekoak. Berotegiak para daitezke. Halaber, baimenduta dago konpost-ontziak jartzea.

g) Esleipena 25 urterako izanen da. Esleipen-hartzaileek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Loteak esleitzeko, 17. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituko zaie, lurzatiak lehentasunez esleitzeko. Soberakinik egonez gero, esleipen zuzena egiteko ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

h) Udalak finkatuko du kanona.

i) Udal instalazioetako mantentze-lanak esleipen-hartzaileen kontura izanen dira.

Urraulbeitiko Udalak eskaera horietarako lur nahikoa gordeko du; laborantzako herri-lurren azalera guztiaren %10, gehienez ere.

4. ATALA

Urraulbeitiko Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

34. artikulua. Urraulbeitiko Udalak, Lehen eta Bigarren Ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan laborantzako lurra soberan baldin bada, enkante publikoaren bidez eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Udalak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; inguruko gisako lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Urraulbeitiko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

5. ATALA

Esleitzeko prozedura

35. artikulua. Urraulbeitiko Udalak osoko bilkuran erabakia hartu ondoren eta ediktua bertako iragarki oholean agertuta, 10 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako lurzatien esleipena eska dezaten.

36. artikulua. Eskaerei honako hauen zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez 2 urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Urraulbeitiko Udaleko zerga betebeharrak eguneratuak izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai Urraulbeitiko udal mugapean bai beste batzuetan; lehorreko lurrak edo ureztalurrak diren zehaztu beharko da.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal mugape honetan bai beste batzuetan; lehorreko lurrak edo ureztalurrak diren zehaztu beharko da.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Urraulbeitiko udal mugapean bai beste batzuetan.

g) Familia unitateko kide bakoitzaren abeltzaintzako ondasunen zergapeko kapitalak edo abelburu kopurua eta espezieak, udal mugape honetan nahiz beste batzuetan.

h) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, baita Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak ere.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Urraulbeitiko Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 17.3 artikuluan zehazten den bezala.

37. artikulua. Osoko Bilkurak erabakirik, Urraulbeitiko Udalak esleipen modu bakoitzean –lehentasuna duten herritarrena nahiz esleipen zuzenekoa– onartu direnen zerrenda onetsiko da. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

38. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda udal honen iragarki oholean jarriko da 10 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

39. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Osoko Bilkurak horien gaineko ebazpena emanen du, eta modu bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

40. artikulua. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduan eskubidea duten familia unitateen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, Urraulbeitiko Udalak loteak esleituko ditu, eta haien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 18. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Udalak laborantzako loteak esleituko dizkie herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia unitateko titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 27. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatiak esleituta, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, Udalaren iragarki oholean. Zerrendak Udalak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

41. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, ebatzi eta akatsak zuzenduta, Udalak behin betikotzat joko du laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen esleipena.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

42. artikulua. Urraulbeitiko Udalaren herri-larreek, hitzarmen bidez ustiapen unitate bateratua osatzen duten finka partikularrekin batera, bazkaleku hauek osatzen dituzte:

–Nardoze-Andurran: mugape osoa, erreserbatutako jabetzak izan ezik.

–Nardoze-Alduateko eta Alduateko hesitua: hesitu guztia.

–Alduaten: Alduateko mugape guztia, mendiko hesituan sartutakoa izan ezik.

–Nardoze-Alduaten: Nardoze-Alduateko mugape guztia, hesituan sartutakoa izan ezik.

–Santsoainen: herri-lurretako lurzatiak gehi jabeek bazkalekuan sartzeko Udalari lagatzen dizkiotenak.

–Geretzen: herri-lurretako lurzatiak.

43. artikulua. Urraulbeitiko Udalaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eginen da, lehentasunezko ordena honetan:

a) Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez.

b) Enkante publikoaren bidez esleituz.

44. artikulua. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako titularrak izanen dira herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidezko larre aprobetxamenduaren onuradun, betiere azienda alta emanda badute Urraulbeitiko Udaleko Aziendaburuen Erregistroan.

45. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

46. artikulua. Esleipena 8 urterako izanen da.

