223. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

15/2016 FORU LEGEA, azaroaren 11koa, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK:

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, GIZARTERATZERAKO ETA ERRENTA BERMATURAKO ESKUBIDEAK ARAUTZEN DITUENA.

ZIOEN AZALPENA

I

2007aren amaieraz geroztik, ekonomia globalak bere krisialdi ekonomiko larrienetako bat bizi izan du, “Atzeraldi Handia” izenarekin bataiatu dena. Krisialdi finantzario, ekonomiko, politiko eta sozial horrek, zeinak enplegu-hazkundeko garai luze bati amaiera eman baitzion, Mendebaldeko gizarteen zenbait elementu zentral ukitu ditu.

Krisiak eta ondoren gertatu den guztiak ondorio bereziki larriak izan ditu, hainbat pertsona egoera ahulagoan utzi dituelako; eta, batez ere, horren kostuak indar handiagoz errenta txikiagoa duten gizataldeen gainean erori dira. Txirotasun, berdintasun falta eta bazterketa sozialeko egoeren adierazleek (AROPE tasa eta haren osagaiak, iraupen luzeko langabezia, diru-sarrerarik gabeko etxeen proportzioa, edo desberdintasun sozialaren adierazleak) erakusten dute populazioaren parte handi baten bizi baldintzek okerrera egin dutela, eta hori egoera hauetan gelditzen da agerian: bitarteko ekonomikorik eza bizitzako oinarrizko beharrei aurre egiteko, bizitoki eta etxebizitza arloko arazoak, osasun fisiko eta psikikoaren gainbehera, autoestimu galera eta lotsa- eta estigmatizazio-sentimenduak agertzea, bizitzari aurre egiteko gaitasun eta trebetasun pertsonalik gabe gelditzea eta sostengurako sare sozial eta familiarren hondatzea.

Egoera horren ondorioz, oinarrizko beharrak asetzerik ez duten eta babes sozialeko prestazioetara eta programetara jo beharra duten pertsonen kopurua eta heterogeneotasuna handitu egin da. Krisialdiaren eta horrek enpleguaren gainean dituen ondorioen iraupena dela eta, horrek kaltetutako pertsona askori ahitu egin zaizkie kotizaziopeko langabezia-prestazioak eta horien ondorengo sorospenak, zeinak tresna publiko nagusia baitira langile-adinean dauden pertsonen diru-sarrera faltari erantzuteko. Zerga-baterakuntzarako eta defizitaren jaitsierarako politikek babes soziala zabaltzeko aukerak mugatu dituzte.

Era berean, emakumeen egoera orokorra okerragotu egin da, bai krisiarengatik, bai mendebaldeko herrialdeetan familia-egiturek eta harremanek azken urteetan izan dituzten aldaketa azkarrengatik: amadun familia gurasobakarren kopurua handitu da, bizitza pertsonala eta lana uztartzeko zailtasunak eraginik; familiaren ekonomiari emakumeek eusten dioten etxeen kopurua gehitu egin da; lansarietan, emakumeen eta gizonen arteko aldea areagotu egin da; lan prekarietateak ere emakumeengan eragiten du batez ere; eta, amaitzeko, baliabide gutxiko 65 urtez gorako emakumeen egoera kezkagarria da. Aipatutako guztiak “pobreziak emakume izena izatea” ekarri du.

Horrekin batera, presio handiagoa ekarri du azken baliabideko izaera duen babes mailan, zeina Nafarroan, funtsean, hauek osatzen baitute: gizarteratze-errenta eta foru nahiz udal mailako laguntza bereziak eta larrialdietakoak. 2015ean gizarteratze-errentaren azken erreformak eta larrialdiko laguntzak abian jarri izanak hobekuntza nabarmena ekarri dute sortutako egoera berriei eman beharreko arretari dagokionez, baina ez da nahikoa.

Krisialdiak eragindako beste egoera bat soldata txikiekin lotutako txirotasuna da. Enplegua lortze hutsak ez baitu gaur egun automatikoki bermatzen txirotasunetik ateratzea; ez eta, zenbait kasutan, diru-sarrera garbiak handiagoak izatea laguntza sistemek bermatzen dituztenak baino.

Gizarte zerbitzuek zailtasunak izan dituzte egoera berrira azkartasunez egokitzeko. Alde batetik, faktore hauek daude, erreakziorako gaitasuna mugatu dutenak: krisialdia ustekabekoa izatea, plangintza sozialaren arloan ebaluaziogintza-kulturak erakutsitako ahulezia, gai honekin zerikusia duten zerbitzu eta eragileen artean koordinazioa eta lan banaketa eraginkorra egiteko arazoak, eta bitarteko publikoak esleitzeko efizientzia falta. Bestetik, gastu publikoan aipatutako murrizketak direla eta, zaila izan da hain larria den desafioari aurre egiteko behar adina baliabide lortzea. Egoera horrek atzerapauso handia ekarri du sisteman, laguntza hutsera eta eskaerari epe laburrean erantzutera bideratutako ikuspegia sendotu du, eta ahuldu, berriz, proaktibitatea eta prebentzio eta sustapenaren alderdiak. Bereziki larria da egoera horren ondorioz ezinean ibiltzea oinarrizko gizarte zerbitzuak eta bestelako gizarte zerbitzu espezializatuak, bai publikoak bai sozietate zibileko erakundeek ematen dituztenak.

Horren guztiaren azken bateko ondorioak hauek izan dira: indarreko araudiak aitortzen dituen eskubide sozialez baliatzeko aukera mugatu da, gizartea pobreagoa da bere kide guztien ekarpen ekonomiko eta sozialak galdu direlako, arrakala soziala areagotu da, eta, azkenik, gure gizartearen kohesio sozialak behera egin du.

II

Egoera ikusita, beharrezkoa da babes sozialeko sistema erreformatzea, eskubideetan oinarritutako ikuspegiari eutsiz eta horretan sakonduz. Xedea da, alde batetik, azken baliabideko sarea osatzen duten prestazio ekonomikoen estaldura eta haietaz baliatzeko aukerak hobetzea, maila horren gaineko ardura Foru Komunitatearena baita, gizarte laguntzaren arloko eskumena bere gain duen aldetik. Bestaldetik, helburu du kalitatezko gizarte- eta enplegu-zerbitzuak eskuratzeko aukerak hobetzea herritar guztientzat eta, batez ere, lan eta gizarte bizitzan moldatzeko zailtasun bereziak dituztenentzat. Bi norabide horiek, Nafarroako gizarteak dituen beharrei erantzuteaz gain, bat datoz Europako araugintza- eta doktrina-joerekin.

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 25.1. artikuluan eta adierazpen hori garatzeko tresna guztietan honako eskubidea ezartzen da, beste eskubide ekonomiko, sozial eta kultural batzuen artean: pertsona ororen eskubidea bizi-maila egoki baterako, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongizatea bermatuko diena, eta batez ere elikagaiak, jantziak, etxebizitza, mediku-zerbitzua eta beharrezkoak diren gizarte-zerbitzuak. Halaber, aseguruak izateko eskubidea du, langabezia, gaixotasun, elbarritasun, alarguntasun edo zahartzaro kasuetan nahiz bizibidea bere borondateaz bestelako arrazoiren batengatik galduz gero. Bizi-maila egokia izateko eskubide hori babes sozialaren oinarria da, ahulezia edo bazterketa sozialaren egoeretan edo horietarako arriskua dagoenean, eta horrenbestez, berarekin dakar botere publikoek erantzukizuna izatea dena delakoagatik egoera horietan dauden pertsonekiko.

Era berean, eskubideetan oinarritutako ikuspegi horrek berarekin dakar pertsona guztiek erkidegoarekiko oro har dituzten erantzukizun orokorrak ere zehaztu behar izatea, eta halaxe adierazi du Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi-komisarioaren Bulegoak aspaldi honetan; horrek esan nahi du eskubide batez baliatzeak zenbait erantzukizun eta betebehar dakartzala berarekin, eta horiek berariaz adierazi beharra dagoela edozein eskubideren baliatzeari buruzko arauetan.

Orobat nabarmendu beharrekoa da Nazio Batuen Batzar Orokorraren 2015eko irailaren 25eko 70/1 Ebazpenak, Garapen Jasangarrirako 2030eko Agenda onetsi zuenak, bere helburu eta xedeen artean ezartzen duela, besteak beste, herrialdeetan berdintasunik eza murriztea, eta, bereziki, 2015etik hasita 2030era bitarte populazioaren %40 txiroenaren diru-sarrerak handitzea eta horri eustea lortu behar dela pixkanaka, herrialde bakoitzeko batez besteko nazionaletik gorako tasan. Halaber ezartzen du pertsona guztien inklusio soziala, ekonomikoa eta politikoa sustatu behar direla, edozein izanik ere haien adina, sexua, desgaitasuna, arraza, etnia, jatorria, erlijioa edo egoera ekonomikoa edo bestelako baldintzak.

Babes sozialaren eta gizarteratzearen arloko Europako Estrategiak (Europako Estrategia 2020) ikuspegi global bat proposatzen du, beharrik handiena duten pertsonen integrazioa sustatzekoa hiru zutabek osatutako estrategia integratu bat gauzatuz: (a) laneratzea erraztuko duten lan merkatuak, (b) baliabide-osagarri egokia eta (c) kalitatezko zerbitzuak eskuratzea.

