219. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

487/2016 EBAZPENA, urriaren 21ekoa, Barneko zuzendari nagusiak emana, Done Jakue bideko lehendabiziko etapan, Nafarroako sarreran, ekialdeko ibilbidetik igarotzeko neurri murriztaileak ezartzen dituena, 2016ko azaroaren 1etik 2017ko martxoaren 31ra bitarte.

Done Jakue bidearen Nafarroako tartea behin betiko mugatu eta hura babesteko araubidea ezarri zuen abenduaren 14ko 209/1988 Foru Dekretuak, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitateko ibilbidea arautzen du.

Frantziako Done Jakue bideko lehenbiziko etapan, Nafarroako sarreran, bi ibilbide daude: mendebaldekoa, Donibane Garazitik abiatuta Luzaidetik eta Ibañetako mendatetik Orreagara doana, eta ekialdekoa, Donibane Garazitik abiatuta Hontotik, Oriundik eta Lepoederko mendatetik Orreagara ailegatzen dena. Ekialdeko ibilbidean 1.200 metroko desnibela gainditzen da; izan ere, Donibane Garazi 154 metrora dago itsas mailaren gainetik eta, Lepoederko mendatea berriz, 1.432 metrora. Gainera, tartean beste desnibel batzuk ere badaude.

Desnibel hori gainditzeko, etapa horri heltzen dioten erromesek prestaketa fisiko egokia izan behar dute, eta, ikusi denez, halakorik ez da gertatzen portzentaje handi batean. Horretaz gain, egin beharreko esfortzua are handiagoa da elurra dagoenean edo eguraldia txarra denean, hori guztia kontuan hartu gabe halakoetan eraman beharreko ekipamendu materiala, zein, ikusi denez, oso maiz ez baita eramaten.

Kontua da ekialdeko ibilbidea altura handian sartzen dela Nafarroara, 1.288 metrora itsas mailaren gainetik. Eta Nafarroako tarte horrek ez du irtenbiderik Lepoederko mendi leporaino, Nafarroan sartu eta 5 kilometrora. Seinalizazioa hobetzeko lanak etengabe egin dira, eta, aldian behin, erabiltzeko moduan dagoela egiaztatu. Egun, zehatza da eta erauntsietan baino ez daiteke hari jarraitzeko problemarik egon.

Aldi berean, estaldura hobetzeko jarduketak egiten ari dira teknologia berrien bidez Espainiako ibilbidearen parte handi batean. Edonola ere, oraindik ere egiten dira erreskatatzeko esku-hartze profesionalak zein boluntarioak, askotan aldigaiztoak edo erromesen informazio eta prestakuntza faltak eraginda, ekialdeko ibilbide hori hain da gogorra.

Egoera hori bereziki larriagotzen da neguan, erreskateak egiteko baldintzak latzagoak direnean; izan ere, salbamendu ekipokoen bizitza arriskuan jar daiteke, eskualdeko orografia eta klimatologia direla kausa eta iritsi, lokalizatu eta ebakuatzeko oztopoak direla bide.

Erromesen segurtasuna bermatzearren, Barneko zuzendari nagusiaren uztailaren 1eko 152/2015 Ebazpenaren bidez, neurri murriztaileak ezarri ziren Done Jakue bideko lehendabiziko etapan, Nafarroako sarreran, ekialdeko ibilbidetik igarotzeko, azaroaren 1etik martxoaren 31ra bitarte. Bestetik, desagertua den Nafarroako Larrialdietako Agentziaren esku uzten zituen igarotzeko murrizketatik salbuesten duten berariazko baimenak. Alabaina, korapilatsua eta zaila denez haien aplikazioa, zentzuzkoa da salbuespen hori kentzea, zerbitzua ahalik eta eraginkorrena izan dadin.

Geroago, irailaren 9ko 197/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Larrialdietako Agentzia iraungi zen, Barne Zuzendaritza Nagusiaren egitura organikoan unitate organiko gisa integratzeko zerbitzuaren kategorian. Iraungitzearen ondoriozko ondasun eta eskubideen multzoa xede eta eginkizun berei lotuta jarraitzen du, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari atxikita, zeina Nafarroako Larrialdietako Agentzia erakunde autonomoaren eskubide eta betebeharretan subrogatu baita, aipatu foru dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera. Hori dela eta, komenigarria da beste ebazpen bat onestea, errealitate instituzional berria islatu eta Nafarroako Larrialdietako Agentzia aipatu ordez, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzua aipatzeko.

Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari, galdutako erromesak bilatzeko lanen koordinazioaren ardura baitu, Foruzaingoari, Garapen Ekonomikorako Departamentuari –Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren bidez–, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari –Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bidez–, Luzaideko Udalari, Done Jakue Bideko Lagunen Nafarroako Elkarteari eta Done Jakue Bideko Lagunen Pirinio Atlantikoetako Elkarteari kontsultak egin ondoren, komenigarritzat jo da beste ebazpen bat onestea, murriztapen neurri berriak ezarriko dituena Done Jakue bideko ekialdeko ibilbidetik igarotzeko haren lehen etapan, Nafarroako sarreran, 2016ko azaroaren 1etik 2017ko martxoaren 31 arte, ondoriorik gabe utzita uztailaren 1eko 152/2015 Ebazpena.

Ikusita Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legean xedatutakoaren arabera, segurtasun publikoaren arloan dituen eskumenak, ikusita Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendariaren txostena, eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Jendearen segurtasuna dela eta, neurri murriztaileak ezartzea Done Jakue bideko ekialdeko ibilbidetik igarotzeko, Nafarroako lehendabiziko etapan, eta xedatzea nahitaezkoa izanen dela 2016ko azaroaren 1etik 2017ko martxoaren 31 arte Done Jakue bideko mendebaldeko ibilbidetik igarotzea (Luzaide).

2. Nafarroan sartzeko ekialdeko ibilbidea ixtea egun horien artean, 43.º3’2,02’’N eta 1.º16’6,04’’W koordenatu geografikoetan, Bentartea mendi-lepotik hurbil.

3. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari agintzea jar ditzala igarotzea debekatzen duten seinaleak eta igarotzea galarazteko beharrezko elementuak.

4. Foruzaingoari agintzea ebazpen hau betetzen den edo ez zain dezala.

5. Komunikazio Zuzendaritza Nagusiari eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari agintzea ebazpen honi publizitatea eman diezaiotela Done Jakue bideari buruzko web orrietan, agentzietan eta Done Jakue bideari buruzko publizitate edo informazioko beste baliabide batzuetan.

6. Eraginik gabe uztea uztailaren 1eko 152/2015 Ebazpena, Done Jakue bideko lehendabiziko etapan, Nafarroako sarreran, ekialdeko ibilbidetik igarotzeko neurri murriztaileak ezartzen dituena urte bakoitzeko azaroaren 1etik martxoaren 31ra bitarte.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

8. Ebazpen hau Babes Zibilerako Zerbitzuari eta Suhiltzaileen Zerbitzuari, Foruzaingoari, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari, Done Jakue Bideko Lagunen Nafarroako Elkarteari, Done Jakue Bideko Lagunen Pirinio Atlantikoetako Elkarteari, Luzaideko Udalari, Orreagako Udalari, Espainiak Nafarroan duen Gobernu Ordezkaritzari, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiari jakinaraztea, eta ohartaraztea haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Administrazio publikoen kasuan, horiek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete zuzenean, galarazi gabe Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako aldez aurreko errekerimendua.

Iruñean, 2016ko urriaren 21ean.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gastaminza Oiz.

Iragarkiaren kodea: F1612360