47. artikulua. Urraulbeitiko Udalak honela kalkulatu du bazkaleku bakoitzak jasan dezakeen abelburu kopurua.

Honi dagokionez, Urraulbeitiko Udalak parekotasun hauek erabiliko ditu:

Zaldi-aziendako buru 1 behi-aziendako buru 1 adina da.

Behi-aziendako buru 1 ardi-aziendako 5 buru adina da.

Ahuntz-aziendako buru 1 ardi-aziendako buru 1 adina da.

48. artikulua. Kontuan hartuz zenbat azienda hartzen ahal duen, baita larreen kalitatea eta eskortarik dagoen ala ez ere, Urraulbeitiko Udalak esleipen prozedura hastean finkatuko du bazkaleku bakoitzaren kanona, kontuan harturik larreen balio errealaren %80tik %90era bitartekoa izan behar duela.

49. artikulua. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak izaten duen igoeraren arabera egokitzeko, erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onetsitako indizeen arabera.

50. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoa bi epetan ordainduko da:

Lehenengo epea: urteko zenbatekoaren %50ari dagokiona, esleipena egin eta sei hilabeteren buruan.

Bigarren epea: urteko zenbatekoaren gainerako %50ari dagokiona, esleipena egin eta hamabi hilabeteren buruan.

51. artikulua. Onuradunak, esleipenaren egunetik 10 eguneko epean, esleipenaren 8 urteei dagokien diru kopuru osoaren %7 utzi beharko du fidantzatako.

52. artikulua. Urraulbeitiko Udalak larre guztien bostena gordeko du urtero esleitu ahal izateko, onuradun berriak agertzen ote diren.

53. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, herri-lurretako larreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesari buruzko arauetan galdatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta horri dagokion Foru Legeko nahiz haren erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

54. artikulua. Ezin da bazkatu baratzerako diren finketan, zuhaitz gazteen landaketetan, astorkietan, luzernetan edo beste labore iraunkorretan, non ez den jabeen baimena edukitzen.

–Ezin dira abereak bazkatzera eraman uzta bilduta duten soroetara lastoa biltzeko lanak bukatu arte, uztaren ondoren, non ez den jabeen baimena edukitzen.

–Abereak ezin dira soroetan sartu euria egin ondoren, urte osoan, hiru egun pasa arte, euriondoak errespetatuz, eta, kazkabarraren kasuan, Udalak baimendu arte.

–Debeku da arras abereak herrietako karriketan ibiltzea. Hiriguneetatik kanpo dauden bideak eta sarbideak erabili behar dituzte. Ohartarazten da debeku hori urratuz gero, kasuan kasuko diru-erantzukizunak eskatuko direla.

–Abeltzainak ordainduko ditu abereek ereindako lurretan eta beste laboreetan egindako kalteak.

–Esleipen-hartzaileen kontura izanen dira hesituetako, langetako, artegietako eta bordetako mantentze-lanak. Esleipena bukatutakoan, egoera ezin hobean utzi behar dituzte.

–Ulertzen da abeltzainaren gain egonen direla esleipenaren arriskua eta mentura, eta ezin izanen du deus erreklamatu esleitzeko epean suertatzen diren arrazoi aurreikusi gabeengatik, luberritzeak, landaketa desberdinak, labore aldaketak eta larreak urritzen ahal dituzten beste batzuk direla eta.

–Esleipen-hartzaileak bere gain hartuko ditu azpiegituretan sortutako kalteak (alanbre-hesiak, idoiak, larreak, etab.) abereak gaizki gobernatzeagatik, eta haietako mantentze-lanez arduratuko da.

–Esleipen-hartzaileak honako hau bete beharko du belardiak mantentzeko: a) euria egin ondoren ez sartzea, lur-giroa izan arte; b) urtero ongarritzea nitrogeno, fosforo eta potasioz osatutako formula batekin, ITGk gomendatutako dosiekin.