Foru lege hau bat dator hiru zutabe horiekin, eta bere xedea da ziurtatzea herritarrek baliabide ekonomiko egokiak eta kalitatezko gizarteratze-zerbitzuak izanen dituztela, eskubide subjektibo gisa. Era berean, lan merkatuan sartzeko moduko baldintzetan dauden pertsona guztien laneratzearen sustapena du helburu.

Urteak dira foru erakundeak arlo honetan lanean hasi zirela. Laurogeiko hamarkadan laguntzak ezarri ziren premia zuten nafar familientzako; gero, horietatik, oinarrizko errenta sortu zen, eta geroago gizarteratze-errenta. Ordainketa aurreratuko alargun pentsioen gaineko kenkari fiskala ere arlo horretako ekintza bat da. Gizarteratzeko sostenguari dagokionez, oinarrizko gizarte zerbitzuek eta espezializatuek, batetik, eta gizarte ekimeneko zenbait entitatek, bestetik, ibilbide luzea egina dute.

Lege honen asmoa da jarduketa horien bi osagaiak bereizi eta, aldi berean, koordinatzea: batetik, errenta-bermea; bestetik, akonpainamendu sozialeko eta enplegurako zerbitzuen ematea. Ekintza horiek logika desberdinen ondorio dira. Errenta bermeen prestazioak eskuratzeari dagokionez, egoera eta ezaugarri objektiboak, batez ere ekonomikoak, hartu behar dira aintzat; beste prestazio ekonomiko publiko batzuk eskuratzearekin uztarturik egon behar du; eta enplegurako pizgarriak mantendu behar ditu. Gizarteratze-akonpainamenduko gizarte zerbitzuen eskuratzeak, berriz, esku-hartze sozialaren logikari erantzun behar dio, pertsonen eta haien ingurunearen egoerak, gaitasunak eta aukerak kontuan hartuz, bai eta norberaren garapenerako erritmoak eta denborak ere, berdin delarik esku-hartze horren uneren batean prestazio ekonomiko bat lortzen den ala ez. Logika desberdin horien ondorioz, laguntza publikoaren mota bat edo bestea jasotzen duten pertsonak ez dira beti berberak. Nahikoa diru-sarrerarik ez duten pertsona guztiek ez dute uneoro gizarteratze-prozesu pertsonalizatuen beharrik. Eta prozesu horien beharra ez da mugatzen errenta bermatua jasotzen dutenengana, barne hartzen dituztelako, besteak beste, beste prestazio batzuen onuradunak eta, halaber, prestazio ekonomikorako premiarik izan gabe, gizarteratzeko akonpainamendu-prozesuak behar dituztenak ere.

Gizarteratzeko gutxieneko errenten esperientziak erakutsi du ez dela komeni lotura estuegirik ezartzea bi zutabe horien artean. Baldintza estuegiak jartzeak arrisku bat du, alegia, baliabide faltari aurre egiteko babes lanaren eta gizarteratzeko esku-hartze sozialaren distortsioa eragitea. Gutxieneko errenta eskuratzeko baldintza gisa ezartzen denean gizarteratzeko jardueretan edo itunetan parte hartzea, diskrezionaltasun eta arbitrarietate klausula bilakatzeko arriskua dago, beharrezkoa den babes hori Administrazioaren eta lan harreman bat arrakastaz ezartzeko interesa duten pertsonen gaitasunaren menpe jartzen duelako. Zorroztasun horrek berak eragin dezake gizarteratzeko prozesu pertsonalizatuak kontrol tramite huts bihurtzea, garapen pertsonala eta herritarren ahalduntzea sustatzeko bete behar duen zereginari balioa kenduz.

Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen atarikoak adierazten duenez, onetsiko den zerbitzu zorroan jasoko da herritarrek zer prestaziotarako eskubidea izanen duten; eskubide hori subjektiboa izanen da, herritarrek prestazioak eman behar dituzten administrazioei eskatuko diete eta, ezinbestean, auzitegietan, eta horrek, beraz, laguntza-izaera kentzen die gizarte zerbitzuei.

Lege testu horrek, 20. artikuluko b) atalean, gizarteratze-errenta izenekoa prestazio ekonomiko bermatua dela ezartzen du. Prestazio hori urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legearen bidez arautu zen, eta apirilaren 19ko 120/1999 Foru Dekretuak araututako oinarrizko errenta izenekoaren ordez ezarri zen. Azalpeneko aurreko puntuan aipatutako testuingurua dela eta, gizarteratze-errentarako ezarritako erregulazioa behin baino gehiagotan aldatu behar izan da, halako moduan non gaur egun ez baitie erantzuten dauden beharrei eta ez baitu barne koherentziarik bere arautzean; horregatik, arau berri bat behar da, hainbat arrazoirengatik beren oinarrizko premiei aurre egiterik ez duten pertsonei botere publikoek bermatzen dizkieten baliabideetarako eskubidea osorik erregulatuko duena. Eskubide horren erabilera baliagarria da prebentziorako eta gizarteratzea eta kohesio soziala sustatzeko.

Bestalde, aipatutako 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluak ezartzen duenez, botere publikoen jarduketek funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste, gizarte zerbitzuen arloan: a) pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan (...); d) kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; eta e) pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea. Horrenbestez, arau testuan berariaz adierazi ez bazen ere, gizarteratzerako eskubide bat badago hor, legeak arautzen duen gizarte zerbitzuen sistemaren bidez gauzatu daitekeena. Horrexegatik, beharrezkoa da eskubide hori argitu eta arautzea, azken urteotan kalteak izan dituen kohesio sozialaren funtsezko zutabea baita.

III

Foru lege honek, azaldutakoarekin bat, bi eskubide sozial arautzen ditu: pertsonek libreki onartzen duten gizarteratze prozesurako eskubidea, Administrazioak hura gauzatzeko ardura bere gain hartzea dakarrena, eta errenta bermatua jasotzeko eskubidea, oinarrizko beharrei aurre egiteko gaitasun ekonomikorik ez dutenentzako prestazio ekonomiko gisa, behar horiei erantzuteko. Lege honek hiru kapitulu eta xedapen gehigarri, iragankor eta azkeneko batzuk ditu.

I. kapituluan xedapen orokorrak jasotzen dira, artikulu bakar batean: foru legearen xedea eta helburua zehazten ditu, bi eskubideak definitu eta zedarritzen ditu, eta foru lege honen helburu sozialak betetzen direla egiaztatzeko ebaluazio neurriak ezarri behar direla onartzen du.

II. kapitulu osoa foru lege honek araututako eskubideetatik lehenari buruzkoa da osoki; hau da, gizarteratze-prozesuari buruzkoa. Hasieran, eskubidearen subjektuak zein diren zehazten du, eta nabarmentzen pertsonek libreki eta beren borondatez erabakitzen dutela hartaz baliatzea; horrekin batera, “bazterketa sozial” kontzeptua arau honen babespean egonen dela adierazten du. Bestalde, eskubide horretaz baliatzea bermatzeko zerbitzuak eta programak eskaintzearen erantzukizun publikoa arautzen du eta egutegi bat ezartzen, xedapen gehigarrietan, aplikaziorako eta erregelamenduzko garapenerako.

III. kapituluak bigarren eskubidea du hizpide, hau da, errenta bermatua jasotzeko eskubidea, eta hiru ataletan egituratuta dago: lehenbizikoa eskubidearen ezaugarriei buruzkoa da; bigarrena, eskubideaz baliatzeko prozedurari buruzkoa; eta hirugarrena, azkenik, eskubideaz baliatzeak titularrentzat dakartzan betebeharrak ez betetzean aplikatu beharreko zehapen araubideari buruzkoa.

Eskubidearen ezaugarriei dagokienez, subjektuak zein diren arautzen da; alegia, eskubidearen titularrak; eta, aurreko egoerarekin alderatuta, estaldura handiagotu egiten da, atzemandako behar sozialei erantzuteko moduan. Izaera unibertsala badu ere, hau da, ez zaio inori eskubideaz baliatzeko mugarik jartzen egoera juridiko-administratiboaren arabera, prestazioa jasotzeko gutxieneko betebehar objektibo eta egiaztagarri batzuk bete behar dira, adina, bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean izatea eta oinarrizko beharrei aurre egiteko gaitasun ekonomikorik ez izatea. Bestalde, prestazioa jasotzeko eskubidea duten subjektuen ahalmen ekonomikoa zehazteko kontuan hartu beharreko alderdiak eta zenbatekoak ezartzen dira, baita jasotze-epeak eta eskubideaz baliatuz gero subjektuek bere gain hartzen dituzten betebeharrak ere, hala nola enplegurako aktibo mantentzea, helburu orokor batekin: prestazio ekonomikoa aldi baterako elementua izatea pertsonen bizitzan, uneko egoerak eragindakoa, edo bizilekua Foru Komunitatean izatea, bertan aktibo daudenentzako babes soziala gordetzeko eta eskubide honen baliatzeari lotutako gizarteratze prozesuei eusteko. Azpimarratu behar da enplegua sustatzeko elementu bat ere erantsi dela, pobretutako langileei laguntzeko neurri gisa, bai prestazioa lortzeko bai prestazioa jasotzen duten aldirako. Xedapen gehigarrietan aurreikusten da pixkanaka handitzea pizgarri horiek, errenta bermatuaren atalasean gainetik doi-doi dauden langileek jaso ditzaketenak. Era berean, xedapen horietan aurreikusirik dago nola bermatzen zaien prestazio hori 65 urtetik gorakoentzako kotizazio gabeko erretiro-pentsioa jasotzen dutenei, eta kasu horietan ez da aukeratzen zuzenean jasotzeko aukera, baizik eta kenkari fiskal bat aldez aurretik ordaintzea, alargun pentsioen gaineko kenkari fiskalaren antzekoa.

