211. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2205/2016 EBAZPENA, urriaren 3koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, sistema informatikoetako goi mailako teknikarien lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez osatzeko deialdiak onesten dituena; bata, aldi baterako kontratazioetarako, eta bestea, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko. Horiez gain, lanpostu horretan trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiteko deialdia ere onesten da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda berri bat sistema informatikoetako goi mailako teknikarien lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, bestetik, beste zerrenda bat, aipatutako lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak osatzeko.

Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuaren lehenbiziko xedapen iragankorrak ezartzen duenez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean prestakuntzarako zerbitzu berezietan deklaratu diren langile finkoei araubide hori bera aplikatuko zaie, non eta 347/2004 Foru Dekretuak indarra hartzen duen egunean agortu ez badituzte aipatutako apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako sei eta lau urteko gehieneko prestakuntzaldiak.

Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, gehienez ere lau urte iraunen duen bigarren prestakuntzaldian sartzeko, langileek kasuan kasuko deialdian zehazten diren prestakuntza ikastaroak edo hautaprobak egin beharko dituzte (199/2004 Foru Agindu horren bidez, lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietan betetzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zen).

Hori guztia kontuan harturik, bidezkoa da sistema informatikoetako goi mailako teknikari gisa trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko probak egiteko deialdia onestea.

Horrenbestez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan, azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikuluarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduarekin bat, honako deialdi hauek iragartzen dira:

DEIALDIAK

I.–Deialdia, sistema informatikoetako goi mailako teknikari gisa aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatzeko

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehenengoa.

Deialdia egiten da sistema informatikoetako goi mailako teknikarien lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako bete ahal izateko (Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetakoak izan ezik).

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, lizentziadun, ingeniari, arkitekto edo graduko titulua izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) atalean eskatzen den titulazio betebeharra agiri bidez frogatu beharko da, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

2.4. Espainiako nazionalitatea duten parte-hartzaileek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari baimena ematen ahal diote, II. eranskinean ageri den eskabide ereduaren bitartez, beren identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsulta ditzan, datu horiek beharrezkoak baitira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kontsulta baimentzen ez bada, NANaren fotokopia aurkeztu beharko da parte hartzeko eskabidearekin batera.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/1992 Legearen 68.1. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.5. Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, 2.1.a) oinarrian nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, zinpeko aitorpena egin beharko dute, edo hitzeman beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe ez daudela.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako hiru deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa) eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia egiterakoan kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa, horren bidez desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen baitira. Horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten pertsonek organo eskudunak luzatutako agiriaren kopiaren bidez frogatu behar dute egoera hori.

II.–Deialdia, sistema informatikoetako goi mailako teknikari gisa zerbitzu berezietako egoeran aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehenengoa.

Deialdia egiten da sistema informatikoetako goi mailako teknikarien lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Prestakuntzaldian aritzeko izangaien zerrenda hori erabiliko da ezin bada erabili azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean aipatzen den langileen zerrenda. Foru dekretu haren bidez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua aldatu zen.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C, D edo E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, lizentziadun, ingeniari, arkitekto edo graduko titulua izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

e) Sistema informatikoetako goi mailako teknikari gisa lehenengo prestakuntzaldia egiteko izangaien zerrendan ez egotea.

2.2. Oinarri honen 2.1.d) atalean eskatzen den titulazio betebeharra agiri bidez frogatu beharko da, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren arauan xedatutakoarekin bat.

2.3. Deialdi honetako 2.1 oinarrian jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta deia egiten denean eta prestakuntzaldiak dirauen bitartean ere.

2.4. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuaren menpeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako hiru deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Prestakuntzaldian aritzeko izangaiei dei egitea.

Deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoari jarraikiz eginen da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

III.–Deialdia, sistema informatikoetako goi mailako
teknikari gisa trebatzeko lau urteko bigarren
prestakuntzaldian sartzeko proba egiteko

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehena.–Betebeharrak.

Sistema informatikoetako goi mailako teknikari gisa trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proban parte hartzen ahalko dute lanpostu honi dagokion prestakuntza zerbitzu berezietan egiteko izangaien indarreko zerrendan ageri diren langileek, betebehar hauek betetzen badituzte:

–Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuak indarra hartu zuen egunerako, prestakuntzarako zerbitzu berezietan deklaratu izana apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean.

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan gutxienez ere lau urtez aritu izana, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean. Betebehar hau eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko da.

–Eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

Bigarrena.–Bigarren prestakuntzaldian sartzeko probak.

Ebazpen honen bidez onetsitako hiru deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

Hirugarrena.–Izangaiei deitzeko hurrenkera.