–Udalak beretako dauka edozein unetan lurraren eta larreen erabilera bereganatzeko aukera, bidezkotzat jotzen dituen arrazoiengatik, hala nola, laboreak hobetzea, aldatzea, azpiegiturak egitea eta abar. Nolanahi ere, hiru hilabete lehenago gaztigatuko dio esleipen-hartzaileari, eta, kasu horretan, dagokion kalte-ordaina ordainduko dio, edo larreen eskubidea jaitsiko, gozamena kentzeagatik, zenbateko osoari dagokion proportzionaltasuna eta edukitzen den gainazalaren gaineko portzentajea aplikatuz.

–Nekazariek debekatua daukate putzuetatik ura hartzea beste zerbaitekin erabilitako ontzietan, hala nola, herbizida, intsektizida eta nekazaritzan erabiltzen diren beste produktu kimikoekin, baldin eta aziendarentzat eta ehizarentzat kaltegarri badira. Debeku hori errespetatzen ez duten guztiei zehapena ezarriko zaie.

55. artikulua. Prozedura. Udalak aldez aurretik erabakia hartu eta Udalaren iragarki oholean ediktua agertuta, 10 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

56. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztuko da, ordenantza honen 36. artikuluan zehaztu bezala. Horrez gain, abelburu kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria eta ordenantza honen 53. artikuluan aipatzen den osasun babesari buruzko ziurtagiria erantsiko dira, baita erabili nahi dituen bazkalekuen hurrenkeraren zerrenda ere.

57. artikulua. Udalak behin-behinekoz eginen du esleipena, gorabehera hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia unitateei.

b) Bazkalekuak, hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera esleituko dira, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.

c) Bazkaleku bat bera abeltzain bati baino gehiagori esleitzen ahal zaio, baldin eta guztiek dituzten abelburuen kopurua bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku esleitzen ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

58. artikulua. Behin-behineko esleipena eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

59. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez esleituko dira 8 urterako, indarra duen araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

60. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Urraulbeitiko Udalak etxerako egur loteak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

61. artikulua. Urraulbeitiko Udalak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko egur loteen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

62. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

63. artikulua. Egurra banatzerakoan Urraulbeitiko Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, eta diru aldetik apalenak diren famili unitateei emanen die lehentasuna.

64. artikulua. Onuradunen maila ekonomikoak zehazteko, Urraulbeitiko Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 17. artikuluan islatzen den bezala.

65. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Udalak aurrekontu arruntean.

66. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Udaleko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

67. artikulua. Esleipenaren prozedurari dagokionez, ordenantza honetako 35, 36, 37, 38, 39, 40, 41, 55, 56, 57 eta 58. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

V. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

68. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua gaiari buruzko foru araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

69. artikulua. Urraulbeitiko Udalak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-lurretako ondasunetan

70. artikulua. 1. Urraulbeitiko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela frogatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

71. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

72. artikulua. Urraulbeitiko Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, ordenantza honetan xedatua betetzen dela ziurtatzeko.

73. artikulua. Esleipen-hartzaileari kalteak eta ordainak erreklamatzea eta sortutako erantzukizunak finkatzea ezertan ukatu gabe, Udalak jarraian azalduko diren zehapenak ezartzen ahalko ditu, dagokion zehapen espedientea instruituta.

74. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzeko, arau hauei jarraikiko zaie: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 177. artikulua eta ondorengoak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluaren I. kapitulua eta aplikatzekoa den araudia.

75. artikulua. Arau-hauste administratiboak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

–Hona arau-hauste arinak:

a) Aprobetxamenduen kanonak Urraulbeitiko Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

b) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

c) Zertarako esleitzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

d) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

e) Laborantza iraunkorrak (fruta arbolak, mahastiak, zainzuriak etab.) udal baimenik gabe egitea.

f) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

g) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

h) Beste lurzatietatik bereizteko ezpondak laboratzea.

i) Lurrak goldatzean ildoa irekia uztea bide edo areka baten ertzean.

j) Simaurra, harriak, egurra, lastoa edo bestelako materialak uztea bideetan, erretenetan, altxonbideetan edo herri-lurretako edozein tokitan, ez bada bereziki erabilera horietarako.

k) Finketan behar diren oharrak ez ematea edo seinaleak ez paratzea.

l) Esleitu ez zaion bazkalekuan aziendekin sartzea.

m) Belarren esleipen epeak ez errespetatzea.

n) Ordenantza honetan xedatuaren aurkako beste edozein gertakari edo egintza, arau-hauste larri edo oso larri gisa sailkatu ez dena.