Eskubideaz baliatzeko prozedurari buruzko atalean, berriz, prozeduraren fase desberdinak aurreikusten dira, bai eta fase guztietan inplikazioa duten administrazio desberdinek duten erantzukizuna ere. Esan beharra dago ezen, gizarte zerbitzuei dagozkien eskumenen barrenean bada ere, zabalik gelditzen dela gizarte eskubideen arloan eskumena duten beste unitate batzuen inplikaziorako aukera; enplegu zerbitzuena, adibidez. Administrazioaren unitate eskudunetara zabaltze hori bat dator pertsona bere osotasunean aintzat hartzearen ideiarekin eta botere publikoek orokorrean duten erantzukizuntzat hartzearekin, halako moldez non leihatila bakarreko eta kasuen gaineko ardurako ereduetara joko baita, zeinetan barne-koordinazioa eginen baitute zerikusia duten unitate administratibo guztiek. Atal horren amaieran, eskubidea aldatu, eten eta amaitzeko arrazoiak azaltzen dira, eta nabarmentzekoa da etete-bideak jasotzen direla, arrazoi desberdinen araberakoak, hala nola lan merkatuan sartzea edo antzekoak, tramite-azkartzea posible egiteko eta aldi baterako lanpostu bat lortzea ez dadin inoiz kaltegarria izan errenta bermaturako eskubidearen titularrentzat.

Ondorengo atala zehapen araubideari buruzkoa da, eta bertan arau-hausteak eta haien mailak zehazten dira, zer zehapen sortzen dituzten eta zein den araubide honetan bete beharreko prozedura.

Kapitulua amaitzeko, errenta bermaturako eskubidearen titular ere izan daitezkeen pertsonek gizarteratze-eskubidea erabiltzeari buruzko atal bat dago, halako moduan non egoera ahulagoan edo bazterketa egoeran dauden pertsonak biez baliatzeko modua ezartzen baita, batetik; eta, bestetik, Administrazioa konprometitzen du pertsona haien jarraipena egiten eta haiei laguntzen.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

1. Foru lege honen xedea da gizarteratzeko eskubidea arautzea, prozesu pertsonalizatu baten bidez gauzatuz, egoera ahulean edo bazterketa sozialean dauden pertsonei dagokienez prebentzio eta arreta lana egiteko, bai eta errenta bermaturako eskubidea ere.

2. Gizarteratzeko eskubidea hau da: ikuspegi guztietatik erabatekoa eta egiazkoa den gizarteratzera bideratutako laguntza eta akonpainamendu pertsonalizatua jasotzeko eskubidea, halako moduan non pertsona guztiek izanen baitituzte aukerak eta behar diren bitartekoak bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean osotara parte hartzeko, eta Nafarroako gizarte osoarekiko egokia den bizi eta ongizate mailaz gozatuko baitute.

Nafarroako administrazio publikoen erantzukizuna da eskubide hori bermatzea, arreta pertsonalizatua, iraunkorra eta integrala emanez, pertsonen beharren araberakoa eta haien egoeraz egindako kodiagnostiko objektibo eta integralean oinarrituta; baita eskubide horretaz baliatzeko beharrezkoak diren baldintzak sustatzea ere.

3. Errenta bermatua oinarrizko prestazio ekonomiko eta aldizkakoa da, oinarrizko beharrak aserik ez dituzten pertsonei zuzendua, baldin eta foru lege honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Errenta hau indarreko legeetan aurreikusitako beste edozein motatako baliabide edo prestazio ekonomikoen osagarria eta subsidiarioa da, eta horiek osotara erabili beharko dira errentarako eskaera egin aurretik.

Halaber, errenta hau besterenezina da eta, horrenbestez, ezin izanen da:

a) Betebeharren berme gisa eskaini.

b) Lagapen erabateko nahiz partzialaren xede izan.

c) Konpentsazio edo deskontuen xede izan, salbu eta bidegabeki jasotako prestazioak itzultzeko denean.

d) Atxikipen edo bahituraren xede izan, salbu eta Estatuko legeria orokor aplikagarrian ezarritako kasuetan eta aurreikusitako mugekin.

Prestazio bermatu hau foru lege honetan eta bere aplikazio eta garapenerako xedapenetan ezarritako irispen eta baldintzekin onetsiko da, eta indarreko lege antolamenduarekin bat.

4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gutxienez bi urtean behin ebaluatuko du bi eskubideen inpaktua, erregelamenduz zehaztuko den moduan.

II KAPITULUA

Gizarteratzeko eskubidea

2. artikulua. Eskubidearen titularrak.

1. Eskubide honen titular izanen dira Nafarroan bizilekua izan eta gizarte bazterketako egoeran dauden pertsona guztiak.

2. Foru lege honi dagokionez, gizarte bazterketatzat jotzen da gradu ezberdinak izan ditzakeen egoera bat, eskubideez baliatu edo horiek egiaz gauzatzeko traba edo muga diren defizit edo gabezia iraunkor batzuk (pertsonalak, harreman mailakoak, lanekoak edo inguru sozialekoak) metatzen edo konbinatzen direneko prozesu dinamiko baten ondoriozkoa.

3. artikulua. Programak eta zerbitzuak.

1. Nafarroako administrazio publikoen erantzukizuna da pertsonei gizarteratze-prozesu horretan laguntza jasotzeko daukaten eskubidea bermatzea. Hori ibilbide pertsonalizatu batean gauzatuko da, halako moduz diseinatua non pertsona horiek beren bitartekoak, gaitasunak eta ahalmenak abian jarri eta inguruan dituzten baliabideak erabili ahalko baitituzte.

Horretarako, Nafarroako Gobernuak gizarteratze-plan estrategikoak onetsiko ditu lau urtean behin, abian jarri eta bi urtera tarteko ebaluazio bat eta amaieran beste bat eginez. Plan eta ebaluazio horiek, behin prestatu eta gero, Nafarroako Parlamentuari igorriko zaizkio. Plan horretan zehaztuta egonen dira, gutxienez, eskubide hau bermatzearen inguruko zerbitzuak, programak, baliabide ekonomikoak eta prozesu- eta eragin-adierazleak, eta gizarteratzearekin zerikusia duten arlo guztietako jarduketa guztiak sartuko dira bertan, hala nola gizarte zerbitzuak, enplegua eta prestakuntza, etxebizitza eta bizigarritasuna, hezkuntza edo osasuna.

2. Pertsonak libreki eta beren borondatez baliatzen ahalko dira eskubide honetaz, Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Zorroan (ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez onetsia) bermatutako programa eta zerbitzuen bitartez eta, bereziki, Oinarrizko Laguntzako Gizarteratzeko Oinarrizko Programaren eta bazterketa sozialeko egoeran dauden edo egoteko arriskua duten pertsonei arreta ematen dieten zerbitzu espezializatuen bitartez.

3. Halaber, eskubide honetaz baliatzen ahalko dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eskumena diren laneratze programa eta zerbitzuen bitartez, betiere Nafarroako gizarte zerbitzuen sistemarekin koordinatuta.

4. Azkenik, Gizarte Zerbitzuen Zorroak pertsona hauentzat bermatzen ez dituen programa eta zerbitzuen bitartez baliatzen ahalko dira; horretarako, Nafarroako administrazio publikoek bideratuko dute horiek ematea, dela baliabide berekiekin, dela jardun-eremu honetan espezializatuta dauden gizarte zibileko erakundeekin elkarlanean.

5. Nolanahi ere, Nafarroako administrazio publikoen jarduna osagarritasun eta koordinazio printzipioen zuzendaritzapekoa izanen da, bai administrazioen arteko bai administrazio baten beraren barreneko jardunari dagokionez.

4. artikulua. Prozedura.

1. Interesdunak eskatuta irekiko da, diagnostiko sozial bateratu bat eginez pertsonaren egoera pertsonalaz eta familiakoaz, kasuan kasuko gizarte zerbitzuen esku-hartzearekin eta interesdunaren parte-hartze aktiboarekin. Ondoren, akonpainamendu sozialerako proposamen bat eginen da, eta programa pertsonalizatu bat finkatuko da haren gizarteratze prozesua maila guztietan egiteko.

2. Programa pertsonalizatuan gizarteratze itun bat ere sartuko da, eta bertan zehaztuko dira programaren iraupena, helburuak, partaideek hartutako konpromisoak eta aurreikusitako emaitzak. Horrekin batera, Nafarroako Administrazio Publikoek gizarteratze ibilbidea laguntzeko emanen dituzten zerbitzuak eta programak ere sartuko dira, eta, halakorik badago, esku-hartze sozialean eta soziolaboralean espezializatuta dauden gizarte zibileko erakundeek ematen dituztenak, betiere gizarte zerbitzu eskudunarekin koordinatuta. Erabakitako ekintzen jarraipena eta egokitzapena egiteko sistema ere jasoko da.

3. Gizarteratze itunean parte hartuko dute, alde batetik, oinarrizko gizarte zerbitzuek edo, kasua bada, gizarteratzeko eta laneratzeko taldeek, beren profesionalen bitartez; eta, bestetik, eskatzaileak eta, bidezkoa bada, familia-unitateko beste kide batzuek.