Lau urteko bigarren prestakuntzaldia egiteko sarrera proba gainditzen duten izangaiei sistema informatikoetako goi mailako teknikari gisa aldi baterako aritzeko deitzen ahalko zaie. Horrelako lanpostuetan hasiz gero, zerbitzu berezietako egoerara igaroko dira, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoarekin bat.

IV.–Hiru deialdietarako balio duten arauak

Lehena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Hiru deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.–Eskabideak.

2.1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren erregistroko beste edozein bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian ageri da: www.navarra.es), edo, bestela, 39/1992 Legearen 16.4. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

2.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien eskabideak II. eranskineko ereduarekin bat etorri beharko dira; prestakuntzaldirako izangaienak III. eranskineko ereduarekin, eta lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proban parte hartzen dutenenak, berriz, IV. eranskineko ereduarekin. Eredu horiek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adieraziko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Sistema informatikoetako goi mailako teknikarien lanpostuetan aritzeko deia jasotzen duten izangaiek ez bestek aurkeztu beharko dituzte deialdiko titulazio betebeharra frogatzen duten agiriak, kontratua gauzatzen denean edo prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera deklaratzen denean.

Halaber, gidabaimena izatea eskatzen duten lanpostuetan aritzeko deituak direnek baldintza hori betetzen dutela frogatzen duen agiria aurkeztu beharko dute deia egitean.

2.3. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak onetsi diren deialdietan onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbideko 2ko atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es). Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

Egun horretatik aurrera, argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.navarra.es) argitaratuko ditu, deialdi hauetan ezarritako hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Administrazioak bere esku daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 44. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Laugarrena.–Proba.

4.1. Ebazpen honen bidez onetsitako deialdietako hautapen prozesua proba baten bidez eginen da (plika sistema erabiliz), non 5 galdera erantzun beharko baitira idatziz kasu praktiko orokor baten gainean. Galderak gai hauei buruzkoak izanen dira: proiektuen kudeaketa, arkitektura eta garapena, segurtasuna, azpiegituren diseinua eta berrikuntza publikorako estrategia, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den gai zerrendaren arabera.

Gai zerrendan eskatzen den legedia deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duena izanen da. Kalifikazio Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, ariketa hasi aurretik.

Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, bolaluma izan ezik.

4.2. Probak 10 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere. Hautaproban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen dutenek gaindituko dute proba.

Bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiten dutenei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. Horretarako, arau honetan ezarritako balorazioa hartuko da kontuan. Deialdi honetan “gai” kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak berriz aurkezten ahalko dira Administrazioak, bigarren prestakuntzaldian sartzeko, aurrerago antolatzen dituen probetan.

4.3. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute parte-hartzaileek. Beren nortasuna frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

4.4. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Bosgarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiko burua: Joaquín Sanz Ureta jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaiko ordezko burua: Alberto Solchaga Ibero jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Departamentuetako Informazio Sistemen Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaiko kidea: Juan Antonio Rozas Aranguren jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Ekoizpen Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Jesús Ángel Olóriz Larrea jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Atariak eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko burua.

Epaimahaiko kidea: Fernando Izco García jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Garapen Ekonomikoko, Enpleguko, Hezkuntzako, Kulturako eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako arloetako Proiektuen Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: José Carlos Sánchez Gómez jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako, Eskubide Sozialetako eta Kirol eta Gazteriako arloetako Proiektuen Ataleko burua.

Epaimahaiko kidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Ordezko batzordekidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Mahaikide-idazkaria: José Luis Labiano Elcano jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Osasun Antolamenduaren Ataleko burua.

Ordezko mahaikide-idazkaria: Carmen Labayen Arbe andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Arreta Espezializatuko Informazio Sistema Administratiboen Ataleko burua.

5.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, argitara emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Epaimahaia hautapen-proba hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.navarra.es) argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

6.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:

a) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Berdindutako guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutakoaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web orrian eta iragarki oholean argitaratuko dira.

b) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak badirau, aldi baterako kontratazioetarako deialdian berdinketak hausteko ezarritako zozketaren arabera ebatziko da.

6.3. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, eta berdinketa ebatzirik, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian (www.navarra.es):

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko proba gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko proba gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Bigarren prestakuntzaldia egiteko sarrera proba “gai” kalifikazioarekin gainditu duten izangaien zerrenda.

Epaimahaiak, halaber, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio arau honetan aipatzen diren zerrendak, onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Sistema informatikoetako goi mailako teknikarien lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da izangaien zerrenda, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) argitaratuko dena, bai eta Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (www.navarra.es).

7.2. Deia.

Arau honetan aipatutako zerrendetan ageri diren izangaiei dei egiteko, ebazpen honen bidez onetsitako deialdietako oinarrietan ezarritakoari jarraikiko zaio; betiere, prestakuntzarako izangaiak lehenetsiko dira aldi baterako kontratatuak izateko izangaien aurretik.