–Hona arau-hauste larriak:

a) Esleipena eskuratzeko, gezurrezko datuak ematea.

b) Aprobetxamendua norberak zuzenean ez egitea.

c) Esleitutako larreak lagatzea edo azpierrentamenduan ematea, ordenantza honetan aipatzen diren kasuetan eta baldintzetan izan ezik.

d) Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

e) Asmo gaiztoz, Urraulbeitiko Udalari ez ematea esleipen baldintzetan gerora izandako aldaketen berri.

f) Aziendek edateko idoietatik ura hartzea, ureztatzeko edo herbizidak botatzeko.

g) Bi urteko epean hiru arau-hauste arin egitea.

h) Aprobetxamenduaren kanonak ez ordaintzea Urraulbeitiko Udalak ezarritako epeak bukatu eta bi hilabetera.

i) Artegi, idoi, hesi edo larreetan kalteak egitea.

–Hona arau-hauste oso larriak:

a) Mugarriak kentzea edo haien egoera aldatzea.

76. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren arau-hausteengatik, zehapen ekonomiko hauek ezarriko dira:

a) Arau-hauste arinak egiteagatik, 60,10 eurotik 300,50 eurora bitarteko isuna izanen da.

b) Arau-hauste larriak egiteagatik, 300,51 eurotik 601,01 eurora bitarteko isuna izanen da.

c) Arau-hauste oso larriak egiteagatik, 601,02 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko isuna izanen da.

Zehapen horiek mailakatu eginen dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako irizpideei jarraikiz.

77. artikulua. Ezartzen ahal diren zehapen ekonomikoak eta egindako kalte-galerak ordaindu beharra deusetan ukatu gabe, kalte-galerak benetakoak eta banan-banan bereizteko modukoak badira eta haien balio ekonomikoa kalkulatzen ahal bada, Udalak, inguruabarrak aztertu ondoren, ondotik ematen diren zehapen osagarriak ezartzen ahalko ditu.

Arau-hausteak larriak edo oso larriak direnean, esleipena kendu eta beste bi esleipen alditan larreak eskuratzeko aukeratik baztertzen ahalko da. Arau-hauste oso larri batzuen kasuan, inguruabarrak kontuan izanik, herri-lurren edo herri-larreen esleipen-hartzaile izateko eskubidea kentzen ahalko da.

78. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak aprobetxamenduaren titularrak izanen dira, esku hartzeagatik edo esku ez hartzeagatik, edo, kasua denean, egintzetan parte hartu duten pertsonak.

79. artikulua. Alkatea izanen da zehatzeko organo eskuduna.

80. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritako hura izanen da zehapen prozedura.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.–Ordenantza honetan laborantzako herri-lurretako aprobetxamenduei eta larreen aprobetxamenduei buruz agertzen diren xedapenek oraingo esleipenak bukatutakoan hartuko dute indarra.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Ordenantza honetan xedatzen edo biltzen ez den orotan, arau hauek aplikatuko dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legea, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, orokorrak eta sektorialak, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren bilduma, eta oro har eta kasu honetan berariaz aplikatzeko diren gainerako arauak. Ordezko zuzenbide gisa, Estatuko legeria aplikatuko da.

Bigarrena.–Urraulbeitiko Udalak ordenantza hau eta honen babesean emandako esleipenak interpretatuko ditu, bai eta ordenantza betetzean sortzen diren zalantzak argituko ere. Interpretazioaren gainean hartzen diren erabakiak berehala betearaztekoak izanen dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorio juridikoak izanen ditu behin haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osoki argitaratu eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei, haien egintza edo erabakiak indargabetzeko, errekerimendua egiteko duen ahalmena erabiltzeko epea iragan ondoan; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L1613063