4. Erregelamenduz ezarriko dira bai diagnostiko bateratua egiteko prozesua bai programa pertsonalizatua prestatu, garatu eta amaitzeko prozesua ere.

III. KAPITULUA

Errenta bermatua

1. ATALA

Xedapen orokorrak

5. artikulua. Eskubidearen titularrak.

Errenta bermaturako eskubidea izanen dute baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek:

a) 18 urtetik gorakoa izatea, edo ardurapean seme-alaba adingabeak dituen adingabe emantzipatua.

18 urtetik 24 urtera bitartekoa izanez gero, ardurapean adingaberik izan gabe, eskatzaileak gutxienez bi urte emanak izan behar ditu beregain bizitzen, errenta bermaturako eskaera egin aurretik. Ulertuko da beregain bizi izan dela Gizarte Segurantzaren sistema osatzen duten erregimenetako edozeinetan alta emanik egon baldin bada gutxienez urtebetez, etengabe ez bada ere, eta frogatzen baldin badu, betiere, eskaera egin aurretik bi urtean bere helbidea bere gurasoenaz bestelako bat izan dela.

Aurreko lerrokadan esandakoa ez da aplikatuko eskatzailearen bi gurasoak hilik baldin badaude edo eskatzailea babes sozialeko erakunde batetik badator.

b) Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea, eskaera aurkezten den data baino bi urte lehenagotik gutxienez, edo urtebete, familia-unitatean adingabeak, mendekoak edo %65etik gorako desgaitasuna duten pertsonak badaude.

c) Oinarrizko beharrei aurre egiteko adina baliabiderik ez izatea. Baliabide-gabezia hori dagoela ulertuko da eskatzailearen eta –kasua bada– bere familia-unitateko gainerako kideen ahalmen ekonomikoa apalagoa denean, osotara, unitate horri foru lege honetan araututakoaren arabera dagokiokeen errenta bermatuaren zenbatekoa baino.

d) Edozein administrazio publiko eskuduni aldez aurretik eskatu izana zuzenbideari jarraikiz legozkiokeen prestazioak, pentsioak edo sorospenak, edozein motatakoak; baita mantenu eta/edo konpentsazioko pentsioak ezarri eta ordaintzeko zuzenbide-akzioak baliatzea ere.

6. artikulua. Unitate jasotzailea, familia-unitatea eta familia-erroa.

1. Prestaziorako eskubidea eta haren zenbatekoa zehazteko, eskatzailearen familia-unitatea hartuko da oinarri, artikulu honetan arautzen den moduan.

2. Foru lege honen ondorioetarako, honela ulertuko dira:

a) Familia-unitatea: eskatzaileak osatzen duena gehi, kasua bada, berarekin bizi den pertsona, ezkontza edo pareko afektibitate-harremanean elkartuta, gehi eskatzailearekin bizi eta harekin bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuneko lotura dutenak, familia harreraren bidez legezko zaintza arautua duten edo izan duten pertsonak barne, edo lehen gradurainoko ezkontza-ahaidetasuneko lotura duten pertsonak. Familia-unitateak familia-erro batez edo batzuez osatuta egon daitezke.

b) Familia-erroa: kide ditu eskatzailea eta, kasua bada, bere ezkontidea edo berarekin pareko harreman afektiboa duen pertsona, eta haiekin bizi diren seme-alabak. Seme-alaben aintzatespen bera dute familia harreran bizi diren adingabeek nahiz ikasketak egiten ari diren ikastetxetik hurbil egotearren familiaren bizilekutik kanpo aldi baterako bizi diren seme-alabek.

3. Oro har, familia-unitatea izanen da errenta bermatuaren jasotzaile, eta prestazio bakarra egokituko zaio. Salbuespen gisa, bi errenta bermatu jasotzen ahalko dira, familia-unitate berean familia-erro bat baino gehiago daudenean eta haietako batean adingabeak edo mendekotasuna edo %65etik gorako desgaitasuna duten pertsonak daudenean.

4. Helbide berean bi familia-unitate edo gehiago baldin badaude elkarrekin bizitzen, errenta bermatu bana jasotzeko eskubidea izanen dute. Helbide horretan hiru errenta jaso ahal izanen dira gehienez.

5. Inor ezin da izan, aldi berean, bi familia-unitatetako kide.

7. artikulua. Zenbatekoak.

1. Lehen pertsonarentzako gehieneko diru-sarrera, hau da, foru lege honen ikuspegitik “errenta bermatu” izaera izanen duen zenbatekoa, kide bakarreko unitate jasotzaile batentzat, 600 eurokoa izanen da. Hortik aurrera, osagarri hauek aplikatuko dira, gehitutako pertsona bakoitzeko:

2. pertsona: %35 gehiago.

3. pertsona: %25 gehiago.

4. pertsona eta hortik gora: %15 gehiago.

2. Prestazioaren zenbatekoa hau izanen da: gehieneko zenbateko horri unitate jasotzaileak dituen diru-sarrera konputagarriak kenduta ateratzen dena, foru lege honi jarraituz. Prestazioaren zenbateko osoa ez da inola ere izanen pertsona batentzat ezarritako gehieneko diru-sarrerak halako bi baino handiagoa.

3. Kide bakarreko familia-unitate batentzako errenta bermatuaren zenbatekoa urtero eguneratuko da, gutxienez, Nafarroako KPIaren igoera eta Nafarroako batez besteko lansariena zein diren, haietako handienarekin.

4. Errenta bermatu gisa eman beharreko zenbatekoa pertsona batentzako prestazioaren %10 baino txikiagoa denean, egiaz emanen dena zenbateko hori izanen da.

8. artikulua. Familia-unitatearen ahalmen ekonomikoa.

Errenta bermatua jasotzeko eskubiderik dagoen erabakitzeko, kontuan hartuko da familia-unitate osoaren ahalmen ekonomikoa, eta, kasua bada, familia-erroarena, hau da, egozten ahal zaizkion diru-sarrerek eta ondareak osaturikoa.

9. artikulua. Familia-unitatearen diru-sarrera konputagarriak.

Prestazio honen ondorioetarako, familia-unitatearen diru-sarreratzat hartuko dira haren edozein kidek azken sei hilabeteetan eskuratutakoak, eskaerakoak barne, kontzeptu hauetako edozeinetan:

a) Besteren konturako lan-etekinak. Besteren konturako lan-etekinengatiko sarrera gordinetatik kendu behar dira Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioak eta eskubide pasiboengatik, nahitaezko mutualitateengatik edo antzekoengatik ordaindutako zenbatekoak.

b) Funts publiko nahiz pribatuen kargura finantzatutako gizarte-aurreikuspeneko araubideetan sartutako prestazio eta pentsio aitortuak.

c) Enpresa eta lanbide jardueretako etekinak.

d) Funtsezko ogibidea ez den jardueratiko etekinak. Horiek modulu estandarizatuak ezarriz kalkulatuko dira, egindako jardueraren, dedikazio denboraren eta intentsitatearen arabera. Diru-sarreren gaineko erantzukizuneko aitorpenaren bidez justifikatuko dira, erregelamenduz ezarriko den moduan.

e) Kapital higiezinaren etekin garbiak, azken seihilekokoak.

f) Hurrengo artikuluan salbuesten ez den beste edozein diru-sarrera.

10. artikulua. Familia-unitatearen diru-sarrera ez-konputagarriak.

Ondoko kontzeptuak aurreko atalean aipatzen diren diru-sarreren konpututik salbuetsiko dira:

a) Helburu zehatz baterako laguntza ekonomikoak. Ondokoak hartzen dira helburu zehatz baterako laguntza ekonomikotzat: familia-unitateko kideetako edozeinen behar berariazko bati erantzuteko eman direnak.

b) Adingabeen babesean eskuduna den departamentuak emandako prestazio ekonomikoak, adingabeak familian hartzeak ekarritako gastuak konpentsatzeko.

c) Gizarte Segurantzaren prestazioak eta/edo aurreikuspen sozialeko beste sistema batzuek ematen dituzten antzeko laguntzak, ardurapeko 18 urtetik beherako seme edo alaba bakoitzeko.

d) Gizarteratzeko zentro okupazionaletako jardueretan parte hartzeagatik emandako pizgarriak edo eskersariak.

e) Pentsioak edo antzeko prestazioak, eskatzailearen familia-errokoak ez diren familia-unitateko kideenak, edo eskatzailearen ardurapeko seme-alabenak, kide bakarreko unitate jasotzaile batentzako errenta bermatuaren %45erainoko zenbatekoan.

11. artikulua. Familia-unitatearen ondare konputagarria.

Prestaziorako eskubiderik baden erabakitzeko, familia-unitateko kideen ondare higigarria eta higiezina eskaera egiten den unean zein den hartuko da kontuan, eta irizpide hauen arabera baloratuko:

a) Kapital higigarriak honako hauek biltzen ditu: kontu korronteko eta eperako gordailuak, akzioak, inbertsio funtsak eta pentsio funtsak, balore higigarriak, bizi-aseguruak erreskate kasuetan eta aldi baterako edo biziarteko errentak, zeinak balio nominalaren arabera baloratuko baitira; arte-lanak, antzinako gauzak, bitxiak eta bestelako gauzaki baliotsuak, berriz, errenta bermatua eskatzen den unean merkatuan duten balioaren arabera baloratuko dira.

b) Kapital higiezina osatzen dutenak landalurreko nahiz hirilurreko ondasun higiezinak dira. Katastroko balioaren arabera baloratuko dira ondasun horiek.

