229. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2485/2016 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zerbitzu orokorretako arduradun lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez egiteko deialdiak onesten dituena. Zerrendetako bat aldi baterako kontratazioetarako da, eta bestea prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran aritzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat zerbitzu orokorretako arduradun lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatutako lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak osatzeko.

Horrenbestez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan, azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikuluarekin eta Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduarekin bat, honako deialdi hauek iragartzen dira:

DEIALDIAK

I.–Deialdia, zerbitzu orokorretako arduradunen lanpostuetarako aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda bat osatzeko

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.

Deialdia egiten da zerbitzu orokorretako arduradunen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako bete ahal izateko (Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetakoak izan ezik).

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua edo lehen mailako Lanbide Heziketakoa izatea, edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten zerbitzu orokorretako arduradunen lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) atalean eskatzen den titulazio betebeharra, baita 2.1.f) atalean eskatutakoa ere, hala egin behar denean, agiri bidez frogatu beharko dira, bi deialdietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

2.4. Zerbitzu orokorretako arduradun lanpostuetan aldi baterako aritzeko, B motako gidabaimena eduki behar da; horregatik, deitzen zaionean, izangaiak betebehar hori frogatu beharko du agiri bidez, bi deialdietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.5. Espainiako nazionalitatea duten parte-hartzaileek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari baimena ematen ahal diote, II. eranskinean ageri den eskabide ereduaren bitartez, beren identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsulta ditzan, datu horiek beharrezkoak baitira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kontsulta baimentzen ez bada, NANaren fotokopia aurkeztu beharko da parte hartzeko eskabidearekin batera.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/1992 Legearen 68.1. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.6. Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, 2.1.a) oinarrian nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, zinpeko aitorpena egin beharko dute, edo hitzeman beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe ez daudela.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa) eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia egiterakoan kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa, horren bidez desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen baitira. Horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten pertsonek organo eskudunak luzatutako agiriaren kopiaren bidez frogatu behar dute egoera hori.

II.–Zerbitzu orokorretako arduradun gisa prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.

Deialdia egiten da zerbitzu orokorretako arduradunen lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokion gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Oinarrizko Lanbide Heziketakoa, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokidetzat hartutako beste bat izatea, edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

e) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten zerbitzu orokorretako arduradunen lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Oinarri honen 2.1.d) atalean eskatzen den titulazio betebeharra, baita 2.1.e) atalean eskatutakoa ere, hala egin behar denean, agiri bidez frogatu beharko dira, bi deialdietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta deia egiten denean eta prestakuntzaldiak dirauen bitartean ere.

2.4. Zerbitzu orokorretako arduradun lanpostuetan aldi baterako aritzeko, B motako gidabaimena eduki behar da; horregatik, deitzen zaionean, izangaiak betebehar hori frogatu beharko du agiri bidez, bi deialdietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.5. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Osasun Departamentuaren menpeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Prestakuntzaldian aritzeko izangaiei dei egitea.

Deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoari jarraikiz eginen da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

III.–Bi deialdietarako arau komunak

Lehena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.–Eskabideak.

2.1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren erregistroko beste edozein bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian ageri da: www.navarra.es), edo, bestela, 39/1992 Legearen 16.4. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

2.2. Eskabideak II. eranskinean heldu den ereduaren araberakoak izanen dira, aldi baterako kontratazioko izangaien kasuan, eta III. eranskineko ereduaren araberakoak, prestakuntzarako izangaien kasuan. Eredu horiek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adieraziko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

2.3. Aldi baterako kontratazioaren deialdian parte hartzen dutenek IV. eranskineko eskabidea ere aurkeztu behar dute, betea eta sinatua, hautatzeko zer eskualdetan aritu nahi duten eta adierazteko prest dauden lanaldi partzialeko kontratuak onartzeko. Hala egin ezean, ulertuko da eskualde guztiak hautatzen dituztela eta prest daudela lanaldi partzialeko kontratuak onartzeko.

Nahi adina eskualde aukera daitezke, ez baitira bateraezinak.

Ze eskualde hautatzen diren, horrek ondorioak izanen ditu zerrendak indarra duen denbora guztian.

2.4. Zerbitzu orokorretako arduradunen lanpostu batean aritzeko deia jasotzen duten izangaiek, ez bestek, aurkeztu beharko dituzte deialdiko titulazio betebeharra frogatzen duten agiriak, gidabaimenaren fotokopiarekin batera, kontratua gauzatzen denean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera deklaratzen denean.

Halaber, adingabeekin ohiko harremana duten zerbitzu orokorretako arduradunen lanpostu batean aritzeko deia jasotzen duten izangaiek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututa dagoena.