Deia jasotzen dutenek kasuan kasuko deialdian eskatutako titulazio betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, lizentziadun, ingeniari, arkitekto edo gradudun tituluaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratua.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Sistema informatikoetako goi mailako teknikarien lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.

Zortzigarrena.–Gehieneko denbora prestakuntzarako zerbitzu berezietan.

8.1. 4 urteko bigarren prestakuntzaldian sartzen diren izangaiak ezin dira 10 urte baino gehiago egon prestakuntzarako zerbitzu berezietan, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritzen badira ere.

8.2. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan 6 urte bitarte egoteko eskubidea duten izangaiek ezin izanen dute gehieneko epe hori gainditu, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritzen badira ere.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdien, haien oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2016ko urriaren 3an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Proiektuen kudeaketa: proiektu baten definizioa eta ezaugarriak. Proiektu baten bizi-zikloa. Proiektuen zuzendaritza prozesuak. Proiektuen zuzendaritzaren jakintza arloak.

2. gaia.–Informazio sistemen eraikuntza. Analisia eta diseinua. Garapena. Probak. Ezarpena.

3. gaia.–Ofimatika eta produktibitatea. Denbora antolatu eta kudeatzeko tresnak.

4. gaia.–Internet sarea: jatorria, bilakaera eta ezaugarriak. Interneten oinarrituriko zerbitzuak. Interneten erabiltzen diren lengoaiak: HTML, CSS, XML, JavaScript.

5. gaia.–Web-erako informazio arkitektura. Web orrien tipologia. Entzuleriaren segmentazioa. Herritarrei, langileei eta laguntzaileei zuzendutako atari korporatiboak. Erabilerraztasuna, diseinu unibertsala eta erabilgarritasuna. Gailu askotarako argitalpena.

6. gaia.–Ezagutzaren kudeaketa. Edukien kudeatzaileak. Dokumentuen kudeaketa. Bilatzeko motorrak.

7. gaia.–Ordenagailuen funtzionamenduaren printzipioak. Sistema informatiko baten osagai fisiko nagusiak. Biltegiratze masiborako gailuak. Sistema eragileak. Sareak: OSI modeloa. Sareko protokoloak: TCP/IP.

8. gaia.–ITIL. Konfigurazioaren kudeaketa. Aldaketen kudeaketa. Jaurtiketen kudeaketa. Zerbitzu mailaren kudeaketa. Erabilgarritasunaren kudeaketa. Edukieraren kudeaketa. Finantzen kudeaketa. Erabiltzaileendako laguntza, Service Desk baliabidea. Gorabeheren eta arazoen kudeaketa. Zerbitzu eskaeren kudeaketa. Eskalazioa. Katalogoak.

9. gaia–Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoa. Informazioaren gizarteari eta sinadura elektronikoari buruzko legedia. NAN elektronikoa. 39/2015 Legea, herri administrazioen administrazio prozedura erkideari buruzkoa. 40/2015 Legea, sektore publikoaren araubide juridikoari buruzkoa. PKI sistemak. Segurtasun eskema nazionala.

10. gaia.–Garapena: Objektuei zuzendutako analisia eta diseinua. UML. Objektuetara eta patroietara bideraturiko programazioa.

11. gaia.–n geruzako arkitekturan oinarritutako aplikazioen garapena. Datu-base erlazionalen kudeatzailea. Garapena Microsoft plataforman. Garapena Java plataforman. XML eta web zerbitzuak. Gailu askotarako garapena.

12. gaia.–Erabakia hartzera bideratutako sistema estrategikoak: ezaugarriak eta onurak. Aginte koadroak: DSS, EIS, BSC. Informazio biltegi bat egiteko metodologia.

13. gaia.–Sareen interkonexioa. Sistema eragileak. Birtualizazioa. Segurtasun mekanismoak: RAID teknologiak. Segurtasun kopiak. Sostengu estrategiak. Antibirusak. Suebakiak. Gaitasun handiko teknologiak. Sistemen administrazioa. Hodeiko zerbitzuak.

14. gaia.– Segurtasuna: Eraso eta erasotzaile motak. Intrusio teknikak. Segurtasun fisikoa. Adabakien kudeaketa. Segurtasuna lanpostuan: politikak, profilak, baimenak, erabiltzaileen kudeaketa. Perimetro segurtasuna: su-ebakitzaileak: motak eta teknologiak. Kriptografia: klabe pribatuko eta publikoko sistemak. Auditoriak eta arriskuen kudeaketa. Segurtasuna aplikazioak garatzean. Segurtasuna hari gabeko sareetan.

II. ERANSKINA

Aldi baterako kontrataziorako eskabidea.

III. ERANSKINA

Prestakuntzarako zerbitzu berezietarako eskabidea.

IV. ERANSKINA

Lau urteko bigarren prestakuntzaldirako eskabidea.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1611598