12. artikulua. Familia-unitatearen ondare ez-konputagarria.

Aurreko artikuluko ondarearen konpututik ondoko kontzeptuak salbuetsiko dira:

a) Ohiko etxebizitza, altzariak, etxeko gauzak eta garraiorako ohiko ibilgailua, gehienez ere hirurehun mila euroko mugarekin.

b) Lanbide edo enpresa jarduera aurrera eramateko beharrezko tresna diren ondasunak, erregelamenduz ezarritako mugarekin.

c) Eskatzailearen familia-unitatearen ondasun higigarriak, gehienez ere kide bakarreko familia-unitate batentzako errenta bermatuaren %65 adinakoa, urtean.

13. artikulua. Prestaziorako eskubidea ematen duen ahalmen ekonomikoa.

Errenta bermatua jasotzeko eskubidea egonen da familia-unitatearen ahalmen ekonomikoak baldintza hauek betetzen dituenean:

1. Familia-unitate osoaren diru-sarrera konputagarrien hileko batez bestekoa foru lege honen 7. artikuluan ezarritako errenta bermatuaren zenbatekoa baino txikiagoa denean, familia-unitateko kideen kopuruaren arabera.

2. Ondasun higigarri konputagarrien balioa kide bakarreko familia-unitate bati urtean dagokion errenta bermatuaren zenbatekoaren %65 adinakoa edo hori baino txikiagoa denean.

3. Familia-unitatearen ondasun higiezin konputagarrien balioa kide bakarreko familia-unitate bati urtean dagokion errenta bermatuaren zenbatekoa halako hamar adinakoa edo txikiagoa denean.

14. artikulua. Enplegurako pizgarriak.

1. Enplegurako pizgarriak indartze aldera, errenta bermaturako eskubidea eta haren zenbatekoa zehaztearen ondorioetarako, baliabide erabilgarrien konpututik kanpo geldituko da lan jardueren etekinen zati bat, erregelamenduz ezarriko dena.

2. Baldin eta errenta bermatuaren jasotze-aldian familia-unitateko edozein kideren lan jarduerek eragindako diru-sarrerak gertatzen badira, baloratu eta jasotako zenbatekoari eraginen diote, erregelamenduz ezartzen den prozedura erabiliz.

3. Aurreko puntuetan aurreikusitako pizgarriak ez dira aplikatuko enplegua sustatzeko edo gizarteratzeko eta laneratzeko programen bidez dirulaguntza publikoak jasotzen dituzten lan-kontratuen kasuetan. Programa hauentzat berariazko pizgarrien sistema bat ezarriko da erregelamendu bidez.

15. artikulua. Jaso beharreko errenta bermatuaren zenbatekoa zehaztea.

Familia-unitate bakoitzari aplikatu beharreko prestazioaren hileko zenbatekoa, bai oneste-unean bai balizko aldaketak gertatzen direnean, honela zehaztuko da: foru lege honen 7. artikuluan errenta bermaturako ezarritako zenbatekoaren eta momentu horietan familia-unitateak erabilgarri dituen hileko diru-sarrera konputagarrien balioaren arteko kenketaren emaitza izanen da, eta, kasua bada, enplegurako pizgarriak kenduta, erregelamenduz ezartzen den moduan.

16. artikulua. Jasotzeko aldia.

Diru-sarrerak bermatzearen arloan eskumena duen zerbitzuak erabakiko du errenta bermatua, hamabi hilabeterako oro har. Iraupen bereko berritzeak egiten ahalko dira, premia egoerak dirauen bitartean.

17. artikulua. Jarraipena eta kontrola.

Jasotze-aldian zehar, Nafarroako administrazio publikoek errenta bermatua jasotzen duten pertsonen egoeraren gaineko kontrola eta jarraipena egin ditzakete, eskubideaz baliatzeko baldintzak betetzen segitzen dutela egiaztatzeko, bai eta egokitzat jotzen dituzten akonpainamendu sozialerako neurriak proposatu ere.

18. artikulua. Betebeharrak.

Errenta bermatua jasotzen duten familia-unitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Bizitokia Nafarroan izatea, jarraian eta egiazki, prestazioa jasotzen den denbora guztian.

b) Eskatzaileari nahiz familia-unitateko edozein kideri legozkiokeen prestazio ekonomikoetarako eskubide oro erabiltzea prestazioa jasotzen den aldi osoan.

c) Lan egiteko adinean dauden jasotzaile guztiak enplegu egokiaren eskaintzak hartzeko prest egotea, eta onartzea gertatzen direnean, salbu eta, erregelamenduz ezartzen diren zerbitzu publikoen iritziz, lan merkatuan edo enplegu babestuan sartzeko egoeran ez dauden pertsonak badira.

Enplegu egokia zer den zehazteko, Gizarte Segurantzaren gaineko araudian xedatutakoa hartuko da aintzat.

Lehenago aipatu pertsonek inskribaturik egon beharko dute, enplegu eskatzaile gisa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan, salbu eta egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak.

d) Oinarrizko gizarte zerbitzuek, gizarte zerbitzu espezializatuek edo enplegu zerbitzuek proposatzen dizkieten laneratze eta gizarteratze jardueretan parte hartzea.

e) Errenta bermatua onesterakoan kontuan hartu ziren unitate jasotzaileen ezaugarrietan edozein aldaketarik gertatuz gero, haren berri ematea aldaketa gertatu eta hamabost egun balioduneko epean.

f) Unitate jasotzailearen ohiko helbidea aldatuz gero, haren berri ematea gertatu eta hamabost egun balioduneko epean.

g) Bidegabeki jasotako ordainketak itzultzea.

2. ATALA

Prozedura

19. artikulua. Hasiera.

1. Interesdunak eskatuta hasiko da beti prozedura, eta, horretarako, helbidearen arabera dagokion oinarrizko gizarte zerbitzuan eskaera aurkeztuko du, prestazioa onartzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko behar den dokumentazioa erantsita.

Eskaerak, halaber, jasoko du unitate administratibo eskudunei berariazko baimena emateko klausula, beharrezkoa den edozein egiaztapen-lan egin dezaten, ziurtatze aldera interesdunek emandako informazioa egiazkoa dela, eskatutako baldintzak errespetatzen direla eta errenta-onespenaren ondoriozko betebeharrak betetzen direla.

2. Eskaera jaso ondoren, administrazio unitate arduradunek beharrezkoa den dokumentazioa bildu, eta espediente osoa gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuari igorriko diote, errenta bermatuaren eskaera tramitatu eta ebazteaz arduratzen den organoari.

20. artikulua. Instrukzioa.

1. Eskaera Nafarroako Gobernuko edozein erregistrotan erregistratu ondoren, hura tramitatu eta ebazteko eskumena duen administrazio organoak egiaztatuko du familia-unitateak bete egiten dituela foru lege honetan eskatutako baldintza guztiak, eta dagokion ebazpen proposamena eginen du.

2. Aurkeztutako agirietan akatsik edo kontraesanik atzemanez gero, edo agiri horiek eskatutako baldintzak frogatze aldera osatu beharra dagoela iritziz gero, eskaera tramitatu eta ebazteko eskumena duen unitate administratiboak eskatzaileari eskatuko dio hamabost egun balioduneko epean akatsa zuzen dezala edo eskatutako agiriak aurkez ditzala, eta adieraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela.

21. artikulua. Prozedura ebaztea eta ebazte-epea etetea.

1. Errenta bermatuko eskaerak tramitatu eta ebazteko organo eskuduna diru-sarrerak bermatzearen arloko eskumena duen zerbitzua izanen da; zerbitzu horretako titularrak hiru hilabeteko gehieneko epean emanen du ebazpena, eskaerak Nafarroako Gobernuko erregistro ofizialetako batean sarrera duen egunetik aurrera, eta, kasua bada, prestazioaren zenbatekoa eta jasotzeko aldia ere zehaztuko ditu.

Ebazpena epe horretan eman eta jakinarazten ez bada, eskaera isiltasun administratiboz baietsi dela ulertuko da.

2. Nolanahi ere, ebazpena eman eta jakinarazteko epea etenik geldituko da interesdunari eskatzen zaionean akatsak zuzentzeko eta beharrezkoak diren agiriak edo juzgatzeko beste elementu batzuk aurkezteko, errekerimendua jakinarazten denetik egiazki zuzendu edo aurkezten diren arte, edo, horrelakorik ezean, ematen den epea bukatu arte.

3. Prozedurari amaiera emanen dion ebazpena aurkaratzen ahalko da, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta administrazio prozedura erkideko arauetan ezarritakoari jarraituz.

22. artikulua. Prestazioaren onarpena eta ordainketa.

1. Errenta bermatua eskaera gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuko erregistroan sartu ondoko hilabeteko lehen egunetik aurrera onartuko da.

2. Prestazioa hila bukaturik ordainduko da.

23. artikulua. Aldaketak.

1. Errenta bermatua jasotzen dutenek departamentu eskudunari jakinarazi beharko diote errenta bermatua onartzeko kontuan hartutako inguruabarretan gertatutako edozein aldaketa, prestazioan aldaketak ekar ditzakeena, aldaketak gertatu eta hamabost egun balioduneko epean gehienez ere.

2. Errenta Bermatua tramitatu eta ebazteko eskumena duen organoak errenta jasotzeko baldintzak aldatzen dituen ebazpena emanen du, kasua bada, aldaketa jakinarazi eta hurrengo hilean. Aldaketaren eragin-data ebazpena erakarri duen inguruabarra gertatu eta hurrengo hilabeteko lehen eguna izanen da.