2.5. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak onetsi diren deialdietan onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbideko 2ko atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es). Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.navarra.es) argitaratuko ditu, deialdi hauetan ezarritako hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Administrazioak bere esku daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Proba.

4.1. Ebazpen honen bidez onesten diren deialdietarako hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan 60 galdera erantzun beharko dira ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Erantzuteko, aukera bat baino gehiago eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira.

Kalifikazio Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, ariketa hasi aurretik. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, erantzun zuzenaren balioaren herena hain zuzen.

Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza ez bada.

4.2. Probak 60 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere. Hautaproban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen dutenek gaindituko dute proba.

4.3. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute parte-hartzaileek. Beren nortasuna frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

4.4. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Bosgarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: José Ardaiz Ganuza jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Arrantza Kudeatu eta Animaliak Babesteko Bulegoko burua.

Epaimahaiko ordezko burua: Luis Igor Sanmartín Sanmartín jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ibaietako Obren Bulegoko burua.

Batzordekideak: José Félix Cibriáin Sabalza jauna, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Mahastizaintzako Bulegoko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Ana Sagües Sarasa andrea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko nekazaritzako ingeniari teknikoa.

Batzordekideak: Alfonso Gogorcena Rebolé jauna, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko “Larrabide Estadioa’’ Kirol Teknifikazioaren Zentroko zuzendaria.

Ordezko epaimahaikidea: José Ramón Santesteban Úriz jauna, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua erakunde autonomoko Azpiegiturak Kudeatzeko Ataleko burua.

Batzordekideak: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Ordezko epaimahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Mahaikide-idazkaria: Esteban Imaz Vacas jauna, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua erakunde autonomoko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Ordezko idazkaria: María Jesús Goiburu Imaz andrea, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua erakunde autonomoko Administrazio eta Kudeaketa Ataleko burua.

5.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, argitara emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Epaimahaia hautapen proba hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.navarra.es) argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

6.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:

a) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Berdindutako guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutakoaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Emaitzak Nafarroako Gobernuaren web orrian eta iragarki oholean argitaratuko dira.

b) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak badirau, aldi baterako kontratazioetarako deialdian berdinketak hausteko ezarritako zozketaren arabera ebatziko da.

6.3. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, eta berdinketa ebatzirik, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.navarra.es):

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko proba gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko proba gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

Epaimahaiak, halaber, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio arau honetan aipatzen diren zerrendak, onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Zerbitzu orokorretako arduradunen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da izangaien zerrenda, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) argitaratuko dena, bai eta Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (www.navarra.es).

7.2. Deia.

Arau honetan aipatutako zerrendetan ageri diren izangaiei dei egiteko, ebazpen honen bidez onetsitako deialdietako oinarrietan ezarritakoari jarraikiko zaio; betiere, prestakuntzarako izangaiak lehenetsiko dira aldi baterako kontratatuak izateko izangaien aurretik.

Adingabeekin ohiko harremana duten zerbitzu orokorretako arduradunen lanpostuetan aritzeko deia jasotzen dutenek frogatu beharko dute epai irmo baten bidez ez direla kondenatuak izan sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere, Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboaren bidez, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututa baitago.

Deia jasotzen dutenek kasuan kasuko deialdian eskatu zitzaien titulazioaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte, B mailako gidabaimenaren fotokopiarekin batera, hots: DBHko graduatu tituluaren fotokopia, Eskola Graduatuaren tituluarena, Oinarrizko Lanbide Heziketakoarena edo lehen mailako Lanbide Heziketakoarena, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratua.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Zortzigarrena.–Gehieneko denbora prestakuntzarako zerbitzu berezietan.

Prestakuntzarako zerbitzu berezietan 6 urte bitarte egoteko eskubidea duten izangaiek ezin izanen dute gehieneko epe hori gainditu, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritzen badira ere.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdien, haien oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2016ko azaroaren 7an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Elektrizitateko, igeltserotzako eta pinturako oinarrizko hastapenak.

2. gaia.–Lorezaintzako eta ureztatze sistemetako oinarrizko hastapenak.

3. gaia.–Iturgintzako, berokuntzako eta saneamenduko oinarrizko hastapenak. Legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeko mantentze-lanak.

4. gaia.–Urtean zehar mahastietan egin beharreko lanak eta erabiltzen den makineria. Nafarroan lantzen diren mahats barietateak; kalte egiten dieten izurrite eta gaixotasun nagusiak.

5. gaia.–Arrain haztegiak: kudeaketa, higienea, elikadura eta uraren egokitzapena.

II. ERANSKINA

Eskabidea (aldi baterako kontratazioetarako).

III. ERANSKINA

Eskabidea (prestakuntzarako zerbitzu berezietarako).

IV. ERANSKINA

Eskualdeen hautapena, kontratazioetan parte hartzeko eta aldi baterako kontratuak hautatzeko.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1612803