3. Arau-hausteen kasuetan salbu, bidegabeki jasotako zenbatekoak itzuli beharrak ez du berandutze interesik ordaindu beharrik ekarriko.

24. artikulua. Etetea.

1. Behin-behineko neurri gisa, errenta bermatua tramitatu eta ebazteko eskumena duen organoak erabaki dezake laguntzaren ordainketa kautelaz etetea gehienez ere hirurogei egun naturaleko epean, laguntzari bukaera emateko arrazoiak egotearen zantzu aski antzematen duenean. Kautelazko neurri hori hartzeko ebazpena familia-unitate interesdunari jakinaraziko zaio, eta hamabost egun balioduneko epea emanen zaio, egokitzat jotzen duen guztia alegatzeko.

2. Gehienez hogeita hamar eguneko epean, alegazioak aurkezten direnetik, edo, kasua bada, alegazioak aurkezteko epea bukatzen denetik, errenta bermatuaren eskaera tramitatu eta ebazteko eskumena duen organoak ebazpena emanen du, neurri hori berresteko eta prestazioa behin betiko amaitzeko, egiaztapen gehiago egin beharrez luzapena emateko, edo ezarritako neurria kentzeko.

3. Era berean, interesdunak eskatzen badu, prestazio-etetea erabaki daiteke lanean aldi baterako hasteagatik, erregelamenduz ezartzen den moduan.

25. artikulua. Prestaziorako eskubidea azkentzea.

1. Errenta bermatuaren prestazioa hartzea arrazoi hauetakoren batengatik amaituko da:

a) Emateko epea bukatzeagatik.

b) Prestazioa ematean aintzat hartutako baldintzak aldatzeagatik, halako moduan non jasotzailea prestazioa kobratzeko eskatutako baldintzetatik kanpo uzten baitute.

c) Laguntza ez emateagatik, prestazioa jasotzeko eskatzen diren inguruabarrei eta baldintzei buruz behar diren datuak ezkutatzeagatik edo okerreko informazioa emateagatik.

d) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo hirurogei egun natural baino gehiago emateagatik prestazioa jasotzen ari den aldian.

e) Prestazioa jasotzen ari den aldian enplegu egokiaren eskaintza bati uko egiteagatik edo borondatezko baja edo lan eszedentzia hartzeagatik.

f) Heriotzagatik.

g) Familia-unitate jasotzaileak uko egiteagatik.

h) Foru lege honetan ezarritako betebehar edo baldintzetakoren bat ez betetzeagatik.

2. Aurreko idatz-zatiko a) letran aurreikusitako kasuan izan ezik, prestazioaren azkentzea errenta bermatuaren eskaera tramitatu eta ebazteko eskumena duen organoaren ebazpen bidez erabakiko da; ebazpen horren kontra egiten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta administrazio prozedura erkideari buruzko arauetan ezarritakoari jarraikiz.

3. ATALA

Zehapen araubidea

26. artikulua. Arau-hausteak.

1. Arau-hauste dira prestazioaren hartzaileen egiteak edo ez-egiteak, lege edo erregelamenduzko araudiaren kontrakoak, foru lege honetan tipifikatuta badaude. Ez da arau-hausterik zehatuko egoki den prozedura aurretiaz instruitu gabe.

2. Arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

27. artikulua. Arau-hauste arinak.

Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Unitate jasotzailearen inguruabarretan, errenta bermatua onesteko aintzat hartutakoetan, izandako edozein aldaketa jakinarazteko betebeharra ez betetzea, baita aldaketa horiek prestazioa bidegabeki jaso, aldatu edo gordetzea eragiten ez badute ere.

b) Errenta bermatua jaso edo gordetzera bideratutako ekintzak, jakinik ez direla horretarako baldintzak betetzen; nahiz eta ekintza horiekin jasotze edo gordetze hori ez lortu.

c) Jasotzaileak ez betetzea prestaziorako ezarrita dauden arauak, betebeharrak, prozedurak eta baldintzak.

28. artikulua. Arau-hauste larriak.

Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Hiru arau-hauste arin edo gehiago berriz egitea edo errepikatzea.

b) Errenta bermatua jaso edo gordetzera bideratutako ekintzak, jakinik ez direla horretarako baldintzak betetzen, ekintza horiek direla-eta 12 hilabete baino gutxiagoz errenta bidegabeki jaso denean.

29. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Arau-hauste larria berriz egitea.

b) Errenta bermatua jaso edo gordetzera bideratutako ekintzak, jakinik ez direla horretarako baldintzak betetzen, ekintza horiek direla-eta 12 hilabete baino gehiagoz errenta bidegabeki jaso denean.

30. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hauste arinei dagokien zehapena ohartarazpena izanen da, edo errenta bermatuaren prestazioa hilabetetik hiru hilabetera bitarteko aldian jasotzerik ez izatea.

2. Arau-hauste larriei dagokien zehapena errenta bermatuaren prestazioa lau hilabetetik sei hilabetera bitarteko aldian jasotzerik ez izatea izanen da.

3. Arau-hauste oso larriei dagokien zehapena 1.000 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna izanen da, eta errenta bermatuaren prestazioa zazpi hilabetetik 12 hilabetera bitarteko aldian jasotzerik ez izatea.

4. Artikulu honetan aipatzen diren zehapenez gain, bidegabeki jasotako kopuruak itzuli beharko direla ulertzen da.

31. artikulua. Zehapenen mailaketa.

Zehapenak honako hauen arabera mailakatuko dira:

a) Arau-hauslearen asmoa.

b) Arau-hauslearen egiazko ulertze-gaitasuna.

c) Bidegabeki jasotako diru kopurua.

d) Nafarroako administrazio publikoek aldez aurretik egindako errekerimenduak bete ez izana.

e) Familia-inguruabarrak, bereziki egoera ekonomikoari dagokionez.

f) Urtebeteko epean, kalifikatutako arau-haustea egin zenetik, izaera bereko nahiz bestelako arau-hauste bat edo batzuk egin izana, ebazpen administratibo bidez irmo deklaratutakoak.

g) Zehapen prozedurari hasiera ematea eragin zuten kalteak zuzendu izana, baldin eta hori prozedura amaitu aurretik egin bada.

32. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen preskripzioa.

1. Foru lege honetan tipifikaturiko arau-hauste oso larriak lau urteren buruan preskribatuko dira; larriak, hiru urteren buruan; eta arinak, urtebeteren buruan; arau-haustea egin zen egunetik kontatzen hasita.

2. Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zehapenak lau urteren buruan preskribatuko dira; larriak, hiru urteren buruan; eta arinak, urtebetera, zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik kontatzen hasita.

33. artikulua. Zehapen-prozedura.

Foru lege honetan tipifikatutako arau-hausteengatik Foru Komunitateko Administrazioak zehapenak ezartzeko, aplikatzekoa izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako zehapen prozedura.

Zehapen-prozedura arruntean ustezko arau-hausleen eskubideak babesteko aurreikusten diren bermeez gain, pertsona horiek eskatu ahalko dute beren zehapen-espedientea egiaztatze-batzorde batek ikus dezan, haiei aldez aurretik entzutea emanda, entzute-urrats horretan haiek baimendua den pertsonak lagun eginda agertzeko aukerarekin. Batzorde horrek haien alegazioak era objektibo eta diziplinarteko batean balioetsiko ditu, eta haren osaera eta funtzionamendua erregelamendu bidez ezarriko dira. Aipatu batzordeak halaber esku hartu ahalko du, prozedura berari jarraituz, kautelazko etetearen kasuetan aurkezten diren alegazioak egiaztatzeko.

4. ATALA

Gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideen baterako baliatzea

34. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Errenta bermatua aurrenekoz eskatzen duten familia-unitateei informazioa eta orientabidea emanen zaizkie, gizarteratzeko prozesu pertsonalizaturako eskubideaz foru lege honetan zehaztu bezala eta programan sartzen diren egunetik bertatik aurrera balia daitezen. Nolanahi ere, errenta bermatuaren eskatzaileek hura jasotzeagatik beren gain hartzen dituzten betebeharrekin ados daudela adieraziko dute.

2. Familia-unitateak urtebetetik gorako epe etengabe batean jaso baldin badu errenta bermatua, eta jasotzen den errentan haren egoera ekonomikoaren aldaketaren ondoriozko inolako aldaketarik izan ez bada, gizarteratzeko prozesu pertsonalizatua egin beharko da, gizarteratze aktiborako pizgarriak emate eta sustatze aldera; beraz, oinarrizko gizarte zerbitzu eskudunak foru lege honetan ezartzen den moduan hasiko du prozedura, eta prozeduran ukiturik dauden pertsonak, berriz, beharturik egonen dira bi aldeen artean libreki hitzartutako programa pertsonalizatua betetzera.

3. Familia-unitateak gutxienez hogeita lau hilabeteko epe etengabe batean jaso baldin badu errenta bermatua, kasuan kasuko administrazio publikoak eskaini egin beharko dio enplegu sozial babestuko programa batean parte hartzeko aukera behinik behin, edo enplegu eta/edo prestakuntzarako beste aukera bat, salbu eta, erregelamenduz ezartzen diren zerbitzu publikoen iritziz, familia-unitateko kideak ez badaude horretan parte hartzeko moduan. Eskaintza hori programa pertsonalizatuan jaso beharko da, bai eta horrek dakartzan betebeharrak ere.

4. Errenta bermatuaren eskaera tramitatzeari dagokionez gizarteratzearen gaineko kodiagnostiko eta programa pertsonalizatu bat egitea beharrezkoa den kasu guztietan, programan jaso beharreko jarraipen sistemak aurreikusi eginen du egoeraren berrikuspenak sei hilabetean behin gutxienez egitea.

35. artikulua. Gizarte-bazterketa larriko egoeran dauden pertsonak.

1. Salbuespenez, errenta bermaturako eskubidea ematen duten baldintzak betetzen ez dituztenean ere, gizarte-bazterketa larriko egoeran dauden pertsonei ere ematen ahalko zaie, premia egoeran jartzen dituzten inguruabar objektiboak daudenean.

Inguruabar horiek daudela ulertuko da foru lege honen 4. artikuluan aipatzen den kodiagnostikoan bazterketa adierazleak ageri direnean –lan, etxebizitza eta hezkuntza arloetan, osasun fisiko eta/edo mentalaren arloan, eta harreman sozial edo familiarren arloan–, gizarte-bazterketa larria dagoela erakusten dutenak.

Kasuan kasuko oinarrizko gizarte zerbitzuak edo zerbitzu espezializatuek eginen dute, hala behar denean, kasurako egokia den akonpainamendu soziala.

Erregelamenduz zehaztuko dira aurreko lerrokadetan aipatzen diren arrazoiak, inguruabarrak eta prozedura.

2. Gizarteratzerako eskubideaz baliatzearen ondorioz egoitza-bitartekoetan bizileku iraunkorra duten pertsonek ez dute errenta bermatua jasotzeko eskubiderik izanen, beren oinarrizko beharrak bitarteko horiekin aseak dituztelako.

3. Gizarteratzerako eskubideaz baliatzearen ondorioz, gizarte zerbitzuen edo gizarte eta osasun zerbitzuen aldi baterako harrerako bitartekoetan bizilekua dutenek, beren oinarrizko beharrak bitarteko horiekin aseak badituzte ere, errenta bermaturako eskubidea izanen dute foru lege honetan eta erregelamenduzko garapenean aurreikusitako moduan, desinstituzionalizazio eta/edo funtzionamendu autonomoko prozesuari laguntzeko. Era berean jokatuko da espetxeko hirugarren graduan egon eta gizarteratzeko programa berariazko batean parte hartzen duten pertsonekin.

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Kotizaziorik gabeko erretiro-pentsioekiko eta bestelako errenta batzuekiko bateragarritasuna.

1. Foru lege honetan ezarritako prestazioak bateragarriak izanen dira beste edozein prestazio jasotzearekin, kasuko prestazioari buruzko araudiarekin bat.

2. Errenta bermatuaren eskatzaileak kotizaziorik gabeko erretiro-pentsio bat jasotzen badu eta 5. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen baditu, errenta bermatu hori jaso beharrean, kenkari fiskala egiteko eskubidea izanen du, hain zuzen ere ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68. bis artikuluan araututakoa.

Bigarren xedapen gehigarria.–Itunak Autonomia Erkidegoekin.

Gizarteratze eta laneratzeari laguntzeko, eta errenta bermatuaren egiazko edo balizko jasotzaileen bizi proiektuak errazteko, Nafarroako Gobernuak itunak egiten ahalko ditu beste autonomia erkidego batzuekin, pertsona horiei gutxieneko baliabide batzuen bermerako eskubideak galdu gabe erkidego batetik bestera mugitzeko aukera emate aldera, elkarrekikotasun-printzipioari jarraikiz.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Konfidentzialtasun-bermea.

Foru lege honetan araututako bi eskubideekin loturik dauden prozedura guztietan konfidentzialtasuna bermatuko da, Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzeko erregelamenduan (abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsia) ezarritako printzipio eta betebeharrekin bat.

Laugarren xedapen gehigarria.–Gizarteratzearen arloko plan estrategikoa.

Foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean gehienez ere, Nafarroako Gobernuak gizarteratze-plan estrategikoa onetsi beharko du, eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztu.

Lehen xedapen iragankorra.–Prestaziorako eskaerei buruzko araubide iragankorra.

Foru lege honek indarra hartzen duenean tramitean diren gizarteratze-errentarako eskaerak aipatu foru legean xedatuari jarraikiz ebatziko dira, eta, beharrezkoa bada, tramitaziorako dokumentazio osagarria eskatuko da.

Bigarren xedapen iragankorra.–Enplegurako pizgarriak.

1. 14. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatiak erregelamenduz garatzen ez diren bitartean, errenta bermatuaren jasotzaileek norbere konturako edo besteren konturako enplegua lortzen badute, edo lehendik zuten jarduera ekonomikoa handitzen badute, lortutako diru-sarrera berriak ez zaizkie kontatuko enplegua hogeita hamar egun baino gutxiagorako baldin bada; bestela, progresibitatez kontatuko da pertsona bakar baten errenta bermatuaren %50 edo gehiago egiten duten diru-sarreren zatia. Horretarako, errenta bermatua honela kalkulatuko da:

F1612756_0.pdf

A: 0,50eko faktore zuzentzailea, 7. artikuluan adierazitako gehikuntzen gainekoa. Beraz, A-ren balioak hauek dira:

Kide bakar batentzat: 1,50.

2 kiderentzat: 1,85.

3 kiderentzat: 2,10.

4 kiderentzat: 2,25.

5 kiderentzat: 2,40.

6 kiderentzat eta gehiagorentzat: 2,50.

B: 10eko balioko salbuespenaren progresibitate-parametroa, erregelamenduz garatzen ez den bitartean.

RG1: kide bakar baten errenta bermatuaren balioa.

Enplegurako pizgarri horiek gehienez ere urtebeteko jasotze aldian aplikatzen ahalko dira.

2. Foru lege honek indarra hartzen duenetik urtebete iraganik, behin xedapen honen 1. puntuan ezarritako enplegurako pizgarrien inpaktua eta egokitasuna ebaluatuta, konputuaren kenkari horiek errenta bermatuaren unitate jasotzaileetako kide guztien laneko diru-sarrerei aplikatuko zaizkie, ahalmen ekonomikoak 13. artikuluaren araberako prestaziorako eskubidea ematen duela egiaztatu ondoren, eta errenta bermatuaren zenbatekoa zehazte aldera.

3. Erregelamendu bidez 14. artikuluko 3. idatz-zatia garatzen ez den bitartean, Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako lan-kontratua duten pertsonek jasoko duten, edo, kasua bada, aldatuko zaien errenta bermatua kalkulatzeko, diru-sarreren konpututik 100 euro salbuetsiko dira, guztira.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Zerbitzu publiko eskudunak.

Foru lege honen 18. artikuluan aipatzen diren zerbitzu publikoak erregelamenduz ezartzen ez diren bitartean, eginkizun horiek oinarrizko gizarte zerbitzuek beteko dituzte.

Laugarren xedapen iragankorra.–Zenbatekoak eguneratzea.

Foru lege honen 7.3 artikuluan aipatzen den eguneratzea 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera eginen da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arau-indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak. Berariaz indargabetzen da Gizarteratze-errenta arautzen duen urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legea.

Azken xedapenetan lehena.–Erregelamendu bidezko garapena.

Foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak foru dekretu bidez onetsiko du errenta bermatuaren erregelamendu-garapena.

Azken xedapenetan bigarrena.–Arauak emateko ahalmena.

Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Azken xedapenetan hirugarrena.–Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen eta Nafarroako gizarte zerbitzuen arloko araudiaren aldaketa.

1. Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 20. artikuluko b) letra aldatu eta honela geldituko da:

“b) Errenta bermatuaren prestazioa”.

2. Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera, Nafarroako gizarte zerbitzuen arloko arauetan oinarrizko errentaren edo gizarteratze-errentaren prestazioari buruz dauden aipamen guztiak errenta bermatuaren prestazioari buruzkoak direla ulertuko da.

Azken xedapenetan laugarrena.–Bermatutako prestazio sozialak eta ikasketetarako bekak enbargaezinak deklaratzen dituen otsailaren 25eko 6/2013 Foru Legearen aldaketa.

Artikulu bakarraren 1. idatz-zatia aldatzen da.

“1. Errenta bermatua ez da bahituraren xede izanen, salbu eta aplikatzekoa den Estatuko legeria orokorrean ezarritako kasuetan eta aurreikusitako mugekin”.

Azken xedapenetan bosgarrena.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina aldatzen da, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia.

Foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrerako ondorioekin, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategineko manu batzuk, ondotik zerrendatuak, aldatu eta honelako idazketa izanen dute:

Bat.–7.k) artikulua, azken lerrokada.

“Salbuetsiak egonen dira, halaber, gizarte zerbitzuen arloan banakoentzako eta familientzako prestazioak eta laguntzak arautzen dituen ekainaren 28ko 168/1990 Foru Dekretuan ezarritako prestazio ekonomikoak, bai eta gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen foru legean ezarritako errenta bermatua ere. Era berean, salbuetsiak egonen dira jaiotzagatik, adopzioagatik, seme-alabak norberaren kargura edukitzeagatik, adingabeak hartzeagatik, zurztasunagatik edo haur batez baino gehiagoz erditzeagatik edo beste horrenbeste adoptatzeagatik emandako gainerako prestazio publikoak, bai eta jaiotza-tasa sustatze aldera eta langileen lana eta familiako bizitza ongi uztartzeko kasuan kasuko deialdien bidez familiaren arloan emandako laguntzak ere”.

Bi.–62.9.b) artikulua, azken hirugarren lerrokada.

“Aurreko b’) eta c’) letretan xedatutakoaren ondorioetarako, ondorengo ahaideen sailkapen berean sartuko dira aplikatzekoa den legedi zibilean ezarritako terminoetan egindako tutoretza, umeordetze edo harrera kasuengatik subjektu pasiboarekin lotura duten pertsonak, aurreko edo ondorengo ahaideak ez direnak. Halaber, ondorengo ahaideen parekoak izanen dira urtarrilaren 19ko 7/2009 Foru Dekretuaren 50.1 artikuluan ezarritako baldintzak bete, eta harreran hartu zituztenekin adinez nagusi izan arte edo emantzipatu arte bizitzen jarraitzea libreki erabakitzen duten pertsonak ere. Foru dekretu horren bidez, Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen garapen partzialerako Erregelamendua onetsi zen. Egoera hori gizarte gaietako eskumena duen departamentuak egiaztatu beharko du”.

Hiru.–62.9.c).a’) artikulua.

“a’) Hamasei urtetik beherako ondorengoak. Ondorio horietarako, ondorengo ahaideen pareko izanen dira aplikatzekoa den legedi zibilean ezarritako terminoetan egindako tutoretza, umeordetze edo harrera kasuengatik subjektu pasiboarekin lotura duten hamasei urtetik beherakoak”.

Lau.–68. artikulua.

“68. artikulua. Alarguntza pentsioen ondoriozko kenkaria.

1. Kasuan kasuko kuota diferentziala finkatu ondoren, alarguntza pentsioa jasotzen duten subjektu pasiboek, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 59. artikuluan aipatutako osagarriak jasotzeko eskubidea badute, kenkari gehigarria aplikatzen ahalko dute, kasuan kasuko pentsio motarentzat finkatutako gutxieneko zenbatekoaren (testu bategin horren 60. artikuluan arautzen den amatasunagatiko osagarria gehituta, halakorik bada) eta lanbide arteko gutxieneko soldataren arteko diferentzia negatiboa adinakoa, kasu bietan urteko kopuruak kontuan harturik.

Aurreko lerrokadan ezarritako kenkaria kalkulatzeko, alargun-pentsioa ez baldin bada jaso zergaldi osoan, zenbateko hori urtera eramanen da. Kasu horretan, zergaldian zehar alargun-pentsioa jasotzeko eskubidea ematen duen egun kopuruaren arabera kalkulatuko da kenkaria.

Gizarte Gaien arloko eskumena duen departamentuari kenkari hori denbora baino lehen abona dezan eskatzen ahalko zaio. Kasu horretan ez da zergako kuota diferentzialaren gaineko kenkaririk eginen.

Kenkaria egiteko prozedura erregelamendu bidez arautuko da, bai eta denbora baino lehenagoko abonua eskatzeko eta eskuratzeko prozedura ere.

2. Gizarte Segurantzatik kasuan kasuko pentsio motarentzat finkatutako gutxienekoa baino gehiagoko alargun pentsioak eta lanbide arteko gutxieneko soldata baino gutxiagokoak jasotzen dituzten subjektu pasiboek zilegi dute kenkari gehigarria egitea, jasotako pentsioaren zenbatekoaren (testu bategin horren 60. artikuluan arautzen den amatasunagatiko osagarria barne, halakorik bada) eta lanbide arteko gutxieneko soldataren arteko diferentzia negatiboa adinakoa, kasu bietan urteko kopuruak kontuan harturik.

Alarguntza pentsioarekin batera beste pentsioren bat kobratzen bada, kenkari gehigarria egiteko eskubidea izanen da baldin eta Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginaren 59. artikuluan aipatutako osagarriak jasotzeko eskubidea zehazteko aintzat hartzen diren pentsioen batura handiagoa bada Gizarte Segurantzak osagarri horien zehaztapenerako finkaturiko gutxieneko zenbatekoa baino, eta aldi berean, lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa.

Horrelakoetan, kenkariaren zenbatekoa zehazteko, eragiketa hau eginen da: lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekoaren eta 59. artikuluan adierazitako osagarriak jasotzeko eskubidea zehazteko aintzat hartzen diren pentsio guztien diru-zenbatekoen baturaren arteko alde positiboa (testu bategin horren 60. artikuluan arautzen den amatasunagatiko osagarria barne, halakorik bada), kasu bietan urteko kopuruak hartuta.

Kenkari hori egin ahal izateko, beharrezkoa izanen da subjektu pasiboak lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako beste errentarik jasoa ez izatea zergaldian, 59. artikuluko osagarriak jasotzeko eskubidea zehazteko aintzat hartzen diren pentsioez gainera, salbuetsita dauden errentak alde batera utzita.

Idatz-zati honetan araututako kenkaria ezin izanen da aldez aurretik abonatu.

Alarguntza pentsioa edo aintzat hartzen den beste edozein pentsio zergaldi osoan jaso ez bada, 1. idatz-zatiaren bigarren paragrafoan ezarritakoari jarraituko zaio.

Kenkari hori baliatzeko prozedura erregelamendu bidez ezarriko da.

3. Zahartzaroko eta baliaezintasuneko nahitaezko aseguruaren (SOVI) alarguntza pentsioak jasotzen dituzten subjektu pasiboek zilegi dute kenkari gehigarri bat egitea, jasotako pentsioaren zenbatekoaren eta lanbide arteko gutxieneko soldataren arteko diferentzia negatiboa adinakoa, kasu bietan urteko kopuruak kontuan harturik.

Zahartzaroko eta elbarritasuneko nahitaezko aseguruaren (SOVI) alarguntza pentsioarekin batera beste pentsioren bat kobratzen bada, kenkaria kalkulatzeko eragiketa hau eginen da: lanbide arteko gutxieneko soldataren eta Gizarte Segurantzaren testu bateginaren 59. artikuluan aipatutako osagarriak jasotzeko eskubidea zehazteko aintzat hartzen diren pentsioen baturaren arteko alde positiboa (testu bategin horren 60. artikuluan arautzen den amatasunagatiko osagarria barne, halakorik bada), kasu bietan urteko kopuruak hartuta.

Kenkari hori egin ahal izateko, beharrezkoa izanen da subjektu pasiboak lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako beste errentarik jasoa ez izatea zergaldian, 59. artikuluko osagarriak jasotzeko eskubidea zehazteko aintzat hartzen diren pentsioez gainera, salbuetsita dauden errentak alde batera utzita.

Alarguntza pentsioa edo aintzat hartzen den beste edozein pentsio zergaldi osoan jaso ez bada, 1. idatz-zatiaren bigarren paragrafoan ezarritakoari jarraituko zaio.

Gizarte Gaien arloko eskumena duen departamentuari eskatzen ahalko zaio kenkari hori aldez aurretik abona dezan. Kasu horretan ez da zergako kuota diferentzialaren gaineko kenkaririk eginen.

Kenkaria egiteko prozedura erregelamendu bidez arautuko da, bai eta denbora baino lehenagoko abonua eskatzeko eta eskuratzeko prozedura ere”.

Bost.–68. bis artikulua.

“68. bis artikulua. Kotizaziorik gabeko erretiro-pentsioengatiko kenkaria.

1. Dagokion kuota diferentziala finkatu ondoren, kotizazio gabeko erretiro-pentsioa (Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginaren 369. artikulutik 372. artikulura bitartekoetan arautua) jasotzen duen subjektu pasiboak, gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen foru legearen 5. artikuluan errenta bermatua jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen dituenak, errenta bermatuagatik zegokion urteko zenbatekoa adinako kenkari gehigarria egiten ahalko du.

Gizarte gaien arloko eskumena duen departamentuari kenkari hori denbora baino lehen abona dezan eskatzen ahalko zaio. Kasu horretan ez da zergako kuota diferentzialaren gaineko kenkaririk eginen.

Kenkaria egiteko prozedura erregelamendu bidez arautuko da, bai eta denbora baino lehenagoko abonua eskatzeko eta eskuratzeko prozedura ere”.

Sei.–Egungo 68. bis artikulua 68. ter artikulua izanen da aurrerantzean.

Zazpi.–71.1 artikulua, azken lerrokada gehitzea amaieran.

“Aurreko a), b) eta c) letretan aurreikusitakoaren ondorioetarako, seme-alaben pareko izanen dira aplikatzekoa den legedi zibilean ezarritako terminoetan egindako tutoretza, umeordetze edo harrera kasuengatik subjektu pasiboarekin lotura duten pertsonak”.

Azken xedapenetan seigarrena.–Errenta bermaturako eskubidea ematen duten atalase ekonomikoak gainditzen dituzten lan errentak jasotzen dituztenentzako kenkari fiskalei buruzko foru lege proiektua.

Foru lege honek indarra hartzen duenetik bi urteko epean gehienez ere, bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako enplegurako pizgarrien inpaktua eta egokitasuna ebaluatu ondoren, Nafarroako Gobernuak foru lege proiektu bat igorriko du Nafarroako Parlamentura, errenta bermaturako eskubidea ematen duten atalase ekonomikoak gainditzen dituztenen lan errentak besteren konturako lanetan jasotzen dituztenei kenkari fiskalak aplikatzeko neurriak ezarriko dituena.

Azken xedapenetan zazpigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2016ko azaroaren 11n